13. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Erregelamendua, aldi baterako langileak kontratatzeko zerrendak kudeatzeko. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2016ko urriaren 4an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Berriobeitiko Udalean aldi baterako langileak kontratatzeko zerrendak kudeatzeko erregelamendua. Hura 2016ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 21ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu Erregelamenduaren aldaketa behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriobeitin, 2016ko abenduaren 16an.–Alkatea, Juan M.ª Albizu Andueza.

BERRIOBEITIKO UDALEAN ALDI BATERAKO LANGILEAK KONTRATATZEKO ZERRENDAK KUDEATZEKO ERREGELAMENDUA

I. TITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da arauak ezartzea Berriobeitiko Udalean lanpostuak aldi baterako lan-kontratuen bidez betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko.

2. artikulua. Aldi baterako langileak hautatzeko printzipioak.

1. Langileak deialdi publikoaren bidez hautatuko dira, betiere, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak bermatuz.

2. Betiere, aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan kontratazioa ahalik eta eraginkortasun eta arintasun handienarekin egitea bilatuko da.

II. TITULUA

Izangaiak hautatzeko prozedurak

3. artikulua. Zerrendak osatzeko prozedurak eta lehentasun hurrenkera.

Administrazioak aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak osatzen ahalko ditu. Horietan lehentasun hurrenkera hau izanen da:

a) Prozesua gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda.

b) Hautaprobetarako deialdi publikoaren bidez osatzen diren izangaien zerrendak.

c) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak deitutako hautaproben bidez osatutako izangai zerrendak.

4. artikulua. Oposizioaldia gainditu duten plaza gabekoen zerrenda.

1. Zerrenda hauek osatuko dira Berriobeitiko Udalean funtzionario gisa edo lan-kontratudun finko gisa sartzeko deialdietan, proba guztiak gainditu arren, lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

2. Proba guztiak gainditu arren, lanpostua lortzen ez duten izangaien zerrenda hauetan lehentasuna finkatzeko, sartzeko hautapen prozesuan lortutako puntuazioari erreparatuko zaio, handienetik txikienera, 7. artikuluan ezarritakoa izan ezik. Berdinketarik izanez gero, lanpostua deialdiaren epaimahaiak egiten duen zozketaren bidez trenkatuko da.

3. Artikulu honen babesean osatzen diren zerrenden indarraldia bortz urtekoa izanen da gehienez, indarra hartzen duten egunetik hasita.

Zerrenden indarraldia bitartean, halako lanpostuetarako bertze zerrendaren bat osatzen bada, proba guztiak gainditu arren, lanpostua lortzen ez duten izangaiekin, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aitzinetik.

5. artikulua. Izangaien zerrendak, hautaprobetarako deialdi publikoaren bidez osatzen diren .

1. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hauek osatzeko deialdiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

2. Hautaprobak gainditu dituzten guztiak sartuko dira aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendetan.

3. Izangaien zerrendan lehentasuna finkatzeko, probetan lortutako puntuazioari erreparatuko zaio, handienetik txikienera, 7. artikuluan ezarritakoa izan ezik. Berdinketarik izanez gero, lanpostua deialdiaren epaimahaiak egiten duen zozketaren bidez trenkatuko da.

4. Artikulu honen bidez osatzen diren zerrendek bortz urteko indarraldia izanen dute gehienez, onesten direnetik hasita.

Zerrenden indarraldia bitartean, halako lanpostuetarako bertze zerrendaren bat osatzen bada Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako hautaproben deialdi publiko baten bidez, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aurretik.

6. artikulua. Izangaien zerrendak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak deitutako hautaproben bidez osatzen direnak.

1. Idatz-zati honetan aurreikusitako hautapen sistema erabiliko da aurreko artikuluetan aipatutako zerrendetan izangai eskuragarririk ez dagoenean eta justifikatzen denean kontratatzeko premia larria dagoela edo lanpostu horiek betetzeko zailak direla, berariazko ezaugarriak dituztelako.

2. Hautapen sistema hau erabiltzeko, deialdi bat onetsi beharko da eta bertan finkatu parte hartzeko betebeharrak eta egin beharreko hautaprobak. Deialdian parte hartzen ahalko dute Nafarroako Enplegu Zerbitzuan lan eskatzaile gisa edo enplegua hobetzeko egoeran inskribaturik dauden pertsonek.

3. Hautaprobak gainditu dituzten guztiak sartuko dira aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendetan.

4. Izangaien zerrendan lehentasuna finkatzeko, hautaprobetan lortutako puntuazioari erreparatuko zaio, handienetik txikienera, 7. artikuluan ezarritakoa izan ezik. Berdinketarik izanez gero, lanpostua deialdiaren epaimahaiak egiten duen zozketaren bidez trenkatuko da.

5. Artikulu honen bidez osatzen diren zerrendek hiru urteko indarraldia izanen dute gehienez, onesten direnetik hasita. Zerrenden indarraldia bitartean, halako lanpostuetarako bertze zerrendaren bat osatzen bada Nafarroako Enplegu Zerbitzuak deitutako hautaprobetarako deialdi baten bidez, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aitzinetik.

6. Kanpainarako kontratazioen kasuan, eta betiere aparteko presa duten arrazoiak badaude, behar bezala justifikatuak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatzen ahalko zaio izangaien zerrenda bat bidal dezan. Horrela osatutako zerrendek indarra izanen dute zerrenda osatzea eragin zuen kanpainak iraun bitarte.

7. artikulua. Izangaien zerrendetan lehentasunaren hurrenkera finkatzeko araubide orokorraren salbuespenak.

1. Hiru lanpostutik bat, lehenbizikoa, gordeko da zerrenda horretan %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiendako, betiere hautapen probak gainditu badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.

2. Aitzineko idatz-zatietan ezarritako baldintzak betetzen dituela aditzera eman beharko dio interesdunak zerrendak kudeatzeko eskumena duen unitateari.

8. artikulua. Zerrendak jendaurreratzea.

Zerrenda guztiak Udalaren web-orrian argitaratuko dira, eskura egoteko maneran, eta aldian behin eguneratuko dira; horrela, une bakoitzean zehaztu ahal izanen da zerrendako pertsonen lehentasun ordena, baita zerrendako norbait Udalean lanean ari ote den ere.

III. TITULUA

Aldi baterako kontratatzeko prozesuaren kudeaketa

9. artikulua. Deiak egiteko arau orokorrak.

1. Errazago atzeman ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute, baita helbide elektroniko bat ere, harremanetarako bertze telefono batzuk ere eman baditzakete ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

2. Izangai “eskuragarriei” dei egiteko orduan, 3. artikulutik 8.era bitarte ezarritako lehentasun irizpideak hartuko dira kontuan.

3. Izangaiak honela atzemanen dira:

–Kontratazioa presakoa ez bada, atzemateko lau saio eginen dira 2 egunean.

–Lanpostuan gehienez ere bi egunean hasi behar bada, atzemateko bi saio eginen dira egun berean, tartean gutxienez ere 2 ordu utzita.

–Lanpostuan gehienez ere 24 orduren buruan hasi behar bada, izangai guztiei segidan deituko zaie, une horretan kontratazio zerrendan duten hurrenkeraren arabera, proposatutako kontratua onartzeko izangai eskuragarria aurkitu arte.

4. Atzemateko lehen saioa telefonoz deituta eginen da, eta bigarrena, beharrezkoa balitz, mezu elektronikoa bidalita.

5. Betiere, dei bakoitza izaera publikoko artxibo batean jasoko da, hura zer egoeratan, zer egunetan eta zer ordutan egin den adieraziz. Langileen ordezkariek sarbide zuzena izanen dute artxibo horretan.

6. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte. Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

7. Izangai “eskuragarrien” zerrenda agortzen bada, “ez eskuragarriei” eginen zaie dei.

8. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 11. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaio.

9. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie bertze lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta ez den 6 hilabete baino gehiagoko kontratuetarako edo lanpostu hutsak betetzeko, edo deia maila edo kategoria altuagoko lanpostu bateko zerrendatik egiten ez zaien.

10. artikulua. Deietarako lehentasun apartekoa:

1. Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangai bat aldi baterako kontratu baten bidez lanpostu batean aritu bada eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 15 eguneko epearen barnean, lanpostu berdintsua aldi baterako betetzea baimentzen bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaion mementuan baldintza hauek betetzen badira:

a) Deia egiten den mementuan indarra duen zerrenda batean egotea izangaia.

b) Kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

11. artikulua. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geldituko da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

b) Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo haurra izan edo adoptatzeagatik lizentzia izatea.

c) 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, norberak izandakoa zein adoptatua, zaindu beharrean egotea. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

e) Izangaia ezkondu berria edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, parekatutako egoeran sartu berria izatea, eskainitako kontratuaren hasiera eguna bikotea eratu ondoko edo eratu aitzineko hamabortz egun naturalean bada.

f) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

2. Kasu guztietan agiri bidez frogatu behar da badela arrazoi bat, 15 egun naturaleko epean, ukoaren lanpostua eskaintzen den egunaren biharamunetik hasita. Halakoetan zerrendan dauden toki berean jarraituko dute, “ez eskuragarri”. Hala egin ezean, lanpostuari uko egitea justifikaziorik gabekotzat joko da.

3. Kasu guztietan, izangaiek aditzera eman beharko dute eskuragarri ote dauden zerbitzuak emateko. Halakorik aditzera ematen ez den bitartean, izangaiak “ez eskuragarri” egonen dira.

12. artikulua. Zerrendetatik baztertzea.

Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoiengatik.

b) Probaldia ez gainditzea, betiere zerbitzuaren arduradunaren txosten arrazoitua eta langileen ordezkariekiko adostasuna badaude.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

f) Lanpostua bertan behera uztea.

g) Kontratua amaitzea diziplina espediente baten tramitazioaren ondorioz, amaiera onesten duen ebazpen irmo batekin bururatzen bada.

h) Kontratua amaitzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar. Betiere, zerbitzuaren arduradunaren txosten arrazoitua eta langileen ordezkariekiko adostasuna egon behar dira.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1614408