13. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuko buru izateko lanpostua merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko

Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak deialdia onetsi zuen 2016ko abenduaren 1ean; hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdia iragartzen da Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuko buru izateko lanpostua merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Delako merezimendu-lehiaketa honako hauetan xedatuari jarraikiz ebatziko da: lanpostuak betetzeko araudiaren 3. atalean, Tokiko Gobernu Batzarraren 2005eko azaroaren 22ko erabakian, zeinaren bidez merezimenduetarako baremoak ezarri baitziren, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta deialdi honetako oinarrietan.

3.–Lanpostuaren ezaugarriak.

Lanpostuaren titularraren eginkizunak hura sortu edo arautzeko xedapenetan kasu bakoitzean finkatzen direnak izanen dira, eta/edo aldi bakoitzean organo eskudunek finkatzen dituztenak.

Deialdi honetako lanpostua eskuratzen duen funtzionarioak aldi bakoitzean indarra duten xedapenen arabera dagozkion ordainsariak jasoko ditu.

4.–Merezimendu-lehiaketa bidez lortzen den lanpostua betetzeko baldintzak.

Merezimendu-lehiaketaren bidez lortutako lanpostuan aritzeko epea sei urte natural artekoa izanen da. Epe hori bukaturik eta izendapen espresik behar izan gabe, izendatuak bitarteko moduan segituko du lanpostu horretan, harik eta berriz ere merezimendu-lehiaketaren bidez betetzen den arte, deusetan ukatu gabe alorreko titularrak duen ahalmena haren kargugabetzea eta, hala izanez gero, beste funtzionario bat bitarteko moduan izendatzea proposatzeko.

Lanpostu baten titulartasuna merezimendu-lehiaketaren bidez lortzen duenak ez du aurkezterik izanen beste burutza bat betetzeko inolako merezimendu-lehiaketatara, hiru urte naturaleko epearen amaiera arte.

Muga horixe aplikatuko da, halaber, pertsona horrek izendatu zuteneko epea bete baino lehen burutza bati uko egiten badio.

Merezimendu-lehiaketaren bidez lortutako lanpostu baten titularrak honako kasu hauetan utziko dio lanpostu horretan aritzeari, inolako erreserba eskubiderik gabe eta dagozkion lansariak galduz:

a) Sei urte naturaleko epea bukatzen denean.

b) Lanpostua kentzea, dagokion alorreko egitura organikoa aldatzearen ondorioz.

c) Norberak eskatuta.

d) Lanpostua hartu eta gero, haren eginkizunak behar bezala betetzeko edo hartan egoki aritzeko gauza ez izateagatik behar adinako errendimendurik eza nabarmentzen bada, edo lanpostuaren edukian gertatutako aldaketak direla medio, betiere interesdunari entzutea eman eta Langile Batzordeak bere txostena egin ondoan.

e) Zerbitzu berezietara edo eszedentziara pasatzeagatik, dela borondatezkoa dela nahitaezkoa nahiz berezia.

f) Diziplina-espediente baten barnean, hutsegite larri edo oso larriaren ondorioz, zehapena paratzen zaionean, edo prozesu penal batean inhabilitazio zigorra paratzen zaionean.

g) Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen artetik izendapen libreko kargu baterako izendatzen dutenean.

h) Zerbitzu eginkizunetan aritzeko izendatzen dutenean, dela Iruñeko Udalean eta haren erakunde autonomoetan, dela beste edozein administrazio publikotan

5.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Indarra duten legezko xedapenen arabera, merezimendu-lehiaketa honen xedeko lanpostua eskuratu ahal izateko, hautagaiek betebehar hauek bete beharko dituzte, eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapena egiten den unean:

a) Iruñeko Udaleko edo bere erakunde autonomoetako funtzionarioak izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) A mailakoa izatea eta lizentziadun edo gradudun titulua izatea.

c) EGA titulua izatea. Izangaiak titulu hori ez badu, proba bat egiteko aukera izanen du, eta horrela zehaztuko da beharrezkoa den maila baduen hizkuntza horretan. Gaitasun proba hori egin nahi dutenek prozesuan parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute, horretarako ezarritako tokian.

5.2. Euskara proba: 9 a) atalean zehaztutako proben kalifikazioak argitaraturik, probak gainditzen dituen izangaietako batek euskara maila neurtzeko proba egitea eskatu badu, epaimahaiak Euskarabidearen laguntza eskatuko du. Organo horrek mailaketa proba berariazko bat eginen du, eta izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen die, euskarazko 3. jakite maila eskatzen zaiela kontuan hartuta.

Horretarako, epaimahaiak, Euskarabidearekin bat, euskara proba egiteko tokia, eguna eta ordua iragarriko ditu. Izangai horientzako deialdia Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko da (Udaletxean, atzealdean), baita Udalaren www.pamplona.es web-orrian ere.

Euskararen berariazko proba egiteko deia jasotzen duten izangaiak, 5 c) oinarrian ezarritako tituluetako bat aurkezten badute proba hori egin baino lehen, salbuetsita geldituko dira euskararen proba egitetik eta epaimahaiak “gai” kalifikazioa emanen die.

Euskararen proben kalifikazioa bukatuta, iragarki oholean eta Udalaren web-orrian argitaratuko dira emaitzak, bai eta izangaien izen-abizenak eta NANa ere.

6.–Eskabideak, aurkezteko epea eta lekua.

6.1. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Deialdiaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean izateaz gain, eskura egonen da ere Udalaren www.pamplona.es web-orrian.

6.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu ahalko dira, edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat erabiliz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratu ahalko baita Iruñeko Udalaren Herritarrendako Harrera Bulegoan, Kale Nagusiko 2an, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bestela, Aldizkari Ofizialetik bertatik hartuta.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

6.3. Eskabidearekin batera, deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen jatorrizko agiriak edo fotokopiak, behar bezala konpultsatuak, aurkeztu behar dira.

Izangaiek merezimenduak, behar bezala zerrendatuak, alegatu eta frogatuko dituzte baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

7.–Izangaien onarpena. Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Iruñeko Udalaren web-orrian (www.pamplona.es) eta iragarki oholean argitaratuko da, Herriko Etxean, atzealdean. Bertan adieraziko dira izen-abizenak eta NAN zenbakiak.

Egun horretatik aitzina, baztertutako izangaiek bost egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuz.

Erreklamazioak aurkezteko epea burutu eta haiek ebatzi ondoan, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du (izen-abizenak eta NANa jasoko ditu eta, baztertutako izangaien kasuan, baztertzearen arrazoia ere) eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Iruñeko Udalaren web-orrian eta iragarki oholean argitaratzeko aginduko du.

Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Giza Baliabideen zuzendariak lehiaketa bete gabe gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda (izen-abizenak eta NANa jasoko ditu), eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Iruñeko Udalaren web-orrian eta iragarki oholean argitaratuko da.

Erreklamazioetarako epea amaituta, Giza Baliabideen zuzendariak haiek ebatziko ditu, eta izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat ez dutela betetzen ohartuz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

8.–Epaimahaia.

8.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Epaimahaiburua: Maitena Ollo Muruzabal, Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Paula Kasares Corrales, Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Esther Mugertza Imaz, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Nuria Esparza Pardo, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Mahaikide-idazkaria: Iñigo Anaut Peña, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria.

8.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 2ko 40/2015 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Tokiko Ekonomia Jasangarriaren Alorreko Giza Baliabideen Zuzendaritzari emanen diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jendaurrean agertuko da hori, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

8.3. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda Udalaren web-orrian argitaratu ondoko bost egun balioduneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

8.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

9.–Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak ondoan doan baremoaren arabera baloratuko ditu izangaien merezimenduak:

a) Lehiaketaren xede den lanpostuari buruzko lan-memoria: gehienez ere 25 puntu.

Deialdiko lanpostua eskuratu nahi dutenek lan-memoria aurkeztu beharko dute, lehiaketako izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendan zehazten den epean. Hartan, azterketa bat eginen da lanpostuaren egitekoei eta hartan aritzeko behar diren betekizun, baldintza eta baliabideei buruz, baita Euskara Zerbitzu/Departamentuaren antolaketa tekniko-administratiboari buruz ere.

Izangai bakoitzak ahoz azaldu eta defendatuko du bere lan-memoria, epaimahaiaren aitzinean. Ekitaldi horretan, epaimahaiak, egoki iruditzen bazaio, izangaiak aurkeztutako merezimenduei buruzko galderak egin ditzake, bai, halaber, lehiaketaren xedeko lanpostuaren ezaugarrietara nola moldatzen den ikusteko galderak.

Izangairen bat lan-memoriaren ahozko azalpen eta defentsara ez aurkezteak berarekin ekarriko du lehiaketatik besterik gabe baztertzea.

Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez ere 12,50 puntu behar dira gainditzeko.

Proba egin ondoren, Udalaren web-orrian eta iragarkien oholean argitaratuko dira izangaiek lortutako emaitzak (izen-abizenak, NANa eta puntuazioa adieraziko dira).

Proba honen emaitzen kontra erreklamazioak jar daitezke 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuz. Erreklamazioak ebatzi ondotik, proba psikoteknikoa egiteko eguna eta tokia zehaztuko dira.

b) Txosten psikoteknikoa: gehienez ere 15 puntu.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, norbera deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

c) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

d) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: gehienez ere 25 puntu.

Izangai bakoitzak aurreko bi atalei dagokienez alegatu eta frogatutako merezimenduak, II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Merezimenduen balorazioaren kontra erreklamazioak jar daitezke 3 egun balioduneko epean, web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuz.

Merezimendu guztiak, administrazio publikoetan egindako zerbitzuenak barne, agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, administrazio publikoei zerbitzuak ematen antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

Merezimenduen emaitzak baloratu eta argitaratuko dira lan-memoriari buruzko proba egin ondotik, eta izen-abizenak, NANa eta puntuazioa jasoko ditu. c) eta d) letretan adierazitako merezimenduak baloratuko zaizkie soilik oinarri honetako a) letrako proba gainditu duten izangaiei.

10.–Gainditu dutenen zerrenda, izendapena eta jabetza hartzea.

Epaimahaiak, aurkezten diren erreklamazioak ebatzitakoan, Iruñeko Udaleko iragarki oholean eta web-orrian argitaratuko ditu behin betiko puntuazioak, eta deialdiaren 9.a) oinarrian agertzen den proba gainditu duten lehiatzaileen zerrenda, lehiaketako atal guztietan lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa, igorriko dio Giza Baliabideen zuzendariari (izen-abizenak, NANa eta puntuazioa jasoko ditu).

Puntuaziorik handiena eskuratu duen laguna izendatuko du Giza Baliabideen zuzendariak.

Izangai izendatuak izendapena jakinarazi ondoko hamar egun naturalean hartu beharko du lanpostuaren jabetza.

Behar bezala frogaturiko ezinbestekoetan izan ezik, epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, eskubide guztiak galduko ditu esleitu zaion lanpostuan aritzeko. Halakoetan, gainditu dutenen zerrendako hurrengo lehiatzaileak beteko du hutsunea, oinarri honetako lehen paragrafoak aipatzen baitu.

11.–Izangaiek ekarritako agiriak.

Ekarritako agiriak berreskuratu ahal izanen dira, halaxe eskatu ondotik eta betiere erreklamazio edo errekurtsorik aurkeztu ez bada. Agiriak eramateko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da, izendapena onesten duen ebazpena jakinarazi eta beste hiru hilabeteren buruan.

Aurreko atalean ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratu ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Iruñean, 2016ko abenduaren 1ean.–Giza Baliabideen zuzendaria, Iñigo Anaut Peña.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) atala. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1. Edozein administrazio publikotan, deialdian eskatzen den maila/talde eta titulazioko lanpostuan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko puntu 1.

2. Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 0,37 puntu.

Notak.

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru lanetan aritu bada, egoera horietan sartu aitzin zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira. Horri dagokionez, ez da kontuan hartuko 96/1997 Foru Dekretuaren babespean bere prestakuntza eta hobekuntzarako jarduketetan egin duen denbora, atal honen 1. puntuan xedatuaren arabera baloratuko baitira.

5. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntu izanen da.

b) atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak:

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 15 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatutakoak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2. Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norbanakoak edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, herrialdekoa edo nazioartekoa den ere.

3. Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo haiek antolatzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

4. Titulu eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere 2 puntu.

5. Doktore edo lizentziatu maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere 2 puntu.

6. Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere 2 puntu.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusi zuzena izanez gero baizik ez dira baloratuko.

2. Honako b) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 25 puntukoa izanen da.

Iragarkiaren kodea: L1613736