13. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑELA

Udal ordenantza, Kontzejuko landabideen erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena

Iruñelako Kontzejuak, 2016ko irailaren 13an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Landabideen erabilera arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia 2016ko 197. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 11n.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñelan, 2016ko abenduaren 7an.–Kontzejuko burua, Iñaki Atondo Irisarri.

ORDENANTZA, IRUÑELAKO (DEIERRI) KONTZEJUAREN ESKUMENEKO LANDABIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Iruñelako (Deierri) Kontzejuaren eskumeneko landabide publikoen sarea Iruñelako herritar guztien ondarearen zati da. Garrantzi handia du, Kontzejuaren mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartan sarbide izateko. Sarea, orobat, nahitaezkoa da nekazaritzako lanak egiteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Landabideak gero eta gehiago erabiltzen direnez, haien erabilera arautu beharra dago, xede hauek lortzearren:

–Kontzejuko natur ondarearen balioak atxikitzea.

–Erabiltzaile guztien erabilera orekatua bultzatzea.

–Erabiltzeko maneran mantentzea.

Horrenbertzez, Iruñelako Kontzejuak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek xedea du Iruñelako Kontzejuaren mugapeko bide publikoen arloan arauketa ezartzea.

2. artikulua. Iruñelako Kontzejuaren meneko bideetan, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearekin bat eginen da zirkulazioa.

3. artikulua. Debeku da arras:

1. Lurra lantzean, traktorearekin bidera ateratzea itzulbira egiteko.

2. Harriak eta nekazaritzako hondakinak botatzea bide, areka eta erretenetara.

3. Areketara lurra bota eta betetzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean.

4. Nekazaritzako hondakinak bideetan, areketan edo erretenetan erretzea.

5. Administrazio baimenik gabe lehiaketa eta lasterketak egitea, eta ausarkeriaz gidatzea.

6. Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

4. artikulua. Finken titularrek izanen dute arekak garbitzeko ardura, bideak hobeki zaintzen lagundu dezaten.

5. artikulua. Zuhaitzak bideetatik 4 metrora landatuko dira, adarrak areketatik atera ez daitezen.

6. artikulua. Iruñelako Kontzejuaren landabideetan ibiltzean, bideen egoerak eta haien ezaugarriek erakutsiko dute zer abiadura komeni den, eta abiadura apalduko da ibilgailu bereziekin, motel dabiltzan ibilgailuekin, azienda saldoekin edo oinezkoekin topo egitean; are gehiago hautsa pilatzen den aro idorretan; izan ere, abiadura bizian joanez gero, bideak hondatu egiten dira, zirkulazioa hobetzeko botatzen den harea-geruza desagertzen delako.

Dena dela, 40 kilometro ordukoa da gehieneko abiadura.

7. artikulua. Partikularrek baimena eskatu beharko diote Iruñelako Kontzejuari lursailetako pasabideak egiteko edo aldatzeko, eta gutxienez 40 zentimetroko diametroa duten hormigoizko hodiekin eginen dituzte, haien kontura egin ere. Iruñelako Kontzejuak egokitzat jotzen duen fidantza eskatzen ahal du, lursailetako sarbideak behar den bezala egiten direla bermatzeko.

8. artikulua. Landabideetan ibiltzeko gehieneko pisua 20.000 kilo da.

20.000 kilo baino gehiagoko ibilgailuetarako, berariazko baimena eskatuko zaio Iruñelako Kontzejuari.

9. artikulua. Finken itxituretan zortasun eremu bat izanen da, hiru metrokoa bidearen kanpo ertzetik neurtuta.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, horra arau-haustea.

11. artikulua. Ordenantza hau hausten duenak 150,25 euroko zehapena izanen du, deusetan galarazi gabe egindako kalteengatik ordaindu beharreko kalte-ordainak; hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat. Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

12. artikulua. Fidantzak.

20.000 kilo baino gehiagoko ibilgailuek gutxienez ere 500 euroko fidantza eman beharko dute, eta hori 2.000 euro bitartekoa izaten ahalko da, bideetan asko ibiliz gero. Fidantza hori itzuliko da, Kontzejuak kalterik ez dela egin egiaztatzen duenean.

13. artikulua. Zehapenak.

Iruñelako Kontzejuko mugapeko bideetan kalteak egiten dituen ibilgailua horien erantzulea izanen da Kontzeju honetan eta kalteak ekarritako gastu guztiak ordainduko ditu.

Iragarkiaren kodea: L1614487