13. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESTERIBAR

Esteribarren ezkontza zibilak egiteko tasa arautzen duen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Esteribarko Udalak, 2016ko irailaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ezkontza zibilak egiteko tasa arautzen duen ordenantza fiskala.

Delako ordenantza jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, Udalaren iragarki oholean eta 2016ko 200. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 17an, argitaratutako ediktuen bidez, eta bitarte horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Horregatik eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen, alegia, maiatzaren 31ko 15/2003 Foru Legeak aldatu zuen horren 325.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsirik gelditu da.

Bidezko da, beraz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, bai dagokion ediktua bai ordenantzaren testu osoa.

Esteribarren, 2016ko abenduaren 20an.–Alkatea, Mikel Gastesi Zabaleta.

ERANSKINA

ORDENANTZA, ESTERIBARREN EZKONTZA ZIBILAK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da honako lege hauetan xedatzen denari jarraituz: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, berau aldatzen duen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta 6/1990 Foru Legea.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza ezkontza zibilak egiteko zerbitzu publikoa ematean datza, Kode Zibilaren aldaketari buruzko abenduaren 23ko 35/1994 Legearen babesean.

Zerga ordaindu beharra eta tasaren sorrarazpena

3. artikulua. Ezkontza zibila egiten den unean berean sortuko da ordaindu beharra. Tasa ordaindu ondoren emanen du Udalak agiri bat, ezkontza zibilaren zeremonia Udalaren aretoetan egiteko eguna eta ordua zehaztuko dituena.

Subjektu pasiboari egotzitako arrazoiengatik ordenantza honetan aurreikusitako zerbitzu publikoa ematen ez bada, ordaindutako dirua ez da itzuliko.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, ordenantza fiskal orokorreko 8. artikuluan aipatzen diren pertsona fisikoak, ordenantza honetako zerbitzu publikoa eskatzen badute edo hartaz baliatzen badira.

Salbuespenak

5. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Arau-hausteak eta zehapenak

6. artikulua. Tributu arloko arau-hausteei eta horiek kasu bakoitzean ekartzen dituzten zehapenei dagokien guztian, indarra duen legeriari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza Fiskal Orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak aplikatuko dira.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Epigrafea-Tarifak.

Gauzatutako ezkontzagatik: 60,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L1614530