13. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

3/2017 FORU AGINDUA, urtarrilaren 11koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, 231 eredua, “Herrialdez herrialdeko informazioaren aitorpena”, onesten duena.

2016ko urtarrilaren 27an, Espainiako Gobernuak, beste 30 estaturekin batera, Agintaritza Eskudunek Informazioa “Herrialdez herrialde” Elkarri Trukatzeko Akordio Aldeaniztuna sinatu zuen Parisen, ELGA-Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen babespean.

Herrialdez herrialdeko informazio trukea zerga-oinarriaren higaduraren eta etekinak lekuz aldeatzearen aurkako Ekintza Planaren 13. ekintzan dago jasota (BEPS Ekintza Plana, ELGA, 2013). Horren ondorioz, nazioarteko enpresa handiak behartuak daude zerga arloan eskumena duten administrazioetan herrialdez herrialdeko txosten bat aurkeztera, non informazio xehakatua eman beharko baitute, besteak beste, beren jarduera eremuko estatu bakoitzean sozietateen gaineko zergaren kontura urtean sortutako eta ordaindutako zergen gainean, izandako diru-sarreren gainean eta zergen aurretik izandako etekinen gainean. Herrialdez herrialdeko txosten horrek lagunduko du merkataritza talde baten transferentzia-prezioen gaineko politikaren arriskuak baloratzen, baina zerga administrazioak ezin izanen du inola ere erabili prezioen doikuntzak egiteko.

ELGAren arabera, herrialdez herrialdeko txostenak nazioarteko taldearen sozietate nagusiaren zerga-egoitzaren juridisdikzioan aurkeztu behar dira urtero, eta akordioa sinatu duten beste herrialdeekin partekatuko dira automatikoki, gobernuen arteko lankidetzarako tresnetan informazio truke automatikorako aurreikusita dagoen baliabidearen bitartez.

Europar Batasunaren esparruan, Kontseiluaren 2016ko maiatzaren 25eko 2016/881 Zuzentarauaren bidez, herrialdez herrialdeko txostenaren gaineko arauak 2011/16/EB Zuzentarauari txertatu zaizkio; horrek bermatzen du Batasun osoan informazio berbera bilduko dela eta informazio hori behar bezala helarazten zaiela zerga administrazioei.

Nafarroari dagokionez, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 30. artikuluan jasota dago herrialdez herrialdeko informazioa eman behar hori.

Araudi horren arabera, Espainiako lurraldeko egoiliarrak izanik, talde baten barruan abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 28.1 artikuluan ezarritakoaren arabera entitate nagusiaren izaera duten entitateek aurkeztu behar dute herrialdez herrialdeko informazioa, betiere entitate nagusi horiek aldi berean beste entitate (egoiliarra izan edo ez) baten menpe ez badaude. Halaber, Espainiako lurraldeko egoiliarrak diren entitateek aurkeztu beharra dute informazio hori, Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den beste entitate baten menpekoak badira, zuzenean zein zeharka, eta hura ez bada, aldi berean, beste baten menpekoa edo egoiliarrak ez diren entitateen establezimendu iraunkorra, betiere baldintza batzuk betez gero.

Bestalde, Espainiako lurraldeko egoiliarra den edozein entitatek, herrialdez herrialdeko informazioa aurkeztu beharra duen talde baten parte bada, zerga administrazioari komunikatu behar dizkio informazio hori prestatzera beharturik dagoen entitatearen identifikazio datuak eta, orobat, zein herrialdetan edo lurraldetan daukan egoitza.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 46.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, informazioaren aitorpena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan aurkeztu behar duten entitateei betebehar hori betetzeko erraztasunak emateko asmoz, bidezkoa da aitorpen eredu berri bat onestea.

Horregatik, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Legearen 6. artikuluan emandako gaikuntza orokorra eta azaroaren 28ko 26/2016 Foru Legearen azken xedapenetan lehenengoaren bidez emandako berariazko gaikuntza erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 231 ereduaren onespena.

“Herrialdez herrialdeko informazioaren aitorpena” 231 eredua onesten da.

231 eredua telematika bidez aurkeztuko da, mezu informatikoen bidez, foru agindu honen 5. artikuluan aurreikusitako prozedurarekin bat, eta abenduaren 28ko OFP/1978/2016 Aginduaren eranskinean zehazten den edukia izan beharko du.

2. artikulua. 231 eredua aurkeztera behartuak daudenak.

1. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 46.2 artikuluan xedatutakoaren arabera bidezkoa denean, 231 eredua Nafarroan aurkeztera beharturik egonen dira, Espainiako lurraldeko egoiliarrak izanik, talde bateko entitate nagusiaren izaera duten entitateak, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 28.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, betiere, aldi berean, ez badaude beste entitate egoiliar edo ez-egoiliar baten menpe, eta taldea osatzen duten pertsona edo entitate guztien negozio zifraren zenbateko garbia, gutxienez, 750 milioi eurokoa izan baldin bada zergaldia hasi aurreko 12 hilabetean.

2. Nafarroan aurkeztu beharko dute eredu hori, orobat, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 46.2 artikuluaren arabera, Espainiako lurraldeko egoiliarrak diren entitateek, baldin eta Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den beste entitate baten menpekoak badira, zuzenean zein zeharka, eta hura ez bada, aldi berean, beste baten menpekoa edo egoiliarrak ez diren entitateen establezimendu iraunkorra, eta, kasu honetan ere, taldea osatzen duten pertsona edo entitate guztien negozio zifraren zenbateko garbia, gutxienez, 750 milioi eurokoa izan baldin bada zergaldia hasi aurreko 12 hilabetean, betiere baldintza hauetako bat betez gero:

a) Egoiliarra ez den entitate nagusiak menpeko entitate hori aukeratu izana informazio hori prestatzeko.

b) Egoiliarra ez den entitate horrek informazioa herrialdez herrialde emateko betebeharrik ez izatea bere egoitza fiskaleko herrialdean edo lurraldean, ez behintzat foru agindu honek ezartzen duenaren modukoa.

c) Informazio hori automatikoki trukatzeko akordioren bat ez egotea, egoiliarra ez den entitateak zer herrialde edo lurraldetan duen egoitza fiskala, harexekin.

d) Informazio hori automatikoki trukatzeko akordiorik egonda ere egoiliarra ez den entitateak zer herrialde edo lurraldetan duen egoitza fiskala, horrexekin, hitzartutakoa sistematikoki ez betetzea eta Espainiako zerga administrazioak horren berri eman izana Espainiako lurraldeko egoiliarrak diren establezimendu iraunkorrei edo menpeko entitateei, eman beharreko informazioari dagokion zergaldia bukatu baino lehen.

3. Aurreko atalean ezarritako kasuaren salbuespen gisa, 2. atalean aipatutako entitateek ez dute herrialdez herrialdeko txostenik egin beharko “informazioa komunikatzearen ondorioetarako zerga ekitaldiari” dagokionez, baldin eta nazioarteko enpresen taldeak, zeinaren “entitate eratzaileak” izanen baitira, aurkeztu badu herrialdez herrialdeko txosten bat foru agindu honen 3. artikuluan zehazten den informazioarekin, zerga ekitaldi horrixe dagokiona, “subrogaturiko entitate nagusi” baten bidez, eta herrialdez herrialdeko txosten hori hamabi hilabeteko epean aurkeztu badu bere egoitza fiskaleko lurraldearen zerga administrazioan, “informazioa komunikatzearen ondorioetarako zerga ekitaldiaren” azken egunetik aurrera kontatuta; subrogaturiko entitate nagusiaren egoitza Batasunaren kanpoko lurralde batean badago, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Subrogaturiko entitate nagusiaren egoitza fiskaleko lurraldeak eskatzea aurkezten diren herrialdez herrialdeko txostenek betetzea foru agindu honen 3. artikuluan ezarritako betebeharrak.

b) Subrogaturiko entitate nagusiaren egoitza fiskaleko lurraldea agintaritza eskudunen arteko akordio kualifikatu baten parte izatea, “informazioa komunikatzearen ondorioetarako zerga ekitaldiari” dagokion herrialdez herrialdeko txostena aurkezteko sinatua, eta estatu kidea ere horren parte izatea lehen lerroaldean adierazitako datan.

c) Subrogaturiko enpresa nagusiaren egoitza fiskaleko lurraldeak jakinarazi ez izana estatu kideari ez-betetze sistematikoa gertatu dela.

d) Nazioarteko enpresa taldearen informazioa komunikatzearen ondorioetarako zerga ekitaldiaren azken egunean, beranduenik, subrogaturiko entitate nagusiaren egoitza fiskalari dagokion lurraldeak jakitea hura dela subrogaturiko entitate nagusia, zerga kontuetarako bere lurraldeko egoiliarra den “entitate eratzaileak” hala jakinarazi diolako.

e) Estatu kideari jakinarazpen bat bidalia izatea informazioa komunikatzen duen entitatearen identifikazioaren eta egoitza fiskalaren berri emateko.

3. artikulua. 231 ereduaren edukia.

1. “Herrialdez herrialdeko informazioaren aitorpenean honako informazio hau jasoko da entitate nagusiaren zergaldiari dagokionez, herrialde edo jurisdikzio bakoitzeko:

a) Taldearen sarrera gordinak, entitate lotuekin edo hirugarrenekin lortutakoak bereizita.

b) Sozietateen gaineko zergaren aurretik edo horren baliokide edo antzeko diren beste zerga batzuen aurretik izandako emaitzak.

c) Sozietateen gaineko zergaren kontura ordaindutakoa, edo horren baliokide edo antzeko diren beste zerga batzuen kontura, jasandako atxikipenak barne.

d) Sozietateen gaineko zergaren kontura sortutako kopuruak, edo horren baliokide edo antzeko diren beste zerga batzuen kontura, atxikipenak barne.

e) Zergaldia bukatzen den egunean dagoen kapitalaren eta banatu gabe dauden beste emaitza batzuen zifraren zenbatekoa.

f) Batez besteko plantilla.

g) Diruzaintzakoak eta kreditu eskubideak ez diren aktibo materialak eta higiezinetako inbertsioak.

h) Entitate egoiliarren zerrenda, barnean direla establezimendu iraunkorrak eta horietako bakoitzaren jarduera nagusiak.

i) Garrantzitsutzat jotzen den bestelako informazioa eta, behar bada, informazioan jasotako datuen azalpena.

2. Artikulu honetan ezarritako informazioa eurotan aurkeztuko da.

4. artikulua. 231 eredua aurkezteko epea.

“Herrialdez herrialdeko informazioaren aitorpena” 231 eredua, jakinarazten den informazioa ze zergalditakoa den, hura bukatu eta biharamunetik hasita aurkezten ahalko da, zergaldi hori bukatu eta hamabi hilabete igaro bitarte.

5. artikulua. Mezu informatikoen formatua eta diseinua.

Herrialdez herrialdeko informazioaren aitorpenari dagozkion mezu informatiboen formatua eta diseinua, eta aitorpenaren edukia osatzen duten elementuak, ekainaren 14ko HAP/1978/2016 Aginduaren eranskinean zehaztuak baitaude, unean-unean Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren egoitza elektronikoan agertzen direnak izanen dira.

6. artikulua. Informazioa prestatzera beharturik dagoen entitateari buruzko komunikazioa.

Espainiako lurraldeko egoiliarra den edozein entitatek, herrialdez herrialdeko informazioa aurkeztu beharra duen talde baten parte bada, zerga administrazioari komunikatu behar dizkio informazio hori prestatzera beharturik dagoen entitatearen identifikazio datuak eta, orobat, zein herrialdetan edo lurraldetan daukan egoitza.

Informazioa zer zergalditakoa den, hura bukatu baino lehenago egin behar da komunikazio hori.

Xedapen iragankor bakarra.–6. artikuluan aipatutako komunikazioa aurkezteko epea, 2016ko zergaldiari dagokionez.

Bakar-bakarrik 2016ko zergaldirako, 6. artikuluan aipatzen den komunikazioa hilabeteko epean aurkeztu beharko da, foru agindu honek indarra hartzen duenetik hasita.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldiei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2017ko urtarrilaren 11n.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1700411