13. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aldaketa, Jarduera sailkatu eta kaltegabeetan aritzeko eta establezimenduak irekitzeko lizentziak emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena. 6. ordenantza

Berriobeitiko Udalak, 2016ko irailaren 6an egin osoko bilkura arruntean, aldaketa hasiera batean onetsi zuen Jarduera sailkatu eta kaltegabeetan aritzeko eta establezimenduak irekitzeko lizentziak emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Hura 2016ko 199. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 14an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantzako aldaketa behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriobeitin, 2016ko abenduaren 16an.–Alkatea, Juan M.ª Albizu Andueza.

ORDENANTZA FISKALA; JARDUERA SAILKATUETAN ETA KALTEGABEKOETAN ARITZEKO ETA ESTABLEZIMENDUAK IREKITZEKO LIZENTZIA EMATEAGATIK ORDAINDU BEHARREKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

6. ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza ingurumena babesteko jarduera sailkatuetan edo jarduera kaltegabeetan aritzeko zerbitzu tekniko eta administratiboak egitea da, ondoko kasuetan:

a) Jarduera lizentzia.

b) Jarduerarako lizentzia berrikustea.

c) Irekitzeko lizentzia.

d) Irekitzeko lizentziaren aldaketa.

e) Instalazioak aldizka irekitzea.

f) Titulartasun aldaketak.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Zergak ordaindu beharra lizentzia ematen den unean hasten da. Ez da tasarik sortuko interesdunak eskabideari uko egiten badio lizentzia emateko udal erabakia hartu baino lehen.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaindu behar dituzte pertsona fisiko eta juridikoek, baita, nortasun juridikorik ez izan arren, batasun ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateek ere, baldin haien izenean lizentzia eman, aldatu edo berraztertzen bada.

Tarifak

5. artikulua. Ordenantza honen eranskinean jaso dira aplikatuko diren tarifak.

Kudeatzeko arauak

6. artikulua. Jarduteko eta irekitzeko lizentziak eskuratu nahi dituztenek eskabidea aurkeztuko dute Udaletxean, lokalean egin beharreko jarduera edo jarduerak eta haien kokapena zehazten dituztela, dagozkien udal ordenantzetan eskatutako dokumentazioarekin batera.

7. artikulua. Lizentzia eman eta tasaren likidazioa onetsita dela, interesdunak zenbateko bat ordaindu beharko du borondatezko kobrantza aldiaren barrenean, jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera; bestela, inolako gaztigurik gabe, premiamendu bidez kobratuko da.

Erantzukizuneko aitorpenak eginez gero, interesdunak autolikidazioa aurkeztu beharko du, haren ordainagiria aurkeztuz. Udalaren webgunean autolikidaziorako eredua egonen da eskura.

8. artikulua. Emandako lizentziek balioa galduko dute dagokien ordenantzan ezarritako epe eta arauen arabera, eta, hori gertatuz gero, jardueran aritu nahi duten interesdunek lizentzia berria eskatu beharko dute eta tasa oso-osorik berriz ordaindu.

9. artikulua. Titulartasuna aldatu edo jardueraren eskualdaketa gertatzen denean, lizentziaren titular berriak Udalari jakinaraziko dio, eta horretarako behar diren egiaztagiriak aurkeztuko ditu. Titular berriaren aldeko lizentzia frogatzen duen titulua eskuratze aldera, dagokion tasa kobratuko zaio.

Arau-hausteak

10. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Jarduera lizentzia eta jarduera lizentziaren berrikuspena, eta jarduerak eta erabilerak abiarazteko erantzukizuneko aitorpenak.

Lizentzia emateko espediente bakoitza tramitatu eta ebazteagatik ondoko tasak ordaindu beharko dira:

–Nabeak eta lokalak, 300 metro²-tik beheitikoak: 89,09 euro.

–Nabeak eta lokalak, 300dik 1.000 metro² bitartekoak: 108,11 euro.

–Nabeak eta lokalak, 1.000 metro²-tik goitikoak: 140,14 euro.

II. epigrafea.–Establezimenduak abiaraztea, jarduera eta erabilerak lekualdatzea eta aldatzea.

–0 m²-tik 400 m²-ra bitarte: 3,26 euro/m².

–401 m²-tik gora: 2,41 euro/m².

Iragarkiaren kodea: L1614420