13. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aldaketa, Kamioien aparkalekua arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2016ko irailaren 6an egin osoko bilkura arruntean, aldaketa hasiera batean onetsi zuen Kamioien aparkalekua arautzen duen udal ordenantzan. Hura 2016ko 199. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 14an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantzako aldaketa behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriobeitin, 2016ko abenduaren 16an.–Alkatea, Juan M.ª Albizu Andueza.

KAMIOIEN APARKALEKUAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA ETA KONTZEPTU HORRI DAGOZKION TASEN EZARPENA

ATARIKO KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantzak kamioien udal aparkalekuen erabilera arautu eta kontzeptu horregatik ordaindu beharreko prezio publikoak arautzea du xede.

2. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau ondoko xedapenei jarraikiz onetsi da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 99 eta 262. artikuluak; Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen 100. artikulua eta hurrengoak, 4/1999 Foru Legeak aldatu baitzuen; eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 93. artikulua eta hurrengoak.

3. artikulua. Ordenantza honen esparru objektiboa.

Ordenantza honetako arauak kamioien udal aparkalekuari aplikatuko zaizkio.

I. KAPITULUA

Udal aparkalekua erabiltzeko arauak

4. artikulua. Ordenantza honek arautzen duen udal aparkalekua bakar-bakarrik kamioiak aparkatzeko erabiltzen ahalko da.–Aparkaleku hau jabari publikoko ondasuna da, eta Berriobeitiko Udala da haren titularra.

5. artikulua. Udal aparkalekua erabiltzeko interesa dutenek Udalaren litzentzia eskuratu beharko dute.

Lizentzia hau emanen da aparkalekuko plaza bakoitzaren erabilera pribatibo arrunterako, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 93. artikuluak arautzen duen bezala, erabileraren intentsitatearen arabera.

Lizentziak urtebeterako emanen dira, luzatzeko aukerarekin, prekarioan eta hirugarrenei kalterik egin gabe. Kontzesiodunak ezinbestean bete beharreko baldintzak finkatuko dira, eta lizentzia horiek noiznahi baliogabetu ahalko dira, aipatu baldintzak betetzen ez badira edo interes publikoa tartean badago.

6. artikulua. Lizentzia ematearekin batera, dagokion urteko prezioa ordaindu ondotik, hartzaileari aginte elektroniko bat emanen zaio, aparkalekuko atea ireki ahal izateko. Aginte horren jabea, nolanahi dela ere, Berriobeitiko Udala izanen da. Berriobeitiko Udalak fidantza kobratuko du agintea zuzen erabiltzen dela bermatzeko; barnean sartuko da haren prezioa. Teleagintea galdu edo hondatuz gero erabiltzailearen patrikatik ordainduko da.

7. artikulua. Zirkulazioaren gaineko zerga ordaintzen duten Berriobeitiko bizilagunek lehentasuna izanen duten lizentzia eskuratzeko, eta betiere baldintza hori betetzen dutenen artean lurzatirik ez dutenek, behar bezalako baldintzetan, aparkaleku erabilera emateko. Plazaren bat eman gabe gelditzen bada, dagokion lizentzia esleitzen ahalko da aparkalekua erabiltzeko.

8. artikulua. Lizentzia eskuratzen duten eskatzaileek aparkalekuaren izaera eta xedea kontuan hartuz erabili beharko dute lizentzia hori, inolako kalterik edo galerarik ez eragiteko, zertarako eskatu zen, helburu horrekin egindako erabilera ohikoa, egokia eta arrazoizkoa dela-eta gerta daitekeen higadura izan badaiteke ere.

9. artikulua. Udal aparkalekua ezin izanen da inola ere erabili eskuraturiko lizentziaren helburua ez den beste baterako.

10. artikulua. Udal aparkalekua erabili nahi duten norbanakoek edo entitateek Udalari egin beharko diote eskaera, idatziz egin ere. Datu pertsonalak eta ibilgailuari dagozkionak zehaztu beharko dituzte. Nahitaezkoa da ibilgailua altan egotea zirkulazioaren gaineko zergan.

11. artikulua. Udalak eskatzen ahalko du fidantza jar dadin, legez onartzen diren moduetako edozeinen bidez.

–Udal aparkalekuko lurzatiak behar bezala erabili eta lagapenaren aitzin zeuden horretara lehengoratzeko betebeharrei erantzuteko izanen da fidantza.

–Halaber, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen berme izanen da delako fidantza, udal aparkalekuan halakoak gertatzen direnean.

–Ordenantza hau aplikatuz zehapenik paratu behar baldin bada, horien ordainketari erantzuteko ere izanen da.

Fidantzaren zenbatekoa izanen da kontzesioaren denbora guztiarengatik likidatutako tasaren erditik osora bitartekoa. Fidantzaren barnean teleagintearen zenbatekoa sartuko da.

12. artikulua. Ematen den lizentziaren epea amaitzen denean, Udalak nahi bezainbat egiaztapen egiten ahalko du, ordenantza honetan eta kontzesio hartzaileen lizentzietan ezarritako betebehar eta baldintza guztiak betetzen ote diren ikusteko.

Kontzesiodunek ordenantza honetan ezarritako betebeharrak eta lizentziaren baldintzak bete dituztela, kalte-galerarik ez dagoela eta zehapenak jartzeko arrazoirik ez dagoela ikusi ondoren, Udalak fidantza itzuliko du, baldin eta lehendik hura jartzeko eskatu bazen.

Kontrara gertatuz gero, bidezko diren erantzukizunak galdatuko ditu. Horrelakoetan, ordenantza honetan eta lizentziaren baldintzetan ezarritako betebeharrak ez betetzetik, eragindako kalte-galeretatik eta bidezko diren zehapenetatik etor daitezkeen diru erantzukizunak ordaintzeko izanen da fidantza.

13. artikulua. Barneko garbiketa eta zainketa erabiltzaileen kargura izanen dira. Udala erantzukizun zibiletik libre geldituko da, aparkalekuaren barrenean lapurretak gertatzen badira.

14. artikulua. Aparkalekuaren kontserbazioa Udalaren erantzukizuna izanen da.

II. KAPITULUA

Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak

15. artikulua. Kamioien udal aparkalekua erabiltzeko kontzesio hartzaileek eta/edo lizentziaren titularrek erantzun beharko dute, maltzurkeria edo utzikeria direla medio bertan eragiten dituzten kalte eta galerengatik.

16. artikulua. Aparkalekua erabiltzeko lizentziaren titularrak bat baino gehiago badira, denek elkarrekin eta solidarioki erantzun beharko dute, ordainduz prezio publikoak, aparkalekuan eta instalazioetan eragindako kalte eta galerak eta ezartzen diren zehapenak, halakorik gertatuz gero.

17. artikulua. Arau-haustetzat hartuko da kamioien aparkaleku izatea ez den bertzelako edozein jarduera, eta bereziki ingurunea hondatu eta ingurumena kaltetzen dutenak. Arau-hauste larritzat hartuko dira, besteak beste, aparkalekua zikintzen duen edozein gai bertan utzi edo lagatzea eta edozein jarduera mekaniko egitea.

18. artikulua. Goian aipatu arau-hausteak eginez gero, honako zehapen hauek ezarriko dira: Berriobeitiko kamioien udal aparkalekua erabiltzeko lizentzia kentzea.

19. artikulua. Aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko zehapenak ezarriko dira, kalte-galerengatik bidezkoa gertatzen den ordaindu beharrekotik aparte.

Aurreko artikuluetan aipatutako erantzukizun eta zehapenak derrigorrezko betearazpenaren bitartez gauzatu eta betearaziko dira.

III. KAPITULUA

Kamioien udal aparkalekua erabiltzeko tasak

20. artikulua. Zerga-egitatea.

Zergapeko egintza da pertsona fisiko edo juridikoek kamioien udal aparkalekua erabiltzeko tasaren zenbatekoa, udal lizentzia eskuratu ondotik.

21. artikulua. Subjektu pasiboa.

Tasa hauen subjektu pasiboak izanen dira, Udalak lizentzia eman ondoren, kamioien udal aparkalekua erabiltzen duten pertsona fisiko edo juridikoak.

22. artikulua. Karga-oinarria.

Karga-oinarria izanen da kamioien udal aparkalekua erabiltzen den hilabeteen kopurua. Plazak okupatzeko urte bat baino gutxiagoko baimenak edo lizentziak ematen ahalko dira; halakoetan, karga-oinarria izanen da emandako lizentziaren denboraren zati proportzionala, gehi %20 tasa aplikatuta ateratzen den zenbatekoaren gainean.

23. artikulua. Tarifak.

Ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

24. artikulua. Zerga-kuota.

Tributu-kuota zehazteko, karga-oinarriari dagokion tarifa aplikatuko zaio.

25. artikulua. Sortzapena.

Kamioien udal aparkalekua erabiltzeko lizentzia eskatzen den unean sorraraziko dira tasak.

26. artikulua. Ordainarazpena zer motatakoa den kontuan hartuz, ez da inoiz kuotaren zenbatekorik itzuliko eta ez da onartuko beste erabiltzaileei eskualdaturiko ordainagiririk.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako baldintzak betetakoan hartuko du indarra.

TARIFEN ERANSKINA

1.–Tarifa orokorrak: 82,00 euro hilabetean.

2.–Erroldatu gabeak: 103,00 euro hilabetean.

Iragarkiaren kodea: L1614412