126. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

193/2017 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, “Creanavarra” diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimenduaren eskola egutegia arautzen duena 2017-2018 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokituta.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren VI. kapituluan arte ikasketak arautzen dira, besteak beste diseinuko goi mailako ikasketak.

Urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren bidez (gero urtarrilaren 23ko 21/2015 Errege Dekretuaren bidez aldatua), Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako goi mailako arte ikasketen antolamendua ezarri zen. Errege dekretu horren 4. artikuluan adierazten da goi mailako arte ikasketetan kredituen bidezko sistema europarra erabiliko dela.

Maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako diseinuko goi mailako graduko arte ikasketen oinarrizko edukia arautu zuen, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren printzipio orokorrekin bat.

Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 5ean emandako 30/2013 Foru Aginduaren bidez (gero Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 6ko 39/2015 Foru Aginduaren bidez aldatua), diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren maiatzaren 22ko 509/2013 Ebazpenaren bidez Iruñeko “Creanavarra” diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimenduari ireki eta jarduteko baimena eman zitzaion.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak ekainaren 12an emandako 551/2013 Ebazpenaren bidez zuzendu ziren maiatzaren 22ko 509/2013 Ebazpenean atzemandako akatsak.

Ikusirik Arte Ikasketen Atalak aldeko txostena eman duela jarraibideak onets daitezen “Creanavarra” diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimenduaren eskola egutegia prestatzeko 2017-2018 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokituta.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “Creanavarra” diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimenduaren eskola egutegia prestatzeko arauak onestea 2017-2018 ikasturterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokituta. Arau horiek ebazpen honen eranskinean bildu dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera eta ukitutako ikastetxera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 17an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

“Creanavarra” diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimenduaren eskola egutegia prestatzeko arauak 2017-2018 ikasturterako

1.–Egutegia.

“Creanavarra” diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimenduaren eskola egutegiak baldintza hauek beteko ditu 2017-2018 ikasturtean:

1. a) Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

2. a) Irakaskuntza hauetan erabateko dedikazioan ari diren ikasleek, ikasturte bakoitzean, 36 asteko eskolaldia izanen dute, iraileko lehenbiziko astetik ekaineko azken astera bitarte.

b) Eskolaldi horren barnean eskola teoriko eta/edo praktikoak sartuko dira, eta azterketa eta ebaluazio probak egiteko eta prestatzeko denbora.

c) Seihileko bakoitza bukatuta, azken ebaluazio arrunta antolatuko da.

d) Ikasturtea bukatuta, ebaluazio berezia antolatuko da irakasgai bakoitzerako.

e) Egutegia aldatu behar denean, hura lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, betiere gutxieneko eskola asteak errespetatuta.

f) Ikasleak bakarkako eskoletara eta/edo taldekoetara agertzen ez badira ere, ikastetxeak eskola horiek ematen jarraituko du.

3. a) Jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko lan egutegi arruntean ere halakoak direnak: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 4a, abenduaren 6a, abenduaren 8a, maiatzaren 1a, herriko zaindariaren jaieguna eta kasuan kasuko ikasketen zaindariaren jaieguna. 2018ko lan egutegi arruntean eskolako egutegiari eragiten dion jaiegunen bat egonez gero, ikastetxeek eskolako egutegia egokituko dute, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak emanen dituen jarraibideekin bat.

b) Herriko zaindariaren jaieguna eskola eguna ez den batean egokitzen baldin bada, ikastetxeak horren ordezko beste egun bat aukeratzen ahalko du. “Creanavarra” diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimenduan zuzendari eginkizunak betetzen dituenak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari proposatuko dio herriko zaindariaren jaiegun hori ordezteko beste egun bat.

c) Ikastetxeak ezarriko du hezkuntza mailari dagokion jaieguna.

4. 36 eskola aste errespetatzen badira, ikastetxeko zuzendaritzak 3. baldintzan aipatzen den hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna aldatzen ahalko du.

5. 3. baldintzan aipatzen diren eskola gabeko egunak ezin izanen dira erabili Aste Santuko eta Eguberrietako oporraldiak luzatzeko.

6. Eguberrietako oporrak abenduaren 23an hasi eta urtarrilaren 7an bukatuko dira, biak barne.

7. Aste Santuko oporrak martxoaren 29an hasi eta apirilaren 8an bukatuko dira, biak barne.

8. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak, zeinak, betiere, aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, onets ditzan.

9. Urtero, ekainean, diseinuko goi mailako ikasketetarako berariazko sarrera probaren deialdi bat eginen da. Egoki irudituz gero, beste deialdi bat egin liteke, ikasturtea hasi baino lehenago.

2.–Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:

1. “Creanavarra” diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimenduan zuzendari eginkizunak betetzen dituenak 2017-2018 ikasturterako eskola egutegiaren proposamena eginen du, eta, eskola kontseiluari edo eginkizun horiek betetzen dituen organoari entzun ondoren, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko du, 2016ko ekainaren 12an beranduenez.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegia onetsiko du, aztertu ondoren. Egutegia onetsitzat joko da ikastetxeak horren gaineko jakinarazpenik jasotzen ez badu 2017ko ekainaren 26rako.

3. “Creanavarra” diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimenduak bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio 1. puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat.

4. Egutegia, onetsi ondoren, nahitaez bete beharko du ikastetxeak. Ikastetxean zuzendariaren eginkizunak betetzen dituenaren erantzukizuna izanen da egutegia betearaztea, eta egutegiaren ezarpena gainbegiratzea eta kontrolatzea, berriz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren esku egonen da.

5. Ikastetxearen egutegia iragarki oholean ikusgai jarriko da, eta ezin izanen da aldatu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren baimen idatzirik gabe.

6. 2017-2018 ikasturteko eskola egutegia.

“Creanavarra” diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimendua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1706147