126. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

752/2017 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira profesionalei laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak, unibertsitateko graduatu ondoko ikastaroak egiteko, Osasun Departamentuaren intereseko arloetakoak, 2017. urtean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 88. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Foru Komunitateko osasun administrazioak osasun arloko irakasle eta profesionalen etengabeko prestakuntza bultzatuko du, lanbide ezagupenak herritarren beharretara hobeki egokitzeko, osasun zientzietako diziplinarteko prestakuntza sustatzeko eta ezagupenak eguneraturik edukitzeko.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.

Espedientean txosten teknikoa eta dagokion txosten juridikoa biltzen dira, bai eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere, eta horrek agerian uzten du honako laguntza hauen deialdia eta bere oinarri arautzaileen onespena egokiak eta legezkoak direla: “profesionalentzako laguntzak, unibertsitateko graduatu ondoko ikastaroak egiteko, Osasun Departamentuaren intereseko arloetakoak, 2017. urtean”.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Profesionalei laguntzak emateko deialdia onestea, unibertsitateko graduatu ondoko ikastaroak egiteko, Osasun Departamentuaren intereseko arloetakoak, 2017. urtean.

2. Diru-laguntza horiek emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean xedatuarekin bat.

3. Eskuragarri dagoen gastua baimentzea, gehienez ere 50.000,00 euro, Nafarroako 2017ko Aurrekontu Orokorretako “Ikasketetan sakontzeko bekak” izeneko 512001 51310 4809 311200 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa para daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2017ko ekainaren 9an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILEAK

Oinarriak, honako deialdi honenak: “Profesionalentzako laguntzak, unibertsitateko graduatu ondoko ikastaroak egiteko, Osasun Departamentuaren intereseko arloetakoak, 2017. urtean”

1. Xedea eta onuradunak.

1.1. Xedea.

Deialdi honen xedea da profesionalei laguntzak emateko arauak ezartzea, unibertsitateko graduatu ondoko ikastaroak egin daitezela sustatzeko, Osasun Departamentuaren intereseko arloetakoak, honako ezaugarri hauek izanen dituztenak:

–Graduatu ondoko ikastaroak edo graduatu ondoko ikastaroetako moduluak, 15 ECTS kreditu (Kredituak Transferitu eta Metatzeko Europako Sistema) edo gehiago dituztenak, unibertsitateek antolatuak, Graduatu Ondoko Unibertsitateko Titulu gisa aitortuak, berekia edo ofiziala izan.

–Gaitasun aurreratuak hartzera bideratuak, honako eremu hauetan: osasun arloko kudeaketa, osasun teknologien ebaluazioa, osasun-prestakuntzari aplikatzeko metodologia, ikerketaren metodologia, Oinarrizko Osasun Laguntzan ebazteko gaitasuna hobetzea, gaixotasun arraroak, generoa eta osasuna, sexu- eta ugalketa-osasuna, humanizazioa eta pazientearen arreta, bioetika eta arreta soziosanitarioa.

–Ikastaroko irakaskuntza programa 2017an gauzatuko da, osorik edo partez.

Diru-laguntzaren xede izanen dira 2016ko irailaren 1etik 2017ko abenduaren 31ra egin beharreko kredituak. Egun horren ondotik aurreikusitako kredituak laguntzaren xede izan daitezke hurrengo laguntzen deialdietan, egoki diren oinarriek hala aurreikusten badute.

1.2. Onuradunak.

Laguntzak Osasun Departamentuari eta erakunde autonomoei atxikitako zentroetan aritzen direnek eskatzen ahalko dituzte.

Ezin izanen dute deialdi honetan parte hartu egoiliar sisteman prestakuntzan diren langileek.

2. Eskaeren aurkezpena.

2.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute, horretarako prestatutako ereduari jarraituz; Nafarroako Gobernuaren atariko (www.navarra.es) tramiteen atalean egonen da eskura eredu hori.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak, lehentasunez, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira.

Osasun Departamentuko Erregistroan ere aurkezten ahalko dira (Armada etorbidea, 2, beheko solairua, Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren edozein bulegotan, alegia, 2015eko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 25ekoan, argitaratutako zerrendako edozeinetan.

Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen. Gainera, interesdunak, egokitzat jotzen badu, eskaera igortzen duen egun berean igorpenaren berri emanen dio Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, telefax bidez edo bestelako bitarteko telematikoen bidez.

2.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

1.–Interesdunak berak sinaturiko eskaera.

2.–Eskatutako prestakuntza jarduera behar izatearen justifikazioa, eskatzaileak beteta. Hartan baloratuko da zer erlazio duen lanbide jarduerarekin eta deialdi honen 1.1 oinarrian zehaztutako arloekin.

3.–Jardueraren programa ofiziala.

4.–Zentro edo erakundearen ziurtagiria, agerrarazten dituena profesionalak eskaeraren unean berarekin duen lotura eta lanpostua. Finkoak ez diren langileen kasuan, ziurtagirian agertu beharko da lan harremanaren denborari eta ezaugarriei buruzko informazioa.

5.–Zentroko edo esparruko zuzendaritzaren txostena, bertan justifikatzeko eta baloratzeko noraino egokitzen den garatu beharreko jarduera eskatzailearen lan jarduerara, eta kalifikatu eginen du: asko, hala-hola edo gutxi.

6.–Aurrekontua, non agertuko baita ECTS kreditu kopurua eta inskribatzeko tasen zenbatekoa, zehaztuz zenbat dagokion jardueraren guztizkoari eta zenbat 2016ko irailaren 1etik 2017ko abenduaren 31ra egin beharreko kredituei.

7.–Erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena pertsona ez dagoela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, eta egunean dituela Gizarte Segurantzako eta Nafarroako Zerga Ogasuneko zerga arloko betebeharrak.

2.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaera 2.2 oinarrian ezarritako edukiarekin eta formarekin bat ez badator, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, haren eskaera ezetsitzat joko duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko du eta dagokionari jakinaraziko dio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

3. Gastu diruz lagungarriak.

Deialdiaren xedearekin zalantzarik gabe bat datozen gastuek jaso dezakete laguntza.

Zehazki, aintzat hartuko dira 2016ko irailaren 1etik 2017ko abenduaren 31ra bitartean egin beharreko kredituen inskripzio tasak, nahiz eta epe diruz lagungarrian ez egin gutxieneko 15 ECTS kredituak.

4. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalari esleitu zaizkio. Instrukzio organoak Ebaluazio Batzordearen irizpenari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena, 5. oinarriarekin bat. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, Prestakuntza Atal horretaz ari da.

Prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.

5. Eskaerak ebaluatzeko kide anitzeko organoa.

Ebaluazio Batzordearen ardura izanen da aurkeztutako eskaerak baloratzea eta diru-laguntzak emateko proposamena egitea. Honako kide hauek osatuko dute:

–María Jesús Guembe Suescun, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Ataleko burua.

–Victoria Garísoain Lerendegui, aipatutako zerbitzuko Prestakuntza Kudeatzeko Bulegoko burua.

–Margarita Echauri Ozcoidi, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Ataleko burua.

–Carlos Martirena Irureta, Hezkuntza Departamentuko Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoko burua.

Batzordeak Prestakuntza Ataleko administrari baten laguntza izanen du.

Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen aholkularitzak eskatzen ahalko ditu, eskaerak egoki baloratzeko.

Batzordearen funtzionamendua kide anitzeko organoei buruz indarra duen araudiaren araberakoa izanen da, eta desegintzat joko da laguntzak emateko proposamenak igorri eta gero. Batzordearen lehenbiziko bileran erabakiko da zein batzordekide arituko diren batzordeburu eta idazkari.

Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6. Diru-laguntzak emateko prozedura eta balorazioko arau orokorrak.

6.1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak alderatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

6.2. Ondoren zehazten diren balorazio irizpide hauen arabera emandako puntuazioari jarraituz antolatuko dira eskaerak.

–Deialdiaren 1.1 atalean zehaztutako interes arloetara egokitzea prestakuntza jarduera, 40 puntu gehienez ere; 40, 25 eta 0 punturekin baloratuko da segun eta egokitzea handia, ertaina edo txikia den, hurrenez hurren, kontuan izanik programaren edukia eta haren aplikagarritasuna osasun sisteman, zehaztutako arloetan.

–Prestakuntza jarduera noraino egokitzen zaion eskatzailearen laneko jarduerari, 40 puntu arte; 40, 25 eta 0 puntuz baloratuko da egokitzapena handia, ertaina edo txikia denean, hurrenez hurren.

–Eskatzailearen lan egoera, 20 puntu gehienez, honela baloraturik: langile finkoak, 20 puntu; behin-behineko langileak, 2 urte jarraitu baino gehiago daramatenak Osasun Departamentuaren edo haren erakunde autonomoen zentroetan, 5 puntu; gainerakoetan, zero puntu.

6.3. Diru-laguntzaren xede izateko gutxienez ere 70 puntu beharko dira.

6.4. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Hauxe izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa: 2016ko irailaren 1etik 2017ko abenduaren 31ra bitartean egin beharreko kredituen inskripzio tasen %60, gehienez ere 7.200 euro Graduatu Ondoko Unibertsitateko Titulu bereki edo ofizial bakoitzeko.

Puntu berdinketarik bada bi eskatzaile edo gehiagoren artean, eta, aurrekontu mugarengatik, ezin bazaie puntuazio bera duten eskaerei erantzun, horiek ordenatu eginen dira, irizpide hauen arabera: lehenik, eskatzailearen lan egoera, lehentasuna emanez langile finkoei besteen aurretik, eta, bigarrenik, lanpostuan izandako antzinatasuna.

Orobat, aurrekontuko arrazoiengatik ezin bazaio erantzun azkenik sailkatutako espedienteari dagozkion tasen %60ri, eskura dagoen zenbatekoa aplikatuko da.

Oinarri hauetako 1.1 eta 6.3 ataletako beharkizunak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzunik, baldin gerakinik badago deialdi honetarako baimendutako zenbatekoan, 6.4 oinarriko lehenbiziko lerroaldean aipatutako ehunekoa handitzen ahalko da, aipatu den baimendutako zenbatekoa agortu arte; hori dena, tituluko ezarritako gehienekoa errespetatuta.

7. Ebazpena.

Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du diru-laguntzak eman edo ukatzea, instrukzio organoaren proposamenarekin bat.

Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukaturik, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

8. Mugak.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak jasotzeko honako muga hauek ezartzen dira:

a) Eskatzaile bakoitzari jarduera bat soilik lagunduko zaio diruz.

b) Profesional berari, gehienez ere, 7.200 euroko diru-laguntza emanen zaio Graduatu Ondoko Unibertsitateko Titulu bereki edo ofizial bakoitzeko, gauzatzeko egutegia edozein izanik ere.

9. Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak jarduera bera garatzeko lor daitezkeen beste diru-laguntza batzuekin bateragarria da. Hori gertatuz gero, aditzera eman beharko da deialdiaren 11. oinarrian azaldutakoaren arabera.

Hala ere, diru-laguntzak, bakarrik edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek programa bererako ematen dituzten beste batzuekin baturik, ez du inoiz ere gaindituko jardueraren kostua.

10. Diru-laguntzaren zenbatekoa, ordainketa eta frogagiriak.

10.1. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Emandako laguntzaren guztirako zenbatekoa da onuradunak jaso dezakeen gehienekoa.

10.2. Laguntzen ordainketa eta frogagiriak.

Prestakuntza Atalak proposatuta ordainduko dira laguntzak, eta Osasuneko zuzendari nagusiak ebazpena eman beharko du, 30 eguneko gehieneko epean, behin justifikaturik laguntzari aplikatu beharreko gastuak.

Inskripzioak ekarritako gastuak inskripzioari eta joan-etorriei dagozkien jatorrizko fakturen bidez edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuen bidez frogatu beharko dira, 11/2005 Foru Legearen 27.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurreko lerroaldeko gastuen justifikazioa aurkezteko epea 2017ko urriaren 30a izanen da.

Ematen diren laguntzak justifikatzeko, laguntzen onuradunak beharturik daude, jarduera bukatu eta hurrengo hilabeteko epean, Prestakuntza Atalera laburpen-txosten bat bidaltzera, gehienez ere 5 orrikoa, eta diruz lagundutako jarduera burutu dela frogatzen duen agiria.

11. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehazturiko moduan gauzatzea jarduera.

b) Oinarri hauetan eskatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

e) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

12. Baldintzak aldatzea.

Onuradunek, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat harturiko baldintzetan aldaketak izaten badira jarduera garatzean, horien berri eman beharko diote Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalari.

Salbuespen gisa, onuradunek diruz lagundutako jardueraren edo jardueren edukia aldatzeko eskatzen ahalko dute, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, diruz lagundutako jardueraren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako programa egiteko epea bukatu baino lehen.

Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalak aldaketak onartzen ahalko ditu baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak funtsean aldatzen ez badira.

Diru-laguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldaraztea ekartzen ahalko du eta, hala behar denean, egoki den zenbatekoa itzultzea.

13. Laguntza itzuli beharra.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, jarduera egiten ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Jasotako dirua itzuli behar denean, ez dira berandutze-interesak eskatuko, baldin eta arrazoiak justifikatu eta jakinarazten badira eta instrukzio organoak onartzen baditu.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

14. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloan ezarritako erantzukizunen eta arau-hauste administratiboei buruzko zehapen araubidearen mende egonen dira.

Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

15. Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarri gabekoetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren, oinarri arautzaileen eta horiek garatzeko egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedaturikoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1707341