126. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

26E/2017 FORU AGINDUA, ekainaren 16koa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana. Honen bidez, sindikatuei beren jarduera arruntak gauzatzeko ematen zaien diru-laguntzaren araubidea ezartzen da, Nafarroan lortutako ordezkari kopuruaren arabera.

ZIOEN AZALPENA

Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluak sindikatuei esleitzen die beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babestu eta sustatzeko eginkizuna, elkarte horiek Zuzenbide Estatu sozial eta demokratikoaren funtsezko zutabeetako bat direla.

Beraz, erakunde horiek garatzen dituzten jarduerak interes orokorrekotzat jotzen dira, zalantzarik gabe. Horregatik, Nafarroako Aurrekontu Orokorrak berariazko aurrekontu-zuzkidurak jasotzen ari dira haien jarduera diruz laguntzeko, askatasun sindikalerako eskubidea benetakoa eta eraginkorra izan dadin behar diren esparrua eta baldintzak sortze aldera.

Une honetan, segurtasun juridikoaren printzipioaren onerako, bidezkotzat jo da sindikatuei eman beharreko diru-laguntzaren araubide juridikoa ezartzea eta, ondoren, urtero dagokion deialdia onestea.

Foru agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak banatzeko, ordezkagarritasun irizpide objektibo bati jarraituko zaio, bai enpresetako langileen ordezkarien hauteskundeetan bai Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen ordezkaritza organoen hauteskundeetan Nafarroan lortu diren emaitzak erreferentzia hartuta. Ordezkagarritasun hori lan arloan eskuduna den Zuzendaritza Nagusiari atxikitako hauteskunde sindikalak erregistratzeko bulego publikoak egiaztatzen du, Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoaren lehen eta laugarren xedapen gehigarrietan xedatutakoaren babesean.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da sindikatuei beren jarduera arruntak gauzatzeko ematen zaien diru-laguntzaren araubidea ezartzea, Nafarroan lortutako ordezkari kopuruaren arabera.

Diru-laguntzaren helburua da sindikatuen berezko interes sozialak sustatzen eta, bereziki, enpresetako langileen eta Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen lan-baldintzak hobetzen laguntzea.

2. artikulua. Onuradunak.

Betebehar hauek betetzen dituzten sindikatuek jasotzen ahalko dituzte diru-laguntzak:

a) Dagokion urteko deialdian adierazitako moduan eta epean aurkeztea eskaera.

b) Langileen ordezkariren bat edo Enpresa Batzordeko edo Langileen Batzordeko kideren bat lortu izana.

Foru agindu honen ondorioetarako, Nafarroan lortutako agintaldiak izanen dira lan arloan eskuduna den Zuzendaritza Nagusiari atxikitako hauteskunde sindikalak erregistratzeko bulego publikoan indarrean dauden baliozko agintaldiak, deialdia argitaratu aurreko urteko abenduaren 31n luzatu ez direnak.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Diru-laguntzaren eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatzen ahal da hori.

Zehatz-mehatz, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza aurkezteak berarekin dakar diru-laguntzaren organo kudeatzaileari baimena ematea hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntzaren ebazpen proposamena ematen denean.

3. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa honela zehaztuko da: urteko deialdian parte hartu duten sindikatuen artean banatuko da urteko deialdi bakoitzean baimendutako gastu osoa, sindikatu bakoitzak lortutako ordezkari kopuruarekiko proportzioan.

4. artikulua. Gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira sindikatuek gauzatutako jarduera arruntei dagozkien gastuak, beren estatutuetan ezarritako eginkizunak ohi bezala garatzea dakartenak. Zehazki:

a) Sindikatuak kontratatutako langileen gastuak.

b) Berezko dituen eginkizunak gauzatzeko behar diren gastu orokorrak eta funtzionamendukoak.

c) Finantza eta lege aholkularitzako gastuak, baita prozedura judizialei buruzkoak ere, baldin eta jarduera sindikalari estu lotuta badaude.

2. Gastu diruz lagungarriak ezin izanen zaizkie egotzi Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek finantzatutako beste programa edo jarduera batzuei.

Halaber, diruz laguntzen ahal diren gastuen zenbatekoa emandako diru-laguntzarena bezalakoa izan beharko da, gutxienez.

3. Gastu diruz lagungarriak egiteko epea urteko deialdia argitaratu aurreko urteko abenduaren 1etik deialdiaren urteko azaroaren 30era bitartekoa izanen da. Egindako gastutzat hartuko da aldi horretan fakturatzen eta pagatzen dena.

4. Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada (aholkularitzako edo laguntzako enpresek ekipamendu-ondasunen hornidura edo zerbitzu-emate bat egiten duten kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, hiru eskaintza, gutxienez, aurkeztu, eta aukeratutako eskaintza hautatu izana justifikatu beharko du “Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa” izeneko III. inprimakian.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, halakoak frogatu beharko dira aipatu inprimakian.

5. Honako hauek ez dira joko gastu diruz lagungarritzat:

a) Zeharkako zergak, errekuperatu edo konpentsatu daitezkeenean.

b) Banku-kontuetako interes zordunak.

c) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

d) Finantza, notariotza eta erregistro eta peritu gastuak.

e) Eskudiruzko ordainketak, legez ezarritako gehieneko mugatik gorakoak direnak.

5. artikulua. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Urteko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, hain zuzen.

Eskaera aurrez aurre edo adierazitako baliabidea ez dena erabilita aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

3. Eskaera laguntzen fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa izanen da, eta harekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:

a) Sindikaturen baten izenean eskaera aurkezten duena federazio edo konfederazio bat bada, ordezkaria dela frogatu beharko du zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez” (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5.3 eta 5.4 artikuluak).

b) Diru-laguntza lehenengo aldiz eskatzen duten edo daturen bat aldatu duten sindikatuetarako, laguntzen fitxan eskura daitekeen “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.

4. Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu, lan arloan eskuduna den Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Artikulu honetan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin da inondik inora konpondu.

6. artikulua. Diru-laguntza ematea.

1. Deialdia norgehiagokako araubidean tramitatuko da. Horrela, diru-laguntza eskatu duten sindikatuei baino ez zaie emanen, sindikatu bakoitzak lortutako ordezkari kopuruarekiko proportzioan.

2. Laguntzen organo kudeatzaileak sindikatu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko du, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunak diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituela.

3. Lan arloan eskuduna den Zuzendaritza Nagusia diru-laguntza emateari ala ez emateari buruzko ebazpena emateko organo eskuduna izanen da. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7. artikulua. Gastu diruz lagungarrien justifikazioa.

Onuradunek diruz lagungarriak diren gastuak justifikatu beharko dituzte urte bakoitzeko azaroaren 30ean amaituko den epean. Horregatik, telematikoki aurkeztu behar dituzte beti, laguntzen fitxaren bidez eta fitxa horretan eskura dauden ereduei jarraituz, honako agiri hauek:

a) Langileria gastuak honako agiri hauek aurkeztuz frogatuko dira:

1. I. inprimakia, diru-laguntzari lotutako langileen zerrenda izenduna biltzen duena.

2. I. inprimakian zerrendatutako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioei dagozkion frogagiriak.

3. Nominen eta Gizarte Segurantzaren ordainagiriak.

b) Gastu orokorrak eta funtzionamendukoak honako agiri hauek aurkeztuz frogatuko dira:

1. II. inprimakia, gastu orokorren eta funtzionamendukoen zerrenda biltzen duena.

2. II. inprimakian zerrendatutako gastuei dagozkien fakturak eta ordainagiriak, onuradunaren izenean egindakoak.

3. Gastu horien ordainagiriak.

4. Aseguruen eta alokairuen kontratuen kopia.

c) III. inprimakia, “Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa” izena duena eta foru agindu honen 4.4 artikuluan adierazitako edukia biltzen duena.

d) IV. inprimakia, onuradunak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko hartu dituen neurriak jasotzen dituena, foru agindu honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera.

e) Onuradunak sindikatua den aldetik dituen eginkizunetan eta diruz laguntzen ahal diren gastuak hartzen dituen aldian garatu dituen jarduerak azaltzen dituen memoria.

Memoria horrek aipatu beharko du nola hausnartu duten genero ikuspegia sindikatuaren jarduerek beren helburuetan eta ebaluazioan.

Urteko deialdiak zehaztuko du zein zenbatekotatik aurrera izanen duten onuradunek memoria hau aurkeztu beharra.

8. artikulua. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin duen konpromisoa.

1. Sindikatuek emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko hartu dituzten neurrien berri eman beharko dute. Hona hemen neurri horietako batzuk:

–Beren erakundean Berdintasun Plan bat edo berdintasun neurriekiko idatzizko konpromisoa prestatu eta aplikatzea.

–Ordezkaritza sindikaleko karguetan emakumeen eta gizonen arteko parekotasuna lortzeko helburua duten neurriak.

–Genero berdintasuneko bikaintasunaren ikurra (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZEren “Reconcilia zigilua”, eta abar).

–Berdintasuna gehitzea erakundearen gizarte erantzukizunean.

–Prestakuntza etengabeko planean berdintasunerako prestakuntza ekintzak egotea, eta berdintasuna gehitzea bidezko duten prestakuntza etengabeko edukietan.

–Idatzizko eta ikusmenezko hizkera ez-sexista erabiltzeko idatzizko jarraibideak, eta sexuaren arabera banakatutako informazioa sortzeko jarraibideak.

–Onuradunak duen kalitatearen egiaztapen sisteman berdintasuna gehitzea, kalitateko faktorea den aldetik.

–Berdintasunarekiko konpromisoaren ikusgarritasun maila (balio edo printzipio gidarien artean, webgunean, liburuxketan, publizitate-kanpainetan eta abarretan aipatuta).

–Erakundean emakumeak eta gizonak horizontalki (arloka) zein bertikalki (erabakiak hartzeko prozesuak) modu orekatuan edo agertzea.

–Erantzunkidetasun neurriak eratzea.

–Berdintasuna babestea, kanpoan sustatzeko politikan berdintasun ekintzak aplikatuz.

–Bere aurrekontuaren urteko ehuneko bat egotea barneko berdintasuna lortzeko.

–Berdintasun erakundeekiko eta berdintasuna sustatzen duten entitateekiko lankidetza.

–Genero ikuspegia gehitzea erakunde hornitzaileekiko harremanetan.

–Genero berdintasuna sustatzeko beste edozein neurri, onuradunak sindikatua den aldetik dituen eginkizunetan garatzen duena.

2. Halaber, onuradunek berariazko honako betebehar hauek bete beharko dituzte genero berdintasunari lotuta:

a) Jarduera sindikalak genero ikuspegia hausnartu behar du bere helburuetan eta ebaluazioan.

b) Diru-laguntzaren xedeari lotutako agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez-sexista erabili beharko dute, baita emakumeen diskriminaziozko edozein irudi edo estereotipo sexistak saihestu eta eginkizunen berdintasunaren eta aniztasunaren balioak dituen irudia sustatu ere.

c) Erakunde onuraduneko plantillarako emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa aplikatzen dela bermatuko da, honako hauei dagokienez: prestakuntza politikak, hautaketa, sailkapen profesionala, arreta, sustapena, ordainsariak, egonkortasuna edo iraunkortasuna, ordezkaritza, lan segurtasuna eta osasuna, edo lanaldiaren iraupena eta antolamendua.

d) Lantokian sexu-jazarpena eta sexuagatikoa saihesteko neurriak hartzea bermatuko da.

e) Emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako printzipioak eta betebeharrak bete beharko dira.

9. artikulua. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak informatzeko betebehar hori betetzen ez badu, ez da onartutako diru-laguntza ordainduko.

b) Diruz lagundutako jarduerak egin direla foru agindu honetan eta deialdietan ezarritako moduan eta epeetan frogatzea.

c) Diru-laguntzen finantzazioa publikoa dela adierazi beharko da diru-laguntza dela-eta garatutako ekintzen publizitatean, informazio jardueran eta hedapen publikoan.

d) Foru agindu honen 8. eta 11. artikuluetan ezarritako berariazko betebeharrak.

e) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala denean, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

10. artikulua. Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Bertan adieraziko da onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela, besteak beste gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana.

Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena edo, hala denean, hori kobratzeko eskubidea galtzekoa hiru hilabeteko epean emanen da, gehienez, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

2. Nafarroako enpresetan eta administrazio publikoetan ordezkarien 100eko 10 edo gehiago lortu duten sindikatuek konturako ordainketa bat eskatzen ahalko dute urteko deialdian zehazten den egunera arte egindako jarduera sindikalagatik.

Horretarako, onuradunak egin den jardueraren memoria baloratua aurkeztu beharko du eskaerarekin batera, deialdi bakoitzean adierazten den egunaren aurretik.

Laguntzen organo kudeatzaileak aurkeztutako dokumentazioa aztertu, eta emandako diru-laguntzaren %50era arteko konturako ordainketa egiteko proposamena igorriko dio organo eskudunari. Zenbateko hori bi hilabeteko epean ordainduko zaio, gehienez, eskaera egiten denetik aurrera zenbatuta.

3. Diru-laguntza ematen duen organoak hauteskunde sindikalak erregistratzeko bulego publikoak hasieran ziurtatu duen ordezkari kopuruan akatsen bat antzematen badu ofizioz zein alde batek eskatuta, dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa birkalkulatuko da.

11. artikulua. Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Foru agindu honen babesean diruz laguntzen diren gastuak ezin izango zaizkie inola ere egotzi Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza edo diru-laguntza batzuei.

Betebehar hau betetzen ez bada, jasotako diru-laguntzak itzuli beharko dira, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik itzuleraren bidezkotasuna erabakitzen den arte sorrarazitako berandutze-interesak ere.

Dirua itzultzeko betebeharraz gain, bestelako zehapen batzuk ezartzen ahalko dira arrazoi beragatik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan ezarritako zehapen araubidearekin bat.

12. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Lan arloan eskuduna den Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru-kopurua.

Lehen xedapen gehigarria.–Urteko deialdia.

Lan arloan eskuduna den Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez, foru agindu honetan araututako diru-laguntzari dagokion urteko deialdia onetsiko da.

Ebazpen horren bidez urteko deialdiari dagokion gastua baimenduko da, eta hauek ezarriko dira:

a) Diru-laguntzaren zein zenbatekotatik aurrera aurkeztu beharko duten onuradunek jarduerak azaltzen dituen memoria, 7. artikuluan aipatzen dena.

b) Foru agindu honen 10.2 artikuluan adierazitako sindikatuek zein mugaegun duten diru-laguntzaren konturako ordainketa eskatzeko, baita egindako jarduera sindikalaren aldia ere.

c) Gainerako kontuak, beharrezkoak direnak diru-laguntza behar bezala kudeatzeko.

Bigarren xedapen gehigarria.–2017rako laguntzen deialdia.

1. 2017rako laguntzen deialdia onetsi da, eta horretarako 800.000 euroko gastua baimendu da 2017ko Gastuen Aurrekontuko “Sindikatuentzako transferentziak, haien ordezkaritasunaren arabera” 810012 81500 4819 494108 aurrekontuko partidaren kontura.

2. 20.000 euroko edo hortik gorako diru-laguntza jasotzen duten sindikatuek foru agindu honen 7. artikuluan aipatzen den azalpen memoria aurkeztu beharko dute.

3. Foru agindu honen 10.2 artikuluan aipatutako onuradunek diru-laguntzaren konturako ordainketa eskatzen ahalko dute 2017ko uztailaren 30a baino lehen, 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko maiatzaren 30era bitartean egindako jarduera sindikalagatik.

4. 2017. urteko deialdian diruz laguntzen ahal diren gastuak egiteko aldia 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartekoa izanen da. Egindako gastutzat hartuko da aldi horretan fakturatzen eta pagatzen dena.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko ekainaren 16an.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F1707584