1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
280/2017 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, libreki erabaki beharreko zenbatekoen behin-behineko zerrenda onesten da diruzaintzako gerakin negatiboa finantzatzeko, Nafarroako udalek eta kontzejuek 2015eko ekitaldiko kontuen edo aurrekontu likidazioaren espedienteen bidez frogatu dituzten gerakinen arabera.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren babesean onetsi zen 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legea, toki entitateekiko lankidetza ekonomikorako tresna izan dadin. Haren helburu nagusia da nahitaezkoak diren udal zerbitzuen estaldura Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan hedatzen direla bermatzea. Foru lege horrek 2017ko urtarrilaren 1ean hartu zuen indarra.
Foru lege horren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana osatzen dute arau horretan aurreikusitako jarduketek, “libreki erabaki beharrekoak” atalekoek besteak beste. Zehazki, 30.1 artikuluan zehazten dira udal eta kontzeju bakoitzari dagozkion zenbatekoen xede izan daitezkeen jarduketa motak.
30. artikuluko hirugarren atalak jasotzen du ezen, udalek edo kontzejuek diruzaintzako gerakin negatiboa baldin badute aurreko ekitaldi ekonomikoko kontuetan edo likidazioan, nahitaezkoa dutela libreki erabaki beharreko atalaren arabera jasotako zenbatekoak erabiltzea hura finantzatzeko, eta gainerakoa beste jarduketa batzuetarako erabil dezakete. Halaber, zehazten duenez, ez da inolako zenbatekorik jasoko libreki erabaki beharrekoen kontzeptuan diruzaintzako gerakina behar bezala frogatzen ez bada.
30.2 artikuluak ezartzen duenez, libreki erabaki beharrekoen atalean jaso beharreko zenbatekoen zerrenda, inbertsioak zer urtetan eginen diren adierazita izanen dituena, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko; argitaratzen denetik hamabost egun balioduneko epea irekiko da alegazioetarako. Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren otsailaren 23ko 60/2017 Ebazpenaren bidez, hasierako zerrenda hori onetsi zen, eta 2017ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, martxoaren 7an. Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren maiatzaren 30eko 220/2017 Ebazpenaren bidez, Nafarroako toki entitateek libreki erabaki beharrekoen kontzeptuan jaso behar dituzten zenbatekoen behin betiko zerrenda onetsi zen, bai eta haren urteko banaketa ere.
Azkenik, foru lege horren 31. artikuluak xedatzen du ezen, hilabeteko epean behin betiko zerrenda argitaratzen denetik aurrera, diruzaintzako gerakin negatiboa finantzatzeko erabili beharreko zenbatekoen behin-behineko zerrenda bat onetsiko dela Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez, toki ogasunei buruzko legeriarekin bat eskatzen diren kontuen edo aurrekontu likidazioaren espedienteen bitartez frogatutako gerakinen arabera. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ondoren 15 egun balioduneko epea irekiko da alegazioak aurkezteko edo frogatzeko diruzaintzako gerakin negatiboa finantzatzeko formulak onetsi direla, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 230. artikuluan eta irailaren 21eko 270/1998 Foru Dekretuaren 103. artikuluan xedatutakoarekin bat datozenak. Era berean, legez eskatutako kontabilitateko espedienteak aurkezten ahalko dira epe horretan, aurretik ez badira aurkeztu.
Espedientean Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren 2017ko maiatzaren 30eko proposamena dago jasota, non proposatzen baita diruzaintzako gerakin negatiboa duten udalen eta kontzejuen zerrena. Zerrenda horiek egiteko, 2015eko kontuen eta aurrekontu likidazioaren espedienteetako datuak hartu dira oinarri, espediente horiek nahitaez aurkeztu beharrekoak baitziren abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeak indarra hartu zuenean. Bestalde, Genbeko, Larrasoañako, Aritzalako, Larriongo, Hiriberriko, Artabiako, Gaintzako eta Intzako kontzejuek eta Elgorriagako, Galipentzuko, Torres del Ríoko, Los Arcosko, Izabako eta Irurtzungo udalek frogatu dute 2015eko diruzaintzako gerakin negatiboa 2016an zuzendu dela.
Horrenbestez, bidezkoa da libreki erabaki beharreko zenbatekoen behin-behineko zerrenda onestea diruzaintzako gerakin negatiboa finantzatzeko, Nafarroako udalek eta kontzejuek 2015eko ekitaldiko kontuen edo aurrekontu likidazioaren espedienteen bidez frogatu dituzten gerakinen arabera.
Horrenbestez, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Libreki erabaki beharreko zenbatekoen behin-behineko zerrenda onestea diruzaintzako gerakin negatiboa finantzatzeko, Nafarroako udalek eta kontzejuek 2015eko ekitaldiko kontuen edo aurrekontu likidazioaren espedienteen bidez frogatu dituzten gerakinen arabera. I. eranskinean dago jasota. 422.359,06 euro kalkulatu dira orotara.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. 15 egun balioduneko epea ezartzea ebazpen hau argitaratzen denetik aurrera, toki entitate onuradunek alegazioak egin ditzaten, finantzabideak onetsi direla froga dezaten diruzaintzako gerakin negatiboa finantzatzeko, edo legez eskatzen ahal diren kontabilitate espedienteak aurkez ditzaten.
Dokumentazio hori aurkezteko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak urtarrilaren 20an eman 48/2017 Foru Agindua bete behar da. Haren bidez, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeari buruzko eskaerak eta agiriak aurkezteko modua arautu ziren.
Iruñean, 2017ko ekainaren 16an.–Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.
I. ERANSKINA
Libreki erabaki beharreko zenbatekoen behin-behineko zerrenda, diruzaintzako gerakin negatiboa finantzatzeko
ERAKUNDEAREN KODEA | ENTITATEAREN IZENA | EKARPENA | EKARPENA DIRUZAINTZAKO GERAKIN NEGATIBORAKO |
0600000 | Burlata | 190.000,00 | 190.000,00 |
1520000 | Lerin | 90.322,33 | 90.322,33 |
0110300 | Arbeitza | 25.903,55 | 25.903,55 |
0640000 | Cadreita | 108.338,85 | 35.920,35 |
2100000 | Erronkari | 28.193,42 | 28.193,42 |
0250400 | Etxeberri | 20.762,14 | 6.433,85 |
0760400 | Gazolatz | 24.218,55 | 24.218,55 |
2601400 | Murugarren | 21.367,01 | 21.367,01 |
Guztira | 509.105,85 | 422.359,06 |
Iragarkiaren kodea: F1707520