Iragarkia
124. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
89E/2017 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez onesten da ETEei buruzko prestakuntzarako diru-laguntzen deialdia.
Enplegurako Lanbide Prestakuntzaren Sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legeak biltzen ditu, enplegurako lanbide prestakuntzaren ekimenen barrenean, enpresek programatutako prestakuntza, langabeei zuzendua (8.1.a artikulua) eta xedatzen du haiek finantzatzeko diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emanen direla.
Martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuak, enplegurako lanbide heziketako azpisistema arautzen duenak, indarrekoa baita aipatutako 30/2015 Legearen aurkakoa espresuki ez den orotan, arautzen du eskaeraren araberako prestakuntzaren ekimena.
Prestakuntza ekintzak emateko diru-laguntzak kudeatutako diru-laguntzak dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren arabera. Estatuari dagokio haiek arautzea, bere osoan edo oinarrian, eta kudeatzea, berriz, beste administrazio publiko batzuei, osoki zein partzialki.
Aipatutako 30/2015 Legearen zioen azalpenaren arabera, enplegurako lanbide prestakuntza funtsezkoa da gure ekonomiaren berreskuratze iraunkorrerako, eta giza kapitala eta haren enplegagarritasuna indartu behar da, haren lanbide-gaitasunak hobetuz. Orobat, beharrezkoa da egokitze bat kualifikazioen eskaintzaren eta eskariaren artean. Horrek dakar enpresek beharko dutena aldez aurretik jakitea, eta gazteei eskaintzea, baita, oro har, langile guztiei ere, behar horietara egokitutako prestakuntza. Lan eremuan, enplegurako lanbide prestakuntza sistemak bide eman du gure lurraldeko langile askoren enplegagarritasuna eta kualifikazioa hobetzeko. Enplegurako lanbide prestakuntzaren xedea da landunei eta langabeei lan merkatuaren beharrekin bat datorren prestakuntza ematea, hau da, enpresen lehiakortasun beharrei erantzuteko moduko prestakuntza, eta, aldi berean, langileen lanbide sustapena eta garapen pertsonala lortzeko nahikundeak asetzeko modukoa, lanbideetan modu kualifikatuan aritzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko gaitasuna emanez.
Ematen den prestakuntzak errealitatearen diagnostiko bati erantzun behar dio, enpresen eta langileen oraingo eta etorkizuneko beharren azterketa bati, bere xedeak eraginkortasunez betetzeko. Horretarako, lan merkatuaren azterketa eta prospekzioa egiten duten tresna eta eragileen koordinazio ahalmenaz baliatu behar dute. Zalantzarik gabe, lanbide prestakuntza lehentasunezko balore estrategikoa da aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialeko prozesuetan, eta, beraz, enpleguan eta gizarte kohesioan egonkortasuna lortzeko funtsezko lanabesa.
Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak Batzordeak ekainaren 17an emandako 651/2014 (EB) Erregelamendua betetzen dute. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Diru-laguntza publikoen deialdia onestea, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ETE enpresek (enpresa txiki eta ertainak) egindako prestakuntza ekintzak finantzatzeko 2017rako.
2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honi atxikirik daude.
3. 300.000 euroko gastua baimentzea, 2017ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: “Laguntzak, langileen enplegurako prestakuntza ekintzetarako. Konferentzia sektoriala” izeneko 950002/96200/4709/242102 partida. Betiere aurrekontuetan kontsignaziorik izanez gero.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Indarrik gabe uztea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 20ko 97E/2016 Ebazpenaren bidez onetsitako oinarri arautzaileak.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2017ko ekainaren 13an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.
I. ERANSKINA
Oinarri arautzaileak, ETEen prestakuntza ekintzetarako
diru-laguntzak emateko deialdiarenak
1.–Xedea eta helburua.
1.1. Oinarri hauen xede da diru-laguntzak emateko prozedura arautzea, ETE enpresek Nafarroako Foru Komunitatean beren langileentzat egiten dituzten prestakuntza ekintzak finantzatzeko.
1.2. Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzen helburua da prestakuntza ekintzak finantzatzea, horiek bideratuta egonik lana duten langileen gaitasun eta kualifikazioak hobetzera eta lanbidea eguneratu eta espezializatzera, edozein dela ere langileak zerbitzuak ematen dituen jardueraren sektorea edo arloa. Prestakuntza ekintzek ezagutza berriak lortzen eta etengabe birziklatzen lagundu beharko dute, langileen sustapena eta integrazio soziala eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko.
2.–Diru-laguntzen finantzaketa eta zenbatekoa.
2.1. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren fitxategiko espezialitateekin lotutako eta lotu gabeko prestakuntza ekintzak lagunduko dira diruz, 70 orduz gehienez ere.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (hemendik aurrera NL-NEZ) 70 ordutik gorako prestakuntza ekintzak laguntzen ahalko ditu diruz, entitate eskatzaileak eskaera arrazoitua egin ondoren, eskaera aurkezten duen unean.
2.2. Parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko moduluen araubide berariazkoa ezartzen da: 6,54 euro presentziazko prestakuntza bada, eta 4,9 euro teleprestakuntza bada.
2.3. Deialdi honetan aurreikusitako ekintzak honako partida honen kargura finantzatuko dira: 2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Laguntzak, langileen enplegurako prestakuntza ekintzetarako. Konferentzia sektoriala” izeneko 950002/96200/4709/242102 partida. Betiere aurrekontuan diru erabilgarririk badago.
2.4. Prestakuntza ekintza bakoitzagatik eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko da oinarri honen 1. eta 2. ataletan eta 4. oinarriko 4. atalean xedatutakoa.
2.5. Moduluaren %60 bitarte lagunduko zaie diruz enpresa ertainei, eta moduluaren %70 bitarte enpresa txikiei.
3.–Entitate onuradunak.
3.1. Nafarroan kokatuta eta, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko definizioaren arabera, ETE diren enpresa pribatuak oinarri hauetan araututako laguntzen onuradunak izaten ahalko dira.
Ondorio horietarako, ETEaren definizioa izanen da Europar Batasunak une oro ezarritakoa.
3.2. Orobat, aurreko atalean aipatutako enpresen elkarteek ere parte hartzen ahal dute deialdian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Elkarte horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, onuradun den aldetik dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen izan beharko duena. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio epea bukatu arte elkartea ezin da desegin.
3.3. Aldi baterako laneko enpresak eta beren langileentzako prestakuntza entitate edo zentroak ezin dira onuradunak izan.
3.4. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako kasuren batean dauden entitateak ezin dira inoiz onuradunak izan.
4.–Prestakuntza ekintzak.
4.1. Diru-laguntza emateko ebazpena eman eta biharamunetik gauzatu daitezke prestakuntza ekintzak, eta ematen diren urtearen azaroaren 30a baino lehen bukatu behar dira.
Prestakuntza ekintzak egiten ez badira, hurrengo deialdietako esleipenetan zigorrak izanen dira, eskema honen arabera:
–%10erainoko ez-gauzatzea: ez dago zigorrik.
–%10etik gorako ez-gauzatzea, %50eraino: baremoko puntu guztien %20ra arteko zigorra.
–%50etik gorako ez-gauzatzea, %100eraino: baremoko puntu guztien %40ra arteko zigorra.
4.2. Prestakuntza ekintzatzat hartzen da lanbide gaitasunak, teorikoak eta/edo praktikoak, eskuratzera bideratzen dena. Ekintzak unitate pedagogiko batean egituratua egon beharko du eta berezko helburuak, edukiak eta iraupena eduki beharko ditu, parte-hartzaile guztientzat berdinak.
Profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzera bideratutako prestakuntza egiaztatzeko, honako hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuaren 11. artikuluko 1. eta 3. idatz-zatiak eta Profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua eta gainerako araudia.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren fitxategiko espezialitateekin lotutako prestakuntza ekintzak antolatuz gero, kasuan kasuko espezialitateari dagokion prestakuntza programan ezarritakoarekin bat garatuko dira.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren fitxategiko espezialitateekin lotu gabeko prestakuntza ekintzetarako, entitate onuradunak dagokion prestakuntza programa ezarri beharko du.
4.3. Prestakuntza izan daiteke presentziala, teleprestakuntza edo mistoa, salbu profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzera bideratutako prestakuntza, hori presentziala izanen baita.
Prestakuntza ekintzaren iraupena, eguneko, ez da 8 ordu baino luzeagoa izanen, eta asteko, ezta 40 ordu baino luzeagoa ere.
Prestakuntza ekintza ez da 10 ordutik beherakoa izanen.
4.4. Presentziazko prestakuntza ekintzak taldeka antolatu beharko dira, eta horietako bakoitzean 20 parte-hartzaile izanen dira gehienez.
4.5. Teleprestakuntzaren kasuan, tutore bat izan beharko da 80 parte-hartzaileko, gehienez. Teleprestakuntza modalitatean prestakuntza ematen duten tutore-prestatzaileek esperientzia izan beharko dute modalitate horretan.
Teleprestakuntzako plataformak ikasteko on-line sistema bat izan beharko du, ikasleen prestakuntza kudeatzeko eta bermatzeko behar den ahalmena. Baldintza hauek izanen ditu:
–Aplikatzekoa den arau teknikoan adierazten diren mailak izatea, fidagarritasunaren, segurtasunaren, irisgarritasunaren eta elkarreraginaren aldetik.
–Balizko erabiltzaile guztiak aldi berean sartzeko bide ematea, kurtsoaren etapa guztietan plataformaren banda-zabalera uniformea dela bermatuz.
–Plataforma erabiltzeko behar diren lizentziak izatea.
–24 x 7 erabiltzeko prest egotea.
–Backupa, sistema eroriz gero datu guztiak errekuperatzen ahalko direla bermatzeko behar den aldizkakotasuna duena.
–Ikasleen eta egiten diren jarduera guztien erregistroak, eta txostenen edizioa.
Entitate onuradunak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langile teknikoei plataformarako sarbidea emanen die, dagokion gakoaren bidez, prestakuntza ekintza guztien kontrola eta jarraipena egin ahal ditzaten.
4.6. Deialdi honetan eta irailaren 9ko 30/2015 Legearen 14. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta gauzatuko ditu prestakuntza ekintzak entitate onuradunak, bere baliabideak erabiliz edo beste norbait kontratatuz.
Enpresak kanpoko entitate bati agintzen badio prestakuntza, dagokion erregistroan inskribatua egotea eskatuko zaio entitateari, prestakuntzako entitate gisa, prestakuntzako espezialitateen katalogoan diren espezialitateak eman ahal izateko. Katalogo horretan bildu gabeko prestakuntza bada, Nafarroako Atarian (www.navarra.es) eskura dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du entitateak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan.
4.7. Prestakuntza ekintzak ezin izanen dira atzerrian egin, eta Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo egiten direnak diruz lagundu ahal izateko, NL-NEZaren aldez aurreko baimena beharko da arrazoi bereziengatik, betiere interesdunak eskaera arrazoitua egiten badu laguntza eskatzeko unean.
4.8. Ez dute diru-laguntzarik jasoko informazio edo zabalkundeko jarduerek, baldin beren helburua prestakuntza prozesu baten garapena ez bada, esaterako jardunaldiek, azokek, mintegiek, sinposioek eta biltzarrek.
Irakaskuntza arautuak, doktorego ikastaroek, graduatu ondoko ikastaroek eta masterrek ere ez dute diru-laguntzarik izanen, ez eta enpresetako harrera prestakuntzak ere.
5.–Prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenak.
5.1. Hirugarren oinarrian entitate onuradun gisa aipatu enpresetako langile guztiek hartzen ahal dute parte deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan, hartan zehaztutako moduan eta baldintzetan. Langileen Estatutuan aurreikusitako lan-kontratazioko edozein modalitateren arabera egoten ahalko dira lanean langile horiek, edo kooperatibetako eta lan-enpresetako bazkide langileak izaten ahal dira.
Prestakuntza hartzen dutenek Nafarroan kokatuta dauden lantokietan eman beharko dituzte zerbitzuak.
5.2. Ezin izanen da bitan edo gehiagotan parte hartu prestakuntza ekintza berean.
5.3. Entitate onuradunak bertaratze ziurtagiria emanen dio prestakuntza ekintza bukatzen duen parte-hartzaile bakoitzari, eta egiaztapen diploma bat, berriz, prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditu duen parte-hartzaile bakoitzari. Norbaiten prestakuntza bukatutzat emateko, ikastaroko ikastorduen %75en, gutxienez ere, parte hartu behar du prestakuntza presentziala denean, edo, teleprestakuntzaren kasuan, ikaskuntzaren aldizkako jarraipen kontrolen %75 egin behar du.
Bi agirietan honako hauek agertu beharko dira, gutxienez ere: ekintzaren izena, prestakuntza eman duen zentroa, prestakuntzaren edukiak, zein egunetan egin den eta zenbat prestakuntza ordu jaso diren.
Aurreko lerroaldean aipatu diren egiaztagiriek, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erakutsi beharko dute, toki ikusgarrian. Logotipo hori ez da inolaz ere izanen entitate sustatzailearen nahiz antolatzailearen ikurra baino txikiagoa. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.
Ziurtagiriak edo diplomak parte-hartzaileei emateko edo igortzeko gehieneko epea bi hilabetekoa da, parte hartu duteneko prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik aurrera. Aipatu ziurtagiriak edo diplomak eman ziren daten erregistro bat gorde beharko du entitateak.
6.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.
6.1. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.navarra.es), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz.
Bestela, Nafarroako Gobernuko enpleguaren atariko web orrian dagoen eskabidea bete beharko da, eta bertan zerrendatutako agiriekin batera aurkeztu, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan.
Eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako tokietan ere aurkez daitezke.
Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan agerrarazteko bulegoaren izena, harrera data eta tokia. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.
6.2. Enpresek, enpresa elkarteek edo bestelako entitateek eskaera bakarra aurkeztuko dute diru-laguntzaren xede diren prestakuntza ekintza guztietarako.
6.3. Entitate eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen hauek sinatu beharko ditu:
a) Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatu egoeretakoren batean ere ez dagoela dioen aitorpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.
b) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako bestelako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen gaineko aitorpena.
c) Enpresa bat txikitzat edo ertaintzat hartua izateko adierazpena.
Eskabidea aurkeztuta frogatzen dira adierazpen horiek.
6.4. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskaera egiten duen lege ordezkari baimenduaren identifikazioa. Ordezkaritza hori notario-ahalordearen bidez edo zuzenbidean onartzen den beste edozein baliabideren bitartez frogatuko da.
b) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.
c) Prestakuntza proiektua justifikatzeko memoria.
d) Diru-laguntzaren xede diren prestakuntza ekintzen laburpen taula, adierazita ekintza bakoitzeko aurrekontua. Mugatzailea izanen da justifikaziorako.
e) Eskatutako prestakuntza ekintza bakoitzaren dokumentazio berariazkoa.
f) Langileen ordezkariek egindako txostena, prestakuntza ekintzei buruzko iritziak biltzen dituena, edo, halakorik ez bada, hura ez izatea justifikatuko duena. Hori dena, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 9.2 artikuluan eta martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuaren 15. artikuluan xedatutakoaren ondorioz.
g) Aurretik Nafarroako Gobernuaren inolako diru-laguntzarik jaso ez bada, “transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren” inprimakia aurkeztu beharko da.
h) Aurrekoaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurkezten zaizkion eskaeren gainean behar bezala ebazteko behar dituen argibide eta agiri osagarri guztiak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei. Orobat, kopiak aurkeztu badira, dokumentazioaren jatorrizkoa eskatzen ahalko du, beharrezkotzat jotzen badu.
Administrazioari lehendik aurkeztutako a) eta b) idatz-zatietako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskatzailea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaz baliatzen ahalko da, betiere adierazten badu noiz eta zein organo administratibotan aurkeztu zituen agiri horiek.
c), d), e), f) eta g) idatz-zatietan aipatutako eskaera eta agiriak Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatuan aurkeztu beharko dira (www.navarra.es).
6.5. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita. Aurrekontuan horretarako diru erabilgarririk bada, eskaerak aurkezteko beste epe batzuk irekiko dira ekainean eta abuztuan. Erabilgarri dagoen aurrekontua epe bakoitza ireki aurretik argitaratuko da Nafarroako web-atarian laguntzari buruz dagoen fitxan eta aurreko faseko laguntzak emateko ebazpenean.
7.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.
7.1. Diru-laguntza eskaera aurkeztuta, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitateari 10 eguneko epea emanen zaio, idazkia jaso eta biharamunetik hasita, behar diren argibideak edo agiriak aurkez ditzan, eta adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.
7.2. Ez dira tramitera onartuko deialdian ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.
8.–Balorazio irizpideak.
8.1. ETEetan dagoen langile kopurua eskaera aurkezten den egunean: 20 puntu gehienez.
–Langile 1etik 5era bitarte: 20 puntu.
–6 langiletik 9ra bitarte: 15 puntu.
–10 langiletik 49ra bitarte: 10 puntu.
–50 langiletik 149ra bitarte: 5 puntu.
–150 langile edo gehiago: 0 puntu.
8.2. Prestakunza ekintzan ari diren ikasleen portzentajea, kontuan izanik ETEetan dagoen langile kopurua guztira, eskaera aurkezten den egunean: 20 puntu gehienez.
–Portzentajea < %10: 0 puntu.
–Portzentajea ≥ %10 eta < %20: 5 puntu.
–Portzentajea ≥ %20 eta < %30: 10 puntu.
–Portzentajea ≥ %30 eta < %40: 15 puntu.
–Portzentajea > %40: 20 puntu.
8.3. Kualifikazio gutxiko ikasleen portzentajea, 06, 07, 09 edo 10 kotizazio taldeetakoak, kontuan izanik prestakuntza ekintzan ari diren langile guztiak: 10 puntu gehienez.
–Portzentajea < %10: 0 puntu.
–Portzentajea ≥ %10 eta < %20: 2,5 puntu.
–Portzentajea ≥ %20 eta < %30: 5 puntu.
–Portzentajea ≥ %30 eta < %40: 7,5 puntu.
–Portzentajea > %40: 10 puntu.
9.–Esleitzeko irizpideak.
9.1. Puntuazioaren arabera esleituko dira ETEek egiten dituzten prestakuntza ekintzak, handienetik txikienera, aurreko oinarrian ezarritako baremoaren arabera.
9.2. Puntuazioan berdinketarik bada, ondoko irizpideak aplikatuko dira hori hausteko, lehentasun hurrenkera honen arabera:
–8.1 oinarriko (ETEetako langile kopurua) edukia baloratzeko irizpidean lortutako puntuazio handiena.
–8.2 oinarriko (prestakuntza ekintzako ikasle portzentajea) edukia baloratzeko irizpidean lortutako puntuazio handiena.
–8.3 oinarriko (prestakuntza ekintzan kualifikazio apala duten ikasleen portzentajea) edukia baloratzeko irizpidean lortutako puntuazio handiena.
–Prestakuntza ekintzako parte-hartzaileen kopuru handiena.
10.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.
10.1. Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.
10.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.
10.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.
10.4. Espedientea ikusirik, instrukzio organoak behin betiko ebazpen proposamena eginen du, behar bezala arrazoitua, Zerbitzuko zuzendariak ontzat emana, eta onetsitako prestakuntza ekintzak biltzen dituen eranskina gehituko du.
Instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusirik, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak espedientearen gaineko ebazpena emanen du.
10.5. Espedientea ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.
11.–Entitate onuradunen betebeharrak.
11.1. Deialdi honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:
a) Deialdi honetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzako nahitaezko doakotasuna errespetatzea.
b) Diru-laguntzaren sarrera eta prestakuntza ekintzen exekuzio gastuak kontabilitateko kontu bereizietan edo berariazko epigrafe batean identifikatzea, guztietan “enplegurako prestakuntza” erreferentzia jarrita.
c) Diru-laguntza zer prestakuntza jardueratarako eskatu den, hura egitea deialdi honen baldintza eta beharkizun formal eta materialei jarraikiz, baita diru-laguntza emateko oinarri izan ziren onespen baldintzekin bat ere.
d) Prozedura instruitzeko eta prestakuntza ekintzak gauzatu eta likidatzeko faseetan behar diren argibide eta agiriak aurkeztea, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileak prestakuntza ekintzetara agertu direla frogatzen duten agiriak, parte-hartzaileek sinatuak eta ezartzen diren gutxieneko betebeharren arabera.
e) Bertaratze ziurtagiria ematea prestakuntza ekintzaren parte-hartzaile bakoitzari, edo aprobetxamendua egiaztatzen duen diploma bat, deialdi honetan ezarritako moduan.
f) Diru-laguntza emateko beharkizunak eta baldintzak betetzen direlako froga aurkeztea.
g) Administrazio eskudunari Diru-laguntzaren xede diren jarduerak finantzatzen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartuz gero, 13. oinarriko 3. eta 4. ataletan aipatutako prestakuntza ekintzak egin direla justifikatu baino lehenago.
h) Prestakuntza ekintzak ebaluatu, kontrolatu eta begiratzeko Nafar Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta kontrol organoek sustatzen dituzten jarduketak onartu eta haiei modu aktiboan laguntzea, eskatzen dituzten argibide eta agiri guztiak noiznahi emanez.
Horretarako, prestakuntza ekintzak abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko dokumentazioa eta informazioa (parte-hartzaileek jasotzen ez dituzten bertaratze ziurtagiriak eta aprobetxamendu diplomak barne) zentroan gorde beharko da, ikuskapen eta kontrolaren eskura, gutxienez lau urtez. Epe hau zenbatuko da entitate onuradunak diru-laguntzaren frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.
Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek, organo eskudunari igorri beharko diote haien entitateetan gordailuan utzitako agirien kopia.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egokiak iruditzen zaizkion informazio eta agiri osagarriak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.
i) Eskabidean edo eskaerak tramitatzeko eta diru-laguntzak emateko organo eskudunei aurkeztutako agiri edo ziurtagirietan gezurrezko daturik ez ematea.
j) Deialdi honen babesean antolatzen diren ekintzen gaineko informazio eta publizitate jardueretan adieraztea finantzaketa publikoa izan dutela, eta, horrekin batera, diru-laguntza zein administraziok eman duen.
Horretarako, entitate onuradunak bere jakinarazpen, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan gutxienez Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian eta inolaz ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.
Prestakuntza ekintzak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.
11.2. Gardentasunerako betebeharrak.
11.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa hain justu, betiere Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta honako bi inguruabar hauek gertatzen badira:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Ondorio horietarako, bi baldintza horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek ondotik zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, entitatearen legezko ordezkariak sinatua eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarri bezala, eta horretarako hilabeteko epea izanen dute diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.
11.2.2. Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.
11.2.3. Aurreko bi puntuetan aipatutako gardetasun betebeharrak betetzeko, bada Nafarroako Atariko tramiteen atalean adierazpen eredu normalizatu bat (www.navarra.es).
12.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.
12.1. Deialdi honetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren beste arauetan ezarritakoa kontuan hartuta gauzatuko ditu entitate onuradunak prestakuntza ekintzak.
12.2. Entitate onuradunak gauzatzen baditu prestakuntza ekintzak, bere giza baliabideak izan beharko ditu ekintzen programazio, koordinazio eta barne kontroleko eginkizunetarako, eta diruz laguntzen den jarduera gauzatzearen erantzukizun guztia hartuko du Administrazioaren aurrean.
12.3. Entitate onuradunek garatu behar duten prestakuntza ekintza bakoitzaren “hasieraren komunikazioa” eta “Prestakuntza emaileen fitxa” igorriko dizkiote Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, ekintza bakoitza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez ere, Nafarroako Atariko (www.navarra.es) tramiteen atalean eskura dauden eredu normalizatuen arabera.
Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza hasi ondoren gertatzen bada. Kasu horietan, onuradunak aldaketaren berri eman beharko du gorabehera hori gertatu dela jakin eta berehala.
Ezarritako epeetan jakinarazi ezik, prestakuntza ekintza “ez egintzat” joko da, diru-laguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.
12.4. Halaber, prestakuntza ekintza hasten denetik hirugarren eskola eguna arte, NL-NEZari bidali beharko zaizkio agiri hauek, Nafarroako Atariko (www.navarra.es) tramiteen atalean eskura dauden eredu normalizatuen arabera:
a) Prestakuntza ekintzan hasten diren ikasleen zerrenda. Teleprestakuntzako ekintzetan, ikasturtea hasi dutela kontsideratuko da lehen aldiz plataforma konektatu duten guziak, ikasturtearen ordu guzien %25 iragan arte.
b) Ikasleen izen emateko fitxa.
Hirugarren eskola egunera bitarte (hori barne) emandako orduak prestakuntza ekintzaren orduen %25 baino gehiago badira, dokumentazio hori bidali beharko da prestakuntzaren %25 hori bete baino lehen. Dokumentazioaren bidalketa ontzat emanen da baldin eta ehuneko hori gainditzen den eskola egunera arteko epearen barrenean bidaltzen bada, egun hori barne.
13.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.
13.1. Diru-laguntzaren justifikazioa moduluak frogatuz eginen da, hurrengo ataletan ezarritakoari jarraikiz.
13.2. Diru-laguntza ordaintzeko, prestakuntza ekintzak likidatu eta ekintzak egin direla justifikatu behar da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera.
11.2 oinarrian aipatutako gardentasuri buruzko betebeharra betetzen ez badu, ez da ordainduko onartutako diru-laguntza.
13.3. Emandako diru-laguntzen likidazio ekonomikoa 2. oinarriko 1. eta 4. ataletan xedatutakoaren arabera eginen da, kontuan harturik prestakuntza oso-osorik jasotzen duten parte-hartzaileengatik bakarrik ordainduko dela. Parte-hartzaile batek prestakuntza osoa jaso duela ontzat emateko, 5.3 oinarrian xedatutakoaren arabera jokatuko da.
13.4. Diru-laguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak egindako prestakuntza ekintzen justifikazioa aurkeztu beharko du, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean gehienez ere, beheko dokumentazioa aurkeztuta. Agirien eredu normalizatuak Nafarroako Atariko tramiteen atalean daude (www.navarra.es):
a) Ikastaroa bukatu duten parte-hartzaileen zerrenda.
b) Prestakuntza presentzialaren kasuan, asistentzia kontrolaren jatorrizkoa, saio guztiak agerrarazten dituena, parte hartzen duten ikasleek eta prestatzaileak edo prestakuntza arduradunak sinatua. Teleprestakuntzako ekintzak badira, plataformak behar diren tresnak erraztuko ditu, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak asistentzia kontrasta dezan.
c) Material didaktikoa jaso duten ikasleen zerrenda, non banatutako materiala eta haiek hartu izanaren agiria edo eman izana frogatzen duen agiri fede-emailea agertuko baitira.
d) Diru-laguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena.
e) Justifikatzeko memoria ekonomikoa, gutxienez honako hauek bilduko dituena:
–Onuradunaren egiaztapena edo, hori ez bada, adierazpena modulutzat hartutako unitate kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten ikasleak eta prestakuntza orduak).
–Diru-laguntzaren zenbatekoa, kalkulatua jarduketa memoriako jarduera-datuetan eta oinarri arautzaileen moduluetan oinarriturik.
f) Prestakuntza ekintzaren kalitatea ebaluatzeko ikasleek betetako galde-sortak. Galde-sorta horiek baloratuko dituzte edukiak, baliabide didaktikoak, baliabide teknikoak, antolaketa, irakasleak eta prestakuntza ekintzaren balorazio orokorra.
g) Prestatzaileen zerrenda, haien deiturak, izena eta NANa adierazita, baldin aldaketarik bada “Prestakuntza emaileen fitxaren” bidez hasieran komunikatutakoaren aldean.
13.5. Aurkeztutako agiriak justifikaziorako aski ez badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak atzemandako akatsen berri emanen dio entitate onuradunari, 10 eguneko epean zuzen ditzan.
13.6. Azken frogagiriak aztertu ondoren, Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuak prestakuntza ekintzaren espedientea amaitzeko eta azken likidazioa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, Zerbitzuko zuzendariak ontzat emanda.
Instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusirik, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak espedientearen gaineko ebazpena emanen du.
14.–Prestakuntzaren kontrola, ebaluazioa eta jarraipena egiteko plana.
14.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontroleko jarduketa hauek egiten ahalko ditu:
a) “Denbora errealeko” jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea, ematen den tokian bertan eta egiten den bitartean, froga fisikoak eta testigantzak erabiliz, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta prestatzaileei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, teknikoki egiaztatzeko asmoz prestakuntza ekintza nola egin den, emandako edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, argitalpenetan eta bestelako hedabideetan ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzaturik antolatu direla adierazi ote den begiratuko da.
b) “Ex post” jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egiten ahalko dira, entitate onuradunei, prestakuntzako arduradunei, ikasleei eta/edo prestatzaileei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, besteak beste, honako hauek teknikoki egiaztatzeko:
–Prestakuntza ekintzak egin direla.
–Parte-hartzaileen benetako kopurua.
–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaiela eta bertan Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen dela.
Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.
14.2. Era berean, Nafar Lansare–Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza guztiaren kanpoko ebaluazioa egiten ahalko du, enplegurako lanbide prestakuntzako azpisistema hobetzeko asmoz.
15.–Azpikontratazioa.
15.1. Entitate onuradunak prestakuntza jarduera azpikontratatzen ahalko du, osorik edo partez, baina behin bakarrik eta oinarri hauetan ezarri bezala. Entitateak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleren bat kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko.
Nolanahi ere, entitateak diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizuna hartuko du bere gain administrazio publikoaren aurrean, eta berak zein azpikontratistak bermatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak behar bezala betetzen direla.
Behin ere ez da azpikontraturik eginen hirugarrenekin jardueraren kostua handitzen bada eta, horren ordainean, edukiari balio erantsia gehitzen ez badiote.
Azpikontratatuak izateko, prestakuntza zentro eta entitateek ekipamendu egokia izan beharko dute.
15.2. Azpikontratazioa entitate onuradunari lotutako entitateekin egiten bada, ondoko inguruabar hauek gertatu beharko dira:
–Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzetan egitea.
–Aldez aurretik organo emailearen baimena eskuratzea.
15.3. Aurreko atalean aipatutako organo emaileak aldez aurretik eman beharreko baimenari dagokionez, espresuki ematen ahalko da diru-laguntza emateko ebazpenaren bidez, edo baimena eskatu eta biharamunetik 15 eguneko epean igorritako ebazpenaren bidez. Baimena eman dela ulertuko da aipatu epea igaro denean laguntza ematen duen organoaren erabakirik gabe.
15.4. Hirugarrenekin itundutako jarduera diru-laguntzaren %20 baino handiagoa denean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratua idatziz formalizatu beharko da. Ezin izanen da kontratu bat zatikatu haren zenbatekoa gutxitzeko eta baldintza hau saihestearren.
15.5. Edonola ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Lege Orokorraren 26. artikuluan jasotzen diren mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie entitate onuradunei eta kontratistei.
16.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.
16.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako beharkizunak eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak diru-laguntza osorik edo hein batean kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du.
16.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:
a) Prestakuntza ekintza ez betetzea. Ez-betetzea erabatekotzat hartuko da, baldin eta prestakuntza ekintzaren %35era ez bada ailegatzen (orduen kopurua bider prestatutako pertsonen kopurua adierazlearekin neurtuta). Horrek diru-laguntza deuseztatzea ekarriko du. Prestakuntza partez gauzatzen bada, gauzatu ez den zatian gutxituko da, betiere hori %35 baino gehiago bada.
b) 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen ez-betetzea. Prestakuntza ekintza esleitzeko baloratu diren irizpideak osorik edo baten bat betetzen ez bada, prestakuntza ekintza horri dagokion azkeneko likidazioaren zenbatekoa murriztuko da, lortutako eta egin gabeko puntuen proportzioa. Kalkulatuko da zer portzentaje izan duten puntu horiek azken balorazioan, eta ehuneko hori kenduko da azken justifikaziotik.
16.3. Ez-betetzeak ez du galarazten Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean “diru-laguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei” buruz ezarritakoa.
16.4. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo diru-laguntzari espresuki uko egiteagatik askatzen den dirua aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskabideak aintzakotzat hartzeko erabiltzen ahalko da.
17.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Entitate onuradunek diru-laguntza honen xedeko jarduera berak finantzatzen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu badituzte, betiere prestakuntza ekintzaren gastuaren %100 gainditu gabe, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko diote, hartutako diru-laguntza justifikatu baino lehen.
18.–Datuak babestea.
Interesdunen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako eta, horri dagokionez, interesdunak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzeko gainerako arauetan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira.
19.–Aplikatu beharreko araudia.
19.1. Deialdi honetan aurreikusita ez dagoen guztian arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen entitate onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua eta Profesionaltasun agiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua.
19.2. Programa honetako diru-laguntzek Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan aldez aurretik ezarritako muga eta baldintzak beteko dituzte. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
20.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Atarian (www.navarra.es), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, entitate onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.
Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.
21.–Errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioan ematen diren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesa duten pertsona edo entitateek, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo haiek jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F1707277
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
