124. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Lizarrako udal mugarteko aisialdiko biltokiak zein txabiskeak  arautzen dituen udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Lizarrako Udalak, 2017ko maiatzaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lizarrako udal mugarteko aisialdiko biltokiak zein txabiskeak arautzen dituen udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2017ko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 24an, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Lizarran, 2017ko ekainaren 2an.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.

ORDENANTZA, LIZARRAKO UDAL MUGARTEAN AISIALDIKO BILTOKIAK ETA TXABISKEAK ARAUTZEN DITUENA

Ordenantzaren aurkibidea

SARRERA.

ATARIKO TITULUA.–Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Xedea.

2. artikulua. Definizioak.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

TITULU BAKARRA.

I. KAPITULUA.–Baimenen araubidea.

4. artikulua. Administrazioko tramitazioa.

5. artikulua. Baimena eskatzea.

6. artikulua. Aurkeztu beharreko agiriak.

7. artikulua. Tramitera onartzea.

8. artikulua. Instrukzioa.

9. artikulua. Ebazpena.

10. artikulua. Baimenen eraginkortasuna.

11. artikulua. Aisialdiko biltokien eta txabiskeen udal erregistroa.

12. artikulua. Beste baimen batzuk.

II. KAPITULUA.–Aisialdiko biltokien eta txabiskeen funtzionamendu arauak.

13. artikulua. Funtzionamenduko arau komunak.

14. artikulua. Aisialdiko biltokien eta txabiskeen berezitasunak.

15. artikulua. Betebeharrak.

16. artikulua. Xedapen teknikoak.

III. KAPITULUA.–Administrazioaren esku-hartzea.

17. artikulua. Ikuskapenak.

18. artikulua. Legezkotasunaren babesa.

IV. KAPITULUA.–Diziplina araubidea.

19. artikulua. Arau-hausteak.

20. artikulua. Subjektu erantzuleak.

21. artikulua. Zehapenak.

22. artikulua. Preskripzioa.

23. artikulua. Soinuen alorreko arau-hausteak eta zehapenak.

24. artikulua. Zehapen-prozedura.

25. artikulua. Behin-behineko neurriak.

26. artikulua. Jardueraz aldatzea.

XEDAPEN IRAGANKORRA.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.

AZKEN XEDAPENA.

ERANSKINAK.

I. eranskina.–Biltokiak.

II. eranskina.–Txabiskeak.

III. eranskina.–Dokumentazioa.

IV. eranskina.–Aisialdiko biltoki bat lehen aldiz erabiltzeko lizentzia eskaera, jarduera kaltegabe gisa.

V. eranskina.–Txabiske jarduera funtzionamenduan jartzeko baimen eskaera.

VI. eranskina.–Eskaera, Udal Erregistroan lokala aisialdiko biltokien erregistroan edo txabiskeen erregistroan inskribatzeko.

VII. eranskina.–Erabiltzaileen inskripzio orria.

VIII. eranskina.–Elkarbizitzako protokolo adostua.

IX. eranskina.–Gorabeheren erregistroa aisialdiko biltokietan edo txabiskeetan, eta jarduketak.

SARRERA

Lizarrako Udal mugartean gero eta eskaera handiagoa da gazteek etxabeak aisialdiko tokitako erabiltzeko, hiriak aisialdirako duen eskaintzaren osagarri edo alternatiba gisa. Erabilera hori batzuetan ez da herriko bestetarako bakarrik, urte osorako baizik.

Udalak bere egiten du gizartearen, batez ere gazteen, gero eta eskaera handiagoa. Aldi berean, herritarren eta erabiltzaileen beren atsedenaldia eta segurtasuna bermatu behar ditu. Batzuetan ikusi da erabilera hori duten lokaletan ez direla neurri zuzentzaile egokiak aplikatu eta, are gehiago, lokalen edo eraikinen egitura baldintzak desegokiak izanik, arriskua handia dela.

Ukitutako bizilagunen eskubideekin batera jardueren garapen egoki eta arduratsua arautzearren prestatu da ordenantza hau.

Gaur egun, jarduera sailkatuei aplikatzen zaien araudiaren esparrutik kanpo daude jarduera hauek. Jarduera sailkatuak sartuak daude Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan onetsia.

Zernahi gisaz, gauza egiaztatua da lokal hauen erabiltzaileek, leku horietan neurri zuzentzaile egokiak aplikatzen ez direnez, traba egiten dietela bizilagunei, bereziki gaueko ordu txikietan zaratak daudelako, bizilagunak ez baitira ongi pausatzen ahal, eta, are gehiago, ongieza eta segurtasunik eza sortuta, jarduera horiek kontrolatzen ez direlako.

Era berean, oro har suteen aurkako neurririk ez izateak pertsonen eta ondasunen segurtasunean eragiten du, batez ere lokalen erabiltzaileen segurtasunean, zuzen-zuzenean. Hori dela-eta, beharrezkoa da neurri zuzentzaile egokiak ezartzea lehenbailehen eta, lokala erabiltzen hasi aurretik, Administrazioak, bere eskumenak erabiliz, neurri horiek paratzen direla begiratzea, bere eskuan dituen kontroleko eta polizia administratiboko eskumenak erabilita.

Bertzetik, duela gutxi, zioen azalpen honetan adierazitakoaren ildotik, abenduaren 10eko 26/2001 Foru Legeak, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 14ko 2/1989 Foru Legea aldatzen baitu, zioen azalpenean jasotzen du izaera sozialeko josteta jardueretan erabiltzen diren sarrera murriztuko lokal eta instalazioek sortzen duten arazoari aurre egin beharra, batez ere bertzeen segurtasuna, osasungarritasuna eta eragozpenak jokoan daudenean (...).

Bide berari jarraitzen dio xedapen zatiak ere; izan ere, aldatutako legearen 1.2 artikuluko testu berriak dioenez, josteta edo aisialdi jarduerak egiteko lokal horiek, nahiz eta bere aplikazio esparrutik kanpo dauden, behar diren baldintza teknikoak bete behar dituzte hirugarrenei enbarazu ez egiteko eta pertsona eta ondasunen segurtasuna bermatzeko, bereziki egituren sendotasunari eta instalazioaren funtzionamenduari dagokienez, suteen aurkako prebentzio eta babes neurriei dagokienez eta osasungarritasun eta higiene baldintzei dagokienez ere.

Horrenbertzez, ordenantza hau sortu da, alde batetik, bermatzeko aisia alternatiboa izateko lekua, gehienbat herriko gazteek eskatzen dutena (ezin da ahaztu bereziki gazteek eskatua izate hori, bertzenaz beharrezko segurtasuna izan gabe jarriko baitira halakoak) eta, bertzetik, erabiltzaileen beren eta bizilagunen trabak eta arriskuak baztertzeko (behar diren neurri zuzentzaileak eta, behar badira, zehatzaileak hartuz).

Ordenantzan nabarmendu behar da lokalaren bi arduradunen ezarpena –haiengana joko da edozein komunikaziotarako– eta interes pribatuak eta interes publikoa bateratuko dituen aterabide egokiaren bilaketa.

Erabilera mota hauek jarduera sailkatuei buruzko foru araudiarekin duten harremanari dagokionez, eta Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuaren txostenak ongi dioen bezala (udal espedientean dago), “kontua da erabakitzea ea aisialdirako etxabea jarduera bat den edo biltoki bat, etxebizitza partikular baten antzera. Jarduera bada, ezin da aplikatu aipatu ingurumeneko zaratari buruzko araudia eta sortzen diren soinu arazoak moldatu beharko dira bizilagunen arteko beste edozein gatazka bezala”.

Txostenak ez du inon esaten biltokiak “jardueratzat” har daitezkeenik, are gutxiago martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 4D eranskinak Udalaren baimena behar duten jardueren eta instalazioen zerrenda egiten duenean. Zerrendako 14 epigrafeetan ez dira ageri biltoki partikularrak, ezta etxeko jarduerak, jarduera partikularrak eta jendearendako sarrera librerik gabekoak ere.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak indarra hartu zuen. Erregelamendu ahalmena erabilita, legeak xedatzen du zioen azalpenean edo xedapen orokorren atarikoan justifikatu beharko dela testuak 129. artikuluan zerrendatutako erregulazio onaren printzipioei men egiten diela:

–Beharra.

–Eraginkortasuna.

–Proportzionaltasuna.

–Segurtasun juridikoa.

–Gardentasuna.

–Efizientzia.

Beharraren eta eraginkortasunaren printzipioen ikuspegitik, ordenantza honek interes orokorreko arrazoiei erantzuten die argi eta garbi, elkarbizitza arau-esparru bat ezarri nahi baitu lokal hauek erabiltzen dituzten gazteen eta Lizarrako gainerako auzokideen artean. Berdin, zuzen identifikatuak daude lortu nahi diren helburuak, funtsean, aipatu kolektiboen eskubideak bateragarri egitea bilatzen dutenak. Tresna, berriz, egokia da ezbairik gabe, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 84.a eta 139. artikuluetan xedatutakoaren babesean.

Ordenantza honen xede diren lokalen erabileraren araubideak errespetatzen du proportzionaltasun printzipioa, aipatu 129. artikuluaren 3. paragrafoan xedatu bezala.

Segurtasun juridikoari dagokionez, ordenantza honek eratzen du harreman esparru bat, indarra duen araudiaren barrenean bikain integratua, eta errespetatzen du udal eskumeneko esparrutik at dagoen gaiei buruzko erregulazioa, adibidez soinuen gaia edo adingabeek duten alkohol kontsumoa.

Azkenik, ordenantza onesteko prozesuak errespetatzen du gardentasun printzipioa, gazteentzako lokalen problematikan murgildutako pertsona eta kolektibo guztiek izan baitute aukera hura egitean, eta bilatzen du efizientzia handiena espedienteen tramitazio administratiboa laburtzean. Hortik ez da ondorioztatzen udal erakundeek dituzten kontrol ahalmenak galtzen dituztenik.

Ez da aurreikusi, ordenantzaren helburua kontuan izanik, haren aplikazioak Udalaren aurrekontuan ondorio garrantzitsuak izanen dituenik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129.7. artikuluan xedatutakoarekin bat.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1.1. Ordenantza honen helburua da Lizarrako udal mugarteko aisialdiko biltoki zein txabiskeen erabilera arautzea, aisialdi alternatiboko espazio gisa gazteek erabiltzen dituzten lokaletako elkarbizitzako irizpideak zehaztea, eralbiltzaileendako eta auzokideendako eragozpen eta arriskuak saihestea eta erabiltzaileen eta auzokideen eskubideak definitzea. Orobat, bermatu nahi da aipatu lokalek gutxieneko baldintzak betetzen dituztela segurtasunaren eta higienearen aldetik, gisa honetan:

a) Lokalen erabilera eta eragozpenik ez izateko auzokideek duten legezko eskubidea bateragarriak izatea. Finean, helburua da aisialdiko lokalen erabilera eta bizilagunen eskubideak bateragarri egitea; eta horretarako dagozkion neurri zuzentzaileak eta/edo zehatzaileak hartzea, aisialdiko espazio horien erabilerak bizilagunen eguneroko bizitzan eragozpenik sor ez dezan.

b) Gazteen lokaleen inguruko arazoak gutxitzea, eta ukituriko alderdien arteko elkarbizitza sustatzea.

c) Gazteen lokalak bizigarritasun, higiene, erosotasun eta segurtasun aldetik gutxieneko baldintzak betetzen dituztela bermatzea, eta erabiltzaileen eta bizilagunen ongizatea erraztea.

1.2. Ordenantza honen aplikazio eremuan ez dira sartzen zenbait jarduera, hala nola elkarte gastronomikoak, peñak eta antzekoak, eragozpen handiagoak sor ditzaketen sukalde eta instalazioak dituztenak. Hargatik, ingurumen araudia aplikatzen zaie horiei.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona hemen zer diren:

–Aisialdiko biltokiak: sarbide mugatuko lokalak dira, jende guztiarentzat irekiak ez daudenak, hirigintzako araudiak halakoak ezartzeko baimena ematen duen eraikinetan kokatuak –berariaz adierazten ez bada, antzeko erabilerarekin parekatuko dira– asialdiko helburuak eta gisakoak gauzatu beharrez jendea elkartzeko balio dutenak. Dauden eraikinen beheko solairuetan bakarra instalatuko dira, eta I. eranskinean deskribatzen diren baldintzak bete behar dituzte.

Erreferentzia puntu gisa eratzen dira eta, bertan, gizarte harremanak eta adiskidetasun lotura sakonak sortzen dira.

Lokal horiek espazio mugatuak dira eta ez daude jende guztiarentzat irekiak. Horien erabiltzaileei dagokie funtzionamendurako barne araubidea ezartzea.

–Txabiskeak: sarbide mugatuko lokalak dira, jende guztiarentzat irekiak ez daudenak, egitura egokia duten eraikinetako beheko solairuetan kokatuak, abuztuko herriko bestetan aisialdi, jolas eta gisakoetarako jendea elkartzeko balio dutenak.

Uztailaren azken bi asteetan eta abuztuaren lehen bi asteetan erabiltzen ahalko dira bakarrik, ordenantza honekin bat ematen den baimenaren arabera.

II. eranskinean agertzen dira bete behar diren baldintzak.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Lizarrako udal mugartean dauden aisialdiko biltoki eta txabiske guztiei aplikatuko zaie.

TITULU BAKARRA

I. KAPITULUA

Baimenen araubidea

4. artikulua. Tramitazio administratiboa.

Ordenantza honetan araututako erabileretako baimenak lortzeko tramitea ondoko hauei jarraituz arautuko da: administrazio publikoen administrazio prozedura erkideari buruzko oinarrizko araudian ezarritako xedapenak; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta ordenantza honetako determinazioak.

5. artikulua. Baimena eskatzea.

5.1. Aisialdiko biltokiaren eta txabiskearen funtzionamendurako baimena lortzeko, interesdunek dagokion eskaera aurkeztu beharko dute Lizarrako Udalean. Horretarako, taldearen ordezkari bat izendatuko dute, VII. eranskin gisa ageri den identifikaziorako inprimakia betez. Horren bidez arituko dira Udalarekin egiten dituzten tramite guztietan. Taldeko kide guztiak adingabeak badira, bi ordezkari beharko dira: taldeko kide baten legezko tutorea eta adingabeen ordezkari bat, lokaleko gainerakoek haien artean hautatua, adin nagusikoa izatea behar ez duten ordezkaritza eginkizun guztiak betetzeko. Kideak adingabeak eta adin nagusikoak badira, azken horietako bat izanen da ordezkaria. Ondorio guztietarako, Udalak ordezkariarekin eginen ditu bere eginbehar guztiak; Udalaren gorabeherak jakinaraziko zaizkio jaikinarazpenetarako aukeratzen duen tresnaren bidez eta tokian, eta konpromisoa hartuko du jarduketa horien berri emateko gainerako kideei. Ordezkarien edo emandako datuen aldaketa guztien berri eman beharko diote taldeek Udalari.

5.2. Txabiskearen funtzionamendurako baimen eskaera, dagokion Alkatetzako bandoak horretarako ezartzen duen eguna baino lehen aurkeztu beharko da beti. Ez dira onartuko egun horren ondoren aurkeztutako eskaerak.

5.3. Taldekide guztiak hamalau urtetik beherakoak badira, jarduketa guztiak adingabeen arduradunekin eginen dira.

6. artikulua. Aurkeztu beharreko agiriak.

6.1. Aisialdiko biltokiaren eta txabiskearen funtzionamendurako baimen eskaera Lizarrako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko da, edo administrazio prozedura erkidea erregulatzen duen araudian adierazitako edozein bide erabiliz, IV. eta V. eranskin gisa ageri den ereduari jarraikiz.

6.2. Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Taldekide guztien izen-deiturak, nortasun agiri nazionala, helbidea, telefonoa, posta elektronikoa, bidea eta tokia jakinarazpenak hartzeko.

b) Izenpetzen duen ordezkariaren izendapen inprimakia, taldekide guztiek izenpetua (VII. eranskina).

c) Lokalaren helbidea eta haren jabearen identifikazioa.

d) Errentamendu kontratuaren kopia edo erabileraren lagapenarena.

e) Ur, saneamendu eta elektrizitate zerbitzuen alta, edo lokalean zerbitzu horiek badaudela egiaztatzen duen dokumentazioa.

f) Aplikatzekoa den araudia betetzen dela bermatzen duen ziurtagiri teknikoa, baita ezarritako segurtasun baldintzak lokalak betetzen dituela ere. Tramitazioa eta lokalaren erregistroko inskripzioa sei hilabetetik beherakoa bada, askitzat joko da aipatu inskripzio tramiterako aurkeztu agiri teknikoa.

g) Lokaleko eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza, egiten den jarduera estaliko duena. Gutxienez 300.000 euroko estaldura izan beharko du. Lehen kasuan jabeak izenpetuko du, eta erantzukizun zibilekoa, interesdunek.

h) Taldekideak adingabeak badira, aurkeztu beharko dute, gainera, adingabe bakoitzaren guraso-ahala duenaren edo legezko tutorearen onarpena egiaztatzen duen agiri sinatua.

7. artikulua. Tramitera onartzea.

Eskaera aurkezturik, Gazteria Alorrak egiaztatuko du aurreko artikuluan zerrendatutako edukia eta dokumentazioa biltzen duen, tramitera onartzeko. Aurkeztutako dokumentazioan akatsik badago, interesdunari eskatuko zaio, dagokion ondorioa izan dezan, akatsa zuzentzeko, hamar eguneko epean; ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utziko dela, horretarako ebazpena eman ondoren.

8. artikulua. Instrukzioa.

Aurkeztutako eskaera onarturik, jardueraren funtzionamendurako ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak betetzen diren egiaztatuko du Udalaren Bulego Teknikoak, eta aginduzko txostena emanen du hari buruz 15 egunean gehienez ere, udal planeamenduan ezarritako hirigintza erabilerari egokitzen ote zaion eta erantsitako dokumentazioko neurri zuzentzaileen planteamendua egokia ote den. Neurri osagarriak ere ezartzen ahal ditu jarduerak behar bezala egin daitezen. Horretarako ikuskatzeko bisitak egiten ahal dira instalazioak titularrek aurkeztu dokumentazio teknikoari egokitzen ote zaizkion egiaztatzeko.

9. artikulua. Ebazpena.

9.1. Egindako eskaerari buruzko txosten teknikoa emanik, Alkatetzari igorriko zaio espedientea ebazpena eman dezan eskatutako baimena emanez edo ukatuz.

9.2. Ordenantza honek aipatzen dituen baimen eskaerei buruzko ebazpena hilabeteko epean emanen da, dokumentazio guztia Udalaren Erregistroan aurkezten denetik. Epe hori betetzen bada ebazpen adierazia jakinarazi gabe, administrazioaren isiltasunaz ukatuak izan direla ulertzen ahalko da.

9.3. Lizentzia emateak berarekin dakar dagokion tasa ordaindu beharra, 7. ordenantza fiskalaren V. eranskinean xedatu bezala. Ordenantza horrek arautzen ditu Ingurumena babeste aldera kontrolatu beharreko jarduera sailkatuetarako eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menean ez dauden jardueretarako baimenak emateko tasak.

10. artikulua. Baimenen eraginkortasuna.

10.1. Lizentzien bidez, eskatzaileak jarduteko edo jarduerak egiteko, lurzoruan eskatu diren erabilera egintzak egiteko baimena lortuko du, legeetan, ordenantza honetan eta baimenean berean finkatutako baldintzetan.

10.2. Baimena ematen duen ebazpena beti eskuragarri egon beharko da jarduera egiten den lokalean. Horretarako, eta dagokion tasa ordaindu ondoren, emanen da, baimenarekin batera, datu garrantzitsuenak biltzen dituen kartela (baimenaren data, lokalaren izaera, arduradunaren identifikazioa, gehienez ere zenbat lagun egon daitezkeen).

10.3. Aisialdiko biltoki bezala funtzionatzeko baimenak indarra izanen du baimentzen den jarduera egiten den bitartean, ukatu gabe interesdunek taldekideei buruzko informazioa eguneratua eduki behar dutela, baita hasiera batean baimendutako baldintzetan sortutako aldaketei buruzkoa ere. Orobat, urtero aurkeztu beharko da erantzukizun zibileko aseguruaren poliza eguneratua eta indarra duen errentamendu kontratua.

10.4. Txabiskeetako ematen den baimena eskatu den urteko uztailaren 15etik urte bereko abuztuaren 15era mugatuko da.

10.5. Baimenak eskualdagarriak dira, baina titular zaharrek zein berriek eskualdatzea agiri bidez frogatu beharko dute Udaletxean, lokalean egiten den jardueraren titular arduraduna zein den jakin dadin une oroz eta ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak bete daitezen.

11. artikulua. Biltokien eta txabiskeen udal erregistroa.

Lizarrako Udaleko Gazteria Alorrak biltokien eta txabiskeen udal erregistroa egin eta eguneratuko du. Bertan idatziko dira emandako baimenak eta bakoitzaren gaineko gorabeherak.

12. artikulua. Beste baimen batzuk.

Ordenantza honetako baimenek ez dute zerikusirik sektoreko araudi aplikagarriaren arabera eskatzen ahal den bertze edozein baimenekin. Baimena emateak ez du erantzukizunetik salbuesten baldin jardutean aipatu arauak hausten badira.

II. KAPITULUA

Aisialdiko biltokien eta txabiskeen funtzionamendu arauak

13. artikulua. Funtzionamenduko arau komunak.

Aplikatzeko diren arau sektorial desberdinek eskatutako baldintzak beteko dituzte ordenantza honetan sarturiko jarduerek. Arau aldaketa egonez gero, aplikatzekoa den araudi berriko determinazioetara egokituko dute jarduera titularrek, eta horretarako lizentzia berrikusteko eskatuko da. Udalak ofizioz eska dezake hori.

14. artikulua. Aisialdiko biltokien eta txabiskeen berezitasunak.

Lokal horiek aisialdirako erabiltzeko baimenak muga batzuk izaten ahal ditu, ordenantza honen xedapenen eta araudiaren arabera aplikagarri direnak. Zehazki, honako hauek:

–Jadanik daudenetatik, 30 metroko tartea egonen da gutxienez. 100 metroko diametroan ezin dira 3 biltoki edo txabiske baino gehiago izan.

–Aise ikusteko moduko toki batean jarriko da dagokion jarduerarako baimenaren kartela.

–Ez dago baimendua adingabeek edari alkoholdunak eta tabakoa kontsumitzea, Adingabeei Edari Alkoholdunen Kontsumoa Galarazi eta Mugatzeari buruzko martxoren 16ko 10/1991 Foru Legearen eta otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legearen arabera, edo horiei dagozkien indarreko arauen arabera.

–Baimendutako josteta makinak dirurik ordaindu behar ez direnetakoak izanen dira. Sariak ematen dituztenak ere ez dira onartuko. Debeku da mahai-futbolak, billarrak edo antzekoak erabiltzea, kutsadura akustiko handia sortzen baitute, salbu eta ongi intsonorizatuta dauden lokaletan.

–Mikrouhin labeak eta hozkailuak erabil daitezke txabiske eta biltokietan ez, ordea, sukalde eta labeak.

–Aisialdiko biltokien kasuan, lokalean egon behar da komun-zuloa eta konketa dituen komun itxi bat gutxienez, iturriko ura eta argindar elektrikoaren hornidura, kontratu bereizia duena. Txabiskeen kasuan, lokalean egon behar da, gutxienez, komun-zuloa, iturriko ura eta argindar elektrikoaren hornidura.

–Errespetatuko da gehienez baimendutako edukiera, hasieran aurkeztutako agiri teknikoan ezarria.

–Ezin izanen da pilatu lastaira, kartoi eta plastikorik (edalontziak, platerak eta ohiko beste tresna txiki batzuk izan ezik), ezta sutea sortu edo zabaltzeko arriskua ekar dezakeen beste edozein material ere. Sofak izan daitezke. Lehenago, hitzaldiak izanen dira suteak aurreikusteko kontuan hartzeko gorabeherei buruz eta suteak sor ditzaketen materialei buruz.

–Musika ekipoa martxan denean lokalaren erabiltzaileak behartuta daude ate-leihoak itxita edukitzera.

–Sartzeko ateak beti itxita egonen dira, batez ere metalikoak. Horiek, sar-ateran sortzen den soinua erabat txikitzeko sistemak eduki beharko dituzte, danbatekorik ez dadin izan.

–Ezin izanen da jarri musika apairailu eta/edo elementurik lokalen kanpoaldean. Barrengoek ezin izanen dute sortu ondoko etxebizitzetan edo hurbilekoetan soinu maila handiagorik legez mugatua baino.

–Ezin izanen da jarri musika aparatu eta/edo elementurik lokalen kanpoaldean. Barrengoek ezin izanen dute sortu ondoko etxebizitzetan edo hurbilekoetan soinu maila handiagorik legez mugatua baino, xehetasun hauekin:

  • Asteburuetan eta besta egunetan, 2:30etik 10:00etara bitartean, ezin izanen dira eduki martxan musika edo telebista ekipamenduak.
  • Gainerako egunetan musika edo soinua minimoetara txikituko da 22:00etatik aurrera, eta isilik edukiko 00.00etatik 10:00etara bitartean.

–Ikasturtean zehar, adingabeen lokalak ezin dira zabalik izan ikastorduetan.

–Hondakin organikoak, paperak, plastikoak eta abar, hurbileko zaborrontzietara botako dira, behar diren baldintzetan eta, ahal dela, hondakin bakoitza behar den bezala bereiziz. Altzariak edo beste gauza batzuk badira, Emausko Trapuketariekin hitz egin behar da, haiek eraman ditzaten. Hondakin horiek ezin dira bota bide publikoko paperontzietan, ezta erre ere.

–Ezin da, oro har, lokal bakoitzaren kanpoaldeko galtzada okupatu. Bakar bakarrik onartzen da lokalaren pareko tokia hartzea, hamaiketako, bazkari edo afariak egiteko herriko bestetean, baimendutako ordutegietan. Galtzada garbi utzi beharko da, altzariak bilduak eta hondakinak dagozkien zaborrontzietan. Beste besta bat dela-eta galtzada okupatu nahi bada, baimena Udalari eskatuko zaio.

15. artikulua. Betebeharrak.

15.1. Orotarikoak.

Lokaleko eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza, egiten den jarduera estaliko duena. Gutxienez 300.000 euroko estaldura izan beharko du. Lehen kasuan jabeak izenpetuko du, eta erantzukizun zibilekoa, interesdunek.

15.2. Lokalen jabeena.

Lehenik eskatzea lokala aisialdiko biltokien edo txabiskeen erregistroan inskribatzeko, behar den dokumentazioa aurkeztuta.

Lokala gaitzea I. eta II. eranskinetan eskatutako baldintza teknikoen arabera.

Ordenantza honen eskakizunak betetzen direla dioen egiaztagiri teknikoa aurkeztea.

15.3. Errentariak edo beste titulu batengatik lokalaren lagapena hartzen dutenak.

Ordenantzan agindutakoa betetzea.

Biltokiaren edo txabiskearen ordezkari bat eledun izendatzea. Udal jakinarazpenetarako eta tramiteetarako baizik ez da izanen.

III. eranskinean ezarritako dokumentazioa betetzea.

Biltokia edo txabiskea garbi edukitzea, bai eta bertako sarrera edo baimena duen bide publikoa.

Urtero aurkeztea Gazteria Alorrari datu eguneratuak.

Lokalari buruzko emandako datuetan aldaketarik sartuz gero, horiek jakinaraztea, bereziki erabiltzaileen zerrendan sartzen badira.

15.4. Udala.

Ordenantza honetan xedatutakoa eta uneoro aplikatzekoak diren xedapenak betearaztea.

Behar denean, elkarbizitza egokia izateko bitartekari lanak egitea.

Aisialdiko biltokien erregistroa eta txabiskeena egitea, ordenantza honen datuen bidez jasotako datuekin.

Irekitzeko eman diren ziurtagiriak egokiak diren egiaztatzea.

15.5. Familiak.

Errentariren bat adingabea bada, familiaren ordezkari batek, adin nagusia duenak, baimenduko du alokatzeko kontratua. Gorabeherarik sortuz gero, erantzukizunak hartuko diru haren ordez, barne hartuta jar dakizkiokeen zehapenak ordenantzak ezarritakoaren arabera eta administrazio prozedurako arauetan xedatutakoari jarraikiz.

16. artikulua. Xedapen teknikoak.

Ordenantza honetan adierazten diren jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ordenantza honen I. eta II. eranskinetan daude.

III. KAPITULUA

Administrazioaren esku-hartzea

17. artikulua. Ikuskapenak.

1.–Lizarrako Udaleko langile eskudunek –ikuskatzeko eta egiaztatzeko lanetarako izendatuek– eginen dituzte ikuskapenak, eta bere lanean agintaritzaren agenteen maila izanen dute.

2.–Interesdunek lagundu eginen dute ikuskapena egiten denean: ikuskatzaileei lokaletan sartzen utziko diete, inolako trabarik egin gabe, eta betiere behar duten laguntza emanen diete.

3.–Lizentzia eskatu eta eskuratzeak berarekin dakar lagundu behar hori onartzea eta hori egiteko konpromisoa hartzea, artikulu honetan ezarri bezala.

18. artikulua. Legezkotasunaren babesa.

Udalak jakiten duenean hemen araututako jarduera bat egiten ari dela Udalaren baimenik gabe, bertan behera uzteko agindu dezake, behar izanez gero aldez aurretik kautelazko neurriak hartuta. Gainera, jarduera legeztatzerik badago, eskatuko dio titularrari behar den lizentzia eskatzeko prozedura has dezan, bi hilabete baino gutxiagoko epean.

Jarduera ez badago baimentzerik aplikatzekoa zaion araudia urratzen duelako, behin betiko itxiko da, aurretiaz interesdunari entzunda.

Lizentzia duen jarduera baten funtzionamenduan akatsak badirela oharturik, Udalak eskatuko dio haren titularrari neurri zuzentzaileak sartzea Udal Bulego Teknikoak ezarritako epean, haien izaeraren arabera. Prebentzioz jarduera bertan behera utz dezake, entzunaldia eman ondoren, pertsonentzako zein ondasunetarako berehalako kaltea edo arriskua dagoela uste izateko pisuzko arrazoiak daudenean, harik eta hori uste izateko zirkunstantziak desagertu arte.

Ordenantza honetako edo aplikatzekoak diren arauetako xedapenen bat bete ez dela ikusiz gero, titularrei errekerimendua eginen zaie, epe zehatz batean huts hori konpon dezaten; epe hori iragan eta titularrek ez badute frogatzen errekerimendua bete dutela, administrazio honek, emandako lizentzia baliogabetzeko eta lokala ixteko prozedura abiaraziko da.

Aurreko paragrafoetan aipatu tramiteak hasiko dira, ukatu gabe bidezko izan daitekeen zehapen txostena ezartzea.

IV. KAPITULUA

Diziplina araubidea

19. artikulua. Arau-hausteak.

1.–Sektoreko legediak ezartzen dituenak ukatu gabe, ordenantza honek arauturiko gaietan arau-hauste administratiboak dira ondorengo artikuluetan sailkatutako eta zehatutako egintzak eta ez egiteak. Arau-hausteak izan daitezke arinak, larriak eta oso larriak.

2.–Arau-hauste arinak honako hauek dira:

a) Lokalean jardueraren bat egiten ari den bitartean ateak edo leihoak zabalik edukitzea.

b) Eremu publikoa okupatzea aulki eta sofekin. Berariaz baimendu den kasuetan izan ezik.

c) Lokalaren eraginpeko eremu publikoa txukun eta garbi ez izatea.

d) Zaborrontzien ondoan eta aldez aurretik adierazi gabe, trapuketariek jaso beharreko besaulkiak, sofak edo beste mota bateko hondakin edo altzariak uztea.

e) Ordenantza honetan arau-hauste larri edo oso larri gisa ezarri ez direnak, bertako artikuluen aurkakoak badira.

3.–Arau-hauste larriak:

a) Lokalari eskatzen zaizkion ezaugarri teknikoak ez mantentzea edo aldatzea.

b) Eskatzen diren datuak ezkutatzea edo ez aurkeztea jardueraren titularrei.

c) Aktiboki edo pasiboki oztopatzea edo galaraztea Udalari ikuskatzeko lanak egitea.

d) Antzemandako akatsak zuzentzeko Udalak ezarri neurriak nahita aldatzea.

e) Adingabeek alkohola kontsumitzeko debekua ez betetzea.

f) Produktu sukoiak biltegiratzea.

g) Pertsonen ondasunendako edo osasunarendako arriskua dakarten elementuak edo sukaldea paratzea.

h) Lokalera sartzeko baimendutako jende-kopurua gainditzea.

i) Hiru hutsegite arin errepikatzea hiru hilabeteko epean.

4.–Arau-hauste oso larriak:

a) Lizentzia eskabidean eskatzaileek azaldu dituzten xedeetarako erabili beharrean lokala, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Lokala ireki edo erabiltzea behar den baimena eskuratu baino lehen.

c) Pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku oso larriak dakartzaten elementuak edo sukaldea paratzea.

d) Lokalera sartzeko baimendutako jende-kopurua gainditzea, ondorioz pertsonen ondasunendako edo osasunarendako arrisku oso larriak ekarrita.

e) Lokala erabiltzea lizentzia aldi baterako ezeztatu den epean, itxita dagoenean edo ordenantza honetan edo dagokien xedapenetan ezarritako denboraldi edo ordutegietatik kanpo.

f) Hiru hilabeteko epean hiru arau-hauste arin baino gehiago edo bi larri egitea.

20. artikulua. Subjektu erantzuleak.

Ordenantza honetan arau-hauste gisa sailkaturik agertzen diren egintzak benetan egin dituzten pertsonak izanen dira arau-hausteen erantzuleak. Arau-haustea biltokiko kide guztiei egozten ahal bazaie, ordezkari agertzen direnei jakinaraziko zaie prozedura. Horrek ez du ukatzen isuna kide guztiei zuzentzea modu solidarioan.

Salatuak adingabeak badira, egiten diren jarduketen kopia haien gurasoei edo legezko tutoreei igorriko zaie, haiei baitagokie kasu bakoitzeko zehapenaren ordainketa solidarioa.

21. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak egiteagatik 60 eta 120 euro bitarteko isuna ezar daiteke.

Arau-hauste larriak egiteagatik, 121 eta 240 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezar daiteke.

Arau-hauste oso larriak egiteagatik, 241 eta 420 euro bitarteko zehapen ekonomikoa ezar daiteke, e eta f letretan jasotakoak izan ezik. Horiek, 500 eurora igo daitezke gehienez eta lokala behin betiko ixtea ekar dezakete.

22. artikulua. Preskripzioa.

Ordenantza honetan adierazitako arau-hausteak ondoko epeetan preskribatuko dira, egintza egin edo antzeman ondoren, hori ez bada berehalakoa:

a) Arau-hauste arinak, sei hilabeteren buruan.

b) Arau-hauste larriak, urtebeteren buruan.

c) Arau-hauste oso larriak, bi urteren buruan.

Arau-hauste oso larriak egiteagatik jarritako zehapenak hiru urteren buruan preskribituko dira, arau-hauste larriak egiteagatik jarritakoak bi urteren buruan eta arau-hauste arinak egiteagatik jarritakoak urte baten buruan; epeak zehapena ezartzen duen ebazpena sendo bihurtzen den egunaren biharamunetik zenbatuko dira.

Zaratak edo dardarak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuan eta Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean zehazturiko arau-hausteak eta zehapenek aipatu araudietan ezarri bezala preskribatuko dira.

23. artikulua. Soinuen alorreko arau-hausteak eta zehapenak.

Jarduera bakoitzerako ezarritako zarata mugen gaineko arau-hausteak zarata eta dardarak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuaren 24. artikuluan eta Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean xedatutakoaren arabera zehatuko dira.

24. artikulua. Zehapen-prozedura.

Zehapenak ezartzeko, dagokion zehapen prozedura instruituko da, izaera horretako prozedurei aplika dakiekeen bermeak errespetatuz gauzatuko baita.

Alkatetza izanen da organo eskuduna ordenantza honetan zehaztutako arau-hausteetako zehapen espedienteak hasteko eta ebazteko.

25. artikulua. Behin-behineko neurriak.

Ordenantza honetan sailkatutako arau-hauste batengatik zehapen prozedura hasten denean, zehapena ezartzeko eskumena duen organoak behin-behineko neurri hauetako bat edo batzuk hartzen ahal ditu, besteak beste:

a) Arriskua edo kaltea eragiten jarraitzea eragozteko zuzenketa, segurtasun edo kontrol neurriak.

b) Tresnak edo ekipoak zigilatzea.

c) Lokala aldi baterako ixtea.

26. artikulua. Jardueraz aldatzea.

Delako jarduerarako ezarritako mugetako bat iragaten baldin bada, eta hori dela-eta bertze jarduera multzo batean katalogatzen ahal bada, dagokion araubide teknikoa aplikatuko da. Halakoetan bertze lizentzia bat eskatu beharko da, egiten den jarduerarekin bat datorren lizentzia, hain zuzen ere. Lizentzia hori eskatu eta ebatzi arte, eta zein den kasua, funtzionatzeko baimena eman edo irekitzeko lizentzia eskuratu arte ez da jarduera bakar bat ere eginen lokalean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Arau hauetan ezartzen diren determinazioak ordenantza honek indarra hartzen duenetik aurrera instalatzen diren aisialdiko biltoki eta txabiskeei ez ezik, lehendik zeudenei ere aplikatuko zaizkie, eta, beraz, indarra hartzen duenetik kontatzen hasi eta hiru hileko epean, horiek beren egoera arautu beharko dute hemen aipatzen diren determinazioen arabera. Jarduera mota honetarako eska daitezkeen baldintzak betetzeagatik lehen aldiz erabiltzeko lizentzia lortu duten biltokiak dagokien erregistroan inskriba daitezke, ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, nahiz eta legez eratutako biltokiak hurbil eduki.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzean n duenean indarrik gabe geldituko da Lizarrako udal mugarteko aisialdiko biltokiak eta txabiskeak arautzen dituen ordenantza 2004ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 30ekoan, argitaratuta.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

ERANSKINAK

I. ERANSKINA

Aisialdiko biltokiak

Aisialdiko biltokien gutxieneko ekipamenduak: nahitaez bete beharreko baldintzak.

1.–Sareko ura, edatekoa.

2.–Saneamendua.

3.–Argindarra.

4.–Suteei aitzintzeko neurriak, indarra duen araudi sektorialari jarraikiz.

5.–Bainugela. Gutxienez ere, 1,50 metro karratuko gelatxoa izan beharko du, komun ontzia eta konketa izanen dituena.

6.–Indarra duen legediaren arabera, hots immisioaren mugak ez gainditzea, eta behar den isolamendu akustikoa eskatzea.

7.–Suteen aurkako eta erantzukizun zibileko aseguru poliza sinatzea, 300.000 euroko estaldura izanen duena.

II. ERANSKINA

Txabiskeak

Txabiskeen gutxieneko ekipamenduak: Nahitaez bete beharreko baldintzak:

1.–Sareko ura, edatekoa.

2.–Saneamendua.

3.–Argindarra.

4.–Suteei aurrea hartzeko neurriak: CO2-ko su-itzalgailu bat izatea, hargune elektrikoaren koadroaren ondoan, eta balio anitzeko su-itzalgailuak, 21A-113B eraginkortasunekoak, betiere su-itzalgailu 1 lokaleko 75 m-ko edo zatikiko.

5.–Seinalizazioko eta larrialdietako argiak paramentuan berean eta irteerako atearen gainean.

6.–Indarra duen legediaren arabera, hots immisioaren mugak ez gainditzea.

7.–Suteen aurkako eta erantzukizun zibileko aseguru poliza sinatzea, 300.000 euroko estaldura izanen duena.

8.–Komuna izatea, sareko ura izanen duena eta ur beltzen sarearekin lotuta egonen dena.

III. ERANSKINA

Dokumentazioa

Aurkeztu beharreko agiri teknikoen edukia:

1. Dokumentu teknikoa, ordenantza honetan ezarritakoa betetzen dela frogatuko duena; beharrezko agiri guztiak izanen ditu eta, gutxienez, honako hauek:

A) Lokalaren banaketa agertzen duen planoa, suteen aurkako neurriak adierazita.

B) Lokalaren azalera eta edukiera (pertsona bat 2 m²-ko tarteko).

C) Erabiliko diren elementuen eta instalazioen deskribapena.

2. Segurtasun neurriak eta suteen aurkakoak jarriko dituen enpresaren ziurtagiria.

3. Honako konpromiso hau: jarduerari ekin baino lehen aseguru polizaren agiria sinatzea eta, aseguruak indarra duela erakusteko, primaren ordainagiria aurkeztea.

IV. ERANSKINA

Aisialdiko biltoki bat lehen aldiz erabiltzeko lizentzia eskaera, jarduera kaltegabe gisa.

V. ERANSKINA

Txabiske jarduera funtzionamenduan jartzeko baimen eskaera.

VI. ERANSKINA

Eskaera, Udal Erregistroan lokala aisialdiko biltokien erregistroan edo txabiskeen erregistroan inskribatzeko.

VII. ERANSKINA

Erabiltzaileak inskribatzeko orria.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

VIII. ERANSKINA

Bizikidetzako protokolo adostua

Helburua: lokalen gaia dela eta bizikidetzarako irizpideak arautu eta betetzea.

Halaber, bizikidetzaren arloan sortzen diren gertaerak eta arazoak atzematea, bideratzea eta konpontzen ahalegintzea.

Erabilera: lokalen eguneroko kudeaketa. Tresna baliagarria izanen da, orobat, edozein gatazka eta desadostasunetan.

Protokolo honetako kideak eta ordezkariak:

a) Gazteen lokalak direnean, bi ordezkari izendatuko dira lokal bakoitzeko; lokalen erregistroan agertuko dira beraiekin harremanetan jartzeko telefonoekin batera. Adingabeen lokaletan izendatuko diren arduradunak gazte bat eta aita, ama edo tutore bat izanen dira.

b) Bizilagunei dagokienez, kasuan kasuko bizilagunen ordezkaritza izanen da.

d) Lokalaren jabea. Arazoak edo eragozpenak sortzen badira, lokalaren jabeari ere deituko zaio, horien kudeaketan eta konponbidean parte har dezan.

e) Udala. Gertaerek eskatzen dutenean, Udaltzaingoak eta Gazteria Alorrak ere parte hartuko dute arazoen edo eragozpenen kudeaketan.

Ohiko harremana: Gazteria Alorrak lokalen erabilerak bizikidetzan sortzen dituen gorabeheren berri izanen du etengabe. Horrela, barne koordinazioa izanen da alorren artean; hala nola, udaltzaingoaren, hirigintzaren eta gazteriaren alorren artean.

Bizilagunei dagokienez, protokoloaren edo funtzionamenduaren eskema honako hau izanen da:

–Jarduketaren lehenengo urratsa izanen da bizilagunei eta erabiltzaileei kexaren edo arazoaren berri ematea zuzenean eta unean berean, baita izaten ahal diren konponbideen berri ere.

–Bizilagunen kexa Udaltzaingoari helarazi ondoren, udaltzainak tokira bertara joanen dira eta lokalaren erabiltzaileei kexaren berri emanen diete. Beharrezkoa izanez gero, Udaltzaingoak bidezkoak diren soinu neurketak eginen ditu.

–Bizilagunek Udal Erregistroan aurkeztuko dute beren kexa.

Gazteria Alorra bizikidetza arauei buruzko aholkularitza zentro gisa arituko da.

Bizikidetza arazoak behin eta berriz gertatzen badira, protokolo honi jarraituko zaio:

1. Gazteria Zerbitzuak kexa jakinaraziko die tartean diren aldeei: lokalaren ordezkariei, bizilagunei, lokalaren jabeari eta/edo adingabeen gurasoei.

2. Bigarren kexa bat izanez gero, Bizikidetza Mahaiak aktibatuko da arazoa aztertzeko eta aldeen artean konpontzeko. Mahaiaren osaera:

–Lokalen ordezkariak. (erabiltzaileak adingabeak badira, horien aitak, amak edo tutoreak)

–Bizilagunak.

–Lokalaren jabearen ordezkaria.

–Udaltzainburua, Gazteria Alorreko teknikaria eta Gazteria Alorreko zinegotzia. Protokolo mahaiaren jarduketak konponbiderik ematen ez badu, azken erabakia Udalak hartuko du.

IX. ERANSKINA

Gorabeheren erregistroa aisialdiko biltokietan edo txabisketan, eta jarduketak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1706789