122. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

142E/2017 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena lur azpiko linea elektrikoko proiekturako, zerrategia hornitzeko Eguesibarko udal-mugartean. Sustatzailea José Alfredo Moreira Dias da.

2017ko martxoaren 21ean, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektu honen xedea da Eguesibarko udal-mugarteko 8. poligonoko 183. lurzatian dagoen zerrategi bati hornidura elektrikoa ematea. Horretarako, banaketa-konpainiak Eguesibarko 3. poligonoko 187. lurzatian duen kutxeta batetik 210 metro inguruko luzera duen lur azpiko linea elektriko bat eraikitzea aurreikusi da.

Espedientean jasota daude Eguesibarko Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostenak. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea lur azpiko linea elektrikoko proiekturako, zerrategia hornitzeko Eguesibarko udal-mugartean. Sustatzailea José Alfredo Moreira Dias da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Obrak abiarazi baino lehen, Santa Eufemia erreka gurutzatzeko gunea zuinkatuko da, landaredia ahalik eta gutxien ukitzeko. Nolanahi ere, ez dira ukituko aurretik dauden zuhaitzak. Zuinketa horretarako, Iruñeko Basozaintzarekin hitz egin beharko da. (e-posta: ogfopamp7@cfnavarra.es; telefonoa: 608 062 649).
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremua lehengoratuko da.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gaineko jarduerak edo horren gainean ezarri gogo direnak sare elektriko berrira lotzea.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Eguesibarko Udalari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 15ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1706120