122. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

881/2017 EBAZPENA, 2017ko maiatzaren 25ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza aurreko kontratuen deialdia 2018. urterako onetsi eta gastua baimentzen da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Batzordeak, 2017ko apirilaren 10ean egindako bileran, erabaki zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza aurreko kontratuen deialdia onestea 2018. urterako.

Unibertsitateko Aholkularitza Juridikoak egin duen txostena ikusirik.

Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena ikusirik.

Unibertsitateko Kontabilitate Atalak egin duen kreditu erreserbaren egiaztagiria ikusirik.

Ikertzaileak Prestatzeko Laguntzen Programarako Ikerketa errektoreordeak egin duen deialdiaren proposamena ikusirik.

Kontuak ikuskatuta eta aldeko fiskalizazioa eginda.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskumenak betez,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.–Baimena ematea deialdi honek sorrarazitako gasturako, gehienez ere 362.306,88 eurokoa izanen dena, 2018. eta 2019. urteetako aurrekontuetan horretarako diru hornidura nahikoa baldin badago aurrekontu sailetan:

2018

  • 32300013110. Prestakuntzan dabiltzan ikertzaileak: 217.350,00 euro.
  • 32300016000. Gizarte Segurantza: 54.380,16 euro.

2019

  • 32300013110. Prestakuntzan dabiltzan ikertzaileak: 72.450,00 euro.
  • 32300016000. Gizarte Segurantza: 18.126,72 euro.

Bigarrena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza aurreko kontratuen deialdia 2018. urterako onestea, ebazpen honen eranskinean azaltzen diren oinarriekin. Deialdian esleipen berriko doktoretza aurreko 18 kontratu jasotzen dira, eta kontratu bakoitzak 1.150 euroko 14 lansari izanen ditu.

Hirugarrena.–Laguntzen zenbatekoa eta kopurua handiagotzeko aukera izanen da deialdia finantzatzeko aurrekontu handiagoa baldin badago.

Laugarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea Ikerketarako errektoreordeari, Aurrekontu eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Irakaskuntzen Zerbitzuari eta Kontu-hartzailetzari.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitateko web orrialdean argitara dadin agintzea. Halaber, Unibertsitateko baliabide elektronikoen bidez ahalik eta hedapen handiena izan dezan arduratuko da Ikerketa Zerbitzua.

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta bere aurka eta haren oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko aukerako errekurtsoa aurkeztea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 25ean.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO DOKTORETZA AURREKO KONTRATUETARAKO LAGUNTZEN DEIALDIA 2018. URTERAKO

I. ERANSKINA

2017ko maiatzaren 25eko 881/2017 Ebazpenaren

Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikerketa bultzatu eta sustatzeko politikaren barruan, Ikerketa Batzordeak beharrezkotzat jo du beti ikertzaile gazteen prestakuntza lehentasunezko jarduera gisa. 1999. urtetik egiten den ikertzaileak prestatzeko laguntzen urteroko deialdia da, zalantzarik gabe, orain arte erabilitako tresna eraginkorrena. Gainera, deialdia bateragarria izan behar da prestakuntza aldian dauden ikertzaileek beren lana garatzeko baldintzak duintzearekin, jaso behar duten ordainketa ekonomikoari eta onura sozialei dagokienez, eragiten dioten lerrun handiagoko lege esparruak saihestu ezin direla.

Alde horretatik, interesgarria da aipatzea indardun dela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea (2011ko ekainaren 2ko BOE), 21. artikuluan doktoretza aurreko kontratuak arautzen dituena. Arau horrek ezinbestean eragiten dio deialdi honi; izan ere, laguntzak kontratu moduan gauzatu behar dira nahitaez lanean hasten den lehenbiziko egunetik.

Kontuan hartuz hori guztia, Ikerketa Batzordeak proposatu du doktoretza aurreko ikertzaileak prestatzeko laguntzen ondoko deialdia onestea.

1.–Deialdiaren xedea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza aurreko ikertzaileak prestatzeko eskaera berriko laguntzen deialdia, 2018 ikasturterako, deialdian dauden xedapenek arautuko dute, eta laguntzak emateko behar besteko aurrekontua behar da.

Doktoretza aurreko ikertzaileen prestakuntzarako eskaera berriko 18 laguntzatarako deialdia egin da, Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoretza tesia egin nahi duten unibertsitateko goi mailako tituludunentzat.

2.–Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.

2.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak paperezko euskarrian soilik aurkeztu behar dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean (Arrosadiko campusa, z/g, 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazona etorbidea, z/g, 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsulatuetan edo ordezkaritza diplomatikoetan. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun azal irekian eginen da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora.

Eskaerak aurkezteko epea 2017ko urriaren 1ean hasi, eta urriaren 16an bukatuko da. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Oro har, eskatzen diren bete beharreko baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.

2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, gehienez ere hilabete bateko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko web orrialdean jarriko da behin-behineko zerrenda, tramitatzeko onartuak izan direnena eta baztertuena, eskaturiko laguntzarako ezarri eskakizunen bat ziurtatu ez dutelako edo eskaturiko agiriak aurkeztu ez dituztelako. Bitarteko horiek dira Unibertsitateak onarturiko tresna bakarra, alde batera utzi gabe interesdunei posta elektronikoaren bidez jakinarazpen bat bidaltzea, modu osagarrian eta ez-ofizialean. Eskatzaile horiei 5 egun balioduneko epea emanen zaie, zerrenda Unibertsitatearen web orrialdean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, dagokion dokumentazioan atzemandako gabeziak konpon ditzaten edo osatu beharreko dokumentazioa osa dezaten. Ezarritako epean egin ezean, eskaera ezin izanen da tramitatu.

2.3. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi eta gero, eta Ikerketa Batzordeak proposaturik, Unibertsitatearen web orrialdean argitaratuko da tramitatzeko onartu diren eta baztertu diren eskaeren behin betiko zerrenda. Behin betiko ebazpen horrek administrazio bidea agortuko du, eta bere aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegian bi hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web orrialdean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2.4. Tramitatzeko onartu diren eskaeren behin betiko zerrenda argitaratzen denetik bi hilabeteko epean gehienez ere, puntuazioak eta laguntzen behin-behineko esleipen proposamena argitaratuko dira Unibertsitatearen web orrialdean, alde batera utzi gabe interesdunei posta elektronikoaren bidez jakinarazpen bat bidaltzea, modu osagarrian eta ez ofizialean, eta 5 egun balioduneko erreklamazio epea jarriko da proposamena webean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Erreklamazioak ebatzi ondoren, Ikerketa Batzordeak Unibertsitateko Errektoreari igorriko dio behin betiko esleipen proposamena ebazpen baten bidez onetsia izan dadin. Puntuazioak eta laguntzak emateko behin betiko proposamenak Unibertsitatearen web orrialdean argitaratuko dira. Lau hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta, ez bada ebazpenik ematen, eskaerak ezetsi direla ulertuko da.

2.5. Laguntzak emateko errektorearen behin betiko ebazpenaren aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, Unibertsitatearen webean argitaratu edo jakinarazi, eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2.6. Argitaratzeko web orrialdea: http://www.unavarra.es/investigacion/ayudas-y-convocatorias

3.–Laguntzen araubide juridikoa.

3.1. Laguntzen onuradunen eskubideak eta betebeharrak deialdi honetan ezartzen direnak izanen dira, eta urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuak onetsitako Prestakuntzan dauden Ikertzaileen Estatutuetan ezartzen den beste edozein.

3.2. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan ezarritakoak arautuko ditu kontratuak.

3.3. Laguntzaren onuradunari bere zuzendariak duen ikerketa talde bera esleituko zaio, eta bere zuzendaria atxikia dagoen sail edo institutu berari atxikita geratuko da.

3.4. Deialdi honetan jasotzen diren laguntzek ez dute inolaz ere konpromisorik ezartzen onuradunak Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantillan sartzeko.

3.5. Deialdi honen babesean laguntza bat jasotzea bateraezina da funts publiko edo pribatuekin finantzaturiko beste laguntza batzuekin, bai eta laguntzaren onuradunari kontratu edo estatutu lotura ekartzen dioten soldata edo lansariekin ere. Nolanahi ere, badira salbuespen batzuk, Ikerketako errektoreordeak baimena eman ondoren:

–Prestakuntzan dauden ikertzaileek egiten duten ikerketa jarduerarekin zuzenki loturik dauden ikerketa edo irakaskuntza lanetatik datozen ordainsariak, bai eta beste hauetatik datozen osagarriekin ere: I+G proiektuetako parte hartze baimenduak, 2001eko abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa, 2007ko apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatutakoa, aplikatuz egindako kontratuak.

–Ikertzaileen mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko laguntza osagarriak.

–Ikerketako errektoreordearen arabera emandako laguntzaren xedea garatzeari traba egiten ez dioten jarduerengatik noizean behin jasotako laguntzak.

4.–Onuradunen betebeharrak.

4.1. Onuradunak laguntza onartzeak berarekin dakar deialdi honetan ezarritako arauak onartzea eta baita Nafarroako Unibertsitate Publikoak laguntzen jarraipen zientifikorako ezartzen dituenak ere.

4.2. Onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

4.2.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartzea, laguntzaren helburuko ikerketa lana egiteko xedez, laguntza emateko ebazpenean edo kontratuan adierazten den egunean bertan, eta sartzen ez badira laguntzari uko egiten diotela ulertuko da. Halaber, laguntzari uko egiten zaiola ulertuko da Giza Baliabideen Zerbitzutik kontratua sinatzeko jakinarazpena jasotzen den egunaren hurrengo 5 egunetan sinatzen ez bada.

Ikerketako errektoreordeak, interesdunak eskatuta, laguntzaren zuzendariaren oniritziarekin, baimenduko du sarrera atzeratzea, horretarako larritasun handiko arrazoiak daudenean.

4.2.2. Esleituriko ikerketa taldean beren lana aprobetxamenduz egitea.

4.2.3. Laguntzarekin lotutako lana garatzean lortu dituzten informazio zientifikoak edo teknikoak ez zabaltzea, laguntzaren zuzendariaren baimenik ez badute.

4.2.4. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketarako errektoreordeari igortzea egindako lanari buruz eskatzen dizkioten txostenak, laguntzaren zuzendariak eta lana burutzen ari den ikerketa taldeko arduradunak ontzat emanak.

4.2.5. Doktoretza Programako Irakaskuntza Batzordearen urteroko aldeko txostena edukitzea, kontratua urtero berritzeko.

4.2.6. Laguntza jaso duen aldiko argitalpen guztietan eta ikerketa jardueretatik eratorritako beste emaitza batzuetan jasotzea Nafarroako Unibertsitate Publikoak emandako finantzaketaren aipamena.

4.2.7. Laguntza aldia behin betiko bukatu ondoren, egindako lanaren azken oroitidazkia aurkeztu beharko da, laguntzaren zuzendariak ontzat emana eta lan bizitzaren ziurtagiriarekin batera.

4.2.8. Doktoretza tesia defendatzea eta gainditzea gehienez ere doktoretza aurreko kontratuaren hasiera egunetik hiru urteko epean.

Ikerketarako errektoreordeak betebehar hori betetzeko epea luzatuko du, interesdunak aurretiaz eskaera arrazoitua aurkezten badu, laguntzaren zuzendariak ontzat emana eta Doktoretza Programako Irakaskuntza Batzordearen aldeko txostenarekin.

4.3. Deialdi honetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak emandako laguntza baliogabetzea ekarriko du, eta bidegabeki jasotako diru kopuruak itzuli behar izatea, hala badagokio, diru laguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen 2005eko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean agindutakoarekin bat etorriz.

4.4. Erdietsitako laguntzari uko egiten diotenek, laguntzaren zuzendariaren sinadura daukan idazkia eginen diote Ikerketako errektoreordeari, bertan arrazoiak emanez. Deialdi honetako gainerako eskatzaileek beteko dituzte kontratua hasi eta hurrengo 3 hilabeteetan gertatzen diren hasierako emate berrien bajak, laguntzak emateko ebazpenean onetsitako balioespenean ezarritako ordenaren arabera. Laguntzari uko egiteko eskaera ondorio-eguna baino 7 egun lehenago aurkeztu behar da gutxienez.

4.5. Laguntza hauen onuradunek Nafarroako Unibertsitate Publikoari lagatzen dizkiote laguntzaren helburu den ikerketa-jardueren ondorioz sortzen diren emaitzei legozkiekeen eskubideak. Unibertsitateak laguntzen onuradunei egile eskubideak aitortuko dizkie lortzen lagundu duten emaitzen gainean, Unibertsitateko kontratupeko ikertzaileei edo ikertzaile funtzionarioei dagozkien baldintza baliokideetan.

5.–Onura sozialak.

Laguntzen onuradunek sinatutako kontratuari dagozkion lan arloko eta arlo sozialeko onurak edukiko dituzte.

6.–Irakaskuntza.

6.1. Laguntzen onuradunek zilegi dute baimena eskatzea Unibertsitateko sail batean irakaskuntza lanak egiteko, laguntzaren zuzendariak eta ukitutako saileko zuzendariak ados daudela adierazi ondoren. Irakaskuntza-lan hauek, gehienez, hirurogei ordu hartuko dituzte urte bakoitzean, eta ez dira kontabilizatuko sailaren ikasketak antolatzeko planean.

6.2. Baimena eskatuko da ezarritako prozedurarekin bat, eta Ikerketa Zerbitzuan aurkeztuko da ondoko helbidean eskuragarri dagoen inprimakia:

http://www1.unavarra.es/investigacion/formularios

eta laguntzaren zuzendariaren eta saileko zuzendariaren izenpearekin.

7.–Laguntzak baliogabetzea.

Laguntza hauen onuradunek eskubidea edukiko dute Gizarte Segurantzaren erregimeneko prestazioak jasotzeko, deialdian azaltzen den moduan, Gizarte Segurantzari buruzko Legearen Testu Bateratua onesten duen 1994ko ekainaren 20ko 1/1994 Errege Dekretuan ezarritakoekin bat, sortzen dituzten gorabeherek irauten duten artean. Baimenei dagokienean, Langileen Estatutuak eta aplikagarri diren lege indardunek ezarritakoari jarraituko diote.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21 c) artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, aldi baterako ezintasuna, arriskua haurdunaldian, amatasuna, adopzio edo harrera, arriskua bularra ematean eta aitatasuna direla medio sortzen diren egoeretan eten eginen da kontratuaren zenbaketa.

8.–Betekizunak.

8.1. Izangaiek bete beharrekoak.

Laguntza eskatzen dutenek Nafarroako Unibertsitate Publikoko arduraldi osoko doktoretza programa batean onartu dituztela egiaztatu beharko dute laguntza eskatzeko epean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoretza arautzen duten arauek, 2014ko uztailean Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez argitaratutakoek, 5. artikuluan zehaztutako aurretiko ikasketak izan beharko dituzte. Salbuespen gisa, eskaera egiteko epean onarpena egiaztatu ez dutenek doktoretza programa batean onartuak izateko eskaeraren kopia aurkeztu beharko dute epe horretan, eta doktoretza aurreko laguntzaren eskaera tramitean onartuko da, 2017ko azaroaren 14a baino lehen egiaztatzen badute onartuak izan direla. Esleipenerako hautatua izanez gero, matrikula egin dutela baieztatu beharko dute, laguntzen behin betiko ematea argitaratzen denean ezartzen den epean. Ez da betekizun horren egiaztapena aurkeztu beharko, eta Ikerketa Zerbitzuak jasoko du informazioa.

Deialdi honetan ezin izanen dute parte hartu bestelako laguntza homologagarriak jaso dituztenek, beti ere laguntza horien xedea bada doktoretza-tesi bat egitea, 12 hilabete baino gehiagoko epean, laguntza eskatzeko mugaeguna erreferentzia gisa hartuta. Kasu honetan doktoretza aurreko kontratuaren iraupena murriztuko da kontratatuta egon den hilabete-kopuruan.

8.2. Betekizun gehigarriak.

a) Laguntza emateko, 2017ko abenduaren 30a baino lehen bukatu ez den deialdi publiko baten bidez edo hitzarmen edo kontratu espezifiko baten bidez finantzaturiko ikerketa proiektu bat egon behar da, tesiaren xedearekin zuzenean erlazionatua, eta horretarako beharrezkoa izanen da proiektuaren arduradunaren oniritzia.

b) Ikerketa proiektua Nafarroako Unibertsitate Publikoan garatu beharko du Nafarroako Unibertsitate Publikoko 2017ko erroldan dagoen ikerketa talde batek. Proiektuaren ikertzaile nagusia doktore bat izanen da. Doktore hori, onuradunaren proiektua zer ikerketa talderi atxikitzen zaion, talde horretako partaide izanen da. Unibertsitateko hainbat taldek parte hartzen duten proiektuetan, Ikerketa Batzordeari eskatu ahalko zaio onuraduna proiektuan parte hartzen duten taldeetako batean atxikitzeko, proiektuaren arduradunaren taldekoa ez eta beste batekoa bada ere.

c) Aurreko bi betekizunak betetzen ez badira, zilegi izanen da kontuan hartzea 2017ko Taldeen Sustapen Planaren onuradun izan direnen eskaerak, eskatzailea atxikita dagoen Ikerketa Taldearen arduradunak babestutakoak.

d) Eskatzaileak bere gain hartuko du eskaeran aurkeztutako ikerketa proiektuak 8.2 oinarriaren a eta b idatz zatietan ezarritako betekizunak betetzen dituela egiaztatzeko ardura. Izan ere, hala ez bada, ezin izanen baitu proiektua aldatu akatsak zuzentzeko epean.

e) Laguntzaren zuzendaria doktoregaiaren tesiaren zuzendaria izanen da, eta 2017ko katalogoan erroldatutako ikerketa talde batekoa izan behar du. Unibertsitateko Bitariko Ikerketa Zentro edo Institutuetakoren batera atxikitako ikertzaileek ere aukera izanen dute laguntzaren zuzendari izateko.

f) Oro har, ezin izanen dira aldatu ez zuzendaria, ez proiektua, ez eta laguntza eskaera hasieran bermatu zuen ikerketa taldea ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean izan ezik, eta Ikerketa Batzordearen onespenarekin.

g) Laguntzen zuzendari bakoitzak ez du aukerarik izanen ez babesteko ez zuzentzeko deialdi honi dagokion laguntza berriaren onuradun bat edo Unibertsitate Publikoko ikertzaileak prestatzeko laguntzen programa osoko doktoretza aurreko bi onuradun baino gehiago.

h) Ikertzaileek ez dute laguntzaren zuzendari izateko aukerarik izanen, betiere azken 3 urteetan Unibertsitateko Ikertzaileak Prestatzeko Laguntzen programaren barruan laguntza baten zuzendariak izan badira, baldin eta doktoregaiak, lau urteko kontratua amaitu ondoren, eta justifikatutako arrazoirik gabe, bere doktoretza tesia gordailatu ez badu.

9.–Eskaera egiteko inprimakiak eta dokumentazioa:

a) Eskaera orri normalizatua, zeina helbide honetan baitago jaisteko: http://www.unavarra.es/investigacion/ayudas-y-convocatorias/personal-investigador. Eskaera orria bete eta gero, izenpeturiko ale bat aurkeztu behar du eskatzaileak Erregistro Orokorrean, kasu bakoitzean eskatzen diren dokumentuekin batera. Eskaera inprimaki honetan jasotzen den laguntzari zuzendariak emandako oniritziak esan nahi du izenpetzailea tutoretzat onartzen dela, Prestakuntzan dauden Ikertzaileen Estatutuak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legeak ezartzen dituzten ondorioetarako, eta deialdi honetan ezarritako oinarriak onartzen direla.

b) Merezimendu zerrendari buruzko laburpen inprimakia, helbide berean dagoena: http://www.unavarra.es/investigacion/ayudas-y-convocatorias/personal-investigador. Alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten dokumentuak aurkeztuko dira inprimaki horrekin batera. Agiriz egiaztatutako merezimenduak balioetsiko dira bakarrik. Merezimenduak aurkeztu eta frogatzea ez denez baldintza baztertzailea deialdian, eskatzaileak ez badu dokumentazio hori aurkezten, Unibertsitateak ez ditu merezimendu horiek balioetsiko eta ez du eskatuko haiek egiaztatzea.

Egiaztatzeko eskumena beren arauetan ez daukaten pertsonek, organoek edo erakundeek luzatzen dituzten agiriak ez dira kontuan hartuko.

c) Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

d) Izandako kalifikazioak eta horiek zein egunetan eman ziren adierazten duen ikasketa ziurtagiriaren fotokopia. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

e) Titulazioaren batez besteko notaren egiaztagiria, 10.2 a atalean ezartzen denarekin bat etorriz.

f) Doktoretza ikasketak egiteko sarbidea ematen duen tituluaren fotokopia. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

Deialdi honetako oinarrietan interesdunei eskatutako dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskuetan baldin badago jada, ez dira dokumentazio hori aurkeztera behartuak egonen, zirkunstantzia hori idatzita jasotzeko eskatu beharko dute idazki batean. Idazki horretan zein dokumentu den identifikatu behar dute eta zein datan eta zein administrazio unitatetan aurkeztu zen.

Atzerriko ikastegiek ematen dituzten kalifikazioen egiaztagirietan, dagokion ebaluazio sistemaren barruan kalifikaziorik handiena eta txikiena zeintzuk diren ezarriko da, baita gainditzeko gutxieneko kalifikazioa zein den ere.

g) Laguntzaren zuzendariaren curriculum laburtua, 2012tik 2016ra bitartekoa, non deialdi honen Eranskinean jasotakoaren arabera puntua daitezkeen merezimenduak soilik jasoko baitira. Beste edozein formatu aurkeztea baztertua izateko arrazoia izanen da.

Merezimenduak egiaztatzen dituzten agiri akademikoak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako zinpeko itzulpena erantsi beharko da.

10.–Izangaiak hautatzea.

10.1. Laguntzak 2017ko Ikerketa Taldeen katalogoan ezarritako Arloen Taldeen arabera (A, B, C, D) banatuko dira, talde horietako bakoitzean tramitean onartutako eskaerei D’Hont sistema aplikatuz eta baldintza hau errespetatuz: gutxienez laguntza bat, aipatutako arloko talde bakoitzeko, eta beste laguntza bat, eskaera guztien artean espediente haztatu onena duenarentzat.

10.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Batzordeak eginen du izangaien aukeraketa, honako hauek kontuan hartuz:

a) Izangaiak doktoretza programan sartzeko aurkeztu duen titulazioaren espedientearen batezbestekoa: 4 puntu.

Ikusi 8.4.3 atala.

Espedientearen batezbestekoa kontuan hartuko da, titulazioaren batez besteko notarekin -ikasleak ikasketak amaitu zitueneko ikasturteari dagokionarekin- haztatua, formula honen arabera:

Nota haztatua = 1,5 + 2,5 x

(eskatzailearen espedientearen batez besteko nota – titulazioaren batez besteko nota)

(4 - titulazioaren batez besteko nota)

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek ez dute aurkeztu beharko informazio hau, Irakaskuntza Laguntzeko eta Ikasleen Gaietarako Zerbitzuak emanen baitu. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle guztiei aplikatuko zaie ezarri den haztatze formula. Beste unibertsitateetatik datozen ikasleen kasuan, beren erantzukizuna izanen da datu hori ematea. Halakorik ezean, aurreko formula aplikatuko zaie titulazioaren batez besteko nota gisa erabiliz deialdi honetako gainerako izangaiei aplikatutako nota handiena, A, B, C edo D taldeen barruan.

Masterreko ikasketen kasuan, masterrean izandako eta masterraren aurreko ikasketetan izandako batezbesteko haztatua kalkulatuko da, titulu bakoitzaren iraupenaren arabera.

Aurreko batezbestekoa kalkulatu eta gero, espediente guztiak normalizatuko dira, Arloko Talde bakoitzean. 4 puntu emanen zaizkio espediente onenari, eta gainerakoak normalizazio faktore berarekin biderkatuko dira.

Normalizazio hori eginen da tramitean onartutako eskaera guztien artean espediente onenari ematen zaion laguntza eskatu duten guztien artean.

b) Izangaiaren merezimenduak: 0,5 puntu gehienez ere.

  • Ikerketa: 0,3.
  • Ikastaroak: 0,1.
  • Mugikortasuna: 0,1.

Deialdiaren I. eranskinak ezartzen duenaren arabera.

c) Zuzendariaren balioespena (Arloko Talde bakoitzari dagokiona): 2 puntu gehienez ere.

d) Ikerketa proiektu edo hitzarmenak: gehienez ere, puntu 1.

  • Esparru Programa (EB) edo antzeko eskakizunak eta lehia dituzten programak: 1.
  • Plan Nazionala: 0,8.
  • Nafarroako Gobernua: 0,5.
  • Beste proiektu batzuk (83. artikuluaren araberako kontratuak edo hitzarmenak): 0,3 puntu, gehienez ere.

10.3. Laguntza eskatzeko inprimakian doktoretza ikasketetara zein titulazioren bidez sartzen den esanen da, eta titulazio horren arabera kalkulatuko da irakaskuntza espedientearen batezbestekoa. Master baten bidez sartzen bada, masterra egin baino lehenagoko unibertsitate titulazioa ere kontuan sartuko da.

Espediente akademikoaren batez besteko nota lortuko da, irailaren 5eko kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitate titulazioetako kalifikazio sistema arautzen duen 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

Σ (irakasgaiaren kreditu kopurua x nota)

Titulazioaren kreditu kopurua, guztira

1044/2003 Errege Dekretua, 2003ko abuztuaren 1ekoa, Unibertsitateek tituluaren Europako gehigarria emateko prozedura ezartzen duena, aplikatuko da halaber.

Kreditutan baliokidetzarik ez duten irakasgaiak dituzten ikasketa planak egindako ikasleentzat formula hau aplikatuko da:

nahikoa kp. x 1 + oso ongi kp. x 2 + bikain kp. x 3 + ohorezko matrikula kp. x 4

Titulazioaren irakasgai kopurua, guztira

Baliokideturiko irakasgaiei edo kredituei “nahikoa” kalifikazioa emanen zaie, egokitutako irakasgai edo kredituei jatorrizko kalifikazioa emanen zaie, eta kalifikaziorik gabeko kredituak aitortuta edukiz gero, hori ez da zenbatuko batez besteko nota kalkulatzean.

10.4. Eskatzaileek beren espediente akademikoaren batez besteko nota aitortu behar dute, beren jatorrizko erakundeak informazio hori ez badu espedientean sartzen. Kalkuluan oker esanguratsua gertatzen bada, hori aski izanen da laguntzari uko egiteko.

Atzerrian egindako ikasketetarako ondoko helbide hauetan dauden txantiloietan egin daitezke kalkuluak:

http://www1.unavarra.es/investigacion/ayudas-y-convocatorias/ayudas-internas-de-la-upna/personal-investigador?submenu=yes

11.–Doktoretza aurreko kontratuaren helburua eta baldintzak.

11.1. Laguntzaren xedea izanen da doktoretza-tesi bat egitea. Beraz, ez da zilegi izanen kontratua sinatzea tesia gordailatu edo defendatu bada.

11.2. Kontratuaren helburua tituludun batek proiektu espezifiko eta berritzaile baten barruan ikerketa lanak egitea izanen da, gero Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretza programa batean onartuak izateko. Langile horiek prestakuntzan dauden doktoretza aurreko ikertzaileak izanen dira.

Prestakuntzan dagoen doktoretza aurreko ikertzaileak, langilea denez, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, lana ematen duena denez, gauzatuko dute kontratua. Kontratuari erantsiko zaio doktoretza programan onartua dela adierazten duen agiria, programaren arduradunak emanda, edo doktoretza edo graduondoko eskolak, hala badagokio.

Kontratua lanaldi osokoa izanen da eta urtebeteko iraupena izanen du, urtebeteko aldietarako luzatzeko aukera dago doktoretza programako irakaskuntza batzordeak aldez aurretik txostena eginda, edo, kasua bada, doktoretza eskolak, programan irauten duen bitartean. Hasierako kontratuaren iraupenak gehi ondorengo luzapenek ezin izanen dute lau urteko muga gainditu. Doktoretza tesia arduraldi osoan eginen da.

Nolanahi ere, desgaitasuna duen pertsona batekin egiten denean kontratua, kontratuaren iraupena sei urterako izanen da, gehienez ere, luzapenak barne, ikerketa-jardueraren ezaugarriak eta jarduerako mugak kontuan hartuta.

11.3. Prestakuntzan dagoen ikertzaileak doktoretza programako egonaldia bukatzen duenean, laguntzaren betetze epea ere bukatuko da, hau da, doktoretza programan matrikulatuta ez dagoenean.

11.4. Laguntzen zenbatekoa 1.150 euroko 14 lansari izanen da. Hileroko kopuru horretatik nahitaez kotizatu behar den kuota kenduko da, eta Unibertsitateak Gizarte Segurantzako dagozkion enpresa kuotak bere gain hartuko ditu, lege indardunetan ezarritako moduan.

12.–Argitalpena.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta Unibertsitateko bitarteko elektronikoen bidez zabalduko da.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA

Eskatzailearen merezimenduen baremoa

Izangaiaren merezimenduak: 0,5 puntu gehienez ere:

Ikerketa jarduera

0,3

Ikastaroak

0,1

Mugikortasuna

0,1

Ikerketa jarduera.

IKERKETA JARDUERAREN KATEGORIAK

Argitalpenak

0,3

Biltzarrak

0,2

Proiektuetan parte hartzea

0,2

EKARPENA

PUNTUAK

KATEGORIA

1.–Nazioarteko aldizkarietako artikuluak

1,6

Argitalpenak

Gehieneko
normalizatua
0,3

2.–Nazioarteko liburuak, osorik

1,6

3.–Liburu nazionalak, osorik, edo nazioarteko liburuetako kapituluak

0,8

4.–Nazioko aldizkarietako artikuluak edo nazioarteko liburuetako kapituluak

0,4

5.–Beste argitalpen batzuk

0,2

6.–Komunikazioak edo posterrak nazioarteko biltzarretan

0,5

Biltzarrak

Gehieneko
normalizatua
0,2

7.–Nazioko biltzarretako komunikazioak edo posterrak

0,3

8.–Europako Batasuneko proiektuetan parte hartzea

1

Proiektuak

Gehieneko
normalizatua
0,2

9.–Plan Nazionaleko edo asimilatuetako proiektuetan parte hartzea

0,75

10.–Esparru autonomikoko proiektuetan parte hartzea

0,5

11.–LOUko 83. artikuluak aipatzen dituen kontratuetan parte hartzea

0,1

12.–Ikastaroak

Puntuazioa, gehienez: 0,1

13.–Mugikortasuna

Puntuazioa, gehienez ere0,1

Argitalpenak, komunikazioak eta txostenak: onartu direla edo argitaratu direla egiaztatzea. Biltzarretako akta liburuak ez dira argitalpen gisa puntuatuko.

Ikastaroak atalean hartuko da kontuan biltzarretara joatea baina bertan parte hartu gabe.

Proiektuak: beharrezkoa da egiaztatzea eskatzailea ofizialki proiektuaren ikerketa taldekoa dela, proiektuaren erakunde arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa ez bada; kasu horretan, proiektuaren eta deialdiaren datuak adieraziko dira, dokumentazioa errazago topatu ahal izateko. Ez dira baliozkoak izanen proiektuaren ikertzaile arduradunak emandako sinestamenduak.

Kontratuak: LOUren 83. artikuluaren arabera egindako kontratuetarako atxikipenak balioetsiko dira soilik, betiere taldekide gisa agertzen badira kontratuaren testuan edo beka edo lan kontratu bat izan baldin badute.

Merezimendu bakoitza behin bakarrik puntuatuko da, eta ezin izanen da merezimendu bera bi ataletan aurkeztu.

Merezimenduen kalkuluaren xehetasunak

Kasu guztietan, onetsitako edo argitaratutako ekarpenak hartuko dira aintzat. Proiektu, ikastaro eta abarretako parte hartzea behar bezala dokumentatu behar da.

Agiriz egiaztatutako merezimenduak bakarrik balioetsiko dira.

Egiaztatzeko eskumena beren arauetan ez daukaten pertsonek, organoek edo erakundeek emandako agiriak ez dira kontuan hartuko.

Ikerkuntza jarduera, 0,3 puntu, gehienez ere. Kontuan hartuko dira: biltzarretako argitalpenak, komunikazioak edo posterrak, eta finantzaturiko ikerketa proiektuetako parte hartzea. Ekarpen bakoitza honela balioetsiko da: nazioarteko aldizkarietako artikuluak, 1,6 puntu; nazioarteko liburuak osorik, 1,6 puntu; nazioko liburuak osorik, 0,8 puntu; nazioko aldizkarietako artikuluak edo nazioko liburuetako kapituluak, 0,4 puntu; beste argitalpen batzuk, 0,2 puntu; nazioarteko biltzarretarako komunikazioak edo posterrak, 0,5 puntu; nazioko biltzarretarako komunikazioak edo posterrak, 0,3 puntu; Europar Batasuneko proiektuetan parte hartzea, 1 puntu; Plan Nazionaleko proiektuetan edo parekatuetan parte hartzea, 0,75 puntu; autonomia eremuko proiektuetan parte hartzea, 0,5 puntu; esparru autonomikoko proiektuetan parte hartzea, 0,5 puntu; LOUren 83. artikuluaren araberako kontratuetan parte hartzea, 0,1 puntu. Argitalpenen atalean gehien balioesten den eskatzaileari 0,3 puntu emanen zaizkio, 0,2 biltzarren atalean gehien balioesten denari, eta 0,2 proiektuen parte hartzeagatiko atalean gehien balioesten denari. Azkenik, ekarpen mota bakoitzari dagozkion balio partzialak batuko dira.

Zenbait prestakuntza ikastaro ikerketarako interesekoak direnak: 0,1 puntu, gehienez ere.

–0,01 puntu 10 ikastaro-ordurengatik.

  • Egiaztatzen diren ikastaroak balioetsiko dira,eta 100 ordu, gehienez ere, beste titulazio batzuk, doktoretza ikastaroak, Irakaslanerako Egokitze Ikastaroa (IEI) etab. barne, eta jardunaldi eta biltzarretara joatea barne. Jardunaldi eta biltzar egun bakoitzeko, 5 ordu zenbatuko dira. Iraupena zehazten ez bada, 10 ordu zenbatuko dira.

Mugikortasuna: gehienez ere, 10 hilabeteko egonaldia zenbatuko da jatorrizko erakundea ez den beste batean egindako egonaldiagatik (egonaldia Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin duten ikasleei ere zenbatuko zaie). 0,01 puntu emanen dira egonaldiaren hilabete bakoitzeko. Puntuazioa, gehienez: 0,1 puntu.

II. ERANSKINA

Zuzendariaren merezimenduen baremoa

2012tik 2016ra bitarteko merezimenduak balioetsiko dira, eskaerak aurkezteko mugaeguna zein den kontuan hartuta.

KATEGORIAK

Zuzendutako tesiak

Gehieneko normalizatua 10 puntu

Kudeaketa akademikoa

Gehieneko normalizatua 15 puntu

Argitalpenak

Gehieneko normalizatua 37,5 puntu

Ikerketa proiektuak

Gehieneko normalizatua 37,5 puntu

Merezimenduen kalkuluaren xehetasunak.

Merezimendu bakoitza behin bakarrik puntuatuko da, eta ezin izanen da merezimendu bera bi ataletan aurkeztu.

–Zuzendutako tesiak: Puntu 1 zuzendu eta defendatutako tesi bakoitzeko, eta 0,5 puntu beste batzuekin batera zuzendutako eta defendatutako tesi bakoitzeko.

–Kudeaketa akademikoa:

  • Puntu 1 urte bakoitzeko, edo parte proportzionala, lagun bakarreko kargu hauetako bakoitzagatik: errektorea, errektoreordea, dekanoa, Eskolako zuzendaria edo idazkari nagusia.
  • 0,5 puntu urte bakoitzeko, edo parte proportzionala, lagun bakarreko kargu hauetako bakoitzagatik: Saileko edo Ikerketa Institutuko zuzendaria, Saileko idazkari nagusia, Saileko, Eskolako edo Fakultateko idazkaria, NADOESeko zuzendaria.

–Argitalpenak:

  • Puntu 1 JCRko (Q1 edo Q2) argitalpenagatik, Gizarte Zientzietako nazioarteko aldizkari espezializatuetan, monografia juridikoa, liburua entzute handiko argitaletxe batean.
  • 0.5 puntu JCRko (Q3 edo Q4) argitalpenagatik, eragin adierazlea duten Gizarte Zientzietako aldizkari nazionaletan, datu-base ezagunetan (CINDOC, INREC, DIRSEC, ...) jasotako aldizkari nazionaletan, liburu-kapituluak entzute handiko argitaletxe batean, eragin adierazlerik ez duten Ekonomia eta Enpresa Zientzietako nazioarteko aldizkarietan.
  • 0,2 puntu gainerako argitalpenengatik.

–Ikerketa proiektuak:

  • Puntu 1 urte bakoitzeko, edo parte proportzionala, europar proiektuko IN izanez gero.
  • 0,75 puntu urte bakoitzeko, edo parte proportzionala, europar proiektuko ikertzailea izanez gero.
  • 0,8 puntu urte bakoitzeko, edo parte proportzionala, proiektu nazionaleko ikertzailea izanez gero.
  • 0,5 puntu urte bakoitzeko, edo parte proportzionala, proiektu nazionaleko ikertzailea izanez gero.
  • 0,4 puntu urte bakoitzeko, edo parte proportzionala, beste proiektu batzuk IN gisa (eskualdekoak) edo 83. artikuluko kontratuak.
  • 0,2 puntu urte bakoitzeko, edo parte proportzionala, beste proiektu batzuk ikertzaile lanetan (eskualdekoak).

Azkenik, atal bakoitzean lortutako puntuazioak batuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1707274