122. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

78/2017 FORU AGINDUA, ekainaren 6koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena bulegoen mailan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak 24.4 artikuluan ezartzen du zuzendaritza nagusietako eta idazkaritza tekniko nagusietako bulegoak eta ataletatik beherako unitateak sortu, aldatu eta kentzeko, unitate horiek zein departamentutan sartuko diren, hango kontseilari titularraren foru agindua beharko dela.

Abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretuaren bidez, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren zerbitzu eta atalen mailako egitura organikoa onetsi zen. Hirugarren xedapen gehigarriak aditzera ematen du atalaren mailatik beheragoko unitate organikoek jarraitu eginen dutela, izenari eta eginkizunei eutsita.

Departamentuko Bulegoak zein barreiaturik dauden ikusita, eta argitasun eta segurtasun juridiko handiagoa erdiesteko, egokia da, abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretuaren garapen gisara, Departamentuaren bulego mailako egitura osoa foru agindu bakar batean sartzea.

Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuak Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa sortzea eskatu du. Hori da gaur eguneko egiturari dagokionez sartzen den berrikuntza bakarra.

Aldeko txostenak daude espedientean, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiarena eta Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Antolaketaren eta Berrikuntza Publikoaren Zerbitzuarena.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 24.4 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzua

1 artikulua. Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa.

Kudeaketa Administratiboaren Bulegoak, Aurrekontuen Programaziorako Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Urte Anitzeko Esparru Ekonomikoa urte bakoitzean egin, antolatu eta segimendua zuzen egiteko prozedura administratiboak ezartzea.

b) Urte bakoitzean, hilero-hilero, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan erregulatutako arau fiskalak ez betetzetik datorren arriskuaren berri ematen duten artxibo eta espedienteen informatizazioa eta horietarako sostengu administratiboa ematea.

c) Aurrekontuen Programaziorako Atalaren agirien artxiboa kontrolatu eta kudeatzea.

d) Aurrekoekin loturik esleitzen zaion beste edozein.

2. ATALA

Kontabilitate Zerbitzua

2. artikulua. Kobrantza eta Ordainketa Bulegoa.

Kobrantza eta Ordainketa Bulegoak, Diruzaintza Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Unean-unean indarrean diren sistemen bidez, Foru Komunitateko Administrazioaren ordainketa guztiak egitea.

b) Foru Komunitatearen eta erakunde autonomoen izenean finantza entitateetan irekita dauden kontuen kontrola eta jarraipena.

c) Eskatzen zaizkion diruzain lanak egitea.

d) Abal, berme eta gordailuen kontrola eta segimendua.

e) Aurrekoekin loturik esleitzen zaion beste edozein.

3. artikulua. Kontabilitate Zentroaren Bulegoa.

Kontabilitate Zentroaren Bulegoak, Kontabilitate Orokorraren eta Aurrekontuetakoaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Kontabilitate Zentroaren kudeaketa, departamentuan beste kontabilitate zentrorik izatea galarazi gabe.

b) Aurrekontuen kudeaketari buruzko operazioen barne kontabilitatea.

c) Kontabilitateko dokumentuak tramitatzea eta diru-sarrera nahiz gastuen kontabilizazioarekin zerikusia duten eragiketak egitea.

d) Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan justifikatu beharreko fondo libratuak kontrolatu eta gainbegiratzea.

e) Tributupean ez dauden zordunen kobrantzak aplikatzea.

f) Aurrekoekin loturik esleitzen zaion beste edozein.

4. artikulua. Kontabilizazio Prozedura Berezien Bulegoa.

Kontabilizazio Prozedura Berezien Bulegoak, Kontabilitate Orokorraren eta Aurrekontuetakoaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nominaren kontabilizazio lan guztiak egitea.

b) Tributazioaren diru-sarreren kontalizazio lanak kontrolatzea.

c) Kontabilizazio automatiko edo programatuen eragiketetan sistemak ongi funtzionatzen duela kontrolatzea.

d) Aurrekoekin loturik esleitzen zaion beste edozein.

3. ATALA

Ondare Zerbitzua

5. artikulua. Inbentario Orokorraren Bulegoa.

Inbentario Orokorraren Bulegoak Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Komunitatearen ondareko ondasun eta eskubideen inbentario orokorra prestatu eta eguneratzea.

b) Foru Komunitatearen ondarea osatu edo osatzen ahal duten ondasun eta eskubideak ikertzea.

c) Foru Komunitatearen ondareko ondasun eta eskubideak ordezkatu edo gauzatzen dituzten dokumentu, eskritura eta baloretitulu guztiak edukitzea eta gordetzea.

d) Aurrekoekin loturik esleitzen zaion beste edozein.

6. artikulua. Administrazio Laguntzako Bulegoa.

Administrazio Laguntzako Bulegoak, Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ondasun eta eskubideak eskuratzeko, besterentzeko eta kostu bidez kargatzeko prozedurak tramitatzea, baita ondasunen afektazio, desafektazio, atxikipen, desatxikipen eta destino aldaketaren prozedurak ere.

b) Ondare Zerbitzuari atxikitako ondasun eta eskubideak eta Foru Komunitateko jabetza pribatuko ondasunak kudeatu eta administratzea, haien erabilera edo ustiapena ez bazaie beste organo edo pertsona batzuei esleitu; orobat, haien erabilera edo ustiapena lagatzeko proposatzea.

c) Ondasun eta eskubideak doan eskuratzeko prozedurak tramitatzea, Ondarean integratzeko.

d) Ondasun higiezinen errentamendu kontratuak kudeatzea.

e) Aurrekoekin loturik esleitzen zaion beste edozein.

7. artikulua. Laguntza Teknikoaren, Sozietate Publikoen eta Abalen Bulegoa.

Laguntza Teknikoaren, Sozietate Publikoen eta Abalen Bulegoak, Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Komunitateak zuzenean nahiz zeharka parte hartzen duen sozietate eta enpresen gaineko eskubideak kudeatu eta kontrolatzea, sozietate horiek publikoak izan ala ez.

b) Nafarroako Gobernuko sektore publikoaren enpresen antolaketa eta kontrola, baita haietako zuzendaritza eta administrazio organoena ere, eta enpresa haien atxikipena.

c) Nafarroako Gobernuaren sektore publikoaren sozietateek abalak eta maileguak emateko baimenen tramitazioa.

d) Foru Komunitateko Administrazioak eman eta formalizatutako abalak eta horien komisio eta bermeak tramitatu, kontrolatu eta jarraipena egitea, Foru Komunitateko Administrazioaren beste organo eta departamentu batzuen eskumenak galarazi gabe.

e) Aurrekoekin loturik esleitzen zaion beste edozein.

8. artikulua. Planeamendu eta Balorazioen Bulegoa.

Planeamendu eta Balorazioen Bulegoak, Ondarearen Kudeaketa Teknikoaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Higiezinen balorazioak, errenten zenbatespena errentamendu kontratuetan eta Foru Komunitatearen jabego diren ondasun higiezinen ukipenen balorazioa.

b) Foru Komunitatearen ondasun eta eskubideak ukitzen dituen hirigintzako planeamenduaren jarraipena, alegazioak aurkeztea eta bestelako proposamenak egitea.

c) Ordezkari izatea Konpentsazio Batzordeetan, birzatiketei jarraipena egitea eta urbanizazio gastuen ordainketak tramitatzea.

d) Aholkularitza teknikoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ondasun higiezinen ondarea kudeatzeko eta higiezinen merkatuaren prospekziorako, higiezinen erosketa eta errentamendu eskaerei erantzuteko.

e) Higiezinak kudeatzeko aplikazioen kontrola, segimendua eta gaurkotze lana.

f) Aurrekoekin loturik esleitzen zaion beste edozein.

9. artikulua. Erosketa Bulegoa.

Erosketa Bulegoa, Kontratazioaren, Aseguruen eta Afera Ekonomikoen Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ondare Zuzendaritza Nagusiaren eskumenekoak diren hornidurak kontratatzeko prozedurak tramitatzea, baita arreta zentralizatuko hornidurei dagokiena ere.

b) Arestian aipatutako kontratuei dagokienez, exekuzioa, fakturen ordainketa eta bermeen itzulketa kontrolatzea, eta kudeatu eta zentralizatzeko proposamenak egitea.

c) Aurrekoekin loturik esleitzen zaion beste edozein.

10. artikulua. Erregistro eta Aseguruen Bulegoa.

Erregistro eta Aseguruen Bulegoak, Kontratazioaren, Aseguruen eta Afera Ekonomikoen Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontratuen Erregistroa kudeatzea.

b) Lizitatzaileen Borondatezko Erregistroa kudeatzea.

c) Aseguruen kontratazioa kudeatzea eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak esleitzen dituen kalte aseguruaren kontratuaren ondoriozko likidazio ekonomikoak eta prestazioak gainbegiratzea.

d) Kontratazio Publikorako Batzordeari laguntza administratiboa ematea.

e) Aurrekoekin loturik esleitzen zaion beste edozein.

11. artikulua. Ekonomia Aferetarako Bulegoa.

Ekonomia Aferetarako Bulegoak, Kontratazioaren, Aseguruen eta Afera Ekonomikoen Atalaririk, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ondare Zerbitzuko Kontabilitate Zentroa kudeatzea.

b) Zerbitzuaren aurrekontua kontrolatea.

c) Zerbitzuaren kontabilitate orokorra eta aurrekontuena.

d) Zerbitzuak justifikatu beharreko funts libratuak kontrolatu eta gainbegiratzea.

e) Aurrekoekin loturik esleitzen zaion beste edozein.

12. artikulua. Laguntza Juridikoaren Bulegoa.

Laguntza Juridikoaren Bulegoak, Kontratazioaren, Aseguruen eta Afera Ekonomikoen Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontratazioaren, Aseguruen eta Afera Ekonomikoen Atalari dagozkion arloetan laguntza juridikoa ematea.

b) Ondare Zerbitzuari dagozkion arloetako arauen proiektuak prestatzea, eta, beste departamentu batzuekin lankidetzan arituz, kontratazio publikoaren arlokoak ere bai.

c) Kontratuak kudeatu eta zentralizatzeko proposamenak egitea.

d) Ordezko idazkari gisa aritzea Kontratazio Publikoaren Batzordean eta Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegian.

e) Aurrekoekin loturik esleitzen zaion beste edozein.

II. KAPITULUA

Idazkaritza Tekniko Nagusia

13. artikulua. Mantentze-lanen Bulegoa.

Mantentze-lanen Bulegoak, Araubide Juridikoaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren bulego nagusien mantentze-lan integralaz arduratzea.

b) Eraikuntzako instalazioen zaintza, kontrol eta egokitzapen lanak egitea.

c) Enpresa hornitzaileen hautapena, segimendua eta kontrola, baita higiezinaren, instalazioen eta materialaren kontratuena ere.

d) Eraikuntzako garbiketa zerbitzuaren zaintza, kontrol eta egokitzapen lanak egitea.

e) Eraikuntzan obrarik baldin badago, Ondare Zerbitzuko teknikariei eta, beharrezkoa bada, horretarako kontratatutako langile teknikoei laguntza eta sostengua ematea obrak egiten ari diren bitartean.

f) Departamentuaren zerbitzu orokorretako langileen lana koordinatzea.

g) Aurrekoekin loturik esleitzen zaion beste edozein.

III. KAPITULUA

Nafarroako Estatistika Institutua

14. artikulua. Komunikazio Bulegoa.

Komunikazio Bulegoak, Estatistikaren Koordinazio eta Zabalkunderako Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Estatistika Institutuak informazio estatistikoa eskaintzeko dituen bide berriak sendotzea eta garatzea.

b) Estatistika Institutuaren web-orriaren mantentze-lanak egitea, informazioa gaurkotzea eta eduki, forma eta diseinuak egokitzapena.

c) Informazio estatistikoa egoki zabaltzeko edukitzea eta formatuak egokitzea.

d) Laguntza ematea informazioa sortzeko lanetan, batez ere zabalkuntza digitala sortzeko lanetan.

e) Edozein euskarritako argitalpenak egin eta zabaltzeko langileak lanean autonomoak izateko ereduak ezartzea.

f) Aurrekoekin loturik esleitzen zaion beste edozein.

15. artikulua. Nafarroako Estatistika Plana Koordinatzeko Bulegoa.

Nafarroako Estatistika Plana Koordinatzeko Bulegoak, Estatistikaren Koordinazio eta Zabalkunderako Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Administrazioaren departamentuekin batera, Nafarroako Estatistika Planaren aurreproiektua sortzen parte hartzea.

b) Nafarroako Estatistika Plana eta haren parte diren urteko programak egiteko eta garatzeko lanari dagokionez, departamentuen jarduketak koordinatzea.

c) Departamentuen solaskideek estatistika gaietarako eratutako Lantaldearen jarduerak koordinatzea, Nafarroako Estatistika Kontseiluaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onetsi zuen urriaren 19ko 308/1998 Foru Dekretuaren 7.2 artikuluak esleitutako eginkizunak garatzeko.

d) Sostengu administratiboa ematea Nafarroako Estatistika Kontseiluaren idazkaritzari.

e) Aurrekoekin loturik esleitzen zaion beste edozein.

Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak.

Berretsi egiten dira foru agindu honetan ezarritako egituraren arabera izen berari eusten dioten bulegoetako buruen izendapenak, haiek egin zireneko baldintza berberetan betiere.

Bigarren xedapen gehigarria.–Bulegoak kentzea.

Bulego hauek kendu dira:

a) Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusiko Kontabilitate Zerbitzuan, Kontuei buruzko Informazioa sortzeko Bulegoa eta Kontuei buruzko Informazioa Zabaltzeko Bulegoa.

b) Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboan, Kudeaketa eta Laguntza Administratiborako Bulegoa.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe utzi dira foru agindu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko ekainaren 6an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1706850