1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
40/2017 FORU AGINDUA, ekainaren 1ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana. Honen bidez, Nafarroako kirol federazioei 2017an diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onesteko Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak azaroaren 9an emandako 79/2016 Foru Agindua aldatu, eta egin beharreko hiru hilean behingo azken konturako ordainketa egokitzen da.
Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak azaroaren 9an emandako 79/2016 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako kirol federazioei 2017an diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onetsi ziren. Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak urtarrilaren 12an emandako 2/2017 Foru Aginduaren bidez, aurreko foru agindua aldatu, eta diruz lagungarria den kontzeptu berri bat sartu zen oinarri arautzaileetan, “Komunikazio zerbitzu komunak euskaraz” izenekoa, eta guztira baimendutako gastua 20.000 euroraino handitu zen.
Azaroaren 9ko 79/2016 Foru Aginduaren I. eranskinaren 15.3 oinarrian ezartzen da hiru hilean behingo konturako 4 ordainketa eginen direla gehienez ere; konturako ordainketa horietan azkena 2017ko uztailaren 16tik urriaren 15era arteko epeari dagokio; ondoren, espedientea ixteko ebazpen bat eginen da. Itxiera ebazpen hori, justifikazio agiriak (I. eranskinaren 17. oinarria) aurkezteko ezarritako epeen arabera, 2018an zehar eginen da, agiri horiek aurkezteko azken data 2017ko abenduaren 31 baita, eta ondoren, berrikuspen txostenak egin beharko ditu Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek. Araudi horren arabera, urriaren 16tik 31ra arteko epeari dagozkion kantitateak itxiera ebazpenean ordainduko lirateke, hala balegokio.
Epe horri dagozkion kantitateak jarduerak egin diren urtean bertan ordainduko direla ziurtatze aldera, eta kontuan izanda Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak ez duela onartzen ordaindu gabeko kantitateak emaitzen atalera pasatzea (aurreko urteetan egiten ahal zena), egokitzat jotzen da azaroaren 9ko 79/2016 Foru Aginduaren I. eranskinaren 15.3 oinarria aldatu eta hiru hilean behingo 4. konturako ordainketari dagokion epea 2017ko uztailaren 16tik urriaren 31ra arte zabaltzea. Aldaketa horrek konturako ordainketen alderdi jakin horri baino eragiten ez dionez, ez da beharrezkoa eskaerak aurkezteko epe berri bat irekitzea, ez eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 27an emandako 208/2017 Ebazpena aldatzea ere, zeinaren bidez kirol federazioei diru-laguntzak ematen baitzaizkie.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta oinarri arautzaileak, legezkoak.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Nafarroako kirol federazioei 2017an diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onesteko Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak azaroaren 9an emandako 79/2016 Foru Aginduaren I. eranskineko 15.3 oinarria aldatzen duen foru agindua onestea. Hona hemen atal berri horren testua:
“3. Konturako ordainketa egiteko prozedura aukeratzen duten federazioentzat, diru-laguntzak emateko ebazpena egin ondoren, gehienez 4 konturako ordainketa egiten ahalko dira 2. oinarriaren 1.etik 6.era bitarteko ataletako kontzeptuetarako, hiruhileko hauei dagozkienak: 2016ko azaroaren 1a-2017ko urtarrilaren 15a, 2017ko urtarrilaren 16a-apirilaren 15a, 2017ko apirilaren 16a-uztailaren 15a, eta 2017ko uztailaren 16a-urriaren 31. Gero, espedientea ixteko ebazpen bat etorriko da. Espedientea ixteko ebazpenean, azken justifikazioa baino lehen egindako konturako ordainketak doituko dira. Aurreko atalean aipatutako konturako ordainketen zenbatekoa kalkulatzeko, bi atal hauek hartuko dira aintzat, bata besteari gehituta.
a) Ohiko funtzionamendurako gastuak (2. oinarriaren 1. atala): kontzeptu horietarako onetsitako diru-laguntzaren arabera hilabete bati dagokion parte proportzionala. Atal honetako ordainketa egiteko, horri dagokion justifikazio-inprimakia aurkeztu beharko da.
b) Jardueren gastuak (2. oinarriaren 2. ataletik 6.era bitarte): justifikazio-inprimakian azaldutakoaren arabera, ordaintzeko data bakoitzean zer portzentaje dagoen egina diruz lagundutako jardueretatik, kontuan harturik gauzatze-portzentajea eta jarduerarako aurreikusitako egunen eta benetan egindakoen erlazioa. Atal honetako ordainketa egin ahal izateko, egindako jardueraren memoria aurkeztu beharko da, kirol arloari dagokiona, eta horrekin loturiko egiaztagiriak.
c) Ordaintzeko ebazpen horiek egiteko, federazioek aurkeztutako justifikazioak bi prozedura motatan elkartzen ahalko ditu Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak:
I. Ebazpen berean bilduko dira ordainketa-kontzeptu guztien justifikazio guztia aurkeztu duten federazioei dagozkien ordainketak.
II. Ebazpen berean bilduko dira ohiko funtzionamendurako gastuen atalarengatik edo jardueren atalarengatik federazioei dagozkien ordainketak, betiere federazio bakoitzari dagokiona banan-banan eta bereiz adierazita, aurkezten diren justifikazioen arabera.
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan. Honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Iruñean, 2017ko ekainaren 1ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.
Iragarkiaren kodea: F1706742