121. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Banakako ebaluazioaren bidez diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri iraunkorrak, Burlatako ikastetxeetan jateko diru sariak eman beharrez. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2017ko apirilaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa egitea Banakako ebaluazioaren bidez diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileetan, Burlatako ikastetxeetan jateko diru sariak eman beharrez. (Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 84. Zenbakian argitaratua, 2017ko maiatzaren 3an)

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, deialdiaren oinarriak behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Burlatan, 2017ko ekainaren 16an.–Alkatea, José María Noval Galarraga.

BANAKAKO EBALUAZIOAREN BIDEZ DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI IRAUNKORRAK, BURLATAKO IKASTETXEETAN JATEKO DIRU SARIAK EMAN BEHARREZ

Eskolako jantokirako laguntzak Burlatako Udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuen bidez emateko deialdi publikoa onetsi da, arau hauek mugaturiko esparruan: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta gainerako lege aplikagarria, baita aurrekontua betearazteko oinarrietan ezarritakoa ere. Deialdiak zehaztasun hauek ditu:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Deialdi honen xedea da gizarte zerbitzuen arloetako diru-laguntzak emateko prozedura arautzea, banakako ebaluazio araubidean, Burlatan erroldaturik eta bertan bizi diren familiendako, eskolara joateko adinean dauden adingabeak eskolako jantokira joan daitezen, baldin eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Lehen Hezkuntzan ikasten ari badira kasuan kasuko ikasturtean Burlatako ikastetxeetan.

Jantokirako diru-laguntza biztanleriaren halako sektore batendako da; ez da, beraz, biztanle guztiendako, baizik eta gizarte eta ekonomiaren aldetik egoera txarrean dauden familiendako.

2. artikulua. Deialdiaren finantzabidea.

Deialdia finantzatzeko aurrekontua izanen da 3111.48002 partidaren (eskolako jantokirako laguntzak) kargu aurrekontuan urtero sartzen dena; zenbateko horiek baldintzapeturik egonen dira, aurrekontu bakoitzean onesten ote diren.

Beraz, aurrekontuan dirua izanez gero, ikasturte bakoitzerako onesten den baremo ekonomikoan ezarritako lehentasun mailaren arabera emanen dira laguntzak; gisa hartara, lehenbiziko lehentasun mailako laguntzak ebatzi ondoan, bigarren mailakoak ebatziko dira, eta horrela hurrenez hurren 3111.48002 partidaren zenbatekoa agortu arte, deialdi honen 7. artikuluan ezartzen den bezala.

3. artikulua. Baldintzak eta betebeharrak.

3.1. Atal honetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira eskabideak aurkezteko epea burutzean, eta bere horretan egon ikasturte osoan.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, hauek dira nahitaezko betebeharrak:

a) Burlatan egiazko bizilekua izatea eta bertan erroldaturik egotea (adingabea eta aita, ama, izatezko bikotekidea edo antzeko harreman afektiboa dutenak, adingabearen tutoreak, adingabearekin bizi badira), eskaera egiten den unean eta laguntza jaso bitartean.

Oinarrizko gizarte zerbitzuek egiaztatuko dute, udal erroldaren bidez, eskatzaileen eta onuradunen erroldatze eta bizikidetze egoera.

b) Bere ardurapean izatea eskolara doazen adingabeak, 1. artikuluan aipatzen diren mailetariko batean, Burlatako ikastetxean.

c) Familiaren diru-sarrerak, kontzeptu guztiengatik, oinarri hauetako erreferentziako taula ekonomikoetakoak baino apalagoak izatea, familia unitatearen edo bizikidetasuneko unitatearen eta horiek kalkulatzeko aintzat hartutako kontzeptuen arabera.

d) Burlatako Udalarekiko betebehar fiskalak eguneratuak izatea.

e) Deialdi honetan eskatzen diren eskaera eta dokumentazioa ezarritako epeetan aurkeztu izana.

f) Salbuespeneko kasuak ere jasoko dira, hala nola jantokira joatea adingabearendako prebentzio eta babeserako baliabidea denean eta/edo orokortzen zaila den tratamendu berezia behar dutenean.

Baldintza hauek 4.3. artikuluan xedatuaren arabera egiaztatu beharko dira, udal artxiboetan agertzen diren datuak izan ezik.

3.2. Onuradunek eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Deialdian arautzen den xedea betetzea.

b) Organo emailearen aitzinean frogatzea baldintzak betetzen direla eta haurra eskolako jantokira joaten dela.

c) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea, informazio hori udal artxiboetan ez dagoenean.

d) Jantokira eta ikastetxera joateari dagokionez gertatzen diren aldaketa guztien berri ematea (altak, bajak, etab.).

e) Hartutako dirua itzultzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan aurreikusten diren kasuetan.

3.3. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna eta osagarritasuna:

a) Laguntza hauek subsidiarioak eta osagarriak dira Nafarroako Gobernuak kontzeptu beragatik ematen ahal dituen beste laguntza batzuen aldera.

Deklaratzen da Burlatako Udalak eskolako jantokirako ikasturte bakoitzean ematen dituen laguntzak bateragarriak direla xede berdintsuarekin beste administrazio publiko batzuetatik edo beste erakunde pribatu edo publikoetatik etortzen diren beste laguntza edo bekekin, guztira zenbatekoak egiten ez badu 7.3 artikuluan bildutako gastua baino gehiago.

Hau da, laguntzak banakako ebaluazioaren bidez ematen direnez, familia bakoitzak eskuratzen duen laguntzak ez du inola ere gaindituko onarturiko kostuaren % 95. Horretarako, Burlatako Udalak emaniko laguntzez gain, beste erakunde batzuek emandakoak ere hartuko dira kontuan (Nafarroako Gobernua, onura sozialak, etab.).

b) Laguntza hauek osatu beharko dira beste administrazio publiko batzuetatik edo beste erakunde pribatu edo publikoetatik etortzen direnekin.

4. artikulua. Eskatzeko sistema, epeak eta dokumentazioa.

4.1. Eskaerak egiteko bideak.

Aitzineko deialdian laguntza eskuraturik ere, eskatzaile guztiek ikasturte bakoitzerako eskaera berria egin behar dute, lehenago laguntzak eman izanak ez baitakar, berez, gerokorik, hau da, ez du inolako eskubiderik sortzen hurrengo ikasturteetan laguntzak biltzeari dagokionez.

Eskabideak inprimaki ofizialeko ereduaren arabera beteko dira; hura eskatzaileak sinatu beharko du, eta deialdi honen ereduari lotuko zaio. Eredu hori interesdunen eskura egonen da Burlatako Gizarte Zerbitzuen Udal Zentroan, udal HHBan, baita Burlatako Udalaren webgunean ere: www.burlada.es.

Familia bakoitzeko inprimaki bakarra bete beharko da; hura ikaslearen aitak eta/edo amak sinatu beharko dute edo, hala behar badu, legezko tutoreak. Harekin batera, deialdi honetako baldintzen egiaztagiriak aurkeztuko dira.

4.2. Epeak.

a) Burlatako ikastetxeetan jateko diru sariak emateko urteroko deialdian zehaztutakoak, dagokion ikasturterako.

b) Ohiko epetik kanpora laguntzak eskatzen ahalko dira, baldin eta 7.2.3 artikuluko kasuetan aipatzen diren salbuespeneko inguruabarrak gertatzen badira. Diru-laguntzak ematen diren datatik aitzina baizik ez dira eskuratzen ahalko; ez dute atzerako eraginik.

4.3. Agiriak.

Eskatzaileek behar den inprimakia bete beharko dute, eredu ofizialaren arabera, betiere 1. artikuluan aipatzen diren irakaskuntza mailetan badaude eta 3. artikuluko baldintza eta betebeharrak betetzen badituzte. Horretarako, ondotik ematen den jatorrizko dokumentazioaren kopia erkatua aurkeztu beharko dute, Burlatako udal bulegoetan, deialdian zehaztuko baitira.

4.3.1. Norberaren datuak:

–NANa.

–AIZ.

–Aitzineko bi agirietarik, bakarrik ere izan ezean, indarra duen pasaportea aurkeztuko da.

4.3.2. Familia eta lan egoera:

a) Jatorrizko familia liburuaren kopia erkatua, bere kide guztiekin, eta halakorik izan ezean, familia unitateko kideak eta haien jaiotegunak frogatzeko dokumentazio ofiziala. Erroldako izen ematea ofizioz egiaztatuko da.

b) Banantzea edo dibortzioa. Honela egiaztatuko dira:

1.–Izatezko banantzean, aurkeztuko da banantzeko eskaera aurkeztu izanaren jatorrizko ziurtagiriaren kopia erkatua, edo notario agiria zein egoera hori erakusten duten beste agiri ofizial batzuk.

2.–Banantze kasu guztietan, banantze edo dibortzioaren gaineko epai judiziala edo hitzarmen erregulatzailea eskatuko da. Halakorik ez bada, horiek ezartzeko ekintzak abiarazi direla justifikatu beharko da.

c) Ezkontzaz kanpoko seme-alabaren bat izanez gero, aurkeztu beharko da zaintza eta ardurari buruzko neurrien eta mantenu-pentsioaren kopia erkatua. Halakorik izan ezean, demanda jarri izanaren ziurtagiria, edo egoera hori frogatzen duten beste agiri ofizial batzuk.

d) Lan bizitza eguneratuaren ziurtagiria.

4.3.3. Familiaren diru-sarrera guztien frogagiriak:

a) Azken 6 hilabeteetakoak: nominak eta/edo diru-sarreren frogagiriak, izanik horiek pentsioengatik, langabezia prestazioengatik, aldi baterako lanerako ezintasunagatik, elikagaietarako pentsioengatik, bestelako prestazioengatik, erakunde eskudunek luzatuak (INSS, SEPE, Mutuak, Nafarroako Gobernua eta abar). Aparteko ordainketak ere aipatuko dira, baldin eta aldizka hainbanatuta jasotzen ez badira.

b) Autonomoak izanez gero, aurreko urte osoko hiruhilekoetako BEZaren aitorpena, baita azken sei hilabeteetako diru-sarreren zinpeko aitorpena, hilabeteka xehatua.

c) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitzin ekitaldiko aitorpenaren fotokopia, bizikidetza unitateko kideenarena (aita/amak, baita ezkontide berriak edo haien izatezko bikoteak edo antzeko harreman afektiboa dutenena). Egitera beharturik ez badaude aurkeztu beharko dute beharturik ez egotearen ziurtagiria, Foru Ogasunak luzatua.

4.3.4. Ikasleen matrikulazioa.

–Ikastetxearen ziurtagiria, adingabearen eskolatzea eta matrikulaturik dagoen maila frogatzen dituena.

4.3.5. Bestelako egoerak:

–Desgaitasuna, mendekotasuna eta baliaezintasuna:

Erakunde eskudunak luzatutako kalifikazioa, desgaitasun/mendekotasun/baliaezintasun maila aitortzen duena.

Aitzineko ataletan aipatzen den dokumentazioa izan ezean, eskatzaileek bidezko iruditzen zaizkien dokumentu eta ziurtagiriak ekartzen ahalko dituzte diru, gizarte edo familiaren aldetik bizi duten egoera frogatzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusiari jarraikiz.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Betiere aitzinetik ebazpena emanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluak aurreikusiarekin bat.

4.3.6. Aurkezteko tokia:

a) Urteroko deialdian zehaztuko diren udal bulegoetan bilduko dira gurasoek edo tutoreek epearen barnean aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa, eta egiaztatuko da behar bezala beterik daudela eta erantsitako dokumentazioa behar dena dela.

b) Eskabideak beterik aurkeztean, eskatzaileari kopia itzuliko zaio, sarreraren zigilua eta data dituela, hura aurkeztu izanaren frogagarri.

c) Orobat, aurkeztutako dokumentazioaren kopia zigilatuko da, behin fotokopia jatorrizkoarekin erkatu ondoan, aurkeztutako agiriaren egiazkotasunaren frogagarri.

5. artikulua. Baloratzeko eta hautatzeko irizpideak.

5.1. Betiere, irizpideak Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 8.3 a) artikuluan biltzen diren printzipioei lotuko zaizkie.

5.2. Gai honetan eskumena duten teknikariek eginen dute deialdiaren kudeaketa, jarraipena eta balorazioa, haren fase guztietan, baita aginduzko txostenak ere, erreklamaziorik edo errekurtsorik izanez gero.

6. artikulua. Ebazteko eta jakinarazteko epea.

6.1. Organo eskuduna. Araudiaren araberako eskumen banaketari jarraikiz, ebazteko eskumena duen organoa alkatea da, beste baten esku uzten ahal badu ere.

6.2. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea 3 hilabete da, eskaera erregistroan sartu denetik, kontuan harturik epe hori eteten ahal dela interesdunari eskatzen bazaio bere eskaerako akatsak zuzentzeko edo agiriak ekartzeko. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe iragan ondoan, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jo ahalko du, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 25.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

6.3. Diru-laguntza emateko ebazpenak bukaera emanen dio administrazio bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 58. eta 59. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz jakinaraziko zaio eskatzaileari. Orobat, eskolako jantokia kudeatzeko ardura dutenei igorriko zaie.

7. artikulua. Laguntzen zenbatekoa eta ordainketa.

7.1. Laguntzaren zenbatekoa aterako da baremoa aplikaturik familia eskatzaile bakoitzari dagokion modulu ekonomikoari, honako hauen arabera: familia unitateko kideen kopurua, haren diru-sarrera guztiak, etxebizitzako gastua, eta prozesu edo erreklamazio judizial edo administratiboekin loturiko gastuak, betiere herriko Gizarte Zerbitzuen iritziz, familiaren ekonomiari murrizketa badakarkiote.

Dagokien modulu ekonomikoa bezainbateko edo gutxiagoko diru-sarrerak dituzten familiek gehieneko laguntzaren %100 jasoko dute. Dagokien modulu ekonomikoa baino %60 gehiagorainoko diru-sarrerak dituzten familiek lehentasun eta graduen taulan zehazten den bezala jasoko dituzte laguntzak.

Familiaren diru-sarrerak ehuneko hori baino gehiagokoak badira, ez dute diru-laguntzarik jasoko eskolako jantokia ordaintzeko.

PERTSONA KOPURUA

BERMATUTAKO ERRENTA
(euro)

GEHIKUNTZA
(euro)

MODULUA GUZTIRA
(euro)

DIRU-LAGUNTZAREN %100
(euro)

DIRU-LAGUNTZAREN %90
(euro)

DIRU-LAGUNTZAREN %80
(euro)

DIRU-LAGUNTZAREN %70
(euro)

DIRU-LAGUNTZAREN %60
(euro)

DIRU-LAGUNTZAREN %50
(euro)

DIRU-LAGUNTZAREN %40
(euro)

Betiere gainditzen ez bada

Betiere gainditzen ez bada

Betiere gainditzen ez bada

Betiere gainditzen ez bada

Betiere gainditzen ez bada

Betiere gainditzen ez bada

Betiere gainditzen ez bada

2

810

100

910

910

1.001

1.101,10

1.211,21

1.332,33

1.465,56

1.612,12

3

960

100

1.060

1.060

1.166

1.282,60

1.410,86

1.551,95

1.707,14

1.877,85

4

1.050

100

1.150

1.150

1.265

1.391,50

1.530,65

1.683,72

1.852,09

2.037,30

5

1.140

100

1.240

1.240

1.364

1.500,40

1.650,44

1.815,48

1.997,03

2.196,74

6

1.200

100

1.300

1.300

1.430

1.573

1.730,30

1.903,33

2.093,66

2.303,03

Familia unitatea: bere baitan biltzen ditu eskatzailea eta berarekin bizi direnak, baldin eta ezkontza bidezko edo antzeko harreman afektibo baten bidezko lotura badute, edo lehen gradurainoko odolkidetasunezko ahaideak badira.

Berregindako familien balorazioa:

a) Gurasoek ez badute familia unitate bat osatzen eta ez badute arautua haien seme-alaben inguruko neurriei dagokiena, biek aurkeztu beharko dituzte beraien diru-sarrera ekonomikoen datuak.

b) Kontuan hartuko da erroldaren araberako zuzenbidezko bizikideen kopurua, aplikatzekoa den baremoan.

Errenta bermatua: gizarteratzeari eta errenta bermatua jasotzeari buruzko azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legeak uneoro araututako zenbatekoei dagokie (223. NAO, 2016ko azaroaren 18koa). Familia-unitatearen kide kopuruaren arabera zehazten da, unitateak hilero dituen diru-sarrerak kontuan hartuta. Horrenbestez, 2017rako zenbateko hauek ezarri dira:

  • Kide 1: 600 euro.
  • 2 kide: 810 euro.
  • 3 kide: 960 euro.
  • 4 kide: 1.050 euro.
  • 5 kide: 1.140 euro.
  • 6 kide edo gehiago: 1.200 euro.

Gehikuntza: errenta bermatu gisa adierazitako aurreko zenbateko guztiei hasieran 100 euro gehituko zaie, familia-unitatearen gastu orokorrak ordaintzeko (ura, argia, zaborrak, jabekideen erkidegoak, etab.).

Abiaburu harturik Nafarroako Gobernuak familia-unitatearen kide kopuruaren arabera hilero finkaturiko errenta bermatua gehi 100 euro, tarte bakoitza % 10 gehituko da, aurreko tartearen gainean; horrela, familia-unitateak zenbat eta diru-sarrera gehiago izan, laguntza ehuneko txikiagoa aplikatuko zaie onarturiko jantoki kostuaren % 95aren gainean. Dagokien modulu ekonomikoa bezainbateko edo gutxiagoko diru-sarrerak dituzten familiek gehieneko laguntzaren %100 jasoko dute. Dagokien modulu ekonomikoa baino %60 gehiagorainoko diru-sarrerak dituzten familiek lehentasun eta graduen taulan zehazten den bezala jasoko dituzte laguntzak.

7.2. Familiaren errenta eta kasu bakoitzaren laguntza kalkulatzeko prozedura: familia unitatearen diru baliabideak ezartzeari dagokionez, halakotzat hartuko da hileko diru-sarrera guztien batura.

7.2.1. Diru-sarreren balorazioa:

–Laneko etekinen bidezko diru-sarrerak. Laneko etekinak dira elkarrekin bizi den familiaren (aita-ama, bikotekide, tutore, anai-arreba) norberaren kontura edo besteren konturako lanetik heldu diren diru-sarrera guztiak gehi sari eta pentsio aitortuak, diru publiko nahiz pribatuen kontura finantzatzen diren gizarte aurreikuspeneko araubideetan sailkatuak.

Kontatuko dira:

a) Diru-sarreren kontua egiteko batez besteko diru-sarrerak kalkulatuko dira azken 6 hilabeteetako batez besteko diru-sarrerak, betiere nominetatik, pentsioaren ziurtagiritik edo beste edozein diru sari edo diru iturritatik abiatuta. Diru-sarrera horietan beti kontatuko da 6 hilabete horietan jasotako aparteko ordainketa, baita denboraldi horretan era hainbanatuan jaso ez bada ere.

b) Gainera, enplegu egonkorra izanez gero, lanaren aldetik urtebeteko edo gehiagorako egonkortasuna duena, eskabidearen unean azken errenta aitorpena hartuko da kontuan (6 hilabeteri dagokien proportzioan). Dagokionetan, familia unitateko edozein kideren pentsio, sari edo nominetatik heldu diren diru-sarrerak kontuan hartuko dira, azken errenta aitorpenean sartu ez badira.

Kudeaketa errazte aldera, laguntza deialdi bakoitzean familia-unitateek aurkeztu beharreko eredu edo formulario jakin batzuk ezartzen ahalko dira, diru-sarrera konputagarriak justifikatze edo argitze aldera.

7.2.2. Diru baliabideen kontaketatik azken 6 hilabeteetako diru-sarrera hauek salbuetsiko dira:

a) Ardurapeko seme-alabak izateagatik (18 urtetik beherakoak) Gizarte Segurantzak ematen dituen sarien diru-sarrerak.

b) Helburu zehatz baterako laguntza ekonomikoak, halakotzat harturik larrialdietako laguntzak, etxebizitza erosteko edo alokairu sozialerako direnak, ikasketetarako bekak eta beste edozein, eman bada familia unitatearen premia zehatz bati aurre egiteko.

7.2.3. Salbuespeneko egoerak. Oinarri hauetan ezartzen denetik kanpora, familiako beste kasu batzuk ere aztertzen ahalko dira, faktore sozio-sanitario larriengatik edo aparteko inguruabarrengatik (kasuan kasuko udal teknikariek baloratuak) adingabeek eskolako lantokia behar badute, familiak bere gain har dezakeen ehunekoa aplikaturik. Egoera horiek behar bezala frogatu eta baloratuta egon beharko dute.

7.2.4. Familia-unitatearen azken 6 hilabeteetako diru-sarrera konputagarrietatik kendu ahalko dira etxebizitzaren hipotekarekin edo alokairuarekin loturiko egiazko gastuak, 500 euro-ko mugarekin.

Horretarako erantsi beharko dira azken 6 hilabeteetan kontzeptu horiengatik egiazki izaniko gastuak; zehazki, banku-ordainagiriak edo etxebizitza errentatzaileen aitorpenak aurkeztuko dira, eta gastu horien batez bestekoa kalkulatuko da denboraldi horretan, zenbaketa horri begira.

Halaber, prozesu edo erreklamazio judizial edo administratiboekin loturiko gastuak kendu ahal izanen dira familia-unitatearen azken 6 hilabeteetako diru-sarrera konputagarrietatik, baldin eta herriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek baloratu ondoren, familiaren ekonomian murrizketa eragiten badute, 250 euro-ko mugarekin.

Horretarako erantsi beharko dira kontzeptu horiengatik azken 6 hilabeteetan egiazki izaniko gastuak (batzuk edo besteak), familia-unitateko kideei zorrak ordainarazten dizkieten ebazpen judizialak edo administratiboak erantsita.

Kudeaketa errazte aldera, laguntza deialdi bakoitzean familia-unitateek aurkeztu beharreko eredu edo formulario jakin batzuk ezartzen ahalko dira, gastu kengarriak justifikatze edo argitze aldera.

7.2.5. Diru-sarrera konputagarrien ken gastu kengarrien arabera eta familia-unitatean zenbat kide diren kontuan hartuta, familia-unitate horrek dagokion laguntza-ehunekoa jasoko du % 100aren eta % 60aren artean onartutako jantoki-kostuaren % 95aren gainean.

7.3. Laguntzen zenbatekoa.

Ikastetxeetako jantokiko batez besteko kostuaren %95eko diru-laguntza emanen da gehienez, erreferentziatzat harturik ikasturtearen hasieran Burlatako ikastetxe guztiek aurkeztutako ikastokia/prezioa/hilabetekoa.

Bazkariaren kostua batez besteko kostua baino txikiagoa duten jatetxeetan, diru saria kostu errealean oinarriturik aplikatuko da.

Kontzeptu beragatik beste erakunde batzuengandik (Nafarroako Gobernua, enpresetako gizarte onurak, etab.) jasotakoaren osagarria izanen da arautzen den saria, gehienez ere ezarritako mugaraino.

7.4. Eskarien ebazpena eta laguntzen ordainketa.

Gizarte Zerbitzuek laguntza eskaerak bildu eta baloratuta, horien gaineko txostena eta ebazteko proposamena eginen zaio Tokiko Gobernu Batzarrari.

Adingabeek eskolako jantokian parte hartzen dutela egiaztatzen duten fakturak aurkeztu ondoan, laguntzak hiru hilean behin ordainduko zaizkie ikastetxeei, jantokiko arduradunek adierazten duten kontu zenbakiaren bidez. Dokumentazio hori Burlatako Gizarte Zerbitzuen Udal Zentroan aurkeztuko da, eta horrek, egiaztapena egin ondoan, Udalari igorriko dio, tramita eta ordain dadin aurrekontua betearazteko oinarrietan eta aplikatzeko den araudiaren gainerakoan aipatzen diren baldintza eta epeetan.

Laguntzen ordainketak behin-behinekoz ordainduko dira. Hori guztia kalte egin gabe Nafarroako Gobernutik edo beste erakunde publiko edo pribatuetatik egiazki jasotzen diren laguntzen araberako eta ikasturtea bukatzean ikasle bakoitzeko onartzen den gehieneko kostuaren araberako erregularizazioari, edo kalte egin gabe legeria orokorrean laguntza mota publiko horietarako ezarritako preskripzio epearen barruan finantzen kontrolerako egin daitezkeen egiaztapenei. Xede horietarako, interesdunek edonolako informazioa eman beharko dute jaso diren beste laguntza batzuei buruz, ikasleen datuak, eta haiekin loturiko gainerako dokumentazioa, Administrazio emaile honek edozein unetan eskatzen badie.

Eskabideen ebazpena interesdunei eta dagozkien ikastetxeei jakinaraziko zaie, organo eskudunak onetsi ondoan. Laguntza ekonomikoek ebazpenean zehazten den datatik aitzina izanen dute indarra.

Ikasturtean, diru-laguntza hartzen duten ikasleek jatetxean baja eginez gero edo maiztasunez ez agertuz gero, arduradunek horren berri emanen dute eta baliogabetuko da emandako laguntza.

Laguntzak kenduko dira eskolako jantokia erabiltzen ez bada bi astean edo 15 egunez tartekaturik, ikastetxean justifikatu gabe.

Aurreikuspenekin bat etorri ez bada laguntza hartzen duten adingabeak asteazkenetan eta ekain eta irailetan jantokira joatea, jantokiko arduradunak ziurtagiri bat luzatu beharko du behar diren aldaketekin, eta halakorik bada, diru-laguntzaren zati bat itzuliko da. Halaber, jantokiaren arduradunak data horietan joatea baieztatzen duen dokumentazioa igorri beharko du.

Diru-laguntzak emanen dira baldin eta urte bakoitzean indarra duen aurrekontuan krediturik eskura badago.

Jantokien arduradunek aurkeztu beharreko dokumentazioa, eskolako jantokiaren fitxa teknikoan sartuko dena:

1.–Eskola egutegia.

2.–Banku-kontuaren zenbakia.

3.–Jantokiko zerbitzura joateko egunak/hilabetea eta hilabeteak.

4.–Jantokiaren prezioa/k.

8. artikulua. Laguntzen kontrola eta aplikazioa.

8.1. Kontrolaren araubidea. Diru-laguntzak baliogabetu ahalko dira baldin eta frogatzen bada:

a) Haien zenbatekoa ez dela erabili eman zirenerako.

b) Baldintzetariko bat edo batzuk betetzen ez dituzten ikasleei eman zaiela, edo ez dituztela behar bezala egiaztatu.

Hala behar badu, dirua itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan xedatzen denarekin bat.

Burlatako Udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuek beretako hartuko dituzte eskaeren espedienteen gainean ikuskapena egiteko eginkizuna, legeria aplikagarrian aurreikusten diren neurriak hartzeaz aparte zantzuak daudelarik laguntzen lorpena, xedea edo justifikazioa modu ez zuzenean egin dela.

Aplikatu beharko da finantza kontrolerako prozedura, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 49. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusia.

8.2. Justifikazioa. Laguntzak justifikatzeko, eskolako jantokiaren arduradunek ziurtagiria eginen dute haien onura hartzen duten ikasleek jantoki zerbitzuak erabiltzearen gainean. Ziurtagiri hori baitezpadako baldintza izanen da ordaintzeko. Hartan aipatu beharko da ikasleak huts egin duen aldien zerrenda, eta espresuki adierazi behar dira hurrenez hurreneko 2 aste edo 15 egun tartekaturik baino gehiago direnean, ikastetxean justifikatu gabe.

8.3. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen eta entitate laguntzaileen betebeharrak Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 15. artikuluetan ezarrita daude. Burlatako Udalak, legezko prozedura bidezkoen bidez, behar diren frogapenak egiten ahalko ditu emandako laguntzen xedeari eta aplikazioari buruz.

9. artikulua. Indarraldia eta xedapen osagarriak.

Oinarri hauek indarra izanen dute harik eta organo eskudunak, legeak ezarritako prozedurarekin bat, aldatu edo baliogabetu arte. Urtero, Udalak ofizioz eginen du ikasturtea hasten den urteko LGSaren datuen erreferentziako taula ekonomikoaren transposizioa, behar diren datu ekonomikoak erdietsi beharrez.

Urtero, Alkatetzaren Ebazpenaren bitartez, behar den erabakia hartuko da, ikasturte bakoitzeko deialdiaren hasiera onesteko eta, gisa hartara, eskolako jantokirako ikasturte bakoitzean onartzen den gehieneko laguntza finkatzeko.

10. artikulua. Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen kontra, baita hura betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen kontra ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, hautara:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina. Aitzinetik, eta hautara, berraztertzeko errekurtsoa ezar daiteke, hura eman zuen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Edo bestela, beste edozein, interesdunei bidezko iruditzen bazaie hura jartzea.

11. artikulua. Onarpena eta interpretazioa.

1. Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar haren arauak onartzea.

2. Udalari dagokio deialdi honen oinarrien interpretazioa.

3. Onuradunek ez badituzte betetzen deialdiaren arau partikular hauetan ezarritako betebehar edo baldintzak, diru-laguntzari uko egin diotela ulertuko da eta diru-laguntza ofizioz baliogabetu ahal izanen da.

12. artikulua. Publizitatea.

Oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Oinarri hauei behar bezalako publizitatea emanen zaie, izan litezkeen onuradunek haren berri izateko biderik egokiena erabiliz. Publizitatea egiteko baliabide osagarriak erabiltzen ahalko dira, hala nola Udalaren web orria, baita Burlatako Gizarte Zerbitzuen Udal Zentroaren iragarki oholak ere.

13. artikulua. Datuen babesa.

1. DBLOren 5. artikuluaren arabera, jakinaren gainean daude eskaeran erregistratu datu pertsonalak Datuak Babesteko Espainiako Agentzian inskribatua dagoen eta Burlatako Udalaren ardurapekoa den fitxategi batean sartuko direla, oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatu beharrez. Eskatzen diren datu guztiak beharrezkoak dira diru-laguntza eskaerari erantzuteko, eta deialdira aurkezteak berez dakar baimena ematea horiek eskuratzeko eta aztertzeko eta horien gaineko agiriak luzatzeko. Burlatako Udalari zuzendurik erabil daitezke datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak.

2. Bertzalde, Burlatako Udalari baimena ematen zaio fitxategi automatizatuetan sartzen diren datu pertsonal, ekonomiko eta sozialak beste xede batzuetarako, hala nola estatistiketarako edo ikerketa zientifikorako, erabiltzeko, datu pertsonalak babestearen gaineko arloan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: L1707501