121. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, diruzain lanpostuan (A maila/taldearekin parekatuan) aritzeko izangaien bi zerrenda oposizio-lehiaketa bidez eratzeko, bata prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko eta bestea
aldi baterako kontratuak egiteko

Alkatetzaren ekainaren 8ko 1001/2017 Ebazpenaren bitartez, deialdia eta oinarriak onetsi ziren diruzain lanpostuan (A maila/taldearekin parekatuan) aritzeko izangaien bi zerrenda oposizio-lehiaketa bidez osatzeko, bata prestakuntzarako eta bestea aldi baterako kontratuarekin aritzeko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren, zerrendak eratu eta ondoko bi urteetan.

Oposizio hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta ondoko oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

I.–Deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriak

1.–Izaera: prestakuntzarako zerbitzu berezietan arituko diren langileak/aldi baterako kontrataturik arituko diren langileak.

2.–Izena: diruzaina (A maila/taldearekin parekatua).

3.–Kokapena egitura organikoan: Ekonomiaren eta Ogasunaren Alorra (Diruzaintza).

4.–Laneko baldintzak:

Lan eta enplegu baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez badira, eta udal honi dagokionez, Tuterako Udaleko funtzionarioen eta lan-kontratudun finko nahiz aldi baterakoen lan baldintzen gainean indarra duen egungo akordioan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraituz.

Diruzain bati dagozkion eginkizunak beteko ditu, eta toki entitateko funtsak, baloreak eta efektuak maneiatu eta zaintzeaz arduratuko da, baita Udaleko zerga kudeaketa zuzendu eta sustatzeaz ere.

Diruzaintzaren funtzionamendu egokiaz arduratuko da, kasu bakoitzean indarra duen legediak ezarritako eginkizun eta betebeharrei jarraikiz.

II.–Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuko diruzain gisa
prestakuntzan aritzeko izangaien zerrenda eratzeko

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da diruzain lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat oposizio-lehiaketa bitartez eratzea, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Tuterako Udalaren, Ur Batzordea erakunde autonomoaren edo Castel-Ruiz enpresa-entitate publikoaren zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C, D edo E mailakoa.

B) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

C) Ikasketa titulu hauetakoren bat edukitzea, edo bakoitzari dagokion gradu-titulua, edo balio berekotzat jotzen den beste titulu bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotea (hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina aurkeztuz):

–Zuzenbideko lizentzia.

–Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentzia.

–Ekonomiako lizentzia.

–Aktuariotza eta Finantza Zientzietako lizentzia edo Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentzia.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

2.2. Oinarri honen 2.1.C) atalean eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute hautatzen diren izangaiek, horretarako ezartzen zaien unean.

Agiria horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe, salbu behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan.

2.3. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta aldi baterako lanpostuak iraun bitartean ere.

3.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

Hautaprobak gauzatuko dira Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat, IV. atalean zehazten baitira.

4.–Prestakuntzako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

Hautatutako izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dituzte, Osoko Bilkurak hartutako erabakian ezarritakoari jarraituz, bai eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoari jarraituz ere.

III.–Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuan diruzainaren lanpostuan
aldi baterako kontratuarekin aritzeko zerrenda eratzeko

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da aldi baterako kontratazioaren bitartez diruzainaren lanpostuan aritzeko zerrenda bat eratzea, oposizio-lehiaketa bidez, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzuteko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Espainiako edo Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera Europako Erkidegoa eratzeko Itunean zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea.

Espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek ere hartzen ahalko dute parte, zuzenbidez bereiziak ez badaude, baita haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bereiziak ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beheitikoak badira edo, adin horretatik goitikoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

C) Ikasketa titulu hauetakoren bat edukitzea, edo bakoitzari dagokion gradu-titulua, edo balio berekotzat jotzen den beste titulu bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotea (hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina):

–Zuzenbideko lizentzia.

–Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentzia.

–Ekonomiako lizentzia.

–Zientzia Aktuarial eta Finantzarioetako lizentzia edo Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentzia.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

D) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

E) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.3. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Egiaztagiriak kopia konpultsatuen bidezkoak izanen dira.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

2.4. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

Hautaprobak gauzatuko dira Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat, IV. atalean zehazten baitira.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia ere.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak horri buruz araututakoari jarraituz, haren bitartez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari jarraituz ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

IV.–Bi deialdietarako arauak.

1.–Eskabideak.

1.1. Deialdiko hautapen prozesuan parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja, 1 edo Escos Catalán kalea, 1) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epean. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

1.2. Eskabideak aurkeztuko dira deialdi honen IV. eranskineko ereduari jarraituz, aldi baterako kontratazioetarako izangaien kasuan, eta V. eranskineko ereduari jarraituz, berriz, prestakuntzarako zerbitzu berezietan ari diren izangaien kasuan. Ereduak HLZ-Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskuratzen ahalko dira (Plaza Vieja, 1) edo Escós Catalán kaleko 1 zenbakiko bulegoetan, bai eta internet bidez ere, www.tudela.es helbidean.

Haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

1.3. Behar bezala betetako eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren bat.

–Eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

1.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbalioa duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

1.5. Eskabidearekin batera, alegatzen diren merezimendu guztien zerrenda eta haien egiaztagirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, 4. oinarrian ezartzen denari jarraikiz.

1.6. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.7. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

2.–Izangaien onarpena.

2.1. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkatea udalburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Herriko Etxeko iragarkien oholean (Plaza Vieja, 1) eta Udalaren www.tudela.es web-orrian argitara dadila aginduko du. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen zaizkio akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da aipatutako tokietan eta baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen zerrenda behin betiko zerrenda gisa.

2.2. Onartuen eta baztertuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Dei egiten zaienean izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.–Kalifikazio-epaimahaia.

3.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Eneko Larrarte Huguet (Tuterako Udaleko alkate udalburua).

Ordezko epaimahaiburua: José Ángel Andrés Gutiérrez (Tuterako Udaleko zinegotzia).

Mahaikidea: Victor García Sánchez (Tuterako Udaleko diruzaina).

Ordezko epaimahaikidea: Juan Manuel Pérez Clemente (Tuterako Udalaren Ur Batzordeko administratzailea).

Mahaikidea: José Antonio Huguet Madurga (Tuterako Udalaren aholkulari juridikoa).

Ordezko epaimahaikidea: Juan Ruiz Ayensa (Tuterako Udalaren kontu-hartzailea).

Mahaikidea: (Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria).

Ordezko epaimahaikidea: (Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria).

Mahaikide-idazkaria: Miguel Chivite Sesma (Tuterako Udaleko idazkaria).

Ordezko idazkaria: Íñigo Torrents Lizar (zuzenbideko lizentziaduna).

3.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta organo dei egileari hala adierazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

3.3. Epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, probak egiteko eguna, ordua eta tokia finkatuko ditu eta argitara emanen, behar den denboraz.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

3.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

3.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen sistema: Oposizio-lehiaketa.

4.1. Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdi hauetako hautapen prozesua bi urratsetan gauzatuko da hurrenez hurren, lehenbizi lehiaketaldia, eta, bigarrenez, oposizioaldia:

4.1.1. Lehiaketaldia:

4.1.1.1. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean, 1.5 oinarriak dioen bezala, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Bestela, ez dira kontuan hartuko.

4.1.1.2. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

4.1.1.3. Aipatu baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia izan beharko dute agiriek. Ez dira kontatuko arrazoitzen ez diren merezimenduak. Oroitarazten da ezen, II. eranskinean ezarri bezala, merezimenduak baloratzeko (administrazio publikoetan emandako zerbitzuak), aurkeztu beharko dela, lan egindako denboraren ziurtagiriaz gain, beste ziurtagiri bat, non zehaztuko baita zer lanpostu bete den eta zer eginkizun bete diren.

Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu epaimahaiak, edozein unetan.

4.1.1.4. Lehiaketaldiak 25 puntuko balorazioa izanen du, gehienez ere. Deialdiaren II. eranskinari jarraikiz banatuko dira puntuak, atal honetan:

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 25 puntu gehienez.

4.1.1.5. Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan ikusi uste dituen merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

4.1.1.6. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen.

4.1.1.7. Merezimenduen balorazioa egindakoan, epaimahaiak emaitzak Herriko Etxeko iragarki oholean jarriko ditu ikusgai, eta Interneten, www.tudela.es helbidean, “Lan eskaintza” atalean.

4.1.2. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

–Lehenbiziko ariketa: teorikoa eta praktikoa. Deialdiko III. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 30 galdera idatziz erantzutea. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. Okerrak zehatu eginen dira.

Lehenbiziko ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere bi ordu izanen dituzte.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Epaimahaiak proposatutako kasu bat edo zenbait ebaztea, deialdiko III. eranskineko gai zerrendako arloez.

Bigarren ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 4 ordu izanen dituzte.

4.1.2.1. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

Lehenbiziko ariketa: gehienez ere 30 puntu.

Bigarren ariketa: gehienez ere 70 puntu.

4.1.2.2. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gutxienez gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

4.1.2.3. Lehenbiziko eta bigarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira, salbu epaimahaiak erabakitzen badu, bigarren ariketan, egin ondoren jendaurrean irakur dadila.

4.1.2.4. Epaimahaiak erabakitzen ahal du lehenbiziko eta bigarren ariketak saio bakarrean egitea. Hala izanez gero, bi ariketak batera eginen dira eta lehenbizi test motako zatia zuzenduko da eta, bigarrenik, test motako ariketa gainditu dutenei dagokien kasu praktikoen zatia. Ez da pliketako kasu praktikoen zatia zuzenduko ez bada test motako zatia gainditu.

4.1.2.5. Lehen ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Herriko Etxeko iragarki oholean eta udal webgunean, kalifikazioen zerrenda eta atxikitako plika zenbakia, eta adieraziko da plikak noiz eta non zabalduko diren jendaurrean (eguna, ordua eta tokia). Hori egiten denean, izangaien zerrenda argitaratuko da, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioko hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago, salbuetsita aurreko atalean adierazitakoa (4.1.2.4) eta plikak irekiko dira lehen esandako moduan. Zerrenda www.tudela.es helbidean ere kontsultatzen ahalko da, “Lan eskaintza” izeneko atalean, deialdiaren aipamenean.

4.1.2.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bertzenaz, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen bertze nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.1.2.7. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

4.1.2.8. Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da bi ariketetako puntuazioak baturik.

5.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Herriko Etxeko iragarki oholean, udal webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bereizirik:

–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioaren araberakoa, hautaproben eta lehiaketaldiaren emaitzak baturik.

–Prestakuntzan aritzeko izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioaren araberakoa, hautaproben eta lehiaketaldiaren emaitzak baturik.

5.2. Zerrenda bakoitzean, probak gainditu dituzten izangaien artean puntu berdinketarik izanez gero, Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuraren erabakian araututako irizpidearen arabera ebatziko dira (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), hau da, probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioa gailenduko da eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoaren bitartez ebatziko da afera.

5.3. Ondotik, epaimahaiak Alkatetzari igorriko dizkio hautaprobak gainditu dituzten izangaien bi zerrendak –aldi baterako kontratazioak egitekoa eta prestakuntzakoa–, lanean hasteko deia egin dezan, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera.

7.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, baita bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka ere, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Oharra: deialdi honetan eta haren eranskinetan egiten diren aipamenetan, genero maskulinoaren forma erabiltzen denean, gizonezkoei eta emakumezkoei aplikatu behar zaizkiela ulertu behar da.

Tuteran, 2017ko ekainaren 8an.–Alkate udalburua, sinadura ulertezina.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa – (lehiaketaldia)

–Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak.

–Administrazio publikoetan diruzain edo kontu-hartzaile (A maila) lanpostuetan emandako zerbitzuak: 2 puntu, urte bakoitzeko.

–Administrazio publikoetan, diruzain edo kontu-hartzaile (B maila) lanpostuetan emandako zerbitzuak: 1,5 puntu, urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 25 puntu izanen da.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Udal antolamendua. Beharrezkoak diren organoak: alkatea, alkateordeak, osoko bilkura eta tokiko gobernu batzarra. Organo osagarriak: informazio batzordeak eta beste organo batzuk. Tuterako Udalaren Erregelamendu Organikoa.

2. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak. Prozeduraren hastapena: motak, eskaeren zuzenketa eta hobekuntza. Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea. Baldintzak eta epeak. Ebazpena eman beharra. Berariazko ebazpenaren edukia: kongruentzia-printzipioa, hasierako egoera ez okertzeko printzipioa. Berariazko ebazpenik eza: administrazioaren isiltasunaren araubidea. Atzera egitea eta uko egitea. Iraungitzea.

3. gaia.–Errekurtso administratiboak. Berraztertzeko errekurtsoa eta gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.

4. gaia.–Kontratazio administratiboa Nafarroan. Lizitaziorako eta betebeharrak betetzeko bermeak eratzea. Bermeak konfiskatzea. Ordaintzeko epea eta berandutze-interesak. Kobratzeko eskubideak eskualdatzea.

5. gaia.–uztailaren 5eko 15/2010 Legea, 3/2004 Legea aldatzekoa. Horren bidez, merkataritza eragiketetan berankortasuna eragozteko neurriak ezarri ziren. Ordaintzeko legezko epea. Legean aurreikusitako epeak betetzeari buruzko hiru hileko txostenak. 635/2014 Errege Dekretua, uztailaren 25ekoa, herri-administrazioen hornitzaileei ordaintzeko batez besteko aldia kalkulatzeko metodologia garatzen duena.

6. gaia.–Toki Entitateen aurrekontu orokorra: kontzeptua, edukia eta onespena. Aldaketak aurrekontuan. Aurrekontua betearazteko faseak. Aurrekontua betearazteko oinarriak, aipamen berezia Tuterako Udalarenei.

7. gaia.–Toki entitateen diruzaintza. Araubide juridikoa. Kutxaren batasunaren printzipioa. Diruzaintzaren eginkizunak. Antolaketa. Funtsen egoera: kutxa eta banku-kontuak. Ordainketak egitea: ordaintzeko lehentasuna, prozedurak eta moduak. Ordaintzeko epeak betetzea. Berdinkatzeko egoera-orria.

8. gaia.–Finantzen plangintza. Diruzaintzako plana eta funtsak erabiltzeko plana. Diruzaintzaren soberakinak errentagarri bihurtzea. Diruzaintzako eragiketak. Interes tasen arriskua.

9. gaia.–Tokiko kreditua. Kreditu eragiketen motak. Kontratuen izaera juridikoa: tramitazioa. Epe luzeko kreditu eragiketak: helburua eta iraupena, gaitasuna, eragiketen kontzertaziorako mugak eta betekizunak. Epe laburreko kreditu eragiketak: betekizunak eta baldintzak. Zorpetze eragiketei aplikatu dakiekeen finantza-zuhurtasunaren printzipioa.

10. gaia.–Finantza-matematikak. Kapitalizazioa eta deskontu sinpleak eta konposatuak. Errenta iraunkorrak, aldakorrak eta zatituak. Maileguak eta jesapenak.

11. gaia.–Nafarroako toki ogasunen baliabideak. Baliabide motak. Ordainarazpen guztiendako xedapenak. Herri-lurretako aprobetxamenduak. Prezio publikoak. Isunak: trafiko arau-hausteengatiko isunak, epeak eta deskontuak haiek kobratzerakoan.

12. gaia.–Nafarroako toki ogasunen tributuak. Xedapen orokorrak. Ezarpena eta ordenazioa. Likidazioa. Diru-bilketa. Tasak eta ordenantza fiskalak.

13. gaia.–Nafarroako Toki Ogasunen zergak. Xedapen komunak. Lur-ondasunen gaineko kontribuzioa. Jarduera ekonomikoen gaineko zerga. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga. Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga. Hirilurren balio igoeraren gaineko zerga.

14. gaia.–Zergapekoak. Subjektu pasiboa. Ordezkoa. Arduradunak. Atxikitako ondasunen oinordekoak eta eskuratzaileak. Erantzukizuna deribatzeko espedienteak atxikitako ondasunak eskuratzeagatik.

15. gaia.–Diru-bilketa Nafarroako toki entitateetan. Borondatezko eta betearazteko epeak. Tributu zorren sailkapena. Ordaintzeko epeak. Ordaintzeko bideak. Ordainketaren geroratzea eta zatikatzea. Horiek arautzea orokorrean eta Tuterako Udalaren aurrekontua betearazteko oinarrietan. Okerreko diru-sarreren itzulera.

16. gaia.–Premiamendu bidezko diru-bilketaren prozedura (I). Epe exekutiboaren eta premiamendu-prozeduraren hastapena. Premiamendu-probidentzia. Interesak eta errekarguak. Diru-sarrera egiteko epeak. Aurkaratzeko arrazoiak. Prozeduraren bukaera.

17. gaia.–Premiamendu bidezko diru-bilketaren prozedura (II). Ondasunak enbargatzea.

18. gaia.–Konkurtso-prozedura. Konkurtso deklarazioaren autoa. Ondorioak hartzekodunengan, kredituetan eta kontratuetan. Masa aktiboa. Masa pasiboa eta masaren kontrako kredituak: sailkapena eta ordainketa. Hitzarmena: edukia eta ondorioak.

19. gaia.–Zorra iraungitzeko beste bide batzuk. Preskripzioa. Konpentsazioa. Kaudimengabezia. Kobraezinak.

20. gaia.–Diru-bilketarako banku-prozedura normalizatuak. Espainiako Banku Elkartearen 60. eta 63. arauak edo kaierak.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

IV. ERANSKINA

Aldi baterako kontrataziorako izangaiak (PDFa).

V. ERANSKINA

Prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran jarduteko izangaiak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1707210