Iragarkia
121. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
237/2017 EBAZPENA, ekainaren 6koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, toki entitateentzako diru-laguntzen deialdia onesten duena Tokiko Agenda 21eko inbertsio proiektuak gauzatzeko 2017an.
Tokiko Agenda 21 udalerri baten edo udalerri batasun baten plangintza estrategikoaren prozesu bat da, haren garapena jasangarritasun ekonomikora, sozialera eta ingurumenekora bideratu nahi duena, helburuak udal agintarien eta herritarren arteko akordioaren bitartez zehaztuta.
Nafarroako Gobernuak 1998an uste izan zuen bazirela baldintzak tokiko garapena berritzen duten helburuak finkatzeko, jasangarritasunaren printzipioak aintzat hartuta eta, horrenbestez, Tokiko Agenda 21eko proiektuak sustatu zituen, osoko bilkuran Aalborgeko Karta eta Konpromisoak onetsi zituzten toki entitateen Ekintza eta Jarraipen Planak ezarrita eta Jasangarritasunaren gaineko Auditoriaren faseak finantzatuta.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren ustez, beharrezkoa da Tokiko Agenda 21eko prozesuak bultzatzea toki entitateei diru-laguntzak emanez ingurumen proiektuetarako. Xede horrekin, bi partida hornitu dira 2017ko Gastuen Aurrekontuetan: bata, gastu arruntetarako transferentziena, 40.000 eurokoa, eta bestea, inbertsioetarako transferentziena, 60.000 euroko kredituarekin, hasteko.
Halere, diru-laguntza hauen 2016ko deialdia ez zen ekitaldi hartan bukatu. Deialdia Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 28an emandako 802/2016 Ebazpenaren bidez onetsi eta 2016ko 218. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 11n. Zehazki, eskaerak aurkezteko eta diru-laguntzak onartzeko eta ordaintzeko epe estuak zirela eta, ezin izan zen 2016ko ekitaldian gastu hori konprometitu eta ordaindu. Horrenbestez, bidezkoa da 2017an diru-laguntza horiek onartu eta ordaintzea.
Horretarako, urriaren 28ko 802/2016 Ebazpenean emandako epea aldatu da, gastuen eta ordainketen frogagiriak aurkeztekoa, behin onuradunei diru-laguntzen onarpena jakinarazi ondoren.
Azaldutako arrazoi horregatik, gastu arruntetarako transferentzietarako partida, 2017koa, 40.000 eurokoa, osorik gastatuko da 2016ko espedienteekin, eta besteak, 2017an inbertsioetarako transferentziak egiteko xedea duenak eta 60.000 euroko kreditua hasteko, 14.443,07 euro izanen ditu erabilgarri, 45.556,93 euro baimendu direlako 2016ko espedienteetarako. Azken horretan, saldo erabilgarria handitu da aurrekontu doikuntza bat eginez, 46.000 eurokoa, guztira 60.443,07 euro egiteko.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak 45. artikuluan aipatzen du Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalaren eskumen eremua. Besteak beste, Tokiko Agenda 21eko Toki Ekintzako Planak garatzeko laguntza ematea eta Nafarroako Toki Entitateen Jasangarritasunerako Sareko (NELS sarea) idazkaritza eramatea.
Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39. artikuluaren ondorioz, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari agindu dio aipatu diru-laguntzen kudeaketa, uztailaren 26ko 265/2016 Foru Aginduaren bidez.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Toki entitateentzako diru-laguntzen deialdia onestea, Tokiko Agenda 21eko inbertsio proiektuak ezartzeko 2017an.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinetan jasotzen direnak, onestea.
3. 60.443,07 euroko gastua baimentzea, 2017ko gastuen aurrekontuetako “Toki Entitateentzako diru-laguntza, ingurumen proiektuetarako” izeneko 740007 74700 7609 456200 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko kapital transferentzietatik heldu diren gastu konpromisoak betetzeko.
4. Deialdi hauek Diru-laguntzen Datu Base Nazionalera bidaltzea, Diru-Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2017ko ekainaren 6an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
ERANSKINAK
1. ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria.–Xedea.
Oinarri hauen xedea da toki entitateek Tokiko Agenda 21eko Tokiko Ekintzako planetan jasotako proiektuak edo ekintzak 2017ko ekitaldian gauzatzea sustatzeko laguntzen araubidea ezartzea.
2. oinarria.–Diruz lagungarriak diren proiektuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.
1. Proiektu hauek jaso dezakete diru-laguntza, betiere 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko azaroaren 15era bitarte, biak barne, sortu eta pagatu badira:
a) Ibilgetu material edo inmaterialean egindako inbertsioak izatea, inbertsioarekin lotutako azterlanak edo proiektuak barne.
b) Tokiko Agenda 21eko Tokiko Ekintzan Planean aurreikusita egotea. Beharrezkoa da plan hori aurretik toki entitatearen organo eskudunaren erabaki baten bidez onetsia izatea.
2. Kanpoko enpresei kontratatutako gastuak nahiz toki entitateko langileen gastuak aurkezten ahalko dira, betiere proiekturako kontratatuak badira eta horretan baizik ez badira aritzen.
3. Toki Agenda 21 bakoitzeko proiektu bakarra diruz lagunduko da. Laguntza proiektu baterako baino gehiagorako eskatuz gero, bakarrik aurrena aurkeztutakoa hartuko da kontuan.
4. Proiektu edo ekintza bakoitzerako diru-laguntzaren zenbatekoa Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak onartutako aurrekontuaren %70ekoa izanen da, eta proiektu edo ekintza bakoitzari 10.000 euroko diru-laguntza emanen zaio gehienez.
3. oinarria.–Onuradunak.
Onuraduna izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte eskatzaileek:
a) Tokiko Agenda 21 organo eskudunak, udalekoak edo udalez gaindikoak, hartutako erabakiaren bidez onetsia duten Nafarroako Foru Komunitateko toki entitate bat izatea.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Mankomunitateen kasuan, onuradun izan daitezke laguntza eskatzen dutenean zeinek bere Tokiko Agenda 21 onetsian sartuta dituen udalez gaindiko proiektuak burutzeko.
4. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.
1. Eskaera Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalera zuzenduko da, alkateak edo toki korporazioko buruak izenpetuta.
2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
3. Eskaera Landa Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan aurkeztuko da (González Tablas, 9, 31005 Iruña), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan.
4. Eskaera horretarako prestatutako eredu baten bidez eginen da; www.navarra.es web orrian eskuratu daiteke, zerbitzuen katalogoaren atalean, eta dokumentazio hau erantsi beharko zaio:
–Diru-laguntza zer proiektu edo ekintzatarako eskatzen den, horren memoria teknikoa, gutxienez ere, alderdi hauek jasotzen dituena:
I.–Egin nahi diren jardueren deskribapena.
II.–Proiektuaren aurrekontua eta gauzatzeko epeak.
III.–Proiektuaren helburu orokorrak, bete nahi diren xedeak, neurtzeko modukoak, eta zer epetan lortu nahi diren.
IV.–Proiektuaren adierazleak, eta, Tokiko Agenda 21eko toki jasangarritasunaren adierazleak oinarri hartuta, haietako zeinetan duen eragina proiektuak, eta zer toki duten Aalborgeko konpromisoetan.
V.–Proiektuari aurreikusten zaion eragina, azpiatalez azpiatal:
- Onura ekonomikoa.
- Onura soziala.
- Ingurumen onura.
- Izaera estrategikoa, eredugarria eta toki kudeaketa jasangarrirako transferitzeko modukoa.
VI.–Proiektuak lurralde jasangarritasunari eta bere irismeneko eremuari egiten dion ekarpena, udalerriei, udal batasunei, baldin badaude, eta biztanleei begiratuta.
–Jasangarritasun txostena, azken bi urteetan egindakoa baldin badago, bertan islatuta toki ekintzako planean jasotako proiektuen egoera, eguneraketa edo berrikuspena. Herritarren foro batek ontzat eman eta/edo kasuan kasuko organo politikoak onetsi badu, horren dokumentazioa ere aurkeztuko da.
–Toki Ekintzako Plana toki entitateko organo eskudunaren erabakiaren bidez onetsi izana frogatzen duen agiria.
–Erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen direla dioena, 2. eranskineko ereduaren arabera.
–Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo haiek kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik eta sinaturik.
5. Eskaera harturik, oinarri hauetan eskatzen den dokumentazio guztia erantsi ote den egiaztatuko da. Hala ez bada, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita bost egun naturaleko epean, eta adieraziko zaio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
5. oinarria.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.
1. Deialdi honen xedeko diru-laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.
2. Proiektuek eta ekintzek hurrengo multzo hauetako batean sartuta egon beharko dute:
a) Ibai ondoko bideak.
b) Paisaia lehengoratzeko jarduketak.
c) Ur sareen eragimena (kontrolgailuak eta kontagailuak).
d) Hurbileko kontsumoa.
e) Aurrezki eta eragimen irizpideak baliabideen kontsumoan, eta hondakinak ahalik eta gehien murriztea.
f) Balioa ematea naturaguneei eta hiri-espazioen naturalizazioa.
g) Tokiko ekonomia jasangarria.
h) Mugigarritasun jasangarria eta irisgarritasuna.
i) Gizarte integrazioaren kohesioa: gutxiengoen integrazioa bultzatzen duten ekintzak, gizarte berdintasuna, gizartetik baztertuak izateko arriskuan daudenak kontratatzea, genero berdintasuna, eta abar.
j) Kutsadura akustikoari aurrea hartu eta zuzentzea.
k) Diru-laguntzen xedearekin lotutako beste proiektu batzuk, jasangarritasunaren aldekoak izanik, aurreko ataletan sartu ez direnak.
3. Proiektu edo ekintza bakoitzari 0 puntutik 100era bitarteko puntuazio orokorra emanen zaio, ondoko irizpide hauen arabera:
a) Oinarri honen 2. ataleko multzoen arabera: 30 puntu gehienez.
–30 puntu: a multzoko proiektuak edo ekintzak.
–27 puntu: b multzoko proiektuak edo ekintzak.
–24 puntu: c multzoko proiektuak edo ekintzak.
–21 puntu: d multzoko proiektuak edo ekintzak.
–18 puntu: e multzoko proiektuak edo ekintzak.
–15 puntu: f multzoko proiektuak edo ekintzak.
–12 puntu: g multzoko proiektuak edo ekintzak.
–10 puntu: h multzoko proiektuak edo ekintzak.
–8 puntu: i multzoko proiektuak edo ekintzak.
–6 puntu: j multzoko proiektuak edo ekintzak.
–4 puntu: k multzoko proiektuak edo ekintzak.
Proiektu bat multzo batean baino gehiagotan sartuta badago, eskala honen arabera balorazio altuena duenaren araberako puntuazioa emanen zaio.
b) Proiektuari aurreikusten zaion eragina eta haren ezaugarriak: 50 puntu gehienez ere.
Azpiatal bakoitzean ez da punturik emanen eraginik ez dagoenean; puntu bat, eragina apala denean; bi puntu eragina altua denean; eta, azkenik, hiru puntu, azpiatal horretarako aurkeztutako eraginik handienari.
–Onura ekonomikoa:
1. Ondare publikoaren hobekuntza.
2. Aurrezki ekonomikoa.
3. Tokiko ekonomiarako onura.
4. Lanpostuak sortzea.
–Onura soziala.
5. Generoari laguntzea.
6. Gutxiengoei laguntzea.
7. Ekonomikoki ahulagoak diren gizataldeei laguntzea.
8. Gizatalde ahulei laguntzea: desgaitasuna, egoera juridiko-penala.
–Ingurumen arloko onura:
9. Energiaren kudeaketan.
10. Hondakinen kudeaketan.
11. Mugikortasunaren kudeaketan.
12. Uraren kudeaketan.
–Proiektuaren gaitasun eraldatzailea:
13. Beste herri batzuetara aldatzeko moduko proiektua.
14. Proiektu eredugarria.
15. Espazio andeatuak lehengoratzea.
–Herritarren inplikazioa:
16. Pertsonen banakako inplikazioa.
17. Publikoak ez diren entitateen inplikazioa.
c) Lurralde jasangarritasunerako ekarpena eta batasun mota: 15 puntu gehienez.
–11tik 15 puntura bitarte: udalez gaindiko proiektuak edo ekintzak, mankomunitateetan edo beste toki entitate batzuetan, lurralde jasangarritasunari egindako ekarpenaren arabera.
- 11 puntu, ekarpena txikia bada.
- 13 puntu, ekarpena ertaina bada.
- 15 puntu, ekarpena handia bada.
–6tik 10 puntura bitarte: lurraldeari dagokionez elkartuta egon gabe, proiektu bateratua duten udalerrien proiektuak edo ekintzak, lurralde jasangarritasunari egindako ekarpenaren arabera.
- 6 puntu, ekarpena txikia bada.
- 8 puntu, ekarpena ertaina bada.
- 10 puntu, ekarpena handia bada.
–Puntu 1etik 5 puntura bitarte: gainerako proiektu edo ekintzak, lurralde jasangarritasunari egindako ekarpenaren arabera.
- 1 puntu, ekarpena txikia bada.
- 3 puntu, ekarpena ertaina bada.
- 5 puntu, ekarpena handia bada.
d) Proiektuaren eremuaren neurria: 5 puntu gehienez.
–5 puntu: udalerria, kontzejua edo gauzatzeko tokia, biztanle kopurua 7.000tik beherakoa denean.
–0 puntu: beste kasu batean.
4. Puntuazio osoetan berdinketarik balego, lehentasuna izanen luke a) ataleko irizpidean puntuazio altuena duen proiektuak, eta berriro berdinduz gero, b) atalekoa, eta horrela, hurrenez hurren, alfabetikoki, berdinketa hautsi arte.
5. Ez dira diruz lagungarriak izanen deialdi honetan finkatutako multzoetatik kanpo gelditzen diren proiektuak, ez eta 40 puntu baino gutxiago lortzen dituztenak ere, nahiz eta horretarako aurrekontua izan.
6. Laguntzak puntuazio-hurrenkeraren arabera emanen dira, handienetik txikienera, aurrekontu erabilgarria agortu arte. Azken proiektu diruz lagungarrirako diru aski ez balego aurrekontuan, dagoen zenbateko erabilgarria emanen zaio aurrekontuko saldoa ahitu arte.
6. oinarria.–Diru-laguntza ematea.
Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuak eskaerak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia da organo eskuduna, diru-laguntza nori eman ebazteko. Ebazpena gehienez ere 2 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Aurrekontuko kreditu eskasiagatik diru-laguntzarik jasotzen ez duten onuradunen zerrenda berariaz agertuko da ebazpenean, lortutako puntuazioa eta eskatutako zenbatekoa adierazita.
Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
7. oinarria.–Gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa.
1. Diru-laguntzaren helburua bete eta gero, onuradunek, 2017ko azaroaren 15a arteko epea izanen dute egin dituzten gastuak eta ordainketak justifikatzeko. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 4. oinarrian adierazitako moduan:
–Egindako jarduera azaltzen duen memoria, gutxienez atal hauek jasotzen dituena:
- I.–Egindako ekintzen deskribapena.
- II.–Betetako aurrekontua eta proiektua zer epetan gauzatu den.
- III.–Hasieran adierazitako helburu orokorrak lortu ote diren baloratzea.
- IV.–Proiektuaren adierazleetako datu eguneratuak.
–Egindako gastuen eta ordainketen zerrenda, toki entitateko idazkariak ziurtatua, egindako gastuaren eta ordainketaren fakturen, nominen edo bestelako ziurtagirien kopiekin batera, denak entitate eskatzaileen izenean. Ordainagiritzat hartuko da finantza entitateak egin eta eskatzailearen kontuan zordundutakoa. Hornitzailearen kontuan eskudirutan egindako diru-sarrerak ez dira onartuko.
2. Epe hau bete ezik, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
8. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.
Egiaztagiriak azterturik, Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela frogatzen duen memoria aurkeztuko da.
9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Proiektua aurrera eramatean edukiaren edo kostuaren aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean, idatziz, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio Foru Komunitateko Administrazioari inolako konpromisorik ekarriko, bere gain espresuki hartzen ez badu. Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuak idatziz onetsi beharko du proiektua aurrera eramatean haren edukian edo forman egiten den edozein aldaketa.
b) Orobat, lizitazioaren ondoriozko betebeharren erantzukizuna hartzea, eta ez beste inork, obren edo ekintzen adjudikaziodunen aurrean.
c) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.
d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea laguntza emateko ebazpena ematen denean.
e) Jasotako diru-laguntzaren kobrantza kontabilitate edo erregistro liburuetan erregistratzea eta diru horren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.
f) Proiektu edo ekintza guztiek, diru-laguntzen deialdi honen babesean egiten badira, genero ikuspegia hartu beharko dute kontuan, testuetan eta irudietan bazterkeria islatzen duten elementuak erabili gabe.
g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.
1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluak aipatzen dituen pertsona juridikoek edo entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituztenean eta honako bi inguruabar hauek gertatzen direnean:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.
b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.
2. Diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate guztiek oinarri arautzaile hauetako 3. eranskineko gardentasunari buruzko betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu behar dute, adierazten den informazioarekin batera.
3. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da dokumentazio hori, eta Ingurumenari buruzko Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalari igorriko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.
4. Dokumentazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
5. Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
11. oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.
Horrelakoetan, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Aurreko lerroaldean ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste diru-laguntzaren bat jasotzen baldin badu, Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalari jakinarazi beharko dio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluko d) idatz-zatian xedaturikoarekin bat.
Era berean, onuradunak atal horri berari jakinarazi beharko dio diru-laguntza ez den beste edozein diru-sarrera edo finantzabide, diruz lagundutako jarduketaren gainfinantzaketa izan ez dadin. Horretarako, 4. eranskina beteko du.
12. oinarria.–Diru-laguntzaren publizitatea, onuradunaren aldetik.
Proiektuan edo ekintzan agerian egon beharko du Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen den proiektua dela.
Zein den kasua, kartelen kostua proiektuaren kostuaren barrenean sartzen ahalko da.
13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, horrek galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
14. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
15. oinarria.–Diru-laguntzei buruzko Foru Legea.
Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.
16. oinarria.–Eragimena eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.
Entitate publikoak direnez, lanen kontratazioan bete beharko da ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea, Kontratu publikoei buruzkoa.
17. oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da diru-laguntza ordainduko edo itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.
Diru-itzultzeen, arau-hausteen eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.
2. ERANSKINA
3. ERANSKINA
Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.
4. ERANSKINA
Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: F1707138
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
