120. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

126E/2017 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Funesko udal-mugarteko zerri-gizendegiaren instalazio baten Ingurumen baimen integratua eguneratzen duena; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Jesús María Díaz Teres da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 12ko 273/2008 Ebazpenaren bidez emana.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia), bere lehen xedapen iragankorrean, xedatzen du Ingurumen baimen integratuak emateko organo eskudunak behar diren jarduketak eginen dituela baimenak eguneratzeko, hau da, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauari egokitzeko.

Bestetik, ingurumen arloko sektoreko beste arau batzuek indarra hartu dute azken urteotan, eta eragina dute aipatu instalazioan; esate baterako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko 16/2002 Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) bere lehen xedapen iragankorraren 2.d) atalean xedatutakoa betetzeko, arrisku nabarmeneko substantzien erabilera, ekoizpena edo emisioa berrikusi da, eta erabaki da, horrelakorik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lur azpiko uren kutsadurari dagokionez.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko e) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan titularrari entzutea emateko tramitea bete da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Funesko udal-mugarteko zerri-gizendegi baten instalazioaren Ingurumen baimen integratua eguneratzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Jesús María Díaz Teres da.

Bigarrena.–Lurzoru urbanizaezineko jardueraren baimenaren indarraldia mantentzea, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan hondakin arriskutsuen sortzaile gisa duen inskripzioaren indarraldia ere (zenbakia: 15P02107012262007); Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 12ko 273/2008 Ebazpenaren bidez instalazioari emandako Ingurumen baimen integratuan jasotzen da inskripzio hori.

Hirugarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 1070040610/1/3 plana onestea.

Laugarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, arau hauetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen Testu Bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikulua.

Bosgarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen Testu Bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikuluarekin bat.

Seigarrena.–Instalazio horren Ingurumen baimen integratuaren indarraldia kentzen da, baita hura berritzeko betebeharra ere; izan ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) ez du aurreikusten Ingurumen baimen integratua berritzea.

Zazpigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Titularrak jarduketa plan bat aurkeztu beharko du 2017ko abuztuaren 31 baino lehen; hartan, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatuko da.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hamargarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Jesús María Díaz Teresi, Funesko Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F1706591