2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BERRIOBEITI
Auzo baratzeak arautzen dituen ordenantzako aldaketa. Behin betiko onespena
Berriobeitiko Udalak, 2016ko urriaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Auzo baratzeak arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketa.
Onespenaren erabakia 2016ko 203. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 20an, eta jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak ebatzi ondotik, ordenantzaren aldaketa behin betiko onesten da eta haren testu osoa argitara ematen, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.
Berriobeitin, 2016ko abenduaren 15ean.–Alkatea, Juan M.ª Albizu Andueza.
ORDENANTZA, BERRIOBEIKO UDALAREN AUZO BARATZE EKOLOGIKOEN EMAKIDA ETA ERABILERA ARAUTZEN DITUENA
Zioen azalpena
Berriobeitiko Udalak bere zenbait lurzati udalerriko bizilagunen eskura jarri nahi ditu, auzo baratze modura erabil ditzaten.
Baratzeetan norberak kontsumitzeko produktuak landatu beharko dira, eta etxeko erabilerarako lagako dira.
Ordenantza honen bidez herritarren eskakizun bat ase nahi da eta aprobetxamenduko honako helburu hauek bete:
–Aisialdia modu praktiko eta aberasgarrian erabiltzea.
–Nekazaritza ekologikoa bultzatzea udalerrian.
–Nekazaritza tradizionalaren zenbait usadio eta ohitura berreskuratzea.
–Elikadura osasuntsua bultzatzea, produktu naturaletan oinarritua.
–Ingurumenarekiko ezagutza eta errespetua sustatzea.
–Nekazaritzan erabiltzen diren produktu kimikoen ondoriozko kutsadura murrizten laguntzea.
–Lugorriak eta lur andeatuak lehengoratzea.
–Bide ematea aisia fisikoki nahiz mentalki aberasgarriak diren jardueretan erabil dezaten erretiratuek, langabeek, desgaituek, gazteek eta bizilagunek, oro har.
–Esleipen-hartzaileen arteko giza-harremanak, lankidetza eta laguntza bultzatzea.
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da udal baratzeen emakida eta erabilera arautuko dituzten xedapenak ezartzea. Erabiltzaileek eta Berriobeitiko Udalak bete egin beharko dituzte xedapen horiek.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Behin-behinean auzo-baratze modura erabiliko diren Berriobeitiko Udalaren jabetzako lursail orotan aplikatuko da ordenantza hau.
3. artikulua. Eskumenak eta zaintza.
Berriobeitiko Udalak eginen ditu ordenantza honek ukitutako udal jabetzako lursailen erabilera zuzenaren zeregin teknikoak, zaintzakoak eta zehatzaileak.
Zeregin teknikoan sartzen dira baratzeak antolatzeko proiektuak egin eta/edo onestea, eta baratzeen eta haiei lotutako azpiegituren kontserbazioa, konponketak eta mantentze-lanak egitea.
Udal langileek edo Udalak horretarako aukeratutako edo jarritako beste edozein bitarteko arduratuko da araudia betearazteaz. Haren zeregin nagusia izanen da lurzatiak eta horiei lotutako azpiegiturak ongi erabili eta aprobetxatzen diren ikuskatzea.
Egiten diren arau-hausteak salatu ahal izanen dituzte zaintzaz arduratzen diren langileek, eta arau-hausleak eta arau-hausteari buruzko datuak identifikatuko dituzte, baldin eta ezagunak badira.
II. KAPITULUA
Udal baratzeak esleitzeko eta erabiltzeko baimenen araudia
4. artikulua. Baratzeen erabileraren emakida.
a) Ordenantza honetan adierazitako udal baratzeen erabiltzaile izateko eskubidea izanen dute betebehar hauek betetzen dituzten pertsona fisiko guztiek:
–Berriobeitiko Udalean erroldatuta egotea.
–Udalerrian egiazki eta era jarraituan bizitzea, gutxienez ere bederatzi hilabete urtean.
–Aipatu udalerriarekiko zerga-betebehar guztiak eguneraturik izatea.
b) Emakidaren titular bakoitzak gehienez ere baratze baten emakida eduki ahal izanen du.
c) Baratzeen erabilera prekarioan emanen da betiere.
Horren ondorioz, Udalak, edozein unetan, baliogabetu dezake emandako erabilera baimena. Hori gertatuz gero, titulartasuna duenak berehala utziko dio emandako lurzorua erabiltzeari eta bertako jarduerak egiteari. Horretarako nahikoa izanen da Administrazioak eskaera egitea, eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordainik edo inongo kontzepturengatik diru-ordainik jasotzeko.
Hori dela eta, emakidaren epea amaitzean edo emakida aurretiaz baliogabetzean, baldin eta halakorik gertatzen bada, lagatako baratzea Udalari itzuli beharko dio erabiltzaileak erabilera-baldintza egokietan, erabat hustuta eta inongo oztoporik jarri gabe. Berriobeitiko Udalak erabateko ahalmena izanen du laga diren baratzeetan eratutako erabilera-eskubideak edo horien okupazioari buruzkoak amaitutzat jotzeko eta, beraz, Udalak administrazio bidetik baratzeen jabetza berreskuratzen ahal du; era berean, administrazio bidezko utzarazpena berez erabaki eta gauzatzen ahal du, Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamenduaren arabera.
5. artikulua. Eskaeren aurkezpena eta emakida suntsiaraztea.
Alkatetzak eskabideak aurkezteko epea irekiko du, baratzeak lehenbizikoz esleitzeko.
Behin eskabideak lehen esleipenean jaso ondoren, Udal Zerbitzu Juridikoak txostena egin eta emakida-hartzaileen behin-behineko zerrenda eginen du. Zerrenda hori Alkatetzaren ebazpenaren bidez argitaratuko da.
Baratzeak baino eskabide gehiago aurkeztuz gero, baratzeak zozketa bidez emanen dira, eta aukera egonen da irizpide sozialak eta/edo hurbiltasunari dagozkionak (ingurumenekoak) erabiltzeko.
Baratzeak jartzen diren lurra kontzeju bateko herri-lurra denean, aukera egonen da baratzeen portzentaje bat gordetzeko bertan erroldatuta daudenendako .
Lehen esleipen horretatik aurrera, zerrenda etengabe egonen da zabalik.
6. artikulua. Titulartasunen eskualdatzea.
a) Lursailen erabilera ezin dakioke inolaz ere bertze inori laga edo besterendu. Halaber, debeku da lursailak, osorik edo zati bat, bertze pertsona bati okupatzen edo erabiltzen uztea, aldi baterako bada ere. Betebehar horiek ez badira betetzen, emakida bertzerik gabe amaituko da eta Udalak lursailaren jabetza berreskuratzeko ahalmena izanen du.
Horiek horrela, erabiltzaileak baratzea erabiltzen jarraitu nahi ez badu edo interesatzen ez bazaio, Udalaren esku utzi beharko du.
b) Udalak baratze horietakoren bat okupatu beharra badauka, baratze hori erabiltzen duenak lehentasuna izanen du baratze berri bat lortzeko garaian.
7. artikulua. Aprobetxamenduaren epea.
Lursailen aprobetxamenduak gehienez 7 urterako emanen dira. Urte sail hori iragandakoan, inork aprobetxamenduarekin jarraitzeko borondateari eusten badio, honela jokatuko da:
–Erabili gabeko baratzerik bada, eskatuz gero baratze berean jarraitzeko emakida emanen zaio, berritik hastean jartzen diren baldintza beretan.
–Baratze hutsik gelditzen ez bada, baina itxaron-zerrendan inor ez badago, aurreko atalean azaldu bezala jokatuko da.
–Baratze hutsik gelditzen ez bada, eta itxaron-zerrendan jendea badago, itxaron-zerrendan sartuko da.
Alderdietako inork aurretik gaztigurik egiten ez badu, luzapenak erabakitzat joko dira emakida edo haren hurrenez hurrengo luzapenak bukatu baino hilabete lehenago.
Baratzea lagatzeko epea bukaturik, esleipen-hartzaile bakoitzak hutsik eta garbi utziko du bere baratzea.
III. KAPITULUA
Udal baratzeen erabilera
8. artikulua. Baratzeen erabilera.
a) Erabiltzaileak lurzatia landu egin behar du.
Baratze bat abandonatutzat hartuko da, sartutako laboreak ez direla zaintzen garbi ikusten denean edo azaleraren %50 basabelarrek hartzen dutenean edo izurrite edo bizkarroiek, hainbeste izanik, ondoko lurzatietako laboreen osasuna arriskuan jartzen dutenean.
Baratze bat abandonatua dagoenean erabiltzaileak, abisua jaso, eta zazpi egun natural izanen ditu behar bezala lantzeko. Bestela, sastrakak garbituko dira eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen erreklamatzeko.
Urte berean bi aldiz abandonatzen bada, lagapena bertan behera utziko da. Era berean, justifikatu gabe (edo arduradunen ustez arrazoi eskasak emanda) bi hilabete baino gehiagoan baratzea abandonatzeak baratzea galtzea ekarriko du.
b) Galarazia dago animaliendako segadak edo hautapenik gabeko harrapatze metodoak erabiltzea, baita amu pozoituak ere.
c) Galarazia dago baratzean zuhaitz espezieak lantzea.
d) Galarazia dago animaliak baratzeetara eramatea edo bertan edukitzea, etxekoak izan ala ez, horretarako prestatutako lekuetan izan ezik.
e) Egindako laboreak norberaren kontsumorako izanen dira. Beraz, galarazia dago haien salmenta.
9. artikulua. Mugak eta sarbideak bere horretan mantentzea.
a) Lurzatiaren esleipen-hartzaileak ezin dio egitura aldatu, ezta mugak ere horma, zur, plastiko eta abarrekin. Ezin du, halaber, esleitu zaion lurretik edo lurzatitik haratagoko deus landu edo okupatu.
b) Galarazia dago lurzatian elementu arrotzik jartzea, hala nola etxolak, eserlekuak, barbakoak, zoladurak, tresnak edo paletak gordetzeko kutxak eta abar. Galarazia dago, orobat, tokiko estetika aldatzen duen edozein material pilatzea edo uztea.
c) Galarazia dago landare igokariak paratzea, edo ondoko lurzatietan sartu edo bertan itzala egin dezaketen elementuak.
10. artikulua. Instalazioen erabilera eta mantentze-lanak.
a) Esleipen-hartzaileek bete egin beharko dute instalazioak ireki eta ixteko udalak ezarritako ordutegia.
b) Gaizki erabiltzeagatik kaltetu, matxuratu, desegin edo galdutako ondasun edo tresnak konpontzeko edo berriz jartzeko konpromisoa hartzen dute esleipen-hartzaileek.
c) Esleipen-hartzaileek konpromisoa hartzen dute antolaketa-arduradunek ematen dizkieten jarraibideak betetzeko, baratzeen ordena eta funtzionamendu egokia ziurtatze aldera.
d) Zentro kudeatzaileak emandako egiaztagiria eraman beharko dute erabiltzaileek. Baratze bakoitzean zenbait lagun egon daitezke, baldin lurzatiaren titularrak identifikatuak badauzka.
e) Erabiltzaileek lanabesetarako kutxa bat jartzen ahalko dute, gehienez ere neurri hauek dituena: 1,20 x 0,55 x 0,55. Bertan soil-soilik gordetzen ahalko dira baratzea lantzeko balio duten norberaren erremintak edo elementuak. Udalak beretzat gordetzen du kutxak ikuskatzeko eskubidea, beharrezkoa denean.
f) Debeku da lau gurpileko ibilgailuak aparkatzea instalazioen barnean (baratzeak, bide publikoak, zerbitzuguneak, etab.).
11. artikulua. Ureztatzeko uraren erabilera.
a) Esleipen-hartzaileek konpromisoa hartzen dute urari eta ematen zaien beste edozein elementu erabiltzeari buruz arduradunek ezartzen dituzten arauak betetzekoa (tantaz tantako ureztapena erabiliko da, lehentasunez).
b) Ezin izanen da putzurik ireki ez eta errekaxkatik ura mekanikoki hartu ere. Nolanahi ere, ureztatzeko ura eskuzko bitartekoen bidez baizik ez da lortuko.
c) Ura hartzeko sarera lotuz gero, erabiltzaileek zati berdinetan ordainduko dute gastua ez bada banakako kontagailurik paratzen.
12. artikulua. Baratzezaintza ekologikoa.
a) Lurzatia baratzeko laboreak edo loreak izateko soilik izanen da, modu ekologikoan landuz, eta espresuki debekatuta dago hazi transgenikoak eta nekazaritza ekologikoaren arloan indarra duen legediak baimendu gabeko belar-hiltzaileak, pestizidak eta ongarri kimikoak erabiltzea. Erakunde ziurtatzaileak edo Udalak egindako kontrolek lurzatiren batean aipatu produkturik antzematen badute, haren esleipena gal daiteke.
b) Esleipen-hartzaileek konpromisoa hartuko dute lurzatian sortutako hondakin organikoak kudeatzeko. Baratzeen eremuan jarriko den auzo konpostajeko gune batera eramanen dituzte. Gune horietan sortzen den konpost edo ongarri organikoa nahi duten esleipen-hartzaileei emanen zaie.
13. artikulua. Guztionak diren eremuen ikuskaritza.
a) Udalak izendaturiko langileek aldian-aldian ikuskatuko ditu lurzatiak eta ez dute zertan erabiltzaileak aldez aurretik ohartaraziko.
b) Aurreko arauak edo horietatik eratorritakoak ez direla bete ikusten bada, araua bete behar dela adieraziko zaio erabiltzaileari. Adierazpen horiek bi aldiz eginen dira gehienez. Horiek iraganik, arau-hausteak jarraitzen badu, Udalak bukatutzat joko du baratzearen esleipena.
IV. KAPITULUA
Erantzukizunak
14. artikulua. Kanona.
Emakidaren esleipen hartzaileei Udalak eskatuko die urtean 60 euroko kanona ordaintzeko; kanona urtero eguneratuko da Nafarroako KPIaren arabera.
Norbait egoera ekonomiko larrian dagoela esaten badu eta gizarte-zerbitzuek egoera halakoa dela berresten badute txosten baten bidez, kanon apalago bat kobratzeko aukera ere aztertuko da, eta are kanonik ez kobratzea ere.
15. artikulua. Guztiendako eremuak.
Esleipen-hartzaileek auzolanean arituko dira Udalak eskatzen dituen lanak egiten guztiendako eremuak mantendu eta zaintze aldera. Era berean, emakidaren titularrak erantzule solidarioak izanen dira eta instalazioen mantentze-lanari, funtzionamenduari, txukuntasunari eta segurtasun zuzenari begira.
IV. KAPITULUA
Zehapenak
16. artikulua. Arau-hausteak.
1. Egitate hauek emakida baliogabetzeko ohartarazpena ekarriko dute:
a) Baratzearen instalazioak eta sarbideak bere horretan ez mantentzea.
b) Parte ez hartzea, aldez aurreko eta behar bezalako justifikaziorik gabe, guztiendako eremuak egokitu eta mantetzeko antolatzen diren auzolanetan.
b) Baratzea ixtea.
d) Baimendu gabeko tokietan ibilgailuak aparkatzea.
e) Ur hartze mekanikoak egitea ureztatzeko.
f) Ez betetzea Udalak baratzezaintza jasangarrirako ezarritako baldintzak.
g) Baimendu gabeko elementuak paratzea, besteak beste, txabolak, berotegiak, txapak, bidoiak, gordailuak, parrillak etab.
h) Baimendu baino pisu handiagoa duten ibilgailuekin ibiltzea.
2. Egitate hauek, berriz, emakida baliogabetzea ekarriko dute baita, halakorik bada, egindako kaltea zuzentzea ere:
a) Baratzekoak ez diren landaketak egitea, edo landareak landatu eta/edo mantentzea baimendu gabeko lekuetan.
b) Baratze bakoitzari jarritako mugak aldatzea.
c) Animaliak eduki, ustiatu edo haztea.
d) Baratzearen erabilera besterendu edo lagatzea, Udalaren baimenik gabe.
e) Baratzearen eta bere instalazioen ikuskapena egiten ez uztea udal langileei.
f) Udal ondasunak lapurtzea edo guztionak diren instalazioetan kalteak edo hondaketak eragitea.
g) Emakidak irauten duen bitartean kontrako bi ikuskapen-txosten izatea.
h) Baratzean lortutako produktuak merkaturatzea.
i) Laga zaion lurzatia epearen barrenean ez itzultzea edo ez hustea, baldin eta Udalak emakida baliogabetzea erabaki badu.
j) Egintza batengatik kargu hartu ondoan, berriz horretan erortzea.
k) A atalean bildutako edozein errekerimendu aipatu epean betetzeari uko egitea.
17. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:
a) 1 puntuan bildutako zehapenei ohartarazpena egin eta diru-zehapen bat ezarriko zaie; egindako kaltearen balioaren halako bost eta halako hamar artean ordainduko beharko da, hain zuzen. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.
b) 2 puntuan bildutako arau-hausteek emakida baliogabetzea ekarriko dute eta, halakorik bada, eragindako kaltea zuzendu beharko da.
c) Emakida baliogabetu zaien pertsonek ez dute zilegi izanen berriz ere eskabidea egitea, baliogabetu zenetik 4 urte iragan arte.
18. artikulua. Administrazio prozedura.
a) Udal organo eskudunei dagokie halako emakida bat baliogabetu daitekeela, edo hala badagokio, emakida behin betiko baliogabetuko dela ohartarazteko prozedura hastea, izapidetzea eta erabakitzea.
b) Udaltzaingoak edo zeregin horretarako izendatutako zaindari-ikuskatzaileek egiaztatzen dituzten ekintzek froga balioa izanen dute, baldin eta salaketa-agirietan edo bestelako agiri publikoren batean formalizatzen badira bidezko lege betekizunak betez, deusetan ukatu gabe administratuek beren eskubide eta interesen alde aurkezten ahal dituzten frogak.
V. KAPITULUA
Emakidaren amaiera
19. artikulua. Emakida suntsiarazteko arrazoiak.
Aitzineko artikuluetan adierazitako kasuak goiti-beheiti, emakida suntsiarazteko arrazoi garbiak izanen dira honako hauek:
a) Emakidaren beraren edo ondorengo luzapenen epea bukatzea.
b) Erabiltzaileak berak borondatezko baja eskatzea.
c) Titularraren heriotza edo baliaezintasuna.
d) Berriobeitiko Biztanleen Udal Erroldan baja ematea.
e) Udal jardueretarako edo jendearen intereseko arrazoietarako Udalak lurra behar izatea.
f) Honako ordenantza honetan ezarritako ezin baldintza eta/edo beharkizun ez betetzea, zehapenen kapitiuluan ezarri bezala.
Azken xedapena
Indarra hartzea
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L1614308