96. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

194/2017 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, “Urdazubiko herriguneko eta Iribeherea eta Leorlaz auzoetako hondakin uren tratamendua” izeneko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onesten dituena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren abenduaren 13ko 614/2016 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren hamabost egunez bai proiektua bai ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Epe horretan alegazio hauek hartu dira eta erantzun hauek eman zaizkie:

1.–Agustina Damboriena Damborienak, Elizaldea SL ordezkatuz, Urdazubiko 2. poligonoko 141. lurzatiaren (URD-12) jabea den aldetik, hau alegatzen du:

proiektuko hodiaren trazadurak erdi-erditik gurutzatzen du bere lurzatia, eta, kontuan horrek dakartzan kargak ere, ezarritako zortasunari datxezkionak, kontuan hartuta, ezinezkoa izanen da bertan eraikinik jasotzea. Gaur egun lurzoru urbanizaezina bada ere, gerora hiri lurzoruaren kalifikazioa jaso lezake, udalerriaren ondoan baitago, baina baimendu litezkeen eraikinak galaraziko lirateke. Horregatik, trazadura aldatzea proposatzen dute, alegazioari erantsitako planoekin bat.

Alegazioari erantzunez adierazten da hondakin uren hodiak ezartzen duen zortasun bakarra zerrenda bat besterik ez dela, hodiaren ondoan. Etorkizunean eraikiko balitz bertan, hodia urbanizazio prozesuan ukitutako beste zerbitzu baten tratamendua jaso beharko luke, baita aldatu ere, finkan dauden gainerako zerbitzuak bezala.

Nolanahi ere, planteatutako bi aukerak aztertu ondoren, hondakin uren hodi horren trazadura aldatu eginen da, alegatzaileak planteatzen duen 1. aukerara egokitzeko hein handi batera, ibairantz hurbildu, eta egun dagoen euskarri elektrikotik 6 bat metro aldentzeko.

2.–M.ª Milagros Diharassarry Orgambidek, Cecilio Sansinena Diharassarryk eta Miren Mirari Sansinena Diharassarryk, Urdazubiko 2. poligonoko 42 lurzatiaren titularra (URD-17) den Luis María Sansinena Vidarten kausadunak diren aldetik, hau alegatzen dute:

Araztegiko bidea egiteko behar den lurzatiaren azalera behin betiko desjabetu ordez, bide zortasun publikoa ezartzea, gutxienez 3,20 metroko zabalera eta gehienez 3,40 metrokoa, erabilera mugatukoa, eta bere finkara sartzeko langa bere horretan uztea.

Alegazioari erantzunez esan beharra dago araztegirako proiektatu den bidea NA-4402 errepidetik doala. Lehen zatian, egun dagoen bidea hobetuko da, eta amaierakoan bidea alegatzaileen finkan barna joanen da.

Arau orokor gisa, araztegietako bideak 4 metroko zabalera erabilgarriarekin diseinatzen dira, ibilgailuetarako sarbide eroso eta segurua izateko. Bide horretan ibili behar duten ibilgailuak hauek dira: furgoneta bat astean bi aldiz, eta zisterna-kamioi bat, gutxi gorabehera urtean bitan lohiak eramanen dituena.

Lehen zatian, exekuzio proiektuak barne hartuko ditu bidea hormigoiztatu eta profilatzeko lanak, bertan dagoen malda handia dela-eta komeni delako. Lan horiei esker zabalera handiagoa ere emanen zaio, betiere tokiak uzten duen heinean. Horri esker, behar adinako zabalera izanen duen bidea lortuko da, zirkulazioa erosoa eta batez ere segurua izan dadin.

Horrekin batera, euri-urak drainatzeko sistema bat diseinatuko da, beheko aldean ezponda bat izanen duena, alegatzaileen finka dagoen tokian hain zuzen. Hasieran, egungo bidean hormigoia botako da eta zeharkako malda emanen zaio, bidearen kanpo aldera.

Finkan sartzeko langa ere mantenduko da.

Araztegiko bidea jabari osoarekin desjabetu ordez, erabilera mugatuko bide zortasuna ezartzeko proposamenari dagokionez, eskaera onartzen da, eta finkaren gaineko bide zortasuna eratuko da, 1.331 m²-ko eremu batean; egungo bidea proiektuaren beharretara egokitzeko lana eginen da bertan. Zortasun horrek berarekin dakar hondakin uren araztegira sarrera libre izatea bide horretatik, bai eta mantentze, konpontze edo berritze lanetarako beharrezkoak diren jarduketak gauzatzeko aukera ere.

Alegatzaileen finkaren gainean jabekideek duten zortasunari dagokionez, zortasun hori mantendu eginen da finkaren gainean egin asmo den jarduketarekin.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “Urdazubiko herriguneko eta Iribeherea eta Leorlaz auzoetako hondakin uren tratamendua” izeneko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onestea, eta aurkeztutako alegazioak ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Urdazubiko herriko etxeko iragarki oholetan argitaratzea. Orobat, iragarki bat argitaratuko da Foru Komunitateko egunkari batean.

3. Ebazpen hau Urdazubiko Udalari eta alegatzaileei jakinaraztea. Horrekin batera, adieraztea administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 9an.–Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

Iragarkiaren kodea: F1705735