2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TUTERA
Tuterako Udalaren Ehizaren Kontseilu Sektorialaren sorrera eta Ehizaren Kontseilu Sektorialaren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua. Onespena
Tuterako Udalak, 2016ko azaroaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen Tuterako Udalaren Ehizaren Kontseilu Sektoriala sortzea eta onestea Tuterako Udalaren Ehizaren Kontseilu Sektorialaren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua. Orobat, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki oholean argitaratzeko agindu zuen.
Hortaz, erabaki horretan jasotako aginduak betetzeko, aipatutako Antolaketaren Erregelamendua argitaratzen da.
Erabaki hau behin betikoa da bide administratiboan; beraz, honako errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke haren kontra (eta ez da zilegi izanen errekurtsorik paratzea, harik eta ebazpen tramitean dagoen errekurtsoa espresuki ebatzi arte edota ustezko ezespena gertatu arte):
a) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako erabakia edo egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretatik dagokion organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza hau jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.
Hori dena, galarazi gabe bidezkotzat jotzen den beste edozein errekurtso baliatu ahal izatea.
Tuteran, 2016ko azaroaren 30ean.–Alkate udalburua, Eneko Larrarte Huguet.
TUTERAKO EHIZAREN KONTSEILU SEKTORIALAREN ANTOLAKETAREN ETA FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Izaera.
Tuterako Ehizaren Kontseilu Sektoriala eratu da. Udal organo osagarria izanen da, aholku emailea eta ez loteslea, eta ehiza alorreko txostenak nahiz, hala behar badu, proposamenak egin beharko dizkio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendien unitate kudeatzailea hartzen duen batzordeari, Lurraldearen Antolamendu Alorraren mende baitago; hori guztia, erregelamendu honetan ezartzen diren osaketari, eskumenei eta funtzionamenduari jarraikiz.
Ehizaren Kontseilu Sektorialaren xedea da herritarren eta elkarteen parte hartzea bideratzea udalerriko ehizarekin eta ehiza-aprobetxamenduarekin zerikusia duten udal aferetan.
2. artikulua. Egoitza.
Ehizaren Kontseilu Sektorialaren egoitza, komunikazioetarako, Tuterako Udaleko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendiak, Ingurumena, Animalien Babesa eta Agenda 21eko unitate kudeatzailea da (Tuterako Plaza Vieja, 1 zenbakia).
3. artikulua. Oinarrizko helburuak.
Honako hauek dira Ehizaren Kontseilu Sektorialaren oinarrizko helburuak:
a) Tuterako udalerrian ehiza arloan dauden gizarte eragileen arteko harremanei eta beraien eta toki administrazioaren artekoei mesede egitea.
b) Eragile horien partaidetza bideratzea, udal gaiei dagokienez.
c) Tuterako bizilagunen ehiza jardueran eragiten duten alderdiak oro kontuan hartzea, betiere udal eskumenekoak badira, ondorioak aztertuz eta gauzatu beharreko neurriak proposatuz.
d) Udalaren ehiza denboraldia, egindako jarduerak eta hartu beharreko neurriak urtean behin ebaluatzea, uneoro biztanleriaren gaur egungo eskarira egokitzeko.
4. artikulua. Eskumenak.
Bere eginkizunetan aritzean, Tuterako Ehizaren Kontseilu Sektorialari eskumen hauek dagozkio:
a) Ehiza jardueraren aldeko eta hura hobetzeko jarduketa koherente eta goitik beherakoa bulkatzea udalerrian.
b) Udalari aholkua eta laguntza ematea ehizaren kudeaketari dagokionez, izan daitezkeen gorabeherak aztertuz eta hobetzeko proposamenak eginez.
c) Tuterako udalerrian ehiza arloan dauden gizarte eragileen partaidetzarako gunea izatea.
d) Txosten aginduzko eta ez lotesleak egitea, ehiza arloko udal ekimenei buruz.
e) Bere kabuz, txostenak eta azterlanak egitea udal alorrean ehizari eragiten dioten intereseko gaien gainean.
f) Irizpenak ematea, hala eskatzen badiote Tokiko Gobernu Batzarrak edo Udalbatzaren Osoko Bilkurak ehiza arloko edozein gairen gainean.
g) Bere eginkizunetan aritzeko beharrezkoa duen informazioa eskatzea Tuterako Udalari.
II. KAPITULUA
Kideen izaera
5. artikulua. Kideak.
5.1. Hauek izanen dira Ehizaren Kontseilu Sektorialeko kideak:
a) Tuterako Udaleko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendietako zinegotzi delegatua; mahaiburua izanen da, eta Ehizaren Kontseilu Sektorialaren eta Udalaren arteko bitartekari lanak eginen ditu.
b) Udalean ordezkaritza duten talde politikoetako zinegotzi/ordezkari bana.
c) Nafarroako Ehiztarien Elkartearen (ADECANA) ordezkari bat.
d) Nafarroako Ehiza Federazioaren ordezkari bat.
e) Ehiza larriaren ordezkariak (2).
f) Ehiza xehearen ordezkariak (2).
g) Tuterako nekazarien ordezkariak (2).
h) Elkarte ekologisten ordezkaria.
i) Basozainak.
j) Ehizarekin zerikusia duten arloetan eskudun diren udal teknikariak edo langileak, alkateak izendatuak.
k) Idazkaria.
5.2. Ehizaren Kontseilu Sektorialak kanpoko adituen parte hartzea eskatzen ahalko du, jorratu beharreko gaien zer-nolakoak hala eskatzen duenean.
5.3. Kide bakoitzak hizpidea eta botoa izanen ditu, idazkaria kenduta, hizpidea bai, baina botorik ez baitu izanen.
6. artikulua. Kide izatera iristea.
Ehizaren Kontseilu Sektorialeko kide izateko proposamenak egiten dituzten entitate edo talde politikoek eskabidea igorri beharko diote kontseiluburuari. Hartan azalduko dira: titularraren eta ordezkoaren izena, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa, bai eta ordezkatuko duten entitate edo taldearen izena ere.
Alkate udalburuak edo hark eskuordetzen duenak izendatuko ditu Ehizaren Kontseilu Sektorialeko kideak, ebazpen bidez izendatu ere; norbaiten izendapenaren aurka ebatziz gero, arrazoiak eman beharko dira.
5.1 artikuluko c), d), e), f), g) eta h) atalen kasuan, kideak bi urtean behin berrituko dira, izendapen egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Gainerako kasuetan, legegintzaldiarekin bat eginen dute eta izendatu zituen karguarekin batera kenduko dira.
7. artikulua. Kide izatetik gelditzea.
7.1. Kideak halakoetan gelditzen dira kide izatetik:
a) Norberak uko eginda, edo kluba, elkartea, entitatea edo taldea desegiten denean.
b) Baja hartzea Tuterako ehiza-barrutiko kide gisa, ehiza larriaren eta xehearen ordezkarien kasuan, edo ordezkatzen dituzten entitateetan.
c) Kidea ebazpen bidez kargutik kentzeagatik, aldi baterako nahiz betiko, erregelamendu honen edo Kontseiluaren bileretan hartutako erabakien arabera kideek berezko dituzten eginbeharrak bete ez dituelako; halakoetan, entitate arau-hausleari entzun beharko zaio aitzinetik, ezarritako prozedurari jarraikiz.
d) Dagokion entitateko kidea kargutik kentzeagatik.
Edonola ere, kontseiluko kideek kargua utziko dute, haiek izendatu zituen agintariak kargua uzten dutenean.
7.2. Kideren batek baja hartzen badu, Ehizaren Kontseilu Sektorialari eman beharko zaio horren berri.
8. artikulua. Kideen eskubideak.
Ehizaren Kontseilu Sektorialeko kideek ondoko eskubideak dituzte:
a) Kontseiluaren bileretara joatea, eztabaidetan parte hartzea eta erabakietan beren botoen bidez parte hartzea.
b) Beren ustez hurrengo bileraren gai zerrendan sartu behar liratekeen gaiak kontseiluburuari proposatzea, idatziz.
c) Kontseiluaren bilkuretara formalki deituak izatea.
d) Jarduteko ekimenak proposatzea, horretarako ezarritako bideak erabilita.
e) Ehizaren Kontseilu Sektorialaren programa, proiektu, jarduera eta ekintzetan parte hartzea.
f) Kontseiluaren jardunbideaz informazioa jasotzeko eskubidea, baita ehizarekin eta ehiza-aprobetxamenduarekin zerikusia duten alorren programa nahiz ekintzen berri izateko ere.
d) Kontseiluaren bitartez, dagokion zinegotzigoari beren eskubideak eta betekizunak betetzeko beharrezko informazioa eskatzea.
h) Ehizaren Kontseilu Sektorialeko aktak eta dokumentazioa eskuratzea.
i) Ehizaren Kontseilu Sektorialaren bilkura bereziak egiteko eskatzeko eskubidea, 11.c) artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
b) Tuterako Udaleko Informazio Batzordeari Ehizaren Kontseilu Sektorialaren bitartez proposatzea Tuterako ehiza-aprobetxamenduaren alde egokitzat jotzen dituen ekimen guztiak.
k) Botazio sekretuak eskatzea.
l) Adituek esku hartzeko eskatzea kontseiluburuari.
m) Tuterako Udalean Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantzaren arloan eskumena duen batzordeak eskatzen dizkien txostenak aztertu eta proposamenak egitea, betiere beren eginkizunen esparruan.
n) Kideak diren aldetik dagozkien gainerako guztiak.
9. artikulua. Kideen betebeharrak.
Ehizaren Kontseilu Sektorialeko kideek ondoko betebeharrak dituzte:
a) Ehizaren Kontseilu Sektorialeko bilkuretan parte hartzea.
b) Tuterako herritar guztien onaren alde egitea, orokorrean, eta hiriko ehiza jardueraren alde, bereziki.
c) Ehizaren Kontseilu Sektorialak onesten dituen programa, proiektu, jarduera eta ekintzetan parte hartzea, ageriko laguntza emanez.
d) Ehizaren Kontseilu Sektorialak erabakitzen duen gaietan zuhurtasunez jokatzea.
e) Beren gain hartzen dituzten lanak eta erantzukizunak zintzo betetzea.
f) Erregelamendu honetan xedatua eta Udal Kontseiluko organo eskudunek hartutako erabakiak betetzea.
g) Ehizaren Kontseilu Sektoriala ordezkatuz kudeaketarik ez egitea.
h) Kontseiluak behar bezala jardun eta funtziona dezan laguntzea.
i) Borondate onez eta zintzo jokatzea Kontseiluak dituen helburuak betetze aldera.
10. artikulua. Udalaren konpromisoak.
Ondoko konpromisoak ditu Udalak:
a) Ehizaren arloko helburu, justifikazio, ekintza, programa, aurrekontu eta proposamenen berri ematea Ehizaren Kontseilu Sektorialari.
b) Kontseiluburuaren eta idazkariaren karguak dituztenek Kontseiluaren bileretan hartu beharko dute parte.
c) Kontseiluak erabakitako puntuen berri ematea landutako gaietan eskudun diren Zinegotzigoei.
d) Behar diren tramite eta kudeaketak egitea Zinegotzigo eskudunak Ehizaren Kontseilu Sektorialean erabakitako auziei buruzko erantzuna eman dezan.
III. KAPITULUA
Funtzionamenduaren araubidea
11. artikulua. Funtzionamendua eta deialdiak:
a) Kontseiluburuak deituko du bilkuretara eta hura izanen da haietan buru.
b) Kontseilua gutxienez ere hilean behin bilduko da bilera arruntean ehiza denboraldian, eta bi hilean behin, denboralditik kanpo, kontseiluburuak deituta.
c) Kontseiluburuak deituta eginen dira osoko bilkura bereziak, edo Kontseiluko kideen erdiek gehi batek horrelaxe eskatzen badute, betiere kontseiluburuari igorritako idazki baten bidez; idazkian aztertu nahi den gai-zerrenda zehazki adierazi beharko zaio, bilkura behar bezala egin ahal izateko agiri guztiak erantsita.
d) Kontseiluko kideek eskaturiko bilkura berezietarako dei egin beharko du udalburuak, beranduenez ere 5 eguneko epean, eta ondoko 15 egunean eginen da bilkura.
e) Deiak idatzizko zitazioaren bidez eginen dira, posta elektronikoa erabiliz; bertan bilkuraren eguna, ordua eta tokia adieraziko dira, baita eguneko gai-zerrenda ere.
f) Deia Kontseiluko kideei jakinaraziko zaie, bilkura egiteko eguna baino aste bat lehenago. Salbuespen gisa, epe hori gutxienez 24 ordukoa izan daiteke, kontseiluburuak askatasun osoz uste badu presakoa dela; orduan, deia egiteko telefonoa edo posta elektronikoa erabiliko du.
g) Asteko halako egun bat eta ordu jakin bat, eta are egutegi posible bat ere, finkatuko dira bileretarako, agenda arazoak direla-eta aldaketak gertatzen ahal badira ere.
12. artikulua. Bilkurak.
Ehizaren Kontseilu Sektorialaren bilkurak itxiak izanen dira, eta, lehen deialdian, ezin izanen da bilkurarik hasi kontseiluburua eta idazkaria bertan ez badaude, ez eta kideen erdiak gehi bat bertan egon gabe ere; bigarren deialdian, lehenbizikotik 15 minutura, mahaikideen herenek egon beharko dute bertan.
Aurreko paragrafoan xedatuagatik ere, aurretik deialdirik egin gabe ere egiten ahalko dira bilerak, dagokion organoko kide guztiak bilduta badaude eta aho batez erabakitzen badute ekitaldi hori bilkura bihurtu.
Kontseiluburuak antolatuko ditu bileretako eztabaidak, idazkariak lagunduta.
13. artikulua. Gai-zerrenda, bozketa eta erabakiak.
a) Kontseiluburuak finkatuko du gai-zerrenda.
b) Ez da eguneko gai-zerrendatik kanpoko aferarik aztertuko, ez bada presako gairen bat dela eta; betiere, Kontseiluko kideen bi herenek gai horretaz eztabaidatzea onartzen badute.
c) Botazioak sekretuak izanen dira Kontseiluko kideren batek hala eskatzen badu.
d) Hartutako erabakiaren aurkako botoa eman duten kideek kontrako boto hori aktan jaso dadin eska dezakete, horretarako arrazoiak eta guzti.
e) Erabakiak hartzeko ahal den adostasunik zabalena bilatuko da; bertan diren kideen bi herenen gehiengo kualifikatua beharko da.
14. artikulua. Aktak.
Bilera bakoitzaren akta jasoko da; hartan adieraziko dira kideen izenak, noiz eta zein tokitan egin den, eztabaidaren puntu nagusiak, botazioa egiteko modua eta emaitza eta hartutako erabakien edukia.
Aktak kontseiluburuak eta idazkariak, gehi bertaratu diren gainerako kideek, sinatuko dituzte, eta hurrengo bileraren deialdiarekin batera bidaliko dira, onesteko.
IV. KAPITULUA
Eginkizunak eta eskudantziak
15. artikulua. Kontseiluburua.
Kontseiluburuak eginkizun eta eskudantzia hauek izanen ditu:
a) Bileren deialdiak eginen ditu eta gai-zerrendak osatu.
b) Bilkuretan buru eginen du, baita moderatzaile lanak ere; eztabaidak behar bezala gauzatzen direla ziurtatuko du, idazkariak lagunduta.
c) Kontseiluaren gaineko arauak aplikatuko ditu.
d) Erabakiak toki administrazioko organo egokiei jakinarazten zaizkiela begiratuko du.
e) Egoki iruditzen zaizkion txostenak eskatuko dizkie Kontseiluko kideei.
f) Ehizaren Kontseilu Sektorialeko kideek aurkezten dituzten proposamenei erantzuna ematea.
g) Kontseiluaren ordezkari publikoa izatea.
h) Ehizaren Kontseilu Sektorialak hartzen dituen erabakiak nahiz udal organoetatik Kontseilura helarazi beharreko errekerimendu eta informazioak bideratzea.
16. artikulua. Idazkaritza.
Alkate udalburuak izendatuko du idazkaria, eta eginkizun hauek izanen ditu:
a) Osoko bilkuran aztertuko diren gaien zerrenda prestatzea eta kideei igortzea.
b) Kontseiluburuari bileretan laguntza ematea.
c) Saioetan parte hartu eta aholkularitza ematea.
d) Bileretako aktak idaztea eta akten liburua prestatu eta zaintzea.
e) Hartutako erabakien fede ematea eta haiek jakinarazteko zein betearazteko behar diren administrazio egintzak egitea.
f) Kontseiluko kideei erakunde publikoek ehiza arloan sustatzen dituzten eta Tuterari eragiten dioten gai eta araudien berri ematea.
V. KAPITULUA
Tokiak eta baliabideak
17. artikulua. Tokiak eta baliabideak.
Behar dituen tokiak eta baliabideak eskainiko dizkio Udalak Ehizaren Kontseilu Sektorialari, behar bezala jardun dezan; betiere, Udalaren ahalmenen barnean, eta dituen baliabideak ahalik eta ongien eta egokien erabiltzen direla begiratuta. Ahalegin berezia eginen da lokal erabilgarriak uzteko eta teknologia berriak erabiltzeko.
Xedapen iragankorra.–Erregelamendu honek indarra hartu eta ondoko bi hilabeteko epean eratuko da Ehizaren Kontseilu Sektoriala. Eratu aurretik, Udalak bilkurarako deia eginen du ehiza elkarte eta nekazarien ordezkari guztiekin, bertaratuen artetik ordezkariak hautatzeko, 5.1 artikuluan (Titularrak eta ordezkoak) ezarritako kopurua kontuan hartuz, Alkatetzari izendatzeko proposamena egite aldera.
Iragarkiaren kodea: L1613735