119. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

223/2017 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, diru-laguntza deialdi bat onesten duena desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten adingabeen (3 eta 18 urte bitartekoak) familientzat, oporraldian, hau da, 2017ko ekainaren 26tik irailaren 8ra arte, biak barne, hala administrazio publikoek nola irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatzen dituzten hezkuntza jardueretan izena eman eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzen laguntzeko.

2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, “Udako eskolara joateko bekak desgaitasuna duten ikasleentzat” izeneko 420002 42190 4809 322402 partida dago.

Deialdi honen helburua da aukera berdintasunaren printzipioa sustatzen laguntzea, honelako laguntzak ematea bitartekorik eraginkorrenetako bat baita printzipio hori gauzatzeko.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du diru-laguntza deialdi bat onets dadila desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten adingabeen (3 eta 18 urte bitartekoak) familientzat, oporraldian, hau da, 2017ko ekainaren 26tik irailaren 8ra arte, biak barne, hala administrazio publikoek nola erakunde pribatuek antolatzen dituzten hezkuntza jardueretan izena eman eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzen laguntzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Diru-laguntza deialdi bat onestea desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten adingabeen (3 eta 18 urte bitartekoak) familientzat, oporraldian, hau da, 2017ko ekainaren 26tik irailaren 8ra arte, biak barne, hala administrazio publikoek nola irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatzen dituzten hezkuntza jardueretan izena eman eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzen laguntzeko, I. eranskineko oinarriekin bat.

2. Gehienez 30.000 euroko gastua baimentzea, 2017ko aurrekontuko “Udako eskolara joateko bekak desgaitasuna duten ikasleentzat” izeneko 420002 42190 4809 322402 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalera, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Eskolatze Bulegora, Beka Bulegora, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrora eta Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agirira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko ekainaren 2an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea.

Deialdi honen xedea da eskola-adinean dauden adingabeak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzea, oporraldian, hau da, 2017ko ekainaren 26tik irailaren 8ra arte, biak barne, hala administrazio publikoek nola irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatzen dituzten udako hezkuntza jardueretan izena eman eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzen laguntzeko.

Bigarren oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

–Adingabeak hiru urtetik hemezortzi urte bitartekoak izanen dira 2017ko abenduaren 31n.

–Desgaitasunaren egiaztagiria izatea edo EDUCAn erroldatua izatea hezkuntza premia bereziak izateagatik (desgaitasunari lotutako ardatzarekin), edo hori berresteko edo baztertzeko prozesu diagnostiko batean egotea, betiere sintomak bateragarriak badira eta adingabeak ez baditu 7 urte bete 2017ko abenduaren 31n.

–Ohiko bizilekua Nafarroan izatea.

–Udako hezkuntza jarduerara joatearen komenentzia horretarako prestakuntza duen profesional batek adierazi izana.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea.

Hirugarren oinarria.–Betebeharrak frogatzeko modua.

–Eskaera-orria, eredu normalizatuaren arabera (PDFa).

–Eskatzailearen edo haren aitaren/amaren/legezko tutorearen NANaren fotokopia konpultsatua. NANik edo AIZrik ez duten eskatzaileen kasuan, pasaportearen fotokopia konpultsatua.

–Familia-liburuaren fotokopia konpultsatua.

–Desgaitasunaren ziurtagiriaren edo orientatzailearen ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua (bigarren kasuan, EDUCAren barrenean zein ardatzetan erroldatua dagoen adierazita), edo txosten medikoa, irizpen klinikoa edo susmo diagnostikoa azaltzen duena.

–Izen oneko profesional baten txostena, hezkuntza jarduera komenigarria dela eta haren helburuak adierazten dituena.

–Haurra hezkuntza jardueran parte hartu baino lehenagoko bi urteetan Nafarroako Foru Komunitatean bizi izan dela frogatzen duen egiaztagiri ofiziala (erroldatzea).

–Eskatzailearen familia unitateko kideek 2015ean aurkezturiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenen fotokopia osoa. Zaintza partekatua denean, bi gurasoen aitorpenen fotokopia.

Eskatzailearen familia unitateak, legez beharturik ez egoteagatik, 2015. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin ez badu, honako hau erantsi beharko zaio eskabideari:

1) Besteren konturako lanean ari direnen, pentsiodunen edo langabeen kasuan, 2015. urtean izandako diru-sarreren frogagiria, kasuan kasuko enpresak edo erakundeak luzatua.

2) Enpresaburuen, nekazarien eta profesional liberalen kasuan, 2015. urtean izandako diru-sarrera gordinen aitorpena.

Edonola ere, eskatzen diren betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko zaizkie eskatzaileei.

–Hezkuntza jarduera antolatzen duen entitatearen ziurtagiria, jardueraren ezaugarriak azaltzen dituena (iraupen egunak, jardueren programa edo esku-orria), baita izena ematearen ziurtagiria ere.

–Diru-laguntza zein banketxetan sartzea nahi den, hango libretaren lehenengo orriaren fotokopia.

–Hezkuntza jarduera ordaindu izanaren erreziboa (2017ko irailaren 10a baino lehen aurkeztuko da), kuota oso-osorik ordaindu dela agertzen duena, eta, horrez gainera, baita datu hauek ere:

  • Adingabearen izena.
  • Hezkuntza jarduera antolatu duen entitatea edo pertsona.
  • Familiak guztira ordaindutako zenbatekoa.

–Hezkuntza jarduerara joan izanaren ziurtagiria. (2017ko irailaren 10a baino lehen aurkeztekoa).

–Agiri bidezko ziurtapen ofiziala, fotokopia konpultsatuen bidez, deialdi honen 5.3 puntuan azaldutako egoeretako batean dagoela adierazteko.

–Beste laguntza batzuei buruzko aitorpena, 8. oinarrian xedatutakoaren arabera. (II. eranskina).

Eskatzaileak Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean izan beharko ditu.

Eskaera aurkeztearekin baimena ematen zaio Hezkuntza Departamentuari Zerga Ogasunean bildu dezan eskatzaileak bere zerga betebeharrak betetzen ote dituen jakiteko informazioa.

Laugarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.

4.1. Udako hezkuntza jardueraren inskripzioaren kostua ordaintzen duen aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eskatzen ahalko ditu deialdi honetan ezartzen diren laguntzak.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.3. Laguntza eskaerak, ahal dela, Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (San Domingo aldapa, z.g. 31001 Iruña), Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariari eskabidea zuzenduta, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaerari deialdiaren 3. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

4.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Balorazio Batzordeak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela.

4.5. Laguntza eskaera aurkezteak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Bosgarren oinarria.–Eskaeren balorazioa.

5.1. Eskaeren balorazioa honela eginen da:

a) Familiaren diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan (zerga aitorpenaren 507 eta 8841 laukitxoen zenbatekoen batura, ken 511 laukitxoaren zenbatekoa) eta hortik ateratzen dena familia unitateko kideen artean zatituko da.

b) Hori egiaztatzeko, familiako kideek 2015eko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute. Eskatzailearen familia unitateak, legez beharturik ez egoteagatik, 2015. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin ez badu, eskabidearekin batera deialdi honen hirugarren oinarrian adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

5.2. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, justifikatzen den ordainketari taula honetan adierazten den ehunekoa aplikatuko zaio, familia bakoitzaren errenta per capitaren arabera (EPC), honako baremo ekonomikoari segituz:

–EPCa<5.000 euro: %90.

–5.001 eurotik 8.000 eurora bitarteko EPCa: %80

–8.001 eurotik 10.000 eurora bitarteko EPCa: %70

–10.001 eurotik 15.000 eurora bitarteko EPCa: %60

–15.001 eurotik 20.000 eurora bitarteko EPCa: %55

–EPCa >20.000 euro: %50

5.3. Diru-laguntza jasotzeko orduan berdintasuna bermatzearren, egindako gastuaren hainbanaketa egin aurretik, %5eko igoera aplikatuko da honako egoera hauetako bat edo gehiago gertatzen badira:

–Familia ugaria izatea.

–Parte-hartzaileaz aparte, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duen seme-alabaren bat izatea.

–Familiak gizarteratze errenta bat jasotzea.

–Eskatzailea genero-indarkeriaren biktima izatea.

5.4. Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, onuradun bakoitzaren inskripzioaren kostuari begiratuko zaio, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.

5.5. Eskatutako zenbatekoen baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua hainbanatuko da, eskatzaile bakoitzak portzentaje bera jaso dezan egindako gastuaren arabera.

Seigarren oinarria.–Ebazpena.

6.1. Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, diru-laguntzak ematearen edo ukatzearen gaineko ebazpena emanen du behin-behinekoz, ebaluazio batzordeak egiten duen txostena oinarri harturik, eta ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan argitaratuko da.

Ebaluazio batzordeak kide hauek izanen ditu:

a) Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.

b) Orientazio Bulegoko burua.

c) Hezkuntza Premien Bulegoko burua.

d) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaria.

e) Komunitaterako Zerbitzuetako irakasle bat, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroari atxikia.

f) Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko APT bat (arlo juridikoa).

6.2. Behin-behineko balorazioarekin ados ez dauden eskatzaileek espedienteak berrikus ditzala eskatzen ahalko diote Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari. Horretarako,10 egun naturaleko epea izanen da, ebazpena Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.3. Gero, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, behin betiko ebazpen baten bidez, emandako eta ukatutako laguntzak onetsiko ditu, aurkezten diren erreklamazioen ondorioz egindako aldaketak sartuta, halakorik bada. Ebazpen hori interesdun guztiei jakinaraziko zaie.

Zazpigarren oinarria.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko familiak edo legezko tutoreak guztira ordaindutako tratamenduaren kostua.

Zortzigarren oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.

Eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.

Horren ondotik laguntzaren bat jasotzen bada, laguntza eman dela jakin bezain laster jakinarazi beharko da, eta, betiere, 2017ko abenduaren 31 baino lehen.

Halaber, eskatzaileek Diru-laguntzei buruzko Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

Bederatzigarren oinarria.–Justifikazioa.

Laguntzak kobratzeko, onuradunek justifikatu beharko dute, alde batetik, hezkuntza jarduerara joan izana, eta bestetik, egindako ordainketa, behar diren egiaztagiriak aurkeztuz 2017ko irailaren 10a baino lehen.

Hamargarren oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Ordainketa bakarra eginen da, kontzesioaren eta ordainketaren ebazpena eman ondoan.

Hamaikagarren oinarria.–Diru-itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste diru-laguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela jakinarazten ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta, berandutze-interesa ere bai, diru-laguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa, hain zuzen.

Hamabigarren oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzen dituzten pertsonak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

Hamahirugarren oinarria.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarri gabekoetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

Hamalaugarren oinarria.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra eta laguntzen gaineko behin betiko ebazpenaren kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1706913