116. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGOITZ

Udal ordenantza, Agoitzen autokarabanak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Agoizko Udalak, 2016ko abenduaren 14ko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Agoitzen autokarabanak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen duen udal ordenantza. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, onetsitako ordenantza jendaurrean egonen da hogeita hamar egun baliodunean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, interesdunek espedientea azter dezaten eta erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkez ditzaten.

Jendaurrean egoteko epea igaro da (2016ko 247. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 27koa) eta ez da alegaziorik egin; hortaz, dokumentua behin betiko onetsi da, eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu.

UDAL ORDENANTZA, AGOITZEN AUTOKARABANAK APARKATZEA ETA GAUA PASATZEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea arautzea kanpaldi finkoetarako edo ibiltarietarako, Agoizko udal-mugartearen barnean, bertako natura baliabide eta espazioak zaindu eta pertsonen segurtasuna eta aparkalekuetan behar den errotazioa eta banaketa zuzena bermatzeko asmoz eremu publikoen erabiltzaile guztien artean.

2. artikulua. Kanpaldi librea debekatzea.

Autokarabanak aparkatzeko eremu erreserbatuan kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzeak zehapena ekarriko du. Hurrengo artikuluetan zehaztuko da zein den kanpaldi librearen eta autokarabanak aparkatzearen arteko diferentzia.

3. artikulua. Kanpaldi librea.

Kanpaldi libretzat hartuko da:

a) Aisiarako edozein tresna jartzea autokarabanaren espaziotik kanpo.

b) Ordenantza honetan ezarri den baino denbora gehiago egotea autokarabanen aparkalekuan.

c) Agoizko Udalaren ustez beste udal ordenantza batzuekin kontraesanean sartzen diren jarduerak.

4. artikulua.

Zilegi da autokarabanak eta gisako ibilgailuak gelditzea eta aparkatzea hiri eremuetan; betiere gelditzea edo aparkatzea arriskutsua ez bada, legeari jarraikiz egiten bada, zirkulaziorako oztopoa edo arriskua ez bada eta ibilgailua behar den moduan eta horretarako baimendu den lekuan jartzen bada.

Aditzera emate aldera eta adierazgarri gisa, honelakoetan ulertzen da autokarabana bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

1.–Gurpilekin baizik ez duelarik zorua ukitzen (ez daude beheititurik hanka egonkortzaileak, ezta bertze edozein tramankulu ere).

2.–Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez delarik, hau da, ez dago leiho irekirik (leihoa irekiak edo proiektagarriak, ibilgailuaren perimetroa baino espazio handiagoa okupatzen ahal dutenak), aulkirik, mahairik, oihal irekirik, eta abarrik.

3.–Kutsagarria izan ala ez, inolako isurkiren igorpenik gertatzen ez delarik, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen ez direlarik, hala nola urak eremu publikoan hustea. Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz pausatzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

5. artikulua.

Ibilgailu horiek 48 ordu egoten ahalko dira aparkatuta gehienez ere.

Epe horretan ez dago denbora-mugarik.

6. artikulua. Autokarabanak aparkatzeko guneak.

Autokarabanak aparkatzeko gunearen erabilera arau hauen mende egonen da:

1.–Etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatuak direnak baizik ez dira aparkatzen ahalko eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, karabanak, turismoak, etab.

2.–Ibilgailu aparkatuek betiere errespetatuko dituzte plaza bakoitzerako espazioaren mugak, betiere kanpoaldera mahaiak, aulkiak, oihalak, eguzkitakoak, olanak edo beste edozein tresna atera gabe.

3.–Gehienez ere 48 orduz egoten ahalko dira, gelditzen direnetik plaza husten duten arte. Ezinbertzean edo premia delarik baizik ez da gehieneko denbora baimendu hori gaindituko, eta betiere Alkatetzak baimenduta.

4.–Erabiltzaileek autokarabanetan edo gisako ibilgailuetan sorturiko ur gris eta beltzak botatzeko tokia izanen dute, baita tratatu gabeko uraren hargune bat ere, eta debeku izanen da eremuon aparkatzea. Erabiltzaile guztiek urak botatzeko eremua txukun eta garbi mantenduko dute hura erabili ondotik, eta berariaz debekatuta dago eremu horretan edozein motatako ibilgailuak garbitzea.

5.–Autokarabanak aparkatzeko guneen erabiltzaileek men eginen diete Udalak ematen dizkien jarraibide guztiei, eremu hori zaintzeko eta begiratzeko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Orobat, Udalak noiznahi xeda dezake autokarabanak aparkatzeko guneek bertze erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.

7. artikulua. Ikuskapena.

Arau-haustea izanen da ordenantza honen artikuluetako edozein eta orobat hura garatzeko Alkatetzak ematen dituen xedapenak ez betetzea edo urratzea; udal korporazioaren lana da ikuskaritza eta zehapen bidezkoa.

Udaleko langileak arduratuko dira ordenantza hau betetzen den begiratzeaz.

8. artikulua. Eskumena eta zehapen prozedura.

1.–Agoizko Udaleko alkate udalburua edo hark eskuordetutako pertsona izanen da zehapen prozedura hasi eta ebazteko organo eskuduna.

2.–Zehapen prozedura egiteko bidea da Zehapen Ahalmena Erabiltzeko Prozeduraren gaineko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan aurreikusia.

3.–Espedientearen ebazpena beranduenez urtebetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak trenkatuko ditu, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

Prozedura hasi denetik urtebetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu denetan interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz eten denetan.

9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1.–Arau-hauste arina izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren kontra, eta haren zehapena 90 euroko isuna izanen da, betiere arau-hausteak ekartzen ez badu eremu publikoan traba egitea.

2.–Arau-hauste larria izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren kontra, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, betiere arau-hausteak ekartzen badu eremu publikoan traba egitea.

3.–Arau-hauste larria izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 5. artikuluak xedatzen duenaren kontra, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da.

4.–Arau-hauste larria izanen da kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzea, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da. Isuna 450 euroraino handitzen ahal da jarduketa horrekin kalte egiten badiete hiri altzariei eta kanpaldiko tokia nabarmenki zikintzen badute, egindako kalteak konpontzeko betebeharraz aparte. Handitze hori aplikatuko da paratzen badira barbakoak edo gisako elementuak, ingurunean kalte egin edo arriskua ekartzen dutenak.

10. artikulua. Kautelazko neurriak.

Ordenantza arauemaile honetan aurreikusten diren kasuetan bidezkoa izanen da arau-haustea egiteko erabili den ibilgailua eremu publikoan ibilgetzea edo hortik kentzea.

Arau-hauste baten ondorioz arau-hausleak ez badu frogatzen bere ohiko bizitokia espainiar lurraldean, salaketa egin duen agenteak isunaren zenbatekoa behin-behinekoz finkatuko du eta haren zenbatekoa ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua ibilgetuko du.

11. artikulua. Erantzukizuna.

Agoizko autokarabanak aparkatzeko gunea ez da zaintzapeko eremua. Beraz, Agoizko Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko aparkatuta dauden autokarabanetan gerta daitezkeen gorabehera, lapurreta edo gisakoen gainean.

Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, harexen egilea izanen da lege honetan xedatzen denaren kontrako arau-hausteen erantzulea.

Dagokionean, arau-haustea egiteko erabili den ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du arau-haustearen erantzule den gidaria nor den, horretarako errekerimendu egiten bazaio. Betebehar hori behar den prozedura tramitean betetzen ez badu haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, arau-hauste larriaren egilea izateagatik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Agoitzen, 2017ko maiatzaren 25ean.–Alkatea, Unai Lako Goñi.

Iragarkiaren kodea: L1706364