116. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

773/2017 EBAZPENA, maiatzaren 3koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko unibertsitate-ikasketa ofizialetan onartua izateko arautegia”. 2017ko maiatzaren 3ko Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki baten bidez onetsi zen.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko 2017ko maiatzaren 3ko Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia: “Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko unibertsitate-ikasketa ofizialetan onartua izateko arautegia”.

“GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO UNIBERTSITATE IKASKETA PUBLIKOETAN ONARTUA IZATEKO ARAUTEGIA ONESTEN DUENA

LOMCEren bosgarren azken xedapenak, Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko 2013ko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa ezartzeko egutegia zabaltzeko presako neurriei buruzko 2016ko abenduaren 9ko 5/2016 Errege Lege-Dekretuak emandako idazketan, ezarritakoarekin bat etorriz, Hezkuntzaren aldeko Itun Sozial eta Politikoaren ondoriozko araudiak indarra hartu arte, Batxilergoko ebaluazio bat ezartzen da unibertsitateko graduko ikasketetarako sarbidea izateko, eta batxiler tituluaren jabe diren ikasleek izango dute ebaluaziora aurkezteko aukera. Aipatu ebaluazioa kontuan hartuko da unibertsitatean sartzeko eta onartua izateko.

Aldi berean, 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntzakoak (LOE), ezartzen duenarekin bat etorriz, abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak, Hezkuntza Kalitatearen Hobekuntzakoak (LOMCE) ematen dion idazketan, unibertsitateak dira zehazten dutenak, balioespen irizpideekin bat etorriz, zer ikasle sartuko den unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetan, unibertsitatean sartu ahal izateko titulazioa lortu dutenen artetik.

Unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetan sartzeko prozeduren oinarrizko araudia ezartzen duen 2014ko ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuak garatu du manu hori. Unibertsitaterako sarbidea ematen duen kasu akademiko bakoitzerako oinarrizko baldintzak ezartzen ditu, eta onarpen prozedurak ezartzeko unibertsitateek, nahi izanez gero, erabiliko dituzten balioespen irizpideetako batzuk azaltzen ditu.

Aipatu araudiaren babesean, unibertsitateen G-9 taldeak oinarri den dokumentua adostu du, Madrilen urtarrilaren 18an izandako CRUEko biltzar orokorraren akordioak bere gain hartuz. Aipatu dokumentuarekin bat etorriz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak sartzeko prozedura, balioespen irizpideak eta lehentasunezko ordena ezarriko ditu, unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetako ikaspostuak esleitzeko. Horiek jarraian zehaztuko dira, eta aplikagarriak izango dira 2017-2018 ikasturtetik aurrera.

Hau da Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordeak proposaturik, 2017ko maiatzaren 3an egindako bileran, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak hartu duen

ERABAKIA

Lehena.–Sartzeko prozedura, 2017-2018 urtetik aurrera, balioespen irizpideak eta lehentasunezko ordena ezartzen dituzten arauak ezartzea, unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetako ikaspostuak esleitzeko. Erabaki honen I. Eranskinean daude.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea”.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 3an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

ERANSKINA

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO IKASKETA OFIZIALETAN ONARTUA IZATEKO ARAUDIA

Aurkibidea

ZIOEN AZALPENA.

I. KAPITULUA.–Alderdi orokorrak.

1. artikulua. Xedea eta aplikatzeko eremua.

2. artikulua. Definizioak.

II. KAPITULUA.–Balioespen irizpideak eta lehentasun ordena.

3. artikulua. Graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko notaren kalkulua.

4. artikulua. Ikaspostuak esleitzeko balioespen irizpideak.

5. artikulua. Lehentasun ordena, unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetako ikaspostuak esleitzeko.

III. KAPITULUA.–Onartua izateko prozedurak.

6. artikulua. Onartua izateko eta ikaspostuak eskaintzeko prozedurak.

IV. KAPITULUA.–Graduko ikasketak hasteko onartua izateko prozedura orokorra.

7. artikulua. Nork eska dezakeen graduko ikasketak egiteko onar dezatela, prozedura orokorraren bidez.

8. artikulua. Zer ikasketetarako egin daitekeen eskaera.

9. artikulua. Eskaeren tramiteak.

10. artikulua. Ikaspostuen esleipena.

11. artikulua. Ikaspostuen esleipena argitaratzea.

12. artikulua. Erreklamazioak.

V. KAPITULUA.–Espainiako unibertsitate ikasketa ofizialak hasiak dituztenek ikasketaz aldatzeagatik onartua izatea.

13. artikulua. Nork duen aukera ikasketaz aldatzeagatik onar dezaten eskatzeko.

14. artikulua. Eskaeren tramiteak.

15. artikulua. Ikaspostuen esleipena.

16. artikulua. Dokumentazioa.

17. artikulua. Esleipenaren ebazpena.

18. artikulua. Erreklamazioak.

VI. KAPITULUA.–Atzerriko unibertsitate ikasketaz aldatzeagatik onartua izatea.

19. artikulua. Nork eska dezakeen onar dezatela, atzerriko unibertsitate ikasketaz aldatzeagatik.

20. artikulua. Eskaeren tramiteak.

21. artikulua. Ikaspostuen esleipena.

22. artikulua. Dokumentazioa.

23. artikulua. Esleipenaren ebazpena.

24. artikulua. Erreklamazioak.

VII. KAPITULUA.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko titulu ofizial bat lortu duten eta tituluaren beste aipamen bat egin nahi duten ikasleak onartzea.

25. artikulua. Tituluaren beste aipamen bat egiteko onartua izatea.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.–Gradura Egokitzeko Ikastaroa egin nahi duten ikasleak onartzeko prozedura.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.–Beren atzerriko titulua homologatzeko prestakuntzako eskakizun osagarriak gainditu behar dituzten ikasleak.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.–Utzitako ikasketak berriz hastea.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.–2016ko abenduaren 22ko ECD/1941/2016 Aginduaren xedapen iragankor bakarra aplikatu behar zaien ikasleak.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.–USP probako fase espezifikoko irakasgaiak 2015-2016 ikasturtean gainditu zituzten ikasleak.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.–Ikasleek zenbat titulazio jartzeko aukera duten 2017-2018 ikasturterako aurreinskripzioan.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.–Arauak indargabetzea.

LEHENENGO AZKEN XEDAPENA.–Garapena eta interpretazioa.

BIGARREN AZKEN XEDAPENA.–Indarra hartzea.

ZIOEN AZALPENA

LOMCEren bosgarren azken xedapenak, Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko 2013ko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa ezartzeko egutegia zabaltzeko presako neurriei buruzko 2016ko abenduaren 9ko 5/2016 Errege Lege-Dekretuak emandako idazketan ezarritakoarekin bat etorriz, Hezkuntzaren aldeko Itun Sozial eta Politikoaren ondoriozko araudiak indarra hartu arte, Batxilergoko ebaluazio bat ezartzen da unibertsitateko graduko ikasketetarako sarbidea izateko, eta batxiler tituluaren jabe diren ikasleek izango dute ebaluaziora aurkezteko aukera. Ebaluazio hori kontuan hartuko da Unibertsitatean sartzeko eta onartua izateko.

Aldi berean, 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntzakoak (LOE), ezartzen duenarekin bat etorriz, abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak, Hezkuntza Kalitatearen Hobetzekoak (LOMCE) ematen dion idazketan, unibertsitateak dira zehazten dutenak, balioespen irizpideekin bat etorriz, zer ikasle sartuko den unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetan, unibertsitatean sartu ahal izateko titulazioa lortu dutenen artetik.

Unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetan sartzeko prozeduren oinarrizko araudia ezartzen duen 2014ko ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuak garatu du manu hori. Unibertsitaterako sarbidea ematen duen kasu akademiko bakoitzerako oinarrizko baldintzak ezartzen ditu, eta onarpen prozedurak ezartzeko unibertsitateek, nahi izanez gero, erabiliko dituzten balioespen irizpideetako batzuk azaltzen ditu.

Aipatutako araudiaren babesean, G-9 taldea osatzen duten unibertsitateek oinarri den dokumentu bat adostu dute, Espainiako Unibertsitateen Errektoreen Konferentziak (CRUE) 2017ko urtarrilaren 18an egindako batzar nagusian hartutako erabakiak bere eginez. Aipatu dokumentuekin bat etorriz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak sartzeko prozedura, balioespen irizpideak eta lehentasunezko ordena ezarriko ditu, unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetako ikaspostuak esleitzeko. Horiek jarraian zehaztuko dira, eta aplikagarriak izango dira 2017-2018 ikasturtetik aurrera.

I. KAPITULUA

Alderdi orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikatzeko eremua.

Araudi honen xedea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko unibertsitate ikasketa ofizialetako ikaspostuak esleitzeko balioespen irizpideak eta lehentasunezko ordena ezartzea, bai eta onartua izateko irizpideak ere, indarrean den araudiaren arabera unibertsitatean sartzeko baldintzak betetzen dituzten ikasleentzat.

2. artikulua. Definizioak.

Araudi honi dagokionez, honela ulertuko dira kontzeptu hauek:

1. Sartzeko baldintzak: Nafarroako Unibertsitate Publikoan unibertsitateko graduko ikasketa ofizialak egiteko bete beharreko baldintzen multzoa. Unibertsitatean onartua izan baino lehen bete behar dira baldintza horiek.

2. Onartua izatea: unibertsitateko graduko ikasketak egiteko Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskainitako ikaspostuak esleitzea, ikaspostuen eskaera egin duten eta sartzeko baldintzak betetzen dituztenei. Ikaspostua aldez aurretik eskatu eta zuzenean edo onartze prozedura baten bidez onar daitezke ikasleak.

3. Onartua izateko prozedura: unibertsitateko graduko ikasketak egiteko Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskainitako ikaspostuak haien eskaera egin duten eta sartzeko baldintzak betetzen dituztenei esleitzea helburu duten ekintzen multzoa.

4. Graduko ikasketa ofizialetan sartzeko nota (10 puntu, gehienez ere): Graduko ikasketak ofizialetan sartzeko ikasleak duen eskubidea zehazten duen nota. Gutxienez, bost puntuko kalifikazioa behar da. Ikasleak unibertsitatean sartzeko baliatzen duen probaren edo titulazioaren arabera kalkulatzen edo egiaztatzen da.

5. Onartua izateko nota (14 puntu, gehienez ere): Graduko ikasketa bakoitzean eskainitako ikaspostuak esleitzeko aplikatzen den nota. 3. artikuluan adierazitakoaren arabera kalkulatzen da, Batxilergoaren Ebaluazioa Unibertsitatean Sartzeko (aurrerantzean, BEUS) proban edo horren baliokide den beste proba batean lortutako kalifikazioan oinarrituta.

Dela graduko eta masterreko titulazio ofizial batekin edo horren baliokide den titulu batekin, dela 25 edo 45 urtetik gorakoentzako sartzeko probarekin, dela lan esperientzia edo esperientzia profesionala duten 40 urtetik gorakoentzako sarbidearekin ikasketetan sartzen direnei aplikatu behar zaie onartua izateko nota kalkulatzeko 3. artikuluan adierazitako formula. Kasu horietan, onartua izateko nota eta ikasketetan sartzeko nota berbera izango da, eta 10 puntu artekoa, gehienez ere.

II. KAPITULUA

Balioespen irizpideak eta lehentasun ordena

3. artikulua. Graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko notaren kalkulua.

1. Onartua izateko nota formula honekin kalkulatuko da, hiru hamarrenekin adieraziko da, eta milaren hurbilenarekin biribilduko da; distantziakidea bada, goiko milarenarekin:

Onartua izateko nota = Sartzeko nota + a*M1 + b*M2

Sartzeko nota = ikasleak unibertsitatean sartzeko baliatzen duen probaren edo titulazioaren arabera dagokiona.

M1, M2 = ikasleak eskatutako graduko ikasketan onartua izateko nota onena ematen duten BEUS probako (edo beste proba baliokide bateko) bi irakasgairen kalifikazioak. Irakasgai horiek unibertsitateak onetsitako haztapen taularen arabera nota onena ematen dutenak dira, eta gutxienez bost punturekin gainditu behar dira BEUS proban.

a, b = M1 eta M2 irakasgaien haztapen parametroak, eskatutako graduko ikasketarekin lotutakoak; 0,1 edo 0,2ko balioa izango dute, unibertsitateak onetsitako haztapen taularen arabera.

Onartua izateko nota kalkulatzeko haztagarriak diren M1 eta M2 irakasgaiak = Batxilergoko aukerako enborreko irakasgaiak eta Batxilergoko modalitatea zehazten duten enborreko lau irakasgai orokorrak, kontuan hartu gabe BEUSen nahitaezko edo borondatezko fasean gainditu diren.

2. Onartua izateko notak M1 eta M2 kalifikazioak bilduko ditu, baldin eta irakasgaiek ikasleak eskatutako ikasketari lotutako haztapen parametro bat badute, unibertsitateak onetsitako haztapen taularen arabera.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoak jakitera emango ditu BEUSeko irakasgaien haztapen parametroak, eskainitako graduko ikasketa ofizialei lotutakoak.

4. M1 eta M2 irakasgaien kalifikazioak:

a) Zilegi da irakasgai horiek kontuan hartzea graduko ikasketak ofizialetan onartua izateko nota kalkulatzeko, baldin eta irakasgai horiek gainditu diren deialdian ikasleak baldintzak betetzen baditu graduko ikasketa ofizialetan sartzeko, lehen xedapen iragankorrean ezarritakoa galarazi gabe.

b) Irakasgaiak gainditu eta hurrengo bi ikasturteetan bakarrik aplikatuko dira graduko ikasketak ofizialetan onartua izateko prozeduretan.

4. artikulua. Ikaspostuak esleitzeko balioespen irizpideak.

Ikaspostuak esleitzeko balioespen irizpidea graduko ikasketa ofizialetan sartzeko ikasleak duen titulazioaren arabera ikasketetan onartua izateko dagokion nota izango da.

a) Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko 8/2013 Lege Organikoak (aurrerantzean, LOMCE) definitutako Batxilergoko titulua duten ikasleak.

  • Sartzeko nota: BEUSeko nahitaezko faseko kalifikazioa %40 eta Batxilergoko azken kalifikazioa %60 haztatuz kalkulatuko da, 2016ko abenduaren 9ko 5/2016 Errege Lege Dekretuan jasotako moduan.
  • Onartua izateko nota: araudi honen 3.1 artikuluan jasotako formula aplikatuz lortzen dena.

b) Batetik, Hezkuntzako 2/2006 Lege Organikoak (aurrerantzean, LOE) definitutako Batxilergoko titulua LOMCEk indarra hartu baino lehen lortu duten ikasleak, baldin eta unibertsitatean sartzeko proba (aurrerantzean, USP) -1892/2008 Errege Dekretuak araututakoa- gainditu badute, eta, bestetik, Batxilergoko titulua edo titulu baliokidea LOEren aurreko antolamenduen arabera lortu duten ikasleak, baldin eta haien hezkuntza sistemaren arabera unibertsitatean sartzeko baldintzak betetzen badituzte: Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorreko 1/1990 Lege Organikoko Batxilergoa USParekin; Batxilergo Bateratu Balioaniztuna eta Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea (aurrerantzean, UBI) USParekin; 1974-1975 ikasturtea baino lehenagoko UBI, USPrik gabe; Goi Mailako Batxilergoa eta Unibertsitateaurreko Ikasturtea heldutasun probekin; 1953a baino lehenagoko Batxilergoa, USPrik gabe.

  • Sartzeko nota: behin betiko kalifikazioa edo sartzeko nota, dagokion hezkuntza sistemaren arabera lortutakoa. Ikasle hauek aukera dute sartzeko nota hobetzeko. Horretarako, BEUSen nahitaezko fasera aurkeztu behar dute, LOMCE Batxilergoa egin dutenen kondizio beretan, eta aurreko a) idatz zatian adierazi bezala kalkulatuko da nota. Sartzeko nota berria hartuko da kontuan, betiere aurreko nota baino hobea bada.
  • Onartua izateko nota: BEUSen lortutako kalifikazioetan oinarrituz eta araudi honetako 3.1 artikuluko formula aplikatuz lortzen dena, bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa galarazi gabe.

c) Espainiako Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren edo goi mailako kirol teknikariaren titulu ofizialak dituzten ikasleak, edo titulu horien baliokidetzat jotzen diren titulu, diploma edo ikasketak dituztenak.

  • Sartzeko nota: egindako ikasketen batez besteko nota, dagokion hezkuntza sistemaren arabera lortutakoa.
  • Onartua izateko nota: BEUSen borondatezko fasean lortutako kalifikazioetan oinarrituz eta araudi honetako 3.1 artikuluko formula aplikatuz lortzen dena, bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa galarazi gabe.

d) Europako Batxilergo titulua -Europako Eskolen Estatutua ezartzen duen eta Luxenburgon 1994ko ekainaren 21ean sinatu zen Hitzarmeneko xedapenei jarraikiz eskuratutakoa- duten ikasleak.

  • Sartzeko nota: Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak (aurrerantzean, UHUN) emandako indarreko egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota.
  • Onartua izateko nota: araudi honetako 3.1 artikuluko formula aplikatuz lortzen dena, Europako Batxilergoko kanpo probetan lortu eta LOMCE Batxilergokoen baliokide diren irakasgaietako kalifikazioetan, UHUNek egiten edo egiaztatzen dituen gaitasun espezifikoko probetako kalifikazioetan edo ikasleak BEUSeko borondatezko fasean lortutako kalifikazioetan oinarrituz.

e) Nazioarteko Batxilergoko Diploma -Nazioarteko Batxilergoaren Erakundeak emana, zeinak egoitza Genevan (Suitzan) baitu- duten ikasleak; eta Europar Batasuneko kide diren estatuetako edo gai honetan aplikagarriak diren elkarrekikotasunezko nazioarteko hitzarmenak sinatuta dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza sistemetan Batxilergoko titulua, diploma edo ikasketak dituzten ikasleak, baldin eta haien hezkuntza sistemetan unibertsitateetan sartzeko eskatzen diren baldintza akademikoak betetzen badituzte.

  • Sartzeko nota: UHUNek emandako indarreko egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota.
  • Onartua izateko nota: UHUNek egiten edo egiaztatzen dituen gaitasun espezifikoko probetan edo ikasleak BEUSeko borondatezko faseko irakasgaietan lortutako kalifikazioetan oinarrituz eta araudi honetako 3.1. artikuluko formula aplikatuz lortzen dena.

f) 2010eko otsailaren 5eko 102/2010 Errege Dekretuak, Espainiako irakaskuntza zentroetako Batxilergo eta Baccalauréat titulazio bikoitzari buruzko Espainiako eta Frantziako gobernuen arteko hitzarmenean jasotako irakaskuntzak arautzen dituenak, araututako irakaskuntzak egin dituzten ikasleak.

–LOMCE Batxilergoko tituluaren bidez sartu nahi duten ikasleak.

  • Sartzeko nota: Batxilergoko azken kalifikazioa %60 eta BEUSeko nahitaezko faseko kalifikazioa %40 haztatuz kalkulatuko da, 2016ko abenduaren 9ko 5/2016 Errege Lege Dekretuan jasotako moduan. 102/2010 Errege Dekretuaren 7. artikuluan aipatzen den kanpo proba gainditu duten ikasleek aukera dute, nahi izanez gero, Espainiako Historiaren eta Atzerriko Lehen Hizkuntzaren probak ez egiteko. Kasu horretan, irakasgai horien nota Espainiako eta Frantziako Historia eta Frantsesa eta Literatura Frantsesa irakasgaien kanpo proban lortutako nota izango da, hurrenez hurren. Aukera hori eginez gero, bi irakasgaiei aplikatuko zaie.
  • Onartua izateko nota: araudi honen 3.1. artikuluan jasotako formula aplikatuz lortzen dena.

–Baccalauréat tituluaren bidez sartu nahi duten ikasleak.

  • Sartzeko nota: UHUNek emandako indarreko egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota.
  • Onartua izateko nota: UHUNek egiten edo egiaztatzen dituen gaitasun espezifikoko probetan edo ikasleak BEUSeko borondatezko faseko irakasgaietan lortutako kalifikazioetan oinarrituz eta araudi honetako 3.1. artikuluko formula aplikatuz lortzen dena.

g) Espainiako Hezkuntza Sistemako Batxilergoko tituluaren baliokide diren titulu, diploma edo ikasketak dituzten ikasleak, Europar Batasuneko kide diren estatuetako edo gai honetan aplikagarriak diren elkarrekikotasunezko nazioarteko hitzarmenak sinatuta dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza sistemetakoak, baldin eta ez badituzte betetzen haien hezkuntza sistemetan unibertsitatera sartzeko eskatzen diren baldintza akademikoak betetzen; eta, bestetik, Europar Batasuneko kide ez diren eta Batxilergoko titulua aitortzeko elkarrekikotasunezko nazioarteko hitzarmenik sinatu ez duten herrialdeetako hezkuntza sistemetan lortutako tituluak, diplomak edo ikasketak dituzten ikasleak, baldin eta Espainiako Hezkuntza Sistemako Batxilergoko tituluarekin homologatuak edo baliokidetzat joak badira.

  • Sartzeko nota: UHUNek emandako indarreko egiaztagirian edo bere tituluaren homologazio egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota.
  • Onartua izateko nota: Ikasle hauek aukera dute nota hobetzeko. Horretarako, BEUSen nahitaezko fasera aurkeztu behar dute, eta, hala badagokio, BEUSeko borondatezko fasera, LOMCE Batxilergoa egin dutenen kondizio beretan.

h) Atzerriko tituluak, diplomak edo ikasketak dituzten ikasleak, baldin eta horiek homologatuak badira edo Espainiako Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren edo goi mailako kirol teknikariaren tituluaren baliokidetzat jotzen badira.

  • Sartzeko nota: UHUNek emandako indarreko egiaztagirian edo bere tituluaren homologazio egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota.
  • Onartua izateko nota: UHUNek egiten edo egiaztatzen dituen gaitasun espezifikoko probetan edo ikasleak BEUSeko borondatezko fasean lortutako kalifikazioetan oinarrituz eta araudi honetako 3.1 artikuluko formula aplikatuz lortzen dena.

i) Espainiako Hezkuntza Sistemako Batxilergoko tituluaren, Lanbide Heziketako goi mailako teknikariaren, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariaren edo goi mailako kirol teknikariaren tituluaren baliokide ez diren tituluak, diplomak edo ikasketak dituzten ikasleak, Europar Batasuneko kide diren estatuetan edo gai honetan aplikagarriak diren elkarrekikotasunezko nazioarteko hitzarmenak sinatuta dituzten beste estatu batzuetan lortu dituztenak, baldin eta estatu horretako unibertsitateetan sartzeko betebeharrak betetzen badituzte.

  • Sartzeko nota: UHUNek emandako indarreko egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota.
  • Onartua izateko nota: UHUNek egiten dituen gaitasun espezifikoko probetan lortutako kalifikazioetan oinarrituz eta araudi honetako 3.1 artikuluko formula aplikatuz lortzen dena.

j) Graduko edo Masterreko unibertsitateko titulu ofizial bat edo baliokidea, edo diplomadun, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko, lizentziadun, arkitekto edo ingeniari titulua -titulu horiek lehenagoko unibertsitate ikasketen edo titulu baliokidearen antolamenduari dagozkio- duten ikasleak.

  • Sartzeko nota: egindako ikasketen batez besteko nota, 2003ko irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kalkulatua. Hiru hamarrenekin adierazi behar da, eta milaren hurbilenarekin biribildu, eta distantziakidea bada, goiko milarenarekin.
  • Onartua izateko nota: sartzeko nota bera da.

k) Atzerriko unibertsitate titulu ofizial bat duten ikasleak, baldin eta homologatuta badute Graduko edo Masterreko titulu ofiziala edo titulu baliokidea, edo diplomadun, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko, lizentziadun, arkitekto edo ingeniari titulua -titulu horiek lehenagoko unibertsitate ikasketen edo titulu baliokidearen antolamenduari dagozkio-.

  • Sartzeko nota: egindako ikasketen batez besteko nota, homologazio egiaztagirian edo, hala badagokio, batez besteko notaren baliokidetza deklarazioan azaltzen dena. Hiru hamarrenekin adierazi behar da, eta milaren hurbilenarekin biribildu, eta distantziakidea bada, goiko milarenarekin.
  • Onartua izateko nota: sartzeko nota bera da.

l) 25 urtetik gorakoak, ikasle kolektibo horrentzat 412/2014 Errege Dekretuan ezarritako sartzeko proba gainditu badute. Unibertsitatean sartzeko beste baldintza orokor batzuk betetzen dituztenek ez dute zilegi izango unibertsitatean sartzeko bide hori erabiltzea.

  • Sartzeko nota: sartzeko proban lortutako kalifikazioa.
  • Onartua izateko nota: sartzeko nota bera da.

m) 45 urtetik gorakoak, ikasle kolektibo horrentzat 412/2014 Errege Dekretuan ezarritako sartzeko proba gainditu badute. Unibertsitatean sartzeko beste baldintza orokor batzuk betetzen dituztenek ez dute zilegi izango unibertsitatean sartzeko bide hori erabiltzea.

  • Sartzeko nota: sartzeko proban lortutako kalifikazioa. Ikasle hauek proba gainditu zuten unibertsitatean sartzeko aukera izango dute bakarrik.
  • Onartua izateko nota: sartzeko nota bera da.

n) Lan esperientzia edo esperientzia profesionala duten 40 urtetik gorakoak, baldin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskaintzen dituen graduko ikasketa ofizialetako baten batekin lotutako balioespen prozesua gainditu izana egiaztatzen badute. Unibertsitatean sartzeko beste baldintza orokor batzuk betetzen dituztenek ez dute zilegi izango unibertsitatean sartzeko bide hori erabiltzea.

  • Sartzeko nota: eskatu duen graduko ikasketa ofizialarekin lotutako lan esperientziaren edo esperientzia profesionalaren balioespenean lortutako kalifikazioa. Ikasle hauek balioespen prozesua gainditu zuten unibertsitatean bakarrik sartu ahalko dira.
  • Onartua izateko nota: sartzeko nota bera da.

5. artikulua. Lehentasun ordena, unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetako ikaspostuak esleitzeko.

1. Araudi honetan ezarritako balioespen irizpideak eta lehentasun ordena betez ordenatuko eta esleituko dira ikaspostuak kupo bakoitzaren barruan.

2. Ikasturte bakoitzean, gutxienez bi aldi izan behar dira graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko eskatzeko: ohiko aldia eta ezohiko aldia. Lehen aldian ikaspostuak esleitu ondoren ikaspostu hutsak dituzten graduko ikasketetarako eta kupoetarako zabalduko da bigarren aldia, ezohikoa.

3. Onartze aldi bakoitzean, ikasleak onartua izateko egiaztatuko notaren arabera esleituko dira kupo bakoitzerako eskainitako ikaspostuak.

4. Lehentasun ordena honen arabera esleituko dira kupo bakoitzerako eskainitako ikaspostuak:

a) Lehenik, ikasketetan onar ditzaten ohiko aldian eskatzen duten eta BEUS proba abian den ikasturteko ohiko deialdian edo aurreko ikasturteetako deialdietan gainditu dutela egiaztatzen duten ikasleei esleituko zaizkie ikaspostuak, bai eta 4. artikuluko b, c, d, e, f, h, j, k, l, m eta n idatz zatietako baldintzak aldi horretan betetzen dituztenei ere.

b) Bigarrenik, ikasketetan onar ditzaten ezohiko aldian eskatzen duten eta BEUS proba abian den ikasturteko ezohiko deialdian gainditu dutela egiaztatzen duten ikasleei esleituko zaizkie ikaspostuak, bai eta 4. artikuluko b, c, d, e, f, h, j, k, l, m eta n idatz zatietako baldintzak aldi horretan betetzen dituztenei ere.

Halaber, bigarren lehentasun ordena honetan esleituko zaizkie ikaspostuak sartzeko baldintzak ezohiko aldian betetzen badituzte ere onartuak izateko eskaera ohiko aldian egin zuten ikasleei, bai eta baldintzak betetzen zituztenez onartuak izateko eskaera ohiko aldian egin zezaketen baina egin ez zuten horiei ere.

c) Hirugarrenik, araudi honetako 4. artikuluko g eta i ataletan aipatutako ikasleak eta lehen xedapen iragankorrean adierazitakoak, baldin eta BEUS proba 2016ko abenduaren 22ko ECD/1941/2016 Aginduan jasotako baldintzetan gainditu ez badute.

5. Lehen onartze aldian ikaspostuak esleitzeko, ez dira kontuan hartuko abian den ikasturteko aparteko deialdiko BEUS proban (edo proba baliokide batean) lortutako kalifikazioak.

6. 25 urtetik gorakoentzat erreserbatutako kupoan, hauek izango dute lehentasuna:

a) Lehenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoan 25 urtetik gorakoentzako sartzeko proba gainditu duten eskatzaileak.

b) Bigarrenik, fase espezifikoan aukeratutako jakintza adarrean edo adarretan sartzeko proba gainditu duten ikasleak.

III. KAPITULUA

Onartua izateko prozedurak

6. artikulua. Onartua izateko eta ikaspostuak eskaintzeko prozedurak.

1. Lau prozedura daude graduko ikasketa ofizialetan ikasleak onartzeko:

a) Graduko ikasketak hasteko onartua izateko prozedura orokorra.

b) Espainiako unibertsitate ikasketak hasiak dituztenek ikasketaz aldatzeko prozedura.

c) Atzerriko unibertsitate ikasketak hasiak dituztenek ikasketaz aldatzeko prozedura.

d) Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko titulu ofizial bat lortu duten eta tituluaren beste aipamen bat egin nahi duten ikasleak onartzeko prozedura.

2. Graduko ikasketak hasteko prozedura orokorreko ikaspostu eskaintza Unibertsitatearen eskariz Unibertsitate Politikako Konferentzia Nagusiak urtero adierazten duena -zeina Nafarroako Foru Erkidegoak aldez aurretik onetsi behar baitu- izango da, eta 412/2014 Errege Dekretuan aurreikusitako kupo orokorraren eta erreserbako kupoen artean banatuko dira.

a) 25 urtetik gorakoak.

b) 45 urtetik gorakoak.

c) 40 urtetik gorakoak, lan esperientzia eta esperientzia profesionala egiaztatzen dutenak.

d) %33ko desgaitasun maila edo handiagoa aitortua duten ikasleak, eta desgaitasun arrazoi pertsonalei lotuta hezkuntza behar berezi iraunkorrak dituzten ikasleak, ordura arteko eskolatzean laguntza eta baliabideak behar izan dituztenak erabateko hezkuntza normalizaziorako.

e) Goi mailako edo errendimendu handiko kirolariak.

f) Unibertsitate titulua edo baliokidea duten ikasleak.

3. Aurreko idatz zatiko ikaspostu eskaintzan, ikasketa ofizialetako baterako programetarako (aurrerantzean, IOBP) ikaspostu kupo espezifikoak sartzen ahalko dira, bai eta graduko ikasketa ofizialetako beste eskaintza akademiko espezifiko batzuk. Horietako bakoitza titulazio diferente gisa hartuko da kontuan, araudi honetako 9. artikuluaren 3. idatz zatiari dagokionez. Graduko ikasketa ofizialak hasi dituzten eta IOBP programetan edo Nafarroako Unibertsitate Publikoko beste eskaintza espezifiko batzuetan parte hartzen duten ikasleek ez dute zilegi hurrengo ikasturteetan haietan onartua izateko eskaera egitea.

4. 1. idatz zatian adierazitako ikasketetan onartua izateko gainerako prozeduren kasuan, Gobernu Kontseiluak, ikasturte bakoitzean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikastegiek proposatuta, ezarriko du titulazio bakoitzerako ikaspostu kupoa, eskaerak aurkezteko epea ireki baino lehen.

5. Ikasketetan onartzeko eskaerak aurkezteko epea hasi baino lehen emango dira ezagutzera bai ikaspostu eskaintza bai kupokako banaketa.

6. 2. idatz zatian adierazitako erreserbarako ikaspostu hutsak gehitu egingo zaizkie Unibertsitatearen ikaspostu kupo orokorrean eskainitakoei.

IV. KAPITULUA

Graduko ikasketak hasteko onartua izateko prozedura orokorra

7. artikulua. Nork eska dezakeen graduko ikasketak egiteko onar dezatela, prozedura orokorraren bidez.

Prozedura orokorraren bidez onartua izateko eskaera egin dezakete, graduko ikasketak egiten hasi nahi dutenek, baldin eta eskaerak aurkezteko onartze aldi bakoitzerako ezarritako epea bukatzen den egunean indarrean den araudian ezarritako sartzeko baldintzak betetzen badituzte.

8. artikulua. Zer ikasketatarako egin daitekeen eskaera.

Interesdunek graduko edozein ikasketetan onartuak izateko eskaera egin dezakete, salbuespen hauekin:

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak deitutako 45 urtetik gorakoentzako sartzeko probak gainditu dituztenek gai direla egiaztatu duten graduko ikasketetan sartzeko bakarrik egin ahalko dute eskaera.

2. Lan esperientzia edo esperientzia profesionala egiaztatuta Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartzen diren 40 urtetik gorakoek gai direla egiaztatu duten graduko ikasketetan sartzeko bakarrik egin ahalko dute eskaera.

3. 45 urtetik gorakoentzako sartzeko probak edo lan esperientzia eta esperientzia profesionala duten 40 urtetik gorakoentzako proba beste unibertsitate batzuetan gainditu dutenek ez dute zilegi izango Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartuak izateko eskaera aurkeztea.

9. artikulua. Eskaeren tramiteak.

1. Graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko eskaerak ezarritako epeetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtero argitaratuko duen prozeduraren arabera egin behar dira.

2. Interesdunek eskaera bakar bat aurkezteko aukera dute, eta hobespen ordenan zerrendatu behar dituzte nahi dituzten ikasketak. Eskaeran, 3. artikuluan aurreikusitako sartzeko bide bat edo batzuk balia ditzakete ikasleek, 8. artikuluan aurreikusitako salbuespenak galarazi gabe.

3. Gobernu Kontseiluak urtero ezarriko du eskaeran zenbat titulazio jartzeko aukera dagoen.

4. Onartze aldi bakoitzeko eskaerak aurkezteko epeak bukatu eta gero, ez da aldaketarik onartuko eskaeran adierazitako ikasketa hautaketan eta zentroetan, ez eta haien lehentasun ordenan ere.

10. artikulua. Ikaspostuen esleipena.

1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, araudi honetan ezarritako balioespen irizpideen eta lehentasun ordenaren arabera ordenatuko dira, eta, gero, ikaspostuak esleituko dira.

2. Ikasle bakoitzak eskainitako ikaspostu bat lortu ahal izango du gehienez ere.

3. Eskaera egin duten baina matrikula formalizatuko ez duten ikasleak konpentsatzeko, zilegi da eskainitako ikaspostu kopurua baino ikasle onartu gehiago sartzea onartutako ikasleen zerrendan. Onartutako ikasleen kopuru handiago hori Gradu eta kupo bakoitzerako aurreikusitako ehuneko batek edo erortze indize batek zehaztuko du. Ehuneko edo indize hori ikasleen gaien eskumena duen errektoreordetzak finkatuko du.

4. Kupo baten bidez titulazio jakin batean onartu diren ikasleek onartu zituztenean adierazitako egunean eta orduan formalizatu behar dute matrikula. Hala egiten ez badute, galdu egingo dute ikasposturako eskubidea, eta ezin izango dute titulazio berean onartuak izan geroagoko zerrendetan beste kupo batzuen bidez.

5. Ikasturteko irakaskuntza aldia hasten denetik 15 egun natural pasatzen diren arte sortzen diren ikaspostu hutsak, dela ikasleek matrikula gauzatu ez dutelako dela baliogabetu egin dutelako, dagozkien itxarote zerrendetako eskatzaileek beteko dituzte, haietan ezarritako ordenari zorrotz segituz. Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtero argitaratuko du itxarote zerrendetan daudenei deialdi publikoak egiteko prozedura.

6. Ikasleak onartzeko prozesua ebatzi eta gero, ikasketaren batean ikaspostu hutsak gelditzen badira eta itxarote zerrendan eskatzailerik ez badago, aukera egongo da onartua izateko eskaera gehiago aurkezteko, ikasturteko irakaskuntza aldia hasten denetik 15 egun natural pasatzen diren arte. Unibertsitateko Erregistro Orokorrean eskaerak aurkeztu diren ordenari zorrotz segituz ebatziko dira eskaera horiek.

7. Aldez aurretik eskainitako ikaspostuak ezin izango dira hutsik utzi, baldintzak betetzen dituzten eskaerak baldin badaude eta ezarritako epeetan formalizatu badira.

11. artikulua. Ikaspostuen esleipena argitaratzea.

1. Gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrendak eta, hala dagokionean, itxarote zerrendetan gelditzen direnenak Ikasgelategiko iragarki oholean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira. Gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrenden argitalpena interesdunei egindako jakinarazpen ofizialtzat hartuko da, baina ez du eragingo inondik ere haien aldeko ondorio behin betikorik, unibertsitateak akatsen bat aurkitzen badu. Kasu horretan, aldatu egingo litzateke.

2. Graduko ikasketa bakoitzeko, onartutako ikasleen zerrenda bat argitaratuko da, ikaspostua lortu duten eskatzaileen lehentasunen arabera ordenatuta, eta onartua izateko zer nota duten eta zer kuporen bidez parte hartu duten adieraziko da.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi du ezartzea ikasposturik lortu ez duten ikasleek espresuki eskatu behar dutela Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezarritako epeetan itxarote zerrendetan egon nahi dutela; hartara, hurrengo onartze zerrendetara dei ditzaten matrikula ez formalizatzeagatik edo baliogabetzeagatik sor litezkeen ikaspostu hutsak betetzeko.

4. Ikasposturik lortu ez duten eskatzaileen lehentasunaren arabera ordenatuta argitaratuko dira itxarote zerrendak, baita unibertsitateko beste graduko ikasketa batean onartuak izan badira ere, eta onartua izateko zer nota duten eta zer kuporen bidez parte hartu duten adieraziko da. Zerrenda horretan ez dira azalduko lehentasun ordenan lehenago dagoen ikasketa batean ikaspostua lortu duten ikasleak.

12. artikulua. Erreklamazioak.

Ikaspostuen esleipena argitaratu ondoren onartze edo itxarote zerrendetan akatsen bat aurkitzen duenak zilegi du hiru laneguneko epean ikasle gaien eskumena duen errektoreordeari erreklamazioa aurkeztea. Dokumentuen bidez justifikatu behar da erreklamazioen arrazoia.

V. KAPITULUA

Espainiako unibertsitate ikasketa ofizialak hasiak dituztenek ikasketaz aldatzeagatik onartua izatea

13. artikulua. Nork duen aukera ikasketaz aldatzeagatik onar dezaten eskatzeko.

1. Hauek dute aukera ikasketetan onar ditzatela eskatzeko:

a) Espainiako beste unibertsitate batzuetako ikasketa ofizialak bukatu gabe dituzten eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko ikasketa ofizialetan onartuak izan nahi duten pertsonek, baldin eta 30 kreditu bederen aitortu badakizkieke.

b) Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasketa ofizialak bukatu gabe dituzten eta NUPeko bertako beste graduko ikasketa batzuetara aldatu nahi duten pertsonek, baldin eta 30 kreditu bederen aitortu badakizkieke.

2. Aurreko idatz zatietan adierazitako gutxieneko 30 kredituak aitortuta ez dituztenek zilegi izango dute araudi honen IV. kapituluan ezarritako onartze prozesu orokorrean parte hartzea.

3. Ez da ikasketaz aldatzea onartuko, baldin eta ikasketa plana iraungi delako dagoeneko irakasten ez diren irakasgaiak egin behar badira.

14. artikulua. Eskaeren tramiteak.

1. Ikasketaz aldatzeagatik onartua izateko eskaerak ezarritako epeetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtero argitaratuko duen prozeduraren arabera egin behar dira.

2. Ikasleek titulazio bakar bat adierazi behar dute, hau da, ikasketaz aldatzeagatik zein titulaziotan onartuak izatea nahi duten.

3. Eskaerak aurkezteko onartze aldi bakoitzerako ezarritako epea bukatzen den egunean eskatzaileek egiaztatutako baldintza akademikoak bakarrik balioetsi ahalko dira.

4. Ikaspostuak esleitzeko prozeduratik kanpo geldituko dira baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak edo eskatutako dokumentazioa erantsita ez dutenak.

15. artikulua. Ikaspostuen esleipena.

1. Eskaera baliozkoetan eskatzaile kopurua eskainitako ikaspostuen kopurua baino handiagoa bada, lehentasun irizpide hauek kontuan hartuta ordenatuko dira eskaerak esleipenean:

a) Espainian araututako lanbide jardueretarako gaitzen duten graduko ikasketa ofizialetarako, lehentasuna izango dute Espainian araututako jarduera horietarako gaitzen duten ikasketetatik datozen ikasleen eskaerek, eta, gero, jakintza adar berekoak diren ikasleen eskaerek.

b) Graduko gainerako ikasketa ofizialetarako, jakintza adar bereko ikasketetatik datozen ikasleen eskaerek izango dute lehentasuna.

2. Lehentasun bereko eskaerei dagokienez, egindako unibertsitate ikasketen ikasketa espedienteko batez besteko notaren arabera ordenatuko dira. Aldez aurretik eskainitako ikaspostuak ezin izango dira hutsik utzi, baldintzak betetzen dituzten eskaerak baldin badaude eta aldi bakoitzerako ezarritako epeetan formalizatu badira.

a) Batez besteko nota kalkulatzeko, kontuan hartuko da eskaerak aurkezteko azken epea bukatu bitartean lortutako kalifikazioak.

b) Batez besteko nota kalkulatzeko haztapena 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da.

c) Ikasketa ziurtagirian, irakasgai batean edo guztietan, 1125/2003 Errege Dekretuaren 5.4 artikuluko baremoan adierazten den zenbakizko kalifikazioa azaltzen ez bada, kalifikazio kualitatiboa zenbakizko bihurtu behar da baremo honekin:

–Ohorezko matrikula (10 puntu)

–Bikain (9 puntu)

–Oso ongi (7,5 puntu)

–Nahiko (5,5 puntu)

16. artikulua. Dokumentazioa.

1. Ikasketaz aldatzeko eskaerarekin batera, kreditu aitorpena balioesteko eta ikaspostuak esleitzeko irizpideak aplikatzeko beharrezko den dokumentazioa aurkeztu behar du eskatzaileak; besteak beste, nahitaezkoa da egindako ikasketen ikasketa ziurtagiri pertsonal osatu bat aurkeztea, zeinetan azaldu behar baitute gainditutako irakasgai guztiak eta aitortu nahi diren irakasgaien programak.

2. Ikaslea Nafarroako Unibertsitate Publikotik badator, ez da beharrezkoa izango aurreko idatz zatietan eskatzen den dokumentazioa edo ziurtagiria aurkeztea.

17. artikulua. Esleipenaren ebazpena.

Ikasketaz aldatzeagatik gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrendak eta, hala dagokionean, itxarote zerrendetan gelditzen direnenak Sarbidea Bulegoko iragarki oholean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira. Gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrenden argitalpena interesdunei egindako jakinarazpen ofizialtzat hartuko da, baina ez du eragingo inondik ere haien aldeko ondorio behin betikorik, unibertsitateak akatsen bat aurkitzen badu. Kasu horretan, aldatu egingo litzateke.

18. artikulua. Erreklamazioak.

Ikaspostuen esleipena argitaratu ondoren onartze edo itxarote zerrendetan akatsen bat aurkitzen duenak zilegi du hiru laneguneko epean ikasle gaien eskumena duen errektoreordeari erreklamazioa aurkeztea. Dokumentuen bidez justifikatu behar da erreklamazioen arrazoia.

VI. KAPITULUA

Atzerriko unibertsitate ikasketaz aldatzeagatik onartua izatea

19. artikulua. Nork eska dezakeen onar dezatela, atzerriko unibertsitate ikasketaz aldatzeagatik.

1. Atzerriko unibertsitate ikasketa ofizialak bukatu gabe dituztenek dute zilegi ikasketetan onar ditzaten eskatzeko.

2. Atzerriko unibertsitate ikasketa ofizialak bukatu dituztenek ere zilegi dute ikasketetan onar ditzaten eskatzea. Ikasleak lortutako tituluak Espainian lanbide erregulatu baterako sarbidea ematen badu, titulua homologatzeko tramitea hasi ez bada bakarrik onartuko da, edo tramite hori hasita ere Ministerio eskudunak ezezkoa eman badio.

3. Inolaz ere ez dira onartuko 2014ko azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuaren 3. artikuluak ezarritako baztertzeko zioren bat daukatenak. Dekretu horren bidez ezartzen dira betebeharrak eta prozedura ikasketak homologatzeko eta baliokidetza aitortzeko, unibertsitateko titulu ofiziala eta maila akademiko ofiziala izan daitezen eta unibertsitateko atzerriko ikasketak baliokidetzeko, bai eta prozedura ere zehazteko zein den titulu ofizial hauen egokitasuna kualifikazioen Espainiako kualifikazioen esparruen mailekin: arkitektoa, ingeniaria, lizentziaduna, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa eta diplomaduna.

4. Aurreko idatz zatietan adierazitako gutxieneko 30 kredituak aitortuta ez dituztenek zilegi izango dute araudi honen IV. kapituluan ezarritako onartze prozesu orokorrean parte hartzea.

5. Ez da ikasketaz aldatzea onartuko, baldin eta ikasketa plana iraungi delako dagoeneko irakasten ez diren irakasgaiak egin behar badira.

20. artikulua. Eskaeren tramiteak.

1. Atzerriko unibertsitate ikasketaz aldatzeagatik onartua izateko eskaerak ezarritako epeetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtero argitaratuko duen prozeduraren arabera egin behar dira.

2. Ikasleek titulazio bakar bat adierazi behar dute, hau da, ikasketaz aldatzeagatik zein titulaziotan onartuak izatea nahi duten.

3. Eskaerak aurkezteko onartze aldi bakoitzerako ezarritako epea bukatzen den egunean eskatzaileek egiaztatutako baldintza akademikoak bakarrik balioetsi ahalko dira.

4. Ikaspostuak esleitzeko prozeduratik kanpo geldituko dira baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak edo eskatutako dokumentazioa erantsita ez dutenak.

21. artikulua. Ikaspostuen esleipena.

Eskaera baliozkoetan eskatzaile kopurua eskainitako ikaspostuen kopurua baino handiagoa bada, aitortutako ECTS kreditu kopuru handienaren balioespen irizpidea aplikatuz ordenatuko dira eskaerak; hortaz, aitortutako kreditu gehien dituzten ikasleek lortuko dute ikaspostua.

22. artikulua. Dokumentazioa.

Ikasketaz aldatzeko eskaerarekin batera, kreditu aitorpena balioesteko eta ikaspostuak esleitzeko irizpideak aplikatzeko beharrezko den dokumentazioa aurkeztu behar du eskatzaileak; besteak beste, nahitaezkoa da egindako ikasketen ikasketa ziurtagiri pertsonal osatu bat aurkeztea, zeinetan azaldu behar baitute gainditutako irakasgai guztiak eta aitortu nahi diren irakasgaien programak.

23. artikulua. Esleipenaren ebazpena.

Ikasketaz aldatzeagatik gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrendak eta, hala dagokionean, itxarote zerrendetan gelditzen direnenak Sarbidea Bulegoko iragarki oholean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira. Gradu bakoitzean onartutako ikasleen zerrenden argitalpena interesdunei egindako jakinarazpen ofizialtzat hartuko da, baina ez du eragingo inondik ere haien aldeko ondorio behin betikorik, unibertsitateak akatsen bat aurkitzen badu. Kasu horretan, aldatu egingo litzateke.

24. artikulua. Erreklamazioak.

Ikaspostuen esleipena argitaratu ondoren onartze edo itxarote zerrendetan akatsen bat aurkitzen duenak zilegi du hiru laneguneko epean ikasle gaien eskumena duen errektoreordeari erreklamazioa aurkeztea. Dokumentuen bidez justifikatu behar da erreklamazioen arrazoia.

VII. KAPITULUA

Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko titulu ofizial bat lortu duten eta tituluaren beste aipamen bat egin nahi duten ikasleak onartzea

25. artikulua. Tituluaren beste aipamen bat egiteko onartua izatea.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko graduko titulu ofizial bat duten ikasleek zilegi dute beren Graduko tituluaren beste aipamen bat egiteko eskatzea, Unibertsitateak ikasturte bakoitzerako ezarritako epeetan.

2. Eskaerak ordenatzeko aipamen berri bat egin nahi duten graduko unibertsitateko espedientearen batez besteko notaren balioespen irizpidea aplikatuz ordenatuko dira, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitate titulazioetako kalifikazio sistema ezartzen duen 1125/2003 Errege Dekretuko 5. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz. Batez besteko nota hiru hamarrenekin adierazi behar da, eta milaren hurbilenarekin biribildu, eta distantziakidea bada, goiko milarenarekin.

3. Errektoreak edo errektoreorde eskudunak ebatziko ditu eskaerak.

Lehen xedapen gehigarria.–Gradura Egokitzeko Ikastaroa egin nahi duten ikasleak onartzeko prozedura.

1. Diploma edo ingeniaritza teknikoko Espainiako titulu ofizial bat duten ikasleek zilegi dute onar ditzaten eskatzea, dagokion graduko unibertsitate titulu ofiziala lortzeko beharrezko kreditu osagarriak egiteko, Unibertsitateak urtero ezartzen dituen epeetan.

2. Gobernu Kontseiluak, ikasturte bakoitzean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikastegiek proposatuta, eskaerak aurkezteko epea ireki baino lehen, ezarriko du aurreko ikasketa planetako tituludunentzako egokitze ikastaroetarako ikaspostu kupoa titulazio bakoitzerako.

3. Ikasleek egin nahi duten graduaren txosten egiaztatuan ezarritako irizpideak aplikatuz ordenatuko dira eskaerak, aurreko idatz zatian aipatzen den ikaspostu kupoa gainditzen badute.

Bigarren xedapen gehigarria.–Beren atzerriko titulua homologatzeko prestakuntzako eskakizun osagarriak gainditu behar dituzten ikasleak.

1. Atzerriko unibertsitateko titulu bat daukaten eta Espainiako graduko titulu batekin homologatzeko prestakuntza baldintza osagarriak gainditu behar dituzten ikasleentzat zilegi da tutoretzapeko ikastaroak egiteko eskatzea, dituzten prestakuntza gabeziak zuzentzeko, Unibertsitateak urtero ezarritako epeetan.

2. Gobernu Kontseiluak urtero ezarriko ditu titulazio bakoitzeko ikaspostu kupoak, tutoretzapeko ikastaroak egiteko.

3. Ikasleak homologaziorako gainditu behar dituen gai edo irakasgaien ECTS kreditu kopuru txikienaren balioespen irizpidea aplikatuz ordenatuko dira eskaera, eta ikaspostua lortuko dute graduko ikasketak amaitzeko ECTS kreditu gutxiago dituzten ikasleek.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Utzitako ikasketak berriz hastea.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasitako ikasketak aldi baterako utzi dituzten eta ikasketa horiekin berriz jarraitu nahi duten ikasleek eskaera aurkeztu beharko dute Unibertsitateak urtero ezarritako epeetan, baldin eta iraupen arauak urratzen ez badituzte. Utzitako ikasketekin berriz hastea ez da sarrera berriko ikaspostu gisa zenbatzen.

2. Utzitako ikasketak ematen jarraitzen badute, ikasleei hitzordu bat emango zaie, ezarritako epean matrikula egiteko.

3. Utzitako ikasketa iraungita badaude, ikasleak bere ikasketak indarrean den unibertsitateko gradura egokitzeko eskatu beharko du lehenengo. Iraungitako ikasketen ordez graduko titulazio berri bat ezarri ez bada, ezin izango da utzitako ikasketekin berriz jarraitu.

Lehenengo xedapen iragankorra.–2016ko abenduaren 22ko ECD/1941/2016 Aginduaren xedapen iragankor bakarra aplikatu behar zaien ikasleak.

Graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan sartzeko, ikasle hauek ez dute BEUS proba gainditu behar 2016ko abenduaren 22ko ECD/1941/2016 Aginduan adierazitako baldintzetan. Kasu horretan, ez da aplikatu behar 3. artikuluan jasotako formula -onartua izateko nota kalkulatzekoa-; Batxilergoan lortutako azken kalifikazioa izango da onartua izateko nota.

Hala eta guztiz ere, ikasle hauek aukera dute BEUSen nahitaezko fasera eta BEUSeko borondatezko fasera aurkezteko, LOMCE Batxilergoa egin dutenen kondizio beretan.

BEUSera aurkeztu eta gainditzen ez badute, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetarako sarbidea mantenduko dute, lehenengo xedapen iragankor honetako lehen paragrafoaren arabera. Ikaspostuak esleitzeko prozesuan, araudi honetako 4. artikuluko g eta i ataletan aipatutako ikasleak 5.4 artikuluan aurreikusitakoa betez ordenatuko dira.

Bigarren xedapen iragankorra.–USP probako fase espezifikoko irakasgaiak 2015-2016 ikasturtean gainditu zituzten ikasleak.

2014ko ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa kontuan harturik, 2016ko ohiko eta ezohiko deialdietako Unibertsitatean Sartzeko Probaren fase espezifikoan gainditutako irakasgaiei 2016-2017 ikasturtean onartua izateko aplikatu beharreko haztapen parametroak aplikatu behar zaizkie, soilik 2017-2018 ikasturtean graduko ikasketa ofizialetan onartuak izateko.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Ikasleek zenbat titulazio jartzeko aukera duten 2017-2018 ikasturterako aurreinskripzioan.

2017-2018 ikasturtean graduko ikasketa ofizialak hasteko aurreinskripzioa egiten duten ikasleek, gehienez ere, sei titulazio jartzeko aukera izango dute.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe geldituko dira erabaki honen lerrun bereko edo txikiagoko arau guztiak. Bereziki, indarrik gabe geldituko dira hauek:

–2016ko maiatzaren 23ko Gobernu Kontseiluaren erabakia, sartzeko prozedura, balioespen irizpideak eta lehentasunezko ordena onesten dituztenak unibertsitateko gradu ikasketa ofizialetako ikaspostuak esleitzeko.

–2010eko ekainaren 15eko Gobernu Kontseiluaren erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren gradu ikasketen lehen ikasmailan onartutako ikasleen zerrendak kudeatzeko irizpideak ezartzen dituena.

Lehenengo azken xedapena.–Garapena eta interpretazioa.

Ikasleen gaietan eskumena duen errektoreordeari ahalmena ematen zaio araudi honetan xedatutakoa betetzeko beharrezko aginduak eman ditzan.

Bigarren azken xedapena.–Indarra hartzea.

1. Erabaki honetan arautzen diren prozedurak Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan 2017-2018 ikasturtetik aurrera onartua izateko aplikatu behar dira.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman, eta biharamunean hartuko du indarra araudi honek.

Iragarkiaren kodea: F1706886