1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
128E/2017 EBAZPENA, apirilaren 11koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Oltza Zendeako udal-mugartean goi hornidurako hodia berritzeko eta Lizasoaingo depositua eraberritzeko proiekturako. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona SA da.
2016ko azaroaren 16an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jarduketaren helburua da herriaren ur hornidura ziurtatzea, eskaria handitu baita jarduera berriak ezarri ondoren. Lanetan, goi hornidurako hodi berri bat paratuko da, depositurako ekarpena sendotzeko, giltzen ganbara handitu eta eraberrituko da, eta depositua egokituko da, kanpotik eta barrenetik.
Goi hornidurako hodi berriak 230 metroko luzera izanen du, eta diametroa, berriz, 80mm-koa. Burdinurtu nodularrekoa izanen da. 63 mm-ko diametrokoa den polietilenozko oraingo hodiarekin paralelo joanen da. Trazadura oraingo etxolatik abiatuko da, zein zuzenean hornitzen baita Egillorko edateko ura tratatzeko estaziotik. Oltzako 8. poligonoko 15., 42. eta 43. lurzatietan barna joanen da.
1970eko depositua eraberritzeko, honako lan hauek eginen dira: estalkiko lurrak kendu eta EPDM xafla batekin iragazgaiztea estalkia, leihoetako arotzeria lantzea, barneko eta kanpoko paretak presiozko ur bidez garbitzea eta bistako horma margotzea. Orobat, ontziaren barrena presiozko ur bidez garbitzea aurreikusten da. Giltzen ganbara eraberrituko da, husteko puntu bat eta purgagailu bat jarriz, hornidura eten ez dadin mantentze-lanak egiten diren bitartean.
Paisaia integratzeko neurri zuzentzaile gisa, aurreikusten da deposituko ingurunea hobetzea zuhaitzak eta zuhaixkak landatuz eta belarrak ereinez obrek ukitutako lurzoruen gainean.
Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak egin txostenean adierazi da hodia 90 bat metroan labore lurretan barna joanen dela, eta 140 bat metroan zuhaixkaz osatutako larrez estalitako malda apala duen lurzati batean barna. Tarte hori sentikorrena da ingurumenaren aldetik.
Tarte horretan, zuhaixka mediterraneoen estratua (otabera eta isatsa arrunta) duen larre batean zehar doa hodia. Ezkai eta otabera azpimediterraneoen habitata da, azken batean. Landare komunitate hori eskualdeko baso potentziala (erkameztia) ordezten den etapan agertzen da. Habitat hori lurzati berean dago sakabanaturik dauden zenbait ipar-ipururekin batera.
Ez da bestelako balio naturalik ukitzen. Aldeko txostena eman zaio proiektuari, betiere ebazpen honen bukaerako baldintzen artean zehazten diren prebentzio neurri eta neurri zuzentzaile guztiak betetzen badira.
Espedientean, 2016ko azaroaren 23ko aldeko txostena dago, proiektuaren hirigintzako bateragarritasunari buruzkoa. 2017ko otsailaren 23an, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak aldeko txostena egin du, hirigintza arloko determinazioak betetzeko baldintzarekin.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Oltza Zendeako udal-mugartean goi hornidurako hodia berritzeko eta Lizasoaingo depositua eraberritzeko proiekturako (AM273223a). Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona SA da.
2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Ingurumen arlokoak:
- Proiektua gauzatzeko, ingurumen arloko teknikari batek bertan agertu beharko du, behintzat zuinketa lanak egin eta lanerako eremua ireki bitartean ingurumenaren aldetik sentikorrena den lurzatian (42C), zein zuhaixkaz osaturiko larrez estalita baitago.
- Lurzati horretan, zinta egokia erabiliz balizatuko dira lan egiteko kalea, beharrezkoa zanga egiteko, eta deposituaren inguruko ukipen eremua.
- Lan egiteko kalea irekitzean, lehengo hornidura hodiaren berma aprobetxatuko da, ahalik eta lur gutxien tokiz aldatzeko. Kale hori ezin da 9 metro baino zabalagoa izan. Ukitutako gainazala ahalik eta txikietan izan dadin, segidan eginen dute lan makinek, kale bikoitza ireki gabe.
- Deposituaren inguruan ukitzen den eremuaren zabalera 6,5 metrotik 10 metrora bitartekoa izanen da, proiektatu den moduan.
- Debeku da makinez pasatzea edo materialak biltzea balizatutako eremuetatik kanpo. Hartara, proiektuaren 3. eranskineko seinalizazio planoan materialak biltzeko kokatutako hiru puntuetako bat kendu beharko da, 42C lurzatiko iparraldean edo alderik baxuenean dagoena.
- Makinak sartu aurretik, lanerako eremuaren bazterretan, sasiak eskuz kenduko dira, zangaren trazadura osoan. Adarrak garbi ebakiko dira, hautsi edo urratu gabe. Ahaleginak eginen dira azal gainean urraturik ez egiteko.
- Proiektuaren jarduketa eremuan dauden Juniperus communis sp. espeziearen ipuruak ez dira ukituko, eta, horretarako, hodiaren trazadura pixka bat aldatuko da, beharrezkoa izatera. Ezinbestean bota beharreko zuhaixkak soilik botako dira.
- Edonola ere, zuhaixkak edo zuhaitzak botatzeko, Iruñeko Basozaintzari abisatu beharko zaio aldez aurretik (telefonoa: 948 186 707; e-posta: ogfopamp7@cfnavarra.es), horiek marka ditzan.
- Zanga egitean, landare lurra kendu eta behar den moduan bilduko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran erabili ahal izateko zangaren goiko bete-lanetan eta obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko orduan.
- Hondeaketatik sobratzen diren lurrak eta eraikuntzako eta eraispeneko gainerako hondakinak eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen azterlanari jarraituz kudeatuko dira (proiektuan dago azterlan hori). Lurrak (LER kodea: 170504) lehengoratzeko lanetan erabiltzen badira, destinoko obra identifikatzeko moduan egonen da eta ingurumen arloko beharrezko baimena edukiko du.
- Obrak bukatutakoan, ukitutako gainazal guztiak lehengoratuko dira. Landare lurra zabaldu ondoan, lurra profilatu eta finduko da, fisiografiaren aldetik bat egin arte inguruko lurrarekin. Gero, landareztatuko dira berriz, proiektuan aurreikusitako ereintzen eta landaketen bidez. Landareztatze lanak neguko hilabeteetan eginen dira.
- Ur depositua kanpotik eraberritzean, kolore leun eta naturaleko pintura erabiliko da, bistaren gaineko eragina murrizteko.
- Depositu ondoan dauden akaziak mantenduko dira, bistarako pantailaren modukoak direlako.
- Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.
- Obra amaierako txostena aurkeztuko da, jasoko duena noraino lehengoratu den, argazkien erreportaje bat erantsita.
–Hirigintza arlokoak:
- Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.
- Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
- Herri-lurraren gaineko ukipenari dagokionez (8. poligonoko 42. lurzatia), Herri-lurren Atalaren txostenean adierazitakoa beteko da: “Erreferentziako lurzatia Lizasoaingo Kontzejuaren ondare-ondasun gisa agertzen bada ere katastroan, zenbait seinale direla bide irudi du herri-lurra dela, atal honek kontzejuari adierazi dion moduan. Akatsa berresten bada lurzatiaren katastroko titulartasunean, Lizasoaingo Kontzejuak zuzendu beharko du, obra-lizentzia eman baino lehen, katastroan egin beharreko aldaketa tramitatuz.
- Horrenbestez, aurreko kasu horretarako soilik, Servicios de la Comarca de Pamplona SA enpresak gauzatu asmo duen jarduketak herri-lurrak ukituko dituenez, Lizasoaingo Kontzejuak, obra-lizentzia eman baino lehen, lursail horiek okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Oltza Zendeako Udalari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko apirilaren 11n.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1704810