116. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

98E/2017 EBAZPENA, apirilaren 28koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez, aldaketa nabarmena egiten da Agoizko udal-mugartean gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak tratatzeko plantaren instalazioaren Ingurumen baimen integratuan, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak tratatzeko planta handitzeko proiektua gauzatzeko. Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren kasuan kasuko espediente administratiboetako baldintzak bete beharko dituzte, eta, gainera, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan agertzen diren baldintzak. Instalazioaren titularra Fundación Aspace Navarra para el Empleo da.

Instalazio horrek Ingurumen baimen integratua dauka, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 1273/2008 Ebazpenaren bidez emana.

2016ko ekainaren 22an titularrak jakinarazi zuen gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak tratatzeko plantaren instalazioa aldatu nahi zuela, beste biltegi bat jartzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2016ko uztailaren 5ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez da funtsezkoa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, horregatik, ez da beharrezkoa Ingurumen baimen integratu berria ematea; aldaketa nabarmena da ordea, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan, eta, horregatik, aldaketak Ingurumen baimen integratuan jaso eta hura aldatu beharra dago.

2016ko uztailaren 6an, prozedura hasi zen ingurumen baimen integratua aldatzeko, helburua izanik zegokion proiektua gauzatzea, hots: nabe berri bat egitea gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak biltzeko, funtsean erabiltzen ez diren hozkailu osoak, haien birziklapenerako, eta linea zuriko beste etxetresna elektriko batzuk eta etxetresna elektriko txikiak. Eremu bat aurreikusten da haiek berrerabiltzeko prozesu bat etorkizunean martxan jartzeko.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Instalazioaren titularrak alegazioak aurkeztu ditu ebazpen proposamenaren entzute tramitean. Ebazpen honen III. eranskinean jasotzen dira haien erantzunak.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da 10 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Agoizko udal-mugartean gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak tratatzeko plantaren instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzea, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak tratatzeko planta handitzeko proiektua gauzatzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Fundacion Aspace Navarra Para El Empleo da.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunean edo, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den egunean. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Fundacion Aspace Navarra para el Empleori eta Agoizko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko apirilaren 28an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1705191