116. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

363/2017 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, Zergen Kontrolerako 2017ko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak onesten dituena.

Nafarroako Zerga Ogasuna Nafarroako Gobernuaren oinarrizko tresna da, zerga-sistema modu eraginkorrean aplikatzeaz arduratzen dena. Funtsezko helburuak ditu Foru Komunitatean zergak ordaindu behar dituzten pertsona eta entitate guztiek betebehar fiskalak borondatez bete ditzaten sustatzea, baita zerga arloko ordenamendu juridikoaren aurkako jokabideak kontrolatu eta erreprimitzea ere, zergadunen beharrei egokituz eta baliabideen erabileraren efizientzia bermatuz.

Horretarako, Nafarroako Zerga Ogasunak zergak kontrolatzeko jarduketak planifikatu behar ditu, zertarako eta hura osatzen duten administrazio organoen lehentasunak ezarri eta koordinatu, helburuak finkatu eta lortzen diren emaitzen adierazleak ezarri ahal izateko. Prozesu horretan funtsezkoa da zergen kontrolerako plana, urtero zehaztu eta ezartzen baititu Nafarroako Zerga Ogasunaren jarduketarako ildo nagusiak.

Ebazpen honen bidez, aditzera ematen dira Zergen Kontrolerako 2017ko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak, eta zergak kudeatu, ikuskatu eta biltzeko faseetan egiten diren jarduketak koordinatzeko jarraibide orokorrak ezartzen; hori guztia, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 137. artikuluan eta Tributu Ikuskapenari buruz ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 10.4 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Nafarroako Gobernuak, 2016ko maiatzaren 11n egin bilkuran, Iruzurraren eta Ezkutuko Ekonomiaren kontra Borrokatzeko Batzordea eratzea erabaki zuen; batzorde horretako kideak Nafarroako Gobernuko, Foru Parlamentuko, sindikatuetako, enpresa elkarteetako eta bestelako entitate sozioekonomikotako ordezkariak dira, eta haren xede nagusia iruzur egiten dutenen kontra diseinatutako neurriak betetzen direla begiratzea da. Batzorde iraunkor honek gogotsu esku hartu du 2016an Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko 2016-2019 aldirako Plana egiteko lanetan; Nafarroako Gobernuak hura behin betiko onetsi zuen 2016ko urriaren 26an egin bilkuran. Urte anitzeko plan honek jarduketarako era askotako 220 neurri zehatz ditu eta Zergen Kontrolerako urteko Planen testuingurua da; horrela, benetako plan estrategikoa da Nafarroako Zerga Ogasunerako.

Jokabide iruzurtiak oztopatzeko 2016an promulgatutako arauzko xedapenak hainbat izan dira; nabarmentzekoak dira Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Lege berria eta abenduaren 28ko 28/2016 Foru Legea, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra aldatu zuena.

Nafarroako Zerga Ogasunak, bere eginkizunetan, iruzurraren aurkako borrokan bere ahaleginak indartu eta optimizatuko ditu, eta horretarako dudarik gabe nafar herritarren sostengua du. Hauen kontzientzia fiskala indartuz doa urtez urte, beren erantzukizun fiskalak saihestuz gizarte osoa larriki kaltetzen duten horien aurrean amore emateko edo tolerantzia izateko zirrikiturik utzi gabe.

Horiek horrela, eta aipatu xedapenetan ezarritako betebeharrak betetzeko asmoz, argitara ematen dira zergen kontrolerako arlo bakoitza gidatuko duten irizpideak eta jarduketa ildoak.

Horrenbestez,

EBATZI DUT:

Lehena.–Zergen Kontrolerako 2017ko Plana gidatzen duten irizpide hauek onestea.

1.–Jarduketarako irizpide orokorrak.

1.1. Nafarroako Zerga Ogasunak bere buruari jartzen dion helburu nagusia zergadunek beren tributu arloko betebeharrak borondatez bete ditzaten sustatzea da; horretarako, ezinbestekoa da herritarrei eta enpresei eskaintzen zaizkien zerbitzu telematikoen etengabeko hobekuntza. Alde horretatik, azken urte hauetan ahalegin garrantzitsua egin da Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian zergadunei informatzeko behar diren eduki egokiak emateko eta tramite administratiboak betetzen laguntzeko, ahal den neurrian zeharkako kostuak murriztuz.

1.2. Berriki onetsi den Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko 2016-2019 Planean jasotako berariazko konpromisoetako bat hau da: hezkuntza fiskalerako politika zehatzak ezartzea, zerga arloko ahaleginaren pertzepzio publikoa hobetzea lortzeko. Horretarako, eta neurri berri gisa, Nafarroako Zerga Ogasunak Hezkuntza Departamentuarekin eginen du lan, nafar herritarrek txikitatik ezagutu dezaten Ogasun Publikoak egiten duena eta baita iruzur fiskalaren kontrako borrokak, gizartearen helburu komuntzat hartuta, duen garrantzia ere.

1.3. Harreman zuzena sindikatuekin, enpresaburuen elkarteekin eta Foru Komunitateko beste gizarte eragile batzuekin ere, Nafarroako errealitate ekonomikoa, beharrak, ikuspegiak eta arriskuak bertatik bertara ezagutzeko. Alde horretatik, uste da 2016an sorturiko Iruzur Fiskalaren eta Ezkutuko Ekonomiaren kontra Borrokatzeko Batzordea gure ekonomiako sektoreen kezkak ezagutzeko topagune egokia dela, baita lehiakortasuna sustatzeko erabilgarritzat jotzen diren araugintza-neurriak hartzeko ere, iruzur fiskalaren kontrako beharrezko neurriak alde batera utzi gabe.

1.4. Ezkutuko ekonomiak kalte egiten dio enpresa-sareari, baita enpresari eta profesional zintzoei ere, haientzat lehia desleiala baita, eta denok ahal dugun neurrian sostengatu behar dugun ongizate estatuaren aurka egiten du. Urtero bezala, izurri honen aurkako borroka Zergen Kontrolerako Planaren ardatz nagusietako bat da. Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko 2016-2019 Planean aurreikusitakoarekin bat, Nafarroako ezkutuko ekonomiari buruzko azterlan bat egitea eskatuko da, 2014ko ekainean egindakoa eguneratuko duena, Foru Komunitatearen berezko ezaugarrietan indar berezia eginez. Egoeraren diagnostiko zuzena abiapuntu garrantzitsua da iruzur mota honen aurkako neurri egokiak hartzeko. Dudarik ez, iruzur hau kaltegarriena da kutxa publikoetarako, zergen-ordainketa saihesteaz gain Gizarte Segurantzan ere ez baitute kotizatzen, beren legezko betebeharrak inondik inora bete gabe.

1.5. Zerga ondorioa duen informazioa lortuko duten jarduketak areagotzea, bai zerga administrazioari informazioa eman beharretik salbuetsita dauden jarduerei buruzko jarduketa hautatzaileak aurrera eramanez, bai 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera BEZaren kudeaketarako Informazioa Berehala Emateko Sistema (aurrerantzean IBE) ezartzeko beharrezko diren neurriak, legegintzakoak eta teknikoak, hartuz.

1.6. Azken urte hauetan ekonomia digitalak izan duen garapenak sektore batzuetan merkataritza elektronikoak merkataritza tradizionaleko moduak gainditzea ere ekarri du; horrek Zerga Ogasuna Internet operadoreen funtzionamendua ezagutzera eta ingurune global berrira egokitzera behartzen du. Erronka on-line ordaintzeko eta kobratzeko moduetatik, sare sozialetatik eta beste iturri digital batzuetatik abiatuta informazio berria hartzea eta hura arrisku fiskal berriak atzemateko erabiltzea da.

1.7. Zerga administrazioekin eta beste erakunde publiko eta pribatuekin informazioa trukatzeko hitzartutako akordioak garatzea eta aplikatzea, administrazioaren eskura dagoen eta zergarako garrantzia duen informazio multzoa handitzeko akordio berriak sustatuz.

1.8. Zergarako garrantzia duen informazioaren kudeaketa eta azterketa integrala, Nafarroako Zerga Ogasunean tributuak kontrolatu eta biltzen dituzten organoen arteko koordinazioa indartuz, sor daitezkeen arrisku fiskalak errazago identifikatzeko eta egiaztapenaren xedeko zergapekoak ahalik eta hobekien hautatzeko.

1.9. Gainerako zerga administrazioekiko lankidetza indartzea eta, behar izanez gero, Foruzaingoarekikoa eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoekikoa, iruzur antolatua bere agerbide guztietan erreprimitzeko. Horrekin pauso bat gehiago eman eta tokian berean jarduketa batzuk egin nahi dira, gainerako zerga administrazioekin koordinatuta; gisa horretan, etsai berberaren aurkako ahaleginak optimizatuko dira.

1.10. Justiziarekin lankidetza aktiboa, Ogasun Publikoaren aurkako delituengatik jurisdikzio organoetan irekitako prozesu judizialetan, edo haren laguntza behar den bestelako prozesuetan. Lankidetza hori hainbat arlotan ageri da, hala nola informazioa ematean epaitegi eta auzitegiei eta Fiskaltzari, eta peritu lana egitean eta laguntza judiziala ematean prozesu penaletan.

2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako prozeduretan, Ogasun Publikoaren aurkako delituak tramitatzeko prozedura berria aplikatuko da; abenduaren 28ko 28/2016 Foru Legeak, arau-hausteen aurrean zerga administrazioaren eskumenak eta ahalmenak handitzen dituenak, aipatu prozedura Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean sartu zuen.

1.11. Bilketa fasean indartzea iruzurraren kontrola, jarduketa guztiak bideratuta zuzenbide publikoko zorrak kobratzera; horretarako, kudeaketa eta ikuskapen organoekiko koordinazioa indartuko da, baita zergapekoen ondarearen ikerketa zorrotza ere. Testuinguru horretan, arreta berezia emanen zaio erantzukizun kasuak atzemateari, elkartasun zein subsidiariotasun kasuetan, eta zorrak kobratuko direla segurtatzeko badaezpadako neurriak hartzea bultzatuko da.

Hartara, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 123. eta 131. artikuluetan diru-bilketarako organoei ematen zaizkien ahalmenak gauzatuko dira, zordunek beren jarduera ekonomikoak egiten dituzten tokietan ondasunak eta eskubideak enbargatzeko jarduketak indartuz.

Zuzenbide publikoko zorren ordainketan eta konkurtso prozeduren kudeaketan zatikatzeak onartzeko tenorean, aldi berean bilatuko da zorrak erregularizatzeko behar diren baldintzak zorrotz eskatzea, bereziki bermeak eratzeari dagokionez, eta produkzio jarduerak eta enplegua mantentzea, eskaerak behin eta berriz egitea ez dadin izan jarduera ekonomikoen finantzazio modu errepikaria, ordainketaren zatikapenen funtsezko oinarria hutsaltzen duena: Nafarroako Ogasun publikoarekiko zorrak garaiz ordaintzea eragozten dituzten diruzaintzako zailtasunen iragankortasuna, alegia.

Gizartearen kontzientzia fiskala indartzeaz den bezainbatean, 2017an lehenbiziko aldiz beteko da Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 105 bis artikuluaren agindua; 250.000 euro baino gehiagoko zorra dutenen zerrenda argitaratzeaz ari da artikulu hori.

2.–Zerga iruzurra egiaztatu eta ikertzeko berariazko jarduketa ildoak.

2.1. Zergarako garrantzia duen informazioa eskuratzera, normalizatzera eta aztertzera zuzendutako jarduketak funtsezkoak dira Nafarroako Zerga Ogasunak arrisku fiskalak zuzen identifikatu ahal izateko eta bere baliabideak ahalik eta hobekien erabili ahal izateko, egiaztatu beharreko zergadunen aukeraketa egokiaren bidez. 2017an honako jarduketa hauek eginen dira:

–Lankidetza handituko da Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin (ZAEA aurrerantzean), zerga kontuetarako informazioa trukatzeko harekin 2011n sinaturiko lankidetza hitzarmeneko akordioak erabat gauzatuz.

–Foru Diputazioekin informazioa trukatzeko prozesuak jarraitzea eta hobetzea, zerga kontuetarako informazioa trukatzeko 2014an Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin eta 2016an Arabarekin sinaturiko lankidetza hitzarmenak bete beharrez. Hitzarmen horiek bete beharrez, Nafarroako Zerga Ogasunak informazio truke masiboak egiten ditu aldian behin Foru Diputazioekin, baliabide informatiko edo telematikoak erabiliz, eta lau zerga administrazioek bestelako informazio gehigarriak eskuratzeko elkarrekiko sarbidea ematen dute, bakoitzaren atari telematikoetan eskuragarri dauden web zerbitzuen bidez.

–ZAEArekin sinaturiko hitzarmenen aplikazioan sakontzea helbide aldaketez, eskudun ez den administrazioan egindako diru-sarrerez, zergen kontrolaz, akta bakarrez, BEZaren inguruko tramez eta itzulketen enbargoaz, baita horien eguneratzea bultzatzea ere. Xede horrekin, mahai gainean dauden aldatzeko proposamenak eztabaidatzeko asmoz, 2017an bilerak eginen dira bi zerga administrazioen artean, prozedura hauek erakundeen arteko leialtasun eta lankidetza giroan arintzearren.

–Foru Diputazioekin lankidetza hitzarmen berri bat sinatzea bakoitzari dagozkigun eskumenak gauzatze aldera, zerga administrazio bakoitzaren ahalen artikulaziorako prozedurak adostasunez arautzeko xedearekin, ahal horien artean nolabaiteko lehia gertatzen den kasuetan. Aipatu hitzarmena sinatzeak, besteak beste, Foru Diputazioekiko finantza-konpentsazioak bultzatuko ditu, azken hauek hainbat administraziotan izandako eragiketen bolumenaren arabera tributatzen duten zergadunei buruzko akta bakarren ondoriozkoak badira.

–ZAEArekin eta Foru Diputazioekin informazio truke espontaneoak biziagotzea, bai plangintzaren eta ikerketaren fasean, bai jarduketa ildoetako emaitzen ebaluazioari dagokionez. Zehazki, zerga administrazioek konpromisoa hartu dute, haien Zerga Kontrolerako Planak beteaz, informazioa atzemate aldera finantza entitateei eta beste erakunde publiko eta pribatuei helarazitako eskakizunak partekatzeko.

–Udalekiko zerga kontuetarako informazio trukea bultzatzea eta, horretarako, hitzarmen bat izenpetzeko aukera eskaintzea Nafarroako Foru Komunitateko udalerriei.

–Nafarroako Zerga Ogasunak zenbait entitate eta erakunde publiko nahiz pribaturekin informazioa trukatzeko sinaturiko gainerako hitzarmenak aplikatzea, eta beharrezkoa denean haiek eguneratzea. Alde horretatik, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiarekin sinaturiko hitzarmena zabaldu nahi da, zergarako garrantzia duen informazioa atzemateko.

–Nafarroako Zerga Ogasunari tresna informatiko bat emateko aukera aztertzea, datu-meatzaritzako algoritmoen bidez iruzur jokabide ezezagunak atzemateko.

–Beharrezko diren legegintzako neurriak eta neurri teknikoak hartzea 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, gainerako zerga administrazioekin batera, BEZaren kudeaketarako Informazioa Berehala Emateko Sistema (IBE) ezartzeko. Sistema hau honetan datza: BEZaren erregistro liburuak Zerga Ogasuneko zerbitzu telematikoen bidez eramatea, fakturazio erregistroak bide telematikoen bidez berehalakoan helaraziz; horrela, zerga administrazioari zerga arloan eragina duen informazio kopuru handia ematen zaio eta fakturatutako jardueraren berehalako kontrola izateko aukerak areagotzen dira. Zerga kontrolerako asmo handiko tresna izateaz gain, IBEren xedea hari atxikitako zergadunei laguntza ematea da, bai F-50 edo 340 bezalako informazio ereduak aurkezteko beharra arinduz, bai aitortutako datuen eta hirugarrenek bidalitakoen arteko kontraste datuen kontsulta baimenduz.

–Zerga arloan eragina duen informazioa atzemateko jarduketak, kredituko finantza entitateei zuzenduak, egiten jarraitzea, jarduera ekonomikoei loturik dauden edo pertsona juridikoenak diren kontuen kargura kreditu edo zordunketa txartelen bitartez kontsumo pribatu adierazgarriak ote diren atzemateko.

–Informazioa atzemateko jarduketa gehiago egitea, finantza entitateei eta merkataritza elektronikoko operadore handiei zuzenduak, sarearen bidez ari diren negozioen tributazioa egiaztatu beharrez.

–Informazioa eskuratzeko tokian bertan jarduketak bultzatzea, Foruzaingoarekin koordinaturik, arrisku fiskal berezia duten sektoreetan.

–Nafarroako Gobernuko Departamentuek zerga arloan eragina duen informazioa partekatzea tresna informatiko korporatibo berrien bidez, hauek informaziorako sarbide zuzena eta berehalakoa baimentzen baitute, aurreko aldizkako fitxategi trukeak ordeztuz.

2.2. Hurrengo jarduketen bidez indartuko da ezkutuko ekonomiaren aurkako borroka:

–Kudeaketaren, ikuskatzailetzaren eta diru-bilketaren arloen arteko koordinazioan sakontzea, Nafarroako Zerga Ogasunaren kontroletik kanpo gera daitekeen jarduerarik egon ez dadin, atzemandako arrisku fiskalaren arabera ezarri beharreko kontrol neurri hoberenak elkarrekin hautatuz.

–Nafarroako Zerga Ogasunak gai hauen inguruan eskura duen informazioaren analisi konbinatua: etxebizitzak, ibilgailuak, erosketen eta salmenten datuak, ur eta argi kontsumoak, banku txartelen bidezko kobrantzak, eskudiruaren mugimenduak, txekeak, transakzioak atzerriarekin edo aitortutako kopuru ekonomikoekin bat heldu ez den edozein finantza mugimendu.

–Informazio iturri berriak sartzea atzemateko eskakizunen bidez; hauek sarean zabaltzeko eta on-line kontratatzeko zerbitzuengatik komisioa kobratzen duten finantza entitateei eta operadoreei zuzentzen zaizkie.

–Datu sorta berriak gehitzea, erakunde publikoen aldetik, lizentzia edo baimena behar duten jarduerei buruzko informazioaren inguruan, eta baita Nafarroako Zerga Ogasunean eskuragarri dagoen informazioarekin alderatuta inkoherenteak diren beken, diru-laguntzen edo laguntza publikoen eskaeren inguruan ere.

–Kontrolatzeko lanetan auditoretza informatikoko teknikak erabiltzearen aldeko apustu irmoa, Nafarroako Zerga Ogasunak eskura dituen tresna informatikoak etengabe hobetuz. Izan ere, tresna hauek informazioa inportatzeko eta aztertzeko aukera berriak eta hobeak eskaintzen dituzte, hainbat iturrirekin eta Nafarroako Zerga Ogasunaren informazio sistemetan dauden datuekin gurutzaketa eta kontraste berriak baimenduz.

–Aurretik abisatu gabe tokian berean egindako auditoretza informatikoko jarduketen jarraipena; haietan, funtzionarioek negozioetako artxibo informatikoetan egiten dituzten esku-hartze eta azterketen bidez, askotan ezkutuko jarduera ekonomikoak atzematen dira, baita manipulatutako softwarea erabilita kontabilitatearen aldaketa egin den ere. Alde horretatik, 2017an auditoretza informatikoko jarduketak eginen dira ZAEArekin batera, arrisku fiskal berezia duten sektoreetan.

–Auditoretza informatikoko jarduketak eginen dira, beharrezkoa denean, Foruzaingoko Delitu Ekonomikoen eta Ondarearen kontrako Delituen Brigadarekin eta Nafarroako Gobernuko Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen 144/2016 Ebazpenak auditoretza informatikoaren arloan berriki onetsitako esleipena aplikatuta.

–Kontrolatzeko, informazioa atzemateko eta zerga betebehar formalak betetzen ote diren egiaztatzeko aurrez aurreko jarduketen jarraipena, zentsu egoeraren egiaztapena barne, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen eta Lan Ikuskaritzaren lankidetza aktiboarekin eginak, hala behar denetan.

–Tokian berean egiaztapenak egiteko kanpaina bat egitea, faktura erraztua emateko eta entregatzeko betebeharra betetzen ote den egiaztatzeko, eta behar den zehapen espedientea irekitzea, hala badagokio.

–Salmenta puntuko terminalen eta kutxa erregistratzaileen gainean nahitaezko kontrol sistema ezartzeko aukera aztertzea, iruzur fiskalerako arrisku handia duten halako jarduera sektore batzuetan. Bi helburu ditu: egindako transakzio guztien erregistro zuzena egiaztatzea eta Zerga Administrazioari informazioa modu seguruan komunikatzea. Horretarako, Nafarroako Zerga Ogasuna Eusko Jaurlaritzako eta Foru Diputazioetako ordezkariak ere badauden lan talde batean dago, eta esparru horretan beste zerga administrazio batzuetan berriki ezarri diren soluzio teknologikoak eta gure eremuan haiek izan dezaketen bideragarritasuna baloratzen ari da.

–Egiaztatzeko jarduketak abian jartzea beren sektorean ohikoa denarekin bat ez datorren diru-sarreren maila duten zergadunei berariaz zuzenduak; horrelakoetan zerga egoera erregularizatzeko beharraz ohartaraziko da eta behar diren ikuskaritza espedienteak abiatuko dira kasu bakoitzean atzeman diren inguruabarren arabera.

–Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlana bere sektorean dagoen ezkutuko ekonomiaren kontrako borrokan. Horretarako, informazioa partekatu, estrategia bateratuak diseinatu eta ‘lehia desleialaren mahaia’ delakoaren bidez enpresaburu eta profesionalen ekarpenak zuzenean jasoko dira.

2.3. ELGAren esparruan, BEPS (Base Erosion and Profit Shifting) proiektuaren barruan, “Tributu arloko finantza-kontuen gaineko informazio truke automatikorako estandarra” izeneko sistema garatu da, Common Reporting Standard edo CRS (aitorpenaren estandar komuna) delakoan definitzen diren aitorpenaren eta behar adinako arretaren prozeduretan oinarrituta. Europar Batasunaren esparruan, informazioa trukatzeko betebehar hau uniformeki ezarriko da, 2011/16/EB Zuzentaraua (DAC 2) aldatzen duen 2014/107/EB Zuzentarauarekin bat.

Nafarroan, 28/2016 Foru Legeak Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean sartu zuen informazioa eta behar adinako arreta trukatzeko betebeharra. Haren bidez, finantza entitateek finantza kontuen titularrak, haien saldoak eta sarrera- eta irteera-mugimenduak ere identifikatu behar dituzte. Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak abenduaren 9an emandako 149/2016 Foru Aginduaren bidez, 289 eredua, “Elkarren laguntzaren esparruko finantza-kontuei buruzko urteko informazio-aitorpena” izenekoa, onetsi da. Eredu honek ordezten du aurreko 299 eredua, “Europar Batasuneko beste estatu batzuetan eta informazio trukea ezarria duten beste herrialde edo lurralde batzuetan bizi diren pertsona fisikoek lorturiko errenta batzuen urteko aitorpena” delakoa, eta hura dagoeneko indarrean dago 2017an aurkeztekoa den 2016. urteari dagokionez.

289 ereduak hainbat eta hainbat jurisdikziotara hedatu du tributu arloan nazioarteko informazioa automatikoki trukatzeko sistema, Ameriketako Estatu Batuekin indarrean dagoen FATCA (Foreign Accout Tax Compliance) truke ereduari jarraikiz. Nafarroan truke eredu hau 2014tik indarra duen 290 ereduan, “Zenbait estatubatuarren finantza-kontuei buruzko urteko informazio-aitorpena” izenekoan, dago.

Informazio iturri berri hauek 720 ereduko (“Atzerrian dauden ondasun eta eskubideei buruzko aitorpen informatiboa”) aitorpenek 2012tik emandako informazioarekin gurutzatzea aurrerapauso garrantzitsua izanen da, Nafarroako Zerga Ogasunak atzerriko ondareak eta errentak egiaztatzeko eskura dituen aukerei dagokienez.

Foru Komunitatean dagoeneko ezarri dira tributu arloan nazioarteko informazio trukea egiteko beste bide paralelo batzuk ere: tax rulings direlakoak, mugaz haraindiko eragina daukatenak, 2015/2376/EB Zuzentarauarekin bat (DAC3) eta herrialdez herrialdeko informazioa, 2016/881/EB Zuzentarauari jarraikiz (DAC4); informazio hau enpresa-talde multinazionalei eskatuko zaie, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 30. artikuluak ezarritakoarekin bat (horren bidez, 231 eredua, “Herrialdez herrialdeko informazioaren aitorpena”, onetsi zen). Informazio iturri berri hauek lagunduko dute talde multinazionalen transferentzia-prezioen gaineko politikaren arriskuak aztertzen eta baloratzen, BEPS proiektuaren eremuan atzeman diren saihesteko eta deslokalizatzeko jarduerak prebenitzeko helburuz.

BEPSen hartutako konpromisoen arabera, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Lege berriak “patent box” araubide berria finkatzen du. Honek lotura aldatuaren edo jarduera funtsezkoaren (“Modified Nexus approach”) estandar definituari segitzen dio, araubide iragankor bat ezarriz 2016ko ekainaren 30a arte formalizatutako lagapenetarako.

2.4. Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Lege berria elkar loturiko eragiketak kontrolatzeko aurrerapausoa ere bada. Alde batetik, aldaketa teknikoak egiten dira loturaren perimetroari eta balorazio metodoei dagokienez. Halaber, balorazio arau berariazkoak ezartzen dira bazkideek sozietate profesionalekin dituzten eragiketetan; hauei aukera eskaintzen zaie loturiko entitateari emandako zerbitzuengatik hitzartutako balioak merkatukoarekin bat egiten duela pentsatzeko, betiere legeak finkatutako portzentajeei eta eskakizunei egokitzen bazaie.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Lege berriak zenbait berrikuntza garrantzitsu ere egin ditu kenkaririk gabeko gastuak zehaztearen inguruan, bereziki harreman publikoen eta ibilgailuen ondoriozko gastuen mugei dagokienez, zergadunei segurtasun juridikoa emanez eta 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako kontrol administratiboa erraztuz.

2.5. Ikuskatzeko prozedurari dagokionez, zerga arloko Administrazioaren eskumenak eta ahalmenak indartzen dira, 28/2016 Legeak Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrari ekarri dizkion aldaketak baliaturik. Alde batetik, administrazio prozedura bat arautzen da, zeinak Nafarroako Zerga Ogasunari bide ematen baitio ikertutako zerga egitateei dagozkien tributu likidazioak egin eta likidazio horien zenbatekoak kobratzeko diru-bilketako jarduketak egiteko, baita delitu fiskalaren zantzuak egoteagatik zigor prozedura bati hasiera eman zaionean ere.

Bestalde, lehenbiziko aldiz arautzen da zerga betebehar lotuak deitzen direnen preskripzioaren etena; haren arabera, zerga betebehar baten preskripzioa eteteak berarekin ekarriko du, legez aginduta, harekin nolabaiteko lotura duten gainerako zerga betebehar guztien etena ere, ondorioz Administrazioaren egiaztapen ahalmenak zabalduz.

2.6. Identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeko eskarietan jakinarazitako datuen egiazkotasuna egiaztatuko da, Nafarroako Zerga Ogasunean horretarako ezarritako protokoloari jarraituz, eta berariazko arrisku fiskala duten subjektuen kasuan hasierako iragazkiak ondoko jarraipen baten bidez osatuko dira. Iruzurraren aurkako borrokan, prebentzio neurri gisa, IFZ esleitzea ukatuko da edo esleitutakoa baliogabetuko da, IFZ arautzen duen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuan aurreikusitako edozein eskakizun betetzen ez bada.

Era berean, Europar Batasunaren barreneko Operadoreen Erregistroaren prebentziozko kontrola bulkatuko da, BEZan iruzurra egiteko trama posibleak sor ez daitezen, gainerako zerga administrazioekin koordinatuta eta bidezkoa denean espedienteen goiz auziperatzea bulkatuz.

2.7. Gainera, ondoko kontrolak eginen dira eragiketen, zergetako araubideen, zergapekoen eta jarduera sektore berariazkoen gainean:

a) Erregularizazio jarduketak, aginduzko zerga aitorpenak aurkezteko betebeharrean behin eta berriz huts egiten duten zergapekoei bideratuak, diru-bilketarako kautelazko neurriekin batera, beharrezkoa denean.

b) Kontrol jarduketak, enpresa handiei bideratuak, besteak beste, finantza gastuen eta transferentzia prezioen kenkariei dagokienez ezarritako mugen aplikazio egokia egiaztatu beharrez.

c) Kontrola establezimendu iraunkorren tributazioaren gainean, BEZaren eta Sozietateen gaineko Zergaren ondorioetarako, zerga-oinarrien deslokalizazioa saihestu beharrez.

d) Konparatzea zergapekoek aitortutako jardueren ratioa sektorearen indizeekin, ezkutuko diru-sarreren ondoriozko inkongruentziak edo desbideratzeak atzeman beharrez, batez ere eskudiruaren erabilera handia eginik azken kontsumitzaileei salmentak egiten dizkieten txikizkako sektoreetan.

e) Egiaztatzea pertsona fisikoen ondare egoera, baldin eta zerga administrazioaren aurrean opakua izateko egitura artifiziosoak erabiliz eta plangintza fiskaleko teknika erasokorren bidez tributazio pertsonala bidegabe aldatzen edo gutxitzen badute.

f) Kontrola sendagileen eta osasun zein zuzenbide arloko profesionalen zerbitzuak ematearen gainean; horretarako, Nafarroako Zerga Ogasunak eskura dituen informazio iturri desberdinen erabilera eta atzemateko berariazko eskakizunen ondorioz sorturiko iturri berriak uztartuko dira.

g) Pertsona fisikoei egoztea zergapetze maila pertsonala murriztea bertze xederik gabe tarteko sozietateak erabiliz bideratutako errentak.

h) Kontrolatzeko jarduketak ibilgailuen salerosketen alorrean, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarekin eta Foruzaingoarekin elkarlanean.

i) Egiaztatzeko jarduketak hiri eta landa errentamenduen alorrean, aitortu gabeko apartamentu turistikoak atzeman beharrez, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean.

j) Kontrol jarduketak, fundazioen eta irabazi asmorik gabeko entitateen gain, galarazi beharrez Fundazioei buruzko 10/1996 Foru Legean aurreikusitako zerga araudiaren erabilera neurrigabea, baita Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen arabera salbuespen partziala duten entitateen araudiarena ere.

k) Aitortutako BEZ jasanaraziaren zenbatekoak egiaztatzea, Nafarroako Zerga Ogasuneko datu-baseetan ageri diren erosketa eta eskuratze datuekin lotura ez dutelarik.

l) PFEZen zenbatespen objektiboaren araubidetik eta BEZen araubide erraztutik baztertzea, zergadunak eta bere lotura-inguru konputagarriak araudian aurreikusitako diru-sarreren gehieneko kopuruak gainditzen dituztela egiaztatzen delarik.

2.8. Kenkari eta itzulketa bidegabeak eta bestelako irregulartasunak galarazi beharrez, jarraipen berezia eginen zaie hurrengo eragiketei balio erantsiaren gaineko zergan:

–Subjektu pasiboak inbertsioko arauak betetzen ote dituen egiaztatzeko jarduketak, zerga aplikatzen den lurraldean egoiliar ez direnek edo eragiketan parte hartu ez duten establezimendu iraunkorrek egindako ondasun entregetan eta zerbitzu prestazioetan.

–Subjektu pasiboak higiezinen sektoreko inbertsio arauak betetzen ote dituen egiaztatzeko jarduketak, iruzurrak saihestu beharrez.

–Zergadun hauen kontrola: itxuraz jardunean ez direnak, edo BEZ kuota kengarriak bakarrik aitortzen dituztenak, edo sorrarazitako BEZ kuotak baino handiagoak diren BEZ oinarri kengarriak (edo etengabe irabazi-marjin oso txikiekin) aitortzen dituztenak.

–Europar Batasunaren barreneko eragiketen aitorpen zuzenaren kontrola, araubide berezi erraztuan, nekazaritzakoan eta baliokidetasun-errekarguarenean.

–Aitortu gabeko errentamendu eta eskualdatzeen kontrola, BEZaren aitorpenak Nafarroako Zerga Ogasuneko datu-baseetan ageri den informazioekin gurutzatuz.

–Enpresa edo lanbide jarduerari lotu gabeko ondasun eta zerbitzuen erosketan jasandako BEZaren kenkaria kontrolatzea.

–Faktura-hartzailearen zerga ordainketa iruzur bidez murrizteko asmoz zenbatespen objektiboko araubideetan eginiko erabilera neurrigabea atzematera bideratutako jarduketak.

–Arrisku fiskaleko eragiketa jakin batzuei jarraipena egitea, aitorpena egin gabeko tributudunak edo faktura faltsuak atzeman beharrez.

–Kenkaria izateko eskubidearen egiaztapena, hura denean automobilak erosteagatik edo beste erosketa batzuk egiteagatik, etxebizitzarena kasu, baina enpresa jardueran osoki erabiltzen ez direnean.

–BEZaren itzulketen arloan, aurrekoan adierazitakoaz gain, jarduketak indartuko dira Hilabeteko Itzulketen Erregistroan inskribatutako zergadunak kontrolatzeko.

2.9. Sozietateen gaineko Zergan kontrol hauek indartuko dira.

–Finantza gastuengatik kenkaria izateko baldintzak eta mugak betetzen ote diren kontrolatzea.

–Kontabilitatetik kanpoko doikuntza negatiboak eta likidazio-oinarriko murrizketak zuzen aplikatu ote diren egiaztatzea, berariazko arreta emanez onura bereziak berriz inbertitzeagatik zerga-oinarrian sartu ez izateari eta inbertsioetarako erreserba berezia hornitzeagatiko murrizketari.

–Pizgarrien ondoriozko kenkariak zuzen frogatu eta aplikatu ote diren egiaztatzea; besteak beste arreta berezia emanen zaio ikerketa eta garapen edo berrikuntza teknologikoaren jarduerak egitearen ondoriozko kenkariari, produkzio zinematografikoetan eta ikus-entzunezko serieetan egindako inbertsioengatiko kenkariari eta enplegua sortzeagatiko kenkariari.

–Zenbait aktibo ukiezinetatik ateratzen diren errenten zerga ordainketa zuzena kontrolatzea.

–Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legean bat-egiteen, zatiketen, aktiboen ekarpenen eta baloreen trukearen gainean aurreikusitako araubide bereziari loturik, enpresak birmoldatzeko egiten diren eragiketak kontrolatzea, Merkataritza Erregistrotik jasotako eta tributudunek emandako informazioaren bitartez, erositako ondasunen balorazio fiskala eta geroko eskualdatzeetan aitortutako gainbalioen zenbatekoa egiaztatuz.

2.10. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan kontrol hauek indartuko dira, itzulketa edo konpentsazio bidegabeen eskaera eta lorpena galarazteko:

–PFEZaren subjektu pasiboei egozten ahal zaizkien diru-laguntzak kontrolatzea eta aitortu gabeko beste errenta batzuk kontrolatzea.

–Higiezinen sektorean, ondasun higiezinen errentamenduen ondoriozko etekinen eta egindako eskualdaketen zerga ordainketa behar bezala egin dela berraztertzen jarraituko da; orobat, ohiko etxebizitzan eta enpresa edo lanbide jarduera bati lotutako elementuetan berriz inbertitzearen ondoriozko salbuespenetan baldintza subjektibo, objektibo eta denborazkoak betetzen ote diren egiaztatuko da.

–Lan etekinei, kapital higigarriari eta higiezinari dagozkien atxikipenen eta konturako sarreren zerga ordainketa behar bezala egin ote den egiaztatzen jarraituko da, betiere Nafarroako Zerga Ogasunean sartu badira. Bereziki, atxikitzaileak eta atxikitakoak aitortutako zenbatekoen arteko koherentzia aztertuko da.

2.11. Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokienez, aitortu gabeko zergapeko egintzen gaineko iruzurra kontrolatzeko jarduketak egiten jarraituko da, aitortzeko errekerimenduak eginez eta dagozkien zehapenak ezarriz.

2.12. Zerga berezien eta bestelako tributuen arloan.

–Jarraipena emanen zaie ohiko jarduketa eta kontrolei, zuzen bete daitezen, bai zentsuen eguneratzeari dagokionez bai izaera formaleko zerga betebeharrak betetzeari dagokionez. Arreta berezia emanen zaio operadore berriak kontrolatzeari, zerga berezi desberdinetan Nafarroan izaten diren sortzapenak zuzen aitortzen ez badituzte. Orobat, kontrol jarduketak eginen dira legez aurreikusitako zerga onuren aplikazio zuzenaren gainean.

–Fabrikazioaren gaineko zerga bereziei buruzko kontu-hartzailetza lanak indartuko dira, fabriketan, gordailu fiskaletan eta biltegi fiskaletan dauden produktuen mugimenduaren eta izakinen kontrol berariazkorako.

–Hidrokarburoen gaineko zergan, salbuespenak behar bezala aplikatzen diren eta kontsumoko Autonomia Erkidegoa aitorpenean zuzen betetzen den aztertuko da.

–Zenbait garraiobideren gaineko zerga berezian, salbuespenak eta bestelako hobari fiskalak, baita zergari atxikitako eragiketa ez aitortuak ere, behar ez bezala erabiltzen diren aztertuko da.

–Elektrizitatearen gaineko zergan, jarduketak eginen dira errolda arazteko, elektrizitatea eta kogenerazioa ekoizten dituzten eta zergari buruzko araudiaren arabera fabrika gisa inskribatzeko baldintzak bete gabe ari diren establezimenduak kontrolatzearren, eta aitortutako salbuespenak kontrolatzeko jarduerak ere eginen dira.

–Aseguru primen gaineko zergan, jarduketak eginen dira aitortu beharreko zergapekoak kontrolatzeko eta aurkeztutako aitorpenak berrikusteko.

–Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergan jarduketak eginen dira hari atxikitako produktuen salmentak eta entregak kontrolatzeko, baita eragiketa horien tributazioa zuzen egiten ote den egiaztatzeko ere.

2.13. Zergapeko jakin batzuen helbide fiskala benetakoa ote den egiaztatuko da, gainerako zerga administrazioekin koordinatuta, eta arrisku fiskal handiko tributudunengana bideratuko dira ahaleginak. Orobat, halako helbide batzuetan zenbait enpresa kokaturik agertzen badira eta horretarako azalpen arrazoizkorik ez bada, aztertu eginen dira helbide horiek.

2.14. Lurralde bakoitzean egindako eragiketen bolumenaren arabera ordaintzen duten zergadunen zerga ordainketaren portzentajeak eten gabe kontrolatuko dira, Sozietateen gaineko Zergaren eta BEZaren ondorioetarako.

2.15. Jarduera ekonomikoen gaineko zergari dagokionez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 158.3 artikuluaren testu berriak udalei esleitzen die ikuskatzeko eskumena, Nafarroako Zerga Ogasunarekin partekatuta. Hala, eskumen osoa Nafarroako Zerga Ogasunari ematen zion lehengo araubidea bertan behera geratu da, non ez den eskumena udalen esku utzi foru agindu baten bidez.

3.–Diru-bilketaren faseko kontrola.

Diru-bilketa kontrolatzeko jarduketek garapen berezia izan behar dute, baliagarritasun handikoak direlako Nafarroako Zerga Ogasunaren helburu eta emaitzak lortzeko, Nafarroako Zerga Ogasunak kudeatzeko aginduta dituen zorrak kobratzea izan behar baita haren helburu nagusia.

Alde horretatik, Zergen Kontrolerako 2017ko Planak, aurreko ekitaldietako planetan markatutako ildoei jarraitzeaz gain, baditu hobekuntzak, dirua biltzeko kudeaketaren eraginkortasuna handitu behar dutenak.

Zehazki, 2017an jarduketa ildo hauek garatuko dira:

3.1. Diru-bilketaren kontrola eta kudeaketa hobetzeko berariazko programa informatikoen garapenari jarraipena emango zaio, bai borondatezko diru-bilketaren ikuspuntutik, bai nahitaezko diru-bilketarenetik, eta diru-bilketaren prozedurako jarduketak lehenbailehen abia daitezen bultzatuko da. Arreta bereziz aztertuko dira erantzukizuna deribatzeko espedienteen kudeaketan eraginkortasuna bilatzeko beharrezko diren tresnak.

3.2. Ordainketa zatikatzea:

a) Zerga zorrak zatikatzeko baimenak bizkortzen jarraituko da, eta ordainketak eskaera bakoitzerako ezarritako baldintzen arabera egiten ote diren kontrolatuko da. 2017. urtean 2017ko urtarrilaren 1etik indarrean dauden zatikatzeko aukerak ebaluatzen jarraituko da, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren gaineko Erregelamenduaren baldintza orokorretan, zenbait kasutan, salbuespenak ezarri dituzten baldintza bereziak kentzeko, behar izanez gero.

b) Lehentasunezko arreta izanen du zerga zorren ordainketa modu bidegabean geroratzea helburu duten zatikatze eskaeren kontrolak. Zergak zatikatzeko eskaerak sistematikoki ukatuko dira, baldin eta eskatzaileen likidezia eskasiaren egoera iragankorrekin bat heldu ez badira eta, zerga zorren ordainketa zatikatuta, horrekin ohiko jarduera finantzatzen bada. Alde horretatik, arreta berezia ematen jarraituko zaie balio erantsiaren gaineko zergako kuotak zatikatzeko obren sustatzaileak aurkezten dituen eskaerei, obra horietan gauzatu bada subjektu pasiboaren inbertsioa, hau da, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 19/1992 Foru Legearen 31.1.f artikuluan aipatzen den inbertsioa.

c) Administrazio-baimenaren mende dauden jardueren ondoriozko zatikatze eskaerak ukatuko dira, hala nola, fabrikazioaren gaineko zerga bereziak; zozketa, tonbola, apustu eta ausazko konbinazioen gaineko zerga tasa eta beste batzuk, eta beharrezko kautela-neurriak hartuko dira kontzeptu horien bidez zerga zorrik sor ez dadin, jarduera horietan aritzeari loturiko bermeak betearaziz, are jardueran aritzeko administrazio-baimenak baliogabetuz ere.

3.3. Lankidetza handituko da Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Ogasunekin, baita Nafarroako toki entitateekin ere, ondare egoerari buruzko informazioa trukatzeko eta Nafarroako Foru Komunitatearekin tributu-kredituak dituzten zordunak daudela adierazteko, baita nahitaezko diru-bilketan laguntzeko ere; horretarako, eraginkorrago eta bizkorrago jokatzeko modua ematen duten teknologiak erabiliko dira, eta izenpetzen ahal diren trukerako hitzarmenetan sartutako diru-bilketaren alderdiak garatuko dira. Bereziki, Europar Batasuneko kide diren estatuen elkarrenganako laguntza mekanismoetan sartzea bilatuko da diru-bilketaren arloan, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren bidez.

Alde horretatik, lurralde administrazioen arteko diru-bilketa kudeatzeko jarduketetan puntu neutrora jotzea aztertuko da ahal denean, hura abian egon bezain laster, Sektore Publikoan faktura elektronikoa bultzatu eta fakturen kontabilitateko erregistroa sortzeko abenduaren 27ko 25/2013 Legearen laugarren xedapen gehigarrian araututa baitago.

3.4. Kudeaketa eta ikuskapen organoekiko koordinazio handiagoa sendotuko da, egiaztatzeko jarduketa hasten denetik, diru-bilketarako arriskua goiz atzemanez gero, kautela-neurriak eta erantzukizuna deribatzeko prozedurak aurreratzeko, tributu zorren kobrantza bermatzearren.

3.5. Diru-bilketaren fasea kontrolatzeko jarduketa kualifikatuenak indartuko dira, konplexutasun eta larritasun handieneko kasuetan bereziki:

a) Aplikatzen diren kautela-neurri guztiak hartzea, Nafarroako Zerga Ogasunak likidatutako zorren kobrantza segurtatzeko.

b) Ondasun higiezinez baliatzea debekatzen duten akordioak, partaidetzak edo akzioak enbargatzen direnean eta 14/2013 Foru Legean sartutako neurriaren baldintzak betetzen direnean.

c) Erantzukizuna deribatzeko prozedurak, ikerketa jarduketak bultzatuz beloa altxatu behar bada edo egitatezko administratzaileak eta erantzule solidario eta subsidiarioak aurkitu behar badira ondasunak ezkutatzeagatik edo jardueretan eta arduretan aritzean axolagabe jokatzeagatik; halakoetan, bidezko akzio judizialak erabiliko dira, hala behar badu. Helburu honetara bideratutako aurrekontuko baliabideak handitzeak aukera eman behar du jarduketak eta, ondorioz, haien emaitza ekonomikoak handitzeko.

d) Zerga betebeharrak sistematikoki betetzen ez dituzten zordunak kontrolatzeko jarduketak, haien egoitzetako ondasunak eta ahal bezainbat kreditu enbargatuta, jarduketa horietan biltzen ahal den kontabilitate-informazioaren arabera. Hori guztia bi helburu lortze aldera: zorra kobratzea eta merkatuan jardun dezaten zailtzea, eta Ogasun Publikoari egiten zaion kaltea galaraztea, eta orobat galaraztea sortzen duten bidegabeko lehiaketa ere. Zordunen lokaletan aurrez aurreko jarduketak eginen dira, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 123.4 artikuluan Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 23/2015 Foru Legeak ekarri duen aldaketaren babespean.

e) Ondarea ikertzen duten jarduketak, gezurrezko kaudimengabeziak atzemateko.

f) Akzio penalak bultzatzea kaudimengabeziagatik, jokabide horien salaketa Ogasun Publikoaren eskubideen defentsarik onena denez gero.

3.6. Konkurtsoen arloan, konkurtsopekoa eta administratzaileak kontrolatzeko jarduketak indartuko dira, irekita dauden prozedura judizialetan Nafarroako Zerga Ogasunaren eskubideak kaltetzen ahal dituzten portaerak aurreikusi eta erreprimitzearren. Posible den guztietan, konkurtsopekoen bideragarritasuna bilatuko da, ordaindu gabeko kredituak kobratzeko baliabide egokiena denez gero.

3.7. Ogasun Publikoaren aurkako delituetan, diru-bilketako organoen jarduketak indartuko dira prozesuaren faseetan: lehen fasean, kautela-neurriak hartuta; tarteko fasean, prozesu penalean harrapatutakoen ondarea zaintzapean edukirik, eta hirugarren fasean, erantzukizun zibila eta ezartzen diren zigor penalak kobratzen direla segurtatzeko jarduketen bidez.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 29an.–Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Luis Esain Equiza.

Iragarkiaren kodea: F1706593