116. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

NAFARROAKO PARLAMENTUA. Deialdia, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko legelarien zerrenda egiteko.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2017ko ekainaren 5ean egindako bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

1. Honako deialdi hauen oinarriak onestea: “Deialdiak, hautaproben eta merezimendu-balioespenaren bidez legelarien bi zerrenda osatzekoak, bata Parlamentuko funtzionarioen prestakuntzarako eta bestea aldi baterako administrazio-kontrataziorako”.

2. Agintzea Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, bai eta Parlamentuko web orrian eta iragarki-oholean ere.

Iruñean, 2017ko ekainaren 5ean.–Lehendakaria, Ainhoa Aznárez Igarza.

DEIALDIAK, NAFARROAKO PARLAMENTUAREN ZERBITZUKO LEGELARIEN BI ZERRENDA HAUTAPROBEN ETA MEREZIMENDU-BALIOESPENAREN BIDEZ OSATZEKOAK, BATA PARLAMENTUKO FUNTZIONARIOEN PRESTAKUNTZARAKO ETA BESTEA ALDI BATERAKO ADMINISTRAZIO-KONTRATAZIORAKO

I.–Deialdia, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioen
prestakuntzarako zerrenda bat egitekoa

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat osatzea hautaproben bidez eta merezimendu-balioespenaren bidez, izangaiok legelari gisa prestatzeko eta hobetzeko, zerbitzuan beharra izaten denerako.

Aurreko horrek Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 17.2 artikulua garatzeko Erregelamendua izanen du araubide, zeina Mahaiaren 1994ko ekainaren 21eko Erabakiaz onetsi baitzen.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Parlamentuko jarduneko funtzionarioa izatea, eta bete nahi den lanpostuarena baino maila berekoa edo apalagokoa.

b) Zuzenbideko lizentziatu edo graduatu tituluaren jabe izatea.

Aurreko baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharrekoak direla ulertuko da, bai eta hautatzeko prozeduran zehar, izendapenaren unera arte.

3.–Hautapen-prozesua.

Probak 2017ko irailean hasiko direla aurreikusten da, eta erabaki honen bidez onetsitako bi deialdietako arau komunetan ezarritakoaren arabera gauzatuko dira.

4.–Lanposturako deia eta zerrendaren indarraldia.

Lanposturako deia honako irizpide hauei jarraituz eginen da:

–Izangaiei beharrizanak sortu ahala deituko zaie, zerrendako hurrenkera errespetatuz.

–Prestakuntza-aldian jardutearen ondorioz sortzen den zerbitzu berezietako egoerak, gehienez ere, hiru urte iraunen du. Epe hori aldi bakarrean edo aldi laburragoetan zatikaturik bete ahalko da. Epe hori amaituta, beste bi urtez luzatzen ahalko da egoera -etapa partzialetan edo modu jarraituan-, baldin eta prestakuntza aldian sartzeko beste funtzionariorik ez badago.

–Baldin eta zerbitzu berezietako aldi bakoitzaren iraupena ezarritako gehieneko epea baino laburragoa bada, aldia amaitzean zerrendako lehen tokira pasako da izangaia, epe hori bete arte, salbu eta hurrenkeran lehentasuna duen beste pertsona bat kasu berean dagoenean.

–Lanpostu bat prestakuntza aldian betetzeko izendapenari uko egiten bazaio, edo prestakuntza aldian jarduteari norberaren borondatez uzten bazaio, gainerako izangaiei deituko zaie, kasuan kasuko zerrendan ezarritako hurrenkerari jarraituz, eta prestakuntza aldiari uko egin dion langilea zerrenda horretako azken tokira pasatuko da.

II.–deialdia, aldi baterako administrazio-kontrataziorako
zerrenda bat egitekoa

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da hautaproben eta merezimendu-balioespenaren bidez osatzea legelari lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat, Nafarroako Parlamentuan sortzen diren beharrei aldi baterako erantzuteko, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeari buruzko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiar edo Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea izatea, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez gainditzea.

c) Zuzenbideko lizentziatuaren edo graduatuaren titulua izatea, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina edukitzea. Atzerrian lortutako tituluen kasuan, haien homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Kasuan kasuko eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia izan ez izana, ezta diziplinako kaleratze bidez bidali izana ere.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira betebehar guztiak; baita hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

2.3. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek solik aurkeztu beharko dute betekizun horiek betetzen direla egiaztatzen duen jatorrizko dokumentazioa edo kopia konpultsatua, kasuko kontratua formalizatu baino lehen.

Salbu eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta haien egintza guztiak deuseztatuta geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan ere galarazi gabe.

3.–Hautapen-prozesua.

Probak 2017ko irailean hasiko direla aurreikusten da, eta erabaki honen bidez onetsitako bi deialdietako arau komunetan ezarritakoaren arabera gauzatuko dira.

4.–Lanposturako deia eta zerrendaren indarraldia.

4.1. Nafarroako Parlamentuan sortzen diren beharren arabera deitu ahalko zaie prozesua gainditu duten izangaiei, deialdi honetan ezarritako oinarriekin eta aplikatzekoak diren gainerako arauekin bat, eta aldi baterako administrazio kontratua eginen zaie, legelari gisa, A mailan; lanpostu horri dagozkion lansariak izanen dituzte, berez plantillako langile finkoei dagozkienak izan ezik.

4.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretu bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzen duen apirilaren 10eko 13/2015 Foru Legean ezarritakoa, desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez.

4.3. Kontratatuei alta emanen zaie Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean eta bertan afiliatuko dira;beraz, haiek ordaindu beharko dituzte kasuan kasuko kuota eta PFEZaren atxikipenaren zenbatekoa.

4.4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak sei urteko indarraldia izanen du, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko aldi baterako langileak kontratatzeari buruzko Erregelamenduarekin bat.

III.–Bi deialdien arau komunak

1.–Eskabideak.

1.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Parlamentuko lehendakariari zuzendu beharko zaizkio, eta Nafarroako Parlamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Navas de Tolosa kalea, 1-Iruña), edo administrazio-araudi indardunaren araberako beste erregistro batzuetan.

1.2. Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, eskabideari postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtapena egin aurretik.

1.3. Eskabideak I. eranskinean adierazitako ereduaren araberakoak izanen dira prestakuntzarako izangaien kasuan, eta II. eranskinaren araberakoak, berriz, aldi baterako kontrataziorako izangaien kasuan, eta Nafarroako Parlamentuaren Erregistro Orokorrean nahiz Nafarroako Parlamentuaren webguneko (www.nafarroakoparlamentua.eus) “Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak” izeneko atalean eskuratu ahalko dira.

1.4. Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

1.5. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia ere aurkeztu beharko dute.

1.6. Espainiako nazionalitatea ez duten pertsonek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eta, zein den kasua, II.2.2.1.a) oinarrian nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena ere bai. Gainera, zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien inolako diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez izateari buruzkoa.

1.7. Eskabidearekin batera aurkeztuko dira alegaturiko merezimenduen zerrenda eta merezimendu horiek frogatzeko agiriak (jatorrizkoak edo behar bezala kautoturiko fotokopiak), III.5.5.1 arauan ezarritakoari jarraituz.

1.8. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, baldin eta ariketak egin ahal izateko denbora- edo baliabide-egokitzapenik behar badute, horiek eskabidean eskatu beharko dituzte; horretarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, organo eskudunak emandako legezko desgaitu-izaeraren frogagiriaren kopia ere aurkeztu beharko dute.

2.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

3.–Izangaien onarpena. Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea iraganik, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak jarriko ditu jendaurrean, bai Nafarroako Parlamentuko iragarkien oholean bai www.nafarroakoparlamentua.eus webguneko “Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak” atalean. Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

3.2. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratu ondoko bost egun balioduneko epean, interesdunek erreklamazioak egin ahalko dituzte, edo eskabideko akatsak zuzendu. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira www.nafarroakoparlamentua.eus webgunean, “Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak” izeneko atalean, hain zuzen ere, bai eta Parlamentuko iragarki-oholean ere.

3.3. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu egiten zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dutela ondorioztatuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik eduki litzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

3.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrenda argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan aipatzen diren ondorioetarako.

4.–Kalifikazio-epaimahaia.

4.1. Epaimahai kalifikatzailea honako kide hauek osatuko dute:

Lehendakaria: Unai Hualde Iglesias jauna, Nafarroako Parlamentuko 1. lehendakariordea.

Ordezkoa: Maiorga Ramirez Erro jauna, Nafarroako Parlamentuko 1. idazkaria.

Epaimahaikidea: Idoia Tajadura Tejada andrea, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusia.

Ordezkoa: Belén Cilveti Gubía andrea, Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Manuel Pulido Quecedo jauna, Nafarroako Parlamentuko legelaria.

Ordezkoa: Gemma Sánchez Lerma andrea, Kontuen Ganberako legelaria.

Epaimahaikidea: Langileen Batzordeak proposatuta izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: Langileen Batzordeak proposatuta izendatu beharrekoa.

Epaimahaiko idazkaria: Silvia Doménech Alegre andrea, Nafarroako Parlamentuko legelaria.

Ordezkoa: José Luis Ezquerro Royo, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria.

4.2. Epaimahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak gertatzeagatik epaimahaiaren osaera aldatuko balitz, halaxe jakinaraziko litzateke, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera.

4.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia. Parlamentuko Langileen Batzordeak hautatutako ordezkarien izendapena onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera eginen da.

4.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketa eta jarduna baliodunak izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

4.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

4.6. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eska dezake probarako. Aholkulari horiek lankidetzan ariko dira epaimahaiarekin, beren espezialitate teknikoetan jardutera mugaturik.

5.–Hautapen-prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

5.1. Merezimenduak balioesteko fasea.

5.1.1. Alegatu eta egiaztaturiko merezimenduak deialdi honen III. eranskinean azaldutako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko dira.

5.1.2. Merezimendu guztiak izangai bakoitzak deialdian parte hartzeko bere eskabidea aurkezten duen unean alegatu eta agiri bidez frogatu beharko dira, jatorrizko agirien edo haren kopia konpultsatuen bidez; hala izan ezean, ez aurkeztutzat joko dira.

5.1.3. Baremoaren aplikaziorako beharrezkoa den informazio guztia jaso beharko dute agiri horiek. Ez dira aintzat hartuko justifikatu gabeko merezimenduak. Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak eskatu ahalko ditu epaimahaiak.

5.1.4. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta bertan, gehienez ere, 30 puntu lortu ahalko dira, III. eranskinean ezarritakoari jarraikiz, honako atal hauetan banatuta:

a) Lanbide-esperientzia: 15 puntu gehienez ere.

b) Prestakuntza, ikerketa eta argitalpenak: 10 puntu gehienez ere.

c) Euskaraz eta Europar Batasuneko hizkuntzak jakitea: 5 puntu gehienez ere.

5.1.5. Izangai bakoitzaren merezimenduak modu arrazoituan baloratuko ditu epaimahaiak, baremoaren atal bakoitzaren arabera; edonola ere, ezin izanen da aintzat hartu alegatu gabeko merezimendurik, edo agiri bidez egiaztatu gabekorik, ez eta atal bakoitzari dagokion gehieneko puntuazioa gainditu ere.

5.2. Hautaproben fasea.

5.2.1. Merezimenduen balorazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Parlamentuaren iragarki-oholean eta webgunean argitaratuko du emaitza, eta, gutxienez ere hiru egun baliodun lehenagotik, hautaproben eguna iragarriko du.

5.2.2. Hautaproben fasea bi ariketa baztertzailek osatuko dute, zeinak egun ezberdinetan eginen baitira, eta honela gauzatuko da:

a) Lehen ariketa: Ariketa teorikoa. Ariketa hori gehienez ere hiru ordutan egin beharko da, eta bertan bi gai azaldu beharko dira idatziz. Gaiak deialdiko IV. eranskinetik zozketa bidez aterako dira.

b) Bigarren ariketa: Ariketa praktikoa. Ariketa horretan irizpen bat idatzi beharko da, Nafarroako Parlamentuaren funtzionamenduari eta eskumenei dagozkien gaiei buruzko kasu baten gainean.

Izangaiek gehienez ere hiru ordu izanen dituzte ariketa hau egiteko, eta beraiek ekartzen dituzten legezko testu iruzkinik gabeak erabili ahalko dituzte.

5.2.3. Hautaproben fasea honela kalifikatuko da:

1. Ariketa teorikoa: gehienez ere 35 puntu.

2. Ariketa praktikoa: gehienez ere 35 puntu.

Hautaprobetako ariketa bakoitza baztergarria izanen da, eta bazterturik geldituko dira gutxienez puntuazio osoaren erdia (17,5 puntu) lortzen ez duten izangaiak.

5.2.4. Hautaproben aldiko ariketak irakurtzeko ekitaldia publikoa izanen da.

5.2.5. Hautaproben faseko ariketak honako arau hauei jarraikiz eginen dira:

Idatziz eginen dira, eta izangaiek ariketa amaitu ondoren, orriak gutun-azal batean sartuko dituzte; interesdunak eta bi epaimahaikidek sinatuko dute hegalean eta idazkariak gordeko du gutun-azala.

Behar denean, zozketa bidez suertatzen den hurrenkera alfabetikoan, izangaiak bere sinadura daraman gutun-azala epaimahaiaren aurrean irekiko du eta idatzi dituen orriak irakurriko ditu.

Oinarri honetan ezarritakoa betetzen ez duten izangaiek beren eskubideak galduko dituzte.

Epaimahaiak Nafarroako Parlamentuko iragarki-oholean eta www.nafarroakoparlamentua.eus webgunean, “Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak” izeneko atalean, argitaratuko ditu ariketen emaitzak.

5.2.6. Izangaien puntuazio osoa lehenengo eta bigarren hautaprobetan lortutako puntuazioak batzearen emaitza izanen da. Gainditzeko, horietako bakoitzean eskatutako gutxieneko puntuazioa eskuratu beharko da.

5.2.7. Ariketa bakoitzerako, deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio-agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta deialditik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

5.2.8. Proba egiteko orduan, baldin eta eskaria egin badute, desgaitasunen bat dutenek denbora eta baliabide aldetik posible diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaldu dutenaren arabera.

6.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agiri-aurkezpena.

6.1. Merezimenduak balioetsi eta probak kalifikatu ondoren, probak gainditu dituztenen zerrendak argitaratuko ditu epaimahaiak, eta haietan, puntuaziorik handienetik txikienerako hurrenkeran adieraziko dira izangaien izenak. Zerrenda horiek Nafarroako Parlamentuaren iragarki-oholean eta webgunean argitaratuko dira.

6.2. Izangaien artean gerta litezkeen puntuazio-berdinketak ebazteko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Prestakuntzarako deialdia: eskaerak aurkezteko epearen azken egunean antzinatasun handiena aitortuta nork duen hartuko da aintzat. Horrela ere berdinketak bere horretan irauten badu, zozketa bidez ebatziko da.

b) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak ebazteko, irizpide hauek hartuko dira aintzat, aipatzen diren hurrenkeran: lehen ariketan lortutako puntuazioa eta bigarren ariketan lortutako puntuazioa. Horrela ere berdinketak bere horretan badirau, zozketa bidez ebatziko da.

6.3. Prestakuntzarako zerbitzu berezien administrazio-egoeran egotearen adierazpena lortzeko edo, kasuko administrazio-kontratua tarteko, legelari lanpostuan aldi baterako jarduteko, gainditutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte dei egiten edo kontratazioa jakinarazten zaien egunetik aurrera hamar egun naturaleko epean:

a) Prestakuntza-zerrendan dauden funtzionarioek:

–Deialdian baldintza gisa ezarritako tituluaren kopia kautotua edo fotokopia (haren konpultsa egin ahal izateko, jatorrizkoekin batera aurkeztu beharko da), baldin eta dokumentazio hori ez bada aurkeztu merezimendu-balioespena egiteko faserako.

b) Aldi baterako kontrataziorako zerrendan gaindituak:

–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

–Deialdian baldintza gisa ezarritako tituluaren kopia kautotua edo fotokopia (haren konpultsa egin ahal izateko, jatorrizkoekin batera aurkeztu beharko da), baldin eta dokumentazio hori ez bada aurkeztu merezimendu-balioespena egiteko faserako.

Aurreko idatz-zatietan aipatutako agiriak aurkeztea ezinezkoa gertatzen dela behar bezala frogatzen denean, zuzenbidean onarturiko edozein frogabide erabiliz frogatu ahalko da deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla.

6.4. Deialdien oinarrietan ezarritakoari jarraituz deituko zaie kasuko zerrendak osatzen dituzten izangaiei, eta errespetatu eginen da prestakuntzan aritzekoak diren izangaiek deituak izateko duten lehentasuna aldi baterako kontrataziorako izangaien aurretik.

7.–Errekurtsoak.

7.1. Deialdi honen, deialdi honetako oinarrien eta Nafarroako Parlamentuko Mahaiak deialdi hau dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa, Legebiltzarreko Mahaiari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean.

7.2. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak edo kalifikazio-epaimahaiak deialdi hau aplikatzeko erabakitzen dituzten gainerako egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Parlamentuko Mahaiari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Prestakuntzarako zerrendarako eskabide-eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Kontratazio-zerrendarako eskabide-eredua (PDFa).

III. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

1.–Esperientzia profesionala.

a) Parlamentuetan edo administrazio publikoetan A mailako edo taldeko lanpostuetan emandako zerbitzuengatik, lanpostu horietarako zuzenbideko lizentziatu edo graduatu titulua eskatu bada: 2 puntu urte bakoitzeko. 10 puntu lortu ahalko dira gehienez.

b) Sektore pribatuan zuzenbideko lizentziatu edo graduatu gisa emandako zerbitzuengatik: puntu bat urte bakoitzeko. 3 puntu lortu ahalko dira gehienez.

c) Epaimahaiak bi puntu eman ahalko ditu gehienez ere sektore publikoan edo pribatuan eginiko jarduera profesionalengatik, baldin eta bete beharreko lanpostuarekin harreman zuzena badute.

Baremoaren puntuak aplikatzeko irizpideak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzionalki dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Lehen atal honetako merezimenduengatik 15 puntu lortu ahalko dira gehienez ere.

3. Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Ez dira baloratuko aldi berean emandako zerbitzuak, lanaldi partzialean emandakoak ez badira.

2.–Prestakuntza, ikerketa eta argitalpenak.

Hamar puntu lortu ahalko dira gehienez.

a) Zuzenbideko doktore gradua izateagatik: 3 puntu.

b) Ikertzaile-nahikotasuna edota lizentziaturako proba izateagatik: 1 puntu.

c) Epaimahaiak bi puntu eman ahalko ditu gehienez ere beste unibertsitate-titulazio batzuk izateagatik, baldin eta bete beharreko lanpostuarekin harreman zuzena badute.

d) Bi puntu eman ahalko dira gehienez ere lanpostuaren eginkizunekin harreman zuzena duten ikastaroetara, kongresuetara eta jardunaldietara joateagatik.

e) Epaimahaiak bi puntu eman ahalko ditu gehienez ere bete beharreko lanpostuaren eginkizunekin harreman zuzena duten argitalpenengatik.

3.–Euskaraz eta Europar Batasuneko hizkuntzak jakitea:

Bost puntu lortu ahalko dira gehienez ere. Izangaiak aurkezten duen goi mailako ziurtagiria baizik ez da aintzat hartuko, honako baremo honi jarraituz:

a) Euskara:

–IHEOko C1 gaitasun mailaren ziurtagiria, EGA edo horren baliokidea: 4 puntu.

–Halako titulurik eduki ezean, gehieneko puntuazioaren 1/5 baloratuko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko A1 maila izatea; 2/5 A2 maila izatea; 3/5 B1 izatea, eta 4/5 B2 edo baliokidea izatea. Bestela, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzarengatik 1/12ko puntuazioa emanen da.

b) Europar Batasuneko beste hizkuntza batzuk:

–IHEOko C1 gaitasun mailaren ziurtagiria edo horren baliokidea: 2 puntu.

–Halako titulurik eduki ezean, gehieneko puntuazioaren 1/5 baloratuko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko A1 maila izatea; 2/5 A2 maila izatea; 3/5 B1 izatea, eta 4/5 B2 edo baliokidea izatea.

IV. ERANSKINA

1.–Konstituzioa arau juridiko gisa. Konstituzioaren edukia. Konstituzio-arauak interpretatzeko irizpideak. Legeak Konstituzioaren arabera interpretatzea.

2.–Zuzenbide estatu sozial eta demokratikoaren kontzeptua.

3.–Aniztasuna eta alderdi politikoak. Alderdi politikoen estatus juridikoa demokrazia garaikideetan.

4.–Espainiako hauteskunde-sistema. Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak. Autonomia erkidegoetako legebiltzarretarako hauteskundeak. Espainiako hauteskunde-sistema. Hautespen aktiboaren eta pasiboaren eskubidea. Hauteskunde administrazioa.

5.–Estatuaren eta autonomia erkidegoen legegintza ahalmena. Oinarrizko legeak, esparru-legeak, transferentzia- edo eskuordetze-legeak eta harmonizazio-legeak.

6.–Oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen teoria. Parte-hartze politikorako eta kargu publikoak betetzeko eskubidea. Babes judizialerako eskubidea. Berme prozesalak.

7.–Konstituzio Auzitegia. Osaera eta eginkizunak. Jurisdikzioa eta eskumena. Arauen kontrol abstraktua: konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa. Konstituziokontrakotasun-auzia. Babes errekurtsoa.

8.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: taxutze-prozesua. Izaera eta esanahia. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa erreformatzeko prozedura.

9.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Aurrekariak. Osaera eta eginkizunak. Foru parlamentariak: eskubideak eta betebeharrak; parlamentari izaeraren eskuratze eta galtzea. Nafarroako Parlamentuko hauteskunde-sistema. Nafarroako Parlamentuaren eraketa. Legegintzaldia eta bilkura-aldiak. Legebiltzarra desegitea.

10.–Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioa. Aurrekariak. Eginkizunak eta eskumenak. Gobernuko kideak. Abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legea, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa. Legea garatzeko araudia.

11.–Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioko lehendakaria. Haren hautapena. Nafarroako Gobernuko lehendakariaren erantzukizuna Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Zentsura-mozioa. Konfiantza-arazoa.

12.–Nafarroako Foru Komunitatea: eskumenak banatzeko sistema.

13.–Foru Komunitateko Administrazioa. Antolamendua. Xedapenen eta egintzen araubidea. Errekurtso-sistema. 15/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzkoa. Legea garatzeko araudia.

14.–Nafarroako Parlamentuaren Erregelamendua. Prestaketa, erreforma, egitura eta interpretazioa. Legebiltzarraren autonomia finantzarioa bere aurrekontua onetsi eta betetzerakoan.

15.–Legebiltzarretako lehendakaritza eta gobernu organoak. Mahaia eta bere esanahi tekniko-parlamentarioa. Eledunen Batzarra. Espainiako eta Nafarroako zuzenbidea arlo horietan.

16.–Parlamentuko lan-organoak. Batzorde Iraunkorra. Nafarroako Parlamentuaren funtzionamendua. Bilkurak eta bilkura motak Nafarroako Parlamentuan. Egun baliodunak. Deialdia. Gai-zerrenda: taxutzea eta aldatzea. Quoruma.

17.–Talde parlamentarioak eta horien konstituzio-esanahia. Taldeen antolamendua. Talde-sistemaren eragina legebiltzarren antolamenduan eta funtzionamenduan. Gai horiei buruzko Nafarroako zuzenbidea.

18.–Legegintza. Legegintza-ekimena eta motak. Zuzenketak: kontzeptua, motak eta betekizunak. Legegintzako prozedura orokorrak eta legegintzako prozedura bereziak. Espainiako eta Nafarroako zuzenbidea arlo horietan.

19.–Parlamentuaren eginkizun ekonomikoa. Aurrekontua onestea. Parlamentuko izapidetzearen berezitasunak. Aurrekontu-betetzearen kontrol parlamentarioa. Nafarroako Kontu Orokorren izapidetzea. Legebiltzarrek kredituen arloan dauzkaten mugak: kredituak handitzea edo diru-sarrerak gutxitzea dakarten zuzenketak eta lege proposamenak. Espainiako eta Nafarroako zuzenbidea arlo horietan.

20.–Gobernua kontrolatzeko berariazko prozedurak. Galderak eta jabeldurak. Ikerketa batzordeak. Espainiako eta Nafarroako zuzenbidea arlo horietan.

21.–Bultzatze edo zuzendaritza politikoa. Politika orokorrari buruzko eztabaidak. Mozioak.

22.–Eztabaida parlamentarioa. Sistemak. Hitza izatea. Aipamenak. Gaiari lotzeko eta ordena gordetzeko deiak. Parlamentuko gizalegea. Eztabaida gure zuzenbide parlamentarioan. Botoa emateko sistemak eta hurrenkera. Gehiengoak eta berdinketak ebaztea.

23.–Legebiltzarraren zerbitzuko langileak: araubide juridikoa; sartzea eta kargu-uztea; egoerak; eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak; diziplina-araubidea.

24.–Kontratu publikoei buruzkoa foru legea I: aplikazio-esparrua eta arau orokorrak. Kontratistak. Administrazio publikoen kontratu guztietarako xedapenak. Esleipenaren aurreko jarduketak.

25.–Kontratu publikoei buruzko Foru Legea II: esleitzeko prozedurak eta irizpideak Kontratazioaren kudeaketa hobetzeko sistemak. Publizitate arauak eta epeak. Esleipena, burutzea eta formalizazioa.

26.–Kontratu publikoei buruzko Foru Legea III: kontratuak betetzea. Ordainketa eta prezioen berrikuspena. Kontratuak iraungitzea eta haien baliogabetasuna. Erreklamazioak eta beste kontrol-neurri batzuk.

27.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

28.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

29.–Datu pertsonalen babesa Nafarroako Parlamentuan. 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa.

30.–11/2012 Foru Legea, ekainaren 21ekoa, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzkoa.

Iragarkiaren kodea: F1706937