Iragarkia
114. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
22E/2017 FORU AGINDUA, maiatzaren 30ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, “Generazinema Film Luzeak: 2017an eta 2018an film luzeak produzitzeko diru-laguntzen deialdia” onesten duena.
Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz.
AGINDU DUT:
1. “Generazinema Film Luzeak: 2017an eta 2018an film luzeak produzitzeko diru-laguntzen deialdia” onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A20002-A2530-4709-334102: Zinemagintzarako laguntzak | 2017 | 152.500,00 |
A20002-A2530-4709-334102: Zinema-produkzioetarako laguntzak edo balio bereko partida | 2018 | 152.500,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2017ko maiatzaren 30ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.
GENERAZINEMA FILM LUZEAK
Generazinema Film Luzeak: 2017an eta 2018an film luzeak produzitzeko diru-laguntzen deialdia. Oinarri arautzaileak
1.–Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.
1.1. Deialdi honen xedea da fikzioko, dokumental gisako edo animazioko film luzeen produkziorako laguntzak emateko arauak jartzea; film luzetzat hartzeko, 60 minutu edo gehiago iraun beharko du lanak, eta zine aretoetan, telebistan edo Interneteko plataforman jendaurreko emanaldi komertzialak egiteko helburua izan beharko du.
1.2. Laguntza jasotzen duten proiektuek 2017ko urriaren 31 baino lehen hasi beharko dituzte filmaketa-lanak, egun hori barne, eta filma 2018ko urriaren 31rako bukatu beharko da, egun hori barne.
1.3. Proiektu bakar bat onartuko da eskatzaile bakoitzeko.
2.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
2.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2.2. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko, zinemagintzako enpresek legearen arabera ezarrita egon beharko dute Europar Batasuneko estatu batean, eta ekoiztetxe gisa inskribatuta Europar Batasuneko estatu bateko Zinema Enpresen Erregistroan (Espainiako enpresen kasuan, ICAAko erregistroan inskribatua).
2.3. Proiektuak onartzeko epea ixten den unean film bihurtu eta aginduzko kalifikazioa duten proposamenek ezin izanen dute laguntzarik jaso, ezta zine aretoetan edo zinemaldietan erakutsita daudenek ere.
2.4. Proiektuek, gutxienez ere, honako baldintzetako bi bete beharko dituzte:
a) Film luzearen zuzendaritzaz arduratzen den pertsonak nafarra izan beharko du, edo Nafarroan erroldatua egon beharko du 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik. Egoera hori erroldatze-ziurtagiriaren bidez justifikatu beharko da.
b) Produkzio-etxe eskatzaileak Nafarroan izan beharko du egoitza fiskala filma egiteko prozesu osoan.
c) Filmaren %40 gutxienez Nafarroan filmatu beharko da. Animazio proiektu bat izatera, baliabide teknikoen eta giza baliabideen %40 Nafarroan ezarrita egon beharko dira.
d) Filmaren gaiak lotura zuzena eta nagusia izan beharko du Nafarroaren berariazko edozein alderdirekin.
2.5. Nafarroako panorama artistiko, kultural edo ekonomikoan interes bereziko eragina duten proiektuak onartzen ahalko ditu balorazio batzordeak, edo interes bereziko lotura dutenak Nafarroako errealitate kultural, artistiko eta sozialarekin, betiere, 2.4 puntuan adierazitako baldintzak betetzen badituzte: Baloratzeko, eskatzaileak klausula hau aplikatzeko zer inguruabar dauden azalduko duen idazki arrazoitua aurkeztu beharko du.
2.6. Proiektuak filmaren kostu osoa ordaintzeko behar den finantzaketaren %25 edo gehiago izan beharko du, eta hori frogatu.
2.7. Laguntza koprodukzio baterako nahi denean, eskatzaileak produkzio osoaren %20ko parte-hartzea izan beharko du, gutxienez ere. Kasu horretan ulertuko da eskatzailearen aurrekontua dela koprodukzioan duen parte-hartzea. Koprodukzio bateko produktoreetatik bat baino gehiago izan badaiteke onuradun, haien partaidetzen batura kontatuko da. Kasu honetan, berariaz adieraziko dira, bai laguntzaren eskabidean bai laguntza emateko ebazpenean, koproduktore bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, bai eta haietako bakoitzari aplikatuko zaion diru-laguntzaren zenbatekoa ere. Ordezkari bat edo ahaldun bat izendatu beharko dute.
3.–Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.
3.1. Diru-laguntza hauetarako 305.000 euro bideratuko dira gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko eta 2018ko gastuen aurrekontuaren kargura, honela banatuak:
–2017ko ekitaldi ekonomikoa: 152.500 euro.
–2018ko ekitaldi ekonomikoa: 152.500 euro.
3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen 100.000 eurotik gorakoa, ez eta onartzen den proiektuaren gaineko ehuneko hauek baino handiagoa ere:
–Onartutako aurrekontuaren %50, proiektuak 75 puntutik gora lortzen dituenean.
–%40, proiektuak 50 eta 75 puntu bitarte lortzen baditu.
3.3. Onartzen den aurrekontua kalkulatzeko, aurkezten den aurrekontuari honako diru kopuru hauek kenduko zaizkio: batetik, BEZa, eskatzaileentzat berreskuratzeko modukoa bada, eta bestetik, Balorazio Batzordearen ustez, proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren edo deialdiaren xedekoak ez diren jarduerei dagozkien diru kopuruak.
3.4. Aipatutako muga horiek betetzen badira, laguntzaren zenbatekoa eskatzaileek eskatutako bera izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.
3.5. Hasieran esleitutako zenbatekoak askatzen badira, esleipen gehigarri bat egin daiteke diru-laguntza jasotzen ez duten onuradunentzat, lortutako puntuazioaren arabera.
3.6. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezala, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion diru-laguntzara egokitzeko. Balorazio Batzordeak eskaera berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.
Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.
3.7. 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 54. artikuluan ikus-entzunezkoentzat aurreikusitako laguntza-araubideari egokitzen zaio diru-laguntzaren zenbatekoa, hartan ezartzen baitira barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.
4.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
4.1. Laguntza eskaerak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat eta bertan aipatzen diren agiriak erantsita, Kultura, Turismo eta Gazteria Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.
4.2. Eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa euskarri digitalean aurkeztu beharko da (CD-Rom edo USB memoria), aiseago tramitatu eta baloratu dadin.
4.3. Eskabidearekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Pertsona fisikoa izatera, eskatzailearen NANa edo erroldatze-ziurtagiria, baita ekonomia-jardueren gaineko zergaren (EJZ) ziurtagiria ere, zinema zuzendariei dagokien epigrafean (Hirugarren Atala. Arte Jarduerak, 01 multzoa. 011 taldea, Arte Jardueren gaineko Zergaren Tarifei eta Jarraibideari buruzko maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearena).
b) Pertsona juridikoa bada, elkartearen estatutuak eta eskriturak.
c) Erantzukizunpeko adierazpena, proiektuari aginduzko kalifikazioa ez zaiola eman dioena, eta ez dela estreinatu edo zinemaldietan erakutsi.
d) 2.4. oinarriaren b) letran adierazitako baldintza betez gero: Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko produkzio-etxe eskatzaileak Nafarroan izanen duela egoitza fiskala filma egiteko prozesu osoan.
e) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa. Filmaketaren plan bat erantsi beharko da, Nafarroan filmatuko den zatiak egiten duen ehunekoa zehaztuta, baita lokalizazioaren xehetasunak eta filmatuko diren egunak ere. Animazio filma izanez gero, baliabide profesionaletatik edo baliabide tekniko eta artistikoetatik zenbat diren nafarrak zehaztu beharko da (ehunekotan).
f) Proiektuaren datu ekonomikoak II-a eranskinean jakinarazi beharko dira. 2017ko urtarrilaren 1etik 2018ko urriaren 31ra bitartekoak baizik ez dira sartuko.
g) Proiektuak bere kostu osoa estaltzeko beharrezko finantzaketaren %25, gutxienez, baduela frogatzen duen banku-abala, 2.6 puntuan ezarri den bezala.
h) Produkzio-etxe eskatzaileak proiektua koprodukzioan eginez gero:
–Koprodukzioa frogatzen duten legezko agiriak, eta enpresak parte-hartzean duen portzentajea: Nazioarteko koprodukzioetan, koprodukzioaren proiektua onesten duen ebazpenaren kopia aurkeztu beharko da, Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuko zuzendari nagusiak emana, baita koprodukzio kontratuaren azken bertsioaren kopia ere, koproduktore guztiek sinatua. Estatuko koprodukzioetan, koprodukzio kontratuaren azken bertsioaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko da, koproduktore guztiek fede-emaile publiko baten aurrean sinatua, eta bertan koproduktore bakoitzaren ekarpenak adieraziko dira.
–Film bererako produkzioan diharduten beste produkzio-etxeek hartu dituzten beste laguntza edo diru-laguntzen gaineko aitorpena, edo, halakorik ezean, inolako laguntzarik ez dutela hartu dioen aitorpena. Laguntza eskaeraren bat tramitazio bidean izanez gero, horren berri ere eman beharko da.
–Erantzukizunpeko adierazpena, koproduktore bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak berariaz adierazten dituena, baita haietako bakoitzari aplikatuko zaion diru-laguntzaren zenbatekoa ere. Halaber, ordezkaria edo ahalduna nor den adierazi beharko da.
4.4. Eskabide ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.
4.5. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.6. Diru-laguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, jakinarazten den helbide elektronikoaren bidez, okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.
Oharra:
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak indarra hartu duenetik, administrazio epeen zenbaketa egitearen ondorioetarako, larunbatak egun baliogabeak dira (30.2 artikulua), igandeak eta jaiegunak bezala.
5.–Gastu diruz lagungarriak.
5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Produkzioak egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:
–Proiektuan jasotako ekintzak gauzatzeko produkzio-etxeak behar dituen langileen soldaten eta gizarte segurantzaren kostuak, entitate onuradunaren zerbitzuan ari direnenak eta horretarako kontratatzen direnenak barne. Lehenbiziko kasuan, proiektuan benetan emandako denboraren araberako zati proportzionalak egotziko zaizkio programari.
–Langile horien mantenu, ostatu eta joan-etorrien gastuak (Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartu eta 2012ko 244. NAOn, abenduaren 17an, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatuak).
–Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondoriozko gastuak, hala nola ekipamendu eta baliabide materialen alokairuak eta baliabide profesionalen kontratazioa.
–Proiektuan sartutako jardueren zabalkundeko gastuak eta proiektua sustatzeko materiala prestatzekoak.
Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera, 2017rako eta 2018rako, betiere diru-laguntza ez bada erabili ondasun horiek erosteko.
5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:
a) Ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Azken kasu horretan, salbuetsita dago 5.1 puntuan ezarri dena diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.
b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.
c) Balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileek berreskuratzen ahal dutena.
d) Proiektuan parte hartzen duten langileen soldaten kapitalizazioak.
5.3. Koprodukzioen kasuan, diru-laguntzaren onuradunak egiaz egiten dituen gastuak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.
6.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.
6.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.
6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako balorazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:
a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.
b) Batzordeko kideak: Zinematografiaren edo ikus-entzunezko produkzioaren arloan entzute handikoak edo adituak diren 5 pertsona; eta Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua, edo hori ezean, Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua.
c) Idazkaria: Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko goi mailako teknikari bat, edo, hori ezean, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko goi mailako teknikari bat, hizpidea duena baina botorik ez.
6.3. Balorazio batzordeko kideak izendatzeko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
6.4. Balorazio eta esleipen prozesua.
1. fasea.–Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Proiektuak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkeztutako dokumentazioa baizik ez da baloratuko, edo, kasua bada, zuzentzeko epean aurkeztutakoa.
2. fasea.–Balorazio batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jasoko dituzte, balorazioa egiteko.
3. fasea.–Entitate eskatzaileek balorazio batzordearen aurrean defendatzen ahalko dituzte beren proiektuak, gehienez ere 15 minutuko azalpenak emanez. Entitate eskatzaile guztiek aukera izanen dute beren proiektua defendatzeko batzordearen aurrean, horrela eskatzen badute. Horretarako, I. eranskinean adierazi beharko dute, dagokion laukitxoan. Halaber, balorazio prozesu osoan zehar, batzordeak entitateen agerraldia eska dezake, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.
4. fasea.–Ondoren, batzordeak bilera eginen du, aurkeztutako eskaeren puntuazioa emanen du, eta diru-laguntza banatuko du 7. oinarrian aipatzen den puntuazioa gainditzen duten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren arabera, 3. oinarriko 2. eta 3. ataletan ezarritakoari jarraikiz. Aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera banaketa egin ondoren, azken onuradunari dagokion diru-laguntza eskatu duena baino txikiagoa bada, 3. oinarriaren 6. idatz-zatian aipatzen den moduan jokatuko da, balorazio batzordeak eskaera berregina onetsi arte, betiere lortutako puntuazioari jarraituta. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.
5. fasea.–Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.
6.5. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak, balorazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.
7.–Proiektuen balorazioa.
7.1. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:
7.1.1. Aurkeztutako proiektuaren kalitatea eta interes artistikoa (gehienez 40 puntu).
a) Proiektuaren gidoiaren kalitatea, betiere kalitatetzat hartuta bere bereizgarritasunagatik hari balioa ematen dioten berezko baldintzak, betebeharrak edo ezaugarriak (gehienez 30 puntu).
b) Zuzendaritzaren eta produkzioaren memoria, proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia (gehienez 5 puntu).
c) Zuzendaritzaz arduratzen den pertsonaren eta produkzio-etxearen ibilbidea (gehienez 5 puntu):
–Filmaren zuzendaritzaz arduratzen den pertsonaren ibilbidea (gehienez 2 puntu).
–Produkzio-etxearen ibilbidea: enpresak edo profesionalak jardunean daramatzan urte osoak (0,5 puntu, urte bakoitzeko. Gehienez 6 urte eta 3 puntu).
7.1.2. Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa (30 puntu gehienez).
a) Aurrekontua, eta proiektua gauzatzeko duen koherentzia. 2017ko urtarrilaren 1etik 2018ko urriaren 31ra bitarte egindako gastuak baizik ez dira sartuko (gehienez 10 puntu).
b) Filmaren finantzaketa eta amortizazio plana (gehienez 10 puntu).
c) Finantzabideak lortzea: finantzaketa planetik bete diren konpromisoak (gehienez 10 puntu).
7.1.3. Nafarroan filmatuko den zatiak egiten duen portzentajea, edo animazio filmen kasuan, produkzio lanetan erabili diren baliabide profesional eta tekniko nafarren portzentajea (gehienez 10 puntu).
–%90 baino gehiago eta %100 arte: 10 puntu.
–%80 baino gehiago eta %90 arte: 9 puntu.
–%70 baino gehiago eta %80 arte: 8 puntu.
–%60 baino gehiago eta %70 arte: 7 puntu.
–%50 baino gehiago eta %60 arte: 6 puntu.
–%40 baino gehiago eta %50 arte: 5 puntu.
–%30 baino gehiago eta %40 arte: 4 puntu.
–%20 baino gehiago eta %30 arte: 3 puntu.
–%10 baino gehiago eta %20 arte: 2 puntu.
–%5etik %10 arte: 1 puntu.
7.1.4. Proiektuan parte hartzen duten Nafarroako enpresa eta giza baliabideak (gehienez 8 puntu):
–Produkzioaren helbide fiskala Nafarroan izatea: 2 puntu.
–Nafarroan filmatzeko kontratatu diren aurreprodukzioko edo produkzioko zerbitzuak: 3 puntu.
–Produkzio ondokorako Nafarroan kontratatu diren produkzio ondoko zerbitzuak: 3 puntu.
7.1.5. Proiektuaren gaiaren interesa, Nafarroarekin duen loturagatik (gehienez 7 puntu).
7.1.6. Euskara erabili eta agertzea (gehienez 5 puntu).
7.2. Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak. Informazio ekonomikoa II-a eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian jakinaraziko da.
7.3. Eskatzaile guztiek aukera izanen dute beren proiektua defendatzeko batzordearen aurrean, horrela eskatzen badute. Horretarako, I. eranskinean adierazi beharko dute, dagokion laukitxoan. Proiektu bakoitzari emandako denbora gehienez ere 15 minutukoa izanen da.
7.4. Orobat, batzordeak eskatzaileetako baten agerraldia eska dezake, deialdiari aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.
7.5. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak. “Proiektuaren kalitatea eta interes artistikoa” ataleko puntuazioaren erdia (20 puntu) lortzen ez duten proiektuak ere ez dira kontuan hartuko.
7.6. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.
8.–Laguntza emateko ebazpena.
8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.
8.2. Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio bakoitzak eskabide-orrian adierazten duen helbide elektronikoaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren web orrian jakitera emanen da (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/), baita Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren iragarki oholean ere (Navarrería kalea, 39, Iruña).
8.3. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
8.4. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
8.5. Deialdi honi buruzko jakinarazpen guztiak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Administrazioen Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.
9.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.
9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak, baldin eta helbide fiskala Nafarroan duten pertsona fisikoek egiten badituzte eta horiek ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean alta emanda badaude (legearen 4.f) atalean aipatzen dira), interes sozialekotzat hartuko dira, foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere.
9.2. Kultur mezenasgorako zerga-pizgarriak aplikatuko dira baldin eta onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta aplikatu behar den gainerako araudian ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte, bereziki, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte, alegia, ziurtagiriak luzatzeari eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari buruzkoak; izan ere, foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.
9.3. Halaber, proiektuak egiten laguntzeko mezenasgo edo babesletzako ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina ebaluatzea.
–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraupena eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.
10.–Onuradunek bete beharrekoak.
10.1. Interesdunek diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, telematika bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.
10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.
10.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.
10.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo komunikazio zuzeneko ekintzetan. Ekintzen berri emateko ekitaldian pertsonen parte-hartzea baldin badago, gutxienez entitateko kide bat eta Nafarroako Gobernuko kide bat izanen dira bertan.
10.5. Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek baimendu dezan, betiere aldaketak, balorazio batzordearen ustez, funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan. Koprodukzioen kasuan, eskatzaileak titulartasun kuotan gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko du, akordioa egiten denetik hamabost eguneko epean, gehienez ere.
10.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, baita filmaren hasierako kredituetan ere. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.
10.7. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.
10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Bestelako laguntza horiek lortu direla jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa frogatu baino lehen.
10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.
10.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
10.11. Diru-laguntzaren onuradunek ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko dute, proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.
11.–Ordainketa, justifikatzeko epea eta modua.
11.1. Oro har, laguntzak bi alditan ordainduko dira. Lehenengo zatia aurrerakin moduan ordaintzen ahalko da, edo ordainketa bidez, eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren %50erainokoa izan daiteke, zein den ere kontzeptua.
Aurrerakina:
Aurrerakina aukeratuz gero, emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren %50erainokoa izanen da. Diru-laguntzaren helburuak betetzeko, 2017ko kredituen kargura, aldez aurretik behar diren funtsen adinakoa izanen da aurrerakinaren zenbatekoa, funts-hornidura hori behar bezala justifikatuz gero, betiere. Aurrerakina ordaintzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da 2017ko urriaren 31 baino lehen:
–Diruzaintzaren egoeraren egiaztagiria edo banku-kontuetako saldoen egiaztagiria. Horrekin batera, aurrerakina eskatzeko III. eranskina aurkeztu beharko da (diru-laguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda; eta proiektuari lotuta ez dauden gastu eta diru-sarreren konpromisoak), bertan adierazita diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela 2017ko kredituen kontura.
–Filmatzen hasi izanaren deklarazioa, Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuko ereduaren arabera.
Ordainketa:
Ordainketa aukeratuz gero, honako hauek aurkeztu beharko dira 2017ko urriaren 31 baino lehen:
–Gastu eta diru-sarreren zerrenda, oinarri arautzaile hauen 11.3 oinarriko c) letraren arabera.
–Onartutako proiektua gauzatzeko egindako gastu eta ordainketen egiaztagiriak, oinarri arautzaile hauen 11.3 oinarriko d) letraren arabera.
–Filmatzen hasi izanaren deklarazioa, Ikus-entzunezko ICAA-Arteen eta Zinematografiaren Institutuko ereduaren arabera.
11.2. Egiaztagiri horiek aurkezten ez badira 2017rako diru-laguntzaren aurrerakina jasotzeko ezarritako epe horretan, onuradunak aurrerakina hartzeko eskubidea galduko du.
11.3. Bigarren zatia, onartutako diru-laguntzaren %50ekoa, diruz lagundutako jarduera bukatuta ordainduko da oro har, Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak aldeko txostena eman ondoren, betiere 2018ko urriaren 31 baino lehen (hori barne) frogagiri eta dokumentu hauek aurkezten baditu:
a) Filmaketaren bukaerari buruzko deklarazioa (ICAAn aurkeztua, haren eredu ofizialean). Animazioko film luzeetan, filmaketaren bukaera-eguntzat hartuko da filmaketa lanak bukatzen diren eguna, nahasketa eta muntaketa prozesua hasi baino lehen.
b) Film luzea espainiarra dela ziurtatzen duen agiriaren eskaera, eta adinaren araberako sailkapena, filmaketa hasi eta sei hilabeteko epearen barrenean. Animazio filmetan eta dokumentaletan epe hori zortzi hilabetekoa izanen da filmaketak lanak hasten direnetik.
c) Izandako gastu eta diru-sarreren zerrenda. Gainera, gastuen zerrenda aurkeztuko da, aurrekontuko kontzeptuen araberakoa, eta honako hauek argi adierazita: zenbakia, enpresa edo profesionala, gastuaren kontzeptua eta arrazoia, eta faktura bakoitzaren zenbatekoa. Beharrezkotzat joz gero, proiektuari dagokion kontabilitateko dokumentazioa utzi beharko da Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalaren esku.
d) Onartutako proiektua gauzatzeko egindako gastuen eta ordainketen ziurtagiriak. Fakturak 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera luzatuak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, erreziboak, aurrekontuak eta albaranak. Proiektuaren gastu diruz lagungarriekin lotutako gastu guztiek ordainagiriak beharko dituzte. 100 eurotik gora egindako gastuek bankuko ordainagiria eduki beharko dute.
e) Argitaratzen diren inprimakien eta publizitateko elementuen 4 ale.
f) Ikus-entzunezko lanaren kopia berri bat, behin betiko bertsioan, DCP edo Blu-Ray formatuan. Gainera 3 kopia aurkeztu beharko dira DVD euskarrian. Jatorrizko bertsioa gaztelaniaz ez badago, aurkezten den kopiak azpitituluak izan beharko ditu gaztelaniaz.
g) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak filma erabili eta banatzeko baimena, Nafarroan zinemagintza sustatzeko egiten dituen jardueretan.
h) Film luzea emanaldi komertzialetan erakutsiko dela bermatzen duen akordio sinatua, edo horrelako emanaldiak eginen direla egiaztatzeko froga fede-emaile bat.
11.4. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, ordainketaren frogagiriak badituzte, betiere.
11.5. Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.
11.6. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.
11.7. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 33.bis artikuluan ezartzen du, diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko epeak zenbatzearen ondorioetarako, oro har, diru-laguntza ematen duen ebazpenaren data hartuko dela hasierako datatzat. Ekintza horiek gauzatzeko epeak hasieran emandako denbora halako bira bitarte luzatzen ahalko dira, oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzetan.
Deialdi honetan, onuradunek zilegi dute epearen luzapena eskatzea hura bukatu baino lehen, betiere 11.3 oinarriko e), f), g) eta h) letretan adierazitako agiriak aurkezteko baizik ez bada.
12.–Diru-laguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.
12.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
12.2. Beste entitate batzuek emandako diru-laguntzaren edo laguntzaren bat eskuratzen denean, laguntza guztien baturak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu, ordainduko den diru-laguntza, gehienez ere, diruz lagundutako jardueraren defizita estaltzeko adinakoa izanen da.
13.–Dirua itzultzea.
Onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.
14.–Arau-hausteak eta zehapenak.
14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.
14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.
15.–Diru-laguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.
16.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
I. ERANSKINA
II. ERANSKINA
Proiektuaren deskripzio-memoria.
II-A. ERANSKINA
Proiektuaren datu ekonomikoak.
III. ERANSKINA
Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: F1706800
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
