114. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

228/2017 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez agintzen da familia laguntza ordain dakiela Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langile kontratatuei, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretua aldatu zuen martxoaren 29ko 21/2017 Foru Dekretua aplikatuta. Foru dekretu horren bidez onetsi zen behin-behineko erregelamendua Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruz.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea ezartzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 20. artikuluak honako hau ezartzen du: “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikiriko funtzionarioek eta estatutupeko langileek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioentzat orokorki ezarririko famili laguntza kobratuko dute, haiendako ezarririko baldintzetan”.

Zortzigarren xedapen gehigarrian, ezartzen da ezen foru lege hori, eta orobat, legea garatzeko ematen den legezko eta erregelamenduzko araudia, Osasun Departamentuaren menpeko gainerako erakunde autonomoei atxikitako langileei ere aplikatuko zaiela.

Bestalde, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 50. artikuluan dio funtzionarioei familia laguntzagatik ordainsari bat pagatuko zaiela, portzentaje desberdinak pagatu ere dituzten familia inguruabarren arabera.

Halaber, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretua aldatzen duen martxoaren 29ko 21/2017 Foru Dekretua onetsi da (foru dekretu horren bidez onetsi zen behin-behineko erregelamendua Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruz). Haren xedapen gehigarri bakarraren bidez, irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 11. artikulua aldatu zen. Foru dekretu horren bidez arauak eman ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko. Idazketa berriarekin, aitortzen da administrazio-kontratudunek eskubidea dutela familia laguntzari dagokion ordainsaria kobratzeko.

Gainera, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren apirilaren 3ko 884/2017 Ebazpenak jarraibideak eman zituen administrazio-kontratudunek ere izan dezaten laguntza hori jasotzeko eskubidea.

Kasu guztietan, nahitaezkoa izanen da, laguntza onartzeko eta ordaintzeko, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren I. tituluko IV. kapituluko II. ataleko betebeharrak betetzea (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruzko behin-behineko erregelamendua).

Araua aldi baterako aplikatzeari dagokionez, ekintzak preskribatzeko epeak aintzat hartu behar dira kontratuak dakartzan betebehar ekonomikoen ordainketa erreklamatzeko, 4 urtekoa baita administrazio-kontratudunen kasuan (251/1993 Foru Dekretuaren hogeigarren xedapen gehigarria), eta urtebetekoa lan-kontratudunen kasuan (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 59. art.).

Azkenik, kontuan hartu behar da urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarriko 5. atala, ezartzen baitu ezen hartan jasotzen den konpentsazio-osagarria (CPTA) xurgatu eginen dela hura esleiturik duten langileen edozein ordainsari-igoeraren bidez.

Urriaren 14ko 242/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenei jarraikiz (foru dekretu horren bidez aldatu zen Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 63/2012 Foru Dekretua),

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langile kontratatuei familia laguntza ordain dakiela agintzea, baldin eskatu badute eta uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren I. tituluko IV. kapituluko II. ataleko betebeharrak betetzen badituzte (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruzko behin-behineko erregelamendua), eskaera aurkeztu aurreko 4 urteko ondorioekin.

2. Urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarriko 5. atalean ezarritako konpentsazio-osagarria (CPTA) xurgatzea, eta araudi horren arabera egoki den kasuetan kentzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1. eta 2.c artikuluan xedatutakoarekin bat.

Iruñean, 2017ko apirilaren 26an.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko burua, Miguel Ángel Garatea Crelgo.

Iragarkiaren kodea: F1705116