Iragarkia
114. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
194/2017 EBAZPENA, apirilaren 6koa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialaren Estatutuen aldaketa inskribatzen da Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea agintzen.
Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofiziala Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatu zen, 21. zenbakiarekin, Lehendakaritzako zuzendari nagusiaren irailaren 18ko 436/2007 Ebazpenaren bidez.
2017ko urtarrilaren 10ean, Mercedes Langarica Romero andreak eskatu zuen aipatu elkargoaren Estatutuetako aldaketa inskriba zedila.
Dokumentazioa azterturik, egiaztatu zen eskaerak zenbait akats zituela, eta hortaz, 2017ko otsailaren 23an, errekerimendua egin zitzaion Elkargoari horiek zuzen zitzan.
Errekerimenduari 2017ko martxoaren 6an erantzun zitzaion. Eskaera benetan zuzendutzat hartzeko beharrezko dokumentazioa erantsi zen.
Aldaketa gehiengo osoz onetsi zen, 2016ko abenduaren 19an egin batzar nagusi berezian, Elkargoko idazkaritzak elkargoko buruaren ikus-onespenarekin emandako ziurtagirian frogatzen den moduan.
Gainera, honako hauetan ezarritako baldintzak betetzen dira: Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea, hura garatzen duen Erregelamendua, abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuak onetsia, eta Zerbitzuen jardueretan libreki hasi eta aritzeari buruzko Legearekin bat etortzeko zenbait lege aldatzen dituen abenduaren 22ko 25/2009 Legea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak baliatuz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoaren estatutuen aldaketa Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatzea. Haren testua ondoko eranskinean jaso da.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
3. Ebazpen hau Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialari jakinaraztea, eta adieraztea horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2017ko apirilaren 6an.–Edurne Eginoa Antxo, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia.
ERANSKINA
Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialaren Estatutuak
I. TITULUA
Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofiziala
1. artikulua. Izaera eta esparrua.
1. Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoa zuzenbide publikoko korporazio profesionala da. Nortasun juridiko propioa du, eta ahalmen osoa bere helburuak betetzeko.
2. Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoa, bere jardunean eta funtzionamenduan, printzipio demokratikoen eta urtero aurrekontua kontrolatzeko araubidearen mende egonen da, eta legeetako eta estatutuetako xedapenetan esleitzen zaizkion eskumenak izanen ditu.
2. artikulua. Elkargoko kideak.
1. Honako titulu hauek dituztenek osatuko dute Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoa, baldin eta Estatutu hauetan eta aplikatu beharreko araudietan ezarritako baldintzak betetzen badituzte: Gizarte Graduatua, Gizarte Graduatu diploma, Lan-harremanetarako diploma edo Lan Harreman eta Giza Baliabideetako gradua, eta etorkizunean lanbide honetan aritzeko bide ematen duten titulu ofizialak.
2. Lanbidean aritzean Gizarte Graduatu izena baino ez da erabiliko.
3. artikulua. Lurraldekako antolaketa.
Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoaren jarduna Nafarroako Foru Komunitatera mugatuko da. Egoitza soziala helbide honetan du: Emilio Arrieta kalea, 29. zenbakia, 1, eskuina (Iruña).
4. artikulua. Bertako hizkuntza duten autonomia erkidegoak.
Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak bertako hizkuntzak erabiliko ditu, Nafarroako Foru Komunitateko araudian ezartzen denari jarraituz.
5. artikulua. Araubide juridikoa.
Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak hura ukitzen duten xedapen autonomikoak beteko ditu, hala nola, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea, Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretua, eta Estatutu hauek, eta Gizarte Graduatuen Elkargoetako Kontseilu Nagusiek onetsitako erregelamenduak eta erabakiak, edo, kasua bada, maila goragoko beste organo batzuek onetsitakoak.
6. artikulua. Elkargoen eginkizunak.
Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoari dagokio eginkizun hauek betetzea bere lurralde eremuan, Nafarroako arauak edo administrazio publikoak ukitzen badituzte:
a) Bere eskumeneko eremuan Elkargoko kideen lanbide jarduera antolatzea, zainduz, betiere, etika eta duintasun profesionalak eta partikularren eskubideak errespeta daitezela, eta horretarako diziplina ahalmena erabiltzea lanbidearen esparruan nahiz Elkargoan.
b) Ordezkaritza instituzional esklusiboa izatea eta lanbidea defendatzea administrazioaren, erakundeen, auzitegien eta epaitegien, entitateen eta partikularren aurrean; lanbidearen interesak ukitzen diren auzietan alderdi izateko legitimazioa izatea, eta, eskea egiteko eskubidea erabiltzea, legean ezarritakoari jarraikiz.
c) Legeak, lanbide estatutuak eta barne araudiak betetzea eta elkargokideei betearaztea, baita Elkargoko organoek, zeinek bere eskumeneko arloetan, hartzen dituzten erabaki eta arauak ere.
d) Ofiziozko txanda antolatu eta kudeatzea.
e) Txostena egitea lanbidean aritzeko baldintzei buruzko xedapen orokorren aurreproiektuetan, besteak beste, eremuari, eskatutako titulu ofizialei eta beste lanbide batzuekiko bateraezintasun araubideari dagokienez.
f) Organikoki parte hartzeko bidea izatea interes orokorreko eginkizunetan, legeekin bat.
g) Gizarte Graduatuaren lanbidearen eskumenen arloan, Administrazioari aholku emateko kontseilu edo organismoetan parte hartzea.
h) Ordezkaritza izatea elkargoaren lurralde eremuko unibertsitateetako gizarte kontseiluetan eta patronatuetan.
i) Gizarte Graduatuen lanbideari dagozkion ikastetxeetako ikasketa planak prestatzen parte hartzea eta haiek antolatzeko arauei buruzko txostenak egitea, eta ikastetxe horiekin etengabeko harremana izatea eta behar den informazioa prestatzea elkargoko kide berriak lanbidean has daitezen.
j) Elkargoko kideentzat interes komuneko jarduera eta zerbitzuak antolatzea (profesionalak, prestakuntzakoak, kulturalak, laguntzakoak, aurreikuspenekoak eta antzekoak). Haien sostengu ekonomikorako behar diren bitartekoak jartzea eta, kasua bada, ikastaroak antolatzea graduatu ondokoen lanbide prestakuntzarako.
k) Elkargoko kideen artean harmonia eta elkartasuna zabal daitezen saiatzea, eta haien arteko lehia desleiala saihestea.
l) Lanbide intrusismoa erreprimitzeko legeek ezartzen dituzten bideak hartzea.
m) Arbitraje edo adiskidetze bidez, elkargokideen artean sortzen diren lanbide-auzietan parte hartzea.
n) Laudo bidez ebaztea, alderdi interesdunek eskatuta, elkargokideek beren lanbide jardueran egiten dituzten lanen ondoriozko betebeharrei buruz sor daitezkeen desadostasunak.
ñ) Txostena egitea profesionalen zerbitzu-sariak eztabaidan dauden prozedura judizialetan edo administratiboetan eta, kasua bada, borondatezko zerbitzuak ezartzea haiek kobratzeko.
o) Administrazioak bere esku uzten dizkion eginkizun guztiak betetzea eta harekin lankidetzan aritzea azterlanak eginez, txostenak emanez, estatistikak prestatuz eta bere helburuekin loturiko bestelako jarduerak eginez, hala eskatzen bazaio, edo bere ekimenez hala erabakita.
p) Legeek ezarritako ordezkaritza izatea bere helburuak betetzeko.
q) Epaitegi eta auzitegiei ematea gai judizialetan peritu gisa parte hartzeko errekerimendua edo izendapena izan dezaketen elkargoko kideen zerrenda.
r) Lankidetza harremanak ezartzea karreran matrikula egin eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako gradua eskuratzekoa den pertsona guztiekin.
s) Elkargokideen zerbitzuen erabiltzaile eta kontsumitzaileen eta herritarren interesak babestearen aldekoak diren eginkizun guztiak.
t) Herritarrek, kontsumitzaileek, erabiltzaileek eta elkargokideek Elkargoaren eskumenaren arloan aurkezten dituzten kexa eta erreklamazioei erantzutea.
u) Elkargokideei buruzko eta haiei ezarritako zehapen irmoei buruzko informazio eskaerei erantzutea, bai eta Europar Batasuneko estatu bateko edozein agintari eskudunek egiten dituen ikuskapen edo ikerketa eskaerei ere, Zerbitzu Jardueretan Libreki Hasi eta Horietan Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean ezarritako moduan, eta bereziki honako hauek kontuan hartuta: kontrolak, ikuskapenak edo ikerketak egiteko eta informazioa lortzeko eskaerak behar bezala arrazoituak egotea, eta lortzen den informazioa eskatu den xederako soilik erabiltzea.
v) Elkargoko kideen interes profesionalei onura ekartzen dieten bestelako eginkizunak betetzea.
x) Estatuko edo autonomia erkidegoko legeriak xedatzen dituen gainerakoak.
7. artikulua. Estatutuak aldatzeko baldintzak.
Estatutuak aldatzeko, gehiengo osoz onetsi behar da aldaketa horretarako egiten den batzar nagusi berezian.
8. artikulua. Elkargoaren tratamendua.
Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak “prestua” tratamendua izanen du, non ez dagokion beste bat beste arrazoi batzuengatik.
9. artikulua. Elkargoko buruaren tratamendua.
Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoko buruak “txit prestua” tratamendua izanen du, non ez dagokion beste bat beste arrazoi batzuengatik.
10. artikulua. Jantziak.
1. Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoko buruak eta Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoko Gobernu Batzordeetako kideek toga eramanen dute, baita beren karguari dagokion domina ere, jendaurreko entzunaldietan eta ekitaldi handietan, beren karguagatik parte hartzen badute.
2. Gainerako ekitaldi ofizialetan, protokoloaren arauak beteko dira.
11. artikulua. Ikurra eta logotipoa
Honelakoa da Elkargoko gizarte graduatuen ikur profesionala: Justiziaren balantza bat eta, horren plateren artean, bi galburu, lanaren ikurra den gurpil horztun bat biltzen dutenak. Horren oinean, “Iustitia Socialis” leloa agertzen da, eta, atzealdean, urrezko izpi distiratsuak.
12. artikulua. Sariak.
1. Ekitaldi handietan, Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordeko kideek domina bat eramanen dute. Bertan, ikur profesionala agertuko da, eta oinarrian, Elkargoaren titulua. Haren lokarria zetazkoa izanen da, esmeralda-berdekoa. Domina urrezkoa edo urre-kolorekoa izanen du Elkargoko buruak, edo zilarrezkoa edo zilar-kolorekoa Batzordeko gainerako kideek.
2. Domina horiek, bi zentimetroko miniatura moduan, edozein jantziren gainean eraman ditzakete Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialaren Kontseilu Nagusian edo gobernu batzordeetan aritu edo aritzen direnek eta ohorezko elkargokideek.
13. artikulua. Ohoreak eta sariak.
Gobernu Batzordeak ahalmena du elkargokideek jardunean ari direla lortzen dituzten merezimenduak saritzeko, baita Elkargoz kanpoko pertsonek edo taldeek ematen dituzten zerbitzuak ere.
Elkargoak, horretarako, ohoreei eta sariei buruzko erregelamendu berariazkoa du.
II. TITULUA
Elkargokideak
I. KAPITULUA
Kide izatea
14. artikulua. Elkargoko kide izatea.
Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialak lau kide mota izanen ditu:
a) Jardunean libreki ari dena.
b) Jardunean enpresa baten zerbitzuan ari dena.
c) Jardunean ari ez dena.
d) Emeritua.
15. artikulua. Kide izateko moduak.
1. Jardunean libreki ari dena.
Hirugarrenei aholku ematen diena. Norberaren kontura edo besteren kontura izan daiteke, dela banaka, dela elkarturik, dela taldeka.
Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoan sartzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Titulu hauetako bat izatea: Gizarte Graduatua, Gizarte Graduatu diploma, Lan-harremanetarako diploma edo Lan Harreman eta Giza Baliabideetako gradua, edo lanbidean aritzeko gaitasuna ematen duten beste titulu ofizial batzuk, edo Espainian aurrekoetako baten moduan aitortutako edo homologatutako atzerriko titulua.
b) Adinez nagusia izatea eta ezgaitasun egoeran ez egotea.
c) Lanbidean aritzeko ezgaitzen duten aurrekari penalik ez izatea.
d) Bateraezintasun edo debeku kausarik ez izatea.
e) Sarrera kuota ordaintzea, baita Elkargoak Batzar Nagusiak erabakita ezarrita dituen gainerako ekarpenak ere.
2. Jardunean enpresa baten zerbitzuan ari dena.
Gizarte graduatu gisa kontratatutakoa, hain zuzen ere titulazioaren eginkizunak betetzeko enpresaren eremuan.
Ulertuko da enpresa batean ari direla Estatuko, autonomia erkidegoko, probintziako edo udalerriko erakunde ofizialetako funtzionario gisa ari diren gizarte graduatuak, edo titulua dela-eta sartu direnak (Gizarte Graduatua, Gizarte Graduatu diploma edo Lan Harremanetako diploma, Lan Harreman eta Giza Baliabideetako gradua, edo lanbidean aritzeko gaikuntza ematen duten beste titulu ofizial batzuk, ezinbestekoak baziren kargua lortzeko), betiere gizarte graduatuaren eginkizunak betetzen badituzte.
Elkargoan sartzeko, jardunean libreki ari direnen baldintza berberak bete behar dituzte. Horretarako, egoera hori egiaztatzen duen izendapenaren edo kontratuaren fotokopia aurkeztu behar dute.
3. Jardunean ari ez dena.
Lan egoeragatik lanbidean aritzen ez diren gizarte graduatuak.
Elkargoan sartzeko, a), b) eta e) ataletako baldintzak bete behar dira.
4. Emerituak.
Jubilatutako elkargokideak daude horren barnean, lehenago Elkargoan alta emanda bazeuden, baita halakotzat jotzea merezi dutenak ere, Gobernu Batzordearen iritziz dituzten salbuespeneko inguruabarrak direla eta.
16. artikulua. Nahitaezkotasuna.
a) Gizarte graduatuaren lanbidean aritzeko, nahitaezkoa da Elkargoko kide izatea, dela jardunean libreki arituta, dela enpresa baten zerbitzuan.
Elkargoko kide izateko betebeharra iragankorra izanen da harik eta elkargoko kide izateko betebeharra aurreikusten duen legeak indarra hartu arte.
b) Aukerakoa da elkargoko kide izatea jardunean ari ez direnentzat edo emerituentzat.
17. artikulua. Lanbide sozietateak.
1. Puntu honetan, Lanbide Sozietateei buruzko legean xedatutakoa bete beharko da, une bakoitzean indarra duten aldaketak edo erregelamenduak barne.
2. Gizarte graduatu batek baino gehiagok osatzen dutenean lanbide sozietate bat pertsona fisiko gisa, elkargoko kide izan behar dute, gizarte graduatu gisa eta kasuan kasuko modalitatean, lanbide sozietatea osatzen duten pertsona fisiko guztiek, kontuan izan gabe sozietateak bere kasa jardun dezakeela, legeari jarraituz, bere elkargo zenbakiarekin eta elkargoan horretarako dagoen erregistroan inskribatuta, legezko erantzukizunaz eta diziplinaz legean ezarritako arauak betez.
3. Erregistroan inskribatzen direnetik aurrera, Elkargoak legeari eta Estatutuei jarraituz dituen eskumen berberak izanen dituzte lanbide sozietateek elkargoko kideei dagokienez, batik bat araubide deontologikoari, bateraezintasun araubideari eta desgaikuntza araubideari dagokienez.
Hori guztia ezertan ukatu gabe jardunean aritzen diren profesionalek, bazkideak izan ala ez, diziplinaren aldetik duten erantzukizuna.
Sozietate bat erregistroan sartuta ez badago ere, elkargoak neurriak har ditzake diziplinaren aldetik jardun duten elkargoko kideen kontra, bazkideak izan ala ez.
4. Sozietatea Erregistroan inskribatzeak ez ditu salbuesten horren bidez aritzen diren profesionalak, bazkideak izan ala ez, elkargoko kide izateko betebeharretik.
5. Gizarte gradu lanbidean sozietatearen bidez aritzeak ez du mugarik izanen, ez murrizketarik, ez betebeharrik, ez jarduteko baldintzarik, Lanbide Sozietateei buruzko Legean aurreikusitakoak baino.
18. artikulua. Ohorezko tituluak.
Elkargoko Batzar Nagusiak erabaki dezake, Gobernu Batzordeak proposatu ondoan, Elkargoko ohorezko buru edo kide izendatzea, lanbidearen alde edo Elkargoaren alde egindako zerbitzu edo merezimenduengatik, Elkargoko Ohoreen Erregelamenduak, edo, bestela, Batzar Nagusiak ezartzen dituen eskubideak eta eskumenak edukita.
19. artikulua. Lanbidean aritzeko baldintzak.
1. Gizarte graduatuaren lanbidean Estatu osoan aritzeko, ezinbestekoa eta nahikoa izanen da Elkargo bakar batean inskribatuta egotea, horren lurralde eremua edozein dela ere. Lanbidea nagusiki zer lurraldetan egiten den, horko elkargoan eginen da nahitaezko inskripzioa.
2. Gizarte graduatuak, gizarte graduatuen edozein elkargotan inskribatuta, libreki jardun dezake esleitzen zaizkion gai guztietan, Espainiako Estatuaren lurraldearen barnean, Europar Batasunaren eremuan eta gainerako herrialdeetan, kasuan-kasuan indarra duen araudia betez.
20. artikulua. Lanbidean aritzea eragozten duten arrazoiak.
1. Honako hauek eragozten dute gizarte graduatuaren lanbidean aritzea:
a) Lanbidean aritzeko desgaikuntza edo etenaldi berariazkoa, ebazpen judizial baten ondorioz.
b) Diziplina zehapen irmoak, horien ondorioz lanbidean aritzea eteten bada, edo Gizarte Graduatuen Elkargoetako edozeinetatik egozten.
2. Ezintasunak desagertuko dira haiek ekarri zituzten arrazoiak bukatzen direnean, edo diziplina erantzukizuna bukatzen denean.
21. artikulua. Elkargoan sartzea.
1. Elkargoan sartzeko, eskaera eginen da, Elkargoko buruari zuzendua, bidezko dokumentazioa erantsita.
Elkargoko idazkariak aztertuko ditu eskaera eta hari erantsitako agiriak. Dagokion txostena eginen du eta eskaera Gobernu Batzordearen erabakiaren menpe jarriko du. Horrek, Elkargoan sartzeko eskaera baietsi, ezetsi edo etenen du, bi hilabeteko epearen barrenean.
Ebazpena idatziz jakinaraziko zaio interesdunari, Elkargoko buruaren ikus-onespenarekin. Ulertuko du baiespen-ebazpena dela hiru hilabete iraganez gero ebazpen espresurik gabe.
2. Onartuak ez diren eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete Kontseilu Nagusiari zuzendua ezespen-erabakiaren kontra hilabeteko epean, hura jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Hiru hilabete iraganda errekurtsoa jarri zenetik ebazpenik eman gabe, ulertuko da ezesten dela.
3. Onartuak ez diren eskatzaileek beren dokumentazioa erretiratzen ahal dute, eskaera izan ezik. Hura Elkargoaren idazkaritzan artxibatuko da, ezespenaren arrazoiak adierazita daudela.
4. Elkargoko kide berriak eskaeren onarpen hurrenkeraren arabera geldituko dira inskribaturik Elkargoko Erregistro Orokorrean.
5. Aipatutako Erregistro Orokorraz gain, Elkargoko idazkaritzak Elkargoko kideen Erregistro Berezia izanen du bere menpe. Han, kideen modalitatea zehaztuko da.
6. Elkargoan sartzeak, Elkargoaren kasuan kasuko ziurtagiriaren bidez, frogatzen du gizarte graduatua halakoa dela. Hortaz, ez da beharrezkoa izanen administrazio publikoak inolako izendapenik egitea.
7. Elkargoko idazkariak zerrenda bat izanen du jardunean ari diren eta hartan inskribatuta dauden gizarte graduatu guztiekin, baita epe horretan elkargoa utzi dutenekin ere, Administrazioko erakunde guztiei emateko, eskatuz gero.
22. artikulua. Onartutakoen eskubide eta betebeharrak.
Onartutako izangaiek Elkargoak sartzeko onartutako kuota ordainduko dute, eta elkargokidearen txartela eta ikur profesionala emanen zaizkie.
Inskribatzeko kuota gehienez ere tramitazio kostuak adinakoa izanen da.
23. artikulua. Zin egitea edo hitz ematea.
1. Gizarte graduatuek, jardunean hasi baino lehen, zin egin edo hitz eman behar dute Konstituzioari eta gainerako ordenamendu juridikoari men egiten diotela eta fideltasunez konplituko dituztela gizarte graduatuaren lanbidearen betebeharrak.
2. Sartzailea zer Gizarte Graduatuen Elkargotan inskribatzen den lehenbiziko aldiz, horko Gobernu Batzordearen aurrean zin eginen edo hitz emanen du, Batzordeak xedatzen duen moduan. Aukerakoa izanen du behin-behinekoz egitea, idazki baten bidez.
3. Elkargoko kidearen espediente pertsonalean jasota geldituko da zin egin edo hitz eman duela.
II. KAPITULUA
Elkargokide izaera galtzea
24. artikulua. Galtzen denean.
1. Elkargokide izaera honako kasu hauetan galduko da:
a) Heriotzaren edo heriotza-adierazpenaren kasuan.
b) Baja borondatez eskatzeagatik, Elkargoko buruari zuzendutako komunikazioaren bidez.
c) Behin eta berriz ez konplitzeagatik hitzartutako kuota arruntak eta bereziak ordaintzeko betebeharra, baita Elkargoan ordaindu behar diren gainerako kargak ere. Lau hiruhilekotako kuotak ondoz ondo ez ordaintzea da behin eta berriz ez konplitzea.
d) Epai irmo baten kasuan, epai horrek berarekin badakar gizarte graduatuaren lanbidean aritzeko gaikuntza galtzea.
e) Elkargotik egozteko zehapen irmoaren kasuan, diziplina espediente baten bidez erabakita.
2. Elkargoko Gobernu Batzordeari dagokio erabakia hartzea ebazpen arrazoitu batean elkargokide izaera galtzen denean c), d) eta e) kasuengatik.
3. Kontseilu Nagusiari komunikatuko zaizkio bajak.
25. artikulua. Baja ematea Elkargotik.
Elkargotik baja ematen duen gizarte graduatuak izaera horren berezko eskubide guztiak galduko ditu. Elkargokidearen txartela itzuli beharko du, ezertan galarazi gabe hura gaizki erabiltzeak ekar dezakeen erantzukizuna. Betebehar hori konplitu ezean, Elkargoak ofizioz deuseztatuko du elkargokidearen txartela.
III. KAPITULUA
Bateraezintasunak
26. artikulua. Bateraezintasun arrazoiak.
Gizarte graduatuaren lanbidean aritzea bateraezina da horrek berezko dituen askatasuna, independentzia eta duintasuna gutxiesten dituen edozein jarduerarekin, edo horiek gutxiestea ekar dezakeen edozeinekin.
27. artikulua. Lanbidean legez kontra edo klandestinitatez aritzea.
Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialak bidezko jarduera guztiak eginen ditu, penalak barne, intrusismo profesionala saihesteko.
28. artikulua. Bateraezintasunak.
Honako hauek bateraezinak izanen dira lanbidean aritzearekin:
a) Gizarte graduatuaren lanbidea zuzenean nahiz zeharka ukitu edo kaltetu ditzaketen entitate publiko edo pribatuetan, merkataritza entitateetan edo erakundeetan aritzen diren tituludunak edo Elkargoko beste kide batzuen interesak ukitzen dituztenak.
b) Intrusismoagatik edo lanbidean klandestinitatez edo iruzurrez aritzeagatik zehapena jaso duten gizarte graduatuak, zehapena deuseztatu eta bi urteko epean gutxienez.
c) Beste lanbide elkargo batetik egotzitakoak edo Administrazioaren erabakiaren bidez edo epai irmoaren bidez lanbidean aritzeaz gabetutakoak, bi urteko epean birgaitzeko erabakia hartzen den egunetik hasita.
29. artikulua. Klandestinitatea edo legez kontrakotasuna.
Kasuan kasuko elkargoan inskribatu baino lehenago gizarte graduatuaren berezko eginkizunak klandestinitatez edo legez kontra agerian eta nabarmenki bete dituztenak gaikuntzarik gabe geldituko dira sei hilabetetik hiru urte bitarteko epean, ezertan galarazi gabe bidezkoak diren ekintza penalak.
30. artikulua. Bateraezintasunen komunikazioa eta errekurtsoak.
1. Gizarte graduatu bat bateraezintasun egoera batean baldin badago, Elkargoko Gobernu Batzordeari komunikatu beharko dio, eta segituan amaiera eman egoera horri. Hala egin ezean, Elkargoko Gobernu Batzordeak erabakiko du gizarte graduatuaren jarduna etetea bateraezintasunak irauten duen bitartean. Gizarte graduatua non aritzen den, hango epaitegiei eta auzitegiei komunikatuko zaie, baita lanbidearekin lotura zuzena duten Administrazioko erakundeei ere.
2. Bateraezintasuna desagertuta, gizarte graduatuak, puntu hori justifikatu ondoan, kasuan kasuko Elkargoko Gobernu Batzordeari eska diezaioke etenaldia kentzeko.
3. Bateraezintasuna dela-eta gizarte graduatuari baja ematen dion erabakiaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kontseilu Nagusiari zuzendua, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako moduan.
Hiru hilabete iraganda errekurtsoa jarri zenetik ebazpenik eman gabe, ulertuko da ezesten dela.
4. Bateraezintasun egoera amaitzeko betebeharraren arau-haustea eta bateraezintasunaren arau-haustean egonda jardutearena falta oso larritzat hartuko dira, ezertan galarazi gabe kasuan kasuko erantzukizunak.
IV. KAPITULUA
Elkargokideen eskubideak eta betebeharrak
31. artikulua. Ohoreak eta sariak.
Legeek lanbideari aitortzen dizkioten eskubideak, ohoreak, lehentasunak eta begiruneak izanen dituzte elkargoko gizarte graduatuek.
32. artikulua. Elkargokideen eskubideak.
1. Elkargokideek ondoko eskubideak dituzte:
a) Elkargoan jarraitzeko, non ez diren gertatzen elkargokidearen izaera galtzeko Estatutuetan jasotako inguruabarrak.
b) Elkargoaren babesa jasotzeko, agintari, entitate eta partikularren aurrean, lanbidean aritzean edo aritzeagatik, norberaren bidezko errebindikazioetan.
c) Elkargoak dituen zerbitzu guztiak erabiltzeko, besteak beste, liburutegia, aurreikuspen sozialeko instituzioak eta ongintzakoak, argitalpenak eta sortzen diren beste guztiak, salbu eta jardunean ari diren elkargokideentzat soilik direnak.
d) Gobernu Batzordeak ordezkatuak izateko norberaren bidezko erreklamazioetan eta negoziazioetan lanbidean aritzearen ondorioz sor daitezkeen desadostasunengatik.
e) Elkargoaren egoera ezagutzeko eta horren gaineko informazioa jasotzeko.
f) Elkargoak egiten dituen ekitaldi korporatibo guztietara joateko.
g) Elkargokidearen txartela eta dagokion ikurra erabiltzeko.
h) Gobernu Batzordeko edo Kontseilu Nagusiko karguetarako hautatua izateko, betiere ezarritako baldintzak betetzen badira.
i) Elkargoak kulturaren eta prestakuntzaren arloan egiten duen lanean parte hartzeko.
j) Lan aholkulari izendapena erabiltzeko, lanbidearen edukiaren berariazko adierazpen gisa. Lan aholkulari izendapena edo beste edozein erabiltzeko, gizarte graduatuaren adierazpena jarri beharko da lehenago.
k) Toga erabiltzeko jendaurreko entzunaldietan eta ekitaldi judizial handietan.
l) Elkargoaren batzar nagusietan parte hartzeko, hizpidea eta botoa dituela.
m) Kexak aurkezteko Gobernu Batzordeari, edozein kideren lanbideko edo elkargokide gisako jardunaren aurka.
2. Jardunean ari ez diren elkargokideek eta elkargokide emerituek eskubidea izanen dute jardunean ari direnen zerbitzu, ahalmen eta eskumen guztiak izateko, Estatutuetan adierazitako mugekin, jardun profesionalaren berezko eskubideak izan ezik.
33. artikulua. Elkargokideen betebeharrak.
Elkargokideek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Beharrezko begirunez eta duintasunez aritzea jardunean.
b) Estatutuak eta gizarte graduatuaren jardunari aplikatu beharreko arau indardunak betetzea, bai eta Elkargoak edo Espainiako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak onesten duen kode deontologikoan ezarritako arauak ere. Kode deontologiko horrek legeari jarraitu behar dio eta baliabide elektronikoak erabiliz eskuratzeko moduan egon. Gizarte graduatuen betebeharrak ezarri behar ditu, merkataritzako komunikazioei buruzkoak barne, lanbidearen independentziari eta integritateari eusteko ondorioetarako, baita lanbide isiltasunari buruzkoak ere.
c) Profesionaltasunez aritzea, une oro norberaren izen-abizenak erabiliz. Berariaz debekatuta dago beste pertsona fisiko edo juridiko baten bitartez aritzea, ezertan galarazi gabe Estatutu hauen 41. artikuluan eta ondorengoetan aurreikusitakoa.
d) Elkargoko idazkaritzari jakinaraztea, 30 egun naturaleko epean, helbidea aldatu dela.
e) Erregelamenduzko epearen barrenean ordaintzea elkargokide izanik ordaindu behar diren kuotak, derramak eta gainerako karga sozialak.
f) Elkargoan egiten diren batzar nagusietara joatea, salbu eta ezintasun arrazoitua baldin bada, eta erregelamenduari jarraituz egin beharreko hauteskundeetan parte hartzea.
g) Gobernu Batzordearen aurrean edo edozein batzorderen aurrean agertzea hala eskatuz gero.
h) Elkargoari komunikatzea lanbidearen jardunean ordezkapenak egin direla eri edo kanpoan egoteagatik edo beste edozein arrazoirengatik.
i) Gobernu Batzordeko kideei eta Elkargoko batzordeei beharrezko begirunea eta errespetua izatea, eta haiek hartutako erabakiak betetzea.
j) Arretaz eta eraginkortasunez aritzea karguetan horretarako hautaturik izanez gero eta batzordeetan parte hartzea Gobernu Batzordeak hala eskatuz gero.
k) Isiltasun profesionalari eustea, hau da, lanbidean aritzeagatik ezagutzen dena ez ezagutarazteko betebeharra eta eskubidea betetzea.
l) Toga erabiltzea jendaurreko entzunaldietan eta ekitaldi solemne judizialetan.
m) Aseguru konpainia batekin kontratatzea lanbidean aritzeak ekar dezakeen erantzukizun zibil profesionala, dela nork bere kasa, dela Elkargoak horretarako izenpetzen duen poliza kolektibo baten bidez. Elkargoko idazkaritzak urtero egiaztatuko du kontratua egin dela eta indarrean dagoela. Nork berea kontratatuz gero, polizak ez ditu izanen kontratu kolektiboak dituen estaldurak baino gutxiago, gizarte graduatuaren zerbitzu profesionaletara jotzen duen herritarrak bermea izan dezan.
n) Elkargoari jakinaraztea ezagutzen diren intrusismo kasuak, halako jarduketaren kontra jotzeko, baita legez kontrako jardunaren kasuak ere.
V. KAPITULUA
Lanbidean aritzea
34. artikulua. Gizarte graduatua.
Gizarte graduatua, Estatutu hauen ondorioetarako, gizarte eta lan arloetako teknikaria da, kasuan kasuko titulu ofiziala duena, alegia Gizarte Graduatuaren, Gizarte Graduatu diplomaren, Lan-harremanetarako diplomaren edo Lan Harreman eta Giza Baliabideetako graduaren unibertsitateko ikasketak bukatu ondoren eskuratzen dena. Halaber, eskuarki eta ordainduta aritzen da legeek edo xedapen orokorrek esleitzen dizkioten eginkizunetan.
35. artikulua. Eginkizunak.
Gizarte graduatuak dagozkion eta berezko dituen eginkizunak bete ditzake, dela jardun librearen araubidean, dela enpresa, entitate edo erakunde bakar baten zerbitzuko lan harremanetan, dela harreman administratiboan.
36. artikulua. Lanbidean aritzea.
Honako inguruabar hauek gertatzen direnean ulertuko da gizarte graduatu gisa aritzen dela:
a) Lanbidearen berezko egintzak onartu, izenpetu edo gauzatzea.
b) Zerbitzu profesionalak iragartzea edo jendaurrean eskaintzea, hala nola gizarte graduatuaren berezko txostenak, azterlanak, aholkularitza, ordezkaritza eta kudeaketak.
c) Ordainsariak edo zerbitzu-sariak jasotzea aurreko atalean adierazitako lanengatik.
d) Gizarte graduatuaren lanbidean aritzen dela iradokitzen duen edozein adierazpen edo egintza.
37. artikulua. Baimena.
1. Gizarte graduatu batek, edozein gai profesionalaren ardura hartzerakoan edo hura hasitakoan, jakiten badu lehenago beste kide bati esleitu zitzaiola, harekiko behar adinako begirunea agertu behar du, eta bere erabakiaren berri eman. Halaber, baimena eskatu beharko dio idatziz edo eskaera hori frogatzen duen beste edozein bide erabiliz.
2. Baimenaren eskaera jasotzen duen gizarte graduatuak uko egin dezake, soilik, zerbitzu-sarien zenbatekoa jaso ez duenean. Ulertuko da isilbidez ematen dela bost egun iraganez gero eskaera egin zenetik idatzizko ezezkoa jaso gabe.
3. Elkargoko Gobernu Batzordeak ebatziko ditu artikulu honetan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz sor daitezkeen gai guztiak.
38. artikulua. Aplikazio eremua.
1. Gizarte graduatuaren lanbidean, lehia askean aritu behar da, eta, lanbidearen berezko ordenamendu substantiboan aplikatu beharreko araudi orokorra eta berariazkoa galarazi gabe, Lehiaren Defentsari buruzko Legea eta Lehia Desleialari buruzko Legea bete behar dira, zerbitzuen eskaintzari eta ordainsaria finkatzeari dagokienez.
2. Jardunean ari diren gizarte graduatuek arduraz eta zuzeneko erantzukizunez aritu behar dute beren jardunean, ezertan galarazi gabe bulego kolektiboetarako ezarritako berezitasunak.
3. Gizarte graduatuek ezin dute titulua erabili edo bere burua kontratatu bere eskumeneko zerbitzuetako buru gisa agertzeko, hirugarrenei zerbitzuak egiten dizkieten bulego edo enpresetan, salbu eta profesionalen elkarterik baden eta nork bere tituluari eta izenari eusten dien.
4. Nolanahi ere, aholku ematen ahal diete gremio, entitate, sindikatu, elkarte, korporazio, federazio eta taldeei, langileenak edo enpresaburuenak izan, baldin eta entitateko kideei ematen ez badizkiete zerbitzuak, zuzendaritza batzordeari baizik, hobeki jarduteko elkarte ororen berezko interesak defendatzeko, hango kideak diren aldetik.
39. artikulua. Sostengu profesionala.
1. Jardunean libreki ari diren gizarte graduatuek kontratupeko enplegatuen sostengua jaso dezakete. Indarreko araudian zehaztutako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzten enplegatu horiek.
2. Gizarte graduatuaren enplegatuaren izaera justifikatzeko, Elkargoak hura frogatzen duen ziurtagiria emanen du, elkargokideak eskatu ondoan, betiere egiaztatuta horien lan kontratazioaren ondoriozko legezko baldintzak betetzen direla.
40. artikulua. Lanbide bulegoak irekitzea.
1. Jardunean ari diren elkargokideek, bulego nagusiaz gainera, beste lanbide bulego batzuk ere ireki ditzakete. Zuzenean gobernatu behar dituzte, Estatutu hauetan ezarritako betebehar guztiak beren gain hartuta.
2. Halako lanbide bulegoak irekitzeko, bulego nagusiaren zein sukurtsalen berri eman beharko zaie kasuan kasuko lurraldearen elkargoko gobernu batzordeei, jardueran hasi baino lehenago.
VI. KAPITULUA
Bulego kolektiboak
41. artikulua. Elkargokideen elkartea.
1. Gizarte graduatuak bulego kolektiboetan jardun dezake beste gizarte graduatu batzuekin edo bestelako lanbide jarduna duten beste pertsona batzuekin.
2. Elkarteak kideek libreki hartutako hitzarmenei jarraituko die, betiere ez badiete kontra egiten legeei, duintasun profesionalari eta lanbidea erregulatzen duten arauei.
3. Lanbide bulegoek Zuzenbidean zilegi diren formetako edozein har dezakete.
42. artikulua. Inskripzioa eta baimena.
1. Bulegoaren Elkargoko Gobernu Batzordeak antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituzten hitzarmenak baimendu ondoan, gizarte graduatuen bulego kolektiboak kasuan kasuko Elkargoko Elkarteen Erregistro Berezian inskribatuko dira. Hor, hura osatzen duten gizarte graduatuen izenak eta inguruabarrak jasoko dira, baita izenpetutako hitzarmenak ere. Orobat, eskritura publikoaren kopia baimendua aurkeztu beharko da, edo elkartearen eraketaren ziurtagiriarena.
2. Bulego kolektiboak Gobernu Batzordeari komunikatuko dio, Erregistro Berezian inskribatzeko, zer aldaketa egiten den erakundea antolatzen duten hitzarmenetan eta erakundea osatzen duten gizarte graduatuen izen eta inguruabarretan.
43. artikulua. Elkargoko inskripzio indibiduala.
1. Bulego kolektibo bateko kide diren gizarte graduatu guztiek kasuan kasuko Elkargoan inskribatuta egon behar dute, jarduneko kide gisa.
2. Urtero, urteko kontuak Merkataritza Erregistroan aurkeztearekin batera, bazkideen erregistroaren ziurtagiria aurkeztuko da Elkargoan, baita aldaketak egiten diren aldiro ere, hilabeteko epearen barnean.
44. artikulua. Erantzukizunak.
1. Bulego kolektibo baten kide diren gizarte graduatuek elkarrekin eta solidarioki erantzunen dute egiten diren jarduketa eta erreklamazio guztien aurrean bulegoa nahiz kideak gizarte graduatuaren berezko jardunean aritzeagatik, ezertan galarazi gabe bulegoko kideak banaka nahiz taldeka ukitzen dituen beste nolanahiko erantzukizun batzuk.
Diziplina erantzukizuna indibiduala izanen da beti.
2. Elkartea osatzen duten elkargokideetako edozeinen izenean jardunen da gizarte graduatuaren eskumeneko gaietan.
45. artikulua. Beste erantzukizun batzuk.
1. Gizarte graduatu batzuk lokal berean elkartzen badira nork bere kasa jarduteko, ez da bulego kolektibotzat hartuko.
2. Aurreko artikuluan aurreikusitako solidaritatearen ondorioetarako, ulertuko da badela bulego kolektibo bat hala ondorioztatzen denean kanpoko zantzuak direla eta.
III. TITULUA
Elkargoko gobernu organoak
I. KAPITULUA
Gobernu Batzordea
46. artikulua. Gobernu organoak.
Honako hauei dagokie Elkargoaren gobernua:
a) Elkargoko kideen Batzar Nagusia.
b) Gobernu Batzordea.
c) Burua.
47. artikulua. Gobernu Batzordearen eskumenak.
1. Gobernu Batzordeak gobernatuko du Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofiziala. Batzar Nagusiaren erabakiak betearazteko eta kudeatzeko organoa da. Elkargoaren administrazioa haren esku dago modu iraunkorrean.
2. Honako hauek dira Gobernu Batzordearen eskudantziak, Estatutu hauen arabera:
A) Oro har:
1.–Batzar nagusietan bozketara aurkeztea Elkargoaren intereseko gai zehatzak, Gobernu Batzordeak berak ezartzen duen moduan.
2.–Ebazpena ematea Elkargoan sartzea eskatzen duten tituludunen onespenaz.
3.–Zaintzea elkargokideek behar bezala jokatzen dutela jurisdikzio organo, kide eta bezeroekiko harremanetan, eta lanbide jardunean behar adinako arduraz eta gaitasunaz aritzen direla.
4.–Lanbidearen jarduna eragoztea indarreko legearen kontrako baldintzetan eta moduan aritzen direnei, elkargokideak izan ala ez.
5.–Intrusismoa eragoztea eta aurreko 3. eta 4. zenbakietan araututakoa hausten dutenen kontra egitea, baita lanbidearen jardun irregular hori errazten duten pertsona fisikoen edo juridikoen kontra ere. Behar edo komeni adina jurisdikzio ekintza eginen dira haien kontra.
6.–Batzar Nagusiari proposatzea bidezkotzat jotzen dituen erabakiak, elkargokide bakoitzak inskripzio kuota gisa ordaindu beharreko zenbatekoari dagokionez.
7.–Batzar Nagusiari proposatzea jardunean ari diren elkargokideek eta jardunean ari ez direnek ordaindu beharreko kuotak, Elkargoko kargei eta zerbitzuei eusteko.
8.–Erabakitzea, beharrezkotzat joz gero, aparteko kuotak ezartzea elkargokideei, Batzar Nagusiak onetsita.
9.–Elkargoaren eta Kontseilu Nagusiaren kargei eusteko ezarritako kuoten zenbatekoa biltzea.
10.–Gutxi-gorabeherako irizpideak egitea, bakar-bakarrik kostu tasaziorako eta kontuen zinerako.
11.–Gobernu Batzordeko karguak betetzeko hauteskundeetarako deialdia egitea.
12.–Batzar arruntak eta bereziak deitzea eta horien gai zerrenda adieraztea.
13.–Diziplina ahalmenak baliatzea elkargokideekiko, Estatutu hauetan aurreikusitakoari jarraituz.
14.–Batzar Nagusiari proposatzea bidezkotzat jotzen dituen barne erregelamenduak onesteko.
15.–Beharrezko batzordeak edo elkargokideen atalak izendatzea korporazioaren helburuetarako interesgarriak izan daitezkeen gaiak aztertzeko eta lanbide kolektiboa defendatu eta sustatzeko.
16.–Zaintzea lanbide jardunean errespetatzen direla gizarte graduatuari dagozkion duintasuna eta izen ona, eta beharrezkoa egitea horien babesean.
17.–Elkargokideei berehala jakinaraztea ezagutzen dituen gai guztiak, haiek ukitzen badituzte, izan korporatiboak, elkargoari buruzkoak, profesionalak edo kulturalak.
B) Organo jurisdikzionalei dagokienez:
1.–Elkargoaren eta elkargokideen errespetuzko eta amultsutasunezko hartu-emanak sustatu eta sendotzea Justiziaren Administrazioaren zerbitzuko epaile, magistratu eta funtzionarioekin oro har, eta Lan arloko Epaitegiekin eta hango funtzionarioekin zehazki.
2.–Botere Judizialari buruzko Lege Organikoarekin bat elkargokideek duten ordezkaritza eginkizuna erabiliz, horiek eginkizun horren betebeharrak konplitzen dituztela begiratzea, aplikatu beharreko lanbidearen ordenamendu juridikoan xedatutakoarekin bat.
3.–Begiratzea kasu berberetan gizarte graduatuek Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 187. artikuluko betebeharrak konplitzen dituztela eta, jendaurreko ekitaldietan, jurisdikzio organoen bilkuretan (bidezkoa bada) eta ekitaldi judizial solemneetan, toga erabiltzen dutela, eta auzi-geletan, agintarien, funtzionarioen eta agindu horretan aipatutako profesionalen altuera berean esertzen direla.
4.–Elkargokideek beren jarduna dela-eta jakiten dituzten gaiak isilpean gordetzeko betebeharrari eusten ez dioten jokabideen kontra egitea eta kasuan kasuko diziplina zehapenak ezartzea.
5.–Babesa ematea beren jarduna dela-eta, horren modalitatea edozein dela ere, ezagutzen dituzten gertaerak edo berriak kontatzera beharturik ez izateko eskubidea urraturik duten elkargokideei.
C) Erakunde ofizialei dagokienez:
1.–Bidezkotzat joz gero, elkargokideak babestea jardunean ari direnean edo jardunean aritzeagatik.
2.–Sustapena egitea gizarte graduatuaren jardunarekin ikustekoa duten erakunde ofizialekin, agintariekin eta gobernuarekin, onuragarritzat jotzen denean interes komunerako eta Justiziaren Administrazio zuzen eta lasterrerako.
3.–Elkargoaren izenean txostena egitea, hura beharrezko duten proiektu eta ekimen guztietan.
D) Elkargoaren baliabide ekonomikoei dagokienez:
1.–Elkargoaren funtsak bildu, banatu eta administratzea.
2.–Aurrekontuak egitea eta urteko kontuak ematea.
3.–Batzar Nagusiari proposamenak egitea Elkargoaren ondarea erabiltzeaz eta inbertitzeaz, higiezinen kasuan.
3. Gobernu Batzordeari dagokio, halaber, baimen berezia eskatzea, Lehiakortasunaren aldeko uztailaren 17ko 16/1989 Legearen 3. artikuluan aurreikusitakoa, kasua bada eta Estatutu hauen 6. artikuluaren ondorioetarako.
48. artikulua. Gobernu Batzordearen osaera.
Gobernu Batzordeak buru bat izanen du. Jardunean ari den elkargokide batek hartu behar du nahitaez kargu hori, eta jardunean jarraitu behar du agintaldiak irauten duen bitartean.
Batzordean kide bat egonen da hogei elkargokideko edo zatikiko, eta kideen kopurua ez da bost baino txikiagoa edo hamabi baino handiagoa izanen.
Kideetako bat, gutxienez, ez da jardunean ariko.
Kideetako bat buru ohia edo emeritua izanen da.
49. artikulua. Gobernu Batzordeko karguak hautatzea.
1. Batzar Nagusiak aldarrikapenez hautatuko du burua, bozketa izendun, espresu eta sekretuaren bidez. Buruordearen, diruzainaren eta idazkariaren karguak Gobernu Batzordeak berak izendatuko ditu, Batzar Nagusiak hautatutako kideen artetik, buruak proposatuta.
2. Gobernu Batzordeko kideen kargualdia lau urtekoa izanen da, eta berriz hautatzekoak izan daitezke mugarik gabe.
50. artikulua. Karguan aritzea.
1. Gobernu Batzordeko burua eta kidea izatea nahitaezkoa, ohorezkoa eta doakoa izanen da.
2. Libreki jardunean ari den elkargokide gisa hautatua izateko, gutxienez bi urtez izena emanda egon beharko da elkargoan modalitate horretan hautaketa egiaztatzen den egunean. Enpresaren zerbitzuan jardunean ari den elkargokide gisa edo jardunean ari ez den elkargokide gisa hautatua izateko, 2 urtez izena emanda egon beharko da elkargoan, edozein modalitatetan.
3. Ezin dira Gobernu Batzordeko kide izan eskubide zibilak eta korporatiboak guztiz erabiltzeko moduan ez daudenak.
51. artikulua. Kargu hutsak betetzea.
1. Edozein arrazoia dela-eta hutsik gelditzen bada Gobernu Batzordeko kargu bat edo gehiago erregelamenduzko agintaldia bukatu baino lehenago, Elkargoan egin zen azken hautaketan botoen kopuruan hurrengoa denak beteko du kargua, edo Gobernu Batzordeak berak erabakitakoak, kargua uzten duen kideak agintaldia betetzeko falta den denboran.
2. Burua da salbuespena. Dagokion buruordeak ordeztuko du erregelamenduz egiten den lehenbiziko batzar nagusi arruntera arte, edo hura hautatzeko deitzen den batzar nagusi berezira arte.
3. Kideen hauteskunde partzialak eginen dira 1. atalean aurreikusitako sistemaren bidez ezin badira kargu hutsak bete.
4. Kargu hutsen erdiak baino gehiago ezin badira bete, Kontseilu Nagusiak Behin-behineko Batzorde bat izendatuko du antzinatasun handiena duten elkargokideen lehenengo herenetik aterata. Horrek hauteskundeen deialdia eginen du hogeita hamar eguneko epean.
II. KAPITULUA
Gobernu Batzordea hautatzea
52. artikulua. Hautesleak eta hautagaiak.
1. Elkargokideen parte-hartze libre eta askearen printzipioari lotutako hautaketa bidez aukeratuko dira Gobernu Batzordeko kide guztiak. Elkargokide guztien botoak balio bera izanen du, haien modalitatea edozein dela ere.
2. Zentsuan inskribatutako guztiak izanen dira hautesleak, beren eskubideak erabiltzeko moduan badaude eta Elkargoaren betebeharrak eguneratuak badituzte. Gobernu Batzordeak prestatuko du zentsua, edo, bestela, Behin-behineko Batzordeak. Hartan, Elkargokide guztiak agertuko dira, hauteskundeen deialdia egin baino hilabete bat lehenago inskribaturik badaude, eta hautaketa egiteko behar diren datu guztiak jasoko dira. Gobernu Batzordeak berak edo, kasua bada, Behin-behineko Batzordeak, ebatziko ditu batzar nagusia egin baino berrogeita zortzi ordu lehenago egiten diren erreklamazioak, batzar nagusia hasten den unera arte.
3. Hautagai izateko, elkargokideek, hautesle izateaz gain, ez dute legeetan edo Estatutuetan ezarritako debekurik edo ezintasunik izan behar, Estatutuek eskatzen duten antzinatasuna izan behar dute Elkargoan, eta aldarrikatuak izan behar dute Estatutuetako arauak eta baldintzak betez.
4. Beste elkargo bateko kideak ere izan daitezke hautagaiak baldin eta, hautesle izateaz gain, ez badute legeetan edo Estatutuetan ezarritako debekurik edo ezintasunik jatorrizko elkargoan. Horrek elkargoaren alta egiaztatuko du eta espedientea igorriko. Elkargokide horiek jatorrizko elkargoko antzinatasunari eta modalitateari eutsiko diete.
5. Emerituez bezainbatean, Elkargoak horretarako ezartzen duen erregistroan egon behar dute inskribaturik.
53. artikulua. Bozketak.
1. Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko, nork bere botoa emanen du sekretupean ekitaldi bakoitzeko batzar nagusi arruntean edo buruaren kargu hutsa edo batzordeko kide gehienena betetzeko deitu beharreko batzar nagusi berezian. Gobernu Batzordeak, halaber, batzar berezi baten deialdia egin dezake hautaketa bereiz egiteko xede bakarrarekin.
2. Boto-papera erabiliko da beti Gobernu Batzordeko kargu hutsak hautatzeko bozketetan. Ez dira baliozkoak izanen aklamazioz egiten diren izendapenak.
3. Posta ziurtatuaren bidez eman daiteke botoa, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko indarreko Lege Organikoaren eta gainerako arau osagarrien arabera, eta bermatuko da benetakoa eta sekretua dela. Bestela, Kontseilu Nagusiak erabakitakoa beteko da.
4. Estatutu hauetan Gobernu Batzordeko kideak hautatzeaz berariaz araututa ez dagoen orotan, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko indarreko Lege Organikoa eta gainerako arau osagarriak beteko dira, aplikagarriak izanez gero.
54. artikulua. Hauteskundeen deialdia eta hautagaiak aldarrikatzea.
1. Buruordeak eginen du hauteskundeen deialdia, burua baino ez bada hautatu behar, eta, gainerako kasuetan, Gobernu Batzordeak edo, kasua bada, Behin-behineko Batzordeak eginen du, hogeita hamar egun natural lehenago gutxienez.
2. Hautagaitzak hauteskundeak egin baino hamabost egun lehenago aurkeztu behar dira gutxienez. Taldeka edo banaka egin daitezke. Hautagaiek baino ez dituzte izenpetu behar. Zin egiteko edo hitz emateko aldez aurreko konpromisoa eramanen dute, apirilaren 5eko 707/1979 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz, baita lanbidearen ordenamendu juridikoari men egitekoa ere, Estatutu hauetan jasotakoa.
3. Gobernu Batzordeak edo, kasua bada, Behin-behineko Batzordeak aldarrikatuko ditu hautagaiak, bi egun balioduneko epean hautagaitzak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita. Gobernu Batzordeak berak ebatziko ditu egiten diren aurkaratzeak, bozketa egin baino lehen.
55. artikulua. Hauteskunde mahaia eta hauteskunde kanpaina.
1. Gobernua Batzordeak eratuko du bozketaren batzar nagusi arruntaren edo bereziaren mahaia, zeinek hauteskunde mahaiaren eginkizunak beteko baititu. Gobernu Batzordeak erabaki dezake, egoki juzgatuz gero egoeraren arabera, batzordeko hiru kide baino ez aritzea hauteskunde mahaian. Horietako bat batzordeko burua izanen da, edo buruordeetako bat, eta beste bat idazkaria. Beharrezkoa izanez gero, bi hauteskunde mahai era daitezke, batera arituko direnak. Gobernu Batzordeak izendatuko du zer batzordeko kidek eratuko duen horietako bakoitza.
2. Aldarrikatu diren hautagaien kopurua hautatu beharreko batzordeak dituen kide adina denean, edo hori baino gutxiagokoa, aldarrikapena hautaketa ere izanen da. Hortaz, ez da hauteskunderik egin beharko. Ondorio berberak sortuko dira buruaren hauteskundeen kasuan, hautagai bakarra aldarrikatzen bada.
3. Aldarrikatutako hautagaiek beren kostura egin ditzakete ordenamendu juridikoari lotutako hauteskunde kanpainako jarduerak. Horretarako ezin dira Elkargoaren lokalak edo baliabide materialak edo pertsonalak erabili, salbu eta honako hauek jasotzeko eskubidea: hautesle-erroldaren kopia bat, hauteskunderako gutun-azalak eta boto-paperak, eta, kasua bada, elkargokide guztien helbideak daramatzaten etiketak.
4. Hautagaitza bateratu bakoitzak edo hautagai indibidual bakoitzak beste elkargokide bat izenda dezake artekari gisa aritzeko hauteskunde mahian edo mahietan.
56. artikulua. Boto ematea eta kontaketa.
1. Bozketa 16:00etatik 20:00etara eginen da.
2. Hauteskunde mahai bakoitzean eginen da bozketa. Hautesleek berek emanen dizkiote boto-paperak, gutun-azal ofizialean sartuak, mahaiko buruari. Horrek hautestontzian sartuko ditu, eta errolda zerrendan jasota geldituko da. Artekariak, halakorik bada, eta mahaiko kideak boto ematen azkenak izanen dira. Bukatzeko, posta bidez jasotako botoak sartuko dira hautestontzian, Estatutuetako baldintzak betetzen badituzte.
3. Elkargoak hautagaiei eta hautesleei emandako boto-paper eta gutun-azal ofizialak soilik izanen dira baliagarriak. Hautagaiek nahiz hautesleek eskura izanen dituzte Elkargoaren egoitzan, bozketa izan baino lehen eta bitartean.
4. Hauteskunde mahaiak eginen du kontaketa, jendaurrean. Idazkariak baimena emanen du dagokion akta egiteko, artekariek eta mahaiko gainerako kideek sinatu beharrekoa. Erreklamazioak erantsiko dira, halakorik izanez gero, ezinbestekoak izanen baitira geroago errekurtsoak aurkezteko. Aurkaratutako boto-paperak baino ez dira gordeko.
5. Gobernu Batzordeak eta hauteskunde mahaiek hauteskundeei buruz hartutako erabakien kontra badago errekurtsoa jartzea, Estatutu hauetan orokorrean zehaztutakoa, baina horren ondorioz ez da etenik izanen.
57. artikulua. Hautatutako Gobernu Batzordea eratzea.
1. Bost eguneko epean Gobernu Batzordea eratzen denetik, horren berri emanen zaio Kontseilu Nagusiari. Adieraziko da zein den osaera eta legezko baldintzak betetzen direla. Berdin jokatuko da aldaketa bat egiten denean.
2. Gobernu Batzordeko buru eta kide hautatuek, karguaz jabetu aurretik, zin egin edo hitz eman behar dute, apirilaren 5eko 707/1979 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz.
3. Hautaketa ekitaldian jabetuko da karguaz burua, eta gainerako kideak, berriz, egiten den lehenbiziko Gobernu Batzordean.
III. KAPITULUA
Gobernu Batzordeko kideak eta funtzionamendua
58. artikulua. Batzordeko burua.
1. Burua Elkargoaren ordezkari ofiziala eta legezkoa izanen da, dela judizioetan, dela judizioetatik kanpo, dela botere publiko eta agintariekiko harremanetan. Elkargoaren erabakien betearazlea izanen da. Batzar nagusien eta gobernu batzordeen deialdia eginen du eta haietan buru izanen da, baita lan batzordeetan ere. Elkargoko organoen lana koordinatuko du, eta haietara joaten denean, buru arituko da. Berdinketak ebatziko ditu bere kalitatezko botoarekin, berdinketek jarraituz gero ondoz ondoko bi bozketatan.
Buruak Batzordeko edozein kide izenda dezake bere ordezkari gisa ari dadin bidezkotzat jotzen duenean.
2. Elkargoko buruak, halaber, Elkargoak eskuordetutako eginkizun guztiak hartuko ditu bere gain presazko kasuetan. Bidezko ebazpenak eta neurriak har ditzake bere erantzukizunpean, baldin eta Gobernu Batzordeari jakinarazten bazaio eta horrek berresten badu.
3. Elkargoko buruak aginduko du kobrantzak eta ordainketak egiteko, Elkargoaren agiriak sinatuz, eta, ikus-onespena emanez, idazkariaren ziurtagiriak baimenduko ditu, baita Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen aktak ere. Diruzainaren esku utz dezake kobrantzak eta ordainketak egiteko aginpide orokorra. Halakoetan, buruak ikus-onespenarekin baimenduko ditu.
4. Elkargoko buruari dagokio, bereziki, adiskidetasun harremanak sustatzea elkargokide guztien artean, eta lanbidearen, Elkargoaren eta kideen eskubideak zaintzea, baita Estatutu hauek zehazten dituzten eskudantzia guztiak erabiltzea ere.
59. artikulua. Buruordea edo buruordeak.
1. Buruordeak, eta, kasua bada, buruordeek, hurrenkerari jarraikiz, burua ordeztuko dute hori bere eginkizunak betetzeko moduan ez dagoenean eta buruak agintzen dien batzordeetan, modu iraunkorrean edo aldian behin izan. Txosten bat egin beharko zaio buruari egindakoen inguruan.
2. Kasu justifikatuetan, buruordea edo buruordeak Elkargoaren ordezkari izan daitezke legezko ondorio guztietarako, eta, buruak ezin duenetan, haren ordez joan daitezke Kontseilu Nagusiaren bileretara, haren eskubide eta betebehar guztiak dituztela.
60. artikulua. Idazkaria.
1. Idazkariari dagokio aktak eta gutun eta komunikazio ofizialak idaztea, Elkargoaren lan administratiboak zuzentzea, eta agiriak artxibatzea eta zaintzea.
2. Idazkariak, halaber, bere izanen du ziurtagiriak egitea, buruaren ikus-onespenarekin, elkargokideen sinadura legeztatzea, eta Elkargoaren urteko memoria idaztea.
3. Idazkariari dagokio kontrol zuzena eta berehalakoa egitea Elkargoaren zerbitzu guztien gainean eta langile guztien gainean.
4. Batzar Nagusiak erabakita, Elkargoak kudeatzaile profesional bat kontrata dezake, Elkargoko kidea ez dena. Batzar Nagusiak berak ezar dezake Elkargoko gizarte graduatu batek kudeatzailetza bete dezakeela. Kasu guztietan, Gobernu Batzordeari dagokio izendapena egitea eta kargutik kentzea. Kudeatzaileak kudeatzailetza ororen eskudantziak izanen ditu, eta kasu jakin batzuetan berariazko eskuordetza eginda, buruak edo idazkariak erabakitzen dituzten Estatutuetako ahalmen betearazleak.
61. artikulua. Diruzaina.
Diruzainak Elkargoaren funtsak bildu eta zainduko ditu. Kasuan kasuko inbertsioa eginen du, Gobernu Batzordearen erabakiei jarraituz. Elkargoaren ondasunen inbentarioa eramanen du, haien administratzailea izanen baita. Funtsak sartu eta kenduko ditu banku-kontuetatik, buruarekin batera. Diruzainaren eta kontulariaren eginkizunak idazkariak har ditzake bere gain.
62. artikulua. Ordezpenak.
1. Buruordea eta idazkaria ordezteko, dela oro har, dela kasu jakin baterako, Gobernu Batzordeak erabakiko du, eta presako kasuetan, buruak edo hura ordezten duenak.
2. Bigarren buruordearen edo hurrengoen kargua edo idazkariordearena ezarriz gero, horiek buruordea edo buruordeak ordeztuko dituzte, hurrenkerari jarraikiz, eta idazkaria.
63. artikulua. Liburuzaina.
1. Liburuzainaren kargua ezar daiteke. Gobernu Batzordeko kide batek har dezake kargua, jardunean aritu ala ez. Elkargoko liburutegia zuzendu beharko du, eta Elkargoaren helburuetarako behar diren argitalpenak eta lanak erostea proposatuko du.
2. Liburuzainaren lanak Gobernu Batzordeko beste edozein kideri esleitzen ahal zaizkio, edo beste edozein elkargokideri, jardunean aritu ala ez.
64. artikulua. Gobernu Batzordearen funtzionamendua.
1. Gobernu Batzordea hilabetean behin bilduko da gutxienez, oporralditzat hartzen den aldian izan ezik, eta, betiere, buruak dei egiten duen aldiro edo kideen laurdenak eskatzen duenean.
2. Buruak eginen du deialdia, gai-zerrenda izanen duena, ezertan galarazi gabe buruak presazkotzat jotako gaiak ere jorratzen ahal direla.
3. Gobernu Batzordeak balioz eratuko dira kide gehienak bertaratuz gero.
4. Gobernu Batzordearen bilkuretara joatea nahitaezkoa izanen da kide guztientzat. Justifikaziorik gabe ondoz ondoko hiru bilkuretara joan ezean, edo bostetara urtebeteko epean, kargua utzi beharko da, eta erregelamenduari jarraituz hura ordeztu.
5. Erabakiak gehiengo soilaz hartuko dira, eta, berdinketarik izanez gero, buruaren kalitatezko botoak ebatziko du, edo hura legez ordezten duenarenak.
65. artikulua. Batzorde Iraunkorra, batzordeak eta txostenak.
1. Gobernu Batzordeak bidezkotzat jotzen dituen batzorde guztiak era ditzake, iraunkorrak edo aldi baterakoak izan. Bakoitzaren helburuak, eginkizunak eta funtzionamendu araubidea ezarri beharko ditu.
2. Batzorde eta txosten guztietan Elkargoko burua arituko da buru, hartara joanez gero, edo, bestela, horrek izendatzen duen Gobernu Batzordeko kidea. Hango erabakiak proposamen gisa hartuko dira. Gobernu Batzordeari igorriko zaizkio, horrek onets edo ezets ditzan.
IV. KAPITULUA
Batzar nagusiak
66. artikulua. Definizioa.
Batzar nagusiak arruntak edo bereziak izan daitezke. Elkargoan erabakiak hartzeko organorik gorena da. Elkargoan inskribatutako gizarte graduatu guztiek osatuko dituzte, eskubideak erabat erabiltzeko moduan baldin badaude.
Erabakiak gehiengo soilaz hartuko dira, eta, berdinketarik izanez gero, buruaren kalitatezko botoak ebatziko du, edo hura legez ordezten duenarenak.
67. artikulua. Gai zerrenda.
1. Batzar nagusi arrunta urte bakoitzeko lehenbiziko seihilekoan eginen da, honako gai hauek jorratzeko:
1.–Aurreko batzarraren akta irakurri eta, hala denean, onestea.
2.–Urteko memoria aztertu eta, hala denean, onestea.
3.–Ekitaldiko aurrekontua eta diru-sarreren eta gastuen kontuen balantzea aztertu eta bozkatzea.
4.–Buruaren aurkezpena Elkargoak aurreko urtean izan duen jarduketari eta garapenari buruz, eta elkargokideen interesen alde egindako kudeaketen egoerari buruz.
5.–Gobernu Batzordearen proposamenak.
6.–Elkargokideen proposamenak eta galde-eskeak.
7.–Kargu hutsak hautatzea, bidezkoa denean eta Gobernu Batzordeak erabakitzen ez badu horretarako batzar bereziaren deialdia egitea, hura bereiz egiteko asmoz.
8.–Beste edozein gai, batzar nagusi bereziaren mendean jarri behar ez direnak, elkargokideen zina barne, kasua bada.
2. Batzar Nagusi Bereziak ondoko eskumenak izanen ditu:
1.–Estatutuak onestea eta aldatzea.
2.–Gobernu Batzordearen aurkako zentsura-mozioa onestea.
3.–Gobernu Batzordeko kideak hautatzea, epea bukatu aurreko kargu-uzteetan eta dimisio kasuetan.
4.–Elkargoa desegitea, izena aldatzea, bat egitea eta xurgapena.
68. artikulua. Proposamenen onarpena.
1. Batzar nagusi arruntean elkargokideek egiten dituzten proposamenak Gobernu Batzordeari eman behar zaizkio, horrek aztertu eta irizpidea osa dezan haien gainean, batzarra bildu baino bost egun baliodun lehenago gutxienez. Proposamenek hamar elkargokideren sinadura eraman beharko dute, eta elkargokide horietatik, zazpi, gutxienez, jardunean arituko dira. Batzar Nagusiak erabakiko du bidezkoa den edo ez gisa horretan aurkeztutako proposamenak eztabaidatzea, haiek irakurri ondoren.
2. Aurreko baldintzetatik salbuetsita daude batzarretan bertaratutako batek edo gehiagok aurkezten dituzten proposamen intzidentalak. Buru ari denak ebatziko du horiek bidezkoak diren ala ez.
69. artikulua. Deialdiaren baldintzak.
1. Batzar nagusi arrunten edo berezien deialdia idatziz edo posta elektroniko bidez eginen dira, edo eskura dagoen beste edozein bide erabiliz.
2. Batzarra egin baino zortzi egun baliodun lehenago egin behar da deialdia. Presazko kasuetan, Gobernu Batzordearen edo buruaren iritziz, epe hori bost egun baliodunekoa izan daiteke.
70. artikulua. Batzar berezien deialdia.
1. Gobernu Batzordeak eskatuta eginen da batzar nagusi berezien deialdia, edo elkargokideen heren batek idatziz eskatuta. Eskaera hori Gobernu Batzordeari zuzenduko diote, eta, hartan, adieraziko dute zer dela-eta egin behar den, eta aztertu beharreko beste edozein gai jakin zehaztuko, beste edozein salbuetsita.
2. Gobernu Batzordeak deialdiari uko egiten ahal dio, soilik, zehaztutako baldintzak betetzen dituen eskaera legez kontrakoa denean edo Elkargoaren helburuekin loturarik ez duenean. Gainerakoetan, eskaerako lehenengo sinatzaileak hasiko du eztabaida.
3. Batzar nagusi berezia hogeita hamar egun naturaleko epean egin behar da, Gobernu Batzordeak erabakia hartzen duenetik aurrera edo eskaera aurkezten denetik aurrera.
71. artikulua. Eztabaiden araubide orokorra.
1. Batzar nagusi arruntak eta bereziak adierazten den egunean eta orduan egin beharko dira, dela lehenbiziko deialdian, gutxienez elkargokideen erdiak eta bat bertaratuz gero, dela bigarrenean, hortik hogeita hamar minutura, bertaratutakoen kopurua edozein dela ere.
2. Lehendakariak eztabaidak gidatuko ditu, hitza eman edo kentzen ahalko du, eta Elkargoko kideei kargu hartzen ahalko die, baldin eta eztabaidetan gehiegi luzatzen badira edo urrutiegi joaten badira, eztabaidagaiari lotu gabe edo errespeturik gabe lehendakariaren agintearekiko, kideren batekiko, Batzordearekiko edo Batzarrarekiko, eta lokaletik kanporatzen ahalko du bi aldiz kargu hartu ondoren obeditzen ez duena.
3. Oro har, eztabaidetan bi txanda gaiaren alde eta beste bi kontra onetsiko dira gehienez, salbu eta buruaren iritziz interes berezia duten gaietan.
4. Batzar nagusiak ez dira bukatuko harik eta gai-zerrendako puntu guztietan eztabaidarik egin eta erabakirik hartzen ez den arte. Nolanahi ere, Gobernu Batzordeko karguen hautaketetan izan ezik, batzarretan buru aritzen denak eteten ahal ditu, lau ordu baino gehiago irauten badute, eta egun horretan bertan edo hurrengo egun baliodunean jarraituko dute.
72. artikulua. Bozketak.
1. Hiru motatakoak izanen dira batzar nagusietan egiten diren bozketak: arruntak, izendunak eta boto-paperen bidezkoak. Lehendakariak eztabaidagaia onesten den galdetu eta kide batek ere ez badu ezezkorik esaten, bozketa aho batez onetsi dela ulertuko da. Dena dela, lehendakariak bozketa egitea proposatzen ahalko du.
2. Bozketa arruntean lehenik eztabaidagaia onesten dutenak altxatuko dira, gero gaitzesten dutenak. Elkargokide batek eskatzen duen aldiro eginen da.
3. Bozketa izendunean Elkargoko kide bakoitzak bere bi abizenak esanen ditu, eta ondoren “bai” edo “ez” hitzak. Gutxienez bost elkargokidek eskatzen dutenean eginen da.
4. Boto-paperaren bidezko bozketa honelakoetan eginen da: elkargokide baten edo gehiagoren kontu pertsonalak ukituta gelditzen direnean, batzarrera joandakoen heren batek eskatzen duenean edo buruak proposatzen duenean. Boto-papera erabiliko da beti Gobernu Batzordeko kargu hutsak izendatzeko bozketetan. Ez dira baliozkoak izanen aklamazioz egiten diren izendapenak.
73. artikulua. Boto-kontaketa.
Estatutu hauetan Gobernu Batzordeko kargu hutsak hautatzeko ezarritakoa gorabehera, idazkariari dagokio batzar nagusietako botoak kontatzea gainerako kasuetan. Batzarrera joandako bi pertsonak laguntzen ahal diote, Batzar Nagusiak berak propio horretarako izendatzen baditu.
74. artikulua. Zentsura-mozioa.
1. Elkargokideek eskubidea dute buruari, Gobernu Batzordeko kideren bati edo horri guztiari zentsura egiteko.
2. Elkargokideen heren batek sinatu behar dute zentsura-mozioa. Horretarako, berariaz egin behar da Batzar Nagusi Bereziaren deialdia. Elkargokideen gehiengo osoak joan beharko du batzar nagusi berezi horretara, eta gehiengo osoz bozkatu beharko da zentsuraren alde, horrek aurrera egin dezan.
3. Zentsura-mozioak aurrera egiten duenean, kargu hutsak betetzeko, Estatutu hauetan aurreikusitakoa beteko da, eta Kontseilu Nagusiari emanen zaio horren berri.
IV. TITULUA
Elkargoaren araubide ekonomikoa
75. artikulua. Baliabide ekonomikoak.
1. Elkargokideei dagokie Elkargoari ekonomikoki eustea, sartzeko kuotak eta hilekoak ordainduz. Batzar Nagusiak finkatuko ditu kuotak, Gobernu Batzordeak proposatuta.
2. Gainera, honako diru-sarrera hauek izanen ditu:
a) Elkargokideen sinadura aitortu edo legeztatzeko eskubideak, ziurtagiria egitekoak eta agiriak konpultsatzekoak.
b) Edozein titulu dela-eta jasotzen diren diru-laguntzak, dohaintzak eta ondasunak.
c) Elkargokideei zerbitzuak egiteko zenbatekoak.
d) Sortu edo izan daitezkeen baliabide zuzen edo zeharkako guztiak, Batzar Nagusiak erabaki ondoan, derrama bereziak barne.
76. artikulua. Finantzen kudeaketa.
1. Elkargoak berezko dituen arretetan eta eskumen korporatiboetan baino ez ditu inbertituko bere funtsak eta ondarea.
2. Gobernu Batzorde osoa, botoa berariaz gordetzen duten kideak izan ezik, funtsen eta ondarearen inbertsioen eta erabileraren erantzuleak izanen dira, baita legezko, erregelamenduzko eta Estatutuetako xedapenak eta Batzar Nagusiaren erabakiak ez betetzeagatik sor daitezkeen kalteen erantzuleak ere.
V. TITULUA
Elkargokideen erantzukizun araubidea
I. KAPITULUA
Erantzukizun penala
77. artikulua. Delituak eta faltak.
Gizarte graduatuek erantzukizun penala izanen dute lanbidean ari direla egiten dituzten delitu eta faltengatik.
II. KAPITULUA
Erantzukizun zibila
78. artikulua. Erantzukizun zibila.
Gizarte graduatuek erantzukizun zibila izanen dute dolo edo zabarkeriagatik bere lanaren jardunean dauden interesak kaltetzen dituztenean. Erantzukizun hori araudi arruntari jarraituz eskatzen ahal da, justizia epaitegietan.
III. KAPITULUA
Erantzukizuna jurisdikzio organoetan
79. artikulua. Diziplina zuzenketak.
Jurisdikzio organoetan dihardutela, gizarte graduatuek Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan eta prozedura-legeetan ezarritako diziplina zuzenketak izanen dituzte.
IV. KAPITULUA
Diziplina erantzukizuna
1. ATALA
Faltak eta zehapenak
80. artikulua. Zehapenen mailaketa.
Gizarte graduatuen faltak oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke.
81. artikulua. Falta oso astunak.
Hona hemen falta oso astunak:
a) Lanbidearen duintasunerako, hura gobernatzen duten arau etikoetarako eta Estatutu hauetan ezarritako betebeharretarako irain larria diren egintzak eta omisioak.
b) Dolozko delituak egitea, parte-hartzea edozein izanik ere, lanbidean jardutearen ondorioz.
c) Estatutu hauen II. tituluan ezarritako bateraezintasun araubidea urratzea.
d) Gobernu Batzordeko eta Kontseilu Nagusiko kideen duintasunaren edo ohorearen kontrako atentatua, beren eginkizunak betetzen ari direla, eta lankideen kontrakoa, bere lanbidean dihardutela.
e) Asmo txarrez aldatzea ematen diren agirietan jasotako datuak.
f) Bidegabeko lehian edo lehia desleialean aritzea.
g) Lanbide intrusismoa eta hura ezkutatzea.
h) Lanbidean jardutea kasuan kasuko Elkargoan jarduneko gisa alta emanda egon gabe.
i) Kuotak ondoz ondoko 4 hiruhilekoan ez ordaintzea.
j) Falta astuna berriz egitea.
82. artikulua. Falta astunak.
Hona hemen falta astunak:
a) Betebehar profesionalak eta korporatiboak berandu, zabarkeriaz edo arretarik gabe betetzea, kalte edo galera nabarmena sortzen bada.
b) Estatutuetako arauak edo organo ofizialek beren eskumenen esparruan hartutako erabakiak ez betetzea.
c) Errespetu falta, dela egitez, dela omisioz, Gobernu Batzordeko eta Kontseilu Nagusiko kideekiko, beren jardunean ari direla.
d) Begirunerik eza agintari, bezero edo kideekiko, lanbidean aritzen denean.
e) Elkargoko edo Kontseiluko buruak egindako zitazio batera ez joatea justifikaziorik gabe, horrek kalte larria egiten dionean korporazioari.
f) Ez konplitzea Elkargoari informazioa emateko betebeharra gizarte graduatu gisa egiten dituen zerbitzuak publizitatearen bidez jakinarazteari dagokionez, organo ofizialek publizitateari buruzko arauak urratzea, eta publizitatea egitea Gobernu Batzordearen baimena lortu gabe.
g) Komunikazioari dagokionez, edo, kasua bada, baimenari, bulegoei, sukurtsalei edo bulego kolektiboei dagokienez ezarritako aginduak ez betetzea.
h) Baimena eskatzeko betebeharra ez konplitzea, Estatutu hauen 37. artikuluan ezarri bezala.
i) Aurreko artikuluan azaldutako egintzak eta omisioak, oso astuntzat hartzeko adinakoak ez direnean.
j) Kuotak ondoz ondoko 3 hiruhilekoan ez ordaintzea.
k) Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei bere jarduera profesionalari buruzko informaziorik ez ematea.
l) Bezero bat behartzea lan profesional bat ikus-onestera.
83. artikulua. Falta arinak.
Hona hemen falta arinak:
a) Norberak esleiturik dituen lanbide eginkizunak berandu edo zabarkeriaz betetzea, kalte edo galera nabarmenik sortzen ez bada.
b) Gobernu Batzordeko eta Kontseilu Nagusiko kideenganako errespetua galtzea beren eginkizunak betetzean, ez bada falta astuna edo oso astuna.
c) Aurreko artikuluan zehaztutako egintzak, astuntzat hartzeko adinakoak ez direnean.
d) Kuotak ondoz ondoko 2 hiruhilekoan ez ordaintzea.
84. artikulua. Zehapenak.
Hona hemen ezar daitezkeen zehapenak:
1. Falta oso astuna egiteagatik:
a) Lanbidean jarduteko gabetzea etetea sei hilabetetik bi urtera bitarteko epean.
b) Elkargoaren eskubideak etetea sei hilabetetik bi urtera bitarteko epean.
c) Elkargoko kuotak ordaintzen ez direnean falta oso astuna eginez, elkargokideak zorraren zenbatekoa ordaindu beharko du, gehi horren %40ko errekargu bat eta berandutze-interesak, urtero diruaren legezko interesaren arabera finkatuak, zortzapenaren egunetik aurrera. Baja emanen zaio Elkargotik, eta hurrengo hiruhilekora arte ezin izanen da inskribatu, betiere modalitate berean eta ordaindu gabeko zenbatekoak ordaindu ondoren.
d) Elkargotik kanporatzea.
2. Falta astuna egiteagatik:
a) Sei hilabetetik beherako epean lanbidean jarduteko gabetzea.
b) Elkargoaren eskubideak etetea, sei hilabetez gehienez ere.
c) Elkargoko kuotak ordaintzen ez direnean falta astuna eginez, elkargokideak zorraren zenbatekoa ordaindu beharko du, gehi horren %20ko errekargu bat eta berandutze-interesak, urtero diruaren legezko interesaren arabera finkatuak, zortzapenaren egunetik aurrera.
3. Falta arina egiteagatik:
a) Errieta pribatua.
b) Elkargoko kuotak ordaintzen ez direnean falta arina eginez, elkargokideak zorraren zenbatekoa ordaindu beharko du, gehi horren %10eko errekargu bat eta berandutze-interesak, urtero diruaren legezko interesaren arabera finkatuak, zortzapenaren egunetik aurrera.
c) Ohartarazpen idatzia.
2. ATALA
Prozedura
85. artikulua. Eskumena.
1. Diziplina falten zehapenak ezartzeko prozedurak bat eginen du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoarekin.
2. Gobernu Batzordeari dagokio diziplina espedientea irekitzea eta instruktorea izendatzea Batzordeko kideen artetik, eta, hala izan ezean, idazkaria izanen da instruktorea.
3. Gobernu Batzordeak du zehapenak jartzeko eskumena, ez beste inork. Horrek erabakiak hartzeko, horretarako deitutako bilkurara joandako kideek, espedientearen instruktorea den Gobernu Batzordeko kidea kenduta, ezkutuko bozketan emandako botoen gehiengoa beharko da.
4. Gobernu Batzordeak ezkutuko bozketaren bidez eta kideen bi herenak bat datozela hartu behar da oso falta astunagatik ezarri beharreko zehapena. Batzordeko kide bat justifikaziorik gabe agertzen ez bada, Elkargoa gobernatzen duen organoko kidea izateari utziko dio.
86. artikulua. Gobernu Batzordeko kideen gaineko eskumenak.
1. Kontseilu Nagusiari dagozkio Elkargoko Gobernu Batzordeko kideen gaineko diziplina ahalmenak.
2. Kontseilu Nagusiaren erabakien kontra, aurreko paragrafoetan aurreikusitako kasuetan, berraztertzeko errekurtsoa, Kontseiluari berari zuzendua, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehen.
87. artikulua. Proportzionaltasuna.
Zehapenak jartzeko orduan faltaren larritasunaren eta aplikatutako zehapenaren arteko beharrezko egokitasuna zainduko da, eta honako irizpideei bereziki adituko zaie zehapenaren graduazioa finkatzeko: asmo txarrik izan den, falta errepikatzen den eta nolako kalteak sortu diren.
88. artikulua. Betearazpena.
Diziplina zehapenak bide korporatiboan irmoak izan ondoren betearaziko dira.
89. artikulua. Diziplina erantzukizuna iraungitzea.
1. Elkargokideen diziplina erantzukizuna kasu hauetan iraungitzen da: zehapena betetzean, elkargokidea hiltzean, falta preskribitzean eta zehapena preskribitzean.
2. Elkargotik baja hartzeak ez du iraungitzen altan egonda izandako diziplina erantzukizuna. Aitzitik, diziplinazko prozedura bukatuko da eta zehapena etenik geldituko da, elkargokideak bete dezan Elkargoan berriz alta hartzen badu.
3. ATALA
Preskripzioa
90. artikulua. Faltak preskribitzeko epeak.
1. Falta oso astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute, astunek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan.
2. Arau-haustea egin zen egunean edo Gobernu Batzordeak horren berri izan duen egunean hasiko da arau-hausteak preskribitzeko epea.
3. Elkargokidea jakitun delarik zehapen prozedura hasten denean, preskripzio-epea eten eginen da. Berriz hasiko da kontatzen zehapen espedientea bi hilabetetik gora geldirik egoten bada elkargokide erruztatuari ezin egozteko moduko arrazoiengatik.
91. artikulua. Zehapenak preskribitzeko epeak.
1. Falta oso astunengatik ezarritako zehapenak hiru urteren buruan preskribatzen dira, falta astunengatik ezarritakoek bi urtera eta falta arinengatik ezarritakoek sei hilabetera.
2. Zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik hasiko da kontatzen zehapenen preskripzio epea.
3. Elkargokidea jakitun delarik, betearazpen prozedura hastearekin batera etenda geldituko da preskripzioa, eta, prozedura sei hilabetez baino luzaroago geldituta badago zehatutako elkargokideari ezin egotzi zaion arrazoiren batengatik, berriz aurrera jarraituko du epeak.
4. Zehapena preskribitzeko epea, zehatutako elkargokideak hura betetzeari uzten dionean, egun horretatik aurrera hasiko da kontatzen.
4. ATALA
Diziplina zehapenen eta zuzenketen gaineko oharra
92. artikulua. Oharra.
1. Epaitegiek edo auzitegiek gizarte graduatuari ezartzen dizkioten diziplina zuzenketak jasota egonen dira horren espediente pertsonalean, salbu eta, arrazoi justifikatu batengatik, Gobernu Batzordeak bidezkotzat jotzen ez badu.
2. Diziplina zehapenak beti jasoko dira espediente pertsonalean.
5. ATALA
Diziplina zehapenak deuseztatzea
93. artikulua. Deuseztatzeko kasuak.
1. Errieta pribatuaren eta ohartarazpen idatziaren zehapenak jasotzea deuseztatuko da sei hilabeteko epean irmo bihurtu zirenetik, baldin eta epe horretan zehatutakoak ez badu zehapena ezarrita bukatzen den beste diziplina prozedura bat sortzen.
2. Zehapena jasotzea deuseztatzeko, interesdunak eskatuta, gutxienez bi edo lau urte iraganda egonen dira zehapen irmoa ezarri zenetik aurrera, falta astuna edo oso astuna den, eta denbora horretan, zehatutakoak ez du zehapena ezarrita bukatzen den beste diziplina prozedura bat sortu behar.
3. Elkargotik kanporatua izateko zehapena jaso duen elkargokideak Gobernu Batzordeari eska diezaioke birgaitzeko, gutxienez sei urte iragan badira zehapen irmoa ezarri zenetik aurrera. Horretarako, dagokion espedientea instruituko da, interesdunari entzunaldia emanda. Gobernu Batzordeak ebatziko du, arrazoiak emanda eta ezkutuko bozketaren bidez, eta kideen bi herenen aldeko botoa beharko da.
VI. TITULUA
Erabakien araubidea eta horiek aurkaratzea
94. artikulua. Bete beharra.
Elkargoko Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen erabakiak, baita buruarenak eta kide anitzeko organoetako kideenak ere, betiere bere jardunean ari direla hartuak badira, betearazleak izanen dira segituan, salbu eta erabakiak berak kontrakoa adierazten badu edo elkargokideen diziplina araubideari buruzkoa bada.
95. artikulua. Aktak.
1. Elkargoan, aktak bi liburutan eramanen dira nahitaez, edo bidezkotzat jotzen den beste edozein modutan. Liburu horietan, Batzar Nagusiari dagozkion aktak eta Gobernu Batzordeari dagozkionak idatziko dira, zein berean.
2. Gobernu Batzordearen kasuan, bertaratutako guztiek sinatuko dituzte aktak, eta, Batzar Nagusiaren kasuan, berriz, Batzarreko buruak eta idazkariak, edo eginkizun horietan aritutakoek.
96. artikulua. Errekurtso arrunta.
1. Gobernu Batzordeko buruaren eta gainerako kideen erabakien kontra, errekurtsoa jar daiteke, hari zuzendua, hilabeteko epean, haiek argitaratu edo, kasua bada, interesdunei jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Gobernu Batzordeak hilabeteko epean eman eta jakinarazi behar du errekurtsoaren ebazpena. Ulertuko da ezetsita dagoela epea iraganez gero ebazpenik eman gabe.
2. Errekurtso horren ebazpenaren kontra ezin da berriz errekurtsorik jarri.
97. artikulua. Gora jotzeko errekurtsoa.
1. Gobernu Batzordeak edo Batzar Nagusiak hartutako erabakien kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Gizarte Graduatuen Kontseilu Nagusiari zuzendua, hilabeteko epean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo, kasua bada, interesdunei jakinarazi eta biharamunetik hasita.
2. Erabakia hartu zuen Gobernu Batzordeari aurkeztuko zaio, eta horrek Gizarte Graduatuen Kontseilu Nagusiari igorriko dio, hamar eguneko epean, berak egindako txostenarekin eta espedientearen kopia oso eta antolatu batekin batera.
3. Honako hau adierazi behar da errekurtsoa jartzean:
a) Errekurtsogilearen izen-deiturak, eta haren identifikazio pertsonala.
b) Errekurritzen den egintza eta aurkaratzearen arrazoia.
c) Tokia, eguna eta errekurtsogilearen sinadura, baliabidearen identifikazioa, eta, kasua bada, jakinarazpenetarako zehazten den tokiarena.
d) Zein organori zuzentzen zaion.
e) Intereseko gainerako berezitasunak, bukaeran.
4. Kontseiluak, bidezkotzat jotzen dituen txostenen ondoren, berariazko ebazpena eman behar du, uziak erabat edo hein batean baietsiz edo ezetsiz, errekurtsoa jarri eta hiru hilabeteko epean. Ulertuko da isiltasunaren kasuan errekurtsoa ezetsiko dela, non ez den hasierako egintza isiltasunagatik gertatu. Izan ere, halako kasuetan, gora jotzeko errekurtsoaren isiltasunak baietsiko du.
5. Kontseiluak, errekurtsoa ebaztean, prozeduran aurreikusten diren gai guztiak erabakiko ditu, formakoak edo funtsekoak izan. Errekurtsogileak egindako eskaerekin bat etorriko da ebazpena, eta, hasierako egoera ez du inola ere okerragotuko.
6. Errekurtsoa ebazteak amaiera ematen dio bide korporatiboari, eta haren kontra, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baino ezin da jarri.
7. Artikulu honetan xedatutakoa ulertu behar da hauteskunde arloko berezitasunak ezertan galarazi gabe.
98. artikulua. Aurkaratutako egintza etetea.
1. Edozein errekurtso jarrita, non ez duen xedapen batek kontrakoa adierazten, ez da aurkaratutako egintza etenen. Nolanahi ere, organo eskudunak, horretarako behar adina arrazoi emanda eta aztertuta zer-nolako kaltea egin diezaioken Elkargoaren interesari edo hirugarrenei etendurak eta zer-nolako kaltea egiten dion errekurtsogileari errekurritutako egintzaren berehalako eraginkortasunak, ofizioz edo errekurtsogileak eskaturik, eten dezake errekurritutako egintzaren betearazpena, konpontzen zailak edo ezinezkoak diren kalteak sortzen ahal baditu betearazpenak, edo Estatutu hauen 99. artikuluan aurreikusitako zuzenbide osoko deuseztatze kausaren batean oinarritzen bada aurkaratzea.
2. Eteteko erabakia hilabeteko epean hartu behar da, eskaera egiten denetik aurrera. Ulertuko da onartzen dela epe horretan ez bada berariazko ebazpenik ematen.
99. artikulua. Deuseztatzea.
1. Honako kasu hauetan dira zuzenbide osoz deusezak Elkargoko organoen egintzak:
a) Konstituzioak babes ditzakeen eskubide eta askatasunen funtsezko edukiari kalte egiten dietenak.
b) Gaia edo lurralde-eremua dela eta, nabarmen eskumenik ez duen organoak emandako aginduak.
c) Ezinezko edukia dutenak.
d) Arau-hauste penala dakartenak edo arau-hauste penalaren ondorioz erabakitzen direnak.
e) Legez ezarritako prozedura edo Elkargoko organoen borondatea eratzeko funtsezko arauak biltzen dituzten arauak alde batera uzten dituztenak.
f) Antolamendu juridikoaren kontrakoak izanik, ahalmenak edo eskubideak lortzeko aukera ematen duten berariazko edo ustezko egintzak, haiek lortzeko funtsezko beharkizunak bete gabe.
g) Legezko xedapen batean berariaz azaltzen den beste edozein egintza.
2. Elkargoko organoen egintzak deuseztatzen ahalko dira, baldin eta antolamendu juridikoa nola edo hala urratzen badute, boterearen desbideratzea ere barne dela.
3. Formazko akatsek deuseztagarritasuna ekarriko dute egintzak bere xedea betetzeko ezinbesteko baldintza formalak biltzen ez dituenean edo interesdunen babes gabezia eragiten duenean soil-soilik.
4. Egintzak haietarako ezarrita dagoen denboratik kanpo egiteagatik deusezak izanen dira haien izaerak edo epeak hala ezartzen dutenean bakarrik.
100. artikulua. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.
1. Elkargoko Kontseilu Nagusiaren, Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen egintzak, zuzenbide administratiboari lotuak daudenez, auzi-administrazioarekiko jurisdikzioan errekurritu daitezke zuzenean, errekurtso korporatiboen bidea bukatu eta gero, betiere aurkaratutako egintza egin zuen organoari jakinarazita.
2. Lanbide elkargoen organoen egintza eta erabaki administratiboen aurka, Administrazioak eskuordetu dizkion ahalmen eta eskumenez baliatuz, errekurtsoa aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu baino lehen, prozedura administratiboari buruzko indarreko legean ezarritakoari jarraituz.
101. artikulua. Erabakiak eta ebazpenak jakinaraztea.
1. Elkargoko Kontseilu Nagusiaren, Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen erabakiak eta Elkargoko buruarenak eta gainerako kideenak jakinarazteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoa bete beharko da.
2. Egunetan adierazitako epeetan, ulertuko da egunak baliodunak direla. Larunbatak, igandeak, jaiegunak eta abuztua baztertuko dira konpututik.
3. Berariaz araututa ez dauden kasuetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea bete beharko dira, ordezko gisa.
VII. TITULUA
Elkargoa desegitea eta bat-egitea
102. artikulua. Desegitea.
Elkargoa soilik deseginen da bere helburuei uko egiten dienean, aldez aurretik hartarako deitutako Batzar Nagusi Bereziak hori erabaki ondoren; erabaki hori hartzeko, bertaratutakoen gehiengo osoa beharko da. Erabaki hori berehalakoan igorriko zaie Kontseilu Nagusiari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, ezagut eta onets dezaten.
Gobernu Batzordeak, Batzar Nagusi Bereziak erabakia hartu ondoren eta Administrazioak baimena emanik, Elkargoaren ondarearen likidazioa eginen du, indarra duten legeen arabera.
103. artikulua. Bat-egitea.
Nafarroako Elkargo Ofiziala lanbide bereko beste elkargo batekin edo batzuekin bat-egiteko erabakia ukitutako elkargo horien artean horretarako propio deitutako Batzar Nagusi Berezian hartuko da; erabaki hori hartzeko, bertaratutakoen gehiengo osoa beharko da.
Erabaki hori berehalakoan igorriko zaie Kontseilu Nagusiari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, ezagut eta onets dezaten.
VIII. TITULUA
Gizarte graduatuen zerbitzuak libreki eskuratzea eta horietan aritzea errazten duten arauak
104. artikulua. Leihatila Bakarra.
1. Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak, bere kabuz edo Kontseilu Nagusiaren bidez, webgune bat izanen du, eta administrazio publikoekin elkarlanean arituko da, Zerbitzuen jardueretarako sarbide libreari eta horietan aritzeari buruzko legean aurreikusitako leihatila bakarraren bidez, profesionalek beharrezko tramite guztiak egin ahal izan ditzaten elkargoan inskribatzeko, jardunean aritzeko eta baja emateko Elkargotik, puntu bakar batean, bide elektronikoan eta urrutitik, baita lege horretan aurreikusitako gainerako jarduketak egiteko ere.
2. Leihatila horren bidez gizarte graduatuek aukera izanen dute honako hauek dohainik lortzeko:
a) Lanbide jardueran hasteko eta aritzeko beharrezkoak diren informazio eta inprimaki guztiak eskuratzea.
b) Beharrezkoak diren agiri eta eskabide guztiak aurkeztea, elkargokide egitekoa barne.
c) Interesdun gisa agertzen diren prozeduren tramitazioaren egoera zein den jakitea, eta aginduzko tramite-egintzen jakinarazpena eta elkargoak horien gainean ematen duen ebazpena jasotzea, diziplina-espedienteen jakinarazpena barne, beste bide batzuen bitartez egitea ezinezkoa denean.
d) Batzar Nagusi arrunt eta berezietarako deiak jasotzea eta Elkargoaren jarduera publiko eta pribatuaren berri ematea.
3. Leihatila bakarraren bidez, informazio hau eskainiko da argi eta garbi:
a) Elkargokideen Erregistroan doan eta baliabide elektronikoen bidez sartzeko prozedura. Erregistro hori etengabe eguneratua egonen da, eta datu hauek bilduko ditu gutxienez: kidetutako gizarte graduatuen izen-deiturak, bakoitzaren kide zenbakia, titulu ofizialak, lanbiderako helbidea eta lanbide gaikuntzako egoera.
b) Lanbide sozietateak erregistroan sartzeko aukera. Erregistro horrek Lanbide Sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan azaltzen den edukia izanen du.
c) Kontsumitzaileak edo erabiltzaileak elkargokide batekin edo Lanbide Elkargoarekin gatazkaren bat izaten duenean aurkez daitezkeen erreklamazioak eta errekurtsoak aurkezteko bideak.
d) Gizarte graduatuen lanbide zerbitzuen hartzaileek laguntza lortzeko eskura dituzten kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte edo erakundeen datuak.
e) Kode deontologikoen edukia.
4. Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu artikulu honetan ezarritakoa betetzeko, eta beharrezkoak diren teknologiak erabiliko ditu horretarako; halaber, sistemen arteko eragiketak bermatuko dituzten plataforma teknologikoak sortu eta mantenduko ditu, bai eta desgaitasunak dituzten pertsonen irisgarritasuna ere. Horretarako, Elkargoak behar diren koordinazio eta lankidetza mekanismoak jarri ahalko ditu abian, are beste lanbide batzuetako korporazioekin batera.
5. Elkargoak informazioa emanen dio Kontseilu Nagusiari elkargokideen eta lanbide sozietateen erregistroetako alta, baja eta beste aldaketa guztiei buruz, jakin dezan eta erregistro zentraletan jaso dezan.
105. artikulua. Urteko memoria.
1. Elkargoak gardentasun printzipioa bete beharko du kudeaketan. Horretarako, urteko memoria prestatuko du, Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legean eskatutako edukiarekin.
2. Urteko memoria horiek, gutxienez, honako informazio hau bilduko dute:
a) Kudeaketa ekonomikoaren gaineko urteko txostena, langileen gastuak barne, behar adina zehaztuta Gobernu Batzordeko kideen ordainsariak, karguaren araberakoak.
b) Kontzeptuaren eta emandako zerbitzu motaren arabera zehaztutako kuoten zenbatekoa, bai eta haiek kalkulatu eta aplikatzeko arauak ere.
c) Informazio agregatua eta estatistikak instrukzio fasean dauden edo irmo bihurtu diren informazio eta zehapen prozedurei buruz, zer arau-hausteri buruzkoak diren, haien tramitazioa eta ezarri zaien zehapena adierazita, eta betiere, datu pertsonalak babesteko legeriarekin bat.
d) Informazio agregatua eta estatistikak kontsumitzaileek edo erabiltzaileek edo horiek ordezkatzen dituzten erakundeek aurkeztutako kexa eta erreklamazioei buruz, haien tramitazioari buruz eta, hala badagokio, kasua, kexa edo erreklamazioa onetsi edo ezesteko arrazoiei buruz ere, betiere, datu pertsonalak babesteko legeriarekin bat.
e) Kode deontologikoen edukian izandako aldaketak.
f) Gobernu Batzordeko kideek izan ditzaketen interes gatazkak eta bateraezintasunei buruzko arauak.
3. Urte bakoitzeko lehen seihilekoan argitaratuko da urteko memoria, webgunearen bidez. Kontseilu Nagusiak jakitera emanen du, bere memoriarekin batera, Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legean eskatutako estatistika informazioa, eta, horretarako, Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak beharrezko informazio guztia emanen dio, urteko memoria egin dezan.
106. artikulua. Elkargoko Laguntza Zerbitzua.
Kontsumitzaile eta erabiltzaileentzako eta elkargokideentzako laguntza zerbitzua.
1. Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak kontuan hartu behar ditu kidetutako gizarte graduatuek aurkeztutako kexak edo erreklamazioak.
2. Halaber, Elkargoak kontsumitzaile nahiz erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu bat izanen du. Zerbitzu horrek nahitaez tramitatuko eta ebatziko ditu elkargokideek Elkargoan edo lanbidean izandako jarduera dela-eta aurkezten diren kexak eta erreklamazioak, izan zerbitzu profesionalak kontratatzen dituen edozein kontsumitzailek edo erabiltzailek aurkeztuak, izan kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte eta erakundeek haiek ordezkatuz edo haien interesak defendatzeko aurkeztuak.
3. Elkargoak, kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu horren bitartez, kexari edo erreklamazioari buruzko ebazpena emanen dute, bidezkoa denaren arabera: dela gatazkak judizioz kanpo ebazteko sistemari buruzko informazioa emanez, dela espedientea elkargoko organo eskudunei igorriz informazio edo diziplina espedienteak irekitzeko, dela artxibatuz edo dela zuzenbidearen araberako beste edozein erabaki hartuz.
4. Zerbitzu horren araudian kexak elektronikoki eta urrutitik aurkezteko aukera jaso beharko da.
Estatutu hauetan horretaz arautzen ez den orotan, ulertuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea direla ordezko legeak. Zuzenbide administratiboaren mendean egonen dira Elkargoko organoen egintzak, gisa horretakoak badira, eta, hortaz, errekurtsoa jar daiteke haien kontra bide korporatiboa bukatuta, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.
IX. TITULUA
Administrazioekiko harremanak
107. artikulua. Harremanak erakundeekin.
1. Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak harremanak izanen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin, Estatuko Administrazioarekin eta Justiziako Administrazioarekin, lankidetzaren esparruan, Estatuko eta autonomia erkidegoetako lanbide Elkargoen legeekin bat.
2. Elkargoak administrazio zentralarekin egin behar dituen kudeaketa korporatiboak, kasuan kasuko lurralde jurisdikzioa ukitzen badute ere, Espainiako Gizarte Graduatuen Elkargoen Kontseilu Nagusiari jakinarazi behar zaizkio aldez aurretik.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehena.–Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialak izen eta lurralde esparru berarekin jarraituko du.
Bigarrena.–Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofiziala Espainiako Gizarte Graduatuen Elkargoen Kontseilu Nagusiari atxikiko zaio, ezertan galarazi gabe Nafarroako Foru Komunitateak nola egituratzen duen Elkargoa, bere eskumenen esparruan.
Hirugarrena.–Sortutako egoerak eta eskuratutako eskubideak errespetatuko dira, lehenago indarrean zegoen araubidearekin bat, betiere Estatutu hauetan ezarritakoaren kontra egiten ez badute.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Bakarra.–Estatutu hauek ulertuko dira ezertan galarazi gabe Foru Komunitateak, Konstituzioarekin eta araudiarekin bat, arlo horretan arautzen duena.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialaren Estatutuek indarra hartuko dute Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
Iragarkiaren kodea: F1704465
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
