114. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

158/2017 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Barneko zuzendari nagusiak emana, abuztuaren 29ko 222/2014 Ebazpena eta abenduaren 19ko 378/2014 Ebazpena berrikusteko prozedura ofizioz eta bere ekimenez hasten duena. Aipatu bi ebazpenak Barneko zuzendari nagusiak emanak dira, eta haien bidez honako lanpostu hauek oposizio bidez betetzeko deialdiak onetsi ziren, hurrenez hurren: batetik, Barañaingo Udaltzaingoko polizia izateko hiru lanpostu, Baztango Udaleko polizia izateko lanpostu bat, Burlatako Udaltzaingoko polizia izateko lau lanpostu, Cascanteko Udaleko udal agente izateko bi lanpostu, Lizarrako Udaltzaingoko polizia izateko hiru lanpostu, Uharteko Udaleko udal agente izateko lanpostu bat eta Mendabiako Udaleko udal agente izateko lanpostu bat; eta, bestetik, Altsasuko Udaleko udal agente izateko hiru plaza.

Ikusirik Barne Zuzendaritza Nagusiko Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuak 2017ko maiatzaren 29an emandako txosten juridikoa, eta honako hauek kontuan hartuz:

a) Bi deialdiak prestatzeko udal egintza administratiboak egin dituzten Udaleko gobernu organoek ez dute eskumenik aipatu egintzak egiteko. Horrenbestez, gaiari dagokionez eskumengabetasun egoera bat gertatu da, eta horrek deuseztatu egiten ditu prestatze egintzak, bai eta, ondorioz, bi deialdiak ere, abuztuaren 29ko 222/2014 Ebazpenaren bidez eta abenduaren 19ko 378/2014 Ebazpenaren bidez onartuak.

b) Hitzarmenik ez dagoenez eta halakorik argitaratu ez denez, Barne Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenek ez dute behar adinako eraginkortasuna, eta, horren garrantzia kontuan hartuz, Administrazioen Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 47.1 artikuluaren e) letran jasotako erabateko deuseztasun egoera gertatu da.

c) Deialdiak onartzen dituzten ebazpenak ezin dira kargak ezartzen dituzten egintza edo kalterako diren egintza gisa kalifikatu.

d) Aurretik azaldutakoak kontuan hartuz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 47.1 artikuluaren b) eta e) letretan jasotako erabateko deuseztasun egoerak gertatu dira.

e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 106. artikuluarekin bat etorriz, administrazio publikoak, edozein unetan, bere ekimenez edo interesdunak eskaturik, eta Nafarroako Kontseiluak aldeko irizpena eman ondoren, deuseztzat joko ditu, ofizioz, administrazio bidea amaitu duten egintza administratiboak edo epe barruan aurkako errekurtsorik izan ez dutenak, aipatu legearen 47.1 artikuluan xedatutako kasuetan.

f) Barneko zuzendari nagusiak du ofizioz berrikusteko espedientea hasteko eskumena, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko Foru Legearen 52.1 artikuluaren arabera, zeinak honako hau baitio: “Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren egintza eta xedapen deusezak berraztertzeko prozedurak jarduketa deuseza egin zuen organoak hasiko ditu eta, organo hori zein departamentutan dagoen, hango kontseilari titularrak ebatziko ditu, salbu eta Nafarroako Gobernutik baldin badator, kasu horretan gobernuak berak ebatziko baitu”.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak hau xedatzen du 108. artikuluan: “Hasita badago 106. eta 107. artikuluetan jaso den ofizioz berrikusteko prozedura, deuseztasuna edo kaltegarritasuna deklaratzeko eskumena duen organoak eten ahal izango du egintzaren betearazpena, kalte erreparaezin edo erreparagaitzak sor litzakeenean”.

Horretarako, aipatu beharra dago, besteak beste, Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak 2015eko azaroaren 12an emandako 379. autoa, zeinak hau adierazten baitu zuzenbideko bere bosgarren oinarrian: “(...) eteteak interes publikoarentzat sor dezakeen kaltea erreparatzeari dagokionez, ulertu behar da betiere kalte handiagoa izanen litzatekeela aurkaratutako deialdia gerora deuseztatuko balitz, eta prozedura honi dagokion behin betiko ebazpena jaso eta hautapen prozesua atzera lehengoratu beharko balitz, epaia emateko unean jada hautapen prozesua amaituta legokeela. Horrek bat bestearen atzetik deuseztatu lituzke, gainera, orain deitutako hautapen prozesu honen ondorengo egintzak (...)”. Horrenbestez, bidezko da deitutako hautapen prozesua etetea, hautatutako izangaiei eragin liezazkieketen kalteak saiheste aldera, prozedura amaitu ondoren deialdiak deusezak direla deklaratuz gero.

Ikusirik aipatutako aginduak, pareko aginduak eta aplikatzekoak diren gainerako aginduak, eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.–Abuztuaren 29ko 222/2014 Ebazpena eta abenduaren 19ko 378/2014 Ebazpena berrikusteko prozedura ofizioz hastea. Aipatu bi ebazpenak Barneko zuzendari nagusiak emanak dira, eta haien bidez honako lanpostu hauek oposizio bidez betetzeko deialdiak onetsi ziren, hurrenez hurren: batetik, Barañaingo Udaltzaingoko polizia izateko hiru lanpostu, Baztango Udaleko polizia izateko lanpostu bat, Burlatako Udaltzaingoko polizia izateko lau lanpostu, Cascanteko Udaleko udal agente izateko bi lanpostu, Lizarrako Udaltzaingoko polizia izateko hiru lanpostu, Uharteko Udaleko udal agente izateko lanpostu bat eta Mendabiako Udaleko udal agente izateko lanpostu bat; eta, bestetik, Altsasuko Udaleko udal agente izateko hiru plaza.

2.–Prozeduraren instrukzio organotzat izendatzea Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzua.

3.–Jakinaraztea, Administrazioen Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1 artikuluaren a) letran eta 106.5 artikuluan jasotakoaren arabera, prozedura iraungi eginen dela baldin eta sei hilabeteko epean ebazpenik ematen ez bada; dena dela, gerta liteke, halaber, ebazteko epea etetea araudian jasotako kasuetan.

4.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari eskatzea eten dezala Barneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 23ko 222/2014 Ebazpenaren eta abenduaren 19ko 378/2014 Ebazpenaren betearazpena, bai eta, ondorioz, hautapen prozesuena ere.

5.–Ebazpen hau jakinaraztea Barañaingo, Baztango, Burlatako, Cascanteko, Lizarrako, Uharteko, Mendabiako eta Altsasuko udalei, eta ebazpen hau helaraztea Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Idazkari Tekniko Nagusiari eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuari.

6.–Aipatu udalei eta gainerako interesdunei entzutea ematea hamabost egun baliodunez, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, alegazioak egin eta egoki deritzen dokumentu eta justifikazioak aurkez ditzaten. Horretarako, administrazio espedientea emanen da jakitera, zeina gordailatuta baitago Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuaren bulegoetan (Nafarroako Jauregiko behe solairua, Karlos III.aren etorbidea, 2, Iruña).

7.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 30ean.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.

Iragarkiaren kodea: F1706912