110. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1915E/2017 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako diru-laguntzen 2017ko deialdia onesten duena.

2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, “Lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako laguntzak” izeneko 511004 51120 4819 311108 partida dago.

Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra ezarri zuen. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek haiek eskuratzeko aukera izan dezaten.

11/2005 Foru Legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da diru-laguntzak ematea lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeseko tratamenduak egiteko 2017. urtean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako diru-laguntzen 2017ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

511004-51120-4819-311108: (E) Lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako laguntzak

2017

15.000,00

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 15ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

ERANSKINA

Lupus gaixotasuna duten pertsonen fotobabeserako diru-laguntzak emateko 2017ko deialdiaren oinarri arautzaileak

1.–Diru-laguntzen xedea eta helburua.

Lupus gaixotasuna diagnostikatua duten pertsonek fotobabeseko tratamenduetan 2017. urtean egiten duten gastua osorik edo partez estaltzeko izanen dira diru-laguntzak. Haien onura publikoaren helburua da sostengua ematea ukitutako pertsonek fotobabesa egiteko dituzten behar berezietarako.

2.–Onuradunek bete beharrekoak.

–Lupus gaixotasuna izatea, medikuntzako profesional batek diagnostikatua.

–Ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hots, ukitutako pertsona Nafarroako Foru Komunitatean benetan bizi izana bi urtez, diru-laguntzaren xede den tratamendua egin baino lehen. Onuraduna bi urtetik beherakoa bada, jaiotzetik beretik Nafarroan benetan bizitzea eskatuko da. Beharkizun honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haren familia unitatekoak, asilo eskubiderako ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia-luzapenagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea.

3.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.

3.1. Deialdi honetan ezarritako laguntzak eska ditzakete lupus gaixotasuna duten pertsonek, baita haien aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak ere, onuradunaren izenean, baldin hura adingabea bada edo ezintasuna badu.

3.2. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta hilabeteko epean bukatuko da.

3.3. Diru-laguntzen eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Armadaren etorbidea, 2, 31002 Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari eskabidea zuzenduta, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaerari deialdiaren 4. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan adieraz daitezen bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.

3.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun naturaleko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.

3.5. Diru-laguntza eskaera aurkezteak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4.–Betebeharren frogagiriak.

Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, diru-laguntza eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Ukitutako pertsona Nafarroako Foru Komunitatean benetan bizi dela agertzen duen frogagiri ofiziala.

b) Medikuaren txostena, irizpen klinikoa jasoko duena.

c) Lupus gaixotasuna duen pertsona adingabea bada edo ezintasuna badu, pertsona horren legezko ordezkaria izatearen frogagiriak. Aita edo ama bada, familia liburua eta guraso baten NANa. Dibortzioaren kasuan, edo zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia eta haren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

d) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.

e) 5.2 oinarrian adierazitako zuzenketa-faktoreaz baliatu daitezkeen onuradunek gizarteratze-errenta / errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioten frogagiria, Nafarroako Berdintasunaren Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.

f) Eskaera aurkeztearekin baimena ematen zaio Osasun Departamentuari Zerga Ogasunean eta Estatuko Administrazio Orokorrean bildu dezan eskatzaileak bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen jakiteko informazioa.

5.–Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.

5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira diru-laguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzorde batek eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta. Batzorde hori honako hauek osatuko dute:

–María José Lasanta Sáez andrea, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko Ataleko burua.

–Mariano Lacarra López jauna, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko teknikaria.

–Julen Palacios Osambela jauna, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko teknikaria.

5.2. Ebaluazio Batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek eta eskatzaileek betetzen dituzten diru-laguntzak jasotzeko betebeharrak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:

–Laguntza bakoitzaren zenbatekoa zehaztuko da, aurrekontuko kredituaren eta eskaera kopuruaren arabera.

–Diru-laguntzaren banaketa orekatuagoa izan dadin, 2016. urtean eta/edo 2017. urtean eskatzailea genero-indarkeriaren biktima izan baldin bada, edo gizarteratze-errenta/errenta bermatua jaso duen familia unitate batekoa, zenbatekoa bider 1,5 eginen da.

–Gehienez ere 917 euroko laguntza emanen da.

6.–Ebazpena.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiak, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, ebatziko du diru-laguntzak ematearen edo ukatzearen gainean.

6.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko dute interesdunek. Hala ere, administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

7.–Bateraezintasuna.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateraezinak dira entitate publiko edo pribatuek xede bererako ematen duten beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin.

8. oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.

Onuradunek edo, kasua bada, legezko ordezkariek, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, adieraziz ez dutela xede bererako beste laguntzarik jaso.

Era berean, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

9.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Ordainketa bakarra eginen da, kontzesioaren ebazpenarekin batera.

10.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

11.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

12.–Datuak babestea.

Onuradunek diru-laguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku daudenak deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Horiek, edo horien legezko ordezkariek, datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Foru Legearekin bat.

13.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarri gabekoetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

14.–Errekurtsoak.

Deialdiaren kontra, oinarri arautzaile hauen kontra eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1706358