110. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1438/2017 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan, Nafarroako eskualdeetan ari diren zaintzaile funtzionarioen barne mugikortasunaren prozedura arautuko duten jarraibideak onesten dituena.

Hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko zaintzaileen egungo plantilla Hezkuntza Premien Bulegoari atxikita dago eta langile horiek Nafarroako eskualdeetan ari dira, ikastetxe jakin bati atxikita dauden bost lagun kenduta. Kontuan harturik egoera hori eta zaintzaile beharrak aldakorrak direla, beharrezkoa da sistema bat ezartzea ikasturte bakoitzean ikastetxea aukeratzeko; horrela, zaintzailearen lanpostuak behar duen egonkortasuna eta hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleen arretaren jarraipena bateragarriak izanen dira eskualde barrenean mugitzeko aukerarekin.

Ikasturte hau arte, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 28ko 1151/2013 Ebazpenak arautzen zuen prozedura hori, baina ez zituen jasotzen hainbat mugikortasun prozesutan moldatu behar izan diren egoera batzuk, araudi berri bat eskatzen dutenak.

Egoera horiek azterturik eta, sindikatuekin negoziazioa eginik Administrazio Erroko Mahai Sektorialean, ebazpen hau eman da.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak martxoaren 7an emandako 183/2017 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan, Nafarroako eskualde batean edo ikastetxe jakin batean, ari diren zaintzaile funtzionarioen barne mugikortasunaren prozedura arautzen duten jarraibideak onestea, hurrengo arauetan ezarritako prozedurari jarraituz:

ARAUAK

Lehendabizikoa.–Urteko mugikortasuna.

Urtero eta hurrengo ikasturteko langile beharrak zehazturik, mugikortasun ekitaldi bat eginen da ondoko funtzionarioek parte hartuta:

1.–Beharra desagertzeagatik edo behar hori lanaldi osokoa ez izateagatik, zerbitzuak ematen dituzten ikastetxetik atera behar duten langile zaintzaileak, nahitaez.

Ikastetxe eta hizkuntza eredu berean lanpostua duten zaintzaile baten baino gehiagoren artean nor aterako den erabaki behar den kasuetan, inork ez badu borondatez ateratzea aukeratzen, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen ondotik, berdinketa kasuan:

1. Antzinatasun txikiena funtzionario edo lan-kontratudun finko gisa Hezkuntza Departamentuan, zaintzaile lanpostuan.

2. Antzinatasun txikiena funtzionario edo lan-kontratudun finko gisa zaintzaile lanpostuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.

3. Antzinatasun onartu txikiena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.

Izangaien arteko berdinketak aurrera badarrai, lehen deituraren hurrenkera alfabetikoaren arabera lehenetsiko dira eta, hala behar bada, bigarren deituraren arabera; horretarako, zozketa eginen da Giza Baliabideen Zerbitzuan, zein letratatik abiatu jakiteko.

Arau honetan aurreikusitako ondorioetarako, mugikortasun ekitaldia egiten den ikasturteko maiatzaren 1a arteko zerbitzuak kontatuko dira.

2.–Borondatez, Giza Baliabideen Zerbitzuak ezartzen duen epean, zaintzaile beharra duten ikastetxeak aukeratzeko ekitaldian parte hartu nahi dutela adierazten duten zaintzaileak.

Borondatezko mugikortasuna eskaturik, ez dago hari uko egiterik, eta funtzionarioak okupatzen duen lanpostua eskainiko da, funtzionarioek edo aldi baterako kontratudunek bete dezaten zerbitzu beharren arabera.

Bigarrena.–Destinoak aukeratzea.

1. Ebazpen honek aipatzen dituen mugikortasun prozesuetan, lehenik eta behin, Iruña, Tutera, Lizarra, Tafalla, Irurtzun, Elizondo eta Irunberriko eskualdeetan destinoa duten funtzionarioei dagozkien destinoak esleituko dira eta, azkenik, Nafarroako eskualdean destinoa duten funtzionarioei.

2. Ebazpen honetan sartzen diren langileen lanpostuak aukeratzeko hurrenkera eskualde bakoitzean zehazteko, honako irizpide hauei jarraituko zaie, bata bestearen ondoren aplikatuko baitira berdinketarik gertatzen bada:

1. Antzinatasun handiena funtzionario edo lan-kontratudun finko gisa Hezkuntza Departamentuan, zaintzaile lanpostuan.

2. Antzinatasun handiena funtzionario edo lan-kontratudun finko gisa zaintzaile lanpostuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.

3. Antzinatasun onartu handiena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.

Izangaien arteko berdinketak aurrera badarrai, lehen deituraren hurrenkera alfabetikoaren arabera lehenetsiko dira eta, hala behar bada, bigarren deituraren arabera; horretarako, zozketa eginen da Giza Baliabideen Zerbitzuan, zein letratatik abiatu jakiteko.

Arau honetan aurreikusitako ondorioetarako, mugikortasun ekitaldia egiten den ikasturteko maiatzaren 1a arteko zerbitzuak kontatuko dira.

3. Urteko mugikortasunean lehentasuna izanen dute, destinoa aukeratzeko unean, beharra desagertzeagatik edo ordutegi nahikoa ez izateagatik tokiz mugitu behar izan duten zaintzaile guztiek, lanpostua aukeratzeko ekitaldi publikora beren borondatez joatea eskatu dutenen aurretik. Talde horien barrenean, arau honen 1. atalean ezarritako irizpideak aplikatuta erabakiko da hautatzeko hurrenkera.

4. Plantilla organikoan ikastetxe bati atxikita dauden zaintzaileak, beharra desagertzeagatik edo ordutegi nahikoa ez izateagatik tokiz aldatu behar direnean, beren destinoko ikastetxeari dagokion eskualdetik mugitutako zaintzaileen zerrendan sartuko dira.

5. Iruña, Tutera, Lizarra, Tafalla, Irurtzun, Elizondo edo Irunberriko eskualdeetan destinoa izan eta, beren atxikipen eskualdean behar nahikoa ez izateagatik, bertan destinoa ezin aukera dezaketen zaintzaileak Nafarroako eskualdean destinoa duten zaintzaileen zerrendan sartuko dira, dagokien hurrenkeran.

6. Nafarroako eskualdean destinoa duten zaintzaileek dagokien hurrenkeran aukeratzen ahalko dituzte gainerako eskualdeetatik ateratako zaintzaileek aukeratu ondoren gelditzen diren lanpostuak.

7. Destinoa eskualdean duten zaintzaileek, aurre-aurreko ikasturtean zerbitzuan aritu diren ikastetxetik mugitu behar badute beharra desagertu delako edo behar adinako ordurik ez dagoelako, beraien lanpostuaren hizkuntza eskakizun bera ez duten lanpostuak hautatzen ahalko dituzte, eskatzaileek, borondatez eskatzen duten hizkuntza eskakizuneko eremu guztiak, aukeratu ondoren. Ondorio horietarako, euskarazko lanpostuak aukeratzeko, V1 hizkuntza eskakizuna bete beharko da.

8. Mugikortasun ekitaldian esleitutako lanpostuari ezin izanen zaio uko egin.

Hirugarrena.–Esleitutako destinoan jarraitzea.

1. Zaintzaileek beren atxikipen eskualdean jarraitzen ahalko dute mugikortasun prozesuetan aukeratzen duten ikastetxe berean, baldin eta hezkuntza plangintzaren arabera ordutegi nahikoa bada bertan aritzeko.

2. Zaintzaileek mugikortasun prozesuetan aukeratzen duten ikastetxe berean jarraitzen ahalko dute beste atxikipen eskualde batean edo beren atxikipen lanpostuarena ez den hizkuntza eskakizuneko lanpostuetan, baldin eta hezkuntza plangintzaren arabera ordutegi nahikoa bada bertan aritzeko eta eskualde horretan behar adina lanpostu badago destinoa bertan duten funtzionario guztientzat. Bestela, beren atxikipen eskualdera itzuli beharko dute, hartan beharra badago, edo, beharrik ez bada, lekuz aldatu dituztenen moduan hautaketa egin lanpostuak aukeratzeko ekitaldian.

3. Zaintzaileek, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 28ko 1151/2013 Ebazpenaren bidez, destinoa hautatu bazuten beren atxikipen lanpostuarena ez den hizkuntza eskakizun bateko lanpostuan, destino horretan jarraitzen ahalko dute, aurreko atalean ezarritako baldintzetan.

Laugarrena.–Eskualdeak.

1. Hezkuntza Departamentuari atxikita, zaintzaile lanpostuak betetzen dituzten funtzionarioak hurrenkeran jarriko dira, plantilla organikoan atxikirik dituzten eskualdearen eta hizkuntza eskakizunaren arabera lanpostuak aukeratzeko ondorioetarako. Ebazpen honen eranskinean jaso dira eskualde horiek eta haien jarduketa eremua.

2. Zaintzaileen mugikortasun ekitaldietan eskaini beharreko lanpostuak aurreko atalean aipatu eskualdeetan dauden Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetan zehaztuko dira.

Bosgarrena.–Publikotasuna.

Lanpostuak esleitzeko ekitaldiak zein egunetan eginen diren garaiz emanen dira aditzera, iragarkia Hezkuntza Departamentuaren iragarki oholean eta Hezkuntza Departamentuaren webgunean (www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio) jarrita. Era berean, webgune horretan jarriko da borondatezko mugikortasuna eskatzeko epea eta, hala behar bada, beste hizkuntza eskakizun bateko lanpostua aukeratzekoa (ebazpen honen bigarren arauan aipatua).

Lanpostuak aukeratzeko ekitaldietan interesdunak berak edo bere ordezkari batek parte hartzen ahalko du, betiere interesdunaren nortasun agiriaren fotokopia eta ordezkariari baimena emateko idazkia, ordezkatuak sinatua, aurkezten baditu.

Jarraibide hauetan aipatu ekitaldi bakoitzean, zer lanpostu eskaintzen diren eta zein funtzionariok aukeratu behar duten destino berria jarriko dira jendaurrean, Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean eta Departamentu horren webgunean (www.educacion.navarra.es), destinoak esleitzeko ekitaldiak egin baino lehenago.

2. Indarrik gabe uztea Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 28ko 1151/2013 Ebazpena, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan, Nafarroako eskualde batean edo ikastetxe jakin batean, ari diren zaintzaile funtzionarioen barne mugikortasunaren prozedura arautuko duten jarraibideak onesten dituena.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileen Kontratuen Atalera eta Langile Kontratatuak Kudeatzeko Atalera, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 23an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Miren Itziar Aragüés Cemboráin.

ERANSKINA

Iruñeko eskualdea

Antsoain, Arre, Barañain, Beriain, Berriozar, Burlata, Uharte, Imarkoain, Mutiloa, Noain, Olatz, Orkoien, Iruña, Atarrabia, Zizur Nagusia, Añorbe, Arrizabalaga, Zirauki, Eugi, Eguesibar, Lantz, Larraintzar, Mañeru, Elo, Obanos, Gares, Tebas, Zubiri.

Irurtzungo eskualdea

Altsasu, Arbizu, Areso, Betelu, Etxarri Aranatz, Ezkurra, Goizueta, Irurtzun, Iturmendi, Jauntsarats, Lakuntza, Leitza, Lekunberri, Olazti, Uharte Arakil, Urdiain, Ziordia.

Elizondoko eskualdea

Almandoz, Amaiur, Arantza, Arizkun, Arraioz, Azpilkueta, Beintza-Labaien, Bera, Doneztebe, Elizondo, Eratsun, Erratzu, Etxalar, Gartzain, Igantzi, Irurita, Ituren, Legasa, Lekaroz, Lesaka, Narbarte, Oronoz, Saldias, Sunbilla, Urdazubi, Ziga, Zubieta, Zugarramurdi.

Irunberri/Zangozako eskualdea

Abaurrea, Oibar, Agoitz, Aribe, Auritz, Aurizberri, Kaseda, Erroibar, Eslaba, Ezkaroze, Garralda, Hiriberri Aezkoa, Izaba, Ledea, Irunberri, Luzaide, Nabaskoze, Otsagabia, Orbaitzeta, Orotz-Betelu, Orreaga, Erronkari, Zare, Zangoza, Urrotz, Uztarroze, Esa.

Tafallako eskualdea

Artaxoa, Barasoain, Beire, Berbintzana, Caparroso, Zarrakaztelu, Faltzes, Figarol, Funes, Garinoain, Larraga, Martzilla, Melida, Mendigorria, Milagro, Miranda Arga, Murillo, Erriberri, Azkoien, Pitillas, Arrada, San Martin Unx, Santakara, Tafalla, Uxue, Alesbes.

Lizarrako eskualdea

Abartzuza, Allo, Antzin, Andosilla, Arroitz, Azagra, Cárcar, Deikaztelu, Lizarra, Lerin, Lezaun, Lodosa, Los Arcos, Mendabia, Muniain Iguzkitza, Murieta, Oteitza, Jaitz, San Adrián, Sartaguda, Sesma, Viana, Villatuerta, Zudairi.

Tuterako eskualdea

Ablitas, Arguedas, Buñuel, Cabanillas, Cadreita, Cascante, Castejón, Cintruénigo, Corella, Cortes, Fitero, Fontellas, Fustiñana, Monteagudo, Murchante, Ribaforada, Tutera, Valtierra.

Nafarroako eskualdea

Gainerako eskualde guztiei dagokien jarduketa eremua hartzen du.

Iragarkiaren kodea: F1706759