11. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESA

Aldaketa Ur horniduraren tasa arautzen duen ordenantza
fiskalaren 5. artikuluan. Behin betiko onespena

Esako Udalak, 2016ko urriaren 7an egin bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Ur horniduraren tasa arautzen duen ordenantzaren 5. artikuluan, aplikatu beharreko tarifak ezartzen baititu. Aldaketak 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Onespenaren erabakia 2016ko 203. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 20an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Esan, 2016ko abenduaren 13an.–Alkatea, Roberto Martínez Luyando.

Ur horniduraren tasa arautzen duen ordenantza

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Esako udalerrian edateko uraren hornidura zerbitzua erabilgarri izan edo benetan erabiltzea da zergapeko egintza.

Salbuespenak

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Zergadun diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat izan edo ondare bereizia eduki eta edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua eskatu dutenak edo hartaz baliatzen direnak.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei pasatzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.

Tarifak

5. artikulua. Zerbitzua egiteko tarifak ondoko kontzeptu hauengatik izanen dira:

a) Etxeetan erabiltzeko hornidura:

–30 metro kubikoko kontsumora bitarte, hiruhilekoan: 0,55 euro metro kubiko bakoitzeko.

–30 metro kubikoko kontsumotik aitzina, hiruhilekoan: 0,64 euro metro kubiko bakoitzeko.

–Urteko gutxienekoa: 33 euro urtean, 60 metro kubikori dagokiona.

b) Industrian eta obretan erabiltzeko hornidura: 0,64 euro metro kubiko bakoitzeko.

c) Ureztaketan eta igerilekuetan erabiltzeko hornidura: 0,64 euro metro kubiko bakoitzeko.

d) Ur hornidurako sareari lotzeko lizentzia edo baimena ematea: 150 euroko ordainketa bakarra.

e) Zerbitzuan baja eman ondorengo bigarren edo hurrengo altak: 60 euro.

Likidatu beharreko kuota

6. artikulua. Likidatu beharreko kuota aurreko artikuluko tarifak aplikatuz ateratzen dena izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sortzapena

7. artikulua. Tasak sorraraziko dira:

a) Zerbitzua eskura izan eta mantentzeagatik, hornidura sarearekin lotzen denetik hasita.

b) Kontsumoagatik, hasten denetik.

c) Harguneagatik, haren irekiera, lizentzia edo baimena ematen denetik.

d) Bigarren edo hurrengo altengatik, zerbitzuan alta eskatzen den unetik.

Kudeatzeko arauak

8. artikulua. Bai kontsumoaren kontagailua erosteko gastuak bai instalaziorako eta horniduraren hargunerako behar diren materialei eta eskulanari dagozkien gastuak, sarera lotzeko edo hornidura emateko eskatzen duenaren bizkar joanen dira.

Kontsumoaren kontagailuak eremu publikoan edo sarbide komuneko tokietan jarriko dira, horien irakurketa etxebizitzetan, lorategietan, lurzatietan edo horniduraren hartzaile diren lokaletan sartu behar izan gabe egin ahal izateko.

9. artikulua. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta ixteko giltza egoera onean mantentzea, bai eta Esako Udalak zeregin horretarako ematen dituen jarraibideak betetzea ere.

10. artikulua. Erabiltzaile bakoitzak egindako kontsumoak kontagailuko irakurketen artean izaten den aldearen bidez zehaztuko dira. Hala, ordenantza honetan ezarritako ordainarazpenen bati lotuta dauden zergadun guztien betebeharra da kontagailurako bidea libre uztea, irakurketak egin behar dituzten langileentzat.

11. artikulua. Erabiltzailea ez dagoelako edo beste arrazoiren batengatik langileek kontagailua irakurtzerik ez dutenean, erabiltzaileak berak eman beharko ditu irakurketako datuak. Horretarako, irakurketaz arduratzen diren langileek inprimaki bat utziko dute horniduraren tokian, beharrezkoak diren jarraibideekin.

12. artikulua. Fakturazio eguna iritsi eta Esako Udalak erabiltzailearen kontagailuko benetako edo baliozko irakurketarik ez badu, zenbatespen sistemaren bidez fakturatzen ahalko da kasuan kasuko aldia, faktura erreala duen azken urteko kontsumoaren zerrenda guztia kontuan harturik.

Hala kalkulatutako kontsumoak konturakoak izanen dira, eta kontagailuaren benetako irakurketa lortutakoan erregularizatuko da egoera, fakturazioan gehiegi edo gutxiegi kobratutakoa aintzat harturik.

Era berean, zenbatespen sistemaren bidez fakturatzen ahalko da zerbitzua, kontagailuak akatsen bat duela ikusten denean irakurketa egitean, kontsumoko indize bakarra dagoenean edo ezkutuko jarioren bat atzematen denean, eta, halakoetan, behin betikotzat joko da fakturazioa.

13. artikulua. Aurreneurri moduan, instalazio barrenean ur galera dakarten matxurak dituen hargunearen titularrari ur hornidura mozten ahalko zaio.

14. artikulua. Hornidura jasotzen duen eraikinaren titularrak aldi baterako baja eska dezake zerbitzuan; horretarako, Esako Udaleko erregistroan eskabidea aurkeztuko du, horixe nahi duela garbi adierazteko. Edonola ere, baja zein sehilekotan gertatzen den, seihileko oso horretarako eginen da fakturazioa.

Ur horniduran baja gauzatu ondoren, zerbitzuan berriz ere alta eman nahi bada, ordenantza honen 5. artikuluaren d) letran ageri den tasa ordaindu beharko da.

15. artikulua. Horniduraren titularra aldatzeko, lokalaren edo etxebizitzaren okupatzaile berriak egin beharko du eskaera eta, horretarako, eskualdaketa jakinarazi beharko du eta eraikinaren jabea, errentaria edo erabilera eskubidearen titularra dela frogatu.

Titularra aldatzeak ez du tasarik sortuko.

16. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko beste pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du.

17. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatzen diren gorabeherak Esako Udalari lehenbailehen jakinaraztera.

Harguneak eta hornidurak lurzoru urbanizaezineko jardueretarako

18. artikulua.

1. Lurzoru urbanizaezineko harguneen barnean sartzen dira ingurunean sare orokorrik ez duen eta herrigunetik kanpo dagoen lurzati batean erabiltzaile bakarrari hornidura zerbitzuak emateko egiten direnak.

2. Lurzoru urbanizaezineko harguneak gauzatu eta abian jartzeko nahitaezkoa izanen da lizentzia izatea, eta lizentzia horretan ezarriko da harguneak zein baldintzatan gauzatuko diren eta hornidura zerbitzua emateko baldintzak zeintzuk izanen diren.

3. Lurzatian garatuko den jarduerak edo lurzoruari emanen zaion erabilerak administrazio eskudunaren edo eskudunen baimena edo baimenak izan beharko ditu, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

Era berean, instalazioak zuzen gauzatzen direla bermatzeko eta zerbitzua ongi emateko, erabiltzaileak jabearen baimena eduki eta frogatu beharko du, zerbitzuaren elementu materialek beste batzuen lurrak ukitzen dituztenean edo haietatik pasatzen direnean.

4. Herriguneko sare orokorrei lotu arte lurzatiari hornidura eta saneamendu zerbitzuak emateko behar diren obrak eta instalazioak exekutatzeak eragindako kostuak hargunearen eskatzailearen kontura izanen dira erabat.

5. Hornidurarako hargune horiek zaindu, mantendu eta konpontzeko gastuen ardura banan-banan zehaztuko da, zenbait inguruabarren arabera, besteak beste: instalazioaren ezaugarriak, hirigunerainoko distantzia eta bolumenean eragina izan dezakeen beste edozein faktore.

6. Saneamendu zerbitzurik ez badago, lurzatiaren titularrak zerbitzu horren irtenbide autonomorako beharrezkoak diren baimenak beharko ditu, eta bere gain egonen dira hustuketa sistema zaindu, mantendu eta konpontzeko gastuak.

Diru-bilketa

19. artikulua.

1. 5. artikuluaren a), b) eta c) ataletan aipatzen diren ordainarazpenak sei hilabetean behin ordainduko dira.

2. Sorrarazten diren unean ordainaraziko dira 4. artikuluaren d) eta e) ataletan aurreikusitako tasak.

Arau-hausteak eta zehapenak

20. artikulua. Iruzurtzat jotzen dira eta, beraz, zerga arloko arau-hauste larritzat, honako hauek:

a) Behar bezala egiaztatuta dauden udal langileek egiten dituzten bisitak oztopatzea.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikusteko duten egiaztapenak eragoztea.

c) Prezintu, sarraila eta kontsumoa neurtzeko Udalak jarritako gailuak aldatzea.

d) Kontsumoa neurtzeko aparatuak aldatzeko Udalak ematen dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren irakurketa maltzurkeriaz aldatzeko asmoz, baimenik gabeko mekanismoak ezartzea.

21. artikulua. Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatutakoari ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan hartuko du indarra, 2017ko urtarrilaren 1ean.

Iragarkiaren kodea: L1614013