11. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRAGA

Aldaketa, Udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Lizarragako Kontzejuak, 2016ko irailaren 23an egin bilkuran, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Kontzejuko hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantzan, jendaurreko epea inork alegaziorik gabe bukatu baita.

Onespenaren erabakia 2016ko 214. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 7an.

Jendaurreko epean inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsita gelditu da ondoren osorik ematen den ordenantzan egindako aldaketa; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman zaion idazketaren arabera.

Lizarragan, 2016ko abenduaren 9an.–Kontzejuko burua, Xabier Senar Veiga.

ORDENANTZA, LIZARRAGAKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29.etan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, Udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Lizarragako Kontzejuaren esku egon behar dute, deusetan ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean esleiturik izan ditzaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Kontzejuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Hilerrian, lur emanen zaio ehorzteko ekartzen den edozein hilotzi, betiere legezko tramiteak bete badira.

Hildakoaren senideek edo hurbilekoek bere kabuz egokitu beharko dute hilobia lurperatzea behar bezala egin ahal izateko. Zerbitzu hori egiteko inor topatu ezean, hilobiko gastuak ordaindu beharko dituzte, tasen eranskinean zehazten den bezala.

6. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak emateagatik udal tasak ordaindutakoan erabiltzen ahalko dira hilerriko lursailak, banakako lurreko hilobietarako.

7. artikulua. Beste hilerri batera eramateko ateratzen ahalko dira hilotzak hilobietatik.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

8. artikulua. Hilotzak ateratzea, beste ehorzketa batzuk egiteko.

Hilerriko zein aldetan dauden hilobi zaharrenak, handik hasiko da. Kasu horretan, zein den Kontzejuko biztanleen zentsua, haren araberako hilobi kopurua adinako lurra utziko da libre.

Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie hartan interesa dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura kontratatu beharko ditu. Kontzejuari komunikatu beharko dio aitzinetik, horrek baimena eman eta lanak ikuskatu beharko baititu.

9. artikulua. Hiltzeko arrazoiak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan atera daitezke:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bost urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa baldin badira.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik aterako epaileak agindu ezean.

10. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

11. artikulua. Lekuz aldatzeko ateratzeak dagokien liburuetan idatzi beharko dira.

12. artikulua. Errautsak noiznahi atera ahal izanen dira hobitik, baina horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

13. artikulua. Hilerriko lurrak hilotzak edo errautsak ehorzteko eta hilobietako elementuak paratzeko erabiliko dira bakarrik, betiere hildakoaren aipamena egiten duen plaka bada gehienez.

Ehorzketa oraingo ilaren ordenari jarraituz eginen da.

14. artikulua. Kontzejuak erabakiko du hilobiak non kokatu.

15. artikulua. Hilobiak seguru, garbi eta apain edukitzea hildakoen familiakoen betebeharra da.

16. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direnean.

II. KAPITULUA

Tasak hilerriko zerbitzuak hartzeagatik

17. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak egitea da:

1.–Ehorzketak.

2.–Hobitik ateratzea.

18. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

19. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

20. artikulua. 16. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak eman baino lehen ordaindu behar dira, salbu premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

ERANSKINA

1.–Hilotzen nahiz errautsen ehorzketak, leku berri batean.

–Lizarragan erroldatuak, gutxienez urtebeteko antzinatasuna dutenak. Hileta zerbitzuen gastuak enpresa esleipen-hartzailearen fakturaren arabera.

–Erroldatuen tratamendu bera izanen dute hiltzeko tenorean erroldaturik egon gabe ere lehenago Lizarragan erroldaturik egon direla frogatzen bada. Betiere, udal erroldan baja hartu zutenetik bost urte baino gutxiago igaro badira, edo frogatzen bada gutxienez ere 65 urtez jarraian egon direla erroldaturik. Bestela, bizilagun berria izanez gero, frogatzea gutxienez urtebetez daramala erroldaturik.

–Erroldatu gabeak eta aurreko baldintza frogatzerik ez dutenak: hileta zerbitzuen gastuak, enpresa esleipen-hartzailearen fakturaren arabera, eta 400 euro, Lizarragako Kontzejuko kontuan sartzeko.

–Errautsak lurperatu behar badira dagoeneko ahaideren batek okupatzen duen hilobian, hau da, leku berririk okupatu gabe, ez da ezer kobratuko.

2.–Hobitik ateratzea.

Hilerriko hilobi guztietarako, hilotzenak izan nahiz errautsenak izan (leku berri bateko errautsak): hileta zerbitzuen gastuak, enpresa esleipen-hartzailearen fakturaren arabera, eta 400 euro, Lizarragako Kontzejuko kontuan sartzeko.

Prezio horiek urtero eguneratuko dira, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako ezarritako KPIren arabera.

Iragarkiaren kodea: L1613926