11. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3017/2016 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez onesten dira Gizarte Segurantzako enpresa kuota eta soldatetarako diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak, urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuan aurreikusitako Nafarroako laneratze eta gizarteratzeko enpresetarako.

Urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren helburua da txertatze enpresen araubide juridikoa arautzea, bazterketa sozialaren kontrako politika publikoetan, laneratzeko eta gizarteratzeko eragile aktibo diren aldetik, lan merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituztenentzat.

Gizarteratzeko enpresek babesteko, jarraipena egiteko eta gizarte-laguntzako esku-hartzeak egiten dituzte, eta, horiei esker, errazten dute gizarterako eta lanerako ohiturak hartzea, parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzen dutenak, eta lan merkatuan sartzeko ezinbesteko direnak.

Ebazpen honen helburua da enpresa mota horiei babes formulak eskaintzea, horien ezaugarri eta beharretara egokituak, eta, horretarako, haientzat berariaz diseinatutako diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dira.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du diru-laguntzak kasuan-kasuan onesten diren oinarri arautzaileei jarraikiz emanen direla, eta oinarri horiek eta dagokion deialdia modu ofizialean argitaratu behar direla. Foru lege horren 17.1 artikuluak ezartzen du, orobat, diru-laguntzak emateko ohiko prozedura norgehiagokako araubidea izanen dela.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat eta abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Gizarteratze eta laneratze enpresentzako diru-laguntzen deialdia onestea, gizartetik baztertuta daudenentzat, haientzako gizarteratze eta laneratze ibilbideak garatzeko, baita esku-hartze eta lagun egiteko zerbitzuak garatzeko ere, enpresa arruntean txertatzeko helburuarekin. Orobat, oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskin gisa jaso direnak, onestea.

2. 2016ko azaroaren 1etik 2017ko urriaren 31rako aldirako, 1.632.000 euroko gastua baimentzea, 2016. urteko gastuen aurrekontuko kontu-sail honen kargura: “Enplegu Plana. Laneratzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboak lan munduan sartzeko programak. PE EGIF 2014-2020” izeneko 950001 96100 4819 241104. Edo, bestela, 2017. urteko gastuen aurrekontuan gaitzen den antzeko kontu-sailaren kargura.

3. 2016ko azaroaren 1etik 2017ko urriaren 31rako aldirako diru-laguntzen eskaerak aurkezteko, hilabeteko epea izanen da, deialdi hau ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

Oinarri arautzaileetan ezarritakoa izanen da hurrengo ekitaldietarako eskaerak aurkezteko epea.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Iruñean, 2016ko abenduaren 30ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea eta jarduketa esparrua.

Gizartetik baztertuta dauden pertsonak kontratatzeagatik, gizarteratze eta laneratze enpresei diru-laguntzak emateko baldintza eta beharkizunak arautzea dute xede oinarri hauek, haiekin gizartean eta lanean txertatzeko ibilbideak eta esku-hartze eta lagun egiteko zerbitzuak garatzeko, helburua enpresa arruntean txertatzea izanik.

2. Enpresa onuradunak.

2.1. Oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun izan daitezke:

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (hemendik aurrera NL-NEZ), ofizioz, behin-behinekoz txertatze enpresa gisa sailkatutako gizarteratze eta laneratze zentroak.

b) Behin-behinekoz sailkatu zirenetik gutxienez ere 2 urtez funtzionamenduan diren gizarteratze eta laneratze enpresak.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden entitateak.

3. Hartzaileak.

Txertatze enpresek gizartetik baztertuta dauden pertsonak kontrata ditzakete, NL-NEZren enplegu agentzietan langabe gisa izen emanda daudenak, abenduaren 13ko 44/2007 Legean (txertatze enpresen araubidea arautzen duena) ezarritako kolektibo batekoak, baldin gizarteratzeko eta laneratzeko akordio bat sinatzen badute, kontratatuak direnetik hilabeteko epean.

Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuak ziurtatuko du norbait gizartetik baztertuta dagoela.

Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sortzen diren lanpostuak, diru-laguntzaren xede badira, Oinarrizko Gizarte Zerbitzu batetik bideratutako pertsonek bete beharko dituzte, edo NL-NEZren enplegu agentzia batetik bideratuek.

4. Txertatze enpresetan kontratatzea gizarteratzeko eta laneratzeko.

4.1. Lan kontratua 6 hilabetekoa, gutxienez ere, izan beharko da eta, lanaldia, %50ekoa, gutxienez ere.

Gehienez ere, hiru urtez emanen da diru-laguntza kontratudun bakoitzeko, zein den ere hura kontratatzen duen gizarteratze eta laneratze enpresa. Aldi hori zenbatzeko, aintzat hartuko da gizarteratze eta laneratze zentroetan kontrataturik emandako denbora.

4.2. Gizarteratze kontratua idatzita formalizatu beharko da eta NL-NEZn erregistratuko da. Kontratuarekin batera, aldeko irizpena, erantsiko da, gizarte zerbitzuen arloan eskuduna den departamentuak emana.

4.3. Hiru urteko epe horretan, gizarteratze prozesuan den langileak, baldin enpresa arruntean sartu delako, bere gain jarri delako edo Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartzen dituen beste egoera batzuk direla eta, txertatze enpresarekin duen kontratua bukatzen badu, eta gero berriz langabe bihurtzen bada, berriz kontratatzen ahalko dute txertatze enpresek hiru urteko gehieneko epea agortu arte. Kasu horietan ez da eskatuko bete daitezela 3. oinarrian ezarritako baldintzak, salbu gizarteratzeko eta laneratzeko akordio berri bat sinatzea.

5. Gizarteratze eta laneratze enpresek bete beharreko beharkizunak.

Oinarri hauetan aurreikusitako diru-laguntzen onuradun diren gizarteratze eta laneratze enpresek honako betebehar hauek bete beharko dituzte, urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitako beharkizunez gain:

a) 3. oinarrian azaldutako langile bakoitzarentzat gizarteratzeko eta laneratzeko akordio bat egitea, kontratatzen denetik hilabeteko epean.

b) Gizarteratze eta laneratze enpresek txertatze prozesuetan dituzten langileen %10, gutxienez ere, enpresa arruntean sartzea lortu beharko dute urtean; bestela, txertatzea bilatzeko ekintzak gauzatu direla frogatu beharko diote Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Txertatzea bilatzeko ekintzatzat hartzen da enpresetan hiru prospekzio gutxienez egitea urtebetean.

c) Gutxienez ere urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren arabera behar den teknikari kopurua izatea.

d) Ekitaldi bakoitzean prest dauden edo lortu diren emaitza edo soberakinen %80, gutxienez ere, aplikatzea produkzio eta gizarteratze eta laneratze egiturak hobetzeko edo handitzeko. Orobat, betebehar hori betetzat joko da baldin entitateak mozkinak bideratu baditu aurreko ekitaldietako galerak konpentsatzera.

e) NL-NEZri aurkeztea, urte bakoitzeko maiatzean, aurreko urteko jardueraren memoria bat, gizarteratze eta laneratze enpresari buruz, honako hauek behintzat jasoko dituena:

–Enpresaren titulartasuna.

–Kokapena.

–Jarduera nagusia eta osagarria.

–Plantillaren osaera, adieraziz zer langile dauden txertatze prozesuan.

–Egoeraren balantzea.

–Ustiapen kontua.

–Zehaztea nola erabili diren mozkinak, bidezkoa denean, d) atalean ezarritakoarekin bat, kontabilitateko liburu ofizialak aurkeztuta.

–Kontabilitate bereizirako erabiltzen duten sistemari buruzko txostena.

–Jardueraren aurreikuspena eta hurrengo ekitaldiko aurrekontuaren proiektua.

–Honako hauei buruzko informazioa: egindako txertatze lanak eta lan merkatu arruntean zer mailatan lortu diren txertatzeak. Ezarritako %10eko txertatzea betetzen ez bada, justifikatuko da gutxienez ere hiru prospekzio egin direla enpresetan urtebeteko epean.

–Txostena: alta hartutako langileak txertatzeko kontratuekin lotutako akordioak zer mailatan gauzatu diren.

f) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezagutzera ematea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek, Espainiakoek zein atzerrikoek, xede bererako emandako bestelako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta diru-laguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere. Laguntza lortu edo aldaketa egin eta hilabeteko epean komunikatu beharko da.

g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan oro har ezarritakoak.

h) Egiten diren jardueretan eta zerbitzuetan, baita diru-laguntza jasotzen duten jardueren publizitatean, dokumentuetan edo zabalkundean ere, behar bezala identifikatu eta adieraztea NL-NEZren eta Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa izan duela.

i) Jatorrizko agiriak eta kopia ziurtatuak hiru urtez gordetzea, oro har onartzen diren euskarrietan, eragiketaren gastuak biltzen dituzten kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140.1 artikuluak xedatzen duen bezala. Jarduera bukatu edo ixten baldin bada, NL-NEZri igorri beharko zaio dokumentazioa, gorde dezan.

j) Kontabilitate-sistema bereizi bat eramatea Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantzaketaren xedeko eragiketei lotutako transakzio guztietarako, edo, gutxienez, transakzio horiek argi eta garbi identifikatzeko moduko kontabilitate-kodifikazio bat erabiltzea.

k) NL-NEZri laguntzen jarraipena egin ahal izateko behar duen informazio guztia helaraztea eta, bereziki, Europako Gizarte Funtsaren esku-hartzea, kofinantzatutako laguntzei dagokienez.

l) Europako, Espainiako edo Nafarroako erakundeek egiturazko funtsei buruz eska ditzaketen kontrolak onartzea, dagokien auditoreari laguntza emanez.

m) Gardentasunari buruzko betebeharrak:

m.1.) Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

1) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

2) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.

m.2.) Entitateak gardentasunari buruzko betebeharrik ez badu aurreko idatz-zatian aipatutako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

6. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

6.1. Diru-laguntzaren xede izan daitezke gizarteratze eta laneratze enpresen honako jarduketa hauek:

A) Soldatak.

3. oinarrian aurreikusi diren gizarteratze eta laneratze enpresetako langileentzako soldatengatiko diru-laguntzan, portzentaje hauek aplikatuko dira:

a) Lanbide arteko gutxieneko soldataren %75eko diru-laguntza, egindako lanaldiaren proportzioan.

b) Lanbide arteko gutxieneko soldataren %50eko diru-laguntza, langileak egindako lanaldiaren proportzioan, laugarren egunetik hamabosgarren egunera bitarte, biak barne, gaixotasun arruntaren edo lanekoa ez den istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunagatik baja ematen denetik aurrera.

B) Gizarte Segurantzako enpresa-kuoten kalkulua.

Gizarte Segurantzako enpresa-kuoten %100eko diru-laguntza emanen da, barnean direla lan istripuen eta lanbide gaixotasunen aldiak, lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera egoki direnak, kontratuaren indarraldian, lanaldiaren proportzioan.

6.2. Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko orduan, ez da aintzat hartuko gozatu ez diren opor-egunen ordainketa, ezta kontratua bukatzeagatiko kalte-ordainak ere.

6.3. Diru-laguntza hauek Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa izanen dute, %50ekoa, Nafarroako 2014-2020 EGF, CCI 2014ES05SFOP010, programa eragilearen bitartez. Hortaz, aplikatzekoa izanen zaie aipatutako funtsak kofinantzatutako laguntzei dagokien Europako araudia.

7. Eskaerak eta haiek aurkezteko epea.

7.1. Deialdiaren urteko azaroaren eta hurrengo urteko urriaren arteko aldirako eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdia argitaratu eta biharamunetik. Organo kudeatzaileak, oinarri hauetan ezarritakoa kontuan harturik, eskaerako aldi osorako onartuko du diru-laguntza.

Diru-laguntza aurreikusitako epean eskatzen ez bada, ulertuko da enpresak uko egin diola. Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

7.2. Diru-laguntza eskatzeak berekin dakar oinarriak onartzea.

7.3. Eskaera aurkezteak berarekin dakar entitate bakoitzak onartzea NL-NEZk erakunde eskudunei informazioa eskatzen ahal diela, entitateak Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen egiaztatzeko.

Orobat, berekin dakar baimena beste administrazio publiko batzuek kontsulta eta egiazta ditzaten entitate eskatzailea ordezkatzen duen pertsonaren nortasun datuak (NANa). Kontsulta hori egiteko baimena eman ezean, aipatutako pertsonaren NANaren fotokopia erantsi beharko da.

8.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, honako hauetan xedatutakoarekin bat: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikulua.

9. Eskaerekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

9.1. Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute diru-laguntza onartzeko:

a) Diru-laguntza eskabidea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.navarra.es) eskura daiteke.

b) Gizarteratze eta laneratze enpresaren jarduera-memoria, gutxienez ere honako eduki hau izanen du:

–Enpresaren titulartasuna.

–Nortasun juridikoa.

–Kokapena.

–Helburuak, metodologia eta zer populaziori ematen zaion zerbitzua.

–Jarduera nagusia eta osagarria.

–Enpresak txertatzearen arloan duen ibilbidea.

–Txertatze prozesuetan babesa ematea eta lagun egitea: metodologia, tresnak eta giza baliabideak.

–Prestakuntza plana, diru-laguntzaren xedeko aldian eginen diren ekintzak zehaztuta.

–Zeharkako ekintzak: konpromisoa ingurumenarekin eta genero berdintasunarekin.

–Kalitate sistema estandarren bat ezarri baldin bada enpresaren kudeaketan, hori frogatzea eta horri buruzko txostena.

–Plantillaren osaera, adieraziz zer langile dauden txertatze prozesuan.

–Adierazpena, zehazten duena ea diru-laguntzaren xede izan den aurreko aldian kaleratze bidegabea deklaratutakorik egin duen enpresak.

–Jardueraren azkeneko hiru aldietan lotutako txertatzeak, edo, laguntzak lehenbiziko aldiz eskatzen dituzten enpresen kasuan, behin-behineko kalifikaziotik lortutako txertatzeak.

–Jardueraren/negozio-zifraren aurreikuspena eta hurrengo ekitaldiko aurrekontuaren proiektua.

c) Erantzukizuneko aitorpena:

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela.

–Diru-laguntza hauen xede bererako beste laguntzarik ez duela hartzen, edo hartuz gero, guztien artean ez dela kostua gainditzen.

–Europako Gizarte Funtsak publizitateari buruz ezarritako betekizunak.

d) Lehenago Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik ez badu inoiz jaso, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia, banku entitateak behar bezala betea.

9.2. Eskaerak adierazi diren betebeharrak betetzen ez baditu, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio zuzendu dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

9.3. Aurkezten diren agiriak kopia soilak izan daitezke. Nolanahi ere, eskabidea eta behar diren aitorpenak jatorrizkoak izanen dira. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ahalmena izanen du kopia soilean aurkeztutako edozein agiriren jatorrizkoa edo notario edo administrazio batek autentifikatutako kopia eskatzeko.

10. Laguntzak emateko prozedura.

Laguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, hurrengo oinarri arautzailean ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren araberakoa izanen da.

Aurreko deialdian diruz lagundutako postuen batezbestekoa izanen da diruz lagunduko diren postuen kopurua, salbu batezbesteko hori baino apalagoa den postu kopurua eskatzen bada. Betiere, aurrekontuko kontsignazioaren muga izanen da. Laguntza hauek eskatzen dituzten enpresa berrietarako, kontuan hartuko da langileek betetako postuen batezbestekoa, 3. oinarrian aurreikusi baitira, aurreko urteko azarotik dagokion urteko urria arteko hilabeteetan.

Ondorio horietarako, postuen batezbestekoa kalkulatzeko, ateratzen den postu kopurua goitik biribilduko da.

Deialdian krediturik gelditzen bada, lanpostuetarako diru-laguntzak emanen dira, 11.4 oinarrian ezarritakoaren arabera, betiere aurrekontuko kontsignazio muga izanik.

11. Balorazio irizpideak.

11.1. Eskaerak baloratzeko irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Aurkeztutako memoria - proiektuaren kalitatea: 35 puntu arte.

–Metodologia eta koherentzia: 20 puntu arte.

–Prestakuntza plana. Lan munduan sartu aurreko gaitasunak baloratuko dira, baita jarduketa berritzaileak ere. Gehienez ere 10 puntu.

–Prestakuntza eta/edo jardunbide egokiak honelako zeharkako ekintzetan: konpromisoa ingurumenarekin eta genero berdintasunarekin. Gehienez ere 5 puntu.

b) Berme profesionala, bazterturik daudenak txertatzearen arloan enpresak duen ibilbidea:

–2tik 4 urte bitarteko esperientzia: 10 puntu.

–5etik 10 urte bitarteko esperientzia: 15 puntu.

–10 urtetik gorako esperientzia: 20 puntu.

c) Kalitate sistema estandarra ezarria izatea kudeaketaren arloan: 5 puntu.

d) Txertatze prozesuan diren langile kopurua: puntu bat lanpostu bakoitzeko (gehienez ere 15 puntu).

Txertatze prozesuan dauden langile kopurua kalkulatzeko, kontuan hartuko da deialdiaren aurreko urteko batezbestekoa: aurreko urteko azarotik hurrengo urteko urrira artekoa.

e) Plantilla osoa kontuan harturik, langileen zer ehuneko dagoen txertatze prozesuetan:

–%50etik %75era: 5 puntu.

–%76tik %100era: 10 puntu.

Txertatze prozesuan dauden langile kopurua kalkulatzeko, kontuan hartuko da deialdiaren aurreko urteko batezbestekoa: aurreko urteko azarotik hurrengo urteko urrira artekoa.

f) Enpresa arruntean txertatze prozesuan dauden langileen urteko laneratzearen balantzea:

–%15etik %20rako txertatze portzentajea: 5 puntu.

–%20tik %30erako txertatze portzentajea: 10 puntu.

–%30etik gorako txertatzea: 15 puntu.

Urteko laneratzea kalkulatzeko, kontuan hartuko da diru-laguntzaren azkeneko hiru deialdietako batezbestekoa.

Laguntzak lehenbiziko aldiz eskatzen dituzten enpresen kasuan, azken bi urtean lotutako txertatzeen batezbestekoa:

–%10etik %30era bitarteko txertatzeen ehunekoa: 10 puntu.

–%30etik gorako txertatzea: 15 puntu.

Txertatzetzat hartzen da gutxienez 6 hilabetez lan egin izana, txertatze enpresarekin izandako kontratua bukatu ondoko urtean.

11.2. Bai diruz laguntzeko postuen batezbestekoa kalkulatzeko bai eskatutako plantillaren handitzea zehazteko, ez dira kontuan hartuko aldi horretan judizialki bidegabeak deklaratutako edo onartutako kaleratzeak.

11.3. Diru-laguntzaren onuradun izateko, beharrezkoa izanen da gutxienez ere 35 puntu lortzea lanpostuen batezbestekoarengatik.

11.4. Batezbestekotik gora diruz laguntzeko lanpostu kopurua handitzen ahalko dituzte 35 puntu edo hortik gora lortu dutenek, honako proportzio honetan:

–91 puntutik 100 puntura: 5 lanpostu arte.

–81 puntutik 90 puntura: 4 lanpostu arte.

–71 puntutik 80 puntura: 3 lanpostu arte.

–61 puntutik 70 puntura: 2 lanpostu arte.

–35 puntutik 60 puntura bitarte lortuta: lanpostu bat.

Diruz lagundutako postu kopurua inoiz ez da izanen entitateak eskatutakoa baino handiagoa.

11.5. Kreditua balorazioaren ondoriozko lehentasun-ordenari jarraikiz banatuko da. Berdinketa izanez gero, txertatze-portzentaje onena duen enpresari emanen zaio lehentasuna. Berdinketak bere horretan iraunez gero, lehentasuna emanen zaio plantillan txertatze prozesuan langile gehien duen enpresari. Eta hala ere berdinketak irauten badu, kontuan hartuko da eskaeraren erregistroko sarrera-data.

12. Prozeduraren instrukzioa.

Prozedura instruitzeko organo eskuduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.

Instrukzio organo horrek Balorazio Batzordeari eskatuko dio, aurkezten diren eskaerak ikusita eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala egindako ebaluazioaren emaitza azaltzeko.

Balorazio Batzordearen irizpena loteslea izanen da. Organo horrek kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Enplegua Sustatzeko Programen Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Lan Munduan Sartzen Laguntzeko Bulegoko burua.

Instrukzio organoak, Balorazio Batzordearen ebaluazioa eta txostena ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.

13. Prozedura ebaztea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, proposamen txostena ikusita, behar den ebazpena eman eta jakinaraziko du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean gehienez. Epea ebazpena jakinarazi gabe iraganik, diru-laguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Ebazpenak alderdi hauek jasoko ditu gutxienez:

–Entitate onuradunen zerrenda.

–Onetsitako, ukatutako eta onartu ez diren eskaeren zerrenda eta ukatzeko edo ez onartzeko arrazoiak, aurrekontuko diru-izendapen eskasiagatik ukatu direnak espres adierazita.

–Lortutako puntuazioa eta eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa.

–Diruz lagundu beharreko lanpostuak.

–Guztira onartutako diru kopurua.

Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

14. Diru-laguntzaren ordainketa.

14.1. b) Hilero, zentroek ordaintzeko eskaera aurkeztuko dute, gizarteratzearen xedeko langileei ordaindutako soldatak eta Gizarte Segurantzaren kuotak frogatuta, organo kudeatzaileak diru-laguntza ordaintzeko agindua eman ahal dezan.

Diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko epea hilabetekoa da, soldatak eta Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzen dituztenetik aurrera.

14.2. Ordainketa egiteko aurkeztu behar den dokumentazioa bat etorriko da horretarako dauden eredu normalizatuekin. Honako hau izanen da:

a) Eskabidea.

b) Soldaten kasuan:

–Soldaten hilabetekako laburpena.

–Nominen eta ordainketa agirien kopia.

–Plantillan izandako aldaketak, halakorik izanez gero, dokumentazio osagarriarekin batera.

–Hilabetean sinatutako laneratze akordioak.

a) Gizarte Segurantzaren kasuan:

–Gizarte Segurantzari dagokion hilabetekako laburpena.

–Gizarte Segurantzako kotizazioko buletinen kopia, baita ordainagirien kopia ere.

15. Aurrekontuko zuzkidura.

Urtero, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan egoki den kontu-sail onetsiaren kargura finantzatuko dira oinarri hauetako diru-laguntzak; zehazki, programa honetarako den kontu-sailaren kargura: “Laneratzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboak lan munduan sartzeko programak. PE EGIF 2014-2020”. Betiere, aurrekontuko kontsignazioaren gehieneko mugaraino.

16. Bateragarritasuna.

Oinarri hauen xedeko diru-laguntzak bateragarriak izanen dira beste laguntza batzuekin, hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako batzuekin. Hala ere, diru-laguntzen zenbatekoa ez da inoiz proiektua gauzatzean sortutako kostuaren %100 baino handiagoa izanen, laguntza bakar bat izan edo jarduera horiek finantzatzen dituzten beste administrazio batzuek nahiz entitate publiko edo pribatuek, Estatukoek edo nazioartekoek, emandako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei gehituta izan.

17. Jarraipena eta kontrola.

17.1. NL-NEZk beharrezko zeregin guztiak eginen ditu diruz lagundutako jarduketak kontrolatzeko eta haiei jarraipena egiteko. Txertatze enpresek beharrezkoak diren datu, agiri eta informazio guztiak emanen dituzte egindako jarduketa ebaluatzeko, justifikatzeko, jarraitzeko eta kontrolatzeko.

17.2. NL-NEZk laguntzaren xedeko jarduketak ikuskatzen ahalko ditu, diru-laguntzak ematean aintzat hartutako eta ezarritako baldintza eta zehaztapenei egokitzen ote zaizkion egiaztatzeko. Horretarako, beharrezkoak diren bisitak eginen ditu diru-laguntza jasotzen duten jarduerak egiten diren tokietara.

18. Publizitatea.

18.1. NL-NEZk Nafarroako Atarian argitaratuko ditu onartutako diru-laguntzak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzetan, eta, orobat, egiturazko funtsei buruzko xedapenak ezartzen dituen 1303/2013 EB Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. atalean ezarritakoa betez (Informazioa eta komunikazioa).

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web orrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

18.2. Egiten ari diren eragiketak Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako programa eragile baten esparruan hautatu direla iragarriko dute entitate onuradunek, argi eta garbi. Eragiketa mota honen gaineko agiri guztietan, adierazi beharko da programa eragilea Gizarte Funtsak kofinantzatu duela. Informazio eta publizitatean elementu hauek agertuko dira: Europar Batasunaren ikurra, 1826/2013 (EB) Erregelamenduaren XII. eranskineko 2.2. puntuan ezarritako arauen arabera, eta “Europako Gizarte Funtsa” testua.

19. Diru-laguntzen aldaketak.

19.1. Diru-laguntzak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, NL-NEZri komunikatu beharko zaio aldez aurretik, baimen ditzan.

19.2. Funtsezkotzat hartzen diren aldaketen kasuan, NL-NEZk behar den ebazpena emanen du. Aldaketak ez funtsezkotzat jotzen badira, Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendariak emandako ofizioaren bidez komunikatuko da baimena.

20. Betebeharrak ez betetzea eta diru-laguntzak itzultzea.

20.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak ez badira betetzen, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak ez badira betetzen. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

20.2. Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatuz gero, eta aldaketa hori NL-NEZri komunikatzen ez bazaio, diru-laguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interesak barne, ezar daitekeen zehapena galarazi gabe.

20.3. Txertatzeko langileak ez badu irauten ezarritako 6 hilabeteko epea, kontratazio horregatik jasotako diru-laguntza itzuliko da.

20.4. Enpresak ez badu betetzen teknikari kopuru gutxienekoari eusteko betebeharra, urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren 19.1 artikuluak ezarri bezala, ordezteko daukan hilabeteaz haratago, ez du diru-laguntza jasoko beharkizuna betetzen ez duen denboran. Gainera, ordeztu gabeko teknikariaren bajatik jasotako kopuruak itzuli beharko ditu enpresak, egoki diren berandutze-interesekin. Kasu honetan, organo kudeatzaileak behar den ebazpena emanen du.

20.5. 5. oinarriko memoria aurkezten ez bada, eten eginen da ordaindu gabe gelditzen diren diru-laguntzen ordainketa, harik eta memoria aurkeztu arte. Dokumentazio hori ez bada urriaren 31 baino lehen aurkezten, ulertuko da enpresak urte horretako ekainaren 1etik aurrera aurkeztutako eskaerei uko egin diela. Kasu horretan, diru-laguntza aldatzen duen ebazpena emanen du organo kudeatzaileak, baldintza bete ez den denborari dagokion diru-laguntza gutxituta.

20.6. Bi urtez segidan txertatzeko betebeharra betetzen ez bada, urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako moduan, ez betetze horretatik aurrerako hurrengo deialdiko diru-laguntzak lortzeko beharkizunak ez direla bete ulertuko da.

20.7. Kontratatutako langilearekin hilabeteko epean gizarteratze eta laneratze akordio bat sinatzeko betebeharra betetzen ez bada, 5. oinarriarekin bat, ulertuko da langile horregatik jaso beharreko diru-laguntza hartzeko beharkizunak ez direla bete, eta sinaduraren aurretik jasotako kopuruak itzultzeko arrazoia izanen da.

21. Zehapen araubidea.

Arau-hausteen eta zehapenen araubideari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio.

22. Ordezko araudia.

Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan honako hau aplikatuko da: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua (haren bidez ezarri ziren Europako Egitura eta Inbertsio Funts guztiei buruzko xedapen komunak), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 13ko 1304/2013 (EB) Erregelamendua (Europako Gizarte Funtsari buruzkoa) eta Batzordearen abenduaren 8ko 1828/2006 (EE) Erregelamendua (haren bidez eman ziren Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua garatzeko arauak).

Iragarkiaren kodea: F1700022