11. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZA

Ordenantza fiskala, Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Itzako Udalak, 2016ko irailaren 6an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga (EIOZ) arautzen duen ordenantza fiskala.

Onespenaren erabakia 2016ko 196. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 10ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Itzan, 2016ko azaroaren 22an.–Alkatea, Floria Pistono Favero.

ORDENANTZA FISKALA, ITZAKO UDALAREN ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. Tituluko V. Kapituluko 167.etik 171.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren babesean.

Zergapeko egintza

2. artikulua.

1.–Zergaren zergapeko egintza da udal mugapean zernahi eraikuntza, instalazio edo obra egitea, baldin hartarako beharrezkoa bada hirigintza edo obra lizentzia bat, lizentzia hori erdietsia izanik ala izan gabe, edo erantzukizuneko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren aurkezpena eskatzen bada, baldin Itzako Udalari badagokio lizentzia ematea eta lizentzia emateari buruzko txostena, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 39. artikuluan xedatzen denaren arabera.

2.–Aipatze aldera, zergari atxikitako zergapeko egintzatzat har daitezke hauek:

A) Mota guztietako eraikin eta instalazioak berritik egiteko obrak.

B) Eraispen obrak.

C) Mota guztietako eraikin eta instalazioak aldatzeko edo berritzeko obrak, egiturari edo kanpo itxurari eragiten badiote.

D) Eraikinen barneko egitura aldatzen duten obrak, edozein izanik ere duten erabilera.

E) Lehendik eginak dauden mota guztietako eraikin eta instalazioak handitzeko obrak.

F) Behin-behinekoz egin beharreko obrak.

G) Sestrak.

H) Zerbitzu publikoak paratzeko obrak.

I) Hilerrietako obrak.

J) Lur mugimenduak, hala nola zelaitze lanak, hondalanak eta betelanak, baldin eta ez badira zehaztu eta programatu onetsia edo baimendua den urbanizazio edo eraikitze proiektu barneko obra gisa.

K) Finken itxiturak.

L) Zorupea ukitzen duten obrak edo instalazioak.

M) Eremu publikotik ikusten diren propagandako kartelak paratzea, betiere lokal itxietan ez badaude.

N) Halako ahalmen ekonomikoa erakusten duten baliabide ekonomikoen inbertsioak berekin dakartzaten eraikuntza, instalazio edo obrak, baldin eta hirigintzako obra lizentzia behar badute.

Salbuespenak

3. artikulua.

Eraikuntza, instalazioa edo obra egitea zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da baldin eta horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak edo toki entitateak, eta baldin eta, zergapekoak izanik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepide, burdinbide, portu, aireportu, lan hidrauliko, hiri saneamendu edo haien hondakin uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatu, dela eraikuntza berritik egiteko dela kontserbazio lana izan.

Halaber, eraikuntza, instalazioa edo obra egitea zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da baldin eta etxebizitzen jabeak badira Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua edo Nafarroako toki entitateak, eta baldin eta, irabazi asmorik gabeko entitateei lagata egonik, arazo ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko badira.

Subjektu pasiboak

4. artikulua.

1.–Zerga honen subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, pertsona fisiko nahiz juridikoak, herentzia banatu gabeak, ondasun elkarteak eta, nortasun juridikorik izan gabe ere, unitate ekonomikoa edo ondare banandua osatzen duten beste entitateak, obraren jabe badira.

Itzako Udalaren aitzinean argi eta garbi egiaztatzen ez bada obren jabea obra horretako eraikinaren jabeaz bertze pertsona bat edo entitate bat dela, obrena bera hartuko da eraikinaren jabetzat.

2.–Eraikuntza, instalazioa edo obra subjektu pasibo zergadunak egiten ez duenean, zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat joko dira kasu bakoitzean lizentziak eskatzen edo erantzukizuneko aitorpenak edo aurretiazko komunikazioak aurkezten dituztenak, edo eraikuntzak, instalazioak edo obrak egiten dituztenak Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako tributu-kuotaren zenbatekoa.

Zerga-oinarria

5. artikulua.

Zerga-oinarria eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoa da, eta holakotzat hartzen da, ondorio hauetarako, haren exekuzio materialari dagokiona, proiektuan diren elementu guztiak barrenean hartuta, eta lizentziaren edo erantzukizuneko aitorpenaren helburu den eraikuntzari, instalazioari edo obrari dagokionez berezitasun edo nortasun propiorik ez badute. Zerga-oinarriaren zati ez dira ez balio erantsiaren gaineko zerga, ez araubide bereziko antzeko zergak, ez tasak, prezio publikoak edo tokiko izaera publikoko ondareko gainerako prestazioak, horiek eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak badira, ez eta profesionalen ordainsaria, kontratistaren enpresa-mozkina edo beste edozein kontzeptu ere, burutze materialaren kostuan sartzen ez badira.

Kuota eta karga-tasa

6. artikulua.

1.–Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikaturik ateratzen dena.

2.–Hau izanen da karga-tasa:

Karga-tasa orokorra: %4.

Sortzapena

7. artikulua.

1.–Zerga hau, eraikuntza, instalazioa edo obra hasten delarik sorrarazten da, nahiz eta hartarako lizentziarik lortu ez den.

2.–Zerga honi dagokionez, eraikuntza, instalazio eta obrak hasiak direla ulertuko da, kontrakoa frogatzen ez den bitartean:

a) Aginduzko udal lizentzia onartu denean, interesdunak edo haren ordezkariak lizentzia hori biltzen duten egunean, edo, lizentzia biltzen ez bada, 30 egun iraganda hura onesteko dekretuaren edo ebazpenaren egunetik aitzina.

b) Udalak aginduzko lizentzia onartu gaberik, hura gauzatzeko edozein egintza material edo juridiko mota egiten denean.

Kudeatzeko arauak

8. artikulua.

1.–Aginduzko lizentzia ematen denean, edo erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean, edo, oraindik lizentzia eskatu, onartu edo ukatu gabe, edo horiek aurkeztu gabe, eraikuntza, instalazioa edo obra hasi bada, behin-behineko likidazio bat eginen da konturako, eta honela zehaztuko da zerga-oinarria:

a) Interesdunek aurkeztutako aurrekontuaren arabera, betiere dagokion elkargo ofizial batek ikus-onetsi badu, hura aginduzko baldintza denean.

b) Aurrekonturik ez dagoenetan, ordenantza honen eranskineko baremoen arabera.

2.–Hasierako proiektua dagokion lizentzia eman ondoren aldatzen bada, lizentzia aldatzeko eskaera aurkeztu behar da, aurrekontu berriarekin batera, behin behineko likidazio berria egiteko, aurrekontuan izandako aldaketaren arabera, hasierakoa gainditzen duen kopuru berean.

3.–Udalak autolikidazio bidez eskatzen ahalko du zerga hau.

9. artikulua.

1.–Ikusirik egiazki egin diren eraikuntzak, instalazioak eta obrak, baita horien benetako kostu eraginkorra ere, Udalak, hala behar denean, behin-behineko zerga-oinarria aldatuko du behar den egiaztapen administratiboaren bitartez, eta behin betiko likidazioa eginen; hori egin ondoren, subjektu pasiboari eskatuko dio paga diezaion edo, hala behar denean, gehiegi jarritakoa itzuliko dio.

2.–Aurreko atalean xedatutakoari dagokionez, obra burutu edo behin-behinekoz jaso eta hurrengo hilabetean, inguruabar horren berri ematen duen deklarazioa aurkeztuko da eta horrekin batera eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren benetako kostua eta obraren zuzendari fakultatiboak emandako ziurtagiria ere bai, bidezkoa denean behar den lanbide elkargoak ikus-onetsia, zeinean obraren kostu osoa egiaztatuko baita.

10. artikulua.

Zergaren likidazioaren ondorioetarako, berdin jokatuko da administrazioaren isilbide positiboaz eman diren lizentziekin eta berariaz eman direnekin.

11. artikulua.

Lizentziaren titularrak baimendutako obrak, eraikuntzak edo instalazioak egiteari uko egiten badio, idatziz aurkeztutako berariazko ukoaren bidez, Itzako Udalak, hala behar denean, ordaindutakoa itzuliko du.

Halaber, lizentzia iraungi ondoren, Itzako Udalak egindako likidazioa deuseztatuko du eta, hala behar denean, itzuliko, non ez duen titularrak lizentzia horren berritzea eskatzen eta Udalak baimentzen.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan aurreikusirik ez dagoen orotan aplikatzekoa izanen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

Bigarrena.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 5/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta ondokoetan ezarritako prozeduraren arabera behin betiko onetsitakoan, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

ERANSKINA

1.–Berritik egindako etxebizitzarako ezarritako prezioak, kalitate ertainekoa denean (euro/m² erabilgarria).

2008a arte abiapuntua izan zen Nafarroako Gobernuaren prezio hitzartuko etxebizitzetarako ezarritako modulua, deskribatzen diren gastuak kendurik eta prezioaren %20 gehiturik.

2009az geroztik, prezio tasatuko moduluak erabiltzen dira, prezioa murriztu gabe. 2013az geroztik %25 kentzen da.

2.–Birgaitzea eginez gero prezio hori murriztuko da, baldin eta honako hauek mantentzen baditu:

Fatxadak soilik, baorik ireki gabe: %85.

Fatxadak, forjatuak eta estalkiak, nahiz eta teilaberritu eta hobetu: %60.

Guztia, trenkadaren bat lekuz aldatzea baizik ez dakar: %40.

Prezioak, BEZa kanpo.

Urbanizazio eta itxitura lanak aparte baloratuko dira.

PREZIOAK
euro/m² erabilgarria
2016. URTEA

PTE
= (modulua x 1,5)

URBANIZAZIOA

INDUSTRIA MOZKINA

ORDAINSARIAK

LIZENTZIA

PREZIOA
MURRIZTU
GABE

BURUTZE
MATERIALA,
GUZTIRA
euro/m² erabilgarria

BURUTZE
MATERIALA,
GUZTIRA
euro/m² erabilgarria
(%25 murriztuta)

BURUTZE
MATERIALA,
GUZTIRA
euro/m² eraik.

BURUTZE
MATERIALA,
GUZTIRA
euro/m² eraik.
(%25 murriztuta)

ETXEBIZITZA

1.793,80

0,8

1/1,15

1/1,1

1/1,03

1

1.101,38

826,03

881,10

660,826585

LOKALA

717,52

0,8

1/1,15

1/1,1

1/1,03

1

440,55

330,41

352,44

264,330634

ATARIPEA/TERRAZA

358,76

0,8

1/1,15

1/1,1

1/1,03

1

220,28

165,21

176,22

132,165317

Prezio hauek urtero eguneratuko dira, Nafarroako Gobernuaren moduluen arabera.

L1613630

Iragarkiaren kodea: L1613630