11. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3016/2016 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, nekazaritzaren sektorean kontratazioa sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituena.

2001etik aurrera, jarduketak egin dira nekazaritzaren sektorean lan kontratazioa errazteko, nekazaritzako enpresek sasoiko kanpainetan dituzten beharrei erantzuteko asmoz.

Arlo horretan onetsi zen azken deialdia maiatzaren 28ko 416E/2013 Ebazpena izan zen. Xedea zuen diru-laguntzak ematea nekazaritzako lanbide elkarteei Nekazaritzako Enplegu Plana ezartzearekin lotutako jarduerak egiten dituzten langileak kontratatzeko.

Deialdi horretan, nekazaritzako lanbide elkarteek egindako kontratazioen lan kostuen zati bat lagundu zen diruz, helburua izanik zenbait jarduketa egitea, hala nola enpresaburuei eta langileei aholku ematea, eskulanaren aldi baterako premiak planifikatzea, informazioa ematea administrazio tramiteei buruz edo sasoiko langileen ostatuak koordinatu eta sustatzea.

Dena dela, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bidezkotzat jotzen du diru-laguntzaren helburua aldatzea, eraginkorragoa izan daitekeelakoan nekazaritzako lanbide elkarteek emandako zerbitzuak laguntzea diruz, horrek eragina baitu nekazaritzako kanpainak egiteko kontratatutako sasoiko langileen Gizarte Segurantzako alten kopuruaren gainean.

Sasoiko langileen egoera hurbiletik ezagututa, beharrezkoa da egin beharreko kontratazioen xedeko zerbitzuak bere gain hartzen dituzten elkarteek lantokia Nafarroako Foru Komunitatean izatea; izan ere, kontratazioak egiten dituzten enpresaburuak eta jarduketa horiek lurraldeari lotuta daude beren lanaren xedeko kanpainetan.

Bestalde, deialdi honen helburua izanik, batetik, nekazaritzako enpresen kontratazioa sustatzea eta langileei aholku ematea lan arloan dituzten eskubide eta betebeharrei buruz, eta bestetik, Foru Komunitatean aritzen diren lanbide elkarteen jarduna bultzatzea ere, bidezkotzat jotzen da baldintza hori ezartzea, alegia, bertan lantoki bat izatea.

Hori dela eta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bidezkotzat jotzen du deialdi hau argitaratzea eta ebazpen honen eranskinean jasotzen diren oinarri arautzaileak onestea.

Abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen eranskinean jasotzen diren oinarri arautzaileak eta nekazaritzaren sektorean kontratazioa sustatzeko diru-laguntzen deialdia onestea.

2. 120.000 euroko gastua baimentzea, 2017ko gastuen aurrekontuko “Enplegu plana. Nekazaritzako enpleguari arreta emateko Plana” izeneko 950001 96100 4819 241108 kontu-sailaren kargura, edo aurrekontuan gaitzen den antzeko kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Iruñean, 2016ko abenduaren 30ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

ERANSKINA

1. Xedea eta jarduketa esparrua.

Deialdi honen xedea da baldintzak eta betebeharrak arautzea nekazaritzako lanbide elkarteei diru-laguntzak emateko, nekazaritzako sektorean nekazaritzaren sasoiko kanpainetan kontratazioak sustatzearekin lotutako jarduketak egin ditzaten.

Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak eta laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak honako hauek dira:

a) Nafarroako egoiliarrak diren sasoiko langileak kontratatzea, Nafarroako enplegu agentzietan langabe gisa agertzen badira. Horrek ondoko jarduketak dakartza:

–Nafarroako eskualde bakoitzean behar den aldi baterako laneskuaren plangintza egitea, nekazaritzaren kanpainen arabera.

–Eskaintzak elkarlanean kudeatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren enplegu agentziekin, haietan inskribatutako langabeen kontratazioa koordinatzeko.

–Nekazaritzako langileen kontratazioa legearen araberakoa izan dadin egin behar diren administrazio tramiteak (Gizarte Segurantzan alta ematea).

50 eurokoa izanen da diru-laguntza nekazaritzako kanpainetan langileei egiten zaien kontratu bakoitzeko. Muga 45.000 eurokoa da atal honetan. 5.000 euroko edo handik gorako jarduketak baino ez dira lagunduko diruz, hau da, gutxienez 100 kontratukoak direnak.

b) Lan arloko aholkularitza eta informazioa ematea aurreko puntuko langileei, beren eskubideen eta betebeharren gainean.

20 euro ordainduko dira aholkularitza edo informazioa jaso duen langile bakoitzeko. Gehienez ere 15.000 euro jaso daitezke. 2.500 euroko edo handik gorako jarduketak baino ez dira lagunduko diruz, hau da, gutxienez 125 aholkularitzakoak direnak.

Gutxienez 2 orduko talde-jarduketetan, saiora bertaratutako 3 pertsonek aholkularitza bat osatuko dute (muga: 15 bertaratu).

Jarduketa Nafarroan egin beharra dago.

3. Diru-laguntzaren onuradunak eta haiek bete beharrekoak.

Diru-laguntzen onuradun izateko, nekazaritzaren lanbide elkarteek 2. oinarrian zehaztutako jarduketak egin behar dituzte eta kasuan kasuko proiektua gauzatzeko behar adinako gaitasun teknikoa eta egitura eduki behar dute.

Diru-laguntzen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nekazaritzako lanbide elkarte gisa legez eratua izatea.

b) Lantoki bat Nafarroan izatea.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetako batean ere ez egotea.

4. Aurrekontuko zuzkidura.

Urte bakoitzean Nafarroako Aurrekontu Orokorretan nekazaritzaren sektorean nekazaritzaren sasoiko kanpainetan kontratazioak sustatzeko diru-laguntzen programa kudeatzeko onesten den kontu-sailaren kargura finantzatuko dira deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak, aurrekontuetan dagoen gehieneko diru-muga agortu arte.

5. Egin beharreko jardueren eta proiektuari atxikitako pertsonen betebeharrak.

Entitate eskatzaileek egin beharreko jarduerek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Deialdi honen 2. oinarrian jasotako jarduketekin zerikusia duen jarduera bat izatea.

b) Entitate eskatzaileek zuzenean gauzatzea.

c) Jarduerak diru-laguntza ematen den urte naturalean egitea oso-osorik. Zehazki, kasuko urteko abenduaren 15a izanen da jarduerak gauzatzeko azkeneko eguna.

d) Lan arloko aholkularitza eta informazioa emanez proiektuari atxikita dauden pertsonek diplomaturaren, graduaren edo lizentziaturaren titulu bat eduki behar dute, halako zerbitzuak emateko prestakuntza egokia duena: Zuzenbideko lizentziatura, Lan Harreman eta Giza Baliabideetako gradua, Lan Harremanetako diplomatura, Lan Harremanetako gradua edo pareko tituluak.

e) Proiektuari atxikitako langileak kontratatzeko, legez aurreikusitako edozein lan kontratazio modalitate erabili beharko da.

Aurreko baldintzetako bat ez betetzeak ekarriko du diru-laguntzarik ez jasotzea baldintza horiek betetzen ez dituzten jarduerek.

6. Eskaeren eta dokumentazioaren aurkezpena.

1. Urtero, eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia argitaratzen denetik hasita.

Eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietan eta bitartekoak erabiliz aurkez daitezke. www.navarra.es web orriaren bidez sartzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan (sinadura elektronikoa behar da).

Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

2. Deialdi honetan parte hartu nahi duten entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web orri ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.

b) Egin beharreko jardueren memoria zehatza.

c) Entitatearen eratze akta edo eskritura, eta horren estatutuak, bai eta entitate eskatzailea ordezkatzen duenaren behar adinako ahalordea ere, salbu eta ordezkapenaren ahalordea horren estatutuetatik beretik eratorria bada.

Agiri horiek ez dira aurkeztu behar Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak lehendik badu. Halakoetan, entitate eskatzaileak identifikatu beharko du zer espedientetan dagoen dokumentazio hori.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzearen aitorpena.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen zaion lehenbiziko aldia baldin bada.

f) Erantzukizuneko ziurtagiria edo aitorpena, adierazteko aurreikusitako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa ez dela langileria gastuen kostu osoa baino handiagoa.

g) Proiektuari atxikitako pertsonen kontratuak eta titulazioa.

Eskaerak adierazi diren betebeharrak betetzen ez baditu, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio zuzendu dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

3. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4. Halaber, eskaera aurkezteak berarekin dakar entitate eskatzaileak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea horrek erakunde eskudunei informazioa eska diezaien aipatu entitateak zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta ebazpena emateko behar diren beste edozein betetzen dituela egiaztatzeko. Entitate eskatzaileak berariaz uko egiten badio baimen hori emateari, kasuan kasuko agiriak erantsi beharko ditu.

7. Prozeduraren instrukzioa eta balorazio batzordea.

Prozedura instruitzeko organo eskuduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzurako Zerbitzua izanen da.

Instrukzio organo horrek Balorazio Batzordeari eskatuko dio, espedienteak ikusita eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala egindako ebaluazioaren emaitza azaltzeko.

Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua: Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekidea: Lurralde Antolaketaren, Zerbitzuen eta Entitateen Ataleko burua.

Idazkaria: Lurralde Antolaketaren, Zerbitzuen eta Entitateen Ataleko teknikari bat.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak, Balorazio Batzordearen ebaluazioa eta txostena ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko diona.

8. Laguntzak emateko prozedura.

Laguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, hurrengo oinarri arautzailean ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Behar izanez gero, proposatzen den diru-zenbatekoa hainbanatuko da lortutako puntuen arabera gutxieneko puntuazioa gainditzen duten onuradun guztien artean, Diru-laguntzei buruzko Foru legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

9. Balorazio irizpideak.

Proiektuak baloratzeko irizpide hauek aplikatuko dira:

a) 2. oinarriko a) puntuko jarduketak ukitutako pertsona kontratatutakoen kopurua, 60 puntu arte. 20 langileko multzo bakoitzeko, 100dik gora (entitateek gutxienez bete beharreko baldintza), 1,5 puntu. Ez da puntuazio proportzionalik aplikatuko multzo bat 20 langile kontratatu izatera ailegatzen ez denean.

b) Ondoko kolektibo hauetako edozeinek 2. oinarriko Gizarte Segurantzako alta guztien gainean duen proportzioa:

–30 urtetik beherakoak.

–45 urtetik gorakoak.

–Denbora luzeko langabeak. Halakotzat joko dira arreta jaso aurreko 540 egunetatik gutxienez 360 egunean enplegu zerbitzu publiko eskudunean inskribaturik egon diren langabeak.

–Gizarteratzeko errenta jasotzen dutenak.

Puntu 1, ehuneko puntu bakoitzeko, 20 puntu egin arte, dezimalik gabe.

c) Beren eskubideei eta betebeharrei buruz nekazaritzaren sasoiko kanpainetan kontratatutako langileei lan arloko aholkularitza eta informazioa ematen zaien aldi bakoitza, 40 puntu. 25 langileko multzo bakoitzeko, 125etik gora (entitateek gutxienez bete beharreko baldintza), 1,6 puntu. Ez da puntuazio proportzionalik aplikatuko multzo bat ailegatzen ez denean aholkularitza jasotako 25 langile izatera.

Gutxienez 40 puntu eskatuko dira, eta horretara heldu ezean, ez da diru-laguntzarik emanen. Gehienez 120 puntu lortzen ahalko dira.

Onartutako eskaera guztiak aztertu eta aurreko puntuetan adierazitakoari jarraikiz ponderatu ondoren, entitate eskatzaileei diru-laguntzak emanen zaizkie, bakoitzak eskatutakoaren gainean edo, hala badagokio, onartzen den diru kopuruaren gainean.

10. Prozedura ebaztea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, eskatutako diru-laguntza eman edo ukatzeko ebazpena emanen du, eskaera aurkeztu ondoko hiru hilabeteko epean, gehienez ere.

Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertuko da aurkeztutako eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela. Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

Administrazio ebazpenak alderdi hauek jasoko ditu gutxienez:

–Entitate onuradunen zerrenda.

–Diru-laguntza ukatu zaien entitateen zerrenda, eta ukatzeko arrazoia.

–Lortutako puntuazioa.

–Onuradun bakoitzari eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa.

–Guztira emandako diru kopurua.

11. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunaren betebeharrak izanen dira, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezartzen direnak, eta bereziki honako hauek:

a) Diru-laguntza edo laguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.

b) Frogatzea, batetik, jarduketa burutu dutela, eta bestetik, diru-laguntza emateko eskatzen diren betebehar eta baldintzak eta emateko ebazpenean ezartzen direnak bete direla.

c) Laguntza emateko orduan aintzat hartu ziren inguruabar eta baldintzetan gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea.

d) Jarduketak sustatu eta zabaltzeko adierazpen guztietan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela agerraraztea.

e) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzaren gainean eskatzen dion informazio guztia ematea.

f) Nafarroako Gobernuaren kontu-hartzailetza orokorrak egiten dituen finantza-kontrolerako jarduketa guztiak onartzea.

g) Gardentasunari buruzko betebeharrak:

g.1. Onuradun diren entitate eta pertsona juridikoak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritako gardentasun betebeharrari lotuak egonen dira, aurrekontu horien kargurako diru-laguntzak jaso eta bi baldintza hauek betetzen direnean:

1) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

2) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.

g.2. Entitateak gardentasunari buruzko betebeharrik ez badu aurreko idatz-zatian aipatutako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

12. Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1. Diru-laguntza modu hauetako baten bidez ordaindu ahalko da:

a) Jarduera oso-osorik gauzatu ondoren, onuradunak diruz lagundutako jarduera justifikatuta.

b) Emandako diru-laguntzaren %50 kontura ordainduta, onuradunak eskatu ondoren eta, gutxienez diruz lagundutako jardueren %50 egin direla frogatzeko, memoria tekniko partzial bat aurkeztu ondoren, eranskinetan zehaztutako dokumentazioarekin batera behar bezala beteta dauden eranskinak erantsita dituena.

2. Gainerakoa edo diru-laguntza osoa jasotzeko, kasua zein den, onuradunak, abenduaren 31 baino lehenago, egindako jardueren exekuzio memoria bat aurkeztu beharko du, honako hau dakarrena: jardueren deskripzioa, kokalekua, langile kausatzaileen kopurua, aurreikusitako helburuak eta bete gabeko aurreikuspenak, eta, kasua bada, emaitzen balorazioa, zeini eranskinak gehituko baitzaizkio, bai eta deialdiaren 9. oinarriko irizpideen arabera diru-laguntzaren xedeko jarduerak egin direla frogatzen duten kasuan kasuko ziurtagiriak ere, behar bezala beteak, eta helburu berberarekin eskuratutako laguntza edo diru-laguntza publiko zein pribatuen gaineko erantzukizuneko aitorpena.

Agiri-euskarrian (jatorrizkoak eta konpultsarako kopiak) eta euskarri informatikoan aurkeztuko dira ziurtagiriak, Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratutako ereduei jarraituz (www.navarra.es).

3. Ordaintzeko modua edozein delarik ere, lehenengo ordainketa egin baino lehen, onuradunak frogatu beharko du 11.g) oinarrian ezarritako moduan eta epean aurkeztu duela oinarri horrexetan adierazitako dokumentazioa, edo Foru Komunitateko Administrazioaren zein organori aurkeztu dion adierazi, organo horrek emandako diru-laguntzaren onuradun izateagatik. Informazio hori eman izana ez da frogatu beharrik izanen, hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuta badago. Betebehar hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da ordainduko, ez eta aurrerakinak eta konturako ordainketak ere.

Aipatu dokumentazioa berrikusi ondoren, espedientea itxiko da likidazio ebazpen egokiaren bidez.

Entitate onuradunak eman zaion diru-laguntzaren funtsak hartu dituela ziurtatu beharko du.

13. Jarraipena eta kontrola.

Entitate onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko kontu-hartzailetzarenak, Kontuen Ganberaren legedian ezarritakoak eta legez bidezko diren gainerako egiaztatzeak.

14. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Nekazaritzaren sektorean kontratazioak sustatzeko jardueren diru-laguntzak bateragarriak dira helburu bererako ematen ahal diren bestelako laguntza edo diru-laguntzekin.

Nolanahi ere, ematen diren diru-laguntzen zenbatekoa behin ere ez da izanen, berak bakarrik edo beste administrazio publikoen edo Espainiako edo atzerriko entitate publiko edo pribatuen diru-laguntza edo laguntzei metaturik, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

15. Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

Programa gauzatzen ez bada, edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Eskaeran aurreikusitako jardueren kopuru osoa ez egiteagatik, horiengatik diru-laguntza eman bada: ez-betetze guztien kopuruari dagokion zenbatekoa itzuli edo murriztea, %50 handituta 9.b oinarrian aurreikusitako kolektiboak ukituta gelditzen direnean, eta %20 handituta, oinarri horretan sartuta ez daudenei dagokienean.

Laguntza ematen duen ebazpenean ezarritako epean justifikatu ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta aurreratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, berandutza interesak barne.

Emandako diru-laguntza osoa itzuli beharko da, halaber, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ezartzen dituen betebeharrak betetzen ez badira.

Entitate onuradunak diru-laguntzaren baldintzen aldaketa komunikatu eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartzen badu, azken horrek aldaketa baino lehen jasotako diru guztia edo parte bat itzul dezala eskatzen ahalko du, baina berandutzako interesak eskatu gabe. Proposatutako kolektiboei dagozkien aldaketak ez dira onartuko.

16. Arau-hausteak eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

17. Publizitatea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Enpleguaren Atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat. Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web orrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan ezarritakoarekin bat.

18. Ordezko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1700021