11. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EULATE

Gardentasuna, informazioaren eskuragarritasuna eta berrerabilpena arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Eulateko Udalak, 2016ko urriaren 20an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Gardentasuna, informazioaren eskuragarritasuna eta berrerabilpena arautzen dituen udal ordenantza. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz, onetsitako ordenantza jendaurrean egon da, iragarkia 2016ko 212. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, irailaren 14an, eta Udalaren iragarki oholean paratuta. Inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez gero, onespena behin betiko bilakatu da eta testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Eulaten, 2016ko abenduaren 14an.–Alkatea, Juan Ignacio Ruiz de Larramendi Múgica.

GARDENTASUNA, INFORMAZIOAREN ESKURAGARRITASUNA ETA BERRERABILPENA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta araubide juridikoa.

1. Ordenantza honen xedea da Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea eta Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legea aplikatzea eta garatzea, eta, horretarako, Eulateko Udaleko jardueraren gardentasunerako arau batzuk ezartzea, baita informazio publikoa berrerabiltzeko eta eskuratzeko ere, horretarako behar diren bitartekoak ezarriz, batez ere elektronikoak.

2. Informazio publikoa eskuratzeko eta berrerabiltzeko pertsonek duten eskubidea erabiliko da honako hauetan aurreikusi bezala: abenduaren 9ko 19/2013 Legea, azaroaren 16ko 37/2007 Legea, lege horiek garatzeko eman den erkidego mailako araudia, baldin aplikazio eremuan toki entitateak badaude, eta ordenantza hau bera.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetako xedapenak honako hauei aplikatuko zaizkie:

a) Eulateko Udala.

b) Erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak eta nortasun juridiko propioa duten zuzenbide publikoko entitateak, Eulateko Udalarekin lotutakoak edo haren menpeko direnak.

c) Merkataritza sozietateak, baldin kapital sozialean Eulateko Udalaren partaidetza %50etik gorakoa bada.

d) Tokiko ekimen publikoko fundazioak, edo Eulateko Udalak parte-hartzearen gehiengoa duten fundazioak, bai fundazio-uneko zuzkiduran bai gobernu organoetan.

e) Eulateko Udalak eta artikulu honetan aurreikusitako erakundeek eta gainerako entitateek eratutako elkarteak.

2. Edozein pertsona fisikok edo juridikok, zerbitzu publikoak ematen baditu, edo tokiko titulartasuneko administrazio ahalak erabiltzen baditu, aipatutako zerbitzuak emateari dagokionez edo administrazio ahalak erabiltzean, behar den informazioa eman beharko dio Eulateko Udalari, ordenantza honetan aurreikusitako betebeharrak betetzeko. Kontratuen esleipendunek betebehar bera izanen dute, dagozkien kontratuetan ezartzen diren moduan, eta zehaztuko da nola jarriko den informazio hori Eulateko Udalaren esku.

3. Publizitate aktiboari buruzko xedapenak aplikatzekoak izanen zaizkie honako hauei ere: entitate pribatuak, urtebeteko epean 100.000 eurotik gorako laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badituzte edo beren urteko diru-sarrera guztien %40, gutxienez, laguntza edo diru-laguntza publiko badira, betiere 5.000 euroko gutxieneko zenbatekora iristen badira.

3. artikulua. Gardentasunerako eta informazioa berrerabiltzeko eta eskuragarri izateko betebeharrak.

1. Gardentasunerako eta informazioa berrerabiltzeko eta eskuragarri izateko betebeharrak betetzeko, ordenantza honetan aurreikusi bezala bete ere, 2.1 artikuluan aipatutako entitateen beharkizunak dira:

a) Behar den informazioa prestatzea, eguneraturik izatea eta zabaltzea, batez ere web orrien edo egoitza elektronikoen bidez, hain zuzen ere garrantzi handienekotzat jotzen den informazioa, gardentasuna bermatzeko, jarduketa publikoaren funtzionamenduarekin eta kontrolarekin loturik, eta, horretaz gain, informazioaren berrerabilpena baimentzea eta informazioa eskuratzeko erraztasunak ematea.

b) Bere eskuetan dagoen informazio publikoaren katalogo bat prestatzea, eguneraturik izatea eta zabaltzea, argi adieraziz non aurki daitekeen informazio hori, eta, orobat, katalogo hori eskaintzea, formatu elektroniko irekietan, makinek irakurtzeko modukoetan, ahalbidetuko dutenak informazioa birbanatzea, berrerabiltzea eta baliatzea.

c) Eskatutako informazioari buruzko kontsultak egiteko bitarteko egokiak ezartzea eta mantentzea.

d) Informazioa kudeatzeko neurriak hartzea, halako moduz non erraza izanen baita informazioa aurkitzea eta zabaltzea, baita informazioaren eskuragarritasuna, interoperabilitatea eta kalitatea ere.

e) Informazioa argi argitaratzea, modu egituratuan eta jendeak ulertzeko moduan.

f) Honako hauei buruzko informazioa argitaratzea eta zabaltzea: informazioa eskuratzeko eskubidearen edukia, eskubide hori erabiltzeko prozedura, eta ebazteko eskuduna den organoa.

g) Informazioa berrerabiltzeko moduari buruzko informazioa argitaratzea eta zabaltzea, herritarrendako argi eta zehatz.

h) Ordenantza honek pertsonei aitortzen dizkien eskubideak zabaltzea, jendeari aholku ematea eskubide horiek ongi erabil ditzan, eta informazioa bilatzen laguntzea.

i) Eskatutako informazioa ematea gehieneko epeen barnean, aukeratutako moduan eta formatuan, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

2. Ulertzen da ordenantza honetako betebeharrek ez dutela galarazten publizitatearen arloan araubide zabalago bat aurreikusten duten beste xedapen zehatzago batzuk erabiltzea.

3. Ordenantza honetan aurreikusitako informazio osoa eskuragarri egonen da desgaitasuna duten pertsonendako, haiek eskuratzeko moduan, hots, egoki diren bitarteko eta formatuetan emanen da, halako moduz non eskuragarri eta ulergarri izanen diren, irisgarritasun unibertsalaren eta denendako diseinuaren printzipioarekin bat.

4. artikulua. pertsonen eskubideak.

1. Ordenantza honetan ezarritakoarekin bat, pertsonek eskubide hauek dituzte:

a) Publizitate betebeharrak dituen informazioa eskuratzea, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

b) Informazioa jasotzea, jakiteko ea eskatutako informazioa duten agiriak edo informazio hori eman dezaketen agiriak organo edo entitatearen esku dauden. Hala baldin bada, organo edo entitate horrek argituko du zer egin den agiri horiekin.

c) Informazioa bilatzeko laguntza jasotzea.

d) Aholkularitza egokia jasotzea, ulertzeko moduan, eskuragarritasun eskubidea erabiltzeko.

e) Eskatutako informazioa jasotzea epeen barnean, aukeratutako moduan eta formatuan, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

f) Jakitea zer arrazoirengatik ukatu den eskatutako informazioa eskuratzea, eta, hala behar denean, zergatik eman den aukeratutakoa ez den beste modu edo formatu batean.

g) Eskatutako informazioa dohainik lortzea, galarazi gabe, behar denean, egoki diren ordainarazpenak, kopiak egiteagatik edo jatorrizkoa ez den formatu batera aldatzeagatik.

2. Edozein pertsona fisikok edo juridikok, publikok edo pribatuk, erabil ditzake ordenantza honetako eskubideak, eta horretarako ezin jarri da baldintzarik, esaterako nazionalitate, hiritartasun, auzotasun edo egoitza zehatz bat.

3. Pertsona batek informazio publikoa erabiltzeko duen moduaz ez du inolako erantzukizunik izanen toki entitateak.

5. artikulua. Informazioa eskuratzeko bitartekoak.

1. Ordenantza honen aplikazio eremuko entitateek betebeharra dute informazio publikoa zenbait bitartekotan jartzeko, halako moduz non bermatuko baita eskuragarri egonen dela jende guztiarentzat, kontuan izan gabe prestakuntza, baliabideak, inguruabar pertsonalak, baldintzak edo egoera soziala.

2. Ondorio horietarako, Eulateko Udalak informazio publikoa eskuragarri jarriko du bitarteko hauetako baten bidez:

a) Informazio bulegoak.

b) Web orriak edo egoitza elektronikoak.

c) Arreta telefonikoko zerbitzuak.

d) Toki entitateak horretarako prestatutako beste bulego, departamentu edo bitarteko elektroniko batzuk.

6. artikulua. Informazio publikoaren ardura duen unitatea.

Eulateko Udalak informazio publikoaren ardura izanen duen unitate bat izendatuko du, toki entitatearen idazkaritzaren gidaritza eta ardurapean, honako eginkizun hauek izanen dituena:

a) Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzeko koordinazioa, informazioaren arlokoa. Horretarako, behar den informazioa jasoko du departamentu, erakunde edo entitateko organo eskudunetatik.

b) Informazioa eskuratzeko eskaeren tramitazioa, eta, behar denean, jartzen diren erreklamazioena, 41. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

c) Jendeari aholku ematea, informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatzeko, eta informazioa bilatzen dutenei laguntza ematea, galarazi gabe beste unitate administratibo batzuek esleiturik dituzten eginkizunak.

d) Behar izanez gero, informazioa eskuratzeko eskaeren Erregistroan inskribatzea.

e) Toki entitatearen esku dagoen informazio publikoaren katalogo bat sortzea eta eguneraturik izatea, azalpen argiak izanen dituena informazioa non aurkitu daitekeen jakiteko.

f) Gardentasun administratiboari eta informazio publikoa berrerabiltzeari eta eskuratzeko eskubideari buruzko txostenak egitea.

g) Informazio publikoaren zabalkundea, helbide elektronikoetarako loturak sortuz eta eguneraturik izanez, horien bidez informazioa eskuratzeko.

h) Behar diren neurriak hartzea, segurtatzeko informazio publikoa zabalduko dela pixkanaka eta herritarren eskura utziko dela ahalik eta modu zabal eta sistematikoenean.

i) Behar diren neurriak hartzea, bermatzeko informazioa eskuragarri egonen dela datu base elektronikoetan, sare publiko elektronikoen bidez.

j) Antolamendu juridikoak esleitzen dizkion gainerakoak, eta ordenantza honetako xedapenak aplikatzen direla bermatzeko behar diren guztiak.

7. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Jendaurreko informazio aldiaren publizitatea: toki entitatearen esku dagoen informazioa publikotzat jotzen da.

2. Publizitate aktiboa: Eulateko Udalak bere ekimenez argitaratuko du bere jardueraren gardentasuna bermatzeko garrantzitsua den informazioa, baita gizartearentzat eta ekonomiarako erabilgarrien izan daitekeena ere, eta, hala, ahalbidetuko du bere jarduketa kontrolatzea eta pertsonek beren eskubide politikoak gauzatu ahal izatea.

3. Informazioaren berrerabilpena: informazio publikoa berrerabiltzen ahalko da azaroaren 16ko 37/2007 Legean eta ordenantza honetan aurreikusitako moduan.

4. Informaziorako sarbidea: toki entitateak bermatzen du pertsonek informazio publikoa eskuratu ahal izatea abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta ordenantza honetan ezarritako moduan.

5. Berehalako sarbidea eta bitarteko elektronikoak: toki entitateak behar diren bitartekoak ezarriko ditu informazio publikoa jasotzerik izan dadin bitarteko elektronikoen bidez, aldez aurretik eskatu behar izan gabe, berehalakoan. Orobat, informazioa argitaratzean eta eskura uztean, eginahala eginen da formatu elektroniko berrerabilgarriak ere erabiltzeko, ahal den guztietan, betiere galarazi gabe pertsonek duten eskubidea toki entitatearekin komunikatzeko bidea aukeratzeko.

6. Informazioaren kalitatea: pertsonei ematen zaien informazioak egiazkoa, fede-emailea eta eguneratua izan behar du. Argitaratze eta eskura jartze orotan adieraziko da nor den informazioaren ardura duena eta azken eguneraketaren data. Halaber, argitaratu beharreko informazioa egokitu eginen dute argitalpenaren arduradunek: edozeinek ulertzeko moduko egitura, aurkezpena eta idazketa emanen dizkiote.

7. Zerbitzuko konpromisoa: informazio publikoaren emateak izan beharko du, uneoro, eraginkorra, azkarra eta kalitatezkoa, eta tokiko enplegatu publikoek jendeari lagundu beharko diote hala eskatzen dutelarik, eta komunikatzeko bide espezifiko bat izanen da toki entitatearen eta informazioaren hartzaile direnen artean.

II. KAPITULUA

Informazio publikoa

8. artikulua. Informazio publikoa.

Informazio publikotzat jotzen da abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 13. artikuluan aipatzen diren agiri edo eduki oro.

9. artikulua. Informazioaren betebehar orokorrak.

Ordenantza honetan araututako informazio publikoaren beharkizun orokorrak dira:

a) Informazioaren kudeaketa, bereziki formatu elektronikoan dagoenean, eginen da halako moduz non datu edo agiri bakoitza izanen baita bakarra, partekatua, eskuragarria, egituratua, deskribatua, erabilera mugei buruzko informazioa duena, eta, behar denean, geografikoki kokatua.

b) Agiri edo datu multzo guztiak argitaratuko edo eskuragarri jarriko dira formatu amankomunak erabiliz, irekiak, nahierara erabiltzekoak eta dohainik pertsonendako, eta, horien osagarri gisa, erabilera orokorreko beste formatu batzuetan ere bai.

c) Informazio publikoa deskribatzeko eta egituratzeko hiztegiak, eskemak eta metadatuak entitatearen web orrian argitaratuko dira, pertsonek bilaketetan erabili ahal izateko eta informazioa zuzen interpretatzeko.

d) Zenbakizko datuen multzoak argitaratuko dira edo eskuragarri jarri halako moduz non ez den mugarik izanen, edukia ustiatzeko trabagarri edo eragozle.

e) Desgaitasuna duten pertsonek informazioa eskuratuko eta berrerabiliko dute bitarteko eta formatu egoki eta ulergarrien bidez, irisgarritasun unibertsalaren eta denendako diseinuaren printzipioarekin bat.

10. artikulua. Mugak.

Ordenantza honetan araututako informazio publikoa mugatua izan daiteke abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 14.1 artikuluan jasotako kasuetan, eta, horretaz gain, estatuaren eta erkidegoaren beste eskumen batzuk eskuordeturik erabiltzen direnean, eskuordetze arauak aurreikusten duenaren arabera, edo, behar denean, toki entitateak bere esku duen informazioak bere eskumenak edo beste administrazio batenak ukitzen ahal dituenean eta eskuratzeko eskubidea Legeak mugaturik dagoenean.

Nolanahi ere, informazioa prestatuko eta aurkeztuko da halako moduz non aipatutako mugak ez diren traba izanen argitaratzeko edo eskuragarri egoteko.

11. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

1. Ordenantza honetan aurreikusitako bideen bitartez informazio publikoaz egiten den erabilera orok errespetatuko ditu datu pertsonalen babesak dakartzan eskubideak, arlo horri buruzko legeria espezifikoak ezarri bezala, baita abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 5.3 eta 15. artikuluetan ezarri bezala ere.

2. Datu pertsonalen babesa ez da muga izanen publizitate aktiboa egiteko eta informazio publikoa eskuratzeko baldin datuaren titularra hil bada, salbu beste eskubide batzuk ere tartean badira. Halaber, ez da muga hori aplikatuko baldin datuen titularrek publiko bihurtu badituzte ageriki, aldez aurretik, edo posible bada datu pertsonalak bereiztea informazioa engainagarri bihurtu edo aldatu gabe, eta posible izan gabe ukitutako pertsonak identifikatzea.

3. Organo batean zerbitzu ematen duten pertsona fisikoen datuak hartzen dira identifikaziorako bakarrik diren datutzat, organoaren antolakuntzarekin, funtzionamenduarekin edo jarduera publikoarekin lotuak. Datu horiek dira bakar-bakarrik haien izen-deiturak, betetzen dituzten eginkizun edo lanpostuak, eta lantokiko helbide postal nahiz elektronikoa, telefonoa eta fax zenbakia.

III. KAPITULUA

Informazioaren publizitate aktiboa

1. ATALA

Araubide orokorra

12. artikulua. Publizitate aktiboaren helburua eta xedea.

1. 2.1 artikuluan zerrendatutako pertsonek beren ekimenez eta doan argitaratuko dute egoki den informazio publikoa, jakitea garrantzitsua dena bere jardueraren gardentasuna bermatzeko eta, nolanahi ere, 16. artikulutik 22.era zehazten den edukia duen informazioa. Informazio hori gutxienekoa eta nahitaezkoa da, galarazi gabe beste xedapen espezifiko batzuk, araubide zabalagoa aurreikusten dutenak publizitatearen arloan, edo edukia zabaldu ahal izatea, behartutako pertsonek hala nahita.

Betebehar hori betetzeko, toki entitateak behar den informazioa eskatzen ahalko du zerbitzu publikoak ematen dituzten pertsona fisiko eta juridikoei buruz, edo ahal administratiboak erabiltzen dituztenei buruz, eta kontratistei buruz, kontratuan aurreikusitako moduan.

2. Orobat, publizitate aktiboaren xede izanen da maizen eskatzen den informazioa, baita informazioa eskuratzea ukatzen edo mugatzen duten ebazpenak ere, behin pertsona interesdunei jakinarazi ondoren, betiere aldez aurretik datu pertsonalak edukitik bereizita.

13. artikulua. Argitalpen lekua.

1. Aplikazio eremuko entitateen web orrian edo egoitza elektronikoan argitaratuko da informazioa, edo, behar denean, gardentasunerako atari espezifiko batean.

2. Toki entitatearen web orrian edo egoitza elektronikoan sartuko dira, halaber, toki entitatearen menpeko erakundeen web orriak edo egoitza elektronikoak, baita toki entitatearekin lotutako subjektu eta entitateenak ere, baldin publizitate aktiborako betebeharrak badituzte, aplikatzekoa zaien araudiaren arabera.

3. Eulateko Udalak beste neurri batzuk hartzen ahalko ditu, osagarriak eta gainerako administrazio publikoekiko lankidetzakoak, publizitate aktiboko betebeharrak betetzeko, barnean direla gardentasunerako atariak eta beste entitate batzuen datu irekiko atariak erabiltzea.

14. artikulua. Organo eskuduna eta argitaratzeko modua.

1. Eulateko Udalak azalduko du zer organo eskudunek duten erantzukizuna kapitulu honetan arautzen den argitalpen aktiboaren gainean, eta horiei buruzko nahikoa informazio emanen dute.

2. Informazioa argi eta egituratuta argitaratuko da, erraz ulertzeko moduan, hizkera ulergarria erabiliz. Informazioaren izaera dela-eta edo edukia dela-eta hura konplexua bada, hizkera teknikoarengatik, berariazko bertsio errazagoa eginen da argitaratzeko.

3. Publizitate aktiboaren xede den informazioaren katalogo osoa agertuko da, adierazita zer organo edo zerbitzutatik heldu den informazioa, eguneratze maiztasuna, azken eguneraketaren data, berrerabiltzeko modua, eta, behar denean, hura interpretatzeko behar den informazio semantikoa.

15. artikulua. Argitaratzeko eta eguneratzeko epeak.

1. Informazio eguneratua eman beharko da, informazioaren ezaugarri bereziei arreta emanez.

2. Informazio publikoa argitaraturik mantenduko da epe hauetan:

a) 16., 17., 18. eta 21. artikuluetan aipatutako informazioa, indarrean dagoen bitartean.

b) 19. artikuluan aipatutako informazioa, horietatik eratortzen diren betebeharrek iraun bitartean, eta, gutxienez, horiek bukatu eta bi urte igaro arte.

c) 20. artikuluan aipatutako informazioa, informazioa sortzen den unetik bost urteko epean.

d) 22. artikuluko informazioa, indarrean dagoen bitartean, eta, betiere, indarraldia bukatu eta bost urteko epean.

3. Argitaratutako informazioa eguneratu egin behar da ahalik lasterren, eta, betiere, iragarritako eguneratze maiztasuna errespetatuz, informazioaren ezaugarrien, aukera teknikoen eta eskura dauden bitartekoen arabera.

4. Nolanahi ere, behar diren neurriak hartuko dira bermatzeko ezen informazio publikoa argitaratzen den tokian berean mantenduko dela jadanik gaurkotasunekoa ez den informazioa.

2. ATALA

Betebehar espezifikoak

16. artikulua. Erakundeari, haren antolakuntzari, planifikazioari eta langileei buruzko informazioa.

1. 2.1 artikuluan zerrendatutako entitateek honako hauei buruzko informazioa argitaratuko dute, abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta apirilaren 2ko 7/1985 Legean aurreikusitako irismenarekin:

a) Erabiltzen dituzten eskumenak eta eginkizunak, bai berenak bai eskuordetuta esleiturik dituztenak.

b) Aplikatzekoa zaien araudia.

c) Toki entitatearen menpeko erakundeen, toki entitatearen partaidetza dutenen eta toki entitatea bere baitan duten erakundeen identifikazioa, barnean direla web orri korporatiboetarako estekak.

d) Antolakuntza egituraren organigrama deskriptiboa: erabakitzeko, kontsultarako, parte hartzeko nahiz kudeatzeko organoen identifikazioa, zehaztuz horien egoitza, osaera eta eskumenak.

e) d) lerroaldean adierazitako organoen arduradunen identifikazioa, zehaztuta horien lanbide profila eta ibilbidea.

f) Entitatearen departamenduen egitura administratiboa, departamentuetako arduradun nagusiak identifikatuta.

g) Enplegatu publikoak ukitzen dituzten bateragarritasun baimenak edo aitorpenak.

h) Plan eta mapa estrategikoak, baita plangintzako beste agiri batzuk ere, zehaztuta helburu zehatzak, jarduerak, bitartekoak eta gauzatzeko aurreikusi den denbora. Halaber, betetze maila eta emaitzak agertzen dituzten dokumentuak eta neurketa eta balorazio adierazleak aldian behin argitaratuko dira, gutxienez ere urtebeteko maiztasunarekin.

i) Urteko eta urte anitzeko programak, zehaztuta helburu zehatzak, jarduerak, bitartekoak eta horiek gauzatzeko denbora. Halaber, betetze maila eta emaitzak agertzen dituzten dokumentuak eta neurketa eta balorazio adierazleak aldian behin argitaratuko dira, gutxienez ere urtebeteko maiztasunarekin.

j) Behin-behineko langileendako erreserbatutako lanpostu kopurua.

k) Zerrendak: lanpostuenak, katalogoenak edo langileen arloa planifikatzeko beste tresna batzuenak.

l) Lan publikoaren eskaintza edo antzeko beste tresna batzuk, langile beharren hornidura kudeatzekoak.

m) Langileak hautatzeko eta lanpostuak betetzeko prozesuak.

n) Langileak ordezkatzeko organoen parte diren pertsonen identifikazioa.

17. artikulua. Goi karguei buruzko eta entitateetan erantzukizun handiena duten pertsonei buruzko informazioa.

Apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75. artikuluaren eta hamabosgarren xedapen gehigarriaren aplikazio eremuko pertsonei dagokienez, gutxienez ere honako informazio hau argitaratuko da:

a) Urtean jasotzen dituzten ordainsariak.

b) Kargua utzi bada, jasotako kalte-ordainak.

c) Jarduera pribatua izatea baimentzen duten ebazpenak, horien kargugabetzea dela eta.

d) Ondasunen eta jardueren urteko aitorpenak, apirilaren 2ko 7/1985 Legean aurreikusitakoaren arabera. Erregelamendu organikoak ez duenean ezartzen aitorpen horiek nola eman behar diren argitara, aplikatuko da Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan interes-gatazkei buruzko araudian xedatutakoa. Nolanahi ere, ondasun higiezinen kokapen zehatzari buruzko daturik ez da emanen, eta titularren pribatutasuna eta segurtasuna bermatuko dira.

18. artikulua. Garrantzi juridikoa eta ondareen arlokoa duen informazioa.

2.1 a) eta b) artikuluan agertutako entitateek honako hauei buruzko informazioa argitaratuko dute:

a) Toki entitateko ordenantzen, erregelamenduen eta bestelako xedapenen testu osoa.

b) Ordenantzen, erregelamenduen eta arau izaera duten bestelako xedapenen proiektuak, baldin ekimena badagokie, barnean direla arau horiek egiteko espedienteetako memoriak eta txostenak. Irizpenak eskatzea nahitaezkoa denean, argitalpena eginen da behin irizpenak eskatu zaizkienean egoki diren kontsulta organoei, nahiz eta horrek ez duen nahitaez esan nahi entzute publikoko tramitea ireki denik.

c) Arauak, jarraibideak, erabakiak, zirkularrak edo partikularrek edo beste organo batzuek egindako kontsultei emandako erantzunak, Zuzenbidearen interpretazio diren neurrian edo ondorio juridikoak dituzten heinean.

d) Indarreko legeriaren arabera, tramitazioan jendaurrean egoteko aldia behar duten agiriak.

e) Beren ondasun higiezinen zerrenda, edo, ondasun higiezinen gainean eskubide errealik izanez gero, horien zerrenda.

19. artikulua. Kontratazioari, hitzarmenei eta diru-laguntzei buruzko informazioa.

2.1 artikuluan agertutako entitateek honako hauei buruzko informazioa argitaratuko dute:

a) Toki entitateak formalizatutako kontratu guztiak, adieraziz xedea, lizitazioko eta esleipeneko zenbatekoa, iraupena, luzapenak, kontratua egiteko prozedura, zer tresnen bidez egin den publizitatea, prozeduran parte hartu duten lizitatzaileen kopurua eta esleipendunaren identitatea, baita kontratuaren aldaketak ere. Kontratu txikiei buruzko informazioaren argitalpena gutxienez ere hiru hiletik behin egin daiteke.

b) a) lerroaldean adierazitako kontratuen aldaketak eta atzera egiteko eta uko egiteko erabakiak.

c) Kontratatzailearen soslaia.

d) Datu estatistikoak, azaltzen dutenak esleitutako kontratuen aurrekontu-tamainaren portzentajea, sektore publikoko legerian aurreikusitako prozeduretako bakoitzaren bidez.

e) Sinatutako hitzarmenen zerrenda, adieraziz zein diren alderdi sinatzaileak, xedea, iraupena, egindako aldaketak, nor dagoen beharturik zerbitzu ematera, eta, kasua bada, hitzartutako betebehar ekonomikoak.

f) Sinatzen diren kudeaketa esleipenak, adieraziz xedea, aurrekontua, iraupena, betebehar ekonomikoak eta egiten diren azpikontratazioak, zehazturik nor diren esleipendunak, esleipenerako erabilitako prozedura eta zenbatekoa.

g) Onartutako diru-laguntzak eta laguntzak, adierazita zenbatekoa, helburua edo xedea eta onuradunak.

20. artikulua. Ekonomia, finantza eta aurrekontu arloetako informazioa.

1. 2.1 artikuluan agertutako entitateek honako hauei buruzko informazioa argitaratuko dute:

a) Urteroko aurrekontuak, deskribaturik aurrekontuko kontu-sail nagusiak eta gauzatze-egoerari buruzko informazio eguneratua emanda, gutxienez ere hiru hiletik behin.

b) Aurrekontuetan egindako aldaketak.

c) Aurrekontu egonkortasuneko eta finantza jasangarritasuneko helburuak betetzeari buruzko informazioa.

d) Aurrekontuaren likidazioa.

e) Aitortu beharreko urteko kontuak eta haiei buruz kanpoko kontrol organoek egiten dituzten kontuen auditoretza eta fiskalizazio txostenak.

f) Tokiko sektore publikoko lan-kontratudun langileen soldata masa, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 103 bis artikuluan arautu bezala.

21. artikulua. Zerbitzu eta prozedurei buruzko informazioa.

2.1 artikuluan agertutako entitateek honako hauei buruzko informazioa argitaratuko dute:

a) Ematen dituen zerbitzuen katalogo orokorra, informazio egokia emanez horien edukiaz, kokapenaz eta eskuragarritasunaz, baita horien funtzionamenduari buruzko kexak aurkezteko prozedura ere.

b) Entitatearen zerbitzuak eta ekipamenduak, helbidea, jendearendako arreta ordutegiak eta web orri korporatiboetarako estekak eta posta elektronikoko helbideak edo zerbitzuak emateko bideak.

c) Zerbitzuen gutunak eta kalitate mailarako herritarrekiko konpromiso agiri estandarizatuak, baita beste agiri batzuk ere, betetze maila agertzeko, neurketa eta balorazio adierazleen bidez.

d) Beren eskumeneko prozedura administratiboen katalogoa, adieraziz xedea, hasiera emateko moduak, aurkeztu beharreko agiriak, tramiteak, aplikatzeko araudia, ebazteko epeak eta isiltasun administratiboaren esanahia, baita, beharrezkoa izanez gero, lotutako inprimakiak eta formularioak ere, zehaztuz zein egin daitezkeen bide elektronikoz.

22. artikulua. Ingurumeneko eta hirigintzako informazioa.

Eulateko Udalak honako honi buruzko informazioa argitaratuko du:

a) Ingurumenaren arloan aplikatzekoak diren arau-testuak.

b) Eulateko Udalak dituen politikak, programak eta planak ingurumenari buruz, baita horien jarraipena egiteko txostenak ere.

c) Hiriko natur baliabideen eta ingurumenaren kalitateari buruzko datuak, barnean direla airearen eta uraren kalitatea, polen mailari eta kutsadura akustikoari buruzko informazioa.

d) Ingurumen eraginari buruzko azterlanak, paisaiari buruzkoak eta ingurumeneko elementuekin lotutako arriskuaren ebaluazioak.

e) Hirigintza arloko planeamendurako tresnen testu osoa eta planimetria, horien aldaketak, eta hirigintza arloko hitzarmenak.

IV. KAPITULUA

Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea

1. ATALA

Araubide juridikoa

23. artikulua. Eskubidearen titulartasuna.

4.2 artikuluari jarraikiz, edozein pertsona da Konstituzioaren 105 b) artikuluan araututako eskubidearen titularra, abenduaren 9ko 9/2013 Legean ezarritako araubide juridikoarekin bat, eta haren erregelamenduzko garapenarekin bat, baldin oinarrizko araudi izaera badu.

Eskubide hau erabiltzeko jarduteko gaitasuna, baita adingabeen kasuan ere, arautuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 20/1992 Legean ezarritakoaren arabera.

24. artikulua. Mugak.

1. 10. eta 11. artikuluetan zerrendatutako mugetako batek ukitutako informazio publikoa eskuratzea ukatuko da bakarrik baldin, arrazoitutako eta proportzionatutako ebazpen baten bidez, frogatzen bada arlo horietan kaltea izanen dela, eta ez badago goragoko interes publiko edo pribaturik informazio eskuratze hori justifikatzen duenik.

2. Ponderazio horren emaitza gisa bidezko bada informazioa eskuratzeari ezetz esatea, aldez aurretik aztertuko da ea eskuratze partziala onar daitekeen, delako mugak ukitutako informazioa kenduta, salbu horren ondorioz informazio distortsionatua edo zentzugabea ematen bada. Informazio partziala ematen denean, bermatu beharko da mugatutako informazioaren erreserba, eta erreserba horren ohartarazpena egiten dela eta jasota gelditzen dela.

2. ATALA

Prozedura

25. artikulua. Eskumena.

1. Eulateko Udalak identifikatuko du zer organok duten eskumena informazio publikoa eskuratzeko eskaeren gainean ebazteko, eta horri buruzko nahikoa publizitate emanen du.

2. Informazioa eskuratzeko eskaerak jasotzen dituzten organoak inhibitu eginen dira, nahiz eta beren esku dagoen informazio publikoa izan, baldin beste batek prestatu edo sortu badu, osorik edo nagusiki. Halaber, inhibituko dira baldin eskatutako informazioa ez badute, nahiz eta jakin ebazteko eskumena duen zer organok duen.

Aurreko lerroaldean aipatutako kasuetan, eskuduntzat jotzen den organoari igorriko zaio eskaera, eta hori eskatzaileari jakinaraziko zaio.

3. Eskatzen den informazioa zerbitzu publikoak ematen dituzten pertsona fisiko edo juridikoei galdegin behar bazaie, edo ahal administratiboak dituztenei, pertsona horiek zer administrazio, erakunde edo entitateri dauden loturik, haiek emanen dute informazioa eskuratzeari buruzko ebazpena.

26. artikulua. Eskaera.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ebazteko eskumena duten organoek eskatzaileei ez diete identitateari buruzko datu gehiagorik eskatuko ebazteko eta jakinarazteko behar-beharrezkoak direnak baino.

Halaber, eskatzaileari behar den laguntza eta aholkua emanen diete eskatutako informazio publikoa identifikatzeko.

2. Informazio publikoa eskuratzeko, ez da beharrezkoa izanen eskaera arrazoitzea. Nolanahi ere, interesdunak adierazitako interesa edo motibazioa kontuan hartzen ahalko da ponderatzeko, kasua bada, informazioa zabaltzearen interes publikoa eta eskatutako informazioan agertzen diren datuen titular diren ukitutakoen eskubideak, 11. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Eskaeraren aurkezpena ez dago epeen menpe.

4. Eskatzaileari komunikatuko zaio zein den, prozeduran, ebazteko eta jakinarazteko dagoen gehieneko epea, baita isiltasun administratiboak ekar dezakeen ondorioa ere, prozedura administratiboaren gaineko araudian aurreikusitakoaren arabera.

27. artikulua. Ez onartzea.

1. Abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 18.artikuluan zerrendatutako ez onartzeko zergatiak murriztaileki interpretatuko dira informazio publikoaren eskuragarritasun handienaren alde.

2. Ez onartzeko ebazpena ematen bada, prestatzen ari den informazioa delako edo laster argitaratuko den informazio orokorra delako, bukatzeko aurreikusi den denboraren berri emanen da.

3. Nahitaezko txostenak ez dira joko izaera lagungarriko informaziotzat, informazioa eskuratzeko eskaera ez onartzearen ondorioetarako. Nolanahi ere, horrek ez du eragotziko informazioa eskuratzearen ukoa baldin 10. eta 11. artikuluetan ezarritako mugetako bat kaltetzen ahal bada.

28. artikulua. Tramitazioa.

1. Eskatutako informazioa zuzentzeko tramiteek, baldin informazioa behar bezala identifikatu ez bada, eta behar bezala identifikatutako eskubide eta interesen titularren entzute tramiteek ebazpena emateko epea etenen dute, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 19. artikuluan ezarritako moduan.

2. 1. atalean aurreikusitako etetearen eta etenaren bukaeraren berri, baita ebazteko epea luzatzearen berri ere, emanen zaio eskatzaileari, jakin dezan nola zenbatu ebazteko epea.

29. artikulua. Ebazpena.

1. 10. eta 11. artikuluetan ezarritako mugak aplikatzeagatik informazioa eskuratzea ukatzen denean, ukoa arrazoitua izanen da, eta ez da nahikoa izanen informazioa eskuratzeko eskubidearen mugak zerrendatzea, nahitaezkoa izanen da tartean diren eskubideen arrazoizkotasuna eta proportzionaltasuna aztertzea, zehazteko ea zer ondasun edo interes babestuk duen lehentasuna.

2. Epe bat igarotzearen menpe egon daiteke informazioaren eskuragarritasuna, baldin ukoaren arrazoia loturik baldin badago toki entitate eskuduna bakar-bakarrik ukitzen duen interes batekin.

30. artikulua. Ebazpena jakinarazteko eta publizitatea egiteko epea.

1. Informazio publikoa eskuratzeko prozeduretan ematen den ebazpena jakinaraziko zaie eskatzaileei eta, hala eskatu badute, eskubide eta interes ukituen titular diren hirugarrenei.

Jakinarazpenean, berariaz azalduko da aukerako erreklamazioa egin daitekeela, hain zuzen abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 23. artikuluan aipatzen dena, edo Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

2. 10. artikuluaren mugak aplikatuz ematen den ebazpena publiko eginen da, behin datu pertsonalak bereizirik eta interesdunei jakinarazi ondoren.

31. artikulua. Eskuragarritasuna gauzatzea.

Informazioa eskuratzeko eskaera baiesten duen ebazpenarekin batean emanen da informazio publikoa edo, behar denean, jakinarazi eta gehienez ere hamar eguneko epean. Entzuteko tramitean hirugarrenen oposizioa izan bada, eskuratzea gauzatuko da behin igaro denean Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea halakorik formalizatu gabe, edo ebatzi bada informazioa eskuratzeko eskubidea berretsiz.

Halaber, etete efektu hori bera gertatuko da aldez aurreko aukerako erreklamazioa ebazteko epean, zeren haren kontra Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar baitaiteke.

V. KAPITULUA

Informazioaren berrerabilpena

32. artikulua. Berrerabilpenaren helburuak.

Ordenantza honen aplikazio eremuko entitateek beren jardunean sortutako informazioaren berrerabilpenak erakusten du sektore publikoak duen elkarlaneko gardentasuna, eta funtsezko helburu du gizartean balio publikoa sortzea, eremu hauetan:

a) Soziala: sektore publikoaren ezagutza eta informazioa eskuratzeko eskubidea oinarrizko printzipioa da demokrazian eta ongizate estatuan. Erantzukizuneko ongizate estatu hori eraikitzeko, hasteko informazio arrakalak eta asimetriak amaitu behar dira, arrakalak eta asimetriak bi hauen artean: batetik, ongizate estatuaren zerbitzuak definitzen eta ematen dituztenak, eta, bestetik, horiek erabili eta finantzatzen dituztenak. Berrerabilpenak balio eta zentzu gehigarria ematen dizkio gardentasunari, eta sektore publikoa legitimatzen eta hobetzen du.

b) Berritzailea: informazio publikoak irekirik egon behar du, akordio esklusiborik ez izateko, eta modu berritzailean berrerabil dezaten gizarteko sektoreek, merkataritzakoak diren edo ez diren helburuekin. Berrerabilpenak erraztuko du enpresek eta erakundeek sortzea balio gehigarriko informazio produktu eta zerbitzuak.

c) Ekonomikoa: sektore publikoaren informazio erantsian eta horren berrerabilpenean oinarritutako merkatu potentzialaren tamainak eta, Europar Batasunaren eremuan, garapen ekonomikoan eta enplegu sorkuntzan duen inpaktuak eragiten dute administrazio guztiek arlo honetan eginahala eta ekarpena egin behar izatea.

Eulateko Udalak behar diren eginahalak eginen ditu bere informazio publiko berrerabilgarriaren katalogoa federa dadin gainerako entitateen katalogoekin batera, modu erantsian, plataforma amankomunetan, esaterako http://datos.gob.es plataforman, helburu bakarra izanik laguntza ematea informazio publiko berrerabilgarriaren katalogo bakar bat sortzeko, gizartearen sektore berrerabiltzailearen jarduera erraztea eta, hala, sektore publikoaren elkarlaneko gardentasunak sortutako balio sozial, berritzaile eta ekonomikoa handitzea.

33. artikulua. Jabetza intelektualari eta eskubide esklusiboei atxikitako agiri berrerabilgarriei aplikatzeko araubidea.

1. Ordenantza honetan araututako informazioaren berrerabilpena ez da aplikatzen baldin jabetze intelektualaren edo industrialaren eskubideen menpe badaude dokumentuak, batez ere hirugarrenen eskubideen menpe.

Ordenantza honen ondorioetarako, jabetza intelektualeko eskubidetzat jotzen dira egile eskubideak eta antzekoak, barnean direla espezifikoki babesteko moduak.

2. Ordenantza honek ez du galarazten bere aplikazio eremuko erakundeetan jabetza intelektualeko eskubideak izatea.

3. Ordenantza honen aplikazio eremuan sartutako entitateek, nolanahi ere, beren egile eskubideak erabiliko dituzte berrerabilpena errazteko moduan.

34. artikulua. Irizpide orokorrak.

1. Aurreko artikuluetan aipatzen den informazio publikoa berrerabiltzen ahalko da, betiere sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen arloko indarreko araudian ezarritako mugen barnean.

2. Orokorki, argitaratutako edo eskuragarri utzitako informazio guztia izanen da berrerabilgarria eta eskuragarria, aldez aurreko baimen beharrik gabe eta doan, salbu hartan berariaz kontrakorik adierazten bada.

3. Bereziki, bai ordenantza honetan bai abenduaren 9ko 19/2013 Legean publizitate aktibotzat jotzen den informazioa berrerabiltzeko ez da inoiz aldez aurreko baimenik eta/edo baldintza espezifikorik beharko, eta makinek irakurtzeko moduko formatu elektronikoetan eskainiko da, formatu irekietan, aukera izan dadin zabaltzeko, berrerabiltzeko eta aprobetxatzeko, betiere ekainaren 22ko 11/2007 Legean aurreikusitako moduan (Herritarrek zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea), baita informazio baliabideak berrerabiltzeari buruzko Interoperabilitaterako Arau Teknikoan aurreikusitako moduan ere (arau hori Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzak 2013ko otsailaren 19an emandako Ebazpenaren bidez onetsi zen), edo hura ordezten duen arauan aurreikusitako moduan.

35. artikulua. Berrerabiltzeko baldintzak.

1. Pertsonek edo entitateek informazioa berrerabiltzeko, honako baldintza hauek izanen dira:

a) Edukia ezin izanen da aldatu baldin horrela informazioaren zentzua galdu eta desnaturalizazioa gertatzen bada, eta esanahiaren interpretazio okerrak gertatzen ahal badira.

b) Jatorrian informazioa argitaratu duen entitatea aipatu beharko da beti, iturri gisa, eta berariaz aipatuko da berrerabilitako informazioaren azkeneko eguneraketaren data.

c) Ez da inola ere aditzera emanen informazioa jatorrian argitaratu duen entitateak babesten, laguntzen edo sostengatzen duela berrerabilpeneko produktua, zerbitzua, proiektua edo ekintza, galarazi gabe babes, laguntza edo elkarlan hori izan daitekeela, entitate horren erabaki edo akordio batean oinarriturik; kasu horretan, hori agertzen ahalko da, erabaki edo akordioan ezarri bezala.

d) Informazioaren kalitatea bermatzen duten elementuak gorde beharko dira, baldin hori ez bada bateraezina egin beharreko berrerabiltzearekin.

2. Informazio publikoa argitaratzeak edo eskuragarri uzteak berarekin dakar informazioa jatorrian argitaratu duen entitateak doan lagako duela, eta ez esklusiboki, berrerabilpena gauzatzeko beharrezkoak diren jabetza intelektualeko eskubideen informazioa, izaera unibertsalarekin eta Legeak baimentzen duen gehieneko eperako.

3. Informazioa argitaratzen den atal, web orri edo egoitza elektroniko berean, berrerabiltzeko baldintza orokorrak argitaratuko dira.

36. artikulua. Ordainarazpenak.

1. Ordenantza hau aplikatzeko eremuko entitateek ordainarazpenak eska ditzakete informazioa berrerabiltzeagatik, zerbitzuaren edo jardueraren kostuak estaltzeko, barnean direla informazioa biltzeko, produzitzeko, erreproduzitzeko, eskura jartzeko eta zabaltzeko kostuak, betiere berrerabilpenak ez badu nabarmenki publikoa den izaera.

2. Informazioaren eskuragarritasuna doakoa izanen da. Nolanahi ere, kopiak egitea edo informazioa jatorrizkoa ez den formatu batera aldatzeak ordainarazpenak ekar ditzake, hain zuzen ere Tasa eta prezio publikoei buruzko apirilaren 13ko 8/1989 Legean aurreikusitakoak, edo kasua bada, aplikatzekoa den erkidegoko edo tokiko araudiaren arabera egoki direnak.

37. artikulua. Berrerabilpenaren esklusibotasuna.

1. Debeku da informazioa berrerabiltzearen arloan akordio esklusiboak izatea. Merkatuko eragile potentzial guztiei irekia dago berrerabilpena, baita eragile batek edo gehiagok jadanik balio erantsiko produktuak ustiatzen badituzte ere sektore publikoko informazioan oinarriturik. Agiriek eta hirugarrenek dituzten bestelako kontratu edo akordioek ez dute eskubide esklusiborik emanen.

2. Nolanahi ere, interes publikoko zerbitzu bat emateko eskubide esklusibo bat behar denean, ordenantza honen eremuko entitateak aldian behin berrikusiko du, gehienez ere hiru urtetik behin, eskubide esklusiboa onartzea justifikatu zuen arrazoiaren balioa.

3. Baliabide kulturalen digitalizazioarekin lotutako eskubide esklusiboei dagokienez, arlo honetako arauketari segituko zaio.

4. Eskubide esklusiboak ematen dituzten erabaki guztiak gardenak izanen dira eta jendaurrean emanen dira ezagutzera.

38. artikulua. Informazioa berrerabiltzeko modalitateak.

1. Ordenantza honen aplikazio eremuko entitateek sailkatuko dute beren esku dagoen informazio guztiaren berrerabilpena, berrerabiltzeko modalitate hauetako batean argitaratzen dena:

a) Aldez aurreko baimenik gabe eta baldintza espezifikorik gabe berrerabiltzeko modalitatea. Hau izanen litzateke lehentasunezko erabilera modalitatea, orokorra, non argitaratzen edo eskuragarri jartzen den informazioa berrerabilgarria eta eskuragarria izanen den, aurretiko baimenik gabe eta baldintza espezifikorik gabe, irizpide orokorrak eta 35. artikuluko berrerabiltze baldintzak errespetatuz.

b) Erabilera mugatuko edo aurretiko baimena behar duen berrerabilpen modalitatea. Salbuespenez, modalitate honen barnean egonen da informazioa eskuragarri jartzeko modalitate hori non baldintza espezifiko batzuk dauden, lizentzia eredu batean ezarriak, edo aurretiko baimen bat izateko baldintza dagoen, non, era berean, baldintza espezifikoak izan daitezkeen.

2. Baldintza espezifikoek honako irizpide hauek errespetatuko dituzte:

a) Argiak, justuak eta gardenak izanen dira.

b) Ez dute murriztuko berrerabiltzeko aukera, ezta lehia mugatuko ere.

c) Ez da diskriminatzailea izanen berrerabiltzeko antzeko kategoriekiko.

d) Horretarako zergati justifikatua dagoenean aplikatuko dira, informazioaren titular den entitatearekin aurretik adosturik.

3. Nolanahi, erabilera mugatuko ahalik eta modu gutxien erabiliko dira baldintza espezifikoak dituzten berrerabilpen kasuak arautzeko, eta, betiere, formatu digitalean, irekian eta elektronikoki prozesatzeko modukoan egonen dira eskura. Erabilera mugatuko modu horiek entitateak berak presta ditzake, baina lehentasuna emanen zaie nazioan edo nazioartean onarpen zabala duten erabilera libre eta doakoei, beste administrazio publiko batzuekin edo batzuek adostutakoei. Erabilera mugatuko modu horiek Udalaren webean argitaratuko dira.

4. Ordenantza honen aplikazio eremuko entitateek aukera izanen dute baldintza espezifikoen edukia aldatzeko, baita orain dauden erabilera mugatuak ere. Halaber, baldintza espezifikoak eta erabilera mugatuak aplikatzen ahal dizkiete halakorik ez zuten datu multzoei edo agiriei. Aldaketa horiek web orrian argitaratuko dira, eta, behin aldaketa argitaratu ondoren, datuen edo dokumentuen lehenbiziko eguneraketa argitaratzen edo eskura jartzen denetik aurrera behartuko dituzte berrerabiltzaileak, edo, betiere, egun horretatik sei hilabete iragandakoan.

39. artikulua. Berrerabil daitekeen informazioaren argitalpena.

1. Berrerabil daitekeen informazioaren argitalpen aktiboak honako hauek izanen ditu: edukia, izaera, egitura, formatua, eguneraketaren maiztasuna, berrerabiltzeko modalitatea, aplikatu beharreko baldintzak, eta, behar denean, berrerabilpenak dakarren ordainarazpena, bide elektronikoen bidez egiteko aukera izanen duena, berrerabiltzaileek autolikidazioa eta ordainketa egin ahal izateko.

2. Ordenantza honen aplikazio eremuko entitateek beren dokumentuak emanen dituzte aldez aurretik zeuden edozein hizkuntza edo formatutan, baldin ahal bada eta egoki bada, makinak irakurtzeko moduko formatuan, horien metadatuekin batera. Bai formatuak bai metadatuek, ahal den neurrian, arau formal irekiak bete beharko dituzte. Zehazki, erabiliko dira beren kategorian “ireki” tipologiarekin sailkatutako estandarrak, onartutako bertsio minimoan eta egoera onartuan, bat etorririk Estandarren Katalogoko Interoperabilitateko Arau Teknikoko eranskinean ezarritakoarekin, urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren babesean (haren bidez arautu zen Interoperabilitateko Eskema Nazionala, ekainaren 22ko 11/2007 Legean aurreikusia) baita Informazio baliabideak berrerabiltzeari buruzko Interoperabilitateko Arau Teknikoaren babesean ere.

3. 2. idatz-zatiak ez du esan nahi ordenantza honen aplikazio eremuko entitateak beharturik daudenik, idatz-zati hori betetzeko, dokumentuak sortzera, egokitzera edo dokumentuen laburpenak ematera, baldin horrek eskatzen badu eginahal neurriz kanpokoa, manipulazio soila baino handiagoa. Ezin izanen zaie entitate horiei exijitu dokumentu mota baten produkzioa eta biltegiratzea mantentzea, sektore pribatuko edo publikoko entitate batek berrerabil dezan.

4. Informazioa eta argitaratutako dokumentazioa bilatzeko sistemak ahalbidetuko du adieraztea informazio berrerabilgarria bilatzen dela.

40. artikulua. Berrerabiltzeko eskaeren tramitazio prozedura.

1. Azaroaren 17ko 37/2007 Legearen 10. artikuluko idatz-zatietan –oinarrizko araudiaren izaera dutenak– araututakoa izanen da tramitazio prozedura.

2. Organo eskudunak berrerabilpen eskaerak ebatziko ditu, eskaera jaso eta hilabeteko epean gehienez ere. Epe hori betetzea ezinezkoa denean, eskatutako informazioaren tamaina eta konplexutasunagatik, ebazteko epea beste hamabost egunez luzatzen ahalko da. Kasu horretan, epearen luzatzearen berri emanen zaio eskatzaileari, baita luzapenaren arrazoiak ere.

3. Baldin aldi berean eskatzen badira IV. kapituluan araututako informazioa eta informazio horren berrerabilpena, batera tramitatuko dira, IV. kapituluan ezarritako prozeduraren bidez, eta abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 20. artikuluan aurreikusitako gehieneko epeak aplikatuko dira.

4. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epean ez bada ebazpen espresurik eman, eskatzaileak uler dezake eskaera ezetsi egin dela.

VI. KAPITULUA

Erreklamazioak eta zehapen araubidea

1. ATALA

Erreklamazioak

41. artikulua. Erreklamazioak.

1. Norbaitek uste badu ez dagoela eskura informazio publiko bat, argitaraturik behar lukeena, ordenantza honen buru den publizitate aktiboaren printzipioarekin bat, baita 16. artikulutik 22.era xedatutakoarekin bat ere, kexa aurkez dezake informazio publikoaren arloan eskumena duen organoan, abisu, kexa eta iradokizunetarako sistemaren bidez. Organo horrek behar den komunikazioa eginen du erreklamazioa erregistratu eta 10 eguneko epean gehienez ere, edo, bestela, abisu, kexa eta iradokizunetarako sistemak ezarritako kalitate konpromisoek ezarritako epean, baldin azken epe hori txikiagoa bada.

2. Informazio publikoa eskuratzearen arloan eskumena duen organoaren ebazpen, egintza edo omisioen kontra, erreklamazioa aurkez daiteke Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Kontseiluan, aukeran eta administrazioarekiko auzibidean inpugnatu aurretik, bat etorririk abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 24. artikuluan xedatutakoarekin, baita artikulu horrek ezartzen dituen erreklamazio epe eta bideekin, ebazpen epeekin eta jakinarazpen moduekin ere.

2. ATALA

Zehapen araubidea

42. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) Berrerabilpenerako erabilera mugatuak dituen edo aurretiko baimena behar duen informazioaren zentzuaren desnaturalizazioa.

b) Berrerabilpenerako erabilera mugatuak dituen edo aurretiko baimena behar duen informazioaren edukiaren aldaketa oso larria.

2. Arau-hauste larritzat joko dira:

a) Dokumentazioa berrerabiltzea, egoki den baimena lortu gabe, beharrezkoa denean.

b) Informazioa berrerabiltzea, baimendutako helburua ez den beste baterako.

c) Berrerabilpenerako erabilera mugatuak dituen edo aurretiko baimena behar duen informazioaren edukiaren aldaketa larria.

d) Erabilera mugatuko modalitatean, aurretiko baimenean edo aplikatzekoa den araudian ezarritako beste baldintza batzuk larriki ez betetzea.

3. Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Informazioa azkenekoz eguneratu zen data ez aipatzea.

b) Berrerabilpenerako erabilera mugatuak dituen edo aurretiko baimena behar duen informazioaren edukiaren aldaketa arina.

c) Iturria ez aipatzea, ordenantza honetan aurreikusitakoarekin bat.

d) Erabilera mugatuko modalitatean, aurretiko baimenean edo aplikatzekoa den araudian ezarritako beste baldintza batzuk arinki ez betetzea.

43. artikulua. Zehapenak.

1. Kapitulu honetan bildutako arau-hausteengatik honelako zehapenak ezarriko dira:

a) 3.000 euro arteko isuna, arau-hauste oso larriak egiteagatik.

b) 1.500 euro arteko isuna, arau-hauste larriak egiteagatik.

c) 750 euro arteko isuna, arau-hauste arinak egiteagatik.

2. Hemen azaldutako arau-hauste oso larriengatik eta larriengatik, a) eta b) lerroaldeetan aurreikusitako zehapenez gain, zehapen gisa ezartzen ahalko da baimena behar duten edo erabilera mugatukoak diren informazioak berrerabiltzeko debekua, urtebete eta bost urte bitarte, eta onartutako baimena edo erabilera mugatua errebokatzea.

3. Zehapenak mailakatu eginen dira, kontuan harturik berrerabilitako informazioaren izaera, informazioaren tamaina, lortutako onurak, intentzionalitate maila, eragindako kalte-galerak, bereziki honako hauei dagozkienak: datu pertsonalak, berrerortzea eta beste edozein inguruabar, garrantzitsua dena zehazteko zer antijuridikotasun eta erru maila izan diren arau-hausteko jarduketan.

44. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Ordenantza honetan aurreikusi gabeko guztian, zehapen ahalmena erabiliko da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluan xedatutakoaren arabera.

2. Ordenantza honetan aurreikusitako araubide zehatzailea ulertzen da galarazi gabe izan daitezkeen erantzukizun zibila edo penala, lege-arauei jarraikiz.

45. artikulua. Organo eskuduna.

Apirilaren 2ko 7/1985 Legean xedatutakoaren arabera egokia den organoa izanen da eskuduna zehapenak ezartzeko, ordenantza honetako xedapenen kontrako arau-hausteengatik.

46. artikulua. Diziplina araubidea.

Toki entitatearen zerbitzuko langileek betetzen ez dituztenean ordenantza honetako xedapenak, gardentasunaren eta informazioa eskuratzearen arloan, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 9.3 eta 20.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera zehatuko dira, baita zehapen arloko araudiaren arabera ere.

VII. KAPITULUA

Ebaluazioa eta jarraipena

47. artikulua. Organo arduraduna.

1. Alkatetza Udalburutzak, gobernua eta tokiko administrazioa gidatzeko ahalmenak erabiliz, gauzatuko ditu jarduketak, edo horretarako eskumena beste organo batzuetan eskuordetuko du, ordenantza honen edukia garatzeko, inplementatzeko eta gauzatzeko.

2. Orobat, indarreko araudia betetzeak berarekin dakartzan eginkizunen ardura duen alorra edo zerbitzua ezarriko da, eta hari esleituko zaizkio helburu hauek: arlo honetako araudia garatzea, ebaluatzea eta segimendua egitea, zirkularrak eta gomendioak egitea, eta, bere manuak aplikatuz, antolakuntza-arloak koordinatzea.

48. artikulua. Prestakuntzarako, sentsibilizatzeko eta zabalkunderako jarduerak.

Eulateko Udalak behar diren jarduketa guztiak eginen ditu, bermatzeko ordenantza honetan xedatutakoa behar bezala hedatuko eta ezagutzera emanen dela. Horretarako, publizitate ekintzak diseinatuko ditu, bere bitarteko elektronikoen bidez eta bere lurralde eremuan dauden herritarren parte-hartzerako tresnen bidez. Halaber, prestakuntza ekintza espezifikoak antolatuko ditu, langileendako, baita komunikazio ekintzak ere, 2. artikuluko entitateekin.

49. artikulua. Garapen, ebaluazio eta segimendu eginkizunak gauzatzeko erantzukizunak.

Ebaluazio eta segimendu prozesuen emaitzek ekartzen dituzten erantzukizunak VI. kapituluan aurreikusitakoaren arabera eskatuko dira.

50. artikulua. Urteko plana eta memoria.

Gardentasuna garatzeko eta mantentzeko, eta informazioa eskuratzeko eta berrerabiltzeko helburuak eta jarduketak urteko planetan zehaztuko dira. Planen eta xedapen hauen gauzatzearen ebaluazio eta segimendu lanen emaitza memoria baten xede izanen da. Zerbitzu arduradunak prestatuko du urtero memoria hori, eta, horretarako, zerbitzu guztien laguntza izanen du. Zerbitzuak beren jarduketa arloari buruz behar den informazio guztia ematera beharturik egonen dira.

Urteko memoria prestatzeko prozesuan eskatuko da egindakoaren balorazio egituratua, eta bilduko dira herritarrei egindako parte-hartze proposamenak, dauden herritarren parte-hartzeko organoen bidez edo parte hartzeko beste bide batzuen bitartez.

Xedapen iragankor bakarra.–Gauzatzeko neurriak.

Ordenantza hau indarrean sartzen denetik 6 hilabeteko epean, antolaketa egiturak egokituko dira, ordenantza gauzatzeko. Horretarako, Eulateko Udala hasiko da barne diseinua berregiten eta erregelamendu organikoa berrikusten, baita arau honek ukitzen dituen xedapen, zirkular eta barne jarraibide guztiak berrikusten ere, eta horiek egokitzeko behar diren jarraibide zehatzak emanen ditu.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 eta 70.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera, behin Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun baliodun iragan ondoren.

Iragarkiaren kodea: L1614256