11. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3015/2016 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, langabeei zuzendutako Lantegi-Eskolak eta Programa Integratuak izeneko prestakuntza eta enplegu programak 2017. eta 2018. urteetan gauzatzeko diru-laguntzen deialdia onesten duena, Nafarroako Foru Komunitateko lurralderako bakarrik.

Enplegurako Lanbide Prestakuntzaren Sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen bidez sistemaren osoko erreforma bati ekin zaio eta esparru juridiko berri bat ezarri da hala enpresek nola Administrazio Publikoek langileen eskura jartzen dituzten prestakuntza eskaintzetarako.

Lege horren 8. artikuluak aurreikusten du, batetik, prestakuntza jarduerak lanarekin batera egitea, enplegua eta prestakuntza nahasten dituen prozesu misto baten bitartez, langileari aukera ematen diona ikaskuntza formala lanpostuko lanbide praktikarekin bateratzeko, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratu baten bitartez; eta bestetik, prestakuntza behar bereziak edo prestakuntzazko eguneratze profesionalerako zailtasunak dituzten pertsonak trebatzeko berariazko programak, horien bidez prestakuntza ekintzak osatzen baitira kontratazio konpromiso, ekintza eta programekin.

Bi ekimen horiek, eta horiek osatzen dituzten ekintzak, lanbide kualifikazio eta gaitasunak eskuratu, hobetu eta etengabe eguneratzera bideratuta daude, biztanleria aktiboari bizitza osoan prestatzen segitzeko aukera emateko, pertsonen, enpresen, lurraldeen eta sektore produktiboen beharrak bateratuz.

Gizarteak botere publikoei eskatzen die egungo egoera ekonomikoaren ondorioak arintzen eta langabezia murrizten lagunduko duten neurri eraginkorrak hartzea, batez ere, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonentzat.

Hortaz, beharrezkoa da langabeen enplegagarritasuna hobetzeko neurriak txertatzea, lan merkatuaren baldintzak hobetuz, Enplegurako Estrategia Europarraren, Enplegua Aktibatzeko Espainiako 2014-2016 Estrategiaren eta Enplegu Politikaren urteko Planaren esparruan, betiere erakundeen arteko lankidetzatik eta Nafarroako Gobernuaren eta eragile ekonomiko eta sozialen arteko elkarrizketa sozialetik abiatuta.

Martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuaren 23.2.c) artikuluan eta martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren 22. artikuluan ezarritakoarekin bat, administrazio publikoek enplegu eta prestakuntzarako programak ezar ditzakete, nork bere kudeaketa esparruan. Era berean, autonomia elkargoek zilegi dute enplegua aktibatzeko politiken programak diseinatu eta garatzea, bakoitzaren beharren arabera, hori guztia Enplegua Aktibatzeko Espainiako 2014-2016 Estrategia onesten duen irailaren 5eko 751/2014 Errege Dekretuaren arabera.

Helburua da kolektibo kalteberak, baztertzeko arriskuan daudenak eta kualifikaziorik gabeko gazteak trebatzea, haien garapen pertsonal eta soziala sustatzearren eta kualifikazio bat eskura dezaten, haiei osoko arreta eskainiz, lan esperientzietan parte hartzeko aukera emanez eta lan munduan sartzen lagunduz. Planteamendu horiekin bat, entitate publikoen, pribatuen eta enpresen arteko sareko lankidetza programak eta kudeaketa konpartituko programak lehenetsiko dira, betiere aurrera eramateko behar diren baliabideak bermatzen badituzte, prestakuntza eta enplegu programak garatzeko kudeaketa eraginkorragoa proposatzen badute eta kostuak murriztea badakarte.

Prestakuntza eta enplegu programa horiek norgehiagokako araubidearekin bat banatuko diren diru-laguntza publikoen bidez finantzatuko dira, eta entitate onuradunek beraiek gauzatu beharko dituzte.

Nafarroako Gobernuak 2016ko abenduaren 14an hartutako Erabakiaren bidez, deialdi honi dagokion urte anitzeko gastua baimendu da.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Langabeei zuzendutako Lantegi-Eskolak eta Programa Integratuak izeneko prestakuntza eta enplegu programak 2017. eta 2018. urteetan gauzatzeko diru-laguntzen deialdia onestea, Nafarroako Foru Komunitateko lurralderako bakarrik.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea, ebazpen honen I. eta II. eranskinean agertzen direnak.

3. 5.038.000 euroko gastua baimentzea 2017ko Gastuen Aurrekontuko “Enplegu plana. Prestakuntzarako eta enplegurako programa mistoak. Sektoriala eta EGF-YEI Gazte enplegurako programa eragilea, 2014-2020” izeneko 95000 96200 4819 242200 kontu-sailaren kargura, edo aurrekontuetan gaitzen den antzeko kontu-sailaren kargura. Diru hori honela banatuko da:

–2.288.000 euro lantegi-eskoletarako.

–2.750.000 euro programa integratuetarako.

4. 4.150.000 euroko gastua baimentzea 2018ko Gastuen Aurrekontuko “Enplegu plana. Prestakuntzarako eta enplegurako programa mistoak. Sektoriala eta EGF-YEI Gazte enplegurako programa eragilea, 2014-2020” izeneko 95000 96200 4819 242200 kontu-sailaren kargura, edo gaitzen den antzeko aurrekontuko kontu-sailaren kargura. Diru hori honela banatuko da:

–2.100.000 euro lantegi-eskoletarako.

–2.050.000 euro programa integratuetarako.

Deialdia ebatzi ondoren programetako baten aurrekontuan kontsignaziorik baldin badago, besterako erabiltzen ahalko da.

5. Indarrik gabe uztea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 15ean emandako 388/2013 Ebazpena, Enplegurako lantegi-eskolak eta Sustapen eta garapeneko unitateak sortzeko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2016ko abenduaren 30ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

I. ERANSKINA

30 urtetik beherako langabeei zuzenduriko lantegi-eskolak
finantzatzeko diru-laguntzen deialdi publikoaren oinarri arautzaileak, Nafarroako Foru Komunitateko lurralderako bakarrik

1. Xedea eta aplikazio eremua.

Oinarri hauen xedea da 30 urtetik beherako langabeei zuzenduriko lantegi-eskolak finantzatzeko diru-laguntzak nola emanen diren arautzea, Nafarroako Foru Komunitateko lurralderako bakarrik.

2. Diru-laguntzen helburua eta emateko printzipioak.

2.1. Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzen helburua da 30 urtetik beherako gazte langabeen enplegagarritasuna hobetzeko asmoa duten lantegi-eskolen proiektuak finantzatzea, gazte horiek lan munduan sartzeko. Programa horietan ikaskuntza eta kualifikazioa lan produktiboarekin txandakatuko da. Horrez gainera, beste helburu hauek ere bilatzen dira: gazteek lan mundura hurbiltzeko trebetasunak eskuratzea, lanei eta eginkizunei ekiteko dituzten gaitasunak eta/edo jarrera/jokabideak hobetzea eta jarrera positiboak, ekimena, interesa eta hobetzeko grina sustatzea haiengan. Motibazioa proiektu hauen funtsezko oinarria da, izan ere, programek arrakasta lortuko badute, ezinbestekoa da parte-hartzaileek erronka eta konpromiso batzuk beren gain hartzea jarrera proaktibo batekin.

Lan produktiboaren fasean lanbide praktikari eta okupazioari loturiko lanbide gaitasunak eskuratzen direla bermatzearren, lanbide praktika benetako lan ingurune eraginkorretan egin beharko da; gainera, fase horretan, erabilera publikoko edo interes sozialeko zerbitzu edo produktuak egin beharko dira, produkzio erreferente edo estandarrak benetako ingurune produktiboetan lortzen direnen antzekoak izanen dira, eta aplikatuko diren eragimen ratioak propio kontrataturiko enpresa batean lortuko liratekeenekin proportzionalak. Ratio horiek memorian zehaztu eta justifikatu beharko dira.

Pertsonez gainera, tailer eskolek programak gauzatuko diren lurraldearen berezitasunak eta enpresen beharrak ere aintzat hartuko dituzte. Deialdi honen ondorioetarako, lurraldetzat hartuko da Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzia bakoitzak hartzen duen eragin eremua, hots: Agoizko, Altsasuko, Doneztebeko, Lizarrako, Lodosako, Iruñeko, Tafallako eta Tuterako eskualdeak.

2.2. Diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, objektibotasun, berdintasun, gardentasun eta publizitate irizpideak errespetatuz.

3. Lantegi-eskolen iraupena.

3.1. Deialdi honen babesean antolatzen diren lantegi-eskolak esleitzen diren egunetik hasi eta 2018ko azaroaren 30era arte gauzatzen ahalko dira.

3.2. Lantegi-eskolek gutxienez 12 hilabete iraunen dute, eta 24 hilabete gehienez.

3.3. Lantegi-eskola hasitzat hartuko da lehenengo etapa hasi dela adierazteko deklarazioa aurkezten denean.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

4.1. Lantegi-eskola guztiek, lanbide praktikarekin batera, orientazio, tutoretza eta prestakuntza ekintzak sartu beharko dituzte programazioan, eta, horretarako, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak erabiliko dituzte, kontratazio motarik egokiena baita. Bukaera partean, lan munduan sartzeko bitartekaritza ekintzak aurreikusiko dituzte nahitaez.

Proiektu bakoitzean ekintza mota horiek konbinatzeko aurreikusten den metodologia zehatz-mehatz azaldu beharko da, betiere parte hartzen duten pertsonei lan munduan sartzea erraztea helburu.

Lantegi-eskola bakoitzean 15 parte-hartzaile izanen dira, gehienez.

Ekintzek hiru etapa hauek izanen dituzte, nahitaez:

A) Lehenengo etapa: harrera, orientazioa, prestakuntza eta norberaren ibilbide-orria diseinatzea.

Lehenengo etaparen gehieneko iraupena bigarrenerako aurreikusitakoaren araberakoa izanen da: Bigarren etapa 9 eta 12 hilabete bitartekoa bada, 3 hilabete; eta bigarren etapa 12 eta 18 hilabete bitartekoa bada, 3 eta 6 hilabete bitarte.

Parte-hartzaile bakoitzak erreferentziazko orientatzaile/tutore bakarra izanen du, diseinatzen diren jarduketa guztietan eta sortzen diren ekintza guztietan lagun eginen diona. Orientatzaileen ratioa hau izanen da: 15 parte-hartzaileko, lanaldi osoko orientatzaile bat, edo lanaldi partzialean arituz dagokiona.

Etapa honek iraun bitartean, parte-hartzaile gehiago sartzen ahalko dira, betiere deialdi honetan aurreikusitako ratioak errespetatuz gero. Sartu berriekin behar diren jarduketak eginen dira, programara egokitu daitezen.

Lanbide eskolak aurreikusia badu profesionaltasun ziurtagiri bat baino gehiago ematea, entitate onuradunak proiektuaren memorian adierazi beharko du zein den prestakuntza eta ikaskuntza kontratuari lotzen zaiona.

Hauxe izanen da finantzatuko den gehieneko ordu kopurua: prestakuntza eta ikaskuntza kontratuari lotutako profesionaltasun ziurtagiria lortzeko behar direnak, aurreikuspenen arabera bigarren etapan emanen ez direnak.

Gehienez beste 100 ordu gehiago finantzatzen ahalko dira, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuari lotuta ez dauden lanbide ziurtagirietako prestakuntza moduluak lortzeko ekintzak emateko, baita profesionaltasun ziurtagiriak osatzeko ekintzak, laneko arriskuei aurrea hartzeko ekintzak eta ekintzailetzarako eta autoenplegurako ekintzak ere.

100 ordu horiez gainera, beste 120 ordu finantzatzen ahalko dira gako-gaitasunen probak gainditzeko prestakuntza ekintzak programatzen badira.

Prestakuntza ekintza horiek bigarren etapan hasten ahalko dira, edo etapa horretan jarraipena eman, lehenengorako diseinatu badira ere, salbu eta gako-gaitasunen probak gainditzeko direnak.

a) Orientazio/Tutoretza ekintzak.

Orientazioak berebiziko pisu eta zeregina du lehenengo etapan, eta etapa honetan ekintzak proiektu osoaren oinarrizko ardatz dira.

Lan munduan sartzearen helburua lortzeko, orientatzaileak ibilbide-orri bat diseinatu edo berrikusi, itundu eta sinatuko du parte-hartzaileekin, bakoitzaren profilaren, itxaropen eta interesen eta helburu profesionalaren arabera. Orri horretan gauzatu beharreko jarduketak, jarduketen egutegia, lortu nahi diren helburuak eta entitatearen eta parte-hartzailearen konpromisoak jasoko dira.

Entitate onuradun bakoitzak metodologia dinamiko eta motibatzaile bat diseinatu eta ezarriko du, xedeko parte-hartzaileen interesen eta ezaugarrietan eta lurraldearen berezitasunetan oinarritua.

Ekintzak, batez ere, orientaziokoak, alderdi pertsonalak garatzekoak eta zeharkako gaitasunak lantzekoak izanen dira. Helburu hauek izanen dituzte:

–Harrera egitea, fidelizatzea, motibatzea eta informazioa ematea programaren helburu, etapa eta konpromisoei buruz.

–Garapen pertsonal eta sozialerako alderdiak lantzea.

–Zeharkako gaitasunak garatzea, lantegien bidez, prestakuntza teoriko profesionalari arrakastaz ekiteko eta hura osatzeko, eta, horrela, lan munduan sartzea errazteko.

–Identifikatzea ea pertsona egokitzen den inguruneko edo lurraldeko lan beharretara edo hango enpresen beharretara, ea menperatzen dituen lan merkatuan sartzeko eta bere burua eskaintzeko behar diren tresnak, metodoak eta ekintzak, eta ea gai den enpresekin harremanak izateko edo autoenplegurako eta ekintzailetzarako aukerak ikertzeko.

–Ingurune produktiboa ezagutzeko informazio saioak egitea, sektorea eta haren lanbideak ezagutzearren. Sektorera hurbiltzeko, informazio egonaldiak antolatzen ahalko dira enpresetan bertan. Saio horietan lan arloko eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa emanen da.

–Parte-hartzaile bakoitzak dituen beharrak, motibazioak, eskuratutako gaitasunak eta lanbide arloan dituen aukerak, baita eskuratu eta/edo sustatu beharko liratekeen trebetasunak eta alderdi pertsonalak. Hori helburu, honako hauek antolatzen ahalko dira:

  • Banakako ebaluazio saioak. Parte-hartzaile bakoitzaren egoera pertsonala eta prestakuntza eta/edo lan profila analizatuko da, gabezia eta motibazioak identifikatu, eta norberaren itxaropenak egokituko dira. Aurretik ibilbide bat egina badu, diagnostikoa osatuko da programaren helburuen arabera.
  • Enplegurako alderdi pertsonalak garatzeko tailerrak eta orientazio saioak. Orientatzaileak aholkularitza eta/edo informazio jarduketak eginen ditu eta arlo hauek landuko dira, besteak beste: norberaren ezagutza, emozioen kudeaketa, prestakuntza prozesu pertsonalari buruzko orientazioa, indarrak eta motibazioak orainari eta etorkizunari aurre egiteko, norberaren lehentasunak eta lan munduari buruzko ezagutza orokorra.

Jarduketa horiek guztiak banakakoak eta/edo taldekakoak izan daitezke, kolektiboaren eta jardueraren ezaugarrien arabera. Gainera, malguak izan beharko dira, parte-hartzaile bakoitzaren beharren arabera.

c) Prestakuntza ekintzak.

b.1) Gako-gaitasunei buruzko probak gainditzeko prestakuntza.

Bigarren etaparako diseinatutako prestakuntza bideratzen bada profesionaltasun ziurtagiriren bat lortzera, eta hartan sartzeko parte-hartzaile guztiek ez dituzten betebeharrak finkatu baldin badira, gako-gaitasunei buruzko probak gainditzeko ekintzak ere aurreikusten ahalko dira.

Egunero, 4 ordu emanen dira gutxienez, eta 6 gehienez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren kudeaketa-ereduei eta araudi erregulatzaileari jarraikiz.

Entitate onuradunak gako-gaitasunei buruzko probak antolatu beharko ditu, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezarriko dituen prozedurekin eta ebaluazio irizpideekin bat. Erakunde horren eskumena da gaitasun horiek gainditu direla ziurtatzea.

Parte-hartzaileren batek proba horiek gainditzen ez baditu, hutsik gelditzen diren tokiak sartzeko baldintzak betetzen dituzten beste pertsona batzuek betetzen ahalko dituzte. Sartu berriekin behar diren jarduketak eginen dira proiektura egokitu daitezen.

b.2) Prestakuntza.

Enplegagarritasuna eta lan munduan sartzeko prestakuntza hobetzearekin batera enplegurako prestakuntza ere eman beharko da nahitaez. Prestakuntza ekintzen helburua da profil teknikoari lotutako gaitasun berariazkoak edo tekniko-profesionalak eta zeharkakoak eskuratzea edo egokitzea.

Prestakuntza ekintza horiek proiektuari lotzen zaizkion lurraldeko enpresen beharrei erantzuteko modukoak izanen dira. Alderdi hori proiektuko memorian justifikatu beharko da.

Prestakuntza ekintzak izanen dira programaren hasierako diseinuan jasotzen direnak. Dena dela, behar diren malgutasuna eta pertsonalizazioa kontuan hartuta, diseinatzen den planean edo ibilbide-orrian hasierako eskaeran aurreikusi ez zen prestakuntza ekintzaren bat jasotzen bada, ekintza hori ematen ahalko da, baina, betiere, entitate onuradunaren kargura.

Lantegi-eskoletan, 1. edo 2. mailako profesionaltasun ziurtagiri oso bat edo gehiago lortzera bideratutako prestakuntza ekintzak sartu beharko dira. Nolanahi ere, ezin da 3. mailako profesionaltasun ziurtagiri bat lortzera bideratutako prestakuntza ekintzarik sartu.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaz gainera, entitateek honako hauek ere programatzen ahalko dituzte:

–Profesionaltasun ziurtagirietako prestakuntza moduluak lortzera bideratutako prestakuntza ekintzak.

–Profesionaltasun ziurtagiriak osatzeko ekintzak, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren web orrian argitaratutako prestakuntza espezialitateen Katalogoan jasotako prestakuntza espezialitateei lotuak. Prestakuntza ekintza horietan nahitaez lan arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza sartu beharko da, 30 ordukoa gutxienez, eta haren edukia urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren IV.B eranskinean ezarritakoari jarraituko zaio, horren bidez Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onetsi baitzen. Prestakuntza hori aurkeztu beharreko memorian zehaztu beharko da.

Entitate onuradunak laneko arriskuen hasierako ebaluazioa egin izanaren ziurtagiria igorriko dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, hala xedatzen baita Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 16. artikuluan. Hasierako ebaluazio horretan proiektuaren instalazioak eta lanpostuak aztertuko dira, langileek lantegi-eskolan dituzten lan baldintzen ondorioz segurtasunean eta osasunean izan ditzaketen arriskuak kendu edo murrizteko xedez. Zuzendariei eta irakasleei lan arriskuen prebentzio planaren berri emanen zaie, baita ikasle-langileei ere.

–Ekintzailetza eta autoenplegurako ekintzak.

Prestakuntza ekintza guztiek gutxienez 4 ordu eta gehienez 6 ordu iraunen dute egunero, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren kudeaketa-ereduen eta araudi erregulatzailearen menpe egonen dira.

Beharrezkoa izanen da parte-hartzaileei egokitutako ikaskuntza metodologiak sustatzea. Etapa bukatutakoan, ikasitakoa eta eskuratutako gaitasunak ebaluatu beharko dira.

B) Bigarren etapa: alternantziazko prestakuntza, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratu baten bitartez.

Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuaren araberakoa izanen da, horren bidez garatu baita kontratu hori; halaber, Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa beteko du.

Kontratuaren iraupena bigarren etaparena bezalakoa izanen da. Gutxienez 9 hilabete eta gehienez 18 hilabete irauten duten kontratuak finantzatuko dira.

Prestakuntza presentziala izanen da, eta 38 ordu iraunen du kontratuaren hilabete bakoitzeko, edo behar den zati proportzionala, hots, aurreikusitako gehieneko lanaldiaren %25. Finantzatzen ahal den gehieneko ordu kopurua ateratzen diren prestakuntza orduei dagokiena izanen da.

Etapa horretan, orientatzaileaz/tutoreaz gainera, teknikari bat ere arituko da, begirale espezialista gisa kontratuaren xedeko ziurtagiriaren/lanbidearen arloan. Benetako lan erreala egin bitartean ikasten dena tutorizatu beharko du.

15 parte-hartzaileko, orientatzaile/tutore bat izanen da, lanaldi erdian, eta monitore espezialista bat, hiru laurdeneko lanaldia izanen duena.

a) Orientazio/Tutoretza ekintzak.

Orientazio/tutore lana parte-hartzaile bakoitzaren garapen pertsonal eta profesionalerako etengabeko gidatze, lagun-egite eta motibazio prozesu bat izanen da, norberaren eginkizun soziala sendotzeko, horrela erabakiak hartzeko gaitasuna hobetzen eta aurreikusitako ekintza eta jarduerak egiten lagunduko baitzaie.

b) Lan praktikarekin edo lan produktiboaren fasearekin batera eman beharreko prestakuntza.

Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuari lotutako profesionaltasun ziurtagiriarekin zerikusia duten lanbideen gaitasun profesionalak eskuratu beharko dira, eta lan ingurune erreal eta eraginkorretan egin behako da, 2. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Prestakuntzak bat etorri beharko du kontratuko lanbideari lotutako ziurtagiriaren prestakuntza modulu batekin gutxienez.

Kontratuan prestakuntzarako aurreikusitako orduak nahikoak ez badira, lehenengo etapan emanen dira, hala profesionaltasun ziurtagiriaren prestakuntzarako direnak, nola lehenengo etapako prestakuntza ekintzetakoak (A.b.2. puntuan azaltzen direnak), hasi ez badira edo osorik eman ez badira.

Prestakuntza ekintzen artean zilegi da Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren web orrian argitaratutako prestakuntza espezialitateen katalogoan jasota ez dagoen prestakuntzaren bat sartzea, hala langileen beharrei erantzuteko, nola enpresen beharrei. Prestakuntza hori ez da lan eraginkortzat hartuko.

C) Hirugarren etapa: bitartekaritza eta lan munduan sartzea, lan munduan sartzeko bitartekaritza ekintzen bidez eta ekintzailetzari laguntzeko ekintzen bidez.

Etapa hau da, hain zuzen, lantegi-eskolaren helburua. Hortaz, parte-hartzaileekin egiten diren jarduketa guztiak eta lurraldeko enpresekin aurretik lortzen den lotura erabakigarriak izanen dira.

Gehienez, hilabete bat iraunen du. Parte-hartzaileak ateratzeari dagokionez, malgu jokatuko da, eta horrek ez du ekarriko aurreikusitako iraupena murriztea edo emandako diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa aldatzea.

Etengabeko jarraipen, tutoretza eta laguntze lanak lan munduan sartu ondoren ere egiten ahalko dira, betiere lantegi-eskolaren iraunaldiaren barrenean.

Lan bitartekaritzako ekintzak eginen dira, hots, parte-hartzaileei lagun egitea lan kontratazioan interesaturik egon daitezkeen enpresekin harreman zuzena dutenean, eta, orobat, parte-hartzaileei helaraztea beren profilari egokitzen zaizkion lan eskaintzak.

Autoenplegurako edo ekintzailetzarako laguntza- eta aholkularitza-ekintzak eginen dira, halaber, ibilbide-orrian hala ezartzen denean.

Hirugarren etapan, lan munduan sartzen laguntzeko teknikari bat arituko da, zeinak parte-hartzaile bakoitzarekin jarduten segituko baitu, erreferentziako tutorearekin batera, lan munduan autonomiaz sartzeko prozesua errazteko eta prozesu hori arrakastatsua izan dadin. Aplikatu beharreko ratioa, 15 parte-hartzaileko, lanaldi erdikoa izanen da bi teknikarientzat.

Lantegi-eskola bukatu eta hurrengo hiru hilabeteetan gutxienez, entitateek enplegua bilatzen segituko dute, parte-hartzaileak lan munduan sar daitezen besteren konturako langile gisa edo langile autonomo gisa.

4.2. Lantegi-eskolek bermatu beharko dute diru-laguntzaren xede diren pertsonen %25 gutxienez sartzen direla lan munduan.

Entitate onuradunek lan munduan sartzeko indizeari buruzko konpromiso gehigarri bat har dezakete, goian adierazitako baldintza berberetan.

Laneratzea gertatu dela hartzeko, beharrezkoa izanen da bigarren etapa hasi ondoren enpresa batekin lan kontratua sinatuta izatea, enpresa horrek onuradun gisa aurkeztu ala ez. Entitate onuradunak lortutako laneratzeen portzentajea zehazteko, ez dira kontuan hartuko lantegi-eskola bukatu ondoren hezkuntza sistemara itzultzen diren parte-hartzaileak.

Kontratu horien gutxieneko iraupena 3 hilabetekoa izanen da, edo daukan lanaldiaren baliokidea, betiere lanaldi erdikoak edo hortik gorakoak badira. Laneratze gisa hartuko dira, orobat, langile autonomoen araubide berezian egiten diren altak eta kuoten ordainketak, gutxienez hiru hilabetetik gorakoak badira.

Baldintza hori 9 hilabeteko epearen barrenean bete beharko da, lantegi-eskola bukatzen denetik hasita.

Laneratzeak kontatzearen ondorioetarako, kasu hauek baztertuko dira:

–Eskola-lantegietan, enplegu tailerretan, enplegurako zentro berezietan, lan munduan sartzeko eta gizarteratzeko zentro edo enpresetan edo programa babestuen barrenean egiten diren kontratazioak, eta, orobat, kontratatuaren ordainsariak diru-laguntza publikoen bidez finantzatzen diren egoera guztiak.

–Administrazio publikoan sartzeko modu guztiak, izan funtzionario gisa, estatutupeko langile gisa edo lan edo administrazio kontratuko langile gisa.

–Edozein enpresatan, aldizkako langile finko gisa aritzeko, mugagabeko kontratuaren bidez egiten diren kontratazioak, eskola-lantegia hasi aurretik hasten badira, baita kontratu horien ondorioz egiten diren hurrengo deiak ere.

Dena dela, aldizkako langile finko gisa aritzeko mugagabeko kontratuak laneratze gisa kontatuko dira baldin eta bigarren etapa hasi ondoren hasten badira.

4.3. Entitate eskatzailearen ardura da bermatzea laneratzearen zuzendaritza, orientazio/tutoretza eta laguntze lanak egiteko kontratatzen diren langileek profil egokia dutela diseinatutako proiektuarentzat.

Toki entitateen kasuan, kontratatzen diren pertsonak ez dira sartuko kasuan kasuko plantilletan edo lanpostu zerrendetan; beraz, ez da beharrezkoa izanen aldez aurretik lan publikoaren eskaintza egitea.

Katalogoko espezialitateak emateko irakasleek espezialitate bakoitzerako ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezartzen duen prozeduraren arabera.

4.4. Profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzera bideratutako prestakuntza egiaztatzeko, martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuaren 11.1 eta 11.3. artikuluetan eta Profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

Era berean, profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntzari dagokionez, urriaren 10eko ESS/1897/2013 Aginduan ezarritakoari jarraikiko zaio (agindu horren bidez urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua garatu zen).

Prestakuntza ez dagoenean loturik profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza eskaintzarekin, entitate onuradunak bertaratze ziurtagiri bat luzatu eta eman beharko dio prestakuntza ekintza bukatzen duen parte-hartzaile bakoitzari, edo bestela, diploma bat prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditzen duen parte-hartzaile bakoitzari.

5. Proiektuetako parte-hartzaileak.

5.1. Lantegi-eskoletan parte hartzen duten pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–16 urtetik gorakoak eta 30 urtetik beherakoak izatea.

–Eskola titulurik ez izatea edo, gehienez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua izatea, edo bazterturik dauden edo bazterturik gelditzeko arriskuan dauden pertsonak izatea. Bazterturik daudela edo bazterturik gelditzeko arriskuan daudela egiaztatzeko, bazterketa-egoera benetan dagoela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen erakunde ofizialak luzatua.

–Azkeneko hiru urteetan lantegi-eskola batean parte hartu ez izana.

–Lanik gabe izatea eta, lantegi-eskola hasten denean, enplegu eskatzaile gisa inskribaturik egotea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietan.

–Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratu bat formalizatzeko aplikatzekoa den araudian ezarritako betebeharrak betetzea.

–Bete beharreko lanbideari dagozkion jarduerak egiteko eragozpen pertsonalik edo bestelako eragozpenik ez izatea.

–Profesionaltasun ziurtagiria lortzeari lotutako prestakuntza egiteko indarreko araudian ezarritako betebeharrak betetzea. Betebehar horiek prestakuntza egiaztagarria hasten denean bete beharko dira.

5.2. Parte-hartzaileak hautatu aurretik, proiektua gauzatuko den lurraldeko enplegu agentziak aurretiazko hautapen bat eginen du. Entitate onuradunek dagokion enplegu agentziari adieraziko dizkiote proiektuari egokitzen zaizkion profilak eta sartzeko betebeharrak, zundaketa bidez edo zabalkunde publikoaren bidez behar bezala kudeatzeko.

Enplegu agentziak zundaketa bat egiten badu, bilaketa eremua proiektua gauzatu behar den udalerrietara mugatuko da. Jende aski ez badago, beste udalerri batzuetara zabalduko da bilaketa, hurbilen daudenak lehenetsiz, behar den pertsona kopurua lortu arte.

Zabalkunde publikoa eginez gero, iragarkian zehaztuko da parte hartu nahi dutenek zer epe, zer modu eta zer bide izanen duten izena emateko.

Entitate onuradunek zilegi dute hautagai poltsa bat aurkeztea enplegu agentziari, aurretiazko hautapen prozesu horretan sar ditzan, eta jarduketa eremuan proiektuaren xedeko pertsonekin lan egiten duten beste entitate batzuen deribazio bideak ezarrita izan ditzakete.

Aurretiazko hautapena eginda, enplegu agentziak hasiera batean hautatutako pertsonen zerrenda eta inskripzio eskaerak igorriko dizkio entitate onuradunari, hautapena egin dezan.

Behin betiko hautapena egiteko orduan, entitateak honako hauek lehenetsiko ditu: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren edo orientazio arloko entitate laguntzaileen bitartez, orientazio jarduketak, enplegagarritasun ibilbideak edo enplegurako ibilbide pertsonalizatuak eginak dituzten pertsonak. Irizpide hori aplikatu aurretik, lehentasuna izanen dute gizarteratze-errenta kobratzen bi urte baino gehiago daramaten pertsonek. Nolanahi ere, identifikatutako helburu profesionalak eta proiektuarenak bat etorri beharko dira.

Entitate onuradunak parte-hartzaileen zerrenda, erreserban gelditzen direnena eta aplikatutako hautapen irizpideak bidaliko dizkio enplegu agentziari, behar bezala justifikatuta, hasi baino 7 egun lehenago gutxienez.

Enplegu agentziak, bere eskumenen esparruan, deialdian ezarritako betebeharrak bete ote diren egiaztatuko du.

Halaber, entitate onuradunak parte-hartzaile guztien alten eta bajen berri eman beharko dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, horrelakoak gertatu bezain pronto.

6. Beka eta kontratuak.

6.1. Lantegi-eskolako proiektuaren lehenengo etapan parte hartzen duten pertsonak martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren 25. kapituluan ezarritako beken onuradunak izaten ahalko dira, eta arau horretan eta ebazpen honetan ezarritako betebehar eta baldintzak bete beharko dituzte.

6.2. Martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren III. eranskineko 1. atalean ezarritakoarekin bat, deialdi honetan aurreikusitako proiektuetan parte hartzen duten langabeek 9 euro bitarteko beka jasotzen ahalko dute bertaratzen diren egun bakoitzeko.

Beka hori ordaindu behar den erabakitzea entitate onuradunari dagokio, parte-hartzaileek beren ibilbide-orrian hartzen dituzten konpromisoen eta ibilbidearen arabera.

6.3. Eskaera aurkeztean, entitateak adierazi beharko du zein den beka horietarako aurreikusita duen zenbatekoa. Beka horien zenbatekoa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ematen duen diru-laguntza osoaren parte izanen da, entitatea diru-laguntzaren onuradun suertatuz gero. Entitateak kontzeptu horretarako emandako zenbateko osoa ordaintzen ez badu, behar dena itzuli beharko du, 21.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

6.4. Bekak kudeatu eta ordaintzea entitate onuradunari dagokio, ikasleak eskatuta. Beka ordaintzeko, entitate onuradunak behar den diru sarrera eginen du eskatzaileak jakinarazten duen banku korrontean.

6.5. Entitate onuradunak behar den informazioa emanen die parte-hartzaileei bekari buruz eta hura lortzeko bete beharrekoei buruz.

6.6. Nolanahi ere, beka jasotzeko eskubidea galduko da hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe. Prestakuntza ekintzara joaten ez den egunetan, ez da beka jasotzeko eskubiderik sortuko.

Prestakuntzara joan dela frogatzeko, eredu normalizatuak erabiliko dira.

6.7. Entitate onuradunak zilegi du beka hori osatzea bere baliabideekin edo kanpokoekin.

6.8. 9. oinarriko 1.a) eta b) ataletan adierazitako entitateek kontratatuko dituzte parte-hartzaileak. Kontratuaren iraupena hasiera-egunetik bigarren etapa bukatu bitarte izanen da.

Diruz laguntzen ahal den gehieneko soldata urtero ezartzen den lanbide arteko gutxieneko soldataren %75 adinakoa izanen da. Diru-laguntza kalkulatzearen ondorioetarako, ebazpenaren proposamena egiten den unean indarra duen gutxieneko soldata hartuko da aintzat.

Kontratazio aldia proiektuan bertan adieraziko da, eta horixe izanen da prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak formalizatzeko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa zehaztuko duena, aurreko lerroaldean ezarritakoaren arabera eta sinatu beharreko kontratuen arabera.

6.9. Entitateak eskaeran zehaztu beharko du kontratuetara bideratu asmo duen zenbatekoa. Zenbateko horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ematen duen diru-laguntzaren parte izanen dira, entitatea diru-laguntzaren onuradun suertatuz gero. Entitate onuradunak zilegi du zenbateko horiek osatzea bere baliabideekin edo kanpoko baliabideekin.

Kontzeptu honetarako emandako zenbateko osoa ordaintzen ez bada, behar dena itzuli beharko da, 21.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

7. Istripu asegurua.

Entitate onuradunek istripu aseguruko poliza bat sinatu beharko dute lantegi-eskola hasi baino lehen. Poliza horrek hiru etapak estaliko ditu, baita egin nahi diren jarduketak eta eguneroko ordutegi osoa ere. In itinere istripu gastuak eta ikasleek enpresetara eta beste establezimendu batzuetara egiten dituzten bisiten ondoriozko arriskuak estali beharko ditu, eta jarduketen garapenari euskarri eman beharko diote.

Polizak hirugarrenen aurreko erantzukizun zibila ere estali beharko du, proiektua gauzatu bitartean parte-hartzaileek eragindako kalteak estaltzeko eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua horren gaineko erantzukizun orotik salbuesteko. Aseguru poliza kolektibo bat sinatzen ahalko da, adierazitako baldintzekin, parte-hartzaile guztiak estaltzeko.

Poliza hori sinatzearen ondoriozko gastua prestakuntza jardueraren zuzeneko kostutzat hartuko da finantzaketaren ondorioetarako.

Parte-hartzaileek ezin izanen dute lantegi-eskola hasi istripu aseguruaren poliza sinatu ez bada, inola ere ez. Polizak, gutxienez, honako estaldura hauek izanen ditu:

–Heriotza, istripuagatik.

–Baliaezintasun iraunkorra (partziala, osoa edo absolutua) eta baliaezintasun handia istripuagatik. Baremoaren araberakoa izanen da.

–Osasun laguntza mugagabea, istripuagatik.

8. Finantzatzeko aurrekontua.

8.1. Deialdi honen babesean antolatzen diren lantegi-eskolak 2017ko eta 2018ko gastuen aurrekontuko “Enplegu plana. Prestakuntzarako eta enplegurako programa mistoak. Sektoriala eta EGF-YEI Gazte enplegurako programa eragilea, 2014-2020” izeneko 95000 96200 4819 242200 kontu-sailaren kargura finantzatuko dira, edo aurrekontuetan gaitzen den antzeko kontu-sailaren kargura.

Diru-laguntzak ematea nahiko aurrekontu-kreditu indarduna izatearen mende egonen da.

8.2. Deialdi honi dagokion gehieneko finantzaketa 4.388.000 eurokoa izanen da: 2.288.000 euro 2017ko aurrekontuaren kargura eta 2.100.000 euro 2018ko aurrekontuaren kargura.

8.3. Proiektu bat 2017ko abenduaren 1a baino lehen hasten bada eta hurrengo urtean bukatzen, bukatu aurretik gauzatutako zatia 2017ko aurrekontuen kargura ordainduko da, eta gainerakoa 2018koaren kargura.

9. Entitate eskatzaileak: baldintzak eta egiaztapena.

9.1. Deialdi honetan entitate hauek parte hartzen ahal dute:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta horien menpeko edo horiei atxikitako entitateak, beren titulartasun osoa toki entitate horiena bada, eta, kasu guztietan, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan badaude, eta Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasun publikoko entitateak.

b) Lantokia Nafarroako Foru Komunitatean duten elkarteak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuk.

c) Aurreko bi ataletan aipatutako entitateetatik edozeinek osatutako elkarteak, nortasun juridikorik ez badute ere.

9.2. Onuradun izaten ahalko dira, orobat, aipatutako entitate horietako batek (are c) atalean aipatutakoak ere) honako hauetako batekin osatzen dituen nortasun juridikorik gabeko elkarteak:

–Zentroen erregistroan inskribaturik edo egiaztaturik dauden prestakuntza zentroak, entitate mota horietako batekin bat etortzen ez direnak. Zentro horiek prestakuntza ekintzen eremuan baizik ez dute parte hartuko.

–Programa gauzatzeko beharrezkoa den jardueraren bat egiten duten enpresak edo bestelako entitateak, programako ekintzei lotutako zerbitzuetako batean espezializatuak daudenak.

9.3. Elkarteen kasuan, laguntzaren eskabidean berariaz adierazi beharko dira elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak eskatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Elkarteari, onuraduna den aldetik, dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldun edo ordezkari bakar bat izendatu beharko dute. Ordezkaritza hori, bakar-bakarrik, 9.1 oinarriko a) eta b) letretan adierazitako entitateetako bati ematen ahalko zaio.

Elkarteko entitate guztiek diru-laguntza hauen onuradun izateko ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoak ere.

Elkartea ezin da desegin harik eta jarduera justifikatzen denetik lau urte igaro arte, Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2004 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

9.4. Prestakuntza espezialitateen katalogoan dauden ekintzak emanez gero, prestakuntza zentroak egiaztatuak egon beharko dira, edo behar den erregistroan inskribatuak, bidezkoa dena, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Prestakuntza espezialitateen katalogoan ez dauden ekintzak emanez gero, deialdia argitaratzen den egunean inskribatuak ez dauden prestakuntza zentroek, diru-laguntzaren eskabidearekin batera, erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko dute, ekintza hori emateko behar diren baldintzak betetzen dituztela adierazteko.

9.5. 9.1 oinarrian adierazitako entitate onuradunak ez badira deialdira aurkezten prestakuntza zentro edo entitate batekin elkarturik, entitate horiek behartuak egonen dira egiaztatzearen eta inskripzioaren gainean aurreko atalean adierazitakoa betetzera.

Entitate onuradunek ezin dute azpikontratatu egin beharreko jarduketen exekuzioa. Langileen kontratazioa ez da azpikontrataziotzat hartuko, kontratazio zuzena edo autonomoena bada. Prestakuntzaren kasuan, irakasleen kontratazioa ere ez da azpikontrataziotzat hartuko.

10. Diru-laguntza eskaerak.

10.1. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (http://www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz.

Bestela, Nafarroako Gobernuko enpleguaren atariko web orrian dagoen eskabidea bete beharko da, eta eskabidearen eta proiektuaren memoriaren paperezko kopia bana aurkeztu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan. Dokumentazioa euskarri informatikoan ere aurkeztu beharko da.

Eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako tokietan ere aurkez daitezke.

Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

10.2. Eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen denetik hasita. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

10.3. Eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskaera ebazteko behar den informazioa kontsultatzeko eta administrazio publikoek egiten edo gordetzen duten dokumentazioa eskuratzeko.

11. Eskaeraren edukia.

11.1. Eskabidea eta proiektuaren memoria eredu normalizatuan aurkeztu beharko dira, eta agiri hauek erantsiko zaizkie:

a) Eskabidea sinatzen duenak entitate eskatzailearen izenean jarduteko ahalmena baduela egiaztatzen duen agiria, indarra duen legeriaren araberakoa.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatu egoeretakoren batean ere ez dagoela dioen aitorpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

c) Erantzukizuneko aitorpena, adierazteko ezen lan munduan sartzeko eskatutako ekimenaren zuzendaria, orientatzailea/tutorea eta begirale espezialista eta teknikoa eskatutako proiektuari egokitzen zaizkiola eta esperientzia daukatela eskatutako jarduketetan eta kolektiboetan.

e) Aurrekoaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

Administrazioari lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskatzailea Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaz baliatzen ahalko da, betiere adierazten badu noiz eta zein organo administratibotan aurkeztu zituen agiri horiek.

11.2. Entitate eskatzaileek eskabide bat aurkeztu beharko dute antolatu nahi duten lantegi-eskola bakoitzeko.

12. Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

12.1. Diru-laguntza eskaera aurkeztuta, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei 10 eguneko epea emanen zaie, idazkia jaso eta biharamunetik hasita, behar diren argibideak edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie, halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

Hori hala izanik ere, errekerimenduak proiektuko ekintzaren bat edo batzuk ukituz gero, ekintza horiek proiektutik baztertuko dira, eta gainerakoak tramitatuko dira, behar diren baldintzak eta betebeharrak betetzen badira.

15.1 oinarrian ezarritako mugak gaindituz gero, 10 eguneko epea emanen da proiektua edo proiektuak berriz egiteko, idazkia jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.

12.2. Nolanahi ere, deialdian ezarritako epetik kanpora aurkezten diren eskaerak ez dira tramitatzera onartuko, eta, beraz, zuzentzeko aukerarik eman gabe artxibatuko dira, bai, orobat, lan produktiboko fasean gaitasun profesionalak eskuratuko direla bermatzen ez dutenak eta lan ingurune erreal eta eraginkorretan egiten ez direnak; gainera, erabilera publikoko eta interes sozialeko zerbitzuak edo produktuak egin beharko dira.

Ez dira tramitatzera onartuko eta, beraz, zuzentzeko aukerarik eman gabe artxibatuko dira, halaber, informazio hauetako bat falta dutenak:

a) Proiektuko jarduketak.

b) Eskatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa.

13. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

13.1. Entitateek lurraldeko beste eragile batzuekin, entitate elkartuekin eta enpresekin egiten duten elkarlana; parte-hartzaile bakoitzeko eskatzen den diru-laguntza, eskaera guztien batez bestekoarekin alderatuta, eta lan munduan sartzen direnen ehunekoa.

Atal honetako irizpideak aplikatuz, 50 puntu lortzen ahal dira gehienez.

13.1.a) Elkartutako entitate onuradunen arteko elkarlana.

Indarrak batzeko asmoz, beste entitate batzuekin elkarlanerako harremanak ezartzeko gaitasuna baloratuko da, proiektuan sar daitezen onuradun gisa. Atal honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

2 puntu emanen dira entitate onuradun bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu lortzen ahalko dira.

13.1.b) Lurraldeko beste eragile batzuekiko koordinazioa eta elkarlana.

Lurraldeko beste eragile batzuekiko koordinazioa eta elkarlana baloratuko dira, honako hauekin, alegia: hezkuntza erakundeak, elkarteak eta gizarte erakundeak, enpresa sektoreak eta partaidetza organoak. Proiektua lurraldean elkarlanean aritzeko eredu batera egokitu beharko da, aipatutako eragileen parte-hartzearekin eta sostenguarekin, eta sostengu hori idazki batean formalizatu beharko da, non elkarlanaren nondik-norakoak eta bakoitzak hartzen dituen konpromisoak jaso beharko diren. Atal honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Puntu bat emanen da lurraldeko eragile bakoitzeko, gehienez ere 10 puntu lortu arte.

13.1.c) Lantegi-eskolari lotutako enpresak.

Lantegi-eskolari lotutako enpresen kopurua baloratuko da, onuradun gisa aurkezten ez badira ere honelako jarduketetan laguntzen badute: informazio saioak, ingurune produktiboa ezagutzeko saioak, kontratuak, praktikaldietako hitzarmenak, etab. Enpresekin sinatutako akordio idatzi bat aurkeztu beharko da, konpromisoak adierazita. Atal honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

0,5 puntu emanen dira enpresa bakoitzeko, eta gehienez ere 5 puntu.

13.1.d) Parte-hartzaile bakoitzeko diru-laguntza, eguneko, eskaeren batez bestekoarekin alderatuta.

Parte-hartzaile bakoitzeko diru-laguntza, eguneko, honela kalkulatuko da: eskatutako zenbatekoa zati arreta hartuko duten pertsonen kopurua eta programaren egun kopurua (hilabetea/30 egun). Gero, kalkulatuko da zenbateko hori zenbat den, ehunekotan, eskaera guztien batez bestekoaren aldean. Atal honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Eskaera guztien batez bestekoaren azpitik dagoen ehuneko puntu bakoitzeko, 0,66 puntu emanen dira.

Ehunekoak osoak ez badira, dagokion zati proportzionala emanen da.

13.1.e) Parte-hartzaileak lan munduan sartzea.

Konpromisoen arabera, lantegi-eskolako parte-hartzaileetatik zenbat sartuko diren lan munduan baloratuko da. Enpresen idatzizko erabaki bat aurkeztu beharko da, langileak hartzeko konpromisoa adierazita. Atal honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Irizpide hau aplikatuko da lanean hasten diren langileak, gutxienez, 4.2 oinarrian ezarritako kopurura iristen badira.

0,33 puntu emanen dira lantegi-eskolari lotutako enpresetan lanean hasteko konprometitutako parte-hartzaileen ehuneko puntu bakoitzeko, enpresa horiek onuradun gisa aurkeztu ala ez. Ehunekoak osoak ez badira, dagokion zati proportzionala emanen da.

0,165 puntu emanen dira lantegi-eskolari lotuta ez dauden enpresetan lanean hasteko konprometitutako parte-hartzaileen ehuneko puntu bakoitzeko. Ehunekoak osoak ez badira, dagokion zati proportzionala emanen da.

13.2. Entitate eskatzaileak egiten duen ahalegina lantegi-eskola finantzatzen laguntzeko eta parte-hartzaileentzako baliabideak biltzeko.

Atal honetako irizpideak aplikatuz, 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

13.2.a) Entitate eskatzaileak lantegi-eskola finantzatzen laguntzea.

Entitate eskatzaileak lantegi-eskola finantzatzen laguntzeko egiten duen ahalegina baloratuko da, izan baliabide propioekin edo kanpokoekin. Puntuatuko bada, entitate eskatzailearen funtsak kudeatzeaz arduratzen den pertsonak ziurtatu beharko du diru ekarpen hori.

Lantegi-eskola bakoitzaren baterako finantzaketa kalkulatzeko, eragiketa hau eginen da: batera finantzatutako zenbatekoa zati zenbateko horrexen eta eskatutako diru-laguntzaren batuketa.

Atal honetan 7 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Baterako finantzaketaren ehuneko puntu bakoitzeko, 0,25 puntu emanen dira. Ehunekoak osoak ez badira, dagokion zati proportzionala emanen da.

13.2.b) Parte-hartzaileentzako pizgarriak.

Entitate eskatzaileak parte-hartzaileentzako baliabide gehiago lortzeko eta helburuak betetzeko egiten duen ahalegina baloratuko da. Puntuatuko bada, entitate eskatzailearen funtsak kudeatzeaz arduratzen den pertsonak ziurtatu beharko du diru ekarpen hori.

Entitate eskatzailearen ahalegina kalkulatzeko, eragiketa hau eginen da: pizgarrietan egiten den gastua (kontzeptu honetarako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatutako beken zenbatekoa barne dela) zati batera finantzatutako zenbatekoaren eta eskatutako diru-laguntzaren batuketa.

Atal honetan 3 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Parte-hartzaileei bideratutako aurrekontuaren ehuneko puntu bakoitzeko, 0,2 puntu emanen dira. Ehunekoak osoak ez badira, dagokion zati proportzionala emanen da.

Pizgarri horiek ibilbide-orrian diseinatutako helburuak lortzeari lotuta badaude, puntu bat emanen da.

13.3. Entitate eskatzaileak prestakuntza eta enplegu programa mistoetan duen esperientzia egiaztatua.

Atal honetako irizpideak aplikatuz, 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Elkarteen kasuan, ordezkaritza bere gain hartzen duen entitatearen esperientzia baloratuko da.

Kasuan kasuko erakunde ofizialaren agiri bat aurkeztu beharko da, non honako hauek egiaztatuko baitira: programa bakoitzaren iraupena eta ze urtetan egin zen, eta orientazioaren, prestakuntzaren eta laneratzearen arloan egindako jarduketak. Hiru arlo horiek landu dituzten programak baizik ez dira baloratuko: orientazioa, prestakuntza eta laneratzea.

Aurreko lerroaldean aipatutako hiru arlo horiek landu dituzten programetan egiaztatzen den urte bakoitzeko, puntu bat emanen da. Urtebete kontatuko da baldin eta urte natural batean programak edo programek gutxienez sei hilabete iraun badu(te).

14. Esleitzeko irizpideak.

Lantegi-eskolak esleitzeko orduan, kontuan hartuko dira xedeko kolektiboen prestakuntza beharrak eta Nafarroako eskualdeetarako atzematen diren prestakuntza eskaerak.

Helburua da bermatzea gutxienez lantegi-eskola bana egiten dela Nafarroako zortzi eskualdeetan, ahaztu gabe Iruñeko eskualdeak eta Tuterako eskualdeak duten pisu kuantitatiboa.

Hasiera batean, 1.750.000 euro bitarte esleituko dira Iruñeko eskualdeko lantegi-eskoletarako, eta 715.000 euro bitarte Tuterako eskualdeko lantegi-eskoletarako. Gainerako sei eskualdeei dagokienez (Agoitz, Altsasu, Doneztebe, Lizarra, Lodosa eta Tafalla), 320.500 euro bitarte esleituko dira eskualde bakoitzeko.

Lehenbizi, Iruñeko eskualdean eta Tuterako eskualdean puntuaziorik altuenak lortzen dituzten eskaeretarako laguntzak esleituko dira, 225.000 euro bitarte eskaera eta proiektu bakoitzeko.

Bigarrenik, gainerako sei eskualdeei lotutako eskaeretatik puntuazio altuenak lortzen dituztenentzako laguntzak esleituko dira, hots, Agoizkoak, Altsasukoak, Doneztebekoak, Lizarrakoak, Lodosakoak eta Tafallakoak, 225.000 euro bitarte eskaera eta proiektu bakoitzeko.

Esleipen horiek eginda sobera gelditzen den diruarekin poltsa komun bat eginen da, eta diru horrekin gainerako eskaerei kasu eginen zaie, lortutako puntuazio altuenetik hasita txikienera, programa mota eta eskualdea kontuan hartu gabe, harik eta eskura dagoen diru zenbatekoa agortu arte.

Puntuazio berdina duten eskaeren artean, parte-hartzaile gehiago dituena finantzatuko da. Parte-hartzaileen kopurua ere berdina baldin bada, lanean hasiko direnen kopuru altuena aurkezten duten eskaerak finantzatuko dira.

15. Diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

15.1. Eman beharreko diru-laguntza zehazteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

13. oinarrian jasotako irizpideen arabera eskaerak lortutako balorazio teknikoa eta ezarritako aurrekontu-mugak.

Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko da 15 parte-hartzaile dituen talde bati dagozkion gehieneko zenbatekoak.

Parte-hartzaileen gehieneko kopurua murriztuz gero, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa proportzionalki gutxituko da.

Entitate eskatzaile bakoitzari 675.000 euroko diru-laguntza emanen zaio gehienez. Entitate eskatzaile bakoitzari 225.000 euroko diru-laguntza emanen zaio gehienez, lantegi-eskola bakoitzeko.

Muga horiek ezartzeko, kontuan hartuko dira toki entitateek, titulartasun publikoko entitateek, elkarteek, fundazioek eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuek eskatzen dituzten diru-laguntzak, kontuan hartu gabe eskaera bakarka, taldeka edo, toki entitateen kasuan, bere erakunde autonomoen eta menpeko entitateen bitartez edo horiekin parekatutako entitateen bitartez (betiere titular bakarrak toki entitate horiek baldin badira) aurkeztu duten.

Lehenengo etapa.

Orientazio/tutoretza ekintzak: gehienez ere 5.200 euro emanen dira, hilabetero, 15 parte-hartzaile dituen talde bakoitzeko, betiere kontuan harturik lanaldi osoko tutore/orientatzaile bat izan behar dela gutxienez, eta lantegi-eskolako zuzendari bat, gutxienez lanaldi erdian.

Zenbateko horren barrenean aurreko lerroaldean aipatutako langileria gastuak sartuko dira, baita ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren zuzeneko eta zeharkako beste gastu batzuk ere.

Prestakuntza ekintzak: 15 parte-hartzaile dituen talde bakoitzeko (gutxienez 12 parte-hartzaile baditu) ezarrita dagoen gehieneko modulu ekonomikoa 40 eurokoa da orduko, entitate edo elkarte eskatzaileek emandako ekintzetan, 9.1 oinarriaren arabera, eta 75 eurokoa, ordu bakoitzeko, egiaztatutako edo inskribatutako prestakuntza zentroetan ematen diren ekintzetan, 9.2 oinarrian ezarritakoaren arabera. Parte-hartzaileak 12 baino gutxiago badira, modulu ekonomikoa proportzionalki gutxituko da.

Bigarren etapa.

Orientazio/tutoretza ekintzak: gehienez ere 5.200 euro emanen dira, hilabetero, 15 parte-hartzaile dituen talde bakoitzeko, betiere kontuan harturik gutxienez tutore/orientatzaile bat izan behar dela, lanaldi erdian arituko dena, lantegi-eskolako zuzendari bat, gutxienez lanaldi erdian arituko dena, eta begirale espezialista bat, hiru laurdeneko lanaldia izanen duena.

Gehieneko zenbateko horren barrenean aurreko lerroaldean aipatutako langileria gastuak sartuko dira, baita ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren zuzeneko eta zeharkako beste gastu batzuk ere. Zeharkako gastuen baturak ezin izanen du gainditu ekintzen kostuaren %10a.

Prestakuntza ekintzak: 15 parte-hartzaile dituen talde bakoitzeko (gutxienez 12 parte-hartzaile baditu) ezarrita dagoen gehieneko modulu ekonomikoa 40 eurokoa da orduko, entitate edo elkarte eskatzaileek emandako ekintzetan, 9.1 oinarriaren arabera, eta 75 eurokoa, ordu bakoitzeko, egiaztatutako edo inskribatutako prestakuntza zentroetan ematen diren ekintzetan, 9.2 oinarrian ezarritakoaren arabera. Parte-hartzaileak 12 baino gutxiago badira, modulu ekonomikoa proportzionalki gutxituko da.

Gainera, parte-hartzaileen soldaten kostua hartuko da kontuan.

Hirugarren etapa.

Orientazio/tutoretzako, bitartekaritzako eta lan munduan sartzeko ekintzak: gehienez ere 5.200 euro emanen dira, hilabetero, 15 parte-hartzaile dituen talde bakoitzeko, betiere kontuan harturik gutxienez tutore/orientatzaile bat izan behar dela, lanaldi erdian arituko dena, programako zuzendari bat, gutxienez lanaldi erdian arituko dena, eta lan munduan sartzen lagun egiteko teknikari bat, hori ere lanaldi erdian.

Gehieneko zenbateko horren barrenean aurreko lerroaldean aipatutako langileria gastuak sartuko dira, baita ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren zuzeneko eta zeharkako beste gastu batzuk ere. Ez dira inola ere diruz lagunduko heriotzagatiko kalte-ordainak, ez eta lekualdaketei, eteteei, kaleratzeei, kargu-uzteei edo kontratua bukatzeari dagozkienak ere.

Gastu hori diruz lagungarria izateko, entitate onuradunak kontratatu beharko ditu langileak. Ematen den diru-laguntzak ez ditu baldintzatzen entitate onuradunak ezarrita dituen benetako soldatak. Soldata horiek handiagoak izanez gero, funts propioekin ordainduko du aldea.

15.2. Beken kontura emanen den gehieneko zenbatekoa 9 eurokoa izanen da parte-hartzaile bakoitza lantegi-eskolako lehenengo etapan aurreikusitako jarduketetara joaten den egun bakoitzeko.

15.3. Bigarren etapan, alegia, prestakuntzarekin batera lan praktikak egitekoan, parte-hartzaile bakoitzeko diru-laguntza izanen da ebazpen proposamena egiten den unean indarra duen lanbidearteko gutxieneko soldataren %75ekoa. Diruz lagunduko dira, orobat, enplegatzailearen kargura ordaindutako Gizarte Segurantzaren, Soldatak Bermatzeko Funtsaren eta Lanbide Heziketaren kuota guztiak, kontratu horietarako araudi berariazkoan ezarritakoak.

Legez edo erregelamendu bidez ezarritako derrigorrezko oporrak benetan egindako ordu gisa zenbatuko dira diru-laguntza finkatzearen ondorioetarako.

16. Prozeduraren instrukzioa.

16.1. Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da eskaeren prozedura instruitzeko organo eskuduna, deialdian finkatutako irizpideei jarraituz.

16.2. Deialdi honetan aurkeztutako eskaerak ebaluatzeko batzordea kide hauek osatuko dute:

a) Batzordeko burua: Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordekideak: Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko hiru teknikari. Horietako bat idazkari arituko da.

Ebaluazio Batzordeak txosten loteslea eginen du. Bertan, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko da zerrenda batean, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta.

16.3. Ebaluazioa ikusirik, instrukzio organoak ebazpen proposamena aurkeztuko du, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz.

17. Ebazpena.

17.1. Instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko zaio, horrexek ebatziko baitu diru-laguntzen esleipena.

17.2. Ebazpena ebatzi eta interesdunei jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

17.3. Ebazpenak ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

18. Ebaluazioa eta kalitatearen kontrola.

18.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, bere eskumenen barnean, diruz laguntzen diren ekintzen ebaluazio, kontrol eta jarraipen lanak egiten ahalko ditu. Horretarako, edonolako dokumentazioa eskatzen ahalko die entitate onuradunei, edo kanpo auditoria bat egin, egoki iruditzen bazaio.

Proiektuen kontrol, ebaluazio eta egiaztapenerako unitateen jarraipen talde berezitu bat sortuko da. Talde horretan, gutxienez, proiektuko teknikari edo arduradun bat arituko da, entitatearentzat erreferentea den Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren arlokoa, eta entitate onuradunak, proiektuaren gaineko kontuetan solaskide gisa aritzeko, izendatutako pertsona.

Talde horrek laguntza teknikorako eta jarraipenerako plan bat, bi alderdien arteko komunikazio plan bat, koordinazio irizpideak, datuak elkarri trukatzeko konpromisoak eta bileren egutegi bat finkatuko ditu, hori guztia proiektuaren inplementazioan sostengua, laguntza eta jarraipen kualitatiboa bermatzeko asmoz, hots, entitate onuradunei laguntza emateko xedeko emaitza eta eraginak lortzeko behar diren prozesuak hobeak izan daitezen.

Proiektuaren pertsona onuradun bakoitzeko espediente bat irekiko da, bere prozesu indibidualari buruzko informazio guztia jasoko duena. Espedientean honako hauek jasoko dira:

–Ibilbide-orrian itundutako helburuak eta konpromisoak. Egokitzapenak, horrelakorik egiten bada.

–Etapa bakoitzean pertsona bakoitzarekin egiten diren jarduketak.

–Gorabeherak, horrelakorik gertatu baldin bada.

–Orientazio eta tutoretza saioen erregistroa, orientatzaileak/tutoreak eta onuradunak sinatuta.

–Emandako prestakuntza eta lortutako emaitzak.

–Lan munduan sartzeko bitartekariaren txostena. Enpresekin izandako kontaktuak.

–Lan munduan sartzea, finkatutako baldintzetan.

–Enplegagarritasun baldintzak hobetzea:

  • Bere ibilbide-orrian adierazitako helburuak lortzea.
  • Hezkuntza sistemara itzultzeko motibazioa eta jarrera handitzea.
  • Programa honetatik kanpo, enplegurako lanbide heziketako ekintzak egiteko motibazioa eta jarrera handitzea, jasotako prestakuntza osatzeko asmoz.

Dokumentazio hori 18.2 oinarrian aipatzen den memoriarekin batera aurkeztuko da.

18.2. Proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko dokumentazioa.

Eskola-lantegia bukatzen denetik hiru hilabete igaro baino lehen entitateak memoria bat aurkeztu beharko du, arreta eman zaien pertsonen ezaugarriak jasoko dituena, hots; adina, sexua, titulazio akademikoa, helburuak zenbateraino bete diren, programak onuradunengan izan duen eragina eta izan dituen emaitzak, arreta eman zaien pertsonek bizitzan eta lan arloan zituzten asmoak zenbateraino bete diren, lurraldean izan duen eragina, proiektua hobetzeko proposamenak, gogobetetze maila, eta interesekoak izan daitezkeen beste kontu batzuk.

Memorian honako hauek ere jasoko dira:

–Proiektua utzi duten parte-hartzaileen ehunekoa.

–Norberaren ibilbide-orrian adierazitako helburuak proiektuaren lehenengo eta bigarren etapetan lortu dituzten parte-hartzaileen ehunekoa.

–Proiektua bukatu ondoren, enplegu bat aktiboki bilatzen ari diren parte-hartzaileen ehunekoa.

–Proiektua bukatu ondoren, lan munduan kalitatez eta egonkortasunez sartzen diren pertsona onuradunen ehunekoa.

19. Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

19.1. Entitate onuradunak diruz lagundutako prestakuntza jarduera burutu duela frogatu beharko du, eta jarduera horrek sortutako gastuak ere bai. Kostuak frogatzeko eta diru-laguntzak likidatzeko, martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduaren 14. eta 15. artikuluetan xedatu bezala jokatuko da. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan xedatutakoa ere hartu beharko du kontuan, baita diruz laguntzen ahal diren kostuak eta oinarri honen laugarren puntuan aipatzen diren egozpen irizpideak ere.

19.2. Diru-laguntzaren azken likidazioari ekiteko, hiru hilabeteko epea ezartzen da diru-laguntza justifikatzeko eta osorik likidatzeko, lantegi-eskola bukatu eta biharamunetik hasita. Horretarako, “Lantegi-eskolaren gastuen aitorpena eta azken likidazioa” aurkeztu beharko da, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen duen ereduaren arabera, bai eta fakturen jatorrizkoak eta kopiak, edo gastuen froga gisa antzeko balioa duten kontabilitate-agirienak, eta haiek ordaindu izanaren dokumentuenak ere.

2017ko abenduaren 1a baino lehen hasi eta egun horren ondotik bukatzen diren lantegi-eskoletan bi likidazio egin beharko dira, bata, 2017ko kontu-sailaren kargura emandako zenbatekoari dagokiona, eta bestea, 2018ri dagokiona. 2017ko abenduaren 1a baino lehen gauzatzen dena 2017ko aurrekontuaren kargura ordainduko da, eta gainerakoa, 2018ko aurrekontuaren kargura.

Goian xedatutakoa galarazi gabe, 2017ko likidazioari dagokionez, oinarri honetako lehenengo lerroaldean ezarritako 3 hilabeteko epea 2017ko abenduaren 22tik haratago bukatzen bada, aipatutako egiaztagiriak aurkezteko azkeneko eguna 2017ko abenduaren 22a izanen da. Dena dela, egun horretarako aurkeztu eta ordaindu diren nominei dagozkien Gizarte Segurantzako kotizazioen ordainketaren justifikazioak eta PFEZaren ordainketarenak hurrengo urteko otsailaren 5era arte aurkezten ahalko dira.

Era berean, 2018ko likidazioari dagokionez, oinarri honetako lehenengo lerroaldean ezarritako 3 hilabeteko epea 2018ko abenduaren 21etik haratago bukatzen bada, aipatutako egiaztagiriak aurkezteko azkeneko eguna 2018ko abenduaren 21a izanen da. Dena dela, egun horretarako aurkeztu eta ordaindu diren nominei dagozkien Gizarte Segurantzako kotizazioen ordainketaren justifikazioak eta PFEZaren ordainketarenak hurrengo urteko otsailaren 5era arte aurkezten ahalko dira.

Justifikatutako gastua ez bada iristen kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, bidezko izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

Justifikaziorako aurkeztutako dokumentazioa egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidaziorako ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean justifikazio dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak itzultzeko, edo diru-laguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnenak. Kasu horretan, kasuan kasuko berandutze-interesak aplikatuko dira, egindako azken ordainketaren egunetik likidazio ebazpenaren egunera bitarteko eperako kalkulatuak.

19.3. Diru-laguntza justifikatzeko ezarritako epea iragan ondoren, zentro onuradunak ez badu aurkezten diruz laguntzen ahal diren gastuei buruzko dokumentazioa, organo eskudunak onuradunari eskatuko dio 15 eguneko epe luzaezinean hura aurkez dezan. Nolanahi ere, aurkeztutako agiriak justifikaziorako aski ez badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak atzemandako akatsak jakinaraziko dizkio onuradunari, 10 eguneko epe luzaezinean zuzen ditzan.

Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

Diru-laguntza ematea dakarren jarduera abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko dokumentazioa eta informazioa zentroan gorde beharko dira, eskumena duten administrazioek kontrolatu eta ikuskatu ahal izateko, lau urteko epean, justifikazioa aurkezteko ezarritako epea bukatu eta biharamunetik hasita.

4 urteko epe horretan, entitate onuraduna da ikasleei diplomak banatzearen arduraduna. Epe hori iraganik, ez du erantzukizun hori izanen.

19.4. Finantzatzen ahal diren kostuak eta egozpen irizpideak.

Aurreikusten diren diruz lagundutako kostuak egiazkoak izanen dira, egiazki egin, pagatu eta fakturen edo froga balio bera duten kontabilitate agirien bidez frogatuak.

Diruz laguntzen ahalko dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren izaerari lotutako gastuak, betiere justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu badira.

A.–Zuzeneko kostuak.

a) Barruko eta kanpoko prestatzaileen ordainsariak; horien barnean sartzen ahal dira soldatak, gizarte aseguruak, dietak, lokomozio-gastuak eta, oro har, prestakuntza ekintzak prestatzen eta ematen eta parte-hartzaileak gidatzen eta ebaluatzen aritzen diren prestatzaileei egozten ahal zaizkien kostu guztiak.

Gastu horiek jardueran emandako orduen arabera behar bezala sailkatuta aurkeztu beharko dira.

Prestakuntzaren, tutoretzaren eta ebaluazioaren gastuak ez dira inolaz ere prestatzaileen ordainsarien kostu osoaren %20 baino gehiago izanen.

Atal honetan sartuko dira, orobat, programa gauzatzeko beharrezkoak diren zuzendariaren eta teknikariaren kostuak, 15.1 oinarrian aipatu bezala.

b) Erabilitako tresna didaktikoak eta plataforma teknologikoak amortizatzeko gastuak, kontabilitateari buruzko arauetan onetsitako amortizazio irizpideen arabera kalkulatuak, eta programako ekintzak gauzatzeko alokairuen edo errentamendu finantzarioaren gastuak, interesak izan ezik.

Gastu horiek ekintzen arabera behar bezala sailkatuta aurkeztu beharko dira, eta, ekipamendu edo plataformak banaka erabiliz gero, parte-hartzaileen kopuruaren arabera egotziko dira.

c) Baliabide didaktikoen gastuak eta/edo material didaktikoak erostekoak, baita ekintzak egiteko erabiltzen diren ondasun suntsigarrien gastuak ere, barnean direla babes eta segurtasunerako materialak.

Gastu horiek ekintzen arabera behar bezala sailkatuta aurkeztu beharko dira, eta, ekipamendu edo plataformak banaka erabiliz gero, parte-hartzaileen kopuruaren arabera egotziko dira.

d) Ikasgelen, lantegien eta ikastaroa egiteko erabilitako gainerako eremuen alokairu gastuak, errentamendu finantzariokoak -interesak izan ezik- eta amortizaziokoak.

Gastu horiek ekintzen arabera behar bezala sailkatuta aurkeztuko dira eta ekintzak dirauen aldirako egotziko dira.

Amortizazio gastuak onartu ohi diren kontabilitate arauen arabera kalkulatuko dira. Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren bidez ezarritako taulen araberako amortizazio metodoa erabiltzen ahalko da (urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsitako taulak).

e) Parte-hartzaileen istripu aseguruaren gastuak.

f) Prestakuntza ekintzak antolatu eta zabaltzeko publizitate gastuak. Gastu horiek ekintzaren arabera behar bezala sailkatuta aurkeztu beharko dira. Aldi berean ekintza bat baino gehiago iragartzen badira, kostua banatu eginen da iragarritako ekintza kopuruaren artean zatituz.

g) Parte-hartzaileen soldaten kostuak.

B.–Lotutako kostuak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 9. idatz-zatiarekin bat, onuradunak zentzuz dagokion proportzioan egotzi beharko dizkio kostu horiek diru-laguntzaren xede den ekintzari, onartu ohi diren kontabilitateko irizpide eta arauei jarraituz, betiere kostu horiek jarduera egiazki egiten den aldiari dagozkion heinean.

Lotutako kostuen batura ez da handiagoa izanen egindako eta justifikatutako jardueraren kostu osoaren %10 baino, alde batera utzita bekak, soldatak parte-hartzaileek kobratutako pizgarriak. Kostu horien zenbatekoa emandako laguntzarena baino altuagoa bada, erreferentzia azken hori izanen da.

Hauek dira lotutako kostuak:

a) Barruko zein kanpoko laguntzako langileen kostuak eta jarduera kudeatu eta egiteko behar diren guztiak.

b) Diruz lagundutako jarduerari zuzenean lotutako finantza gastuak, hura behar bezala prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira. Bankuetako kontuen zor interesak ezin izanen dira diruz lagundu.

c) Bestelako kostuak: argia, ura, berokuntza, mezularitza zerbitzuak, posta, garbiketa, zaintza eta lehen aipatu ez diren bestelako kostuak, jarduerari lotuak.

19.5. Diru-laguntzaren xede den gastua, obra bat burutzeko kostuen kasuan, 30.000 eurokotik gorakoa bada edo aholkularitza edo, laguntza enpresek ekipo ondasunen hornidura egiteko edo zerbitzuak emateko kasuetan, 12.000 eurotik gorakoa, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, egin beharreko ekimenak eta ekimen horien eremua kontuan hartuta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatuaren arabera. Justifikaziorako beste bide batzuk erabili ahal izatea galarazi gabe, aurreko betebehar hori jarraian adierazten diren aukeretako baten bidez frogatzen ahalko da:

a) Zerbitzua egiteko edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu aurretik, gutxienez hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu izana, salbu eta, diruz lagun daitezkeen gastuen ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate kopuru nahikoa, edo gastua diru-laguntzarako eskaera egin aurretik egina bada. Aurkezten diren eskaintzen arteko hautapena eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz eginen da, eta memoria batean justifikatuko da, espresuki, proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada. Aurkeztutako enpresen zerrenda diru-laguntzaren justifikazioarekin batera, edo, bestela, eskaerarekin batera aurkeztu beharko da.

b) Merkatuan dauden pareko eragiketa errealen prezioen metodoa: merkataritzako trafikoan balio duten agiriak aurkeztuz frogatu beharko da merkatuan pareko eta antzeko eragiketak daudela, diru-laguntzaren xede den eragiketaren ekonomia eta eragimena agerian uzten dituztenak.

c) Garai bereko aurrekontuen deflaktazio metodoa: onuradunak antzeko eragiketa alderagarrien egungo aurrekontuak aurkezten ahalko ditu, kontratazioa egin zenetik alderdi hau frogatu arte izandako KPIaren gorabeherarekin zuzenduak (deflaktatuak), agerian uzteko kontratazioa eragimenez eta ekonomiaz egin zela.

19.6. Diru-laguntza ordaintzeko, bide hauetako bat erabiliko da:

a) Jarduera oso-osorik gauzatu ondoren, entitateak diruz lagundutako jarduera justifikatuta.

b) Kontura ordainduta. Horretarako, entitateak gauzatutakoaren txosten teknikoa edo gastuen fakturak aurkeztu beharko ditu, eta, hala, entitateak frogatutako kopurua ordainduko zaio.

Nolanahi ere den, esleitutako zenbatekoaren %40 gutxienez diruz lagunduriko ekintza bukatu eta justifikatu ondoren ordainduko da.

19.7. Oinarri honen aurreko puntuko ordainketak jaso ahal izateko, entitate eskatzaileak frogatu beharko du, hala badagokio, 20.2 oinarriko dokumentazioa telematika bidez aurkeztu izana diru-laguntza ematen zaiola jakinarazi eta hilabetean, edo Foru Komunitateko Administrazioaren zein organori aurkeztu dion adierazi, organo horrek emandako beste diru-laguntza baten onuraduna baldin bada. Informazio hori eman izana ez da frogatu beharrik izanen, hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuta badago.

20. Onuradunen betebeharrak.

20.1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

Bereziki, hauek:

a) Diru-laguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epeetan egitea. Horregatik, laguntza emateko ebazpenean kontuan harturiko baldintzak nola edo hala aldatuz gero, horren berri eman beharko du.

b) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egin beharreko egiaztapen, jarraipen eta kontrol lanak onartzea.

c) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezagutzera ematea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatuk, Espainiakoek zein atzerrikoek, xede bererako emandako bestelako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta diru-laguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

d) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar bezala justifikatzea onetsitako proiektuan aurreikusitako laneratze konpromisoak bete dituela.

e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

f) Diruz lagundutako jarduerak finantzaketa publikoa izan duela agerraraztea. Diruz laguntzen diren programak hedatzeari eta gauzatzeari lotutako jarduketa guztietan, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren ikurra sartu beharko da, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren lankidetza eta abenduaren 5eko ESS/1857/2016 Aginduaren IV. eranskinean ezarritako elementuak aipatu. Horiek guztiak lehentasunezko tokian jarriko dira, eta ez dira inola ere entitate onuradunaren ikurra baino txikiagoak izanen. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

g) Egiten diren jardueretan eta zerbitzuetan, baita diru-laguntza jasotzen duten jardueren publizitatean, dokumentuetan edo zabalkundean ere, behar bezala identifikatu eta adieraztea Nafarroako Gobernuaren eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren finantzaketa izan duela.

Betebehar hori betetzeko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak behar diren jarraibideak emanen dizkie entitate onuradunei, eta horien eskura jarriko ditu (ahal delarik, baliabide elektronikoen bidez) erabili beharko dituzten dokumentazioa eta ereduak.

h) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea laguntzen jarraipena egiteko behar duen informazio guztia.

20.2. Gardentasunari buruzko betebeharrak:

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

–Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

–Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Ondorio horietarako, bi baldintza horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek ondotik zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, entitatearen legezko ordezkariak sinatua eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarri bezala, eta horretarako hilabeteko epea izanen dute diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du, aipatutako epean.

21. Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

21.1. Proiektua gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren egoerak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

21.2. Ezarritako epean justifikatu ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta aurreratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, berandutze-interesak barne.

21.3. Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazten ez bazaio, diru-laguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interesak barne, ezar daitekeen zehapena galarazi gabe.

Entitate onuradunak diru-laguntza emateko aintzat hartutako baldintzen edo programen aldaketa jakinarazi eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartu badu, dirua itzultzea beharrezkoa bada, ez da berandutze-interesik eskatuko.

Ezin izanen da aldaketarik egin programak emateko baldintzetan edo diru-laguntzak emateko aintzat hartutako baldintzetan baldin eta aldaketa horiek kontratazio konpromisoei eragiten badiete, salbu eta behar bezala frogatutako eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartutako ezinbesteko kasuetan.

21.4. Baterako finantzaketaren gainean eta/edo parte-hartzaileentzako pizgarrien inguruan hartutako konpromisoak betetzen ez badira, diru-laguntza portzentaje berean murriztuko da, eta, kasua bada, zenbateko hori itzuli beharko da, berandutze-interesak eta guzti.

4.2 oinarrian ezarri den gutxieneko laneratze indizea betetzen ez bada, eragina izanen du programaren hirugarren etaparen likidazioan. Etapa horretan parte-hartzaile bat ere sartzen ez bada lan munduan ez da deus ere ordainduko, eta indize hori ezarri den gutxienekora iristen bada, %100 ordainduko da. Laneratze indizeak bi ehuneko horien artean badaude, etapa honetan eginen den ordainketa proportzionalki kalkulatuko da.

Aurreko lerroaldean ezarritakoaz gain, laneratzeko konpromisoa ez betetzeak honako zigor hau ekarriko dio entitateari: hurrengo deialdian, lagundutako proiektuan bete ez dituen kontzeptuengatik emandako puntu kopuru bera kenduko zaio.

21.5. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, partez galduko da kobratzeko eskubidea, eta proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

21.6. Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatzen ahalko dio diru-laguntzaren zati bat bere borondatez itzultzeko. Entitateak bere borondatez itzultzen badu dirua eta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa bada beranduntze-interesak aplikatzea, horiek kalkulatuko dira dirua itzultzen duen arte.

22. Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren ondorioetarako, ebazpen honetan arautzen diren programen hartzaileen eta haiekin lotura duten pertsonen datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua izanen da, haien eskaerari, kudeaketari, finantzaketari, kontrolari, jarraipenari eta ebaluazioari dagokienez. Fitxategi horien titulartasuna publikoa izanen da.

Aurreko atalean aipatutako datu pertsonalak beharrezkoak badira programen eta diru-laguntzen eskaerarako, kudeaketarako, finantzaketarako, kontrolerako, jarraipenerako edo ebaluaziorako, ez da beharrezkoa izanen ukituen baimena datu horiek biltzeko (zuzenean edo diru-laguntzen onuradunek egindako jakinarazpenen bidez), ezta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiten duen tratamendurako ere.

Ulertuko da datu pertsonalen tratamenduaren erantzuleak bete dituela abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan aurreikusitako informazio betebeharrak, bereziki 5. artikulukoak, baldin eta diru-laguntzaren onuradunari ematen badio informazio horren berri. Onuradunak, aldiz, programen hartzaileei igorri beharko die informazio hori, baita programen eskaeran, kudeaketan, finantzaketan, kontrolean, jarraipenean eta ebaluazioan parte hartzen duten pertsona guztiei ere. Horretarako, behar den informazioa sartuko da datu pertsonalak biltzeko dokumentazioan edo formularioetan.

23. Diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Atarian (www.navarra.es), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien diru-laguntzak, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea. Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web orrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan ezarritakoarekin bat.

II. ERANSKINA

Langabeei zuzenduriko prestakuntza eta enplegu programa integratuak finantzatzeko diru-laguntzen deialdi publikoaren oinarri arautzaileak, Nafarroako Foru Komunitateko lurralderako bakarrik

1. Xedea eta aplikazio eremua.

Oinarri hauen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean bakarrik langabeei zuzenduriko prestakuntza eta enplegu programa integratuak finantzatzeko diru-laguntzak nola emanen diren arautzea.

2. Diru-laguntzen helburua eta emateko printzipioak.

2.1. Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzen helburua da langabeei zuzenduriko prestakuntza eta enplegu programa integratuak finantzatzea, lagun egiteko, prestakuntzako eta lan munduan sartzeko prozesu pertsonalizatu baten bidez langabe horiek beren interesen, motibazioen eta gaitasun pertsonal eta profesionalen gainean gogoeta egin dezaten, beren baitan jarrera positiboak, ekimena, interesa eta hobetzeko grina gara ditzaten, beren lan eta eginkizunei ekiteko gaitasunak, jarrerak eta/edo jokabideak hobe ditzaten eta, azkenik, lan mundura hurbiltzeko eta beren etorkizun profesional eta pertsonala orientatzeko lagungarriak izanen zaizkien trebetasunak eskura ditzaten, betiere helburu nagusia izanik lan munduan sar daitezela lortzea eta/edo haien enplegagarritasuna hobetzea.

Pertsonez gainera, programek gauzatuko diren lurraldearen berezitasunak eta enpresen beharrak ere aintzat hartuko dituzte. Deialdi honen ondorioetarako, lurraldetzat hartuko da Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzia bakoitzak hartzen duen eragin eremua, hots: Agoizko, Altsasuko, Doneztebeko, Lizarrako, Lodosako, Iruñeko, Tafallako eta Tuterako eskualdeak.

2.2. Diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, objektibotasun, berdintasun, gardentasun eta publizitate irizpideak errespetatuz.

3. Prestakuntza eta enplegu programa integratuen iraupena.

3.1. Deialdi honen babesean antolatzen diren prestakuntza eta enplegu programa integratuak onartzen direnetik hasi eta 2018ko azaroaren 30era bitarte egiten ahalko dira.

3.2. Programek 6 hilabete iraunen dute gutxienez, eta 11 hilabete gehienez, salbu eta luzaroko langabetuentzako espres programa integratuak, deialdi honen 4.2 oinarrian aipatzen direnak, izan ere, horiek 2 hilabete iraunen dute gutxienez, eta 4 hilabete gehienez.

3.3. Programa hasitzat hartuko da lehenengo etapa hasi dela adierazteko deklarazioa aurkezten denean.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

4.1. Programa guztiek orientazio, tutoretza eta prestakuntza ekintzak aurreikusi beharko dituzte, baita lan munduan sartzeko bitartekaritza eta/edo lan esperientziak ere. Programa bakoitzean ekintza mota horiek konbinatzeko aurreikusten den metodologia zehatz-mehatz azaldu beharko da, betiere parte hartzen duten pertsonei lan munduan sartzea erraztea helburu.

Programa integratu bakoitzean 20 pertsonak har dezakete parte, gehienez.

Ekintzek hiru etapa hauek izanen dituzte, nahitaez:

A) Lehenengo etapa: harrera, orientazioa, prestakuntza eta norberaren ibilbide-orria diseinatzea.

Lehenengo etapak bi hilabete iraunen du, gutxienez, 6 hilabeteko iraupena duten programen kasuan eta luzaroko langabetuentzako espres programa integratuen kasuan. 11 hilabete bitarteko programen kasuan, lehenengo etapak hilabete iraunen du gutxienez. Kasu guztietan, gehienez 2 hilabete iraunen dute.

Parte-hartzaile bakoitzak erreferentziazko orientatzaile/tutore bakarra izanen du, diseinatzen diren jarduketa guztietan eta sortzen diren ekintza guztietan lagun eginen diona. Orientatzaileen ratioa hau izanen da: 20 parte-hartzaileko, lanaldi osoko orientatzaile bat, edo lanaldi partzialean arituz dagokiona.

Etapa honek iraun bitartean, parte-hartzaile gehiago sartzen ahalko dira, betiere deialdi honetan aurreikusitako ratioak errespetatuz gero. Sartu berriekin behar diren jarduketak eginen dira, programara egokitu daitezen.

a) Orientazio/Tutoretza ekintzak.

Orientazioak berebiziko pisu eta zeregina du lehenengo etapan, eta etapa honetan ekintzak programa osoaren oinarrizko ardatz dira.

Lan munduan sartzearen helburua lortzeko, orientatzaileak ibilbide-orri bat diseinatu edo berrikusi, itundu eta sinatuko du parte-hartzaileekin, bakoitzaren profilaren, itxaropen eta interesen eta helburu profesionalaren arabera. Orri horretan gauzatu beharreko jarduketak, jarduketen egutegia, lortu nahi diren helburuak eta entitatearen eta parte-hartzailearen konpromisoak jasoko dira.

Entitate onuradun bakoitzak metodologia dinamiko eta motibatzaile bat diseinatu eta ezarriko du, xedeko parte-hartzaileen interesen eta ezaugarrietan eta lurraldearen berezitasunetan oinarritua.

Ekintzak, batez ere, orientaziokoak, alderdi pertsonalak garatzekoak eta zeharkako gaitasunak lantzekoak izanen dira. Helburu hauek izanen dituzte:

–Harrera egitea, fidelizatzea, motibatzea eta informazioa ematea programaren helburu, etapa eta konpromisoei buruz.

–Garapen pertsonal eta sozialerako alderdiak lantzea.

–Zeharkako gaitasunak garatzea, lantegien bidez, prestakuntza teoriko profesionalari arrakastaz ekiteko eta hura osatzeko, eta, horrela, lan munduan sartzea errazteko.

–Identifikatzea ea pertsona egokitzen den inguruneko edo lurraldeko lan beharretara edo hango enpresen beharretara, ea menperatzen dituen lan merkatuan sartzeko eta bere burua eskaintzeko behar diren tresnak, metodoak eta ekintzak, eta ea gai den enpresekin harremanak izateko edo autoenplegurako eta ekintzailetzarako aukerak ikertzeko.

–Ingurune produktiboa ezagutzeko informazio saioak egitea, sektorea eta haren lanbideak ezagutzearren. Sektorera hurbiltzeko, informazio egonaldiak antolatzen ahalko dira enpresetan bertan. Saio horietan lan arloko eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa emanen da.

–Parte-hartzaile bakoitzak dituen beharrak, motibazioak, eskuratutako gaitasunak eta lanbide arloan dituen aukerak, baita eskuratu eta/edo sustatu beharko liratekeen trebetasunak eta alderdi pertsonalak. Hori helburu, honako hauek antolatzen ahalko dira:

  • Banakako ebaluazio saioak. Parte-hartzaile bakoitzaren egoera pertsonala eta prestakuntza eta/edo lan profila analizatuko da, gabezia eta motibazioak identifikatu, eta norberaren itxaropenak egokituko dira. Aurretik ibilbide bat egina badu, diagnostikoa osatuko da programaren helburuen arabera.
  • Enplegurako alderdi pertsonalak garatzeko tailerrak eta orientazio saioak. Orientatzaileak aholkularitza eta/edo informazio jarduketak eginen ditu eta arlo hauek landuko dira, besteak beste: norberaren ezagutza, emozioen kudeaketa, prestakuntza prozesu pertsonalari buruzko orientazioa, indarrak eta motibazioak orainari eta etorkizunari aurre egiteko, norberaren lehentasunak eta lan munduari buruzko ezagutza orokorra.

Jarduketa horiek guztiak banakakoak eta/edo taldekakoak izan daitezke, kolektiboaren eta jardueraren ezaugarrien arabera. Gainera, malguak izan beharko dira, parte-hartzaile bakoitzaren beharren arabera.

b) Prestakuntza ekintzak.

Bigarren etaparako diseinatutako prestakuntza bideratzen bada profesionaltasun ziurtagiriren bat lortzera, eta hartan sartzeko parte-hartzaile guztiek ez dituzten betebeharrak finkatu baldin badira, gako-gaitasunei buruzko probak gainditzeko ekintzak ere aurreikusten ahalko dira.

Egunero, 4 ordu emanen dira gutxienez, eta 6 gehienez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren kudeaketa-ereduei eta araudi erregulatzaileari jarraikiz.

Ekintza horiek bigarren etapan izan dezakete jarraipena. Programaren hasierako diseinuan aurreikusi ez badira, entitate onuradunaren kontura izanen dira. Nolanahi ere, ez dute programaren iraupena luzatzerik ekarriko.

Entitate onuradunak gako-gaitasunei buruzko probak antolatu beharko ditu, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezarriko dituen prozedurekin eta ebaluazio irizpideekin bat. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eskumena da gaitasun horiek gainditu direla ziurtatzea.

Parte-hartzaileren batek proba horiek gainditzen ez baditu, hutsik gelditzen diren tokiak sartzeko baldintzak betetzen dituzten beste pertsona batzuek betetzen ahalko dituzte. Sartu berriekin behar diren jarduketak eginen dira, programara egokitu daitezen.

B) Bigarren etapa: prestakuntza ematea.

6 hilabeteko programetan, 400 prestakuntza ordurako diru-laguntza ematen ahalko da, eta 11 hilabeteko programetan, berriz, 730 prestakuntza ordurako. Beste iraupen bat duten programen kasuan, diruz laguntzen ahal den prestakuntza ordu kopurua proportzionala izanen da, erreferentzia gisa hartuta 11 hilabeteko programei dagozkien orduak.

Etapa honetarako aurreikusitako denboraren erdia igaro ondoren, lan munduan sartzen lagun egiteko teknikari bat sartuko da, gutxienez lanaldi erdian arituko dena. Teknikari horren lana izanen da parte-hartzaileak lan munduan sartzen laguntzea eta tutoreari sostengu ematea.

Profesionaltasun ziurtagiri bat lortzeko prestakuntza hasi aurretik, parte-hartzaile gehiago sartzen ahalko dira, betiere sartzeko baldintzak betetzen badituzte eta deialdi honetan ezarritako ratioak errespetatzen badira. Sartu berriekin behar diren jarduketak eginen dira programara egokitu daitezen.

a) Orientazio/Tutoretza ekintzak.

Orientazio/tutore lana parte-hartzaile bakoitzaren garapen pertsonal eta profesionalerako etengabeko gidatze, lagun-egite eta motibazio prozesu bat izanen da, norberaren eginkizun soziala sendotzeko, horrela erabakiak hartzeko gaitasuna hobetzen eta aurreikusitako ekintza eta jarduerak egiten lagunduko baitzaie.

Bigarren etapan zilegi izanen da, lehenengo etaparako diseinatuak izan arren, hasi gabe edo osatu gabe dauden ekintzak hastea edo haiei jarraipena ematea.

b) Prestakuntza ekintzak.

Prestakuntza ekintzak izanen dira programaren hasierako diseinuan jasotzen direnak. Dena dela, behar diren malgutasuna eta pertsonalizazioa kontuan hartuta, diseinatzen den planean edo ibilbide-orrian hasierako eskaeran aurreikusi ez zen prestakuntza ekintzaren bat jasotzen bada, ekintza hori ematen ahalko da, baina, betiere, entitate onuradunaren kargura.

Programa horietan, luzaroko langabetuentzako espres programa integratuetan izan ezik, 1. edo 2. mailako profesionaltasun ziurtagiri oso bat edo gehiago lortzera bideratutako prestakuntza ekintzak sartu beharko dira. Nolanahi ere, ezin da 3. mailako profesionaltasun ziurtagiri bat lortzera bideratutako prestakuntza ekintzarik sartu.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaz gainera, entitateek honako hauek ere programatzen ahalko dituzte:

–Profesionaltasun ziurtagiriak osatzeko ekintzak, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren web orrian argitaratutako prestakuntza espezialitateen Katalogoan jasotako prestakuntza espezialitateei lotuak.

–Ekintzailetzako eta autoenplegurako ekintzak.

Prestakuntza ekintza guztiek gutxienez 4 ordu eta gehienez 6 ordu iraunen dute egunero, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren kudeaketa-ereduen eta araudi erregulatzailearen menpe egonen dira.

Beharrezkoa izanen da parte-hartzaileei egokitutako ikaskuntza metodologiak sustatzea. Etapa bukatutakoan, ikasitakoa eta eskuratutako gaitasunak ebaluatu beharko dira.

C) Hirugarren etapa: lan munduan sartzea enpresa egokietan lan esperientzia hartuz eta/edo bitartekaritza lan munduan sartzeko, eta ekintzailetzari laguntzea.

Etapa hau da, hain zuzen, programaren helburua. Hortaz, parte-hartzaileekin egiten diren jarduketa guztiak eta lurraldeko enpresekin aurretik lortzen den lotura erabakigarriak izanen dira.

Gutxienez 15 egun iraunen du, eta gehienez, hilabete bat. Parte-hartzaileak programatik ateratzeari dagokionez, malgu jokatuko da, eta horrek ez du ekarriko aurreikusitako iraupena murriztea edo emandako diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa aldatzea.

a) Orientazio/Tutoretza ekintzak.

Hirugarren etapan, erreferentziako tutoreak eta lan munduan sartzeko orduan lagun egiteko teknikariak segituko dute parte-hartzaileak lan munduan autonomiaz eta arrakastaz sartzeko bidea urratzen.

Parte-hartzaileak lan ingurune errealetan nola egokitzen diren eta nola jarduten duten gainbegiratzeko, lagun egiteko eta laguntzeko prozesu hori eginen da ibilbide-orrian proposatutako helburuak lortu ondoren, lan merkatuan sartzeko moduan daudenean.

Etengabeko jarraipen, tutoretza eta laguntze lanak lan munduan sartu ondoren ere egiten ahalko dira, betiere programaren iraunaldiaren barrenean.

b) Lan esperientzia hartzeko ekintzak.

Helburua da parte-hartzaileei lan esperientzia bat ematea, enplegagarritasuna hobetzeko lortu dituzten gaitasunak erabili ahal izateko, eta, horrez gainera, lan mundua in situ ezagutzea eta bere lanbide jardueran aritzea.

Lan esperientzia hori bideratzen ahalko da lan kontratu bat sinatuz, edozein modalitatetakoa, eta/edo enpresetan lanekoak ez diren praktikak eginez. Kasu bakoitzean, behar den araudian ezarritako baldintzak bete beharko dira. Entitate onuraduna izanen da esperientzia horien kalitatearen eta garapen egokiaren arduraduna.

c) Lan munduan sartzeko bitartekaritza ekintzak.

Batetik, parte-hartzaileei lagun eginen zaie lan kontratazioan interesaturik egon daitezkeen enpresekin harreman zuzena dutenean, eta bestetik, beren profilari egokitzen zaizkion lan eskaintzak helaraziko zaizkie.

Programari lotutako ekintzek, abiapuntu eta azken helburu diren aldetik, lotura izan beharko dute lurraldeko enpresekin.

Parte-hartzaileei gutxienez 3 kontaktu eraginkor helarazi beharko zaizkie, enpresekin harremanetan jartzeko, eta kontaktu horiek justifikazio dokumentazioan bildu beharko dira.

Gainera, autoenplegurako eta ekintzailetzarako laguntza eta aholkularitza ekintzak antolatu beharko dira, parte-hartzaileekin adostutako ibilibide-orrian hala ezartzen denean.

Hala lan esperientziak nola lan munduan sartzeko modua parte-hartzaile bakoitzaren eta enpresen beharretara egokituko dira, eta behar den araudia bete beharko da.

4.2. Luzaroko langabetuentzako espres programa integratuak.

Beharrezkoa izanez gero, luzaroko langabetuentzako espres programa integratuak antolatzen ahalko dira, dauzkaten ezaugarri eta behar berariazkoengatik programa laburragoak behar dituzten langabetuentzat. Programa horiek gutxienez 2 hilabete iraunen dute, eta gehienez, 4 hilabete.

Bigarren etapak, gutxienez, programaren iraupenaren %50 iraunen du. Nolanahi ere, nahitaezkoa da hiru etapak egitea.

Programa horietan ez da eskatuko deialdi honen 4.3 oinarrian adierazitako laneratze-indizeak betetzea. Entitate eskatzaileek zilegi dute laneratzeen ehuneko jakin bat betetzeko konpromisoa hartzea, eta hala jasoko dute programaren memorian.

Programa horietako prestakuntza ekintzak sartuta ez badaude Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren web orrian argitaratutako prestakuntza espezialitateen katalogoan, deialdi honen III. eranskinean agertzen den ekintzen zerrendari loturik egonen dira. Kasu horretan, entitate onuradunak 13.1.c) oinarrian aipatzen den erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko du.

4.3. Programetan bermatu beharko da diru-laguntzaren xede diren pertsonen %25 gutxienez sartzen direla lan munduan.

Entitate onuradunek lan munduan sartzeko indizeari buruzko konpromiso gehigarri bat har dezakete, goian adierazitako baldintza berberetan.

Laneratzea gertatu dela hartzeko, beharrezkoa izanen da enpresa batekin lan kontratua sinatzea bigarren etapa hasten denetik prestakuntza eta enplegu programa integratua bukatu eta hiru hilabete igaro baino lehen, kasuan kasuko enpresa sinatzaileak onuradun gisa aurkeztu ala ez. Entitate onuradunak lortutako laneratzeen portzentajea zehazteko, ez dira kontuan hartuko programa bukatu ondoren hezkuntza sistemara itzultzen diren parte-hartzaileak.

Lan esperientziak prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratu bati lotzen bazaizkio, laneratze gisa kontatuko da bigarren etapa bukatu behar izan gabe. Kontratu horren prestakuntza edukiak programaren esparruan jorratu beharko dira.

Horrelako kontratuen gutxieneko iraupena 3 hilabetekoa izanen da, lanaldi osokoak direnean, edo daukaten lanaldiaren arabera dagokien denbora; betiere, lanaldi erdikoak edo hortik gorakoak izan beharko dira. Laneratze gisa hartuko dira, orobat, langile autonomoen araubide berezian egiten diren altak eta kuoten ordainketak, gutxienez hiru hilabetetik gorakoak badira.

Baldintza hori 9 hilabetez bete beharko da, programa bukatzen denetik kontatzen hasita.

Laneratzeak kontatzearen ondorioetarako, kasu hauek baztertuko dira:

–Eskola-lantegietan, enplegu tailerretan, enplegurako zentro berezietan, lan munduan sartzeko eta gizarteratzeko zentro edo enpresetan edo programa babestuen barrenean egiten diren kontratazioak, eta, orobat, kontratatuaren ordainsariak diru-laguntza publikoen bidez finantzatzen diren egoera guztiak.

–Administrazio publikoan sartzeko modu guztiak, izan funtzionario gisa, estatutupeko langile gisa edo lan edo administrazio kontratuko langile gisa.

–Edozein enpresatan, aldizkako langile finko gisa aritzeko, mugagabeko kontratuaren bidez egiten diren kontratazioak, programa hasi aurretik hasten badira, baita kontratu horien ondorioz egiten diren hurrengo deiak ere.

Dena dela, aldizkako langile finko gisa aritzeko mugagabeko kontratuak laneratze gisa kontatuko dira baldin eta bigarren etapa hasi ondoren hasten badira.

4.4. Entitate eskatzailearen ardura da bermatzea laneratzearen zuzendaritza, orientazio/tutoretza eta laguntze lanak egiteko kontratatzen diren langileek profil egokia dutela diseinatutako programarentzat.

Toki entitateen kasuan, kontratatzen diren pertsonak ez dira sartuko kasuan kasuko plantilletan edo lanpostu zerrendetan; beraz, ez da beharrezkoa izanen aldez aurretik lan publikoaren eskaintza egitea.

Katalogoko espezialitateak emateko irakasleek espezialitate bakoitzerako ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezartzen duen prozeduraren arabera.

4.5. Profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzera bideratutako prestakuntza egiaztatzeko, martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuaren 11.1 eta 11.3. artikuluetan eta Profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

Era berean, profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntzari dagokionez, urriaren 10eko ESS/1897/2013 Aginduan ezarritakoari jarraikiko zaio (agindu horren bidez urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua garatu zen).

Prestakuntza bideratzen ez bada profesionaltasun ziurtagiri bat lortzera, entitate onuradunak bertaratze ziurtagiri bat luzatu eta eman beharko dio prestakuntza bukatzen duen parte-hartzaile bakoitzari, edo bestela, diploma bat prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditzen duen parte-hartzaile bakoitzari.

5. Profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeari lotutako lantokietako prestakuntza praktikoko moduluak.

5.1. Entitate onuradunak prestakuntza praktikoko modulua egiten lagundu beharko die prestakuntza ematearekin batera profesionaltasun ziurtagiri baten modulu guztiak egiten dituzten parte-hartzaileei, betiere modulu hori egitetik salbuetsita ez badaude, hori guztia profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 5.bis artikuluan ezarritakoarekin eta hura garatzeko araudiarekin bat.

5.2. Prestakuntza praktikoko moduluak ez du lan harremanik sortzen enpresarekin, ezta diru konpentsazioa ere parte-hartzaileentzat prestakuntza praktikoaren truke, beka eta laguntzetarako 7. oinarrian ezarritakoa salbu.

Praktikak hasi baino lehen, haien berri emanen zaie enpresako langileen legezko ordezkariei, eta parte-hartzaileen eta tutoreen zerrenda igorriko zaie.

6. Programetako parte-hartzaileak.

6.1. Parte-hartzaile guztiek langabezian egon beharko dute, eta, programa hasten denean, enplegu eskatzaile gisa inskribatuak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietan.

6.2. Profesionaltasun ziurtagiri bat lortzera bideratutako prestakuntza egiten ahalko dute indarreko araudian ezarritako betebeharrak betetzen dituztenek. Betebehar horiek prestakuntza egiaztagarria hasten denean bete beharko dira.

6.3. Parte-hartzaileak hautatu aurretik, programa gauzatuko den lurraldeko enplegu agentziak aurretiazko hautapen bat eginen du. Entitate onuradunek dagokion enplegu agentziari adieraziko dizkiote programari egokitzen zaizkion profilak eta sartzeko betebeharrak, zundaketa bidez edo zabalkunde publikoaren bidez behar bezala kudeatzeko.

Enplegu agentziak zundaketa bat egiten badu, bilaketa eremua programa gauzatu behar den udalerrietara mugatuko da. Jende aski ez badago, beste udalerri batzuetara zabalduko da bilaketa, hurbilen daudenak lehenetsiz, behar den pertsona kopurua lortu arte.

Zabalkunde publikoa eginez gero, iragarkian zehaztuko da parte hartu nahi dutenek zer epe, zer modu eta zer bide izanen duten izena emateko.

Entitate onuradunek zilegi dute hautagai poltsa bat aurkeztea enplegu agentziari, aurretiazko hautapen prozesu horretan sar ditzan, eta jarduketa eremuan programaren xedeko pertsonekin lan egiten duten beste entitate batzuen deribazio bideak ezarrita izan ditzakete.

Aurretiazko hautapena eginda, enplegu agentziak hasiera batean hautatutako pertsonen zerrenda eta inskripzio eskaerak igorriko dizkio entitate onuradunari, hautapena egin dezan.

Behin betiko hautapena egiteko orduan, entitateak honako hauek lehenetsiko ditu: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren edo orientazio arloko entitate laguntzaileen bitartez, orientazio jarduketak, enplegagarritasun ibilbideak edo enplegurako ibilbide pertsonalizatuak eginak dituzten pertsonak. Irizpide hori aplikatu aurretik, lehentasuna izanen dute gizarteratze-errenta kobratzen bi urte baino gehiago daramaten pertsonek. Nolanahi ere, identifikatutako helburu profesionalak eta programarenak bat etorri beharko dira.

Entitate onuradunak, programa hasi baino zazpi egun lehenago gutxienez, parte-hartzaileen eta ordezkoen zerrenda eta aplikatutako hautapen irizpideak igorriko dizkio enplegu agentziari, dena behar bezala justifikatuta.

Enplegu agentziak, bere eskumenen esparruan, deialdian ezarritako betebeharrak bete ote diren egiaztatuko du.

Halaber, entitate onuradunak parte-hartzaile guztien alten eta bajen berri eman beharko dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, horrelakoak gertatu bezain pronto.

7. Parte hartzen duten pertsonei aholkularitza ematea.

7.1. Prestakuntza eta enplegu programa integratuetan parte hartzen duten pertsonak martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren 25. kapituluan ezarritako beken onuradunak izaten ahalko dira, eta arau horretan eta ebazpen honetan ezarritako betebehar eta baldintzak bete beharko dituzte.

7.2. Martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren III. eranskineko 1. atalean ezarritakoarekin bat, deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza eta enplegu programa integratuetan parte hartzen duten langabeek 12 euro bitarteko beka jasotzen ahalko dute bertaratzen diren egun bakoitzeko.

Beka hori ordaindu behar den erabakitzea entitate onuradunari dagokio, parte-hartzaileek beren ibilbide-orrian hartzen dituzten konpromisoen eta ibilbidearen arabera.

7.3. Eskaera aurkeztean, entitateak adierazi beharko du zein den beka horietarako aurreikusita duen zenbatekoa. Beka horien zenbatekoa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ematen duen diru-laguntza osoaren parte izanen da, entitatea diru-laguntzaren onuradun suertatuz gero. Entitateak kontzeptu horretarako emandako zenbateko osoa ordaintzen ez badu, behar dena itzuli beharko du, 23.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

7.4. Bekak kudeatu eta ordaintzea entitate onuradunari dagokio, ikasleak eskatuta. Beka ordaintzeko, entitate onuradunak behar den diru sarrera eginen du eskatzaileak jakinarazten duen banku korrontean.

7.5. Entitate onuradunak behar den informazioa emanen die parte-hartzaileei bekari buruz eta hura lortzeko bete beharrekoei buruz.

7.6. Nolanahi ere, beka jasotzeko eskubidea galduko da hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe. Prestakuntza ekintzara joaten ez den egunetan, ez da beka jasotzeko eskubiderik sortuko.

Beka honen ondorioetarako, prestakuntza ekintzatzat hartuk da prestakuntza eta enplegu programa integratuan aurreikusitako edozein jarduketa.

Prestakuntzara bertaratu dela frogatzeko, eredu normalizatuak erabiliko dira.

7.7. Entitate onuradunak zilegi du beka hori osatzea bere baliabideekin edo kanpokoekin.

8. Istripu asegurua.

Entitate onuradunek istripu aseguruko poliza bat sinatu beharko dute programa hasi baino lehen. Poliza horrek hiru etapak estaliko ditu, baita egin nahi diren jarduketak eta eguneroko ordutegi osoa ere. In itinere istripu gastuak eta ikasleek enpresetara eta beste establezimendu batzuetara egiten dituzten bisiten ondoriozko arriskuak estali beharko ditu, eta jarduketen garapenari euskarri eman beharko diote.

Polizak hirugarrenen aurreko erantzukizun zibila ere estali beharko du, programa gauzatu bitartean parte-hartzaileek eragindako kalteak estaltzeko eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua horren gaineko erantzukizun orotik salbuesteko. Aseguru poliza kolektibo bat sinatzen ahalko da, adierazitako baldintzekin, parte-hartzaile guztiak estaltzeko.

Poliza hori sinatzearen ondoriozko gastua prestakuntza jardueraren zuzeneko kostutzat hartuko da finantzaketaren ondorioetarako.

Parte-hartzaileek ezin izanen dute enplegu programa integratua hasi, inolaz ere, istripu aseguruaren poliza sinatu ez bada. Polizak, gutxienez, honako estaldura hauek izanen ditu:

–Heriotza, istripuagatik.

–Baliaezintasun iraunkorra (partziala, osoa edo absolutua) eta baliaezintasun handia istripuagatik. Baremoaren araberakoa izanen da.

–Osasun laguntza mugagabea, istripuagatik.

9. Prestakuntza eta enplegu programa integratuak finantzatzeko aurrekontua.

9.1. Deialdi honen babesean antolatzen diren prestakuntza eta enplegu eskolak 2017ko eta 2018ko gastuen aurrekontuko “Enplegu plana. Prestakuntzarako eta enplegurako programa mistoak. Sektoriala eta EGF-YEI Gazte enplegurako programa eragilea, 2014-2020” izeneko 95000 96200 4819 242200 kontu-sailaren kargura finantzatuko dira, edo aurrekontuetan gaitzen den antzeko kontu-sailaren kargura.

Diru-laguntzak ematea nahiko aurrekontu-kreditu indarduna izatearen mende egonen da.

9.2. Deialdi honi dagokion gehieneko finantzaketa 4.800.000 eurokoa izanen da: 2.750.000 euro 2017ko aurrekontuaren kargura eta 2.050.000 euro 2018ko aurrekontuaren kargura.

9.3. Proiektu bat 2017ko abenduaren 1a baino lehen hasten bada eta hurrengo urtean bukatzen, bukatu aurretik gauzatutako zatia 2017ko aurrekontuen kargura ordainduko da, eta gainerakoa 2018koaren kargura.

10. Programa motak.

Deialdi honen babesean diru-laguntzak ematen ahalko dira langabeentzako prestakuntza eta enplegu programa integratu mota hauek gauzatzeko:

a) Luzaroko langabeentzako programak, hain zuzen, 30 urtetik gorakoak izanik, lan merkatuaren eskakizun berrietara egokitzeko eta kualifikatzeko edo birkualifikatzeko prozesu bat behar dutenentzat. Luzaroko langabetzat hartuko dira hautapenaren aurreko 18 hilabeteetan gutxienez 12 hilabetez egon direnak enplegu agentzia batean inskribatuak.

b) 16 urtetik 30 urte bitarteko gazteentzako programak, hain zuzen, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortzera iritsi ez direnentzat edo, gehienez, ikasketa titulu hori dutenentzat.

c) Talde hauetako batean sarturik dauden langabeentzako programak: kotizazio gabeko errentaren bat jasotzen dutenak, desgaitasunen bat dutenak, bazterturik daudenak edo bazterturik gelditzeko arriskuan daudenak.

Deialdi honen ondorioetarako, desgaitasunen bat duen pertsonatzat hartuko dira %33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitorturik dutenak, eta bazterturik dauden edo bazterturik gelditzeko arriskuan dauden pertsonatzat, berriz, gizarte zerbitzuen arloko erakunde ofizial eskudun baten ziurtagiriaren bidez, egiaztatzen duena badagoela irizpen bat dioena pertsona hori bazterketa egoera erreal batean dagoela.

11. Entitate eskatzaileak: baldintzak eta egiaztapena.

11.1. Deialdi honetan entitate hauek parte hartzen ahal dute:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta horien menpeko edo horiei atxikitako entitateak, beren titulartasun osoa toki entitate horiena bada, eta, kasu guztietan, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan badaude, eta Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasun publikoko entitateak.

b) Lantokia Nafarroako Foru Komunitatean duten elkarteak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuk.

c) Aurreko bi ataletan aipatutako entitateetatik edozeinek osatutako elkarteak, nortasun juridikorik ez badute ere.

11.2. Onuradun izaten ahalko dira, orobat, aipatutako entitate horietako batek (baita c) atalean aipatutakoak ere) honako hauetako batekin osatzen dituen nortasun juridikorik gabeko elkarteak:

–Zentroen erregistroan inskribaturik edo egiaztaturik dauden prestakuntza zentroak, goian aipatutako entitate mota horietako batekin bat etortzen ez direnak. Zentro horiek prestakuntza ekintzen eremuan baizik ez dute parte hartuko.

–Programa gauzatzeko beharrezkoa den jardueraren bat egiten duten enpresak edo bestelako entitateak, programako ekintzei lotutako zerbitzuetako batean espezializatuak daudenak.

11.3. Elkarteen kasuan, laguntzaren eskabidean berariaz adierazi beharko dira elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak eskatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Elkarteari, onuraduna den aldetik, dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldun edo ordezkari bakar bat izendatu beharko dute. Ordezkaritza hori, bakar-bakarrik, 11 oinarriko 1.a) eta b) letretan adierazitako entitateetako bati ematen ahalko zaio.

Elkarteko entitate guztiek diru-laguntza hauen onuradun izateko ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoak ere.

Elkartea ezin da desegin harik eta jarduera justifikatzen denetik lau urte igaro arte, Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2004 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

11.4. Prestakuntza espezialitateen katalogoan dauden ekintzak emanez gero, prestakuntza zentroak egiaztatuak egon beharko dira, edo behar den erregistroan inskribatuak, bidezkoa dena, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Prestakuntza espezialitateen katalogoan ez dauden ekintzak emanez gero, deialdia argitaratzen den egunean inskribatuak ez dauden prestakuntza zentroek, diru-laguntzaren eskabidearekin batera, erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko dute, ekintza hori emateko behar diren baldintzak betetzen dituztela adierazteko.

11.5. 11.1 oinarrian adierazitako entitate onuradunak ez badira deialdira aurkezten prestakuntza zentro edo entitate batekin elkarturik, entitate horiek behartuak egonen dira egiaztatzearen eta inskripzioaren gainean aurreko atalean adierazitakoa betetzera.

Entitate onuradunek ezin dute azpikontratatu egin beharreko jarduketen exekuzioa. Langileen kontratazioa ez da azpikontrataziotzat hartuko, kontratazio zuzena edo autonomoena bada. Prestakuntzaren kasuan, irakasleen kontratazioa ere ez da azpikontrataziotzat hartuko.

12. Diru-laguntzarako eskabidea

12.1. Eskabideak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (http://www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz.

Bestela, Nafarroako Gobernuko enpleguaren atariko web orrian dagoen eskabidea bete beharko da, eta eskabidearen eta programaren memoriaren paperezko kopia bana aurkeztu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan. Dokumentazioa euskarri informatikoan ere aurkeztu beharko da.

Eskabideak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako tokietan ere aurkez daitezke.

Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

12.2. Eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen denetik hasita. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

12.3. Eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskaera ebazteko behar den informazioa kontsultatzeko eta administrazio publikoek egiten edo gordetzen duten dokumentazioa eskuratzeko.

13. Eskabidearen edukia.

13.1. Laguntza-eskabidea eredu normalizatuan aurkeztu beharko da, eta agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Eskabidea sinatzen duenak entitate eskatzailearen izenean jarduteko ahalmena baduela egiaztatzen duen agiria, indarra duen legeriaren araberakoa.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatu egoeretakoren batean ere ez dagoela dioen aitorpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

c) III. eranskineko ekintzak ematen dituzten espres programa integratuetan, erantzukizuneko aitorpen bat, adierazteko instalazio eta giza baliabide aski dituela, prestakuntza teorikoa eta praktikoa emateko behar den gaitasun teknikoa eta kalitatea bermatzeko modukoak. Aitorpen hori eredu normalizatuan egin beharko da.

d) Erantzukizuneko aitorpena, adierazteko ezen lan munduan sartzeko eskatutako ekimenaren zuzendaria, tutorea, irakaslea eta teknikaria eskatutako programari egokitzen zaizkiola eta esperientzia daukatela eskatutako jarduketetan eta kolektiboetan.

e) Aurrekoaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

Administrazioari lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskatzailea Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaz baliatzen ahalko da, betiere adierazten badu noiz eta zein organo administratibotan aurkeztu zituen agiri horiek.

13.2. Entitate eskatzaileek eskabide bat aurkeztu beharko dute antolatu nahi duten prestakuntza eta enplegu programa integratu bakoitzeko.

14. Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

14.1. Diru-laguntza eskaera aurkeztuta, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei 10 eguneko epea emanen zaie, idazkia jaso eta biharamunetik hasita, behar diren argibideak edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie, halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

Hori hala izanik ere, errekerimenduak prestakuntza eta enplegu programa integratuko ekintzaren bat edo batzuk ukituz gero, ekintza horiek proiektutik baztertuko dira, eta gainerakoak tramitatuko dira, behar diren baldintzak eta betebeharrak betetzen badira.

17.1 oinarrian ezarritako mugak gaindituz gero, 10 eguneko epea emanen da programa edo programak berriz egiteko, idazkia jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.

14.2. Nolanahi ere, ez dira tramitera onartuko deialdian ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan, ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira. Ondoko informazioa ematen ez dutenak ere ez dira onartuko:

a) Programako jarduketak.

b) Eskatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa.

15. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

15.1. Entitateek lurraldeko beste eragile batzuekin, entitate elkartuekin eta enpresekin egiten duten elkarlana; parte-hartzaile bakoitzeko eskatzen den diru-laguntza, eskaera guztien batez bestekoarekin alderatuta, eta lan munduan sartzen direnen ehunekoa.

Atal honetako irizpideak aplikatuz, 50 puntu lortzen ahal dira gehienez.

15.1.a) Elkartutako entitate onuradunen arteko elkarlana.

Indarrak batzeko asmoz, beste entitate batzuekin elkarlanerako harremanak ezartzeko gaitasuna baloratuko da, programan sar daitezen onuradun gisa. Atal honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

2 puntu emanen dira entitate onuradun bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu.

15.1.b) Lurraldeko beste eragile batzuekiko koordinazioa eta elkarlana.

Lurraldeko beste eragile batzuekiko koordinazioa eta elkarlana baloratuko dira, honako hauekin, alegia: hezkuntza erakundeak, elkarteak eta gizarte erakundeak, enpresa sektoreak eta partaidetza organoak. Programa lurraldean elkarlanean aritzeko eredu batera egokitu beharko da, aipatutako eragileen parte-hartzearekin eta sostenguarekin, eta sostengu hori idazki batean formalizatu beharko da, non elkarlanaren nondik-norakoak eta bakoitzak hartzen dituen konpromisoak jaso beharko diren. Atal honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Puntu bat emanen da lurraldeko eragile bakoitzeko, gehienez ere 10 puntu lortu arte.

15.1.c) Programari lotutako enpresak.

Programari lotutako enpresen kopurua baloratuko da, onuradun gisa aurkezten ez badira ere honelako jarduketetan laguntzen badute: informazio saioak, ingurune produktiboa ezagutzeko saioak, kontratuak, praktikaldietako hitzarmenak, etab. Enpresekin sinatutako akordio idatzi bat aurkeztu beharko da, konpromisoak adierazita. Atal honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

0,5 puntu emanen dira enpresa bakoitzeko, eta gehienez ere 5 puntu.

15.1.d) Parte-hartzaile bakoitzeko diru-laguntza, eguneko, eskaeren batez bestekoarekin alderatuta.

Parte-hartzaile bakoitzeko diru-laguntza, eguneko, honela kalkulatuko da: eskatutako zenbatekoa zati arreta hartuko duten pertsonen kopurua eta programaren egun kopurua (hilabetea/30 egun). Gero, kalkulatuko da zenbateko hori zenbat den, ehunekotan, eskaera guztien batez bestekoaren aldean. Atal honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Eskaera guztien batez bestekoaren azpitik dagoen ehuneko puntu bakoitzeko, 0,66 puntu emanen dira.

Ehunekoak osoak ez badira, dagokion zati proportzionala emanen da.

15.1.e) Parte-hartzaileak lan munduan sartzea.

Konpromisoen arabera, programako parte-hartzaileetatik zenbat sartuko diren lan munduan baloratuko da. Atal honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Irizpide hau aplikatuko da lanean hasten diren langileak, gutxienez, 4.3 oinarrian ezarritako ehunekora iristen badira.

–0,33 puntu emanen dira programari lotutako enpresetan lanean hasteko konprometitutako parte-hartzaileen ehuneko puntu bakoitzeko, enpresa horiek onuradun gisa aurkeztu ala ez. Ehunekoak osoak ez badira, dagokion zati proportzionala emanen da.

–0,165 puntu emanen dira programari lotuta ez dauden enpresetan lanean hasteko konprometitutako parte-hartzaileen ehuneko puntu bakoitzeko. Ehunekoak osoak ez badira, dagokion zati proportzionala emanen da.

Programa integratu espresen kasuan, lan munduan sartu behar den gutxieneko kopururik ezarrita ez dagoenez, irizpide hori aplikatuko da lehenengo laneratzetik, bai programari lotutako enpresetan (onuradunak izan ala ez), bai loturik ez daudenetan.

15.2. Entitate eskatzaileak egiten duen ahalegina programa finantzatzen laguntzeko eta parte-hartzaileentzako baliabideak biltzeko.

Atal honetako irizpideak aplikatuz, 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

15.2.a) Entitate eskatzaileak programa finantzatzen laguntzea.

Entitate eskatzaileak programa finantzatzen laguntzeko egiten duen ahalegina baloratuko da, izan baliabide propioekin edo kanpokoekin. Puntuatuko bada, entitate eskatzailearen funtsak kudeatzeaz arduratzen den pertsonak ziurtatu beharko du diru ekarpen hori.

Programa bakoitzaren baterako finantzaketa kalkulatzeko, eragiketa hau eginen da: batera finantzatutako zenbatekoa zati zenbateko horrexen eta eskatutako diru-laguntzaren batuketa.

Atal honetan 7 puntu lortzen ahal dira gehienez.

–Baterako finantzaketaren ehuneko puntu bakoitzeko, 0,25 puntu emanen dira. Ehunekoak osoak ez badira, dagokion zati proportzionala emanen da.

15.2.b) Parte-hartzaileentzako pizgarriak.

Entitate eskatzaileak parte-hartzaileentzako baliabide gehiago lortzeko eta helburuak betetzeko egiten duen ahalegina baloratuko da. Puntuatuko bada, entitate eskatzailearen funtsak kudeatzeaz arduratzen den pertsonak ziurtatu beharko du diru ekarpen hori.

Entitate eskatzailearen ahalegina kalkulatzeko, eragiketa hau eginen da: pizgarrietan egiten den gastua (kontzeptu honetarako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatutako beken zenbatekoa barne dela) zati batera finantzatutako zenbatekoaren eta eskatutako diru-laguntzaren batuketa.

Atal honetan 3 puntu lortzen ahal dira gehienez.

–Parte-hartzaileei bideratutako aurrekontuaren ehuneko puntu bakoitzeko, 0,2 puntu emanen dira. Ehunekoak osoak ez badira, dagokion zati proportzionala emanen da.

–Pizgarri horiek ibilbide-orrian diseinatutako helburuak lortzeari lotuta badaude, puntu bat emanen da.

15.3. Entitate eskatzaileak aurkeztutako programa gauzatzeko daukan esperientzia egiaztatua, prestakuntza eta enplegu programa mistoak barne.

Atal honetako irizpideak aplikatuz, 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Elkarteen kasuan, ordezkaritza bere gain hartzen duen entitatearen esperientzia baloratuko da.

Kasuan kasuko erakunde ofizialaren agiriak aurkeztu beharko dira, non honako hauek egiaztatuko baitira: programa bakoitzaren iraupena eta ze urtetan egin zen, eta orientazioaren, prestakuntzaren eta laneratzearen arloan egindako jarduketak. Hiru arlo horiek landu dituzten programak baizik ez dira baloratuko: orientazioa, prestakuntza eta laneratzea.

Aurreko lerroaldean aipatutako hiru arlo horiek landu dituzten programetan egiaztatzen den urte bakoitzeko, puntu bat emanen da. Urtebete kontatuko da baldin eta urte natural batean programak edo programek gutxienez sei hilabete iraun badu(te).

16. Esleitzeko irizpideak.

Prestakuntza eta enplegu programa integratuak esleitzeko orduan, kontuan hartuko dira xedeko kolektiboen prestakuntza beharrak eta Nafarroako eskualdeetarako atzematen diren prestakuntza eskaerak.

Programa mota guztientzako diru-laguntza eman behar bada ere, kontuan hartu behar da, orobat, Nafarroako eskualde guztiak sartu behar direla banaketan. Helburua da bermatzea deialdiaren 10. oinarrian aurreikusitako hiru programa motak egiten direla bai Iruñeko eskualdean, bai Tuterako eskualdean, eta gutxienez programa bana egiten dela Nafarroako gainerako eskualdeetan.

Lehenbizi eta behin, Iruñeko eskualderako, 640.000 euro bitarte esleituko dira 10. oinarrian finkatzen diren hiru programa motetatik bakoitzerako, eta 260.000 euro bitarte Tuterako eskualdean egiten diren programa mota horietako bakoitzerako. Gainerako sei eskualdeei dagokienez (Agoitz, Altsasu, Doneztebe, Lizarra, Lodosa eta Tafalla), 350.000 euro bitarte esleituko dira eskualde bakoitzeko.

Lehenik, gainerako sei eskualdeetako bakoitzari lotutako eskaeretan puntuazio altuenak lortzen dituzten programentzako laguntzak esleituko dira, hots: Agoitz, Altsasu, Doneztebe, Lizarra, Lodosa eta Tafalla, gehienez 225.000 euro eskaera eta proiektu bakoitzeko.

Bigarrenik, deialdian finkatutako programa mota bakoitzerako, Iruñeko eskualdean eta Tuterako eskualdean puntuaziorik altuenak lortzen dituzten eskaeretarako laguntzak esleituko dira, 225.000 euro bitarte eskaera eta proiektu bakoitzeko.

Esleipen horiek eginda sobera gelditzen den diruarekin poltsa komun bat eginen da, eta diru horrekin gainerako eskaerei kasu eginen zaie, lortutako puntuazio altuenetik hasita txikienera, programa mota eta eskualdea kontuan hartu gabe, harik eta eskura dagoen diru zenbatekoa agortu arte.

Puntuazioa berdina duten eskaeren artean, parte-hartzaile gehiago dituena finantzatuko da. Parte-hartzaileen kopurua ere berdina baldin bada, lanean hasiko direnen kopuru altuena aurkezten duten eskaerak finantzatuko dira.

17. Diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

17.1. Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, 10. oinarrian ezarritako prestakuntzarako eta enplegurako programa motaren arabera.

15. oinarrian jasotako irizpideen arabera eskaerak lortutako balorazio teknikoa eta ezarritako aurrekontu-mugak.

Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko da 20 parte-hartzaile dituen talde bati dagozkion gehieneko zenbatekoak.

Parte-hartzaileen gehieneko kopurua murriztuz gero, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa proportzionalki gutxituko da.

Entitate eskatzaile bakoitzari 675.000 euroko diru-laguntza emanen zaio gehienez. Entitate eskatzaile bakoitzari 225.000 euroko diru-laguntza emanen zaio, gehienez, programa mota bakoitzeko. Muga horiek ezartzeko, kontuan hartuko dira toki entitateek, titulartasun publikoko entitateek, elkarteek, fundazioek eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuek eskatzen dituzten diru-laguntzak, kontuan hartu gabe eskaera bakarka, taldeka edo, toki entitateen kasuan, bere erakunde autonomoen eta menpeko entitateen bitartez edo horiekin parekatutako entitateen bitartez (betiere titular bakarrak toki entitate horiek baldin badira) aurkeztu duten.

17.2. Etapa bakoitzean, hauexek izanen dira gehieneko diru-laguntzak:

Lehenengo etapa.

–Orientazio/tutoretza ekintzak: gehienez ere 5.200 euro emanen dira, hilabetero, 20 parte-hartzaile dituen talde bakoitzeko, betiere kontuan harturik lanaldi osoko tutore/orientatzaile bat izan behar dela gutxienez, eta programako zuzendari bat, gutxienez lanaldi erdian.

Zenbateko horren barrenean aurreko lerroaldean aipatutako langileria gastuak sartuko dira, baita ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren zuzeneko eta zeharkako beste gastu batzuk ere.

–Gako-gaitasunak lortzera bideratutako prestakuntza ekintzak: gehienez 120 ordutarako diru-laguntza emanen da. Ezarri den gehieneko modulu ekonomikoa 40 eurokoa da ordu bakoitzeko, 20 parte-hartzaileko talde bakoitzeko (gutxienez 12 parte-hartzaile behar dira). Parte-hartzaileak 12 baino gutxiago badira, modulu ekonomikoa proportzionalki gutxituko da.

Bigarren etapa.

–Orientazio/tutoretza ekintzak: 20 parte-hartzaileko talde bakoitzeko, gehienez, 5.200 euro hilabetean. Kontuan hartu behar da lanaldi osoan arituko den gutxienez tutore/orientatzaile bat behar dela lan munduan sartzen lagun egiteko teknikaria lanean hasten den unera arte, izan ere, une horretatik aurrera lanaldi erdian arituko da; programako zuzendari bat ere beharko da, lanaldi erdian gutxienez, eta etapa honetako orduen %50 igarota, lan munduan sartzen lagun egiteko teknikari bat, lanaldi erdian.

Gehieneko zenbateko horren barrenean aurreko lerroaldean aipatutako langileria gastuak sartuko dira, baita ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren zuzeneko eta zeharkako beste gastu batzuk ere.

Prestakuntza ekintzak: 20 parte-hartzaile dituen talde bakoitzeko (gutxienez 12 parte-hartzaile baditu) ezarrita dagoen gehieneko modulu ekonomikoa 40 eurokoa da orduko, entitate edo elkarte eskatzaileek emandako ekintzetan, 11.1 oinarriaren arabera, eta 75 eurokoa, ordu bakoitzeko, egiaztatutako edo inskribatutako prestakuntza zentroetan ematen diren ekintzetan, 11.2 oinarrian ezarritakoaren arabera. Parte-hartzaileak 12 baino gutxiago badira, modulu ekonomikoa proportzionalki gutxituko da.

Hirugarren etapa.

–Orientazio/tutoretzako, bitartekaritzako eta lan munduan sartzeko ekintzak: gehienez ere 5.200 euro emanen dira, hilabetero, 20 parte-hartzaile dituen talde bakoitzeko, betiere kontuan harturik gutxienez tutore/orientatzaile bat izan behar dela, lanaldi erdian arituko dena, programako zuzendari bat, gutxienez lanaldi erdian arituko dena, eta lan munduan sartzen lagun egiteko teknikari bat, hori ere lanaldi erdian.

Gehieneko zenbateko horren barrenean aurreko lerroaldean aipatutako langileria gastuak sartuko dira, baita ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren zuzeneko eta zeharkako beste gastu batzuk ere. Ez dira inola ere diruz lagunduko heriotzagatiko kalte-ordainak, ez eta lekualdaketei, eteteei, kaleratzeei, kargu-uzteei edo kontratua bukatzeari dagozkienak ere.

Gastu hori diruz lagungarria izateko, entitate onuradunak kontratatu beharko ditu langileak. Ematen den diru-laguntzak ez ditu baldintzatzen entitate onuradunak ezarrita dituen benetako soldatak. Soldata horiek handiagoak izanez gero, funts propioekin ordainduko du aldea.

17.3. Beken kontura emanen den gehieneko zenbatekoa 12 eurokoa izanen da parte-hartzaile bakoitza deialdian aurreikusitako jarduketetara joaten den egun bakoitzeko.

18. Prozeduraren instrukzioa.

18.1. Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da eskaeren prozedura instruitzeko organo eskuduna, deialdian finkatutako irizpideei jarraituz.

18.2. Deialdi honetan aurkeztutako eskaerak ebaluatzeko batzordea kide hauek osatuko dute:

a) Batzordeko burua: Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordekideak: Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko hiru teknikari. Horietako bat idazkari arituko da.

Ebaluazio Batzordeak txosten loteslea eginen du. Bertan, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko da zerrenda batean, puntuazio handienetik puntuazio txikienera ordenatuta.

18.3. Ebaluazioa ikusirik, instrukzio organoak ebazpen proposamena aurkeztuko du, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz.

19. Ebazpena.

19.1. Instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko zaio, horrexek ebatziko baitu diru-laguntzen esleipena.

19.2. Ebazpena ebatzi eta interesdunei jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

19.3. Ebazpenak ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

20. Ebaluazioa eta kalitatearen kontrola.

20.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, bere eskumenen barnean, diruz laguntzen diren ekintzen ebaluazio, kontrol eta jarraipen lanak egiten ahalko ditu. Horretarako, edonolako dokumentazioa eskatzen ahalko die entitate onuradunei, edo kanpo auditoria bat egin, egoki iruditzen bazaio.

Programen kontrol, ebaluazio eta egiaztapenerako unitateen jarraipen talde berezitu bat sortuko da. Talde horretan, gutxienez, programako teknikari edo arduradun bat arituko da, entitatearentzat erreferentea den Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren arlokoa, eta entitate onuradunak, proiektuaren gaineko kontuetan solaskide gisa aritzeko, izendatutako pertsona.

Talde horrek laguntza teknikorako eta jarraipenerako plan bat, bi alderdien arteko komunikazio plan bat, koordinazio irizpideak, datuak elkarri trukatzeko konpromisoak eta bileren egutegi bat finkatuko ditu, hori guztia programaren inplementazioan sostengua, laguntza eta jarraipen kualitatiboa bermatzeko asmoz, hots, entitate onuradunei laguntza emateko xedeko emaitza eta eraginak lortzeko behar diren prozesuak hobeak izan daitezen.

Programaren pertsona onuradun bakoitzeko espediente bat irekiko da, bere prozesu indibidualari buruzko informazio guztia jasoko duena. Programako parte-hartzaileen espedienteek 20.2 oinarrian aipatutako azken memoria teknikoa osatuko dute. Espedientean honako hauek jasoko dira:

–Ibilbide-orrian itundutako helburuak eta konpromisoak. Egokitzapenak, horrelakorik egiten bada.

–Etapa bakoitzean pertsona bakoitzarekin egiten diren jarduketak.

–Gorabeherak, horrelakorik gertatu baldin bada.

–Orientazio eta tutoretza saioen erregistroa, orientatzaileak/tutoreak eta onuradunak sinatuta.

–Emandako prestakuntza eta lortutako emaitzak.

–Lan esperientzien eta/edo lan munduan sartzeko bitartekaritzaren gaineko txostena. Enpresekin izandako kontaktuak.

–Lan munduan sartzea, finkatutako baldintzetan.

–Bekak eta justifikazioa.

–Enplegagarritasun baldintzak hobetzea.

Hauek dira parte-hartzaileen enplegagarritasun baldintzak hobetzeari lotutako alderdiak:

–Norberaren ibilbide-orrian adierazitako helburuak lortzea.

–Hezkuntza sistemara itzultzeko motibazioa eta jarrera handitzea.

–Programa honetatik kanpo, enplegurako lanbide heziketako ekintzak egiteko motibazioa eta jarrera handitzea, jasotako prestakuntza osatzeko asmoz.

Dokumentazio hori 20.2 oinarrian aipatzen den memoriarekin batera aurkeztuko da.

20.2. Programaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko dokumentazioa.

Programa bukatzen denetik hiru hilabete igaro baino lehen entitateak azken memoria tekniko bat aurkeztu beharko du, arreta eman zaien pertsonen ezaugarriak jasoko dituena, hots; adina, sexua, titulazio akademikoa, helburuak zenbateraino bete diren, programak onuradunengan izan duen eragina eta izan dituen emaitzak, arreta eman zaien pertsonek bizitzan eta lan arloan zituzten asmoak zenbateraino bete diren, lurraldean izan duen eragina, programa hobetzeko proposamenak, gogobetetze maila, eta interesekoak izan daitezkeen beste kontu batzuk.

Memorian honako hauek ere jasoko dira:

–Proiektua utzi duten parte-hartzaileen ehunekoa.

–Norberaren ibilbide-orrian adierazitako helburuak programaren lehenengo eta bigarren etapetan lortu dituzten parte-hartzaileen ehunekoa.

–Programa bukatu ondoren, enplegu bat aktiboki bilatzen ari diren parte-hartzaileen ehunekoa.

–Programa bukatu ondoren, lan munduan kalitatez eta egonkortasunez sartzen diren pertsona onuradunen ehunekoa.

21. Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

21.1. Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera burutu duela frogatu beharko du, eta jarduera horrek sortutako gastuak ere bai. Kostuak frogatzeko eta diru-laguntzak likidatzeko, martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduaren 14. eta 15. artikuluetan xedatu bezala jokatuko da. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan xedatutakoa ere hartu beharko du kontuan, baita diruz laguntzen ahal diren kostuak eta oinarri honen laugarren puntuan aipatzen diren egozpen irizpideak ere.

21.2. Programaren diru-laguntzaren azken likidazioari ekiteko, hiru hilabeteko epea ezartzen da diru-laguntza justifikatzeko eta osorik likidatzeko, programa bukatu eta biharamunetik hasita. Horretarako, “Programaren gastuen aitorpena eta azken likidazioa” aurkeztu beharko da, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen duen ereduaren arabera, bai eta fakturen jatorrizkoak eta kopiak, edo gastuen froga gisa antzeko balioa duten kontabilitate-agirienak, eta haiek ordaindu izanaren dokumentuenak ere.

2017ko abenduaren 1a baino lehen hasi eta egun horren ondotik bukatzen diren programetan bi likidazio egin beharko dira, bata, 2017ko kontu-sailaren kargura emandako zenbatekoari dagokiona, eta bestea, 2018ari dagokiona. 2017ko abenduaren 1a baino lehen gauzatzen dena 2017ko aurrekontuaren kargura ordainduko da, eta gainerakoa, 2018ko aurrekontuaren kargura.

Goian xedatutakoa galarazi gabe, 2017ko likidazioari dagokionez, oinarri honetako lehenengo lerroaldean ezarritako 3 hilabeteko epea 2017ko abenduaren 22tik haratago bukatzen bada, aipatutako egiaztagiriak aurkezteko azkeneko eguna 2017ko abenduaren 22a izanen da. Dena dela, egun horretarako aurkeztu eta ordaindu diren nominei dagozkien Gizarte Segurantzako kotizazioen ordainketaren justifikazioak eta PFEZaren ordainketarenak hurrengo urteko otsailaren 5era arte aurkezten ahalko dira.

Era berean, 2018ko likidazioari dagokionez, oinarri honetako lehenengo lerroaldean ezarritako 3 hilabeteko epea 2018ko abenduaren 21etik haratago bukatzen bada, aipatutako egiaztagiriak aurkezteko azkeneko eguna 2018ko abenduaren 21a izanen da. Dena dela, egun horretarako aurkeztu eta ordaindu diren nominei dagozkien Gizarte Segurantzako kotizazioen ordainketaren justifikazioak eta PFEZaren ordainketarenak hurrengo urteko otsailaren 5era arte aurkezten ahalko dira.

Justifikatutako gastua ez bada iristen kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, bidezko izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

Justifikaziorako aurkeztutako dokumentazioa egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidaziorako ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean justifikazio dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak itzultzeko, edo diru-laguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnenak. Kasu horretan, kasuan kasuko berandutze-interesak aplikatuko dira, egindako azken ordainketaren egunetik likidazio ebazpenaren egunera bitarteko eperako kalkulatuak.

21.3. Diru-laguntza justifikatzeko ezarritako epea iragan ondoren, zentro onuradunak ez badu aurkezten diruz laguntzen ahal diren gastuei buruzko dokumentazioa, organo eskudunak onuradunari eskatuko dio 15 eguneko epe luzaezinean hura aurkez dezan. Nolanahi ere, aurkeztutako agiriak justifikaziorako aski ez badira, NEZ-NLak atzemandako akatsak jakinaraziko dizkio onuradunari, 10 eguneko epe luzaezinean zuzen ditzan.

Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

Diru-laguntza ematea dakarren jarduera abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko dokumentazioa eta informazioa zentroan gorde beharko dira, eskumena duten administrazioek kontrolatu eta ikuskatu ahal izateko, lau urteko epean, justifikazioa aurkezteko ezarritako epea bukatu eta biharamunetik hasita.

4 urteko epe horretan, entitate onuraduna da ikasleei diplomak banatzearen arduraduna. Epe hori iraganik, ez du erantzukizun hori izanen.

21.4. Finantzatzen ahal diren kostuak eta egozpen irizpideak.

Aurreikusten diren diruz lagundutako kostuak egiazkoak izanen dira, egiazki egin, pagatu eta fakturen edo froga balio bera duten kontabilitate agirien bidez frogatuak.

Diruz laguntzen ahalko dira inolako zalantzarik gabe jarduera lagungarriaren ezaugarriak biltzen dituzten gastuak, betiere justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu badira.

A.–Zuzeneko kostuak.

a) Barruko eta kanpoko prestatzaileen ordainsariak; horien barnean sartzen ahal dira soldatak, gizarte aseguruak, dietak, lokomozio-gastuak eta, oro har, prestakuntza ekintzak prestatzen eta ematen eta parte-hartzaileak gidatzen eta ebaluatzen aritzen diren prestatzaileei egozten ahal zaizkien kostu guztiak.

Gastu horiek jardueran emandako orduen arabera behar bezala sailkatuta aurkeztu beharko dira.

Prestakuntzaren, tutoretzaren eta ebaluazioaren gastuak ez dira inolaz ere hezitzaileen ordainsarien kostu osoaren %20 baino gehiago izanen.

Atal honetan sartuko dira, orobat, programa gauzatzeko beharrezkoak diren zuzendariaren eta teknikariaren kostuak, 17.2 oinarrian aipatu bezala.

b) Erabilitako tresna didaktikoak eta plataforma teknologikoak amortizatzeko gastuak, kontabilitateari buruzko arauetan onetsitako amortizazio irizpideen arabera kalkulatuak, eta programako ekintzak gauzatzeko alokairuen edo errentamendu finantzarioaren gastuak, interesak izan ezik.

Gastu horiek ekintzen arabera behar bezala sailkatuta aurkeztu beharko dira, eta, ekipamendu edo plataformak banaka erabiliz gero, parte-hartzaileen kopuruaren arabera egotziko dira.

c) Baliabide didaktikoen gastuak eta/edo material didaktikoak erostekoak, baita ekintzak egiteko erabiltzen diren ondasun suntsigarrien gastuak ere, barnean direla babes eta segurtasunerako materialak.

Gastu horiek ekintzen arabera behar bezala sailkatuta aurkeztu beharko dira, eta, ekipamendu edo plataformak banaka erabiliz gero, parte-hartzaileen kopuruaren arabera egotziko dira.

d) Ikasgelen, lantegien eta ikastaroa egiteko erabilitako gainerako eremuen alokairu gastuak, errentamendu finantzariokoak -interesak izan ezik- eta amortizaziokoak.

Gastu horiek ekintzen arabera behar bezala sailkatuta aurkeztuko dira eta ekintzak dirauen aldirako egotziko dira.

Amortizazio gastuak onartu ohi diren kontabilitate arauen arabera kalkulatuko dira. Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren bidez ezarritako taulen araberako amortizazio metodoa erabiltzen ahalko da (urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsitako taulak).

e) Parte-hartzaileen istripu aseguruaren gastuak.

f) Prestakuntza ekintzak antolatu eta zabaltzeko publizitate gastuak. Gastu horiek ekintzaren arabera behar bezala sailkatuta aurkeztu beharko dira. Aldi berean ekintza bat baino gehiago iragartzen badira, kostua banatu eginen da iragarritako ekintza kopuruaren artean zatituz.

B.–Lotutako kostuak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 9. idatz-zatiarekin bat, onuradunak zentzuz dagokion proportzioan egotzi beharko dizkio kostu horiek diru-laguntzaren xede den ekintzari, onartu ohi diren kontabilitateko irizpide eta arauei jarraituz, betiere kostu horiek jarduera egiazki egiten den aldiari dagozkion heinean.

Lotutako kostuen batura ez da handiagoa izanen egindako eta justifikatutako jardueraren kostu osoaren %10 baino, alde batera utzita bekak eta parte-hartzaileek kobratutako pizgarriak. Kostu horien zenbatekoa emandako laguntzarena baino altuagoa bada, erreferentzia azken hori izanen da.

Hauek dira lotutako kostuak:

a) Barruko zein kanpoko laguntzako langileen kostuak eta jarduera kudeatu eta egiteko behar diren guztiak.

b) Diruz lagundutako jarduerari zuzenean lotutako finantza gastuak, hura behar bezala prestatu edo burutzeko ezinbestekoak badira. Bankuetako kontuen zor interesak ezin izanen dira diruz lagundu.

c) Bestelako kostuak: argia, ura, berokuntza, mezularitza zerbitzuak, posta, garbiketa, zaintza eta lehen aipatu ez diren bestelako kostuak, jarduerari lotuak.

21.5. Diru-laguntzaren xede den gastua, obra bat burutzeko kostuen kasuan, 30.000 eurokotik gorakoa bada edo aholkularitza edo, laguntza enpresek ekipo ondasunen hornidura egiteko edo zerbitzuak emateko kasuetan, 12.000 eurotik gorakoa, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, egin beharreko ekimenak eta ekimen horien eremua kontuan hartuta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatuaren arabera. Justifikaziorako beste bide batzuk erabili ahal izatea galarazi gabe, aurreko betebehar hori jarraian adierazten diren aukeretako baten bidez frogatzen ahalko da:

a) Zerbitzua egiteko edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu aurretik, gutxienez hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu izana, salbu eta, diruz lagun daitezkeen gastuen ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate kopuru nahikoa, edo gastua diru-laguntzarako eskaera egin aurretik egina bada. Aurkezten diren eskaintzen arteko hautapena eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz eginen da, eta memoria batean justifikatuko da, espresuki, proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada. Aurkeztutako enpresen zerrenda diru-laguntzaren justifikazioarekin batera, edo, bestela, eskaerarekin batera aurkeztu beharko da.

b) Merkatuan dauden pareko eragiketa errealen prezioen metodoa: merkataritzako trafikoan balio duten agiriak aurkeztuz frogatu beharko da merkatuan pareko eta antzeko eragiketak daudela, diru-laguntzaren xede den eragiketaren ekonomia eta eragimena agerian uzten dituztenak.

c) Garai bereko aurrekontuen deflaktazio metodoa: onuradunak antzeko eragiketa alderagarrien egungo aurrekontuak aurkezten ahalko ditu, kontratazioa egin zenetik alderdi hau frogatu arte izandako KPIaren gorabeherarekin zuzenduak (deflaktatuak), agerian uzteko kontratazioa eragimenez eta ekonomiaz egin zela.

21.6. Diru-laguntza ordaintzeko, bide hauetako bat erabiliko da:

a) Jarduera oso-osorik gauzatu ondoren, entitateak diruz lagundutako jarduera justifikatuta.

b) Kontura ordainduta. Horretarako, entitateak gauzatutakoaren txosten teknikoa edo gastuen fakturak aurkeztu beharko ditu, eta, hala, entitateak frogatutako kopurua ordainduko zaio.

Nolanahi ere den, esleitutako zenbatekoaren %40 gutxienez diruz lagunduriko ekintza bukatu eta justifikatu ondoren ordainduko da.

21.7. Oinarri honen aurreko puntuko ordainketak jaso ahal izateko, entitate eskatzaileak frogatu beharko du, hala badagokio, 22.2 oinarriko dokumentazioa telematika bidez aurkeztu izana diru-laguntza ematen zaiola jakinarazi eta hilabetean, edo Foru Komunitateko Administrazioaren zein organori aurkeztu dion adierazi, organo horrek emandako beste diru-laguntza baten onuraduna baldin bada. Informazio hori eman izana ez da frogatu beharrik izanen, hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuta badago.

22. Onuradunen betebeharrak.

22.1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

Bereziki, hauek:

a) Diru-laguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epeetan egitea. Horregatik, laguntza emateko ebazpenean kontuan harturiko baldintzak nola edo hala aldatuz gero, horren berri eman beharko du.

b) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egin beharreko egiaztapen, jarraipen eta kontrol lanak onartzea.

c) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezagutzera ematea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatuk, Espainiakoek zein atzerrikoek, xede bererako emandako bestelako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta diru-laguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

d) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar bezala justifikatzea onetsitako proiektuan aurreikusitako laneratze konpromisoak bete dituela.

e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

f) Diruz lagundutako jarduerak finantzaketa publikoa izan duela agerraraztea. Diruz laguntzen diren programak hedatzeari eta gauzatzeari lotutako jarduketa guztietan, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren ikurra sartu beharko da, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren lankidetza eta abenduaren 5eko ESS/1857/2016 Aginduaren IV. eranskinean ezarritako elementuak aipatu. Horiek guztiak lehentasunezko tokian jarriko dira, eta ez dira inola ere entitate onuradunaren ikurra baino txikiagoak izanen. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

g) Egiten diren jardueretan eta zerbitzuetan, baita diru-laguntza jasotzen duten jardueren publizitatean, dokumentuetan edo zabalkundean ere, behar bezala identifikatu eta adieraztea Nafarroako Gobernuaren eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren finantzaketa izan duela.

Betebehar hori betetzeko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak behar diren jarraibideak emanen dizkie entitate onuradunei, eta horien eskura jarriko (lehentasunez, baliabide elektronikoen bidez) erabili beharko dituzten dokumentazioa eta ereduak.

h) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea laguntzen jarraipena egiteko behar duen informazio guztia.

22.2. Gardentasunari buruzko betebeharrak:

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

–Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

–Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Ondorio horietarako, bi baldintza horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek ondotik zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, entitatearen legezko ordezkariak sinatua eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarri bezala, eta horretarako hilabeteko epea izanen dute diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, atal honetan azaldutako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du, aipatutako epean.

23. Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

23.1. Programa gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

23.2. Ezarritako epean justifikatu ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta aurreratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, berandutza interesak barne.

23.3. Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazten ez bazaio, diru-laguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interesak barne, ezar daitekeen zehapena galarazi gabe.

Entitate onuradunak diru-laguntza emateko aintzat hartutako baldintzen edo programen aldaketa jakinarazi eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartu badu, dirua itzultzea beharrezkoa bada, ez da berandutze-interesik eskatuko.

Ezin izanen da aldaketarik egin programak emateko baldintzetan edo diru-laguntzak emateko aintzat hartutako baldintzetan baldin eta aldaketa horiek kontratazio konpromisoei eragiten badiete, salbu eta behar bezala frogatutako eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartutako ezinbesteko kasuetan.

23.4. Baterako finantzaketaren gainean eta/edo parte-hartzaileentzako pizgarrien inguruan hartutako konpromisoak betetzen ez badira, diru-laguntza portzentaje berean murriztuko da, eta, kasua bada, zenbateko hori itzuli beharko da, berandutze-interesak eta guzti.

4.3 oinarrian ezarri den gutxieneko laneratze indizea betetzen ez bada, eragina izanen du programaren hirugarren etaparen likidazioan. Etapa horretan parte-hartzaile bat ere sartzen ez bada lan munduan ez da deus ere ordainduko, eta indize hori ezarri den gutxienekora iristen bada, %100 ordainduko da. Laneratze indizeak bi ehuneko horien artean badaude, etapa honetan eginen den ordainketa proportzionalki kalkulatuko da.

Aurreko lerroaldean ezarritakoaz gain, laneratzeko konpromisoa ez betetzeak honako zigor hau ekarriko dio entitateari: hurrengo deialdian, lagundutako proiektuan bete ez dituen kontzeptuengatik emandako puntu kopuru bera kenduko zaio.

23.5. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, partez galduko da kobratzeko eskubidea, eta proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

23.6. Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatzen ahalko dio diru-laguntzaren zati bat bere borondatez itzultzeko. Entitateak bere borondatez itzultzen badu dirua eta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa bada beranduntze-interesak aplikatzea, horiek kalkulatuko dira dirua itzultzen duen arte.

24. Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren ondorioetarako, ebazpen honetan arautzen diren programen hartzaileen eta haiekin lotura duten pertsonen datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua izanen da, haien eskaerari, kudeaketari, finantzaketari, kontrolari, jarraipenari eta ebaluazioari dagokienez. Fitxategi horien titulartasuna publikoa izanen da.

Aurreko atalean aipatutako datu pertsonalak beharrezkoak badira programen eta diru-laguntzen eskaerarako, kudeaketarako, finantzaketarako, kontrolerako, jarraipenerako edo ebaluaziorako, ez da beharrezkoa izanen ukituen baimena datu horiek biltzeko (zuzenean edo diru-laguntzen onuradunek egindako jakinarazpenen bidez), ezta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiten duen tratamendurako ere.

Ulertuko da datu pertsonalen tratamenduaren erantzuleak bete dituela abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan aurreikusitako informazio betebeharrak, bereziki 5. artikulukoak, baldin eta diru-laguntzaren onuradunari ematen badio informazio horren berri. Onuradunak, aldiz, programen jasotzaileei igorri beharko die informazio hori, baita ekintzen eskaeran, kudeaketan, finantzaketan, kontrolean, jarraipenean eta ebaluazioan parte hartzen duten pertsona guztiei ere. Horretarako, informazio egokia sartuko da datu pertsonalak eskuratzeko dokumentazioan edo formularioetan.

25. Diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Atarian (www.navarra.es), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien diru-laguntzak, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea. Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web orrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan ezarritakoarekin bat.

III. ERANSKINA

Programa integratu espresen zerrenda

Harreragilea

Sukaldea

Zerbitzaria

Kutxazaina

Dendako saltzailea

Saltzailea

Teleoperadorea

Nekazaritza

Lorezaintza

Abeltzaintza

Basogintzako ustiategiak

Pintura eta papereztatzea

Enkofratu-lanak

Prefabrikatuen muntaketa

Igeltserotza

Zurgintza

Ebanisteria

Eraikuntzako metalezko arotz-lanak

Eraikinen mantentze-lanak

Escaiolista

Eraikuntzako makineriaren gidaria

Iturgintza

Zoladura, parketa jartzea

Hotza eta aire-girotzea

Soldadura

Galdaragintza

Pintura industriala

Metalezko arotz-lanak

Manufaktura-industriako langilea

Harakintza-industriako langilea

Nekazaritzako elikagaien industriako langilea

Metalak leuntzeko, galbanizatzeko eta gainestaltzeko makinak

Makina-erramintaren eragiketak eta doikuntza

Industrietako mantentze-lanak

Eraikinetako elektrizitatea

Industrietako elektrizitatea

Tresneria elektriko eta elektronikoa

Zubi garabiak

Orga jasotzaileak

Logistika eta biltegiak

Eraikinetako garbiketa

Garbiketa industriala

Laneko arriskuen prebentzioa

Kalitatea

Iragarkiaren kodea: F1700020