11. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1035/2016 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Herri Lanetako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, deia egiten da Nafarroako Foru Komunitatean 2017. urtean eginen diren probetarako, errepideko garraio publikoan aritzeko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko.

Errepideko garraiolari gisa jarduteko bete beharreko baldintzei buruzko arau komunak ezarri zituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1071/2009 (EE) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, errepideko garraiolari gisa aritzeko betebeharretako bat da lanbide gaitasuna izatea. Hori horrela, Erregelamenduaren 8. artikuluak ezartzen du, betebehar hori egiaztatzearren, interesa duten pertsonek nahitaezko azterketa idatzi baten bidez erakutsi beharko dutela behar bezalako ezaupideak dituztela. Azterketa hori interesdunen ohiko bizilekua den estatu kidean edo lan egiten duten estatu kidean eginen dute.

Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legeak ere ezartzen du (9/2013 Legearen bidez aldatutako testuaren 43. eta 119. artikuluetan), garraiolari gisa, garraio-agente gisa, garraio-kudeatzaile gisa, biltegizain-banatzaile gisa eta logistikako operadore gisa lanean aritzeko, beharrezkoa izanen dela betebehar hori betetzen dela frogatzea.

Arlo honi dagokionez, aipatutako legea garatzen duten arauak honako hauetan agertzen dira: Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuaren II. tituluaren lehenengo kapitulua, eta Sustapen Ministerioaren 1999ko maiatzaren 28ko Agindua, arauak ematen dituena lanbide trebakuntzaren ziurtagiriak luzatzeko, hots, gaur egun lanbide gaitasunaren ziurtagiriak direnak.

Foru agindu horren 5. artikuluak ezartzen du uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoaren bidez eskuordeturiko ahalmenen ondorioz ziurtagiri hori lortzeko probak egiteko eskumena duten autonomia erkidegoek gutxienez urtean behin eginen dutela horretarako deialdia, modalitate guztietarako.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraio Zerbitzuak proposatutakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Errepideko garraio publikoan aritzeko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko Nafarroako Foru Komunitatean 2017. urtean eginen diren probetarako deialdia onestea. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Ebazpen hau Garraio Zerbitzuari eta epaimahaikideei igortzea.

4. Adieraztea ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko abenduaren 13an.–Herri Lanetako zuzendari nagusia, Ignacio Nagore Laín.

ERREPIDEKO GARRAIO PUBLIKOAN ARITZEKO BEHAR DEN LANBIDE GAITASUNAREN ZIURTAGIRIA ESKURATZEKO, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN 2017. URTEAN EGINEN DIREN PROBETARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da lanbide gaitasunaren modalitate hauen ziurtagiria lortzeko probak egitea:

–Errepideko salgaien garraioa, Espainiakoa eta nazioartekoa.

–Errepideko bidaiari-garraioa, Espainiakoa eta nazioartekoa.

Errepideko garraioaren jarduera lagungarri eta osagarrietan aritzeko behar den lanbide gaitasuna lortu nahi dutenek errepideko salgaien garraioaren jarduerari dagozkion gaiei buruzko azterketa egin beharko dute.

Bigarrena.–Betebeharrak.

1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehenagotik ohiko bizilekua Nafarroan duten pertsonek hartzen ahal dute parte deialdian. Izangaiaren ohiko bizilekua zein den jakiteko, indarra duen nortasun agiri nazionalean (NANa) edo atzerritarraren identifikazio zenbakian (AIZ) ageri dena hartuko da kontuan.

2. Agiri horietan ageri den helbidearen ordez beste bat onartuko da honako kasu hauetan:

–Izangaiak erroldatze agiriaren bidez frogatzen baldin badu azken urteko 185 egun naturaletan, gutxienez, helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izan duela. Probak egiteko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasiko da kontatzen epe hori.

–Erroldatze agiriaren arabera azken urtean helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izandako egun kopurua 185 baino gutxiago izan arren (eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik atzera kontatzen hasita betiere), izangaiak frogatzen baldin badu bizilekua Nafarroako Foru Komunitatera aldatzera beharturik egon dela, familia edo laneko arrazoiak direla kausa.

Hirugarrena.–Eskaerak aurkezteko modua.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek bide hauetako bat erabiliz aurkeztu beharko dute eskaera:

–Internet bidez, Nafarroako Gobernuaren atarian (http://www.navarra.es helbidean, gaztelaniazko bertsioko “Trámites” atalean, “Competencia” idatzi hango bilatzailean) eskuragarri dagoen inprimakia betez.

–Eskabide bat, oinarri hauen II. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa, aurkeztuz Garapen Ekonomikorako Departamentuan dagoen Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren bulegoan (San Ignazio etorbidea, 3, beheko solairua, 31002 Iruña). Orobat, 2015eko 57. eta 103. Nafarroako aldizkari ofizialetan (martxoaren 25ekoan eta maiatzaren 29koan, hurrenez hurren) argitaratutako Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren iragarkian zerrendaturiko Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren edozein bulegotan aurkez daiteke, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako tokietatik edozeinetan.

Aipatutako eranskin horretatik atera daiteke eskabide-orria, Internet bidez, edo Garraio Zerbitzuan eskatu.

2. Aurkezteko modua zein den ere, probetan parte hartzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau erantsi beharko da:

a) Nortasun agiri nazionalaren (NANa) edo atzerritarraren identifikazio zenbakiaren (AIZ) fotokopia, helbidea Nafarroako Foru Komunitatean duela erakusten duena.

Agiri horietan ageri den helbidea Nafarroako Foru Komunitatetik kanpokoa bada, erroldatze agiriarekin egiaztatu beharko du Nafarroan duela bizilekua; agiri horretan adierazi beharko da azken urteko 185 egun naturaletan, gutxienez, Nafarroako Foru Komunitatean izan duela helbidea. Horretarako, ariketak egiteko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita kontatuko da.

Erroldaren araberako antzinatasuna 185 egunetik beherakoa baldin bada, bizilekua Nafarroako Foru Komunitatera aldatzera behartu duten familia edo lan arrazoiak azaltzen dituen agiria aurkeztu beharko da.

b) Lanbide gaitasunaren azterketara aurkezteko eskubideengatik dagokion tasaren zenbatekoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan ordaindu dela frogatzen duen agiria. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean ezarrita dago tasa hori.

3. Eskaera Interneten bidez egiten bada, agiri horiek Garraio Zerbitzura igorriko dira (Alondegi kalea, 1, 2. solairua, 31002 Iruña), edo oinarri honetako 1. atalean aipatutako erregistro edo bulegoren batean aurkeztuko dira. Bestela, agiriak eskabideari erantsiko zaizkio.

Laugarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak 2017ko otsailaren 15etik martxoaren 7ra arte aurkeztuko dira.

Bosgarrena.–Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.

1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda 2017ko martxoaren 10ean argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es, “Izapideak” atalean, “Gaitasuna” idatziz) eta Garraio Zerbitzuaren bulegoetako iragarki oholean (Alondegi kalea, 1, 2. solairua, Iruña).

2. 2017ko martxoaren 24ra bitarte, bazterturiko izangaiek erreklamazioak aurkezten ahal dituzte, eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda 2016ko martxoaren 27an argitaratuko da, behin-behineko zerrenda bezala.

Seigarrena.–Epaimahaia.

Probak gidatuko dituen epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua:

–Ignacio Nagore Laín jauna, Herri Lanetako zuzendari nagusia.

Ordezkoa:

–Miguel Ángel Jiménez de Cisneros y Fonfría, Garraio Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekideak:

–María Aránzazu Murillo Zabalza, Garraioen Ustiapenerako Ataleko burua.

–María Jesús Gutiérrez Gutiérrez, Garraio Ikuskapenaren Bulegoko burua.

–Ana Serrano Herrrera, Bidaiarien Garraioa eta Garraioen Artekaritza Kudeatzeko Bulegoko burua.

Ordezkoak:

–Oscar Molviedro Barea, Garraio Zerbitzuko administrari laguntzailea.

–Leonor Resano Mugueta, Deialdien Bulegoko burua.

–María Senosiáin Labat, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoko burua.

Idazkaria:

–Charo Loitegui Biurrun, Garraioen Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezkoa:

–Laura Echeverria Iturbide, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoari atxikitako administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Zazpigarrena.–Probak.

1. Izangaiek nortasun agiri nazionala (NANa), atzerritarraren identifikazio zenbakia (AIZ) edo, epaimahaiaren arabera, bere nortasuna modu sinesgarrian egiaztatzen duen beste agiri bat aldean dutela agertu beharko dute probetara.

Hori ezean, izangaia ez da probak egitera onartua izanen.

2. Lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probak 1999ko maiatzaren 28ko Aginduaren B eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoak izanen dira (1999ko ekainaren 11ko Estatuko Aldizkari Ofiziala), izan ere, agindu horren bidez Lurreko Garraioak Antolatzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren II. tituluko I. kapitulua garatu zen, lanbide trebakuntzaren ziurtagiriak emateari dagokionez. Geroago, eranskin hura Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 21eko 1071/2009 EE Erregelamenduaren I. eranskinaren bidez aldatu zen (Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2009ko azaroaren 14an).

3. Ariketek bi zati izanen dituzte:

Lehenbiziko zatian “test” motako 100 galdera erantzun beharko dira kasuan kasuko programako gaien edukiari buruz, lau erantzunen artean bat aukeratuz.

Bigarren zatian programako gaiak egoera zehatz batzuetan aplikatu beharra izanen duten sei kasu praktiko ebatzi beharko dira, kalkulu matematikoak eginez edo idatziz azalduz.

4. Izangaiek bi ordu izanen dituzte ariketa zati bakoitza egiteko.

Zortzigarrena.–Ariketen kalifikazioa.

1. Ariketak zerotik hamar puntu bitarte kalifikatuko dira, balorazio arau hauei jarraikiz:

Lehenbiziko zatian, zuzen erantzuten den “test” motako galdera bakoitzagatik 0,04 puntu jasoko dira, eta oker erantzuten den bakoitzagatik, berriz, -0,02 puntu. Erantzun gabeko galderek eta erantzun bat baino gehiago dutenek ez dute punturik emanen, ezta kenduko ere.

Bigarren zatian, kasu praktiko bakoitza 0tik puntu bat bitarte puntuatuko da.

2. Ariketa gainditzeko, izangaiek 2 puntu lortu beharko dituzte gutxienez lehenbiziko zatian, eta 3 bigarrenean, eta bien baturak 6 puntu edo gehiago egin beharko du.

Bederatzigarrena.–Probak egiteko eguna eta tokia.

1. Errepideko salgaien garraioaren modalitateko lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probak Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgelategian eginen dira (Arrosadiko Campusa, z.g.), 2017ko apirilaren 1ean, larunbatarekin, ordutegi honen arabera:

–1. zatia: 9:00etan.

–2. zatia: 11:30ean.

2. Errepideko bidaiari-garraioaren modalitateko lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probak UHUNeko ikasgelategian eginen dira (Sadar kalea, z.g,), 2017ko apirilaren 1ean, larunbatarekin, ordutegi honen arabera:

–1. zatia: 16:15ean.

–2. zatia: 18:15ean.

Hamargarrena.–Azterketa gainditzen dutenen zerrenda.

Ariketak kalifikatu ondoren, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarriko du Garraio Zerbitzuko bulegoetako iragarki oholean (Alondegi kalea, 1, 2. solairua, Iruña), eta Nafarroako Gobernuaren Atarian (Interneten: www.navarra.es, gaztelaniazko bertsioko “Trámites” atalean, “Competencia” idatzi bilatzailean). Horrekin batera, azterketak berrikusteko eta alegazioak aurkezteko epearen berri emanen da.

Epe hori bukatuta eta, hala badagokio, aurkezten diren erreklamazioak ebatzita, probak gainditu dituzten izangaien behin betiko zerrenda Herri Lanetako zuzendari nagusiari igorriko zaio.

Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda onesteko Herri Lanetako Zerbitzuko zuzendariak emanen duen ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabidea, errepideko garraio publikoan aritzeko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probetan izena emateko (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1614816