11. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3014/2016 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako toki entitateendako diru-laguntzen kontzesioa arautzen duena langabeak kontrata ditzaten interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko.

Lanaren eta Gizarte Gaien Ministerioaren 1998ko urriaren 26ko Aginduaren bidez, Enpleguko Institutu Nazionalak, toki korporazioekiko lankidetzaren esparruan, langabeak kontratatzeko ematen dituen diru-laguntzen oinarriak ezarri ziren, interes orokorreko eta sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko.

Arau horren bigarren xedapen gehigarriak erregulazioaren xedeko gaiaren zerbitzuen eskualdaketa beren gain hartu duten autonomia erkidegoak gaitzen ditu arau hori beren antolaketaren ondoriozko espezialitateetara egokitzeko.

Maiatzaren 14ko 811/1999 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatu zizkion Enpleguko Institutu Nazionalak lanaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arloan egindako kudeaketaren funtzioak eta zerbitzuak.

Estatuko araudia aintzat hartuta, bai eta egindako funtzioen eta zerbitzuen eskualdaketa ere, gai horren arloko diru-laguntzen oinarri arautzaile ezberdinak onetsi dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan.

Horrenbestez, bidezkoa da oinarri arautzaile berriak onestea eta horiei beharrezkoak diren hobekuntzak egitea Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak eman ahal izateko langabeak kontrata ditzaten interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuetarako.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra arautzea. Foru lege horren 17.1 artikuluak xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidean eginen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.

Nafarroako Gobernuak, 2016ko abenduaren 14ko Erabakiaren bidez, deialdi honetan banakako ebaluazioa egiteko baimena eman du, haren xede eta helburuetara hobekien egokitzen dena baita.

Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Diru-laguntzen 2017ko deialdia eta bere oinarri arautzaileak onestea, Nafarroako toki entitateek langabeak kontrata ditzaten interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko. Ebazpen honen eranskinean jaso dira oinarri arautzaileak.

2. 3.700.000 euroko gastua baimentzea 2017ko gastuen aurrekontuko “Enplegu plana. Gizarte intereseko obra edo zerbitzuak kontratatzeko diru-laguntzak. Sektoriala eta PE Gazte Enplegua EGF-YEI” izeneko 950001 96100 4609 241100 aurrekontuko kontu-sailaren kargura, edo helburu bererako gaitzen den antzeko kontu-sailaren kargura, baldin eta aurrekontuetan behar adina badago.

Lehenago, kontu-sail horren kargura, 2016an ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei helduko zaie, zein gazte langabeak laneratzeko asmoz Nafarroako toki entitateei emateko diru-laguntzen deialdiari baitagokie. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak uztailaren 4an emandako 1368/2016 Ebazpenaren bitartez arautu ziren diru-laguntza horiek.

Era berean, 3.500.000 euroko gehieneko zenbateko gehiagarria baimentzen ahal da. Eraginkortasuna izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharra dago. Kreditu gehigarri horren baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko epe berri bat irekitzea diru-laguntzak aurkezteko, ez berriz hastea ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea. Aukera horretaz baliatzeko, foru legearen mailako arau batean sartu beharra dago.”

3. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen eta deialdiaren oinarri arautzaileen kontra zilegi izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, dagokion Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko abenduaren 30ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.a Xedea eta aplikazio eremua.

1. Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei langabeak kontratatzeko emanen zaizkien diru-laguntzen baldintzak eta betebeharrak arautzea. Helburua da langabe horien enplegagarritasuna hobetzea, lan merkatuan sartzea erraztuko dieten lanbide-gaitasunak eskuratuta. Horretarako, gehienez ere 6 hilabetez emanen da diru-laguntza, salbu eta deialdi honen 5. eranskineko 1.c) puntuan ezarritakoaren kasuan (langabeekin egindako kontratuak); betiere, kontratu horiek gutxienez ere 3 hilabetekoak izan beharko dute eta lanaldiak lanaldi osoko langile antzeko baten lanaldiaren %50ekoa izan beharko du gutxienez ere.

Diru-laguntzaren xedeko kontratazioak 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte egin beharko dira.

2. Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2.a. Entitate onuradunak eta bete beharreko baldintzak.

1. Diru-laguntzen onuradunak interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzen dituzten Nafarroako toki entitateak izan daitezke, kasuan kasuko proiektua gauzatzeko behar besteko gaitasun teknikoa eta kudeaketa-gaitasuna baldin badute.

2. Diru-laguntzen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako toki entitate bat izatea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak.

3.a. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Honako hau izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa lanaldi osoko kontratu bakoitzeko:

a) 1.000 euro hilean, kontratuak izenpetzeagatik errenta bermatua jasotzen duten pertsonekin, edo gutxienez ere %33ko desgaitasuna frogatzen dutenekin, edo genero indarkeriaren biktima diren emakumeekin.

b) 900 euro hilean, emakumeekin izenpetutako kontratuengatik.

c) 800 euro hilean, kontratuak izenpetzeagatik 45 urtetik gorako gizonekin edo iraupen luzeko langabeak diren 30 urtetik gorakoekin (gutxienez 12 hilabetez langabezian enplegu agentziak inkesta egiten duen egunaren aurreko 18 hilabetean).

d) 500 euro hilean, aurreko taldeetakoak ez diren gizonekin kontratua izenpetzeagatik.

Lanaldi laburragoetan, proportzioan murriztuko da eman beharreko diru-laguntza.

Zenbateko horiek unitate bakoitzeko baremo estandar bat erabiliz finkatu dira, zein kalkulatu baita toki entitateak honako hauei jarraikiz egin beharreko gutxieneko kontratazio kostuen arabera: lan arloan eta Gizarte Segurantzaren arloan indarrean dagoen legedia (lanbidearteko gutxieneko soldata eta Gizarte Segurantzako enpresaren kuota), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko EB 1303/2013 Erregelamenduaren 67. artikuluan ezarritakoa eta Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzaturiko gastuen justifikazioari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko EB 1304/2013 Erregelamenduaren 14.4 artikuluan ezarritakoa.

2. Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hil osoak bakarrik hartuko dira kontuan, 30 egunekoak alegia.

4.a Diruz laguntzen ahal diren kontratazioak, gehienez ere

Hauxe da toki entitate bakoitzak diruz lagunduta izaten ahal dituen kontratazioak, gehienez ere:

BIZTANLEAK

KONTRATAZIOAK

100 arte

2

101 - 500

4

501 - 1.000

6

1.001-5.000

8

5.001-10.000

12

10.001-40.000

16

40.000 baino gehiagokoak

20

Entitate bakoitzari diruz laguntzen ahal zaizkion kontratazioak konputatzeko, Nafarroako kontzejuen populazio datuak ofizialtzat jo zituen eta oinarri hauek argitaratu aurretik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen azken foru aginduan jasotako datu ofizialak hartuko dira kontuan.

Dena dela, gehieneko kontratazioen muga ez da aplikatuko aurreko oinarriaren 1.a) puntuan zehaztutako kolektiboetako batekoak direnak kontratatzen direnean.

5.a Aurrekontuko zuzkidura.

1. Deialdi honetan araututako diru-laguntzak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako finkatzen den aurrekontuko kontu-sailaren kargura finantzatuko dira, baldin eta halako kontu-sailik badago eta bertan kreditua badago. Banaketa ekonomiko hau ezartzen da eskaeraren egunaren arabera:

a) 1.900.000 euro, 2017ko maiatzaren 31ra arte aurkeztutako eskaerak finantzatzeko. Lehenago, 2016an ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei helduko zaie, zein gazte langabeak laneratzeko asmoz Nafarroako toki entitateei emateko diru-laguntzen deialdiari baitagokie. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak uztailaren 4an emandako 1368/2016 Ebazpenaren bitartez arautu ziren diru-laguntza horiek.

b) 800.000 euro, 2017ko ekainaren 1etik aurrera aurkeztutako eskaerak diruz laguntzeko.

c) Gainerakoa, hau da, 1.000.000 euro, errenta bermatua jasotzen dutenekin izenpetzen diren kontratuak finantzatzeko erabiliko da, baldin eta kontratu horiek 6 hilabetetik 12ra bitarteko iraupena badute.

Kontratazioen lehenbiziko epea finantzatzeko zenbatekoan gerakinik badago, kontratazioen bigarren epea diruz laguntzeko kredituari erantsiko zaio.

2. Diru-laguntza hauek Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa izanen dute, %50ekoa, Nafarroako 2014-2020 EGF ekintza programaren bitartez.

6.a Egin beharreko obra eta zerbitzuek bete beharreko baldintzak.

1. Entitate eskatzaileek egin beharreko obra eta zerbitzuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak izatea, eta toki entitateen eskumenekoak. Obra eta zerbitzu horiek ez dute ekarriko ahalmen publikoaren erabilera zuzena edo zeharkakoa eskatzen duten eginkizunak betetzea edota Estatuaren edo administrazio publikoen interes orokorrak zaintzeko ardurari dagozkionak, horiek funtzionario publikoei soilik baitagozkie.

b) Toki entitate eskatzaileek zuzenean gauzatzea.

c) Obra eta zerbitzuek gutxienez hiru hilabete irautea.

2. Baldintza horietatik edozein betetzen ez bada, diru-laguntza eskaera ukatuko da.

7.a Kontratatzen diren pertsonek bete beharreko baldintzak

1. Obrak eta zerbitzuak egiteko kontratatzen diren pertsonek, kontratazioa egiten den egunean, lan gabe egon beharko dute, eta lan eskatzaile gisa inskribaturik Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren menpeko Enplegu Agentziaren batean.

Errenta bermatua jasotzen duten pertsonak kontratatzen badira, pertsona horiek laguntza horren onuradun izan beharko dute dagokion enplegu agentziak eskaintza tramitatzen duenean.

2. Ez da diruz lagunduko toki entitate eskatzaileak aurreko urtean hiru hilabeteko edo handik gorako epe batean antzeko deialdi baten babesean kontratatu dituen pertsonen kontratazioa, salbu eta 3.1.a) oinarrian aurreikusitako kolektiboen kasuan, baldin eta izaera desberdineko zerbitzuak edo obrak egiteko kontratatzen badira.

8.a Langabeak kontratatzeko irizpideak.

1. Entitate onuradunek behar dituzten langabeak eskatuko dizkiote Enplegu Agentziari, aurreko oinarrian ezarritakoa kontuan harturik.

Enplegu agentziak, eskatutako profilari jarraituz (kasu guztietan bat etorriko da diru-laguntzaren eskaeraren ereduan adierazitakoarekin), azterketa bat eginen du enplegu horretarako egokiak diren eta eskura dauden pertsona batzuk aurretik hautatzeko, hau da, eskainitako lanpostuaren edukira eta lanbide mailara egokitutako lanbide profila dutenak. Azterketa hori eginda, agentziak entitate onuradunak eskatzen dizkion adina hautagai aukeratuko ditu proiektuak aurreikusten duen lanpostu bakoitzeko. Enplegu agentziak deialdiaren beharkizunak betetzen dituzten pertsonen zerrenda igorriko du, adierazita haietako bakoitza zer taldetakoa den deialdiaren 3.1 oinarrikoen artetik.

Enplegu agentziak, aurretiko azterketa horretan, lanpostuaren udalerriko edo udalerrietako hautagaiak bilatuko ditu. Proiektua egiteko behar adina hautagai aurkitu ezean, beste udalerri batzuetara zabalduko du bilaketa, lehentasuna emanez hurbilen daudenei, proiektuan kontuan hartutako hautagai kopurua lortu arte. Bilaketa beste udalerri batzuetara zabalduta ere lanpostu horretarako behar adina hautagai egokirik ez badago, proiektuak eskatutako hautagai kopurua lortzeko, eskainitako lanpostura gehien hurbiltzen den lanbide profila daukaten beste pertsona batzuengana zabalduko da bilaketa, lanpostuaren udalerritik hasita. Eskainitako lanbide profiletik hurbil zein dagoen zehazteko, bilaketa bat eginen da Lanbideen Estatuko Sailkapeneko kodeen taula indarduna erabiliz (talde primarioaren mailan, 4 digitu).

2. Kontratatutako pertsonaren bat baja bada entitate onuradunean hasieran aurreikusitako kontratazio aldia bukatu baino lehen, ordezko bat jarri beharko zaio gehienez ere 30 eguneko epean, deialdi honetan ezarritakoaren arabera, bai eta diru-laguntzaren eskaeran eta hura eman eta ordaintzen duen ebazpenean adierazitakoaren arabera ere, eta horren berri eman beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, kontratu berriaren egunetik hasita hilabeteko epean gehienez. Diruz lagundutako pertsonak lana borondatez uzten badu, tramitea arintzearren, onuradunak ordezkoa hautatzen ahalko du enplegu agentziak igorritako hasierako zerrendatik.

Kasu horretan, kontratazio epe efektibo guztien artean, gutxien-gutxienik, diru-laguntzaren epealdira iritsi beharko da.

9.a. Eskaeren aurkezpena eta epeak.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, lan-kontratua hasten den egunetik aurrera. 2017ko urtarrilaren 1etik ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte egiten diren kontratazioetarako, eskaerak hilabete bateko epean aurkeztu beharko dira, argitaratzen den egunetik hasita.

2. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

3. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira lehentasunez.

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietan eta bitartekoak erabiliz aurkez daitezke.

Eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izanez gero, beharrezko dokumentazioa euskarri informatikoan ere aurkeztu beharko da.

Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

10.a Eskaerek bete beharreko baldintzak.

1. Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak eskatu nahi dituzten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web orri ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.

b) Obraren edo zerbitzuaren memoria, eredu ofizialaren araberakoa. Eredua Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean eskura daiteke.

c) Toki entitateak eta kontratatuak izenpetutako lan kontratua.

d) Enplegu Agentziak aurretik hautatutako pertsonen zerrenda.

e) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden baldintza orokorrak betetzen dituela dioena.

f) Toki-korporazioko Idazkaritzaren ziurtagiria, non agertzen den egin beharreko obra edo zerbitzua toki entitate eskatzailearen organo eskudunak onetsi duela, eta hori aurrera eramateko ez dela beharrezkoa funtzio publikoen erabileran edo administrazio publikoen interes orokorren zaintzan diharduen langilerik kontratatzea, 6.1.a) oinarrian aurreikusitako terminoetan.

g) Toki korporazioko idazkariaren ziurtagiria, diru-laguntzarik gabe gelditzen den obra edo zerbitzuaren zatia finantzatzeko kreditua badagoela adierazten duena.

h) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria.

i) Europar Batasunaren araudia aplikatzearen ondoriozko betebeharrak ezagutzen eta onartzen dituela adierazten duen aitorpena. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean eskura daiteke aitorpenaren eredua.

j) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.

Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak toki entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

2. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

11.a Instrukzioa eta tramitazioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

2. Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

12.a. Ebazpena eta diru-laguntza ordaintzea.

1. Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak egiaztatuko du diru-laguntza eskatzeko arrazoi den jarduketa gauzatu dela, bai eta deialdian ezarritako beharkizunak betetzen direla eta toki entitateak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta dituela ere, eta ebazpenaren proposamena eginen du.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio unitateak egindako proposamena jasorik, ebatziko du diru-laguntza eman edo ukatzen den. Eta, lehenbiziko kasuan, ordaindu eginen du.

Eskaerak aurkezten direnetik gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena, diru-laguntza eman edo ukatzeko arrazoiak adierazita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

3. Egindako eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka, interesa duten toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

13.a Diru-laguntzak emateko prozedura.

1. Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

2. Aurkezpenaren hurrenkerari jarraituz ebatziko dira eskaerak, 2016an ebatzi gabe gelditu ziren eskaeretatik hasita, zein gazte langabeak laneratzeko asmoz Nafarroako toki entitateei emateko diru-laguntzen deialdiari baitagokie. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak uztailaren 4an emandako 1368/2016 Ebazpenaren bitartez arautu ziren diru-laguntza horiek.

14.a Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Aurrekoa gorabehera, ematen diren laguntzen baturak ez du inola ere gaindituko, bakarka edo denak batera, diruz lagundutako obra eta zerbitzuetan parte hartzen duten langabeak kontratatzearen ondoriozko lan kostuak.

15.a. Publizitatea.

1. Ebazpenak Nafarroako Atarian argitaratu beharko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzetan, eta, orobat, egiturazko funtsei buruzko xedapenak ezartzen dituen 1303/2013 EB Erregelamenduaren 115.2. artikuluko 2. atalean ezarritakoa betez (Informazioa eta jakinarazpena).

2. Era berean, Europako Gizarte Funtsak Nafarroan duen erabilerari gardentasuna eta zabalkundea eman nahian, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak aldian behin argitaratuko du diru-laguntzen zerrenda Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web orrian, eta Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, berriz, UAFSEren web orrian. Honako hauek adieraziko dira: entitate onuraduna, IFK, jasotako laguntzaren zenbatekoa eta haren helburua.

Diru-laguntza onartzearekin batera, toki entitateak berariaz onartzen du bere datuak argitaratzea aipatutako web orrietan.

3. Entitate onuradunek sustatu eta zabaltzeko jarduketa guztietan agertu beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela, eta Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa izan dutela. Kasu horretan, diru-laguntzaren xedeko lan kontratuan berean jasoko da Europatik etorriko den baterako finantzaketa.

16.a Onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Obra edo zerbitzu bat egiteko hautatutako langabeekin lan-kontratua sinatzea, legez ezarritako edozein modalitateren bidez.

b) Diru-laguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epeetan egitea. Horregatik, laguntza emateko ebazpenean kontuan harturiko baldintzak nola edo hala aldatuz gero, horren berri eman beharko dute.

c) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea, hilabeteko epean gehienez, diruz lagundutako kontratazio aldia bukatu dela, ziurtagiri edo erantzukizuneko aitorpen baten bidez.

d) Halaber, erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu behar da, ez dela bestelako laguntzarik jaso helburu eta kontratu berberetarako adierazteko; edo, beste laguntza batzuk jaso badira, zenbatekoa, ematen duen erakundea, emakidaren eguna eta diruz lagundutako kontratua zehaztuko dira. Horren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpena, eta, betiere, diruz lagundutako kontratazio aldia bukatzen dela frogatzen duen ziurtagiria edo erantzukizuneko aitorpena aurkeztu baino lehen.

e) Nafarroako Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga arloko betebehar guztiak egunean izatea, bai eta, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak ere. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko ebazpenaren proposamena onesten den unean onuradunak betebehar horiek egunean dituen egiaztatzeko.

f) Diru-laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea eta egiten diren kontroletan laguntzea.

Europar Batasunaren Aurrekontu Orokorretik datorren baterako finantzaketaren ondorioz, kontrolak honako erakunde hauek egin ditzakete, besteak beste: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, Europako Batzordeak edo Europar Batasuneko Kontuen Auzitegiak. Kontrol horiek eginez gero, toki entitate onuradunak behar den laguntza emanen du ongi egin daitezen.

g) Ekintza horien kudeaketarekin eta gastuekin zerikusia duten egiaztagiriak auditoria eta kontrol organoen eskura edukitzea hiru urtez, eragiketaren gastuak biltzen dituzten kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140.1 artikuluak ezartzen duen bezala.

h) Kontabilitate-sistema bereizi bat edo azpi-kontu bat eramatea Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantzaketaren xedeko eragiketei lotutako transakzio guztietarako, edo, gutxienez, transakzio horiek argi eta garbi identifikatzeko moduko kontabilitate-kodifikazio bat erabiltzea.

i) Nafarroako Gobernuaren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren finantziazioaren publizitateari dagokionez, entitate onuradunak argitaratzen dituen agirietan, prentsako iragarkietan eta informazio edo zabalkunde materialetan agerrarazi beharko dira, betiere, programaren, jardueraren eta/edo funtzionamenduaren izena eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala, eta horiekin batera, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak/Nafarroako Gobernuak finantzatutako programaren, jardueraren eta/edo funtzionamenduaren testua, Estatuko Enpleguko Zerbitzu Publikoarena eta Europako Gizarte Funtsarena, Batzordearen abenduaren 8ko 1828/2006 (EE) Erregelamenduaren arabera.

j) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

Gardentasunari buruzko betebeharrak:

k.1.) Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

1) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

2) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.

k.2.) Entitateak gardentasunari buruzko betebeharrik ez badu aurreko idatz-zatian aipatutako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

l) Entitate onuradunek, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

17.a Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola.

1. Diru-laguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, obrak eta zerbitzuak gauzatzen direla ziurtatzeko, baita diru-laguntzak jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen diren aztertzeko ere. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren bidez, egiaztatuko du deialdi honen bidez laguntzen den kontratazioaren xedeko pertsonak diruz lagundutako aldian egon direla kontratatuak eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran. Hori egiaztatuta, espedientea bukatzeko ebazpena emanen da.

2. Jarduketak gauzatzean eta haiek eta haien gastuak egin direla justifikatzean, egiturazko funtsei diru-laguntzen, kudeaketaren eta kontrolaren arloetan aplika dakizkiekeen xedapen guztiak errespetatuko dira, batez ere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Egitura eta Inbertsio Funtsei buruzko xedapen komunak ezartzen dituena.

18.a Diruz lagundutako proiektuen aldaketa.

1. Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera bateragarriez gainera, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzetan gertatutako aldaketa guztiak ere komunikatu beharko dizkiote Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari.

Baldintzak aldatzeko eskaeretan, aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diru-laguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak aldaketa onartu ala ez, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzera behartuko du.

2. Diruz lagundutako proiektuen aldaketen ondorioz diru-laguntza emateko eta zenbatekoa zehazteko aintzat harturiko baldintzak aldatzen ez badira ere, aldaketa horiek egiteko ere Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren oniritzia beharko da.

19.a Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa

Programa gauzatzen ez bada, edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez.

Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazten ez bazaio, zerbitzu horrek ebazpena emanen du diru-laguntza osoa itzuli behar dela erabakitzeko.

Toki entitateak diru-laguntzaren baldintzen aldaketa jakinarazten duenean eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak hura onesten duenean, azken horrek eska dezake emandako diru-laguntzaren itzulketa partziala.

Kontratua behar baino lehen bukatzen bada, 8 oinarriko 2. puntuan adierazi bezala, eta entitateak ez badu kontratatua ordezten, edo ordezten badu oinarri horretan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da egindako ordainketaren hein bateko itzulketa eskatzea; zenbateko hori diruz laguntzen den epea bete arte falta den denboraren araberakoa izanen da. Orobat, diru-laguntzaren zati bat itzuli beharko da ordezpena egiten duen pertsona 3. oinarrian adierazitako taldeetako batekoa ez beste batekoa bada, hura izan baitzen arrazoi diru-laguntza emateko. Ordezpen batek ez du inoiz hasieran emandako diru-laguntza igotzea ekarriko.

Edonola ere, emandako diru-laguntza guztia itzuli beharko da kontratazioa hiru hilabetetik beherakoa bada, hori baita 1. oinarrian ezarritako gutxieneko iraupena, salbu eta 3 hilabeteko iraupena duten kontratazioetan; halakoetan, 2,5 hilabeteko iraupena gaindituta, bidezkoa izanen da diru-laguntzaren itzulketa partziala egitea.

Kaleratzearen kasuetan, hasiera batean diruz lagundutako aldi osoa bete beharko da, kontuan harturik hasiera bateko kontratazioen eta ondoko ordezkapenen artean konputatutako kontratazio aldiak. Hala ez bada, bidezkoa izanen da emandako diru-laguntza guztia itzultzea.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

20.a Arau-hausteak eta zehapen araubidea.

1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

2. Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

21.a Ordezko araua.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak eta aplikagarri den gainerako araudi administratiboa aplikatuko dira.

Zehazki, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketari dagokionez, hauxe izanen da erreferentziazko araudia:

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1303/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 17koa, Europako Egitura eta Inbertsio Funtsei buruzko xedapen komunak ezartzen dituena.

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1304/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 13koa, Europako Gizarte Funtsari buruzkoa.

Iragarkiaren kodea: F1700019