11. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

509E/2016 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, zentro teknologikoek eta ezagutza ikertu eta hedatzen duten erakundeek I+G proiektuak egiteko diru-laguntzen 2017ko deialdia onesten duena.

Zentro teknologikoek eta ezagutza ikertu eta hedatzen duten erakundeek I+G proiektuak egiteko diru-laguntzen 2016ko deialdia inflexio-puntu bat izan zen erakunde horien jarduerak finantzatzeko politikan. Aldaketa esanguratsu batzuk sartu ziren: deialdia Nafarroako zentro guztiei eta entitate koordinatzaileei irekitzea; laguntzak norgehiagokako araubidean ebaztea; eta errendimendu adierazle batzuk baloratzea, zentroen jarduera bikaintasuna lortzera bideratzeko, alderdi guztietan: bikaintasun zientifikoa, bikaintasuna emaitzak merkatura transferitzean eta bikaintasuna nazioarteko kokapenean.

2017ko deialdi honen helburuak dira zentro teknologikoek eta ikerketa erakundeek bikaintasun maila handiagoa lortzea, egonkortzea eta Nafarroako enpresei ematen dieten zerbitzua hobetzea, eta enpresekin duten lankidetza sustatzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Zentro teknologikoek eta ezagutza ikertu eta hedatzen duten erakundeek I+G proiektuak egiteko diru-laguntzen 2017ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 8.000.000 euroko kreditua baimentzea, 2017ko gastuen aurrekontuan 2016ko gastuen aurrekontuko “Nafarroako sare teknologikoaren transferentziak” izeneko 820005-82110-7819-467300 kontu-sailaren baliokidea den kontu-sailaren kargura. Deialdi honen finantzaketa kontu-sail horretan kreditu nahikoa eta egokia izatearen baldintzapean izanen da, bestela eten eginen baita.

Kreditu horri 1.000.000 euro gehitzen ahalko zaio gehienez. Beste deialdi bat ez da egin behar kopuru gehigarria diru-laguntzei aplikatzeko. Kopuru osagarria eraginkorra izateko, kreditu osagarria baimendu eta justifikatu behar da.

Kreditu osagarriaren onespena eta argitalpena deialdia ebatzi baino lehen eginen dira, eta onespenak ez du ekarriko eskaerak aurkezteko epe berri bat irekitzea, ez eta ebazpenak emateko eta jakinarazteko epe berri bat hastea ere.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2016ko abenduaren 30ean.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

1. Diru-laguntza hauen xedea da Nafarroako zentro teknologikoek eta ezagutza ikertu eta hedatzen duten erakundeek (aurrerantzean, “zentroak”) duten gaitasuna, sendotasuna, elkarlana eta koordinazioa bultzatzea.

2. Laguntza hauen bidez honako helburu hauek lortu nahi dira:

a) Zentroen sendotzea errazagoa izatea.

b) Elkarlana sustatzea ikerketaren eta berrikuntzaren arloetan jarduten duten zentroen artean.

c) Bikaintasun eta espezializazio maila handiagoa erdiestea.

d) Zentroek enpresei egiten dieten zerbitzua hobetzea.

3. Laguntza hauen bidez zentroek egiten duten jarduera ez-ekonomikoa finantzatzen da. Honako hau hartzen da jarduera ez-ekonomikotzat: Europako Batzordeak hala definitzen duena, Ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren esparruan (2014/C 198/01). 2014ko ekainaren 27ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Europar Batasunaren esparru horrek ezartzen duenez, entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. artikuluko 1. atalean xedatutakoa, hau da, ez da Estatuaren laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako hauek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) Zentroak: Nafarroako zentro teknologikoak eta ezagutza ikertu eta hedatzen duten erakundeak, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 83. puntuan definitzen diren moduan. Atal honen barnean sartzen dira zenbait zentro teknologikok eta ikerketa erakundek nortasun juridikorik gabe eratutako beste unitate batzuk, Nafarroan kokatuta badaude, zentro eta erakunde horiei buruzko araudiaren babesean.

b) Entitate koordinatzaileak: Nafarroako erakunde irabazi-asmorik gabeak, helburu badute ikerketa eta garapen teknologikoa sustatzea, baita zentroen koordinazioa, sustapena eta promozioa ere.

2. Bateraezina izanen da deialdi honetan parte hartzea zentro eta entitate koordinatzaile gisa.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren debekuetako bat urratzen dutenak ezin dira onuradun izan.

Eskatzaileek zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dituztela egiaztatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

4. Laguntzen eskaerarekin batera erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.

3. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak eta jarduerak.

1. Zentroek oinarrizko ikerketari, industria ikerketari eta garapen esperimentalari buruz egiten dituzten honako proiektu hauek jaso dezakete diru-laguntza:

a) Proiektu indibidualak: zentro bakar batek garatutako gaitze proiektuak.

b) Elkarlanerako proiektuak: entitate koordinatzaile baten eta zenbait zentroren artean partzuergoan egiten diren proiektuak, haien artean benetako elkarlanean arituz. Ulertuko da elkarlana benetakoa dela zentro batek proiektuaren %70etik gora edo %10etik behera egiten ez badu.

c) Proiektu bultzatzaileak: entitate koordinatzaile baten eta zenbait zentroren artean partzuergoan egiten diren proiektuak, enpresa entitate bultzatzaile bat edo batzuk tartean daudela, zentroen ikerketa hori industria potentzial handiko eta merkatura ailegatzeko lerroetara gidatzeko.

2. Orobat, diruz lagunduko dira entitate koordinatzaileek elkarlanerako proiektu bakoitzerako garatzen dituzten jarduerak eta oinarri honen 1. atalean jasotzen diren proiektu bultzatzaileak.

3. Proiektuek Nafarroako Espezializazio Adimentsuan (RIS3) identifikatutako sektore estrategiko hauetako batean edo gehiagotan sartuta egon beharko dute:

i) Automobila eta mekatronika.

ii) Elikakatea.

iii) Energia berriztagarriak eta baliabideak.

iv) Osasuna.

v) Turismo integrala.

vi) Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

4. Elkarlanerako proiektuek eta proiektu bultzatzaileek lankidetza hitzarmen bat izan behar dute oinarri, parte hartzaileek eta entitate koordinatzaile batek izenpetua. Entitate koordinatzailea arduratuko da proiektu horretan jasotzeaz proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren alderdiak bermatzeko.

4. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Gastu hauek jaso dezakete diru-laguntza:

a) Proiektuan edo jardueran zuzenean aritzen diren langileen gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak), horretan aritzen diren neurrian eta denbora horretan. Gehienez ere 40 euroko diru-laguntza emanen da ordu bakoitzeko.

Halaber, diru-laguntza jaso dezakete Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek proiektuan ematen duten denbora areagotzearen ondoriozko gastuek, Carlos III.a Osasun Institutuak 2016ko martxoaren 28an emandako Ebazpenaren 98.5.a) artikuluan jasotakoarekin bat. Ebazpen horren bidez, Osasun arloko 2013-2016 Ekintza Estrategikoaren diru-laguntzen 2016ko deialdia onetsi zen.

b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: lehengaiak eta beste hornigai batzuk. Material horiek beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko eskuratuz gero, banaketa irizpide bat beharko da, behar bezala justifikatua, proiektuaren jardueretan erabilitako kopuruaren araberakoa.

c) Ekipo, patente eta eredu erabilgarrien amortizazio gastuak, ondareko elementu horiek I+G proiektu batean erabiltzen diren neurrian eta denbora horretan, zehaztapen hauekin:

1.–Administrazio publiko baten diru-laguntzarekin erositako ekipoak baztertzen dira.

2.–Proiektua gauzatzeko beharrezko ekipamendua finantzatuko da, baina ez erabilera orokorreko gailu informatikoak (PCa, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...).

3.–Halaber, ondareko elementu horiek proiektua gauzatzen denean sortzen dituzten gastuak lagunduko dira diruz, baldin eta errentamendu finantzarioaren edo operatiboaren eta antzekoen modalitateetan erabiltzen badira, bazter utzita interesei dagokien kuotaren zatia.

4.–Deialdi honen ondorioetarako, taulen bidezko amortizazioa aplikatuko da, Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua onetsi zuen urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren 2. artikuluan zehaztutako koefiziente eta aldiei jarraituz.

d) Kanpoko kolaborazioen gastuak, proiektuan I+Gko lanak eta ezagutza teknikoen ekarpenak egiten dituzten beste entitate batzuenak.

e) Espainia edo Europa mailako azpiegitura zientifiko-teknologiko bereziak erabiltzearen ondoriozko gastuak:

http://www.idi.mineco.gob.es/portal/site/MICINN/

f) Proiektuarekin zuzeneko lotura duten beste gastu batzuk, hura gauzatzean benetan aplikatuak, baldin eta zehazten ahal bada proiektu horretan berariaz erabili direla eta banan-banan horri esleitzen ahal bazaizkio.

g) Halaber, diru-laguntza jasoko dute zeharkako gastu orokorrek, barnean direla langileriaren gastuak eta bidezkotzat jotzen diren beste batzuk, zentroek burututakoak proiektuak gauzatzean, betiere kostu errealetan oinarritzen direnean, delako eragiketa hori gauzatzera bideratutakoetan, oro har onartutako kontabilitateko printzipio eta arauekin bat, edo batez besteko kostu errealetan, mota bereko eragiketetarako bideratutakoetan. Diru-laguntza jaso dezaketen zeharkako gastuek ezin dute inola ere kostu zuzenen %25 gainditu.

2. Diruz laguntzen ahal diren jarduketek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Proiektuaren gastuetatik deskontatuko dira sortu diren azpiproduktu, hondakin eta berreskuratze materialen salmentagatik edo produkzioan aprobetxatzeagatik lortutako diru-sarrerak.

2.2. Entitate koordinatzaileek egindako jardueren kasuan, diruz laguntzen ahal diren gastuek, guztira, ezin dute diruz laguntzen ahal den gastuaren %5 gainditu parte hartzen duen elkarlanerako proiektu edo proiektu bultzatzaile bakoitzean.

2.3. Unibertsitate publikoen kasuan eta aurrekontuak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan edo Estatuko Administrazio Orokorrean sartuta dituzten zentroen kasuan, diruz laguntzen ahal diren gastuek, halaber, ondoko baldintzak bete behar dituzte:

a) Laguntzek kostu marjinalen modalitateari jarraituko diote. Ulertzen da halakoak direla eskatutako jarduketak egiteari dagozkion jarduerak gauzatze hutsak zuzenean sortzen dituen gastuak.

b) Langileriaren kostuei dagokienez, proiektua gauzatzeko kontratatu beharreko langileen kostua baino ez da egotziko. Norberaren langileriaren gainerako kostuak ez dira diruz lagunduko, nahiz eta proiektuaren aurrekontuan sartu behar diren nahitaez, zenbatekoaren eta parte-hartzearen baldintzei dagokienez konputatzeko.

2.4. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuetako batek 12.000 euro (BEZa kanpo) gainditzen baditu ekipo ondasunen horniduragatik edo zerbitzuak egiteagatik, onuradunak hornitzailea zergatik hautatu duen justifikatu beharko du, 11.5 oinarrian adierazitako moduan. Hornitzailea lotutako enpresa bat bada, 9.2 oinarrian ezarritako moduan eginen da justifikazioa.

3. Ondoko gastu hauek ezin dira diruz lagundu, proiektuko jarduerekin loturaren bat badute ere:

a) Langileen prestakuntzarako gastuak.

b) Proiektuaren dokumentazioari dagozkion gastuak.

c) Aholkularitza eta ziurtapen gastuak, proiektuaren kudeaketa administratiboari eta diru-laguntzen eskaerak tramitatzeari lotutakoak.

d) Administrazioaren gastuak eta bulegoko materialarenak.

e) Bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, egonaldia eta joan-etorriak.

f) I+G proiektuaren ondorioz sortutako prototipoen kasuan, produkzio jardueran erabiltzen badira edo merkaturatzen badira, eraikitzean erabilitako materialen kostua ez da diruz laguntzen ahal den gastu bat.

5. oinarria.–Exekuzio epea eta diru-laguntzaren zenbatekoa

1. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik 2017ko abenduaren 31 bitarte egindako gastuek jasoko dute diru-laguntza.

Ondorio horietarako, egindako gastutzat hartuko da aldi horretan fakturatutakoa eta beranduenez 2018ko martxoaren 31n pagatutakoa.

2. Zilegi da urtebetetik gorako iraupena duten proiektuak aurkeztea, baina laguntza honek 2017an egindako proiektuetako jarduerak baino ez du finantzatzen, eta ez da konpromisorik hartzen ez bermerik ematen hurrengo urteetan proiektu horiek finantzatzeari dagokionez.

3. Diruz laguntzen ahal diren gastuen %100ekoa izanen da diru-laguntza, baina, betiere, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.500.000 eurokoa izanen da onuradun bakoitzeko.

Hala ere, muga hori gainditu daiteke saldo erabilgarririk badago 7. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa eskuratu duten gainerako onuradunen proiektuak finantzatu ondoren. Onuradun bakoitzeko ezarritako gehieneko muga handitu daiteke deialdiaren kreditua agortu arte, betiere proiektuek gutxienez zehaztutako puntuazioa gainditzen badute.

6. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta zer egunetan argitaratzen den, hurrengo hilabetean bukatuko da, egun berean.

2. Eskaerak telematikaren bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla eta, horretarako, helbide elektroniko gaitua eduki beharko da (DEH). 15. oinarrian ezarritako moduan lor daiteke DEHa.

Eskaera bulego batean aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, aurkezpen elektronikoa eginez. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

3. Honako hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa:

a) Zentro bakoitzak eskaera bakar batean aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1.–Eskaera telematikoa, 2.4 oinarrian aipatutako erantzukizuneko aitorpena ekarriko duena.

2.–3.1.a) oinarrian zehaztutako proiektu indibidual bakoitzaren memoria teknikoa.

3.–Proiektu indibidual bakoitzaren datu ekonomikoak dakartzan inprimakia.

4.–Zentroak parte hartzen duen elkarlanerako proiektu bakoitzaren (3.1.b oinarria) edo proiektu bultzatzaile bakoitzaren (3.1.c oinarria) datu ekonomikoak dakartzan inprimakia. Zentro eskatzailearen datuak baino ez da eman behar.

5.–Aurkeztutako proiektuen zerrenda osoa eta diruz laguntzen ahal den gastuaren kontzeptuaren arabera xehakatutako aurrekontua.

6.–Aurkeztutako proiektu guztien lehentasun-ordena zentroaren plan estrategikoan, II. eranskinaren g) atala baloratzeko.

7.–2016ko I+G+b jardueren memoria teknikoa.

8.–Zentroaren plan estrategikoa zientzia eta ekonomia arloetan, 3-5 urteko eperako.

9.–”Zentroen errendimendu mailaren adierazleak 2016an” izeneko I. eranskineko kontrol adierazleei eta helburuei dagozkien kudeaketa emaitzak.

10.–Azken ekitaldi itxiari dagozkion urteko kontuak, jarduera ekonomikoen eta ez-ekonomikoen arabera bereiziak, 14.1.d) oinarriarekin bat.

b) Entitate koordinatzaileek eskaera bakar batean aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1.–Eskaera telematikoa, 2.4 oinarrian aipatutako erantzukizuneko aitorpena ekarriko duena.

2.–Aurkeztutako elkarlanerako proiektu edo proiektu bultzatzaile bakoitzaren memoria teknikoa. 3.1.b) eta 3.1.c) oinarrietan definitzen dira proiektu horiek.

3.–Proiektu bakoitzerako xehakaturik, egin beharreko koordinazio lanak zehaztu eta baloratuko dituen memoria.

4.–Aurkeztutako elkarlanerako proiektu eta proiektu bultzatzaileen zerrenda osoa eta diruz laguntzen ahal den gastuaren kontzeptuaren eta parte-hartzailearen arabera xehakatutako aurrekontua.

5.–3. oinarrian proiektu bakoitzerako, elkarlanerako edo bultzatzaile izan, eskatutako lankidetza hitzarmena, edo, bestela, asmo-gutun bat, hitzarmena prestatzen ari bada. Nolanahi ere, proiektuaren azken justifikazioan aurkeztu beharko da hitzarmena.

6.–Zentroen ikusgarritasunerako eta sustapenerako, bere kohesiorako eta I+G+b-rako egindako jardueren memoria teknikoa.

7.–Entitatearen estatutuak edo entitate koordinatzailearen izaera frogatzen duen beste edozein dokumentazio mota, 2.1.b oinarrian zehazten den moduan.

8.–Azkeneko ekitaldi itxiari dagozkion urteko kontuak.

Dokumentuak artxibo digitalak izanen dira. Zein bere artxiboan aurkeztu beharko da, behar bezala izendaturik.

4. Aurkeztutako dokumentazioak aipatu beharkizunak betetzen ez baditu, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria.–Diru-laguntzak emateko prozedura eta ebaluazio irizpideak

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.

2. Lehenbizi, zentroen eta aurkeztutako proiektuen errendimendua baloratuko da:

a) Laguntzak kudeatzen dituen organoak ebaluatuko du zentroen errendimendua I. eranskinean ezarritako irizpideen arabera (Zentroen errendimendu mailaren adierazleak). Baremoa aplikatutakoan, zentro bakoitzari aplikatu beharreko errendimendu portzentajea lortuko da.

b) Proiektu bakoitza, halaber, II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko da (Proiektuak ebaluatzeko irizpideak). Laguntzak kudeatzen dituen organoak proiektu guztien zerrenda bat prestatuko du, lortutako puntuazioaren araberakoa.

3. Ondoren, prozedurak bi fase dauzka: Lehena, proiektuen finantzaketa zentroen errendimenduaren arabera, eta, bigarrena, gainerako proiektuen finantzaketa.

1. fasea.–Proiektuen finantzaketa zentroen errendimenduaren arabera.

a) Zentro bakoitzari oinarrizko zenbateko bat esleituko zaio, deialdiaren gastu osoa horretan parte hartzen duten zentro kopuruarekin zatitzearen zatidurari bakoitzak lortutako errendimendu portzentajea aplikatzearen ondoriozkoa.

b) Zentro bakoitzaren proiektu osoak finantzatuko dira, lehentasun-ordenaren arabera, betiere 40 puntu lortu badituzte, aurreko atalean ezarritako muga agortu arte.

2. fasea.–Gainerako proiektuen finantzaketa.

Zentroen errendimenduaren arabera proiektuak finantzatu ondoren deialdian gelditzen den saldoa gainerako proiektuak finantzatzeko erabiliko da, horien lehentasun-ordenaren arabera.

4. Elkarlanerako proiektu bat edo proiektu bultzatzaile bat onesteak ekarriko du entitate koordinatzailearen jarduera onestea, baldin eta eskatzen diren baldintzak betetzen baditu.

Entitate koordinatzaileari parte hartzen duen proiektu bakoitzeko emanen zaion gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko, 4.4 oinarrian ezarritako gehienekoa aplikatuko zaie proiektu horietan parte hartzen duten entitateei eman beharreko zenbatekoei.

Entitate parte-hartzaileek uko egiten badiote proiektu horietako bati, entitate koordinatzaileari proiektu horri dagokion zenbatekoaren %50 murriztuko zaio.

8. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Teknologiaren eta Ezagutzaren Transferentziaren Atalak, laguntzen organo kudeatzaileak, eskaerak oinarri hauetan ezarritako ebaluazio irizpideei jarraituz baloratuko ditu, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenak ondokoa edukiko du gutxienez:

a) Diruz lagundutako eskaeren zerrenda, betiere onuraduna, proiektuaren titulua eta proiektu bakoitzaren laguntzaren zenbatekoa zehaztuta horietako bakoitzerako.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda. Haien artean, aurrekontuko baliabideak mugatzeagatik baztertu direnak agertu beharko dira.

2. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da organo eskuduna, diru-laguntza nori eman ebazteko. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena interesdunei, modu telematikoan, helbide elektroniko gaitura.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. Laguntzei uko egin edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, laguntza ematen ahalko zaie kreditu eskasiagatik baztertuta gelditu diren eskaerei, behar adinako diru-izendapena dagoenean. Kasu horretan, proiektuen puntuazio-ordenari jarraituko zaio, 7. oinarrian ezartzen den bezala.

9. oinarria.–Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.

1. Diru-laguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoaren %50era arteko azpikontratazioa egin daiteke hirugarrenekin. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean I+G proiektua zati batean gauzatzea, nahiz eta jarduerak horiek berak egiten ahal dituen, horretarako baliabideak baitauzka.

Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta emandako diru-laguntzaren %20tik gorakoa denean, kontratua idatzita egin beharko da, eta frogagiriekin batera aurkeztu.

Elkarlanerako proiektu bateko aldeek ezin izanen dituzte inoiz beren artean azpikontratatu proiektuaren jarduerak.

2. Onuradunak diruz lagundutako jardueraren gauzatze partziala kontratatu edo azpikontratatu dezake hari lotutako enpresekin, baldin eta ondokoa betetzen bada:

a) Laguntzen eskarian jasotzen bada eta organo kudeatzaileak kontzesioaren ebazpenean irizten badu gastu hori diruz laguntzen ahal dela.

b) 5. oinarrian diruz laguntzeko zehazten diren gastuetako bati badagokio hitzartutako jarduera.

c) Onuradunaren eta hari lotutakoaren arteko faktura eta ordainagiri bidez justifikatzen badira gastuak. Orobat, fakturaren kontzeptuei heltzen dieten agiriak aurkezten badira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, nominak, langileria kostuak justifikatzeko, hirugarren baten faktura, materialetarako, etab.).

Ez da onartuko kostuak gainetik egoztea, industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

Ondorio horietarako, lotutako enpresatzat hartuko dira Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat elkarren artean dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

10. oinarria.–Diruz lagundutako proiektua aldatzea.

1. Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu behar dira I+G proiektuak. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen direnean, laguntza emateko ebazpenean jasotako hasierako baldintzak aldatzen ahalko dira.

Aldaketak hiru motatakoak izaten ahalko dira:

a) Aldaketa teknikoak proiektuaren helburuetan edo egin beharreko jardueretan.

b) Aldaketa ekonomikoak (berrantolaketa) onartutako aurrekontuaren kontu-sail bakoitzean jasotako kontzeptuetan.

c) Aldaketa ekonomikoak (berrantolaketa) onartutako aurrekontuaren kontu-sailen artean.

2. Aldez aurreko baimena eskatu behar zaio organo kudeatzaileari, laguntzen fitxaren bidez, kasuan kasuko proiektua bukatu baino bi hilabete lehenago beranduenez, kasu hauetan:

–Aldaketek langileria kontu-saila ukitzen badute.

–a) motako aldaketak badira.

–b) eta c) letretako aldaketek diru-laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren %10 gainditzen badute.

Elkarlanerako proiektuen eta proiektu bultzatzaileen kasuan, entitate koordinatzaileak eginen du eskaera. Aldaketak bazkideen artean izenpetutako konpromisoak ukitzen baditu, lankidetza hitzarmen eguneratua aurkeztu beharko da.

3. Onartutako aurrekontuaren %10 gainditzen ez duten 1. idatz-zatiko b) eta c) letretako aldaketen kasuan, ez da baimena eskatu behar, baina onuradunak behar bezala arrazoitu beharko ditu aldaketak frogagirietan.

4. Aldaketak egiteko baimenaren eskaera bat baino ez da onartuko diruz lagundutako proiektuan.

Ez da inola ere baimenduko proiektuari emandako puntuazioa kentzea ekartzen duen aldaketarik. Orobat, ez da baimenduko diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko epea handitzea.

11. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Diru-laguntza jaso duten jarduketen justifikazioa hiru epetan eginen da:

a) 2017ko ekainaren 30era arte egindako jarduketen justifikazio partzial bat. Horretarako, ondotik zehazten den dokumentazioa 2017ko irailaren 1a baino lehenago aurkeztu beharko da, edo diru-laguntza eman eta hilabeteko epean, 2017ko abuztuaren 1etik aurrera ematen bada.

b) Proiektuan egindako jardueren azken justifikazioa. Dokumentazioa, beranduenez ere, 2017ko abenduaren 31n aurkeztu beharko da.

c) Diru-laguntzaren likidazioa justifikatzeko dokumentazioa. 2018ko martxoaren 31n aurkeztu beharko da beranduenez.

2. Frogagiriak modu telematikoan aurkeztu behar dira beti, laguntzen fitxaren bidez, fitxa horretan eskura dagoen kasuan kasuko inprimakiari jarraituz.

3. Hona hemen diruz lagundutako jarduketaren justifikazio partziala eta azken justifikazioa egiteko aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Zentro bakoitzak aurkeztu beharreko agiriak: Proiektu indibidual bakoitzerako, gauzatutakoari buruzko txosten bat, egindako jardueren deskribapenarekin, maila teknikoan eta ekonomikoan noraino bete den zehaztuz.

b) Entitate koordinatzaileek aurkeztu beharreko agiriak:

i) Elkarlanerako proiektu edo proiektu bultzatzaile bakoitzerako, gauzatutakoari buruzko txosten bat, egindako jardueren deskribapenarekin eta balorazioarekin, maila teknikoan eta ekonomikoan noraino bete den zehaztuz eta proiektuko parte-hartzaile guztien sinadurarekin.

ii) Egindako koordinazio lanak zehaztu eta baloratuko dituen txosten bat.

4. Diru-laguntza likidatzeko aurkeztu beharreko agiriak:

a) Zentro bakoitzak aurkeztu beharreko agiriak:

i) Gauzatutakoaren memoria eta proiektu indibidual bakoitzaren irismena.

ii) Dibulgazioko agiri idatzia, diruz lagundutako proiektu indibidual bakoitzaren irismenari eta emaitzei buruzkoa.

iii) Gastuen justifikazioa, justifikazio kontu baten bidez, auditoria-txostena aurkeztuta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan xedatuarekin bat (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa). Txosten hori bakarra izanen da onuradun bakoitzeko, eta onuradun horrentzat finantzatutako proiektu guztiak bilduko ditu, indibidualak, elkarlanerakoak eta bultzatzaileak izan. Diru-laguntza jasotzeko moduko gastuak xehakatuko dira kontabilitate kodearen arabera, 5. oinarriari jarraituz finantzatutako proiektu bakoitzean, bai eta, kasua bada, proiektuari egotz dakizkiokeen diru-sarrerak ere.

Auditoreak egiaztatuko du diruz lagundutako jarduera ez-ekonomikoei dagozkiela gastuak, bai eta proiektuari lotutako zeharkako gastuei ere, eta, bidezkoa bada, inbertsioen egiaztapen materiala ekarriko du, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 29. artikuluarekin bat.

Ondorio horietarako, egindako gastutzat hartuko da 2017an fakturatutakoa eta beranduenez 2018ko martxoaren 31n pagatutakoa.

iv) Dibulgazioko bideo bat, onuradunak egindako proiektu guztiak erakutsiko dituena.

v) Hornitzailea oinarri honen 5. atalean adierazitakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.

b) Entitate koordinatzaileek aurkeztu beharreko agiriak:

i) Elkarlanerako proiektu eta proiektu bultzatzaile bakoitzaren irismen eta gauzatze memoria.

ii) Dibulgazioko agiri idatzia, diruz lagundutako elkarlanerako proiektu eta proiektu bultzatzaile bakoitzaren irismenari eta emaitzei buruzkoa.

iii) Gastuen justifikazioa, aurreko iii) atalean adierazitako moduan. Auditoretza-txostena bakarra izanen da onuradun bakoitzeko, eta proiektuen koordinaziorako egindako jarduera guztiak bilduko ditu. Diru laguntza jasotzeko moduko gastuak xehakatuko dira 5. oinarriari jarraituz finantzatutako proiektu bakoitzean, bai eta, kasua bada, proiektuari egotz dakizkiokeen diru-sarrerak ere.

iv) Dibulgazioko bideo bat, proiektu bultzatzaile guztiak erakusten dituena. Parte hartzen duten enpresa eta zentroek zehaztuko dute zein den konpondu beharreko problema eta nolako emaitzak lortu diren.

v) Hornitzailea oinarri honen 5. atalean adierazitakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.

5. Diruz laguntzen ahal diren gastuetako bat 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo) ekipo ondasunengatik edo zerbitzuengatik, onuradunak “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia aurkeztu beharko du (laguntzen fitxan dago eskura). Hartan, frogatu beharko du ezen, hura hautatzeko, eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideak erabili direla, eta gutxienez hiru eskaintza erantsita justifikatuko da zergatik hautatu den hautatu dena.

Onuradunak ez du hiru eskaintza eransteko betebeharra izanen, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez daudenean. Aipatutako inprimakian justifikatu beharko da.

Lotutako enpresa batekin egindako gastuen kasuan, 9.2 oinarrian ezarritako moduan eginen da justifikazioa.

6. Onuraduna behartuta dago laguntzen organo kudeatzaileak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, bidezkotzat jotzen bada jardueren finantzaketa justifikatzeko.

12. oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diru-laguntza hau ordaintzeko, konturako bi ordainketa eginen dira, justifikazio partzialari eta azken justifikazioari dagozkienak, eta diru-laguntzaren azken likidazioa.

2. Onuradunek aurreko oinarrian zehaztutako denboran eta moduan aurkeztutako dokumentazioa azterturik, Teknologiaren eta Ezagutzaren Transferentziaren Atalak organo eskudunari igorriko dio ordainketaren proposamena. Proposamenari proiektuaren bilakaera zientifiko-teknikoaren balorazio positiboko txosten bat erantsiko zaio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak betetzen dituztela.

Kasua bada, azken ordainketaren ebazpenean, adieraziko da justifikatu gabeko jarduketaren zatiari dagokion diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela. Halaber, konturako ordainketak onuradunari azkenean dagokion diru-laguntza gainditzen badu, diru-laguntza likidatzeko ebazpenean eskatuko da ordaindutako soberakina itzul dadila, kasuan kasuko berandutze-interesekin batera.

3. 60.000 eurotik gorako diru-laguntza jaso duten proiektuetan, inbertsioaren egiaztapen materiala eginen da laguntza likidatu aurretik.

4. Ordainketak sei hilabeteko epean eginen dira, 11. oinarrian eskatutako frogagiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori etenda geldituko da, aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

5. Laguntzaren %100erainoko aurrerakinak egin daitezke, baldin eta onuradunek justifikatzen badute diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituztela.

Aurreratutako diru-laguntzaren justifikazioa 11. oinarrian adierazitako moduan eginen da.

13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bidez, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak betebehar hori urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte diru-laguntzaren xedeko jarduerak.

c) Zentroek kontabilitate sistema bereizi bat eduki behar dute, edo kontabilitate kode egoki bat, diruz lagundutako proiektu bakoitzari lotutako transakzio guztiei dagokienez.

d) Zentroen kontabilitateak bide eman behar du jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak bereizteko, baita haietako bakoitzaren kostuak eta finantzaketa ere.

e) Entitate koordinatzaileek betebehar hauek hartzen dituzte berariaz bere gain:

i) Diruz lagundutako proiektuei jarraipen etengabea egitea.

ii) Lankidetza hitzarmena betetzen dela gainbegiratzea eta sor litezkeen desadostasunak konpontzea.

iii) Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea proiektuak gauzatu diren, hala eskatzen zaienean.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Proiektuan gauzatu den aurrekontua diru-laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren %60tik beherakoa bada, ordaindu beharreko laguntza %50 murriztuko da.

b) Proiektuan gauzatu den aurrekontua diru-laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren %40tik beherakoa bada, deklaratuko da emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela eta, kasua bada, eskatuko da ordaindutakoa itzultzeko.

14. oinarria.–Diruz lagundutako proiektuaren emaitzen zabalkundea.

1. Laguntzen onuradunek ondoko jarduketa hauek egin behar dituzte diruz lagundutako I+G proiektuaren emaitzen zabalkundea egiteko:

a) Dibulgazioko agiri idatzi bat prestatzea diruz lagundutako proiektuen irismenari eta emaitzei buruz. Agiri hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da (www.nafarroa.eus).

b) Proiektuaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi behar da Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

c) Dibulgazioko bideo bat, gehienez ere 15 minutu iraunen duena eta onuradunak egindako proiektu guztiak erakutsiko dituena. Bideoak honako hau agertu behar du: ikerketa taldeak, konpondu gogo diren erronka sozialak edo teknologikoak, lortu nahi diren helburuak eta lortu diren emaitzak.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak onuradunei eska diezaieke emaitzei buruzko galdetegi bat bete dezatela. Inkesta horretatik, emaitza agregatuak emanen dira aditzera soilik, helburu estatistikoetarako.

3. Kasu guztietan, proiektuaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

15. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioa eta egintza administratiboak modu telematikoan jakinaraziko dira eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (DEH). Horretarako, eskatzaileak, DEHa izateaz gain, Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egonen dira.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke DEHa, eta jakinarazpen elektronikorako prozeduretan izena eman. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

2. Laguntzen onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

16. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

1. Diru-laguntzak bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.

2. Diru-laguntza jaso duten jardueretarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, diruz lagundutako jardueren kostuaren %100.

Jasotako diru-laguntzek muga hori gainditzen badute, behar den murrizketa izanen dute deialdi honen babesean emandako laguntzek.

17. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/es/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, adierazita deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

18. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Zentroen errendimendu mailaren adierazleak

(7. oinarria)

ADIERAZLEA

MOTA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

Indexatutako aldizkarietako argitalpenak

Eragin zientifikoa

10

Lehenengo kuartileko aldizkari zientifikoak

Eragin zientifikoa

10

I+Gko langileria, guztira (lanaldi osoaren baliokidetasuna)

GGBB

5

I+Gko emakumezko langileak (lanaldi osoaren baliokidetasuna)

GGBB

5

I+Gko doktoreak (lanaldi osoaren baliokidetasuna)

GGBB

5

Goi mailako titulua duten langileak (lanaldi osoaren baliokidetasuna)

GGBB

3

Enpresa-ehunari transferitutako I+Gko langileak (lanaldi osoaren baliokidetasuna)

GGBB

2

Europar Batasunak Europako proiektuengatik azken urtean emandako diru-sarrerak

Nazioartekoa

10

Azken urtean proiektuburu gisa egindako Europako proiektuak

Nazioartekoa

5

Azken urtean indarrean egondako Europako proiektuak

Nazioartekoa

5

Azken urtean eskatutako patenteak

Patenteak

2

Azken urtean lortutako patenteak

Patenteak

4

Azken urtean lizentziatutako patenteak

Patenteak

4

Oinarri teknologikoa duten enpresa berritzaileak (OTEB), azken urtean eratuak

OTEB

3

Azken urtean eratu diren OTEBen fakturazioa

OTEB

3

Azken urtean eratu diren OTEBek sortutako enplegua

OTEB

4

Enpresetarako I+D kontratatzearen diru-sarrerak

Ekonomikoa

20

Taularen adierazleak behar bezala interpretatzeko, definizio eta/edo argibide hauek eransten dira:

Indexatutako aldizkarietako argitalpenak: indexatutako argitalpen zientifikoak, entitatearen I+Gko langileek eginak. Argitaratutako artikuluak eta biltzarretako aktak sartzen dira.

Lehenengo kuartileko aldizkari zientifikoak: indexatutako argitalpen zientifikoak, lehenengo kuartilean argitaratuak, entitatearen I+Gko langileek eginak.

EJC: lanaldi osoaren baliokidetasuna.

I+Gko langileria, guztira (lanaldi osoaren baliokidetasuna): entitatean I+Gko jarduerari lotutako langileria, lanaldi osoaren baliokidetasunean neurtua. Entitatearekin lan harreman mugagabea duten langileak hartuko dira kontuan soilik.

I+Gko emakumezko langileak (lanaldi osoaren baliokidetasuna): entitatean I+Gko jarduerari lotutako emakumezko langileria, lanaldi osoaren baliokidetasunean neurtua. Entitatearekin lan harreman mugagabea duten emakumezko langileak hartuko dira kontuan soilik.

I+Gko doktoreak (lanaldi osoaren baliokidetasuna): entitatean I+Gko jarduerari lotutako doktoreak, lanaldi osoaren baliokidetasunean neurtuak. Entitatearekin lan harreman mugagabea duten langileak hartuko dira kontuan soilik.

Goi mailako titulua duten langileak (lanaldi osoaren baliokidetasuna): entitatean I+Gko jarduerari lotutako langileak, goi mailako titulua dutenak baina ez doktore kategoria, lanaldi osoaren baliokidetasunean neurtuak. Entitatearekin lan harreman mugagabea duten langileak hartuko dira kontuan soilik.

Enpresa-ehunari transferitutako I+Gko langileak (lanaldi osoaren baliokidetasuna): entitatean I+Gko jarduerari lotutako langileria, enpresa-ehunari transferitua, lanaldi osoaren baliokidetasunean neurtua. Transferentziatzat hartuko da baldin eta, entitatean baja ematen denetik, urte bateko epean alta hartzen badu enpresan. Enpresetan egindako egonaldi etengabeak ere hartuko dira kontuan, betiere 3 hilabetetik gorakoak badira.

Eskatutako, emandako eta lizentziatutako patenteak: nazioko edo nazioarteko edozein erregistro-bulegotan aurkeztutako patenteak sartzen dira.

Azken urtean eratutako OTEBen fakturazioa: Entitateak azken urtean eratutako OTEBek izan duten fakturazioa. Bezero-enpresek eratzen dituzten OTEBen fakturazioa eta garatzen dituzten negozio-linea, produktu eta prozesu berrien fakturazioa ere hartuko dira kontuan, entitatearekin egindako I+G proiektuen zuzeneko emaitzak direnean.

Azken urtean eratu diren OTEBek sortutako enplegua: azken urtean entitateak eratutako OTEB guztiek sortu dituzten enplegatu berriak, lanaldi osoaren baliokidetasunean neurtuak. Bezero-enpresek eratzen dituzten OTEBek sortutako enplegatu berriak eta garatzen dituzten negozio-linea, produktu eta prozesu berriek sortutakoak ere hartuko dira kontuan, entitatearekin egindako I+G proiektuen zuzeneko emaitzak direnean. (OTEBetan enplegu berria sortzeak ez dakar berarekin gehikuntza absolutua sortutako enpleguen kopuruan).

II. ERANSKINA

Proiektuak ebaluatzeko irizpideak

(7. oinarria)

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

a) Proiektuaren irismen teknologikoa

25

15

b) Proiektuaren berritasun maila eta eragina.

20

10

c) Aurrekontuaren justifikazioa

10

5

d) Aurkeztutako memoriaren eta aurrekontuaren kalitatea

5

-

e) Doktoreen portzentajea ikerketa taldean

5

-

f) Emakumeen portzentajea ikerketa taldean

5

-

g) Proiektuaren lehentasuna zentroaren plan estrategikoan

10

-

h) Elkarlanerako proiektua

5

-

i) Proiektu bultzatzailea 2017an

5

-

j) Proiektu bultzatzailea indarrean (2016an)

10

-

GUZTIRA

100

30

a) Proiektuaren irismen teknologikoa, gai hauetan:

–Proposatutako helburuak lortzeko erronka teknologikoa, zailtasun teknikoa.

–Egungo konponbideen eskasiak eta proposatutako konponbidearen balorazio teknologikoa, beste batzuen aldean.

–Konpondu beharreko problema eta merkatu aukerak.

b) Proiektuaren berritasun maila eta eragina. Hona baloratu beharreko alderdiak:

–Berritasuna nazioartean, Espainian edo eskualdean.

–Berritasun maila sektorean eta lehiakideekin alderatuta.

–Proiektuaren emaitzaren merkatu potentziala, itzulkina.

c) Aurrekontuaren justifikazioa, giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez proposamena gauzatzeko, dedikazioaren eta kostuaren aldetik.

Gastuaren beharra eta proiektuaren kontu-sailen zenbaterainokoa justifikatu beharko dira. Egotzitako gastu bakoitza deskribatu beharko da eta haien zerikusia proiektuaren jarduerekin, langileen zeregin teknikoak, kostuaren banaketa eta materialen kopurua, kanpoko kolaborazioen parte-hartzea.

d) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, gai hauetan:

–Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).

–Zereginen definizioa, kronograma, esleitzen diren baliabideak.

e) Doktoreek ikertzaile taldean duten parte-hartzea baloratzeko, proiektuko ordu guztiekin alderatuta, doktoreek sartutako orduen portzentajea hartuko da kontuan.

f) Emakumezkoek ikertzaile taldean duten parte-hartzea baloratzeko, proiektuko ordu guztiekin alderatuta, emakumezko parte-hartzaileek sartutako orduen portzentajea hartuko da kontuan.

g) Zentroak bere plan estrategikoari jarraituz ezarritako lehentasunaren arabera puntuatuko dira proiektuak.

h) Elkarlanerako proiektua.

i) Proiektu bultzatzailea 2017an.

j) Proiektu bultzatzailea indarrean (2016an).

a), b) edo c) ataletan gutxieneko puntuazioa lortzen ez duen proiektua ez da beste ataletan baloratuko, eta eskaera baztertuko da.

Berdinketa kasuetan, a) atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Berdinketak jarraituz gero, b), c) eta d) ataletan lortutakoa hartuko da kontuan, eta horrela, hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

Iragarkiaren kodea: F1700066