108. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

441/2017 EBAZPENA, apirilaren 28koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Ribaforadako Udalarekin diru-laguntza zuzeneko hitzarmena izenpetzea erabakitzen duena, Ribaforadako osasun kontsultategi berria eraikitzeko lanak finantzatzeko.

2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 545001-52420-7609-312800 partida ageri da, “Ribaforadako Udalarentzako transferentzia, osasun kontsultategi berria eraikitzeko” izenekoa. Haren kreditu erabilgarria 700.000 eurokoa da.

Ikusita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak uztailaren 4an eman 606/2016 Ebazpenaren bidez, Ribaforadako Udalarekin lankidetza hitzarmena izenpetzea erabaki duena, Ribaforadako osasun kontsultategi berria eraikitzeko lanen proiektuaren prestaketa eta lehen fasearen exekuzioa finantzatzeko, 100.000 euroko gastua baimendu zen eta 100.000 euroko diru-laguntza eman zitzaion Ribaforadako Udalari.

Ikusita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak urtarrilaren 18an eman 30/2017 Ebazpena, ebatzi duena aitortzea kontura ordaindu behar dela Ribaforadako Udalari emandako diru-laguntza (29.027,32 euroko zenbatekoa), kontsultategi berria eraikitzeko lanen proiektuaren prestaketa eta lan horien lehen fasearen exekuzioa finantzatzeko.

Ikusita Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruaren eta Tuterako Osasun Barrutiko kudeatzailearen txostena, Osasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasuna duena, non proposatzen baita Ribaforadako Udalarekin lankidetza hitzarmen bat izenpetzea, Ribaforadako osasun kontsultategi berria eraikitzeko lanen proiektuaren prestaketa eta lanen exekuzioa finantzatzeko, eta udal horri horretarako diru-laguntza bat emateko.

Diru-laguntza izenduna Diru-laguntzen Datu-base nazionalean erregistratu da, 338316 identifikazio kodearekin.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 700.000 euroko gastua baimentzea Ribaforadako Udalari diru-laguntza moduan emateko, osasun kontsultategi berria eraikitzeko lanen exekuzioa finantzatzeko, 2017ko gastuen aurrekontuko “Ribaforadako Udalarentzako transferentzia, Ribaforadako osasun kontsultategi berria eraikitzeko” izeneko 545001-52420-7609-312800 partidaren kargura.

2. Ribaforadako Udalari (IFZ: P3120800B) 700.000 euroko diru-laguntza ematea 2017an, Ribaforadako osasun kontsultategi berria eraikitzeko lanen exekuzioa finantzatzeko, ebazpen honen eranskinean jasotzen den lankidetza hitzarmeneko oinarri arautzaileekin bat.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Ribaforadako Udalari jakinaraztea, eta igortzea Osasun Departamentuan dagoen Kontu-hartzailetza Delegatura, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzara, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzura; Tuterako Osasun Barrutiko Kontabilitatearen, Aurrekontuen eta Fakturazioaren Atalera eta Kontabilitate-kudeaketaren eta Fakturazioaren Unitatera, behar diren ondorioak izan ditzan. Horrekin batera, administrazio publikoak ez diren interesdunei adierazten zaie gora jotzeko errekurtsoa, Osasuneko kontseilariari zuzendua, jar dezaketela ebazpen honen aurka, hau argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.4. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2017ko apirilaren 28an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Óscar Moracho del Río.

LANKIDETZA HITZARMENA, OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUAREN ETA RIBAFORAKO UDALAREN ARTEKOA, HERRIKO OSASUN KONTSULTATEGI BERRIA ERAIKITZEKO OBREN EXEKUZIOA FINANTZATZEKO

BILDURIK:

Alde batetik, Óscar Moracho del Río jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea.

Bestetik, Jesús María Rodríguez Gómez, Ribaforadako Udaleko alkatea.

AZALDU DUTE:

Lehena.–2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legean 545001-52420-7609-312800 partida ageri dela, “Ribaforadako Udalarentzako transferentzia, osasun kontsultategi berria eraikitzeko” izenekoa, eta 700.000 euroko kreditu erabilgarria duela.

Bigarrena.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eta Ribaforadako Udalak interesa dutela lankidetza hitzarmen bat izenpetzeko, herriko osasun kontsultategi berria egiteko lanak finantzatzeko, 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legean ezarritakoaren babesean.

Helburu horrekin, bi alderdiek hitzarmen hau izenpetu dute, honako hauek ezarririk:

RIBAFORADAKO UDALARENTZAKO DIRU-LAGUNTZAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, RIBAFORADAKO OSASUN KONTSULTATEGIA BERRIA ERAIKITZEKO LANEN EXEKUZIOA FINANTZATZEKO

1.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauek xede dute Ribaforadako Udalari diru-laguntza bat emateko aplikatu beharreko araudia ezartzea Ribaforadako osasun kontsultategi berria eraikitzeko obren exekuzioa finantzatzeko. Diru-laguntza 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legean ageri da, “Ribaforadako Udalarentzako transferentzia, osasun kontsultategi berria eraikitzeko” izeneko 545001-52420-7609-312800 partidan, eta 700.000 euroko kreditua du.

2.–Onuradunak.

Diru-laguntza hori izenduna da, eta onuraduna Ribaforadako Udala da, 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

3.–Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzaren onuradunak honako beharkizun hauek izanen ditu:

a) Diruz lagundutako jarduketak eta guztirako gastua justifikatzea.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak edo, indarreko antolamenduaren arabera, eskumena duten beste organo batzuek egiten dituzten egiaztapen lanak eta kontrol tekniko eta finantzariorako jarduerak onartzea eta emandako diru-laguntzari buruz eskatzen dioten dokumentazio guztia eskura jartzea.

c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzari xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako diru-laguntzen berri ematea.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

4.–Onuradunaren gardentasunerako betebeharrak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Erreferentziako negozio-zifra edo aurrekontua, urtekoa, honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu betearazia.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du aipatutako informazioa.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Telematika bidez aurkeztuko da informazio hori, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaizkio.

Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori aurkezteko betebeharra betetzen ez bada, 59/2013 Foru Dekretuaren 7. artikuluak ezarritako ondorioak aplikatuko dira.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

Kontsultategi berri bat eraikitzeko lanen exekuzioarekin lotura duten gastu guztiak lagundu daitezke diruz (obren zuzendaritza fakultatiboa eta segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa exekuzio fasean, obrak, zergak, baimenak, harguneak eta lotunea).

6.–Jarduketek bete beharreko baldintzak.

Osasun kontsultategia osasun jardueretarako erabiliko da soilik.

Udalak, egin beharreko jardueretarako, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren araudi tekniko-sanitarioa aplikatuko du, eta, zehazki, honako hauek: Establezimenduak sortu, eraberritu edo lekuz aldatzeko eta horien funtzionamendurako baimena eskatzeko administrazio prozedura arautzeko irailaren 1eko 214/1992 Foru Dekretua eta Ospitaleratzerik gabeko osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetarako gutxieneko baldintza tekniko-sanitarioak ezartzeko Osasuneko kontseilariak otsailaren 12an emandako 37/1999 Foru Agindua.

Halaber, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek eraikinean jardunen dutenez, kontuan hartu beharko dira erakunde horren Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak eta Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzak ematen dituzten zehaztapenak.

Onuradunak behar adinako publizitatea eman beharko dio diruz laguntzen diren jardueren finantzabide publikoari, eta, zehazki, proiektuaren dokumentazioan jasota egonen da zer erakundek finantzatzen duen, eta lanen eremuan kartel bat, obraren ezaugarriak eta finantzatzen dituen erakundea adierazita.

7.–Diru-laguntzaren zenbatekoa eta aurrekontuko zuzkidura.

700.000 eurokoa da ematen den diru-laguntzaren zenbatekoa, eta 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren 545001-52420-7609-312800 partidaren kargura izanen da (“Ribaforadako Udalarentzako transferentzia, osasun kontsultategi berria eraikitzeko” izenekoa).

8.–Jarduketaren lanak egitea.

Diru-laguntza honen xedeko lanak urte honetan hasi eta egin behar dira.

9.–Gastua justifikatzeko epea eta modu balioduna.

Dagozkion fakturak, jatorrizkoak edo administrazio edo notario bidez konpultsatutako kopiak, aurkeztuta justifikatuko da diruz lagundutako jarduketak egin direla eta eragin duten gastua; diru-laguntza faktura horien guztirako balioaren adinakoa izanen da, eta ez du emandakoa gaindituko.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, kontratista hautatzeko orduan, eraginkortasunari eta ekonomiari begira egin dela frogatzearren, toki entitateko idazkariaren ziurtagiria gehituko da, kontratista hautatzerakoan, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen aginduak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearenak bete direla erakusteko.

Orobat, idazkariaren edo kontu-hartzailearen ziurtagiria gehituko da, emandako diru-laguntza zertan gastatu den eta haren helburuari nola egokitu zaion erakusteko.

Nolanahi ere, agiri horiek 2017ko abenduaren 15a baino lehenago aurkeztu beharko dira.

10.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntzaren ordainketa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.

Obra proiektuaren prestaketa hura bukatu ondoan ordainduko da, betiere gastua eta jarduera egin dela justifikatu eta gero.

Lanen exekuzioaren ordainketa dena batera egiten ahalko da jarduera bukatutakoan, edo zatika, zatikako justifikazioen bidez, gastua eta jarduera egin direla frogatu ondoren.

Ordainketak konturako ordainketatzat hartuko dira, eta kontsultategi berri bat eraikitzeari lotuak egonen dira.

11.–Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

Erabaki honetan aurreikusitako ondorioetarako, zilegi da azpikontratazioa egitea, hots, hirugarrenekin diru-laguntzaren xedeko jardueraren erabateko edo hein bateko gauzatzea hitzartzea.

12.–Onuradunaren betebeharrak ez konplitzea eta itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo erabaki honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

13.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Diru-laguntza hartzen duen entitatea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen mende egonen da eta han ezarritako erantzukizunak izanen ditu.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

14.–Diru-laguntzaren oinarri arautzaileen eta diru-laguntza ematearen kontrako errekurtsoak.

Diru-laguntzaren oinarri arautzaileen eta diru-laguntza ematea erabakitzen duen ebazpenaren kontra, interesdun diren administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Administrazio publiko ez diren interesdunek, diru-laguntzaren oinarri arautzaileen eta diru-laguntza ematea erabakitzen duen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.4 artikuluarekin bat.

15.–Aplikatu beharreko araudia.

Erabaki hau eta oinarriak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz egin da; beraz, oinarri arautzaileotan jasota ez dagoen guztian, lege hori oso-osorik bete beharko da.

Sinatua: Óscar Moracho del Río jauna eta Jesús María Rodríguez Gómez jauna.

Iragarkiaren kodea: F1705281