108. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

772/2017 EBAZPENA, maiatzaren 3koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantilla organikoa aldatzen duen erabakia”. 2017ko maiatzaren 3ko Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki baten bidez onetsi zen.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko 2017ko maiatzaren 3ko Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia: “Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantilla organikoa aldatzen duen erabakia”.

“NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO PLANTILLA ORGANIKOA ALDATZEN DUEN ERABAKIA

Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Foru Dekretu Legegileak, Unibertsitatearen Estatutuen 106. artikuluaren arabera Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako Langileei aplikatu behar zaienak, plantilla organikoa onesteko betebeharra ezartzen du. Plantilla horretan, lanpostuak zerrendatu behar dira, behar bezala sailkatuta, eta zein mailari atxikita dauden adierazi behar da, eta, beharrezkoa izanez gero, lanpostu horietan jarduteko bete beharreko baldintza espezifikoak, bai eta izendapen librearen bidez bete daitezkeen lanpostuak eta erregelamenduaren arabera ezarritako ordainsari osagarriak esleituta dauzkatenak ere.

Gobernu Kontseiluak 2009ko urriaren 6an hartutako erabaki baten bidez –zeina 2009ko urriaren 30ean errektoreak emandako 1600/2009 Ebazpenaren bidez argitaratu baitzen–, onetsi zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen plantilla organikoa. Plantilla hori hurrenez hurren aldatzen da, urtero argitaratzen da, eta urte bakoitzeko abenduaren 31n dagoen egoera eta egitura organikoa islatzen du. Hain zuzen, 2017ko otsailaren 9an argitaratu zen azkenekoa, errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko 215/2017 Ebazpenaren bidez.

Hain zuzen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantilla organikoak badu jada teknikari O.L. lanpostu bat (Informatika Zerbitzua), 608 zenbakiarekin identifikatua eta 2016ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabaki baten bidez sortu zena. Lanpostua lortzeko, Informatikako lizentziaturako, ingeniaritzako edo graduko titulua eduki beharko da.

Titulazio eskari horren aurrean zenbait helegite aurkeztu direnez, bere garaian onartutako erabakia berrikusi da, eta bertan behera uzteko komenigarritasuna baloratu da. Horrela, lanpostu horretan sarbidea izango dute dagokion unean egingo diren gaitasuna egiaztatzeko hautaprobak gainditu eta A mailako lanpostuetan aritzeko eskatzen den titulazioa duten pertsona guztiek.

Proposamena Negoziazio Mahaian aurkeztuta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ordezkaritza duten sindikatuak entzun ondoren, honako erabaki hau hartzeko proposatu dio kudeatzaileak Gobernu Kontseiluari 2017ko maiatzaren 3an:

ERABAKIA:

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen plantilla organikoko aldaketak onestea. Beraz, ondorengo lanpostuan sartzeko ez da titulazio espezifikorik beharko:

Kudeatzailetza / Informatika zerbitzua / Sistemen eta sare zerbitzuen atala.

–Teknikaria O.L. (Informatika).

  • Maila: A.
  • Lanpostuaren zk.: 608.
  • Hiria: Iruñea.
  • Txanda: goizez.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Onetsi eta hurrengo egunean hartuko du indarra erabaki honek.”

Iruñean, 2017ko maiatzaren 3an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

Iragarkiaren kodea: F1705578