108. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

97/2017 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, epe bat ezartzen duena Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langileak kontratatzeko zerrenda irekietan inskribatuta dauden izangaiek beren merezimenduak eguneratu ditzaten Osasuneko kontseilariak martxoaren 23an emandako 347E/2017 Foru Aginduaren arabera. Aipatutako foru agindu horren bidez, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren.

Osasuneko kontseilariak martxoaren 23an emandako 347E/2017 Foru Aginduaren bidez, onetsi ziren aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetarako.

Arau horren 3.2 artikuluaren arabera, zerrenda irekietan inskripzio eskaeren hurrenkera ezartzeko, honako hauek baloratzearen ondoriozko puntuazioari jarraituko zaio: edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, helburu duen lanpostuko estamentu eta espezialitatean, urtebeteko puntu 1 emanda, edo proportzioan egoki dena. Honek aldaketa dakar aurreko arauetan egiten zen merezimenduen balorazioan.

Merezimenduen eguneraketari buruz 3.6 artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, egoki da epe bat irekitzea, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren zerrenda irekietan izena eman duten izangaiek edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak eguneratu ditzaten, helburu duten lanpostuko estamentu eta espezialitatean. Eguneratzeko kontuan hartuko den data 2017ko apirilaren 30a da. Ordurarte hartuko dira kontuan zerbitzuak.

Ezarri den epean emandako zerbitzuak aurkezteak dakar haien eguneraketak 2017ko urriaren 2tik aurrera izanen dituela ondorioak.

Ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Gobernuan eta haren erakunde autonomoetan emandako zerbitzuak aurkeztea; Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ofizioz egiaztatuko ditu.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta bere estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 63/2012 Foru Dekretua aldatzen duen urriaren 14ko 242/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hamabost eguneko epea ezartzea, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langileak kontratatzeko zerrenda irekietan inskribatu diren izangaiek 2017ko apirilaren 30a arte (egun hori barne) emandako zerbitzuak aurkez ditzaten, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan aurreikusitakoaren arabera. Salbuetsita daude Nafarroako Gobernuan eta haren erakunde autonomoetan emandako zerbitzuak;Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ofizioz egiaztatuko ditu. Izangaiek ez dituzte horiek aurkeztu beharko.

Aipatu epean aurkeztutako emandako zerbitzuen eguneraketak 2017ko urriaren 2tik aurrera izanen ditu ondorioak.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1 eta 2.c artikuluan xedatutakoarekin bat.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 2an.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, M.ª José Pérez Jarauta.

Iragarkiaren kodea: F1705269